Historia Unibertsala»Antzin Aroa
Antzinako Egipto: bateratzetik Inperio Berrira
Egipto izan zen historiako lehenengo estatua; K.a. 3.100 urtean sortu zen, Goi Egiptoko
(Hierakonpolis, Nagada eta Abidos) eta delta inguruko hainbat printzerri gobernu
bakar baten pean bateratu zirenean. Lehenengo idazkunetan garbi ikusten da erregeak
interes handia zuela baserri handiak herrialde osoan barrena hedatzeko (hut-aat);
baserri horietan nekazariek gatibu lanetan aritu behar zuten, eta hango mozkinei esker
eraiki ahal izan ziren garai hartako monumentu ezagunenak: piramideak. Egiptoko
historiaren aldi horrek (Inperio Zaharra: K.a. 2650tik 2250ra) burokraziaren gehitze
etengabea du ezaugarri nagusia, bai orobat probintzietako baliabideak gero eta gehiago
ustiatzea, eta faraoiaren aginpidea ideologiaren aldetik zuritzeko tresnak landu izana
(adibidez, Piramideetako testuak). Hala ere, nekazariak hainbeste estutu zituzten,
non pobretu egin baitziren eta haiekin batera, zergak ezin kobraturik, monarkiak berak
ere lur jo baitzuen, desegin egin baitzen eta haren ordez krisialdi hartan printzerri
txiki ugari sortu baitzen hegoaldeko probintzietan, eta erresuma ahul bat, berriz, iparraldean,
hiriburu Herakleopolis zuena, eta tokian tokiko jauntxo erdi independenteen
(Siut, Moalla) laguntzari esker iraun ahal izan zuena.Hegoaldean, bitartean, Tebaseko printzeak
borrokan hasi ziren haien auzoekin,
eta inguruko lurraldeak konkistatzen saiatu
ziren; azkenerako herrialdea bateratu eta
Menfis aldean kokatu zuten hiriburua. Gero
administrazioa eta ekonomia berrantolatu zuten,
eta beste lurralde batzuk konkistatzen
hasi ziren, batez ere Nubian (gaur egungo
Sudan iparraldean) eta Palestinan. Barrualdean,
faraoiek probintzietako nobleak ekarri
zituzten gortea eta estatua administratzera,
haien autonomia nahiak indargabetzeko.
Baina erreinu haren ekonomiak nekazarien
zapalketan zeukan oinarria, estatuak zeregin
handietarako erabiltzen baitzituen nekazariak
–harrobietan edo ekinaldi militarretan–,
edo gatibu lanetarako eremuetan (jeneret)
lan egitera behartzen baitzituzten bestela.
Nekazaritzarako lur eremuak zabaltzenere saiatu ziren, Niloko urak ubideen bidez
bideratuz, eta luberriak eginez Deltan eta El
Fayum-eko eremuan. Luzarora, gorte gizonen
arteko liskarrek eta biztanleak gehiegi
estutu izanak estatuaren krisia ekarri zuten
Erdiko Inperioaren bukaeran: faraoiak Menfisetik
joan ziren eta Tebasen hartu zuten
bizilekua, dinastiak han baitzuen sorlekua eta
toki segurua baitzen haientzat. Bitartean, iparraldean
sortu zen hutsune politikoaz baliaturik,
tokian tokiko erregeak nagusitu ziren
Deltan, eta Asiako herri batzuek sarraldiak
egin zituzten; erreinu bat sortu zuten azkenerako
(hiksoak); haien mende jarri zituzten
hegoaldeko Tebasko erregeak, eta harreman
diplomatiko asko izan zituzten Sudango Kerma
erreinu indar hartzen hasiarekin, Siriarekin
eta Palestinarekin. Baina handik gutxira,
egiptoarrak Tebasko errege dinastia eraginhandiko baten gidaritzapean hiksoen mendetasunetik
askatu ziren, Niloko harana menderatu
zuten, eta estatu indartsu bat sortu
zuten, Egiptoko historiako aldi berri bati hasiera
emanez: Inperio Berria (1580-1100 K.a.).
Administrazioa Egipton Inperio Zaharrean: Balateko adibidea
Dajla oasiko herri bat da Balat, Niloko
haranaren mendebalean. Frantsesek eginiko
indusketetan hainbat gobernadoreren hilobiak
aurkitu zituzten oasi horretan; estrategiaren
aldetik garrantzi handikoa zen, Egipto,
Sudan eta mendebaleko basamortua lotzen
zituzten bide askoren bidegurutzea
baitzen, eta Egiptotik hurbil zebiltzan herri
nomadak zelatatzen baitzituzten handik
egiptoarrek. 1980 inguruan gobernadoreen
egoitzan egin ziren indusketetan buztinezko
hainbat taula aurkitu zituzten, eta han idatzita
zeuden oharretan Inperio Zaharreko
probintzia-enklabe batean Egiptoko administrazioak
zituen zereginak eta jarduerak
zeuden adierazita. Batetik, estatuarentzat lan
egin zezaten inguruko herrietan indarrez
biltzen zituzten langileen zerrenda zegoen
taula horietan. Bestetik, baziren gutun batzuk
ere, gobernu zentralaren aginduak probintzietara
ekartzen zituzten goi mailako
funtzionarioen edo mezularien etorreraren
berri ematen zutenak. Azkenik, testu horien
bidez garbi ikusten da heqa-k edo
faraoiaren ordezkariak oasian bizi zen giza
taldearen gainean erabateko kontrola zeukala.
Gobernadorearen jauregiaren inguruan
kapera batzuen aztarnak agertu ziren, eta
idazkun bat ere bai, non erregeak Balateko
gobernadoreei faraoien aginduak arretaz betetzeagatik
sari gisa egin behar zitzaizkien
hil ondoko eskaintzak arautzen baitzituen.
Baina sute handi batek jauregi hura eta kapera
haiek suntsitu zituen Inperio Zaharraren
bukaeran, eta hala bukatu zen Niloko
haraneko zibilizazioarekin zituen loturak
inoiz galdu gabe basamortuko bazter hartan
bizi izan zen giza talde jori hura.
Erregearen aginpidearen krisia eta probintzietako familien goraldia: Shemai Koptoskoa
Egiptoko hegoaldeko Koptoseko probintzian dokumentu asko aurkitu dira, eta haien bidez Inperio Zaharraren bukaeran probintziako familia batek izan zuen goraldiaren berri jakin daiteke. Idazkun batzuetan handiki bat aipatzen da, Shemai, Kairoren eta Egiptok eta Sudanek gaur egun mugaduten lekuaren arteko lurralde guztietako agintaria. Shemaik bere semeen esku utzi nahi zuen bere aginpide handia. Haietako batek, Idik, Egiptoko hegoaldeko hainbat probintzia izan zituen bere mende, aita bizi zuelarik, eta geroztikako testu batean harrotasunez aipatzen du bere aitzindari goresgarriaren omenez eraiki zuen kapera, bai hango apaindura aberatsak ere. Shemairen beste ondorengo batez printzesa zela esaten da, beraz, loturarik izan behar zuen erregearen familiarekin. Azken batean, dokumentu horiek eta beste batzuek argitara ekartzen dute zertan zen erregearen aginpidearen oinarria: probintzietako jauntxo esku handikoekin elkar hartzea, eta lotura hori ezkontza bidez indartzea. Nolanahi ere, Shemairen familiaren aginpideak ez zuen, ustez, askorik iraun. Handik gutxira, Koptos probintzia haren mugakide Tebasen luzakin hutsa baizik ez zen bihurtu, eta hango agintariak Koptosekoak baino handizaleagoak izan ziren, borrokan hasi baitziren faraoien kontra, beren buruak faraoi izendatu zituzten arte.
Kanpoaldearekiko harremanak
Lekukotasun gutxi iritsi da egundaino
Egiptok bere auzo afrikar edo asiarrekin
garai hartan izan zituen harremanei buruz.
Inperio Zaharreko funtzionario batzuek aipatzen
dituzte zer nolako abentura arriskutsuak
izan zituzten karabanen buruzagi
gisa Afrikaren bihotzera bidali zituztenean
balio handiko gaien bila: bolia, larru baliotsuak,
mea bitxiak edo landare usaintsuak.
Espedizio haiek joatekoak ziren eskualdeetako
buruzagien laguntza izaten
zuten, baina hala eta guztiz ere ustez laguntzaile
zituzten haiek erasoa jo eta espediziokoak
hiltzen zituzten batzuetan.
Asuango Sabniren biografian aipatzen den
bezala. Arrisku horiei aurre egiteko, egiptoarrak
berehala baliatu ziren magiaz. Horretarako
estatua txiki batzuk egiten zituzten
atzerritar bat eskuak sokaz lotuta irudikaturik,
eta atzerriko herri batzuen eta
hango buruzagien izenak idazten zituzten
han. Aztikeriak egiten zituzten gero gerta
ziezaiekeen edozein kaltetik begiratzeko
espedizioan bidalitako buruzagiak. Baina
naturaz gaindiko metodo horiez gainera,
gudarostea zuten egiptoar agintariek beren
berme nagusia: soldadu talde txiki ibiltarien
eta gotorleku sare baten bidez egiptoarrek
Sudango iparraldea kontrolatzen
zuten; Erdiko Inperioko idazkunek, berriz,
Palestinara eginiko sarraldi eta gudaldi latzak
eta han lortutako harrapakina aipatzen
dute. Hori guztia zela eta, faraoia etsai -
ak menderatzen zituen errege garaile gisa
irudikatzen zuten tenpluetan.
Ilahuneko papiroak eta Erdiko Inperioko gizartea
Ilahun du izena Erdiko Inperioko faraoiek piramideak eraiki zituzten lekua. Monumentu horien inguruan jainkoen gurtzaren ardura zuten pertsonen bizilekuak egin ziren, eta maila jakin bateko zerbitzarienak orobat (apaizak, administratzaileak, langileak, etab.), eta era berean han zeuden kokatuta faraoien administrazioaren bulegoak ere. XIX. mendearen bukaeraz geroztik dokumentu kopuru munta handiko bat berreskuratu ahal izan da, Erdiko Inperioko administrazioaren eta gortearen alderdi askoren berri emanez: erregearen omenezko eresiak, langileen erroldak, apaizek tenpluetan zituzten zerbitzuen txanden zerrendak, faraoiek Ilahunen zituen ordezkariei bidalitako dekretuak, etab. Dokumentazio aberats horrek garai hartako xehetasun asko jakiteko bidea ematen du: erregearen ofizial baten etxea nola zegoen antolatua, erresumako handikientzat nahitaez lan egin behar zuten langileak nongoak ziren eta nora joan behar izaten zuten lanera, erresumako lurrak eta artaldeak nola kudeatzen ziren, etab. Argibide ugari ematen dute orobat tenpluetan gorde ziren testuek, hala gutxi gorabehera jakin ahal baitaiteke liburutegiak nola zeuden antolatuta. Liburutegietan liturgia testuak eta era askotako errituetakoak, aztikeriak, medikuntzako papiroak, etab. gordetzen ziren. Azken batean, Ilahuneko papiroak iturri ezin hobeak dira Kristo aurreko II. milaldiaren hasieran egiptoarren eguneroko bizitza nolakoa zen jakiteko.