Geografia unibertsala»Geografia
Eguratseko zirkulazio orokorra
Eguratseko zirkulazio orokorra esatean, Lurraren eskalako aire
mugimenduen jokabidea ulertu behar da. Fenomeno hau eguratseko
aire mugimenduen eta presio eremuaren arteko lotura estuei dagokie,
eta, hortaz, ezinbestekoa da lotura horiek ondo ezagutzea Lurreko
egurats zirkulazioaren konplexutasuna behar bezala ulertzeko. Eguzki
irradak dira egurats zirkulazioaren jatorria, hau da, munduko sistema
klimatikoa mugiarazten duen oinarrizko energia iturri nagusia.
Energia hori gabe eta latitude desberdinen arteko bero desorekarik
gabe, airea ez litzateke mugituko.
Eguratseko zirkulazio orokorra, Lurreko leku askotako eguraldia eta
klimak koordinatzeaz gainera, klima horien egonkortasunaren eragile
nagusia ere bada, eta egonkortasun hori da, azken finean, klimaren
sistema osoaren oreka mantentzen duena. Azken oreka hori lortzeko,
ordea, desoreka asko zuzendu behar izan ditu egurats zirkulazioak,
Lurreko latitude desberdinetako energia eta ur kopuruei dagozkien
desorekak bereziki.
Energiaren oreka lortzeko, elkarren artean beroa etengabe trukatu
behar izaten dute irrada asko jasotzen duten latitude apalek eta irrada
gutxiagoko latitude garaiek. Bero truke horiek gabe, Lurreko
tenperaturak ez lirateke konstanteak izango, eta latitude tropikalak
berotu egingo lirateke eta lurburuetakoak hoztu. Eguratsaren beheko
geruzetan eratzen diren zurrunbilo antiziklonikoak eta ziklonikoak
dira latitude apaletatik latitude garaietara beroa eta ur lurruna
trukatzearen funtsezko eragileak. Zurrunbilo horiek, ipar-hego eta
hego-ipar jarioen bitartez airea latitude batzuetatik beste batzuetara
mugiarazteaz gainera, jatorri desberdineko aire masak nahasten
dituzten gurpil indartsuak eratzen dituzte.
Presioa eta haizea Lurrean nola banatzen diren
Presioaren eta haizearen arabera,
hainbat latitude zerrenda bereizten da Lurrean.
Ipar eta hego latitudeko 20° eta 30°
paraleloetan gutxi gorabehera, presio handiko
guneek osatutako zerrenda bat dago,
eta gune horien inguruan airea biraka mugitzen
da, astiro, noranzko antiziklonikoan
(erlojuaren orratzen norabidean Ipar Hemisferioan,
eta alderantziz Hego Hemisferioan).
Zerrenda hori ez da etenik gabea, zatikatua
baitago gune antiziklonikoak banatzendituzten estugune batzuen bitartez;
ozeanoen eta kontinenteen arteko mugan
egon ohi dira estugune horiek.
Askoz nabarmenagoa da Hego Hemisferioan
presio handiko zerrenda horren
(presio handi subtropikal esaten zaie) erregulartasuna,
ozeanoz osatua baitago batik
bat, Ipar Hemisferioan baino, non kontinente
eta ozeano masen aldizkatzeak presio
sistema konplexuagoak eta aldakorragoak
eratzen baititu.
Halaber, egoera ez da berdina izaten
udan eta neguan. Neguan hegoalderago
egoten dira presio handiko zerrendak (eguratseko
zirkulazio orokorraren sistema
osoak bezala), eguzki irraden intzidentziak
lur azalean lekuz aldatu izanaren erantzungisa (kontuan hartu beharra dago eguzki
izpiek 90° graduko intzidentzia angelua
dutela neguan Capricornus tropikoan; Iparburua,
aldiz, gau polar luzean dago garai
horretan), halako moduan non presio garai
subtropikalak ipar latitudeko 20°-25°
paraleloetan eta hego latitudeko 30°-40°
paraleloetan baitaude gutxi gorabehera.
Horrez gainera, neguan izaten du zerrenda
antiziklonikoak jarraitasunik eta indarrik
handiena. Ipar Hemisferioan, kontinente
amerikar eta euroasiarraren gainean
kokatutako gune antizikloniko zabaletan luzatzen
dira antizikloi ozeanikoak, eta airearen
dentsitatea areagotzen duen hozte bizi
bat eragiten du horrek. Bestalde, Hego
Hemisferioan, oraindik urtaro beroan baitago, eta kontinente masa handirik ez dagoenez
gero, ez da zerrenda antiziklonikoaren
jarraitasuna eteteko adinako depresio
termikorik sortzen.
Udan, presio garai subtropikalen zerrenda
iparrerantz mugitzen da, eta ipar latitudeko
30°-40° paraleloak eta hego latitudeko
20°-25° paraleloak hartzen ditu. Baina
zerrenda honetan ere, Ipar Hemisferioan,
zatiketa garrantzitsu bat izaten da, jatorri
termikoko depresio bortitzak agertzen baitira
une horretan guztiz berotuak dauden
kontinente amerikarrean eta euroasiarrean.
Garaierako mapek orobat erakusten
dute badirela presio handiak zerrenda horretan
ere, baina horiek ia estugunerik gabeak
dira eta, aldiz, jarraitasun handia dute,
eta argi erakusten dute horrenbestez maila
horietara ez dela iristen lur azalaren eragin
perturbazio-sortzailea.
Izan ere, aire hotzean aire beroan baino
askoz ere nabarmenagoa izaten da garaierarekin
batera gertatzen den presio gutxitzea.
Hala, eguratseko goiko geruzetan,
antizikloiak sortzen dira aire beroko masen
gainean, eta depresioak berriz aire hotzekoen
gainean. Hortaz, eguratseko goiko
mailetan, presio garai subtropikalak Ekuatore
inguruetara hurbiltzen dira, eta gutxi
gorabehera ipar eta hego latitudeetako 15°
paraleloetan izaten dituzte presio garai horiek
gune nagusiak.
Gune horien inguruan airea noranzko
antiziklonikoan biratzen da, eta haize geostrofikoak
(egurats libreko haize lasterra,
igurtzirik gabea) eratzen ditu: mendebaleko
haizeak antizikloien alderdi polarrean,
eta ekialdeko haizeak alderdi ekuatorialean.
Antizikloiek eguratseko maila gorenetaraino
irauten dutenez gero, jatorri dinamikoko
antizikloi bero indartsuen modura
agertzen dira, eta Ipar Hemisferioko kontinenteetan
udan eratzen diren bi depresio
termikoek baizik ez dute antizikloi horiek
indargabetzeko ahalmena.
Ezaugarri horiek direla-eta, eguratseko
goiko geruzetatik datorren airearen subsidentziaorokorrak dakar latitude hauetako
eguratsaren egonkortasuna. Horren ondorioz,
egonkorra, lasaia, lehorra eta eguzkitsua
izaten da eguraldia. Ez da harritzekoa,
beraz, latitude horietan egotea Lurreko basamortu
bero handiak.
Tropiko arteko latitudeetan, presio garai
subtropikalen eta Ekuatorearen artean,
ekialdeko haizeak dira nagusi, ipar-ekialdekoak
Ipar Hemisferioan, eta hego-ekialdekoak,
berriz, Hego Hemisferioan. Haize
alisioak dira horiek, latitude hauetatik 20
Km/h inguruko batez besteko lastertasunez
igarotzen diren haize iraunkor eta erregular
samarrak. Presio garai subtropikaletatik
aldentzen den airez osatuak daude, egitura
bertikalak argi agertzen duen bezala.
Izan ere, alisioa bi geruza bertikal elkarretatik
ongi bereiziz dago osatua: beheko
geruza oso hezea da, ozeanotik igaroa baita;
goikoa, berriz, beroagoa eta lehorragoa
da, inbertsio termiko batez aurrekotik bereizia
(inbertsio termikoa troposferaren
egoera bat da, non, aire geruza jakin batean,
garaierarekin bat tenperaturak gora
egiten baitu, gradiente adiabatikoaren arabera
jaitsi ordez. Inbertsioak egonkortasuna
sortzen du eta igoera oro eragozten du, aire
geruza «ezohiko» baten bidez, eta sabai bat
ezartzen dio difusio bertikal orori, esate
baterako, difusio kutsatzaileei). Inbertsio
horrek ez ditu bi aire masa bereizten; aitzitik,
alisioaren beraren barnean dago, eta
airearen subsidentzia orokorra (airea goiko
geruzetatik lur azaleraino jaitsarazten duen
fenomenoa) sortzen du haize horren jatorri
den eskualdean, hau da, antizikloi subtropikalean.
Kontuan hartu beharrekoa da
inbertsioa ez dela etengabea alisioaren
ibilbide osoan zehar, aitzitik, aldatu egiten
da latitudearen eta longitudearen arabera.
Bereziki indartsua da ozeanoen ekialdean
eta tropikoetatik hurbil, non 500 metro inguruko
garaieretan gertatzen baita eta 5°
zentigradu inguruko magnitudea hartzen
baitu. Ozeanoen mendebalerantz eta Ekuatorerantz
mugitu ahala, inbertsioak gora egiten du eta indarra galtzen du; izan ere,
ozeanoen mendebalean (edo zelula antiziklonikoen
mendebalean), 2.000 metrotatik
gora egoten da, eta nekez gainditzen du
1° edo 2° C.
Haize alisioak ekuatorerantz egiten
duen bidean sorburutik urrundu izanak argitzen
du inbertsioaren latitude aldaketa.
Presio garaiko gune inguruetan, jakina, indartsua
eta orokorra izaten da subsidentzia;
baina alisioa Ekuatorerantz hurbildu eta
gune antizikloniko horietatik urrundu ahala,
subsidentzia ahulduz doa, eta, aldiz, indartuz
doaz lur azaleko konbekziozko mugimenduak
(haize horizontalek lur arrasean
sortzen duten konbergentziak eragindako
airearen mugimendua da konbekzioa). Ez
da ahaztu behar oso latitude beroak direla,
eta, hortaz, inbertsioa gero eta garaiagoa eta
ahulagoa izango dela.
Longitude aldaketak argitzeko arrazoi
termodinamiko eta orografikoetara jo behar
da. Lur azaleko airea askoz hotzagoa
da gune antiziklonikoetako ekialdeko alboan
mendebaleko alboan baino; lehenik,
haren jatorri polarragatik eta iparraldeko
haizea izateagatik, mendebalean ohikoa den
jatorri tropikaleko eta hego haizearen aurrez
aurre; bigarrenik, alde banatara dauden
itsasoko ur lasterren ezaugarriengatik,
hotzak baitira antizikloien ekialdean (Kanariaruharteak eta Kalifornia), eta beroak
antizikloien mendebalean (Gulf Stream eta
Kuro-Shivo). Horren guztiaren lehen ondorio
gisa, dentsoago bihurtzen da eta
egonkortu egiten da, antizikloiaren ekialdean
lur azaleko airea hotzagoa baita. Hala,
ez zaio aireari gorantz mugitzen uzten, eta
subsidentzia edo airearen jaitsiera erabatekoa
bultzatzen da. Guztiz bestelakoa gertatzen
da mendebaleko alboan, non lur
azaleko beroak konbekzioaren edo airearen
goranzko mugimendua errazten baitu
eta airearen ezegonkortasuna eragiten baitu,
eta oztopatu egiten da beraz eguratseko
goiko geruzetatik airea jaistea.
Horrez gainera, kontuan hartu behar
dira antizikloiaren alboetan dauden ezaugarri
orografikoak. Alisioaren mendebaleko
hegala, ozeanotik igaro delarik hezetasunez
betea dago; kontinenteetako mendikateak
jotzen ditu, gora egiten du, eta
egonkortasuna galtzen du. Fenomeno hori
ordea ez da ekialdeko alboan gertatzen, han
haizeek kontinenteetatik ozeanorantz doan
ibilbidea egiten baitute.
Horri guztiari esker uler daitezke, latitude
horietan, kontinenteetako ekialde eta
mendebaleko alderdien artean (lehenak
bigarrenak baino askoz hezeagoak eta euritsuagoak
baitira) gertatzen diren disimetria
nabarmenak. Nolanahi ere, eta oro har,alisioa prezipitazioak eragozten dituen haize
egonkor samar bat da. Hala, haize mota
hau nagusi den latitudeetan ohikoak izaten
dira zeru garbiak, baita estratukumuluak
ere. Halakoetan «hodei itsasoa» izeneko
fenomenoa gertatzen da, nahiz konbekziozko
hodeiak sortu, inbertsio termikoa
gertatzen den mailan ez gora eta ez behera
geratzen baitira hodei horiek; esate baterako,
Teide mendian, Tenerifen.
Bi hemisferioei dagozkien alisio haizeen
zerrenden artean, eta bateratzeko joera
duten latitudean, presio apaleko zerrenda
bat egoten da, presio apal ekuatoriala esaten
zaiona. Zerrenda hori sortzen da, hain
zuzen, bi hemisferioetako alisioek bat egiten
dutelako. Bateratze horren ondorioz,
aire masak zuzen egiten du gorantz, aire
bero eta heze horretan izaten den konbekzio
termiko handiaren laguntzaz. Hortaz,
latitude ekuatorial hauetan guztiz galdua da
alisioen inbertsio termikoa, eta egurats
osoaren barnean gertatzen den airearen
goranzko mugimenduak nagusitzen dira.
Bateratzea, hala ere, ez da modu homogeneoan
gertatzen zerrenda ekuatorial osoan,
aitzitik, funtsezko bi forma hartzen ditu.
Ozeanoen erdian, ipar eta hegoko bi antizikloi
subtropikalen aurkakotasun simetrikoak
bi hemisferioetako alisioen bateratze
indartsua eragiten du, eta Tropiko arteko
Konbergentzia Eremua (TKE) sortzen.
Eremu horretan airea bat-batean igotzen
da tropopausaraino, orduan joera bertikaleko
hodei multzo handiak agertzen
dira, eta euri jasa bortitzak sortzen dituzte.
Bestalde, ozeanoen ekialdean (edo, beste
modu batean esanda, gune antiziklonikoenekialdean), hau da, alisioen jatorrizko eskualdean,
bi hemisferioetako haizeen arteko
talka ez da hain gogorra izaten, eta,
hortaz, haizea bareagoa izateaz gainera,
airea motelago igotzen da. Bateratze horretatik
hodeiak sortzen badira ere, euriteak
ez dira hain bortitzak izaten. Doldrums
esaten zaie eremu horiei.
Presio ekuatorial apaleko eraztuna, bere
bi edozein forma ohikoenetan, lekuz aldatzen
da urtean zehar eguratsaren zirkulazio
orokorraren lekualdaketaren ondorioz.
Neguan Ekuatore aldean egoten da, nahiz
eta Hego Hemisferioko kontinenteetan,
bereziki Hegoameriketan eta Afrikan, Hego
Hemisferiorantz makurtzen den, kontinente
bero horietan neguan sortzen diren depresio
termikoei jarraituz. Udan, presio
gutxiko eraztuna Ipar latitudeko 10° gradu
aldera mugitzen da, oso nabarmen Eurasiako
kontinentean, non 15° eta 20° graduko
latitudearen gainetik ager daitekeen,
udan oso bero dagoen kontinente horretan
sortzen den depresio guztiz garrantzitsuaren
gunearekin batera.
Latitude ertainetan, bi zerrenda antizikloniko
nagusien inguruan egituratzen da
lur azaleko airearen zirkulazioa: lehenago
aipatu diren presio garai subtropikalen
eta presio garai polarren inguruan, hau
da, latitudeotako hotzak sortutako bi hemisferioetako
arro polarretan. Beraz, jatorri termikoko
antizikloiak dira, eta ez dira beraz
garaierako mapetan agertzen.
Presio garaiek mendebaleko haizeak bidaltzen
dituzte latitude ertainetara; presio
polar garaiek, bestalde, aire masa polarrak
bidaltzen dituzte latitude horietara beretara.Hala, westerlies izeneko mendebaleko
haize laster orokor bat nagusitzen da eremu
honetan. Alisioak baino haize gogorragoak
dira eta aski iraunkorrak, Hego Hemisferioan
batik bat, nahiz eta haizearen
isuri orokorra nahasten duten zurrunbilo
etengabez osatuak dauden.
Zurrunbilo horiek aire masa desberdinen
arteko alde termikoetatik sortzen diren
etengabeko fronte eta perturbazioen
ondorio dira. Lehenik, presio garai subtropikaletatik
datozen aire masa beroen eta
arro polarretako aire masa oso hotzen artean
gertatzen direnak; horregatik esan ohi
zaie fronte polarreko perturbazioak. Baina,
horrez gainera, ozeanoetako eta kontinenteetako
aire masen arteko aldeak ere
izaten dira, Ipar Hemisferioan batik bat, eta
horiek ere oso desberdinak dira.
Perturbazio horiek mendebaletik ekialdera
mugitzen dira, inguruan nagusi den
mendebaleko isuri orokorrak lagunduta, eta
latitude zerrenda horretatik behin eta berriz
igarotzean presio polar apala deritzan
presio gutxiko eraztun bat sortzen du.
Neguan, eguratseko zirkulazio orokorraren
sasoiko lekualdatzeak oso hegoaldera
eramaten du presio gutxiko eraztun hori:
Ipar Hemisferioko 45° paralelora, eta Hego
Hemisferioko 60° paralelora gutxi gorabehera.
Kontinenteek neguan izaten dituzten
hozte handiek jatorri termikoko antizikloi
zabalak eragiten dituzte. Antizikloi horiek
mendebaleko haizeen zirkulazioa eteten
dute, eta ez diete uzten fronte polarreko
perturbazioei kontinente barrura sartzen.
Hala, neguan eta Ipar Hemisferioan, presio
polar apalak ozeanoko gune batzuetanbakarrik gertatzen dira, eta Islandiako
gutxienekoa eta Aleutiarretako gutxienekoa
esaten zaien bi depresio sortzen
dituzte, oso iraunkorrak, bata Atlantikoan
eta bestea Ozeano Barean.
Udan, presio polar apalak latitudez igo
eta Ipar Hemisferioko 55°-60° paraleloen
artean jartzen dira, eta indarra galtzen dute
aldi berean. Artiar arroko antizikloiak indarra
galtzen du, eta aire hotz gutxiago bidaltzen
du hegoalderantz; bestalde, udan
arindu egiten da ozeanoaren eta kontinentearen
arteko alde termikoa. Horren ondorioz,
presio polar apal horiek areagotuko
dituen fronte-perturbazio gutxiago
sortzen da.
Hala bada, Ipar Hemisferioko ozeano
eta kontinente arteko banaketak muga argiak
ezartzen ditu latitude horietako udaren
eta neguaren artean. Hego Hemisferioan,
berriz, kontinenteen masa askoz txikiagoa
denez, ez da halako aldaketa nabarmenik
urtaroen artean.
Eguratseko goiko geruzetan, mendebaleko
aire jario handi bat, poloen ingurukoa,
nagusitzen da bi hemisferioetako latitude
ertainetan. Aire jario hori eguratsaren maila
hauetako bi eragin gune handien inguruan
dabilen aire zirkulazioaren emaitza da:
latitude beheren parean dauden presio handiak,
eta izotz eremu polarren gaineko presio
txikiak. Hortaz, maila hauetako egurats
zirkulazioa ez da oso konplexua: behe latitudeetako
aire beroaren gainean presio
handiko gune indartsuak eratzen dira, presio
gutxiko guneak eratzen dira lurburuetako
aire masa hotzen gainean, eta, bi horien
artean, Lurra mendebaletik ekialdera
zeharkatzen duten haize geostrofiko bat sortzen
da. Alabaina, mendebaleko jario orokor
horren barnean, bi gertaera hartu behar dira
kontuan. Lehenik, haizeak izugarrizko lastertasuna
izaten du latitude batzuetan, eta
jet edo zurrustako haize lasterrak deritzatenak
sortzen dira, haize jario oso lasterrak
(200 Km/h-tik gorakoak gehienak),
gehienezko lastertasunaren ardatza tropopausaren
mailan dutenak.
Haize laster hauek oso aldakorrak dira
kokalekuari dagokionez, baina, dena den,
oinarrizko bi haize laster bereizten dira:
zurrustako haize laster subtropikala,
presio garai subtropikalen albo polarrean
dagoena, 30° paraleloan gutxi gorabehera,
eta zurrustako haize laster polarra edo
jet stream, 5° paraleloan gutxi gorabehera,
fronte polarraren perturbazioak gainditurik,
latitude garaietako aire hotz eta depresiozkoa,
batetik, eta latitude apaletako
aire bero eta antiziklonikoa, bestetik, bereizten
dituena.
Bestalde, polo inguruko haize lasterra
ez da beti lerro-zuzena, aitzitik, luzera etamaiztasun askotako uhinak eratzen ditu,
Rossby uhin deitzen direnak.
Laburbilduz, latitudeak eragin handia
izaten du eguratseko zirkulazio orokorrean,
halako eran, non jokamolde desberdineko
hainbat eremutan zatitzen baitu Lurra. Lur
azalean, eta haizeari dagokionez, eremu
hauek bereizten ditu: ekialdeko haizea nagusi
duten eremua (tropikoarteko eremua
eta eremu polarra) eta mendebaleko haizeak
nagusi diren erdiko eremu bat (latitude
ertainak). Presioari dagokionez, aire subsidentzia
nagusi den eremu antiziklonikoak
bereizten dira batetik (latitude subtropikalak
eta polarrak), eta airea bertikalki igotzen
den presio gutxiko eremuak bestetik
(presio apal ekuatorialak eta presio apal
polarrak). Eguratseko goiko mailetako jokabideak
ere badu latitudearen eraginik,
baina lur azalaren mailakoa baino bakunagoa
da. Maila horietan bi eraztun handi
besterik ez ditu eratzen presioak, bat antiziklonikoa
latitude apaletan, eta beste bat
presio gutxikoa (depresiokoa) latitude garaietan.
Bi horien artean mendebaleko haizeak
sortzen dira, polo ingurukoak, lasterragoak
latitude jakin batzuetan, eta, hortaz,
ekialdeko haize nagusiak ez dira latitude
ekuatorialetan baizik agertzen.
Eguratseko zirkulazio orokorraren egitekoa klima sistemaren orekan
Eguratseko zirkulazio orokorra, Lurreko
leku desberdinetako eguraldiak eta klimak
baldintzatzeaz gainera, klima horien
egonkortasunaren eragile nagusia ere bada,
eta egonkortasun horrek, azken finean, sistema
klimatiko osoaren oreka islatzen du.
Azken oreka hori iristeko, ordea, abiapuntuko
desoreka asko zuzendu behar izaten
ditu eguratseko zirkulazioak, batik bat Lurreko
latitude desberdinetako energiari eta
ur kopuruei dagozkienak.
Energiaren oreka iristeko, bero transferentziak
etengabeak izan behar dute, irradak
sobran dituzten latitude apalen eta irrada
gutxiagoko latitude garaien artean. Bero
transferentzia horiek izan ezean, Lurreko
tenperaturak ez lirateke iraunkorrak izango,
eta latitude tropikalak berotuz eta lurburuetakoak
hoztuz joango lirateke.
Ur balantzeari dagokionez, esan behar
da horretan ere oso handiak direla desorekak
lekuen arabera. Izan ere, lurruntze
maila handieneko eremuak ez datoz bat
prezipitazio maila handieneko eremuekin.
Hala eta guztiz ere, Lurreko leku desberdinetakoairean dagoen hezetasuna konstantea
da batez beste, eta eguratseko zirkulazioari
esker gertatzen da oreka hori, latitude
apal eta ozeanikoen ur lurrun soberakina
latitude garai eta kontinentaletara eramaten
duelako.
Eguratseko zirkulazioak, hortaz, klima
sistemaren oreka bermatzeko beharrezkoak
diren beroa eta ur lurruna latitude apaletatik
latitude garaietara eramaten ditu, eta
klima sistemak, bere aldetik, klimen
egonkortasuna ziurtatzen du.
Transferentzia horien funtsezko eragileak
eguratseko beheko geruzetan garatzen
diren zurrunbilo antizikloniko eta ziklonikoak
dira. Zurrunbilo horiek, ipar-hego
eta hego-ipar jarioen bitartez airea latitude
batzuetatik beste batzuetara bidaltzeaz gainera,
jatorri desberdineko aire masak nahasten
dituzten gurpil indartsuak eratzen
dituzte. Are gehiago, mekanismo orekagile
horiek sortzen dituzte eguraldiaren ezaugarri
diren gorabeherak, baita muturreko fenomeno
berezi eta «ez ohikoak» ere (lehorteak,
uholdeak, izozteak, haize erauntsiak,
eta abar), desorekak gogorrak direnean sistemak
dituen bat-bateko erreakzioak besterik
ez baitira horiek guztiak, desoreka
horien zuzentzaileak, alegia. Bestalde, oreka
hau Lurreko osoaren mailakoa delarik,
horrek ez du galarazten, aitzitik, batzuetan
erraztu ere egiten du, Lurreko leku desberdinen
arteko anomalia oreka-emaileak agertzea.
Hortaz, leku batzuetako lehorte luzeak
beste leku batzuetako eurite handiekin orekatzen
dira, presio gutxiko gune batzuei
presio handiko beste batzuk kontrajartzen
zaizkie, eta abar. Horregatik, «anomaliak»
dira azken finean orekaren bermatzaileak,
betiere baldin eta anomalia horiek sistemaren
leku eta estalki desberdinen artean orekatzaile
gertatzen badira.