Historia Unibertsala»Historiaurrea
Historiaurrearen kronologia eta ingurugiroa
Laugarren aroa planetaren historia geologikoa zatitzen den aldi handienetan azkena
da. Alabaina, oso garrantzitsua da gizakiaren historiarentzat, izan ere, Laugarren aroan
garatu baita osorik historia hori. Lehen gizakiak ekarriko dituen hominizazio prozesua,
eta Homoaren ondorengo lorpen guztiak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak, azken
bi milioi urte t’erditan egin dira (planetak 4.600 milioi urte ditu). Aski gauza ezagutzen
dugu aldi horri buruz, eta nahitaezkoa da kronologia eta giroa sistematizatzea, giza
lorpen paraleloen deskribapena egiten hasi aurretik.
XIX. mendearen erdialdea arte, ikusmolde erlijiosoaren mende zegoen gizakiak bere
iraganaz zuen ideia oro. Darwinen eboluzioaren teoriak irauli egin zuen ikusmolde hori,
gizakia beste animalien modura ikusten baitzuen, hau da, bere ingurunearekin loturik
bilakatzen den izaki baten modura. Horrek esan nahi du azken mendean osatu dela
Gizadiaren Historiaurreaz dakigun guztia, eta, hain zuzen ere, ahalegin handiak egin
dira era guztietako ikerketa alorretan, eta metodologia berriak prestatu dira hain kronologia
zaharrak aztertzeko. Metodologia horien artean, leku berezia hartzen dute Historiaurrearen
oinarrizko hiru diziplinek: estratigrafiak, kronologiak eta tipologiak.Estratigrafia Lyellen lanarekin hasi zen
eratzen, 1830eko hamarraldian. Laugarren
aroko biltegi bateko geruza geologikoen
denbora segidaren printzipioak, oinarriak
ematen ditu bertan aurkituriko hondakinen
kronologia eta ingurunea interpretatu ahal
izateko. Interpretazio hori datazio absolutuaren
beste tekniken mende dago; teknika
horien artean Karbono 14arena da zabalduena,
horri esker sailka baitaitezke denboranduela 35.000 eta 500 urte bitarteko
hondakin organikoak. Baina, horrez gainera,
beste metodo asko dago, bestelako material
eta kronologien datazioa ematen dutenak
(izan ere, ez dago aplikazio unibertsalik
duen datazio absolutuko prozedurarik).
Badira kronologia erlatiboko beste
metodo batzuk ere, aztergaiaren data zehatzik
eman gabe, hurbileko datuak ematen
dituztenak. Datu sail konplexuak ingurugiroeta kultura jakinetan kokatu ahal izateko
metodoak dira, eta horien artean sailka daiteke
tipologia bera. Oro har, palinologiak
(sedimentuan txertatuta dauden polen fosilen
azterketa), karpologiak (sedimentuan
txertatuta orobat, haziak eta aleak), antrakologiak
(ikatzak), arkeozoologiak (aztarnategian
dauden fauna hondakinak), sedimentologiak
(sedimentuen azterketak), eta abarrek,
datu asko ematen dute azterturiko sedimentua
jaulki zen uneko fauna, flora eta
klimari buruz. Prozedura hauen bidez, kronologia
sail luze baten barnean koka daiteke
aztergaia, baina, horrez gainera, prozedura
horiek datu guztiz baliagarriak ematen
dituzte gizakia bizi izan zen inguruneaz,
eta ustiatu ahal izan zituen baliapideez.
Hori guztia oinarri harturik, sekuentzia
erlatiboak antolatu dira, bai giro segidak
(Laugarren aroaren ezaugarria da hotzaldi
gogorren –hormategiak– eta aldi epelagoen
–izotzaldi artekoak– aldizkatzea), bai giro
horiei dagozkien sailkapen kronologikoak
barnean hartzen dituztenak. Sekuentzia
horiek osatzeko diziplina desberdinak gurutzatzen
dira, eta eskura dauden datazioen
artetik, onarpen zabalena duten eta dudagabeko
diren datazioak txertatzen dira,
alegia, dudagabe direnak bai zientzia bakoitzak
ematen duen informazioagatik, bai sekuentzia
desberdinak alderatzean sortzen
diren eskualdekako aldeengatik. Adibide bat
jartzearren, Ipar Ameriketako azken pleistozenoaren
kronologia absolutuak adierazten
duenez, ia milaldi bateko desfasea du
bere sekuentzian Europako izotzaldiko datazio
zaharrenei buruz.
Azpimarratu da jada Laugarren aroko ingurugiroaren
ezaugarri nagusia izotzaldien
(eurialdiak Tropiko bitarteetan) eta izotzaldi
artekoen aldizkatzea dela. Ipar hemisferioari
dagokio batez ere eguratsaren gertaera
hori, baina jatorria ez da oraindik behar
bezala ezagutzen. Izotzaldietan asko zabaldu
ziren (iparreko hemisferioan 50° latituderaino
jaitsi ziren) polo inguruko lur izoztuak,
eta orobat eremu alpinoetatik jaitsitako
hormategi kontinentalak. Izotzaldi horietan,
bestalde, izan ziren bolada gogorragoak
(estadioak) eta epelagoak (estadio artekoak).
Dirudienez, eskala txikiagoko mugimendu
termikorik ere (gorabehera epelak
edo hotzak) izan zen, eta, hala, aldi
horiek xeheago azter daitezke. Eta ezin da
ahaztu, jakina, Laugarren aro osoan zehar
urtaroak ere bereizten zirela urte astronomiko
bakoitzean, gaur egun gertatzen den
bezala. Alabaina, oso zaila da mundu guztiko
eskualdeetan bi milioi urte luze horietan
gertaturikoaren erregistro zehatz bat
egitea, eta, hortaz, saihetsezinak dira eskualde
batetik besterako desfaseak.
Pleistozenoa eta Holozenoa
Planeta osoari buruz, guztiz onartua
dago Laugarren aroan bi aldi luze izan zirela
hurrenez hurren: pleistozenoa, aipaturiko
klima gorabeherak gertatu zirena, eta holozenoa,
azken izotzaldia bukatzean hasi zena.
Hirugarren aroaren (pliozenoaren) bukaeraren
eta Laugarrenaren (pleistozenoaren)
hasieraren arteko muga ez da zehatza; egileen
irizpideen arabera, badira 2,5 eta 1,8
milioi urteko aldeak ere. Oro har, lehen aldia
hiru aldi ondoz ondokoetan banatzen
da: behe pleistozenoa (2,4/1,8tik 0,7 milioi
urtera), erdi pleistozenoa (0,7 milioitik
130.000 urtera) eta goi pleistozenoa
(130.000-10.000 urte). Aldi horretan, hainbat
izotzaldi izan ziren (gutxienez, lau luzeak
izan ziren); izotzaldi horien izenak hartzen
duten eskualdetako sekuentziaren araberakoak
dira (Gunz, Mindel, Riss eta Würm,
sekuentzia alpinoan; Elster, Holstein, Saale
eta Vistula Ipar Europan; Nebraska, Kansas,
Illinois eta Wisconsin Ipar Ameriketan,
etab.). Prozesu horretan ikusten da, halaber,
gero eta laburragoak zirela izotzaldiak,
eta garai hatako ingurugiroak gero eta antz
handiagoa zuela gaurkoarekin.
Pleistozenoa aldi bero eta heze batekin
hasi zen (Villafrancakoa), zeinean bazirauten
oraindik Pliozenoko animalia eta landare
motek. Alabaina, laster hasi zen lehen
izotzaldia, eta hasi ziren sortzen eguraldi
gogorrenera ohituriko animaliak, kasu batzuetan,
baita biotopo guztiz hotzekoak ere
(Artikoko azeria, jatuna, mamuta, errinozero
iletsua, musketa idia, etab.). Pleistozeno
ertainak izotzaldiaren ezaugarriak izan zituen,
eta goi mailako pleistozenoan, berriz
(kulturaren ikuspuntutik erdiko eta goiko
Paleolitosaren baliokide izan zena), animaliek
eta landareek galduak zituzten Villafrancako
ezaugarri oro.
Oso ondo ezagutzen da Goi Paleolitosari
dagokiona (goi Pleistozenoaren azken
partea da Goi Paleolitosa), eta aski argi daude
orduko klimaren eta ingurugiroaren gorabeherak.
Goi Paleolitosak hartzen dituen
25 milaldietan, badirudi bereiz daitezkeela
izotzaldi betea eta berandukoa, hau da, izotzaldi
alpinoaren Würms izotzaldiaren azken
estadioak. Horien artean, bigarren mailako
ingurugiro gorabeherak izan zituzten hamabi
fase ere bereizi dituzte sedimentologoek,
eta palinologiak, berriz, gorabehera hotz eta
epel gehiago bereizi ditu. Nolanahi ere, hau
guztia uneotan ari dira aztertzen, eta datozen
urteetan aldaketa handiak izan daitezke
zentzu batean edo bestean (nahasiagotze
edo errazte aldera).Duela 10.000 bat urte, hobera egin zuen
garbi-garbi eguraldiak. Gizakion historia
Laugarren aroaren azken aldi horretakoa
dela-eta, holozeno deitu izan zaio azken aldi
horri, baina hala ere ez dakigu zehaztasunez
noraino gauden izotzaldi arteko aldi batean,
eta ez izotzaldi baten amaieran. Izan ere,
giroaren aldetik ezin esan daiteke aldi homogeneoa
denik, Europako Historiaurreko
kulturak azterturik ikusten denez (Mesolitos,
Neolitos, Kalkolitos, Brontze aroa eta
Burdin aroa), egoerak desberdinak izan
baitziren kultura horietan.
Holozenoa, oro har, izotzaldi arteko alditzat
jo daiteke, zeinean aldi hotzak ez diren
inoiz pleistozenokoak bezain gogorrak.
BP 10.000tik 6.000raino (BP: before present,
gure egunak baino lehenago) pixkanapixkana
berotu egin ziren itsasoko urak eta
baita kontinenteen gainaldeak ere, eta berotze
horrek latitude eta mendialde garaiagoetara
bultzatu zituen klima hotzeko animalia
eta landare motak. Prozesu hori Europa
Mendebaleko Mesolitosaren aldi berean
gertatu zen, eta bere baitan hartzen
ditu boreal aurreko klima aldia, boreala eta
Atlantikokoa. Azken horren amaiera oso
hezea eta gurea baino askoz beroagoa izan
zen (gailur klimatiko esaten zaio). Aldi horretan
zabaldu ziren gehien basoak Mendebaleko
Europan; baina zabalkuntza eten
egin zen neurri batean Mundu Zaharrean,
Neolitoseko lehen gizataldeen ekonomiajardunaren ondorioz (Kalkolitos aroan zegoen
ordurako gizakia beste eskualde batzuetan).
Une horretatik aurrera, ingurugiroaren
erregistro arkeobotaniko eta arkeozoologikoak
eraldatu egingo ditu gizakiaren
eraginak, gizakiak aldatu egin baitzuen
bere onurarako oreka ekologikoa, baso eta
oihanetan soilune handiak zabalduz, animalia
eta landare mota berriak eta exotikoak
ekarriz, eta ekonomia jardunak ukitu gabeko
gainerako baliapide naturalen harrapaketa
sistematizatuz.
Ezaugarri horiek are nabarmenagoak
egin dira 3.500 BP (gailur klimatikoaren
amaiera) eta aro aldaketaren arteko aldian,
gero eta lehorragoa den ingurune batean,
eta erosioak zuhaitzak galarazten dituen eskualdeetan,
Indiako azpikontinentean adibidez.
Galera horiek Subboreal eta Subatlantiko
sekuentzia klasikoan gertatzen dira, espezialista
batzuek Kultura Estepa izendatu
duten ingurunean, ikusirik zenbateko eragina
duen ingurune naturalean. Aro berrian
sartzeko unean (Mendebaleko Europan,
Historian), oso nabarmena da gizonak paisajean
duen eragina, eta gero eta presio
handiagoa jasango du bi milalditan zehar.
Artifizialki eragin den negutegi efektuak
poloko eskualdeak eta hormategiak atzerarazi
dituelarik, eta geratzen den landarediak
ezin duelarik lehengo galera orekatu, gaur
egun ezagutzen den krisi ekologikoa da
crescendo horren gailurra.