Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Gizakiak biosferan duen eragina eta hazkundearen mugak

Greenpeace erakundearen ontzia Hondarribian.<br><br>

Bere historia luzean zehar gizakiak nekazaritza eta abeltzaintzako zenbait ekosistema finkatu izan ditu; izadiko oreka dinamikoa bermatzen zuten arrazoizko kostuz ekosistema horiek, eta gizadiaren iraupena ziurtatzen zuten, proportzio jakin eta neurrizko batean.

Hasieran mugagabea zirudien hazkunde horrek, ordea, izan, bazuen goreneko mugarik, eta gainditua du gizakiak muga hori.

Muga horiez gaindi iritsi delarik, desoreka larriak sortu ditu gizakiak, eta gero eta garestiagoa zaio desoreka horiek zuzentzea, eta gero eta zailagoa zaio, halaber, gehiago eta gehiago produzitzea.

Gero eta ongarri gehiago behar dira, eta, aldi berean, gero eta pestizida gehiago behar dira landareak eta animaliak hiltzeko, zenbat eta elikagai gehiago eman, orduan eta gehiago ugaltzen baitira, gizakia bera bezala, eta hain zuzen ere gizakiaren jarduerari esker ez balitz eskuratu ezingo lituzketen elikagaien bidez.

Izaki horiei gizakiari berari ematen zaion moduko ugalketa ahalmena ematen zaie, baina zenbait animalia eta landare mota izurri moduan ugaltzeak arazoak sortzen ditu.

Gizakiak bakuntze bidez eratzen ditu nekazaritzako edo abeltzaintzako ekosistemak, hau da, landare edo animalia jakin batzuk hautatzen ditu, eta, izaki mota horiek ahal bezainbat ekoiz dezaten, haien espazio berean bizi diren edo elikagai berberak behar dituzten beste izaki mota batzuk baztertzen ditu, berak hautatutako izakien ekoizpena muga ez dezaten.

Horrenbestez, gizakiak bere jardueretan izadiaren berezko orekatik ahalik eta gutxien aldentzeko ahalegina egin beharko luke, eta horretarako, jakina, garrantzi handikoa da ekosistemak berez nola irauten duten aztertzea.

 

Hazkundearen mugak

Landareek litosferako, atmosferako eta hidrosferako hainbat osagai inorganiko hartzen eta eraldatzen dituzte eguzkiak etengabe igortzen duen energiari esker. Osagai inorganiko horiek osatzen dute animalia eta landare mota guztien oinarri organikoa, alegia, ekosistema ororen oinarria. Izaki guztiakjaio, hazi, bilakatu eta hil egiten dira, eta bai bizi diren bitartean eta bai hiltzean Lurretik harturiko osagaiak Lurrera itzularazten dituzte berriro, bai arnasketaren edo izerditzearen bidez ?bizirik daudela?, edo hondakinen bidez, parte hilen bidez, alegia.

Biosferak, beraz, materiaren zikloei esker irauten du bere horretan, eta ekosistema guztiak bezala, ziklo horien behar bezalako jarraitasuna du bere oreka dinamikoaren oinarria.Elikagaien zikloari dagokionez, lehenik eta behin esan beharra dago elikagai esaten denean airetik hartzen den karbonoa esan nahi dela, elikagai asko eta asko urak hara-hona eramaten dituela orobat, eta harkaitzen zikloa dela Lurraren elikagai iturri nagusia. Horrela, Lurraren elikagai edukiak aldagabe iraun dezake, baina aberastu ala pobretu ere egin daiteke. Giza denboraren arabera eta gizakiaren eraginpetik at, elikagai eduki horrek bere horretan irautea da egoerarik arruntena (gune jakin bakoitzak eduki jakin bat duela kontuan harturik betiere), edo are aberatsagoa izatea bestela.

Batzuetan, ordea, elikagai edukia murriztu egiten da hainbat prozesu bizkorren bidez, eta galera horrek oreka berria bilatu beharra dakar, hasierako oreka egoera baino pobreagoa hain zuzen, biomasa (eremu banako bakoitzak duen materia organikoaren kopurua) gero eta urriagoa eta pobreagoa izango baita, bai elikagai kopuruari eta bai kalitateari dagokionez. Elikagaien zikloak oreka du, beraz, egoera normala, indar meteorikoek eta indar biologikoek elkarren eraginez iritsia.

Indar meteorikoek bi zeregin dituzte: batetik, harkaitzak txikitzen dituzte, aldaketa fisikoak eta kimikoak eragiten dizkiete, eta landareentzako erabilgarri bihurtzen dituzte beraz; bestetik, materialak eta elikagaiak ekarri-eraman egiten dituzte leku batetik bestera, eta, horrenbestez, eremu jakin batetik kanpo eramaten badituzte, pobretu egiten dute eremu hori, baina kanpotik ekartzen badituzte, orduan aberastu egiten dute.

Indar biologikoek kolonizazio, eratze eta aberaste prozesu bat eragiten dute leku jakin batean finkatzen direnean, erroak eginez lurra ontzen dute, eta hala izaten dute animalia batzuek lur horretan bizitzeko aukera; multzo biologiko horrek guztiak hondakinak ematen ditu, multzo horren beraren elikagai bihurtuko direnak hain zuzen ere. Prozesu horrek sarrerak eta irteerak ditu horrenbestez; sarrerak irteerak baino ugariagoak izanez gero, bizitzak aurrera egingo du, joriagoa izango da eta era askotakoa, nahiz eta badiren ezin gaindituzko muga jakin batzuk, eta muga horietara hurbiltzean, orduan iristen du ekosistemak, biozenosiak edo biologia komunitateak klimax egoera. Sarreren eta irteeren arteko oreka adierazten du egoera horrek, oreka dinamiko bat lortu da, alegia.

Prozesu horietan zehar aldaketa handiak gertatzen dira. Leku harritsua aldatu egiten da, harik eta lurra eratzen den arte; bestalde, leku jakin batean landareak egoteak aldatu egin dezake leku horretako gainaldeko higaduraren edo material galeraren erritmoa, moteldu egiten baitu gehienetan.

Horrez gainera, landarediak mikroklima bat sorrarazten du, eta horri guztiari eskeraberastu egiten da komunitate biotikoa (biota leku jakin batean bizi diren izaki bizien multzoa da). Baldin eta komunitate horretan proportzio bat edo parteren bat aldarazten bada, ez bakarrik berezko oreka aldarazten da, onenean ere, baizik eta egoera berri horren ondoren, gerta daiteke izadia hasieran eragin den aldaketaren eraginez baino askoz gehiago konpontzea ala hondatzea.

Hala beraz, pixkanaka pixkanaka aurrera egite bat izan daiteke, edo atzera egite bat bestela, biostasia edo errexistasia, alegia.

Biostasia: landare geruza sortzeko aukera ematen duen egoera bioklimatiko orekazkoa, harkaitz higadura prozesu biokimikoek eragina izatea eta, beraz granulometria fineko detritusa sortzea dakarrena (meteorizazioz, hau da, harkaitzaren hauste eta eraldaketaz sorturiko zatikiak dira, batetik bestera leku alda daitezkeenak).

Errexistasia: biostasiaren alderantzizko egoera, multzo biologikoak klimax edo goreneko maila ez iristea ezaugarri duena; klimaren eraginez, berezko gertaeren ondorioz edo gizakiaren jardueraren eraginez gertatzen da.

Demagun badela egoera ezin hobe bat, eta gune ideal bat, elikagaien gehiegizko potentziala sortzen edo pilatzen duena, eta gainera gune horretan Lurrean izan daitekeen klimarik egokiena dagoela. Baldintza horietan ere bada muga bat, garaieran edo sakoneran ezin baita mugagabe hazi. Oihaneko zuhaitz erraldoiek, adibidez, hirurogei metro eskas izaten dira luze, eta eukalipto eta sekuoia batzuek baizik ez dute iristen ehun metroko garaiera, eta horieksalbuespena dira gainera. Berdin gertatzen da sakonerarekin ere: ez dago landarerik elikagaiak lurrean barrenago eramateko ahalmena duenik. Pentsa litekeen kasurik onenean ere hazkundeak baditu muga fisiko eta biofisikoak. Beraz, edozein egoerak eta gunek du potentzial klimatiko eta edafiko jakin bat, maila jakin baterainoko bilakaera, baina ez hortik gorakoa, ematen duena.

 

Gizakiaren jarduerak biosferan duen eragina

Landarediak urteko bere zikloan zehar materia berria eta materia hila sortzen ditu.

Materia bizia fotosintesi prozesuaren bidez sortzen da, eta materia horren parte bat arnasketa prozesuen bidez endekatzen da.

Landarediak ekoizten duen materia multzoari produktibitate gordina esaten zaio, eta gelditzen denari, hau da, materia osoa ken hondatzen denari, produktibitate garbia; landareenari «produktibitate primario» esaten zaio. Produktibitate hori zertan den argiago ikusteko adibide egokiak dira, esaterako, zuhaitza eta belarra. Izan ere, urteko zikloan zehar, zuhaitzak kimuak ematen ditu, hosto, lore eta fruitua duten kimuak, baina horrez gainera, bere organoen parte batzuk enborraren edo adarren osagai bihurtzen dira edo sustrai sistema gizentzen dute.

Horrenbestez, zuhaitzak ekoizten dituen hasierako osagaien parte bat bakarrik kontsumituko dute kontsumitzaileek, alegia ezdute dena erabilgarri izango. Belarrak, aldiz, errizoma batetik (lur azpiko zurtoin lodi eta klorofilarik gabea, zeharretara hazten dena; hostoak ezkata bihurtuak ditu, eta kimuak eta sustraiak ekoizten ditu) zurtoinak, hostoak, loreak, fruituak eta haziak ekoizten ditu udaberritik udara; parte txiki bat bakarrik erabiliko du errizoma osatzeko, eta gainerako ia guztia kontsumigai izango da. Adibide horiekin bi gauza adierazi nahi dira: batetik, belar landareen eta zuhaitz landareen artean desberdintasun handia dagoela produktibitate gordinari eta eskaintzen dutenari dagokionez; eta bestetik, produktibitateari dagokionez alderdirik garrantzitsuena ez dela produktibitate gordin soila, ekoizpen erritmoak baizik, zuhaitzak urteak behar izaten baititu bere bizitza zikloa osatzeko, eta belarrak aldiz urtean hasi eta amaitzen baitu, eta ez da horregatik hiltzeko arriskuan jartzen; zuhaitzak beste neurri eta erritmo bati jarraitzen dio.

Belar landareez beherako mailetako landareetan berrikuntza erritmoak askoz ere bizkorragoak izaten dira, eta beste organismo baten elikagai izateko askoz ere egokiera handiagoa du, desagertzeko arriskuan jarri gabe; horren adibide dira, besteak beste, bakterioak, hogeita hamar minutuz behin belaunaldi berri bat sorrarazteko ahalmena baitute, zatiketa hutsez, eta horrela zazpi orduren buruan, sortu, banako bakar batetik hamasei mila banakotik gora ere sor baitaitezke.

Ekoizle primarioek berritzen duten biomasa hori, biomasa iraunarazteko partea kenduta, da materia erabilgarriaren kopuru gorena; ez dago gehiago. Hori da kontsumitzaileek erabil dezaketen materia kopurugorena; beraz, ez dute beste erremediorik eskaintza edo egokiera horren kopurura eta erritmora egokitzea besterik. Baldin eta ekoizpen gaitasuna edo erritmoa baino kontsumo handiagoa edo bizkorragoa gertatzen bada, behera egingo du materia erabilgarriaren kopuruak, eta horrek kalte egingo dio multzo osoari.

Gizadia, bere hazkunde eta teknologia aurreramenduarekin, gero eta gehiago ari da ekosistemetako oreka hausten eta gero eta sarriago ari da izadiak onar ditzakeen mugez haraindi joaten. Antzina, animaliek eta landareek eskaintzen ziotenaren parte txiki bat bakarrik erabiltzen zuen, bilketa bidez.

Ekosistemetan beste edozein organismoren maila berekoa zen, baina berezko produktibitatearen mende zeuden haren iraupena eta ugalketa. Beste edozein animalia bezala, ingurunea neurriz gain ustiatzeak aldi baterako onura baizik ez zion ekarriko, baina gerora kaltegarri izango zitzaion. Gizakia ez zen beraz berezko mekanismoaren osagai arrunt bat baizik. Baina, denborarekin, bere inguruko zenbait ekosistema antolatu zituen haiei ahalik eta etekin handiena atera ahal izateko, eta landare edo animalia belarjale mota jakin batzuk hautatu zituen. Horretarako, espazioa eta elikagaiak kentzen zizkieten beste mota batzuk baztertu eta desagerrarazi zituen. Nekazaritzan jardun ahal izateko, zenbait landare mota hautatu behar izan zituen, babestu eta berezkoa zutena baino bizkorrago ugalarazi zituen, eta buru-belarri ekin zion ahalegin horri. Gizakiak animalia eta landare ekoizpen sistema bat eratu zuen, eta sistema hark berehala iritsi baitzuen bere goren maila, beste teknika batzuk asmatu zituen arazo horri irtenbidea emateko: ureztatzen hasi zen, eta ongarri naturalak erabiltzen orobat, urri, eta eremu txikietan betiere. Abeltzaintza-nekazaritzakoteknika jakin batzuen erabilerarekin etorri zen aurreramendurik handiena, eta, nahiz eta gorabeherak izan ziren, gizadia ez zen hain handia, eta hondamenek eta atzera pausoek gizakiaren eraginpeko lekuetan baizik ez zuten izan eraginik. Gizakia izadia menderatzen hasi zen, eta horri esker arrakasta izan zuen izaki mota gisa, eta beste izaki mota guztien menderatzaile bihurtu zen. Lehenengo nekazaritza iraultzaren eta metalen aurkikuntzaren ondoren, haziera mantso baina etengabea izan zuen gizadiak, nahiz eta zenbait hondamendi naturalek kalte handia egin zioten, bai zuzenean ?izurriak?, bai zeharka ?klimaren gertaerek eta gosete luzeek?.

Bigarren nekazaritza iraultzak aurrera pauso handia ekarri zuen. Animalien energiaren ordez energia mekanikoa erabiltzen hasi zen gizakia, baliabide ezin berrituzkoetatik ateratako energia mekanikoa hain zuzen.

Lurreko elikagaien kopuruak jartzen zion muga nekazaritza ekoizpenari, zeren eta ongarri organikoa eman ahal zitzaien eremuetan izan ezik ?eta lantzen ziren oso eremu gutxiri ematen zitzaizkion ongarriak? lurrari atseden eman behar izaten baitzitzaion aldian behinka, berriro ere bere berezko osagaiez horni zedin. Baina aurreko mendearen bigarren erdialdean ongarri kimikoak aurkitu eta zabaldu zirenean, harrezkeroztik egoera hura goitik behera aldatu zen. Energia mekanikoak eta ongarriek aukera eman zuten eremu gehiago eta gehiago lantzen hasteko, eta ereintzarako lur gehiago hartzea mesedegarria izan zitzaion ez bakarrik gizakiari, bai orobat beste animalia eta landare mota batzuei ere, eta animalia eta landare mota horiek izurri eran hasi ziren ugaltzen, eta uztak murriztu zituzten eta arriskuan ere jarri zituzten; izurriari aurre egiteko, gai kimikoak erabilibehar izaten dira, pestizidak eta herbizidak esaten zaienak. Hala bada, ziklo biogeokimikoetan zenbait osagai sartu ziren, ordu arte agertzen ez zirenak edo oso kopuru txikian agertzen zirenak, pestizidak adibidez.

Gertaera horrek desoreka handia eragin zuen, eta desoreka hori gero eta larriagoa eta kezkagarriagoa izaten ari da, mundu guztira zabaldu baita.

Baina gizakiak gero eta behar handiagoak ditu, eta bere beharrak asetzearren gero eta aurreramendu handiagoak egiten ari da ingeniaritza genetikoan; ingeniaritzaren aurreramendu horiek direla eta, aldaera berriak sortzen ari dira, hibridoak gehienak (hau da izaki mota desberdineko bi kideren arteko gurutzaketa), produktiboagoak baitira izaki mota horiek.

Gizakiak eratzen dituen agrosistemak gero eta ekosistema soilagoak dira, eta beraz, egonkortasun gero eta txikiagokoak, berezko litzatekeen egoeratik gero eta urrutiagokoak.

Hala ere, nekazaritzako ekosistemen bizitzan gizakia egiten ari den aurreramenduak ez du lortu, aurreramenduak aurreramendu eta berrikuntzak berrikuntza, leku berean izadiak lortzen duena baino produktibitate handiagorik, eta hori arrazoi honegatik: eguzkiaren irraden energiak pizten duelako ekosistemen edo agrosistemen bizitza, prozesu «klorofilikoak» alegia, eta ezin da ez eguzki irraden jarioa areagotu eta ezta klorofila ekoizpenaren sekretua asmatu ere. Ekoizpenaren motorra, beraz, landare berdeen esku dago, eta gizakiak ezin izan die eguzki energia gehiago hartu edo eraldatzeko modurik eskaini landareei.

Gizakiak, onenean ere, berezko ekosistemen produktibitate mailara hurbiltzeko bide bat izanagatik, produktibitate handiagoa lortzeko bidean aurrera egite horrek gero eta arrisku eta kostu gehiago dakarkio.