Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Landarediaren banaketa faktoreak

Eskualde batean agertzen diren landareak, banaka zein multzoan harturik, antzinako herentzia batzuen eta gaur egun ingurugiroa baldintzatzen duten faktore batzuen ondorio dira. Guztiz naturala eta berezkoa den landaredi gutxi dago, Ipar Hemisferioko latitude ertainetan batez ere. Gizakiaren laborantza eta artzaintza etengabeak aldatu egin du Lurraren parte handi baten jatorrizko landaredia. Hala ere, badaude gizakiaren eragin handirik izan ez duten eremu zabalak ere; horietan jatorrizko landare geruzaren puska nahiko handia geratzen da, eta zati horiek txikiak eta eta elkarrengandik bereiziak direnean ere, asma genezake berriro jatorrizko geruza naturala nolakoa zen eremu zabalagoetan.

Zenbaitetan, ordea, zaila izaten da hori, landare komunitateak dinamikoak baitira eta etengabe izaten baitituzte aldaketak, parasitoek, lehorteek, izozteek, etab. eraginak.

Landaredi naturalaren banaketa eta osaera eta banaketa hori baldintzatzen duten faktoreak aztertzeko bi arrazoi daude, garrantzi handikoak, nahiz eta Lurraren zati handi batean ez izan horrelako landaredirik. Lehenik eta behin, landareek bakanka edo berezko landare elkarteetan duten itxura eta konposizioa prozesu fisikoen eraginen ondorioa direlako batez ere, baita gizakiak zertxobait aldatu dituenean ere. Izan ere, landareak ez dira plubiometro edo termometroak, baina haien dentsitateak, itxurak eta hazkuntza ezaugarriek landarea bizi den inguruneko klima baldintzak, lurrarenak eta baldintza geomorfologikoak (gainaldearen formak) islatzen dituzte. Horregatik, landare geruzak, izadiko beste edozein ezaugarrik baino hobeto, ingurune fisikoa ageriko paisajeko elementu bihurtzen du. Eta bestalde, landaredi naturalak eragin handia duelako paisajean, paisaje horren berorren parte izateaz gainera. Landareek prozesu geomorfologikoen eta lurren bilakaeran zer eragin duten aise ikusten da, eta orobat klimaren bilakaeran zer eragin duten ere.Landare komunitateek aldaketak izaten dituztelako ideiak lotura estua du ekosistema kontzeptuarekin. Ekosistema izadiko oinarrizko banako funtzionala da, energiazko eta elementu elikagarrizko trukez elkarrekin lotuta dauden komunitateko organismo guztiek eta ingurune bizigabeak osatua.

Landare komunitate batek eta harekin loturik doan animalia multzoak ekosistema bat osatzen dute. Hain zuzen ere, komunitateak bere ingurunearekin egiten dituen masa eta energia trukeak ere sistema irekiak baitira. Beraz, garbi dago klimaren gorabeherek, landareen gaixotasunek eta animalia kopuruak edo haienmota kopuruak izan ditzakeen aldaketek etengabeko eragina dutela landare komunitateetan.

Lurrean bizi diren landare eta animalia organismo guztiek uretan izan zuten beren jatorria, eta beste inguruneetara egokitu ahal izateko garatze eta hautatze prozesuen bidez kolonizatu zituzten itsasoz kanpoko inguruneak. Egokitzea eta hautatzea oinarri-oinarrizko hitzak dira, inondik ere. Lehenik ingurunearen baldintza fisikoetara egokitu behar izan dute; gero, elkarren artean lehiatu behar izan dute; eta bi prozesu horiek elkarrekin konbinatuz hautatzea gertatu da.Izaki biziek argia, ura eta gai mineral organiko edo inorganiko batzuk nahitaez behar dituzte bizitzeko. Gai mineral horiek berak hartzen eta lantzen dituzte oro har landare berdeek; horregatik deitzen zaie «autotrofo». Jarduera hori oso ingurune fisiko eta kimiko ezberdinetan egiten da, garai eta leku desberdinen arabera aski desberdina izan daitezkeen Eguzkitiko irradek eragindako ezaugarri jakin batzuei jarraituz.

Izaki biziek ere aldaketak eragiten dituzte ingurune horretan: baso baten barruan, esaterako, Eguzkiaren irrada, tenperatura, haizea eta hezetasuna ez dira basoaz kanpoan bezalakoak izango.

Argi dago landare komunitate bat izateko baldintzetan eta haren banaketan aipatu diren faktore horiek guztiek eragina duten arren, faktore batzuek eragin handiagoa dutela beste batzuek baino: argia eta tenperatura adibidez, guztiz beharrezkoak eta erabakigarriak dira; gai mineral batzuk edo haiez osatuak izateak ala ez izateak, aldiz, ez dute horren ondorio zuzen, orokor edo mugatzailerik izaten.

Horregatik ematen zaio horrenbesteko garrantzia Eguzkitiko irradari. Irrada hori bi faktoretan banatzen da: argia eta tenperatura.

Eguzki irrada hori Lurraren biraketa eta traslazio higiduren eta Lurraren biraketa ardatzak ekliptika planoari buruz duen inklinazioaren arabera iristen da Lurrera.

Hori dela-eta, irradaren bertikaltasuna eta argi eta itzal aldien (gauaren eta egunaren) denborazko disimetria aldatu egiten dira urtean zehar, gehiago ala gutxiago, ekuatoretik hurbilago ala urrunago egon.

Era berean, tenperaturak behera egiten du ekuatoretik lurburuetara aldatu ahala.

 

Argia

Lurraren alde bat argitan dagoen bitartean, bestea itzalpean dago. Biziak txandakatze horretara egokitu beharra du. Txandakatze horri «fotoperiodoa» esaten zaio, eta Lurraren biraketa ardatzak ekliptikari (Lurrak Eguzkiaren inguruan biratzean eratzen duen planoari) buruz duen inklinazioagatik, ez da berdin gertatzen Lurraren latitude guztietan.

Oinarrizko aldagai bi hartu behar dira kontuan: irradaren intentsitatea (bertikaltasunaren araberakoa da), eta argi eta itzal aldien iraupena, iraupen horrek urte barruan dituen aldeekin.

Ekuatorean bertan, argi eta itzal aldiak antzekoak dira urte osoan zehar, irradaren bertikaltasuna ere antzekoa den bezalatsu.

Ez dago aldaketarik, erregulartasuna baizik.

Ekuatoretik urrundu ahala bi gauza gertatzen dira. Solstizio batetik bestera, gehieneko intentsitatetik (gehieneko bertikaltasunetik eta argialdiaren gehieneko luzeratik) intentsitate gutxiagora aldatzen da (inklinazio handiagoz heltzen da irrada eta, beraz, argialdia laburragoa da). Horrek guztiak hauxe esan nahi du, alegia, urteroko zikloaren barruan, irradaren inklinazio gorabeherak eta irradaren intentsitateak eta fotoperiodoak erregulartasun gutxiago dutela ekuatoretik urrundu ahala.

Zenbat eta latitude altuagoa izan, are eta nabarmenagoa da fenomeno hori, lurburuetan irregulartasuna bere gehieneko mailara iristen den arte. Lurburuetan iristen dira, izan ere, etzanen Eguzkitiko irradak, eta hantxe jotzen dute, beraz, gutxieneko intentsitatez, eta argialdiak urteko sei hilabeteko argialdi batean eta sei hilabeteko itzal aldi batean banatzen dira. Eguzkiaren horizonteari buruz duen gehieneko altuera 23°50?-koa da; beraz, argialdiak sei hilabete irauten duen arren, argi hori oso lausoa da, eta argiaren parte handi bat Eguzkitik zuzenean iritsia izan ordez, airean islatua.

Horren guztiaren ondorioz, fotosintesirako benetan erabilgarria den aldia, argiztatutako sei hilabete teoriko horiek baino askoz ere laburragoa da.

Urte barruko argialdiaren erregulartasunaren galera horrek landare eta animalia motak hartara espezializatzea eragiten du. Zenbat eta latitudea handiagoa, orduan eta espezializazio hori ere handiagoa.

Ekuatoretik urrundu ahala, geroz eta landare gutxiago dago espezializazio hori lortzenduena. Eguzki irradak Lurraren azalera iristean duen makurtzeak eta argialdiaren irregulartasunak, besterik gabe, espezializazioa eragiten dute. Latitudea handitzen den ahala, bizirik irauteko gai diren landare eta animalia mota gutxiago izatea eragiten du espezializatu behar horrek; baina teorikoki, Lurreko edozein puntutan jasotzen da landare biziak izateko behar den adina argi, aldi batez behintzat.

Beraz, bestelako faktore batzuek ere badirelako sortzen dira aipatu diren muga horiek.

Landareen artean halako mailaketa bat egiten da landare bakoitzak duen argi premiaren arabera: argitasun gehien behar dutenak (heliofilo hitzak Eguzkia nahi duena esan nahi du) basamortuetan, estepetan eta goi-mendietan bizi dira; haien ondoren datoz harkaiztietan eta belazeetan bizi diren landareak; eta azkenik, landare esziofiloak, landare estalki trinko baten azpian ez bada bizi ezin daitezkeenak.

Europako latitude ertainetan, tenperaturarekin zer ikusirik ez duela, udazkenaren hasiera eta hostoen erorialdia batera gertatzen dira eskualde guztietan. Ziur aski, egunaren iraupena da hosto galtze hori abiarazten duena. Hosto galtzea hotzetik babesteko egokitze mekanismo bat da hortaz.

Bestalde, ekuatoretik hurbileko lekuetan, egunaren iraupenean aldaketa handirik gertatzen ez denez, urte osoan zehar luzatzen da loratze garaia.

 

Tenperatura

Eguzki irradak inguruneari (lurra, airea edo urari) tenperatura maila jakin bat ematen dio. Tenperatura zuzen-zuzen irradaren araberakoa denez, argialditik itzal aldira aldaketak izaten ditu. Aldaketa horiei «oszilazioa», «gorabehera» edo «eguneko termoperiodoa» deitzen zaie. Tenperaturaren eguneroko gorabehera horretan urte barruko sasoi batetik besterako irradak izaten duen inklinazio aldakuntzek ere badute eragina; aldakuntza horiei «urte barruko termoperiodo» deitzen zaie. Normala den bezala, zenbat eta gehiago urrundu ekuatoretik eta zenbat eta gehiago hurbildu lurburuetara orduan eta horizontalagoa da irrada eta orduan eta intentsitate gutxiago izaten du, eta tenperaturak ere era berean egingo du behera Ekuatoretik urrundu eta lurburuetara hurbildu ahala.

Altuerarekin ere, Lurreko mendirik altuenen goratasunera iritsi arte behintzat, etengabe jaisten da tenperatura, ehun metroko 0,6 graduko gradiente batez. Oro har, zenbat eta gorago, eguneroko termoperiodoa ere handitu egiten da.

Izaki bizi guztiek behar dute, biologikoki bizirik irauteko, halako erreakzio biokimikoko segida etengabe bat (metabolismoa).

Metabolismoa egin ahal izateko muga termikorik egokienak 0 °C eta 30 °C dira.

Erreakzioak biziagoak dira tenperaturak 0 °C-tik gora egiten duen neurrian.Hala ere, landareek badituzte muga jakin batzuk zenbait egoeretara egokitu ahal izateko, baina tenperaturaren jaitsiera, batbatekoa izan ordez, mailakakoa izaten denez, landareak gai izaten dira neguan bizirik irauteko, udan izango balitz inola ere onez eraman ahal ezin izango lituzketen tenperaturetan. Tolerantzia muga horietatik kanpo, hil egiten dira landareak. Basamortu epeletan, eguneko tenperatura handiak eta ur eskasia faktore mugatzaileak dira landare mota askorentzat. Oro har, leku horietan dauden landareek tenperaturak apalagoak diren eta ur baliabideak ugariago diren aldietara murrizten dituzte fotosintesia eta hazkuntza.

 

Ura

Ura oso faktore garrantzitsua da, izaki bizien oinarri estrukturala eta funtzionala delako. Ur erabilgarria etengabe izatea da egoerarik hoberena, hau da, izaki bizien aniztasun eta kopuru handiena izateko aukerarik hoberena. Egoera horretan, ordea, konpetentziak landare forma batzuen alde jokatzen du, beste forma batzuen kalterako: baso edo zuhaitz multzoen alde, adibidez, zuhaixka edo landare erakoen kaltetan.

Horren ondorioz, animalien munduak ere egoera horretara moldatu behar izaten du.

Urtean zehar ur eskasia den garai bat denean, bizi formek mekanismoren batez baliatu beharra izaten dute urritasun horren eraginari ihes egiteko; egoera horretara moldatzeko mekanismorik ez dutenak baztertuta geratuko dira. Landareen munduan, beste mugarik ezean, lehorte sasoia gertatzen bada, hark eragiten ditu lehen egokitzeak: lurreko ura lortzeko lehiak sustraiak gehiago haztea eragiten du, era horretara landareek beren orpoan leku gehiago har dezaten. Horren ondorioz leku banako bakoitzeko landare kopurua urritu egingo da.

Ur urritasunaren eragina transpirazio bidezko galerak murriztuz ere muga daiteke.

Helburu hori hostoak denboraldi baterako galduz lortzen da; batzuetan, ordea, aski da hostoen tamaina txikitzea edota izerditzea gutxitzeko mekanismo edo organoak edukitzea.

Belar landareen artean badira urteroko zikloa dutenak, hazi, errizoma edo erraboil eran igarotzen dutenak ur urritasuneko aldia.

Ur urriko urtaroa luzatzen bada, edo egoera irregularrak gertatzen badira, edota ur irabazi-galeren balantzea sei hilabete baino gehiagoz negatiboa bada, espezializazio maila handiagoa behar dute landareek, eta beraz hautatzea ere zorrotzagoa izango da. Egoera horretan ura pilatzen duten landareak sortzen dira. Horien prototipoa kaktazeoak (kaktusak) dira. Landare horiek hostoak galdu dituzte eta zurtoinean daukate klorofila. Beste mota batzuetakoak ere badaude, hala nola, sustrai sistema ahaltsuak dituzten landare arantzatsuak, lur azalean edo sakonean sustrai sendo lodiak dituztenak. Lehorraldietan aparatu begetatiboaren zati handi bat galtzeko gai dira landare horietako asko, hala ere hiltzera heldu gabe. Ingurune idorretan bizitzera egokitutako landareei «xerofilo» deritze («lehor zaleak»); eta bestelakoei, aldiz,«higrofilo» («ur zaleak»). Tarteko egokiera dutenei, batzuetan «mesofilo» deritze. Higrofiloen artean, ur asko behar duten eta izerdi asko botatzen duten landareena kasu berezia da. Normalean mantu freatikoko ura erabiltzen duten landareak izaten dira ?lurraren gainaldearekiko hurbilen dagoen ur geruza? eta hori dela eta, «freatofito» deitzen zaie. Mota horretakoak dira makala, sahatsa, haltza eta ur ertzeko zuhaitzak.

Makal heldu batek, esaterako, lehorte etaudako bero garaian 67,5 litro ur kontsumitzen du eguneko.

 

Lurra

Lurra landareen oinarria eta elikagai iturria da. Lurra era askotako gai kimiko elkartuz eratua da. Landareek gai kimiko horiek erabili ahal izateko behar-beharrezkoa du ura. Lurrean, era berean, aire proportzio jakin batzuk ere badaude.

Landareek normal hazi eta bizi ahal izateko beharrezko dituzten gaiak landareen elikagaitzat hartzen dira. Hauek dira oinarrizko elikagaiak: karbonoa, oxigenoa, hidrogenoa, nitrogenoa, fosforoa, sufrea, potasioa, kaltzioa, magnesioa, burdina, manganesoa, kobrea, zinka, boroa, sodioa, kloroa eta silizea.

Landareek ez dituzte era berberean hartzen eta beretzen elikagai edo gai horiek guztiak; izan ere, gai horiek guztiak ez daude berez lurrean, horietako batzuen parterik handiena airean baitago. Bestalde, elementu guztiek ez dute garrantzi bera eta kopuru ezberdinetan behar izaten dira. Hori dela-eta, alde batetik oinarrizko elikagaiak edo makroelikagaiak eta bestetik oligoelementu edo mikroelikagaiak bereizten dira.

Makroelikagaien artean ura, karbonoa, nitrogenoz osatuak, kaltzioa eta potasioa dira aipagarrienak, eta oligoelementuen artean, metalak. Beren jatorriari dagokionez, elikagaiak haitzetako mineralen meteorizazio gelditik datoz.

 

Faktore topografikoak

Faktore topografikoak oso mota ezberdinetakoak dira. Garrantzitsuenak malda, isurialdeen orientazioa eta erliebea bera dira, ziur aski. Leku batean nagusi den klimaren elementuetako bat edo batzuk oso indartuta ageri direnean, toki «ireki» deitzen zaio leku horri, eta bestela, berriz, toki «babestua» dela esaten da. Elementu klimatikorik aldakorrenak tenperatura eta hezetasuna izaten dira, haizeen eta eguzkialdiaren eraginez.

Mendi gailurretan edo itsasotik hurbil, haizeak etengabe jotzen duen tokietan, landare estalkia desagertu egiten da eta landareak toki oso babestuetan baino ez dira hazten. Ekuatorerantz begira dauden latitude ertainetako isurialdeek (eguteran daudenek) lurbururantz begira daudenek (laiotzekoek) baino irrada gehiago jasotzen dute Eguzkitik. Tropikoarteko eskualdeetan hegal guztiek jasotzen dute haranaren hondoak baino irrada gutxiago. Jokabide hori nabarmenagoa da egun eguzkitsuetan hodeitsuetan baino. Arrazoi horiengatik, egutera eta laiotzen arteko landare kontrastea nabariagoa da latitude ertainetan tropikoarteko eskualdeetan baino.

Erliebeak ere mailaketa bat eragiten du isurialdeak kolonizatzen dituzten landareen artean, urteko batez besteko tenperatura mailaz maila hotzagoa izaten baita gora ahala, eta hezetasuna ere aldatuz joaten baita. Goratasun mailaketa horretan elkarren segidan dauden multzoei «solairu edo maila bioklimatiko» esaten zaie. Europa eta Siberiako lurretan, Euskal Herrian ere bai, horrenbestez, mendi oineko, mendiko, subalpino eta alpino mailak bereizten dira.

 

Beste faktore batzuk

Badira mundu biologikoaren gain eragina duten beste faktore batzuk ere, baina eragin hori leku jakin batera mugatua edo irregularra edo ezohikoa izaten da denboran.

Faktore horiek faktore mekanikoen kategorian biltzen dira, eta hauek dira: haizea, higadura, elurra eta sua.

Haizeak norabide nagusi bat badu eta indar maila batetik gorakoa denean, itsasertzeko puntu batzuetan edo mendien tontorretan esaterako, deformazioak eta bihurdurak eragin ditzake landare zurtsuetan edo zuhaitzetan; eta haizeak etengabe jotzen duen lekuetan, zuhaitzak izateko ere eragozpen eta oztopo izan daiteke haize hori.

Higadurak, lurrean eragiten dituen beste ondorioez gainera, maldetako lurra eraman dezake eta landareen garapena oztopatu edo guztiz eragotzi. Zeharbidez bada ere, higaduraren ondoriozko materialak, harkaiztietan pilatzean (harkaiztia erlaitzetik askatu eta haren oinean pilatutako harri multzoa baita), adibidez, landareak han hazteko oztopo eta mugatzaile dira.

Elurra ere pilatu egiten da eta astuna da, eta horrek ondorio asko izaten ditu.

Ondorio garrantzitsuena termikoa da ziur aski, zeren elurrak isolatzaile modura jokatzean, elur mantuaren azpiko lurraren tenperatura 0 °C inguruan mantentzen baita elurra urtzen ez den bitartean. Horren ondorioz landare askok iraun dezake bizirik mikroingurune horretan eta, elur mantua udaberriaren bukaerako une egokian desagertzen bada, garatzeko prest daude berriro landare horiek.

Sua, gizakiak pizten baldin badu, izan daiteke gertaera oso erregularra. Aspalditik gertatu izan da horrela, errautsen gaineanlaborantzan jarduteko, sastrakak deusezteko eta artzaintzarako belar landareak zabal daitezen laguntzeko erabili izan baitu gizakiak sua. Hala ere, goi mailako zuhaitz landare batzuek sutatik bizirik irteteko gaitasun berezi bat hartu dute, artelatzak edo pinu batzuek adibidez (Kanarietakoek, esaterako). Zuhaitz horiek lur gaineko ageriko zati guztiak kiskali arren ere, izugarrizko ahalmena dute ernaberritzeko.

 

Eragin biotikoak

Eragile biotikotzat, zentzu zabalenean, landareengan eragiten duten organismo bizi guztiak hartzen dira, landare organismoak izan zein animalia organismoak izan.

Eragile biotiko batzuek (lurrean ur gutxi izan eta hartaz jabetzeko elkarren arteko lehia, esaterako) landare komunitate osoarengan dute eragina. Gerta daiteke landare zaharrenek ur erabilgarri gehiegi hartu eta landare gazteak urik gabe uztea; horrelakoetan, landare komunitate osoak pairatuko beharko du eragile biotiko horren ondorioa. Landare mota altuek egiten duten itzalak ere komunitate osoarengan du eragina. Landare batzuek ezin dute itzaletan bizi; beste batzuek, berriz, beharbeharrezkoa dute itzal hori bera bizirik irauteko. Hala ere, itzal horrek landare mota guztietan du eragina. Lur zizareek komunitate osoan eragina duen beste ondorio orokor bat ere sortzen dute: lurraren nolakotasuna aldarazten dute, azpiko materia minerala gorantz eramaten baitute, eta gainaldeko materia organikoa, berriz, beheragoko mailetara. Era horretara sortzen dituzte landare kopuru jakin batek elikatzeko eta hazteko behar dituen baldintza egokiak.