Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Historiaurrea

Labarretako artea historiaurrean

Zaldia, elur oreinak eta zezen handi baten burua, 17000 b.p. (Lascaux, Dordoina).<br><br>

Historian zehar adierazpen grafikoa izan da gizakiaren jarduera nagusietako bat. Jarduera hori, azken helburua edozein dela ere, komunikabide mota baten gisa hartu behar da. Ideiak eta beharrak edo, besterik gabe, zerbait eraikitzeko premiak ezagutarazteko, harrizko euskarriak, higigaitzak, erabiltzen zituzten historiaurrean.

Garai hartako artearen hedadura eta kultura unitateen lurralde hedadura elkarri lotuta daude. Hainbat lurraldetan, hala nola Asia, Ekialde Hurbila, Afrika, Amerika, Australia eta Europan, aurki daitezke labarretako artearen adibideak. Gizarte harremanen, ekonomia motaren eta giza taldeen idiosinkrasiaren arabera, hainbat estilo, forma, gai eta teknika daude hainbat geografia eremutan eta hainbat garaitan.

Europako hego-mendebalean, batez ere Frantzian eta Iberiako Penintsulan, kronologiaren eta estiloaren arabera, honela bana daitezke adierazpen artistikoak: lehenbizi paleolitikoak –ehizean eta bilketan oinarritutako ekonomia zuten herriek eginak–, bigarrenik, Mediterraneo ekialdekoak, eta hirugarrenik, eskematikoak; azken bi horiek nekazaritza edo/eta abeltzaintzan aritzen ziren giza taldeek landuak dira.

 

Paleolitoseko arte estiloa

Haitzuloetako arte paleolitikoko 300 gunetik gora ezagutzen dira gaur egun. Gune horien kokagunea kontuan hartuz gero, estilo hori mendebalekoa dela esan daiteke: gune horietatik erdia, oro har, Frantzian dago, 125 bat Iberiako Penintsulan (hiru Portugalen) eta hogei inguru, berriz, Italian.

Frantziako eta Iberiako Penintsulako guneak bi multzo handitan banatzen dira: Akitania- Kantaurialdea (hiru laurdenak) eta Iberiako Penintsularen barrualdea.

Grafiak kanpoaldean, aterpean edo haitzuloen kanpoaldean (eguneko argia iristen dena), eta haitzuloen barrualdean (batere argirik gabeak) aurkitu dira. Kanpoan edo gune irekietan, harkaitzetan eta egunargitan egindako arteak gero eta garrantzi handiagoa du, azken urteetan balio handiko aurkikuntzak izan baitira. Dena dela, estilo horretako arte adierazpen gehienak haitzuloenbarrualdean aurkitu dira: sarreratik irudira dagoen distantzia ez da beti berdina izaten, eta, zenbaitetan kilometro bat baino gehiagoko tartea ere badago (Cullalvera, Kantabria, Niaux eta Rouffignac Frantzian).

Gaiari dagokionez, arte paleolitikoa bi multzo handitan banatzen da: figuratiboa eta ez figuratiboa. Lehenengo multzoan irudi zoomorfoak eta gizaki irudiak biltzen dira; bigarrenean, berriz, ikurrak.

Animalien irudien artean, hauek dira gehien azaltzen diren animaliak: zaldiak, uroak, bisonteak, ahuntzak, saigak, oreinak, basahuntzak, altzeak, orkatzak, mamutak, errinozeroak, basurdeak, hartzak, felinoak, kanidoak, mustelidoak, hienak, hegaztiak, arrainak (izokinak, amurraiak, aingirak), erbiak eta narrastiak.

Giza irudiak ez dira animalienak bezain ugari ikusten, eta oso gutxitan izaten dute gorputza osorik; gehienetan, edo ezaugarri anatomikoak falta zaizkie edo ezaugarriren bat besteen gainetik agertzen da. Giza irudiak ez dira animalienak bezain errealistak izaten. Bai gizonezkoak bai emakumezkoak marrazten dira, eta zenbatitetan, gizaki eta animalia arteko irudi hibridoak ere ikusten dira.

Irudi horiez gainera, estilo honetako ikonografiaren barruan, aipatzekoak dira ikurrak.

Forma askotakoak izaten dira: lerroak, zirkuluak, obaloak, hirukiak, lauki zuzenak, laukiak, trapezioak, pentagonoak, gurutzeak, etab. Irudi geometriko horien bidez, ikerlariek historiaurreko eguneroko bizitzako objektuak, armak eta tresnak (geziak eta azagaiak), bizitokiaren egiturak (tektiformeak), emakumeen sexu adierazpenak (aluak) aztertzen dituzte.Irudiak egiteko erabiltzen zituzten teknikei dagokienez, aipatzekoak dira pintura, grabatua, eskultura eta moldeak. Zenbaitetan, teknika bat baino gehiago erabiltzen zuten lan berean.

Pinturan, hauek dira kolore nagusiak: gorria (burdin oxidoa) eta beltza (manganeso oxidoa edo ikatza); laranja, marroia eta zuria gutxiagotan ikusten dira. Margoak lehorrean erabiltzen ziren, koloremaile landu gabe baten bidez edo aglutinatzaileen bidez (ura edo gantza). Pintatzeko tresnak pintzelak, tanpoiak, behatzak, etab. ziren.

Monokromia polikromia baino ugariagoa zen.

Grabatua gai gogor baten gainean egiten zuten, harrizko tresna batez (silex zizel batez, esaterako) eta hozka batzuk eginez.

Metodo horren bidez, kolore aldea izaten da ildoaren eta gainaldearen artean; eta horrek, aldi berean, irudia nabarmenarazten du. Grabatua era askotakoa izan daiteke: lineala, ebaki askokoa, etab. Behe erliebea gainaldea zulatuz edo zizelatuz lortzen zuten, eta, hala, oso erliebe nabarmenak egin ahal izaten zituzten.

Lerro digitalak edo “macarroni” motako lerroak behatza buztinean irristatuz lortzen zituzten. Zenbaitetan, moldatu zitezkeen gainaldeak erabiltzen zituzten.

Mugimendua hainbat osagairen bidez adierazten zuten: hankak eta burua modu berezian jarriaz, edo egokera jakin batzuen bidez. Konposizioak, eszenak edo “kontakizunak” ere egin zituzten; ez zituzten, ordea, eszena horien xehetasunak erakusten, hau da, ez zituzten inguruko osagaiak adierazten, paisajea adibidez. Konposizio batenadibide argiak dira hartzen irudia Ekainen edo Rouffignac-eko mamuten frisoa.

Kronologiari dagokionez, zalantza ugari dituzte ikerlariek Paleolitos aroko artearen inguruan. A. Leroi-Gourhan irakaslearen arabera, bost unetan edo estadio figuratiboetan banatzen da aro honetako artea.

Lehena estadio aurrefiguratiboa edo I. estiloa da, Goi Paleolitosaren hasierakoa: lerroak, biribilak, etab. dira garai horretako osagai nagusiak, eta ez da gizaki edo animalia irudirik izaten. II. estiloa goi Périgord eta Solutré aldikoa da: ikurrak eta animalia irudiak xehetasunik gabe eta proportziorik gabe (lepoko eta bizkarrezurreko kurba oso nabarmena, sabelaldea eta gorputza zabalak eta gorputz adarrak, berriz, motzak). III.. stiloa goi Solutré alditik Madalen zaharrera bitartean landu zen: irudiak aurreko aldietan baino gehiago lantzen dira, ez dute, ordea, proportziorik buruaren eta gorputzaren artean. Garai horretan zenbait eredu bereizi ziren: lepo luzeak eta estuak, zaldi zurda mailakatuak. IV. estilo zaharra (Madalen erdikoa) errealismoaren eta xehetasunen garaia izan zen. Azkenik, IV. estilo berria goi eta azken Madalen aldikoa da.

Estilo horren ezaugarriak hauek dira: espresionismoa eta eskematizazioa batetik, eta bestetik, ordu arteko hainbat forma erabiltzen dira.

Ehun urteko ikerketen ondoren, hainbat eta hainbat interpretazio egin dira grafien esanahiaz eta funtzioaz. XX. mende erdialdea arte, hauek izan dira gai horren inguruko teoria nagusiak: artea helburu berezirik gabe egiten zela, alegia, gozamen estetikoa bilatzen zela, besterik gabe; magiak eragina zela, etnografia eta etnologia ikerketen arabera; eta ehiza erakartzeko erabiltzen zutela. A. Laming-Emperaire eta A. Leroi-Gourhanek irudiak banatuta nola dauden, eta horiek era batera edo bestera elkartzen diren aztertu ondoren, dualtasunaren teoria azaldu zuten, hau da, ikurren unibertsoa bi indarrek osatzen zutela zioena: arraren unibertsoa eta emearena, hain zuzen.

 

Levanteko estiloko artea

Espainiako Levante inguruan arte estilo berezia sortu zen, Pirinioetatik hasi eta Penibetikoetaraino hedatzen zena. Arte mota horretako irudiak babesean diren hormetan, haitzuloetan edo argitan dauden harkaitzezko hormetan azaldu dira. Oro har, aztarnak ibaietatik hurbil aurkitu dira, izan ere, inguru horiek baitziren ehizerako aproposenak.

Levanteko arte estiloko gai nagusiak animalia irudiak, gizakiak eta ikurrak dira.

Bestalde, ezaugarri aipagarriena zerbait kontatzeko asmoa da; horretarako, eraaskotako eszenak egiten zituzten: batzuek ekonomia jardueren ingurukoak dira, ehizari buruzkoak esaterako, eta horietan giza irudiak, batzuetan jantzirik eta besteetan biluzik, harrapakinari geziak jaurtitzen irudikatzen dira. Beste batzuetan, eztia edo landareak biltzeko lanak ikus daitezke. Beste zenbaitetan, aldiz, nekazaritzaren inguruko jarduerak marrazten zituzten, eta horietako batzuetan gizakiak makilak eskuan dituztela irudikatzen dira, zuloak egiteko edo prest. Marrazten diren beste gai batzuk, animalien etxekotzea eta animalien haziera dira, edo bi gizakiren arteko borrokak.

Azken irudi horietan, gizaki batzuek dituzten jantzien arabera, gizartean nolabaiteko hiererarkia bazela dirudi.

Azkenik, jolas-erlijiozko eszenak ere aurkitu dira, dantzak erakusten dituztenak, adibidez.

Levanteko estiloan teknika nagusia pintura da, eta koloreen artean, gorria eta beltza dira gehien erabiltzen zituztenak, eta gutxien azaltzen den kolorea, berriz, zuria (buztinzuria). Irudiak monokromoak dira beti, eta marrazteko pintzel finak edo lumak erabiltzen ziren; hortaz, irudien inguruak xehetasun handikoak egiten zituzten.

Irudiak 10 cm ingurukoak izaten dira, hala ere, bada bat edo beste metro batekoa ere.

Estiloa naturalista da, eta, Ripollen arabera, lau aldi krono-estilistikotan banatzen da: naturalista, zezen eta orein handiak jarrera estatikoan adierazten direla; estilizatu estatikoa, lehenengo giza irudiekin; estilizatu dinamikoa, mugimendua, adierazkotasuna eta eszenak direla nagusi; eta pinturaeskematikorako trantsiziozko aldia. Azken haldi horretan, mugimendua desagertzen da, eta irudiek ez dute proportziorik gordetzen.

Nahiz eta zientzilariek ez datozen bat arte estilo honen garaia zehazterakoan, badirudi Paleolitos aroaren ondorengo garaikoa dela, eta hasiera Neolitos betearen garaian izan zuela. Arte mota horrek, zenbait egileren arabera, bigarren milaldiaren amaiera arte iraun zuen, alegia, Brontze aroa arte.

 

Estilo eskematikoko artea

Arte estilo horren adierazpenak Iberiako Penintsulan eta Frantzian aurkitu dira batez ere, bai egitura megalitikoetan, bai haitzulo edo aterpeetan. Zenbait haitzuloren barrualdean ere aurkitu dira era honetako irudiak.

Nekazari, abeltzain eta/edo metalgileez osatutako gizarteek eginak direla dirudi. Neolitiko azken-erdikotik Brontzearen amaiera arte landu zen estilo eskematikoa.

Marrazten zituzten ikurren artean hauek dira nagusiak: ikurrak, sigi-sagak, biribilak, lerroak, zuhaitzak, uhinak, adarrak, puntuak, gurutzeak eta beste hainbat irudi geometriko.

Estilo horretako gizakiaren irudia eskematikoa da, eta eszenaren atal bat izaten da: besoak eta hankak –arku formakoak batzuetan–, burua, enborra, eta zenbaitetan, gizonezkoen sexua. Gaiei dagokionez, ehiza, dantza, erlijio ospakizunak, etab. ikus daitezke. Animalien irudiak batzuetan ezin jakin daiteke zehatz-mehatz zein animaliari dagozkien, baina gehienetan, ahuntz, orein, zakur, eta abarren irudiak ageri dira.