Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Historiaurrea

Neolitos aroa: lehenengo ekoizleak

Neolitos aroan hedatu ziren laboreak Ekialde Hurbiletik Europara, mapan ageri den moduan.<br><br>

Neolitos aroan ekonomia harrapatzailetik (ehiza eta bilketa) ekonomia ekoizlera (nekazaritza eta abeltzaintza) igaro ziren gizakiak. Gaur egungo gizartea prozesu haren ondorengo dela esan daiteke.

Etimologiari dagokionez, Neo-Litos hitzak harria lantzeko modu berri bat adierazten du; aurreko aldietako zizelatze sistema erabiltzeaz gainera, harria leuntzen hasi baitziren garai hartan. Paleolitos aroko ezaugarri bereziak eta Neolitos aroa definitzen duten ezaugarriak aurrez aurre daude, eta aro batetik bestera erabateko haustura izan zela adierazten dute. Neolitos aroan benetako iraultza izan zela esan daiteke: iraultza neolitikoa.

Dena dela, prozesu hori ez zen bat-batean gertatu, mailaz maila baizik; Mesolitos aroan izan ziren aurrerapenak hainbat milaldiren ondoren sendotu ziren erabat. Sendotze prozesu hori eta Mesolitos aroan izan zen kultura bilakaera kontuan hartuz gero, iraultza baino hobe litzateke neolitizazio hitza erabiltzea. Dena dela, erritmoak eta faseak desberdinak izan ziren lurraldetik lurraldera.Neolitizazioaren abiapuntua Ekialde Hurbilean dago; beraz, neolitizazio eredua inguru horretan izan zen bilakaera berezian oinarritzen da. Hauek izan ziren berrikuntzen oinarriak: klima-paisaje ezaugarri bereziak, animalia eta landareak etxekotzea, eta teknologia eta kultura heldutasun handia.

Kronologiari dagokionez, Neolitos aroak bederatzigarren milaldian izan zuen hasiera,eta behin prozesua Ekialde Hurbilean sendotu zenean, beste inguruetara zabaldu zen. Europan, oro har, seigarren milaldian jarri zen abian aro berria, nahiz eta zenbait lekutan zazpigarren milaldian hasi zen. Europatik, eki-mendebal eta hego-iparralde norabidean hedatu zen neolitizazioa, hiru ardatz nagusiren arabera: Egeo itsasoa, Danubio ibaiaren arroa eta Mediterraneoarenitsasbazterra. Neolitos aroak aurrera egin ahala, gero eta gizarte konplexuagoak osatu ziren, eta horrekin batera lehenengo hiriak eraiki ziren. ?Hiri iraultza? hori ?Ekialde Hurbilean bosgarren milaldian gertatu zen?, Neolitos aldiaren amaieratzat hartzen da. Europako gizartean ez zen bilakaerarik izan Metalen aroa arte, bigarren milaldia arte alegia; horregatik, metalekin izan ziren lehenengo saioak hartzen dira Neolitos aroaren azken mugatzat, hau da, Kalkolitos edo Eneolitos aroa (laugarren milaldia hasi baino pixka bat lehenago).

Neolitos aroan izan ziren aldaketak gizataldeek izadiarekin ?landare eta animaliekin?, inguru fisikoarekin eta elkarren artean izan zituzten harreman berrien ondorio dira. Aldaketa horiek, bestalde, kulturaren alor guztietara hedatu ziren, hainbat lotura logikoren bidez.

Dena dela, bilakaerarako oinarri-oinarrizkoak izan ziren ekonomian izan ziren aldaketak: gizataldeak ez zeuden jadanik izadiaren erritmoen mende, baizik eta izaditik ahalik eta etekin gehien ateratzen saiatu ziren, eta horretarako gai batzuei beste batzuei baino garrantzi handiagoa eman zieten, nolako beharrak zituzten. Hala, zabaldu egin zuten beren elikadura eremua, aberatsagoa eta askotarikoa bihurtu zen (animalienak ez ziren proteinak eta karbono hidratoak gehitu baitzizkioten dietari), eta aldi berean, egonkorragoa izan zen. Ekialde Hurbilean holozeno aldian gertatu ziren klima aldaketei esker, agriotipo bereziak sortu ziren etxekotze, hautatze eta hibridazio prozesu konplexu baten ondoren: laboreak (garia eta garagarra), landare lekadunak (ezkurra, almendra, pistatxa) eta fruituak (oliba, datilak, mahatsa eta pikua). Animaliei dagokionez, behiak, ahuntz-ardiak eta zerriak etxekotu zituzten lehenbizi, taldean biltzen ziren animaliak baitziren; batez ere haragitarako erabiltzen zituzten animalia horiek. Hala ere, ekoizpenerako bidea luzea izan zen, hainbat ehunaldi behar izan zituzten zenbait animalia eta landare erabat etxekotzeko, eta hala gertatu zen arte ez zituzten ehiza eta bilketa erabat baztertu.

Arkeologoak, bere lanean, errazago ikusten ditu aldaketa teknologikoak ekonomikoak baino. Neolitos aroan berrikuntza handiak izan ziren tresnen alorrean, tresna ugari sortu baitzituzten nekazaritzarako: harri leunduekin aizkora modukoak egin zituzten (zuhaitzak mozteko), edo igitaiak (silex harrixka landuak, zurezko edo hezurrezko adaxkei lotuta igitaiaren lana egiten zutenak), zulatzaileak, laiak, aitzurrak, etab.

Horiek ziren nekazaritzan erabiltzen zituzten oinarrizko tresnak. Horiez gainera, zeramikazko tresnak ere egiten zituzten, motrailuak eta errotak, landareak esku artean erabiltzeko eta gordetzeko erabiltzen zituztenak.

Nekazaritza sistema berriak ikasi zituztenez (ereintza, segaldia, belar txarrak kentzea, labakiak), lan horietan aritzeko tresna gero eta aurreratuagoak asmatu behar izan zituzten.

Tresnak egiteko erabili zituzten gai berrietatik, zeramikak izan zuen garrantzi handiena, batez ere, kulturan izan zuen eraginagatik: gai horren bidez egindako ontziak uztak gordetzeko, egosteko edo apaingarri gisa erabili zituzten. Zeramika hain garrantzitsua zen, ezen Historiaurreko espezialistentzat Mesolitosetik Neolitos arorako igarobidea adierazten duen. Zeramika eta sedentarismoa elkarri lotuta daude: zeramika ontziak hauskorrak dira eta leku asko hartzen dute, beraz, ez dira alde batetik bestera eramateko egokiak. Dena dela, nahiz eta zeramikaren eta nekazaritzaren bilakaera batera gertatu, elkarren independente dira: lehenengo nekazari/abeltzainek ez zuten zeramika ezagutzen, eta alderantziz, zeramika erabiltzen zuten zenbait herrik ez zituzten ekonomia bide horiek ezagutzen.

Neolitos aroan garrantzi handiko aldaketak izan ziren gizartean: sedentarizazioa, hazkunde demografikoa eta talde lana. Mesolitos aroan hasi zen sedentarizazioa, eta nekazaritzaren bilakaerarekin indar handiagoa hartu zuen, beraz, gero eta jende gutxiagok aldatzen zuen bizitokia urtaroaren arabera. Nekazaritzak hazkunde demografiko handia ekarri zuen: egin diren kalkuluen arabera, biztanleria 50 aldiz biderkatu zen. Hazkunde horren arrazoiak, besteakbeste, hauek izan ziren: elikadura hobetzeak bizi itxaropenaren maila igo zuen; sedentarizazioari esker, emakumeak denbora luzeago egon zitezkeen haurrak zaintzen; horrez gainera, jende gehiago behar zen lanerako (denbora epe laburragoetan lan handiagoa zegoen).

Gizarte antolamendu berriaren ezaugarri nagusia talde lana izan zen. Familia unitatea, oinarri ekonomiko gisa, komunitate egituratua bilakatu zen denborarekin: ekoizpena taldearen ondasuna zen, baina ondasun horretarako sarrera mugatua zen. Biltzen zen hazia banatu egin behar zen: parte bat jateko, beste bat gordetzeko, eta soberakinak beste gaien ordez trukatzeko. Garrantzizko beste aldaketa bat ere izan zen gizartearen antolamenduan: emakumeek gero eta ahalmen handiagoa zuten. Ikerketa etnografikoen arabera, gizarte ehiztaribiltzaileetako emakumeek furitu eta hazi biltzen eta elikagaiak prestatzen ematen zuten denbora; landareen zikloak ondo ezagutzen zituztenez gero, landare horiek etxekotu zituztenean, berebiziko garrantzia izan zuten emakumeek.

Nekazaritzak eta abeltzaintzak, taldea hornitzeaz gainera, soberakinak ere ematen zituzten, eta horri esker, gizataldeok urruneko herriekin elkartrukean aritu ahal izan ziren. Kalitate maila handiko gaiak ?harri bitxiak, silex mota bereziak eta itsas maskorrak (apaindurekin)?, 1000 km-tik gorako bide sareetan zehar trukatzen ziren.

Horren ondorio nabarmenenak izan ziren, batetik, prestigiozko estatusak sendotzea (ondasunak pilatzearen ondorioz), eta bestetik, espezializazio soziala.

Aldakuntza giro horretan, ideologia ere berritzen hasi zen. Arkeologoarentzat oso zaila da kulturaren mailaren berri jakitea, baina, hala ere, gauza argia da sinboloak asko aldatu zirela Neolitos aroan: emakume irudiak (ama jainkosak), zenbait komunitatetan zezena gurtzen hasten dira, eta eraikuntza bereziak eraikitzen hasten, batzuetanapaingarri aberatsekoak. Horiek guztiak ideologia berri horren adierazle dira.

 

Neolitos aroa Ekialde Hurbilean

Ekialde Hurbileko neolitizazio prozesuaren hasieran bi aldi izan ziren: lehenengo aldian (Kebariensean), talde ehiztari-biltzaileak leizeetan edo leize inguruetan bizi ziren, eta leku batetik bestera mugitzen ziren; bigarren aldian, ehiztari-biltzaileak espezializatu egin ziren, eta inguruari era guztietako onurak ateratzen zizkioten, beraz, sedentarizatzen ari ziren.

Bederatzigarren eta zazpigarren milaldiaren artean, kulturaren bi eremuk garrantzi handia izan zuten, erabateko etxekotzea gerta zedin ezinbestekoak izan zirenak: garia, garagarra, dilistak edo ilarrak landatzea, eta ahuntzak, ardiak, zerriak eta behiak etxekotzea.

Zeramika ezagutzen ez zutenez Zeramika aurreko Neolitos Taldea (A ala B, kronologiaren arabera) esaten zaie garai hartako eta inguru hartako gizataldeei. Talde horiek benetako herriak osatu zituzten: baziren oin biribileko etxeak, gordelekuak (Mureibet), eta, Jerikon, harresiak eta babes dorrea.

Seigarren milaldiari Neolitos Betea esaten zaio, eta zeramika da garai horretako ezaugarri nagusia. Neolitos aroko kulturaren egitura xehetasunez azaltzea gauza zaila da; izan ere, lekuan lekuko estiloak edo moduak sortu baitziren. Anatolian, esate baterako, garrantzi handiko berrikuntzak izan ziren, Çatal Hüyüken ikus daitekeen bezala: hiria sortu aurreko gune bat da, bi mila biztanle inguru izan zituena; eraikuntzek apaindura ugari zituzten; Taurus mendietako obsidiana eta silexaren salerosketaren kontrola izan zuen.

Mesopotamian, bestalde, hainbat kultura gune izan ziren (Hassuna, Samarra eta El Obeid), laboreen ekoizpenean oinarritutako ekonomia izan zutenak.