Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Ekonomia integrazioa

 

Integrazioaren teoriak

Ekonomiaren azterketa tradizionalak ekonomiazko integrazioaren bost maila bereizten ditu, integrazio proiektuan parte hartzen duten herrialdeek oztopoak ezabatzeko egiten duten ahaleginaren neurriaren arabera.

Merkataritza Askerako Gune edo Akordioa: akordioa sinatzen duten herrialdeen arteko barne muga-zergak ezabatzea dakar, baina bakoitzak bere kanpo-merkataritza politikari eusten dio akordioa sinatu ez duten herrialdeekin dituzten harremanetan.

Ekonomiazko integrazio mota honen adibide bat EFTA izenekoa da, Europako Truke Librearen Elkartea, 1994ko abendura arte Suitza, Austria, Finlandia, Suedia, Norvegia eta Islandiak osatzen zutena. Beste adibide bat Estatu Batuek, Kanadak eta Mexikok osatzen duten NAFTA izenekoa da, Ipar Ameriketako Merkataritza Askerako Eskualdea.

Muga-zerga: inportatutako ondasunen gaineko zerga.

Aduana Batasuna: merkantzien zirkulazio librea izateaz gainera (barne mugazergak kenduta eta Estatu Kideen artean eragin berdintsua duten neurriak ezabatuta), Aduanetan muga-zerga bakarra ezartzen da, gainerako herrialdeen aurrean denen artean kudeatzen dena (aduana guztietan arau eta eskubide berberak aplikatzen dira).

Beraz, integrazio mota honetan, herrialde bakoitzak uko egin behar dio zeinek bere merkataritza politikak ezartzeari politika bateratuen mesedetan. Europako Batasunaren kasuan, gaur egungo adibiderik aurreratuenean, alegia, merkataritza politika bera izan da azken hiru hamarraldietan integrazioaren elementu eragilea. Beste herrialde batzuk ere prozesu hori sendotzeko ahaleginetan ari dira gaur egun, esate baterako,MERCOSUR osatzen duten Brasil, Argentina, Uruguai eta Paraguai.

Merkatu Bateratua: Produkzio faktoreen zirkulazio libreari oztopoak ezabatzea esan nahi du. Merkatu bateratuetan, merkantziez gainera, langile, kapital eta zerbitzuek ere zirkulatzeko askatasun osoa dute (zerbitzuak eskaintzeko eta enpresak ezartzeko askatasuna dago). Europako Batasunak ez zuen merkatu bateratua izatea lortu 1992ko abenduaren 31 arte.

Ekonomia eta Diru Batasuna: Europako Batasunak merkatu bateratua osatu baino lehen ekin zion ekonomia eta diru batasunaren prozesuari eta behin betiko finkatu nahi izan du Maastricht-eko Tratatua indarrean sartzean. Integrazioaren fase honek estatu kideek ezarritako politiken bateratze maila handia suposatzen du, izan ere, diru egonkorreko esparrua lortu nahi da kide bakoitzak erabilitako ekonomia politikarekiko ahalik eta ziurgabetasun maila txikienarekin. Ekonomia eta Diru Batasunak, integrazioaren esparruan barne desberdintasunen gorakada saihestera bideratutako irtenbideei buruzko beste politika batzuk indarrean jartzea ere ekarri behar du.

Politika Batasuna: Politika Batasunak ekonomia eta diru integrazio maila nahiko eskatzen du. Justizia eta Barne politikako zenbait alderdi eta Batasuneko hiritarrentzako ikusten diren eskubideez gain, Maastricht-eko Tratatuak, Europako Akta Bakarrak irekitako bideari jarraituz, Kanpo Politika Bateratua Europako Batasunaren ardatz gisa sendotu nahi izan du munduko beste herrialde guztien aurrean. Prozesuan parte hartzen duten kideek integrazio esparrua osatzen duten alderdi politiko, sozial eta ekonomikoen aurrean bat eginda jokatzea baimendu behar du Politika Batasunak, bai euren artean eta bai beste herrialdeen aurrean.Integrazio prozesuak dituen onura ekonomikoak honako hauek dira: • kideen arteko merkataritza gehitzea; • merkatuaren tamaina handitzeari esker, enpresek gutxieneko produkzio eskala eraginkorra lortzeko erraztasun gehiago izatea; • beste herrialde batzuetako enpresen merkatu nazionaletan konkurrentzian sartzearen ondorioz sortutako inbertsioa eta enpresa-berrikuntza sustatzea; • konkurrentzia gehitzea; • lehen nazioarteko foroetan bakoitzak bere aldetik lan egiten zuten herrialdeen batasunaren ondorioz sortutako nazioarteko negoziaketa ahalmena gehitzea.

Bestalde, integrazio prozesuaren eragozpenak honako hauek dira: • aurrekoaren eragina desberdina da lurralde eta sektore ekonomikoetan, baina irabazi orokorra guztiz bateragarria da zenbait talde eta eskualderen galerekin; • integrazio prozesuarekin sortutako nazioarteko markoa ekonomiaren funtzionamendurako eraginkorra den arren, baliteke giza bizitzako beste alor batzuetan hain eraginkorra ez izatea.

 

Integrazio prozesuak gaur egun

Nazioen arteko integrazio prozesuen ahaleginak ugari izan dira, Hegoameriketan berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarraldietan porrot egindako ahaleginetatik hasi eta denetan aurreratuena dagoen Europako Batasunareneraino.

XX. mendean zehar, lehengaien esportazioek sortutako errenten produkzio nazional propioek hartu dute dituzte industria gaien inportazioaren lekua eta garapen eredu horretan oinarritu da Hegoamerika.

CEPAL edo Hegoameriketako Batzorde Ekonomikoak berrogeita hamarreko hamarraldian planteatu zuen lehen aldiz Hegoameriketako nazioen arteko lankidetza ekonomikoaren beharra industrializazioa, eta azken finean nazioen garapena, sendotu ahal izateko. 1957an Ameriketako Batzar Ekonomikoa egin zen Buenos Airesen eta han planteatu zen lehen aldiz Hegoameriketako merkatu bateratua sortzeko premia.

CEPALi eta OEA edo Amerikar Estatuen Erakundea-ri txosten bat eskatu zitzaien integrazio prozesua martxan jartzeko oinarriak ezartzeko. Hegoamerikaren integrazioa merkataritza alorrean bakarrik martxan jartzea eta Aduana Batasuna sortzea proposatu zuen CEPALek.Aurrekari horiekin, 1960an erabaki ziren behin betiko integrazio prozesuetan era askotako eraginak izan ziren, batez ere CEPAL eta EEBB-ena, hauena OEAren bitartez.

Lehen Tratatua Montevideokoa izan zen. Tratatu hori 1960ko otsailean sinatu zen Hegoameriketako Merkataritza Librerako Elkartea (LAFTA) sortuz. Hasieran, Argentina, Brasil, Txile, Mexiko, Paraguai, Peru eta Uruguaik osatu zuten eta gero Kolonbia, Ekuador, Venezuela eta Bolivia elkartu ziren.

1960ko abenduaren 13an Ertameriketako Integrazio Ekonomikoaren Tratatu Orokorra (Managuako Tratatua) sinatu zen eta hemendik Ertameriketako Merkatu Bateratua (CACM) sortu zen Costa Rica, El Salvador, Guatemala, Honduras eta Nikaraguak osatuta. 1969ko maiatzaren 26an, Bolivia, Kolonbia, Txile, Ekuador eta Peruk Cartagenako Tratatua sinatu eta AN- COM edo Andeetako Hitzarmena izeneko erakundea sortu zuten. Gerora Venezuela elkartu zen eta 1976an Txilek utzi egin zuen. ANCOM izeneko hau LAFTAren azpielkartea da eta Andeetako herrialdeek Montevideoko Tratatuarekin dituzten harremanak sustatu eta sakontzea du helburua.

Hegoameriketako hiru elkarte hauen artean LAFTA zen garrantzitsuena, izan ere, hark zituen Hegoamerika eta Kariberen hedaduraren %95, hango biztanlegoaren ia %90 eta Barne Produktu Gordinaren eta merkataritza guztiaren %93 baino gehiago.

Karibe inguruan ere sortu ziren integraziorako beste hainbat elkarte, besteak beste, Karibeko Merkataritza Librerako Gunea (CARIFTA) sortu zen 1965ean, eta 1968an, Ekialdeko Karibeko Merkatu Bateratua (MCCO), haren azpielkarte gisa eta integrazio maila sendotzeko asmoarekin.

LAFTAren espiritua eredutzat hartu duen Tratatu aipagarriena MERCOSUR izan da.MERCOSUR Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaik sortu zuten 1991n Asunciongo Tratatua sinatu zutenean.

Ipar Ameriketako Merkataritza Askerako Elkartea (NAFTA) Ameriketarako Ekimena izeneko elkartean izan zuen abiapuntua eta bere lehen helburua Ameriketan esparru bateratu bat sortzea zen. Hegoameriketako ekimenarekin konparatuz, NAFTA guztiz elkarte desberdina da. Munduan merkatu bakarra sortzeko erronkan nagusigoa lortu nahi zuten hiru bloke ekonomiko indartsuenen (EEBB, Japonia eta Europako Batasuna) arteko lasterketaren emaitza da hau.

NAFTAren helburu nagusia estatu kideen arteko kapital, ondasun eta zerbitzuen zirkulazio librerako oztopo guztiak ezabatzea da. Ezarritako epea 15 urtekoa da, baina muga-zergak murrizteko aurrikusitako erritmoa aldatu egiten da sektore ekonomikoen arabera.

Munduko beste nazio batzuen arteko lankidetza akordioak ere badiren arren, hauek ezin ditugu integrazio prozesu gisa hartu, izan ere, oro har, merkataritzari lehentasuna ematen dioten guneak sortu ahal izateko lankidetza harremanak helburu dituzten prozesuak baitira.

Indonesia, Malaysia, Filipinak, Singapur eta Thailandiaren artean Asiako Hego-Ekialdeko Tratatuaren Erakundea garatu dute.

Afrikan desberdin gertatzen da, izan ere, hango elkarteek barrurantzako garapena lortu nahi dute integrazioaren bitartez. Elkarte hauen artean garrantzitsuena Afrika Erdialdeko Aduana eta Ekonomia Batasuna (UDEAC) da, 1964an Kongoko Errepublika, Gabon, Kamerun, Txad eta Afrika Erdiko Errepublikak sortutakoa.

Europako Truke Librearen Elkartea (EFTA) Europako Batasunaren alternatiba bat da eta Erresuma Batua izan zen bultzatzaile nagusia, hasieran Europako Batasunarenproiektuan parte hartzeari uko egin ondoren. EFTA 1959an sortu zen Danimarka, Portugal, Erresuma Batua, Austria, Norvegia, Suedia eta Suitzaren partaidetzarekin.

1961ean Finlandia elkartu zen eta 1970ean Islandia. Bere helburu nagusia merkataritza librerako gunea osatu eta merkataritza trukeak bultzatzea zen, baina integrazio alorrean beste konpromisorik hartu gabe.

Europako Batasunean sartzean, zenbait estatuk EFTAko kide izateari utzi diote.

Europako Batasunak (ikusi Europako Batasuna) hamabost kide ditu 1995eko urtarrilaren 1az geroztik: Belgika, Danimarka, Frantzia, Alemania, Grezia, Irlanda, Italia, Luxenburgo, Herbehereak, Portugal, Espainia, Britainia Handia, Austria, Suedia eta Finlandia.