Geografia unibertsala»Geografia
Itsasoko ur lasterrak
Hidrosferaren baitan izaten diren energia zein beste hainbat motatako
desberdintasunen eraginez, ur masen lekualdatze mota jakin bat
sortzen da, itsasoko ur laster esaten zaiona. Ikuspuntu teknikoago
baten arabera, isurkari masa baten bi eremuren artean materiarekin
zerikusia duen edozein faktoretan desberdintasunen bat izaten bada,
eta tartean oztoporik ez badago, desberdintasun hori berdintzeko joera
agertuko da, eta horren ondorioz zatikiak faktore horren norabidean
mugituko dira. Lekualdaketaren gradientearen aldeko norabidean
gertatuko da beti lekualdatze hori, hau da, eragina duen faktore
horren balio handienetik txikienerantz.
Beraz, ingurune isurkaria denez, hidrosfera konpentsazio mekanismo
horien mende dago. Desoreka eta gradiente horien sortzaile nagusia
Lurrera modu ez-jarraituan iristen den energia da, eta beraz, energia
hori da azken finean Lurreko geruza jariakarien baitan izaten diren
zirkulazioen eragilea. Energia hori ez baita modu berean banatzen,
desberdintasunak sortzen ditu eremu batetik bestera, eta aldaketak
orobat beste zenbait faktoretan ere. Horien artean gazitasuna da
garrantzitsuena, hainbat eratara aldatzen baita. Batetik, tenperaturak
zenbat eta gorago egin, lurruntzea orduan eta handiagoa izaten da,
eta horren ondorioz gatz kontzentrazioa ere handiagoa izaten da.
Bestetik, eremu hotzetan gazitasuna handitzeko bide ematen du, ur
hotzak disoluzio ahalmen handiagoa baitu beroak baino. Izotza
eratzen denean ere, ura da egitura horretan txertatzen den osagai
bakarra, gatzak ur isurkarian utzirik; gertaera horrek igoarazten du
eskualde hotzen gazitasun maila.Ozeanoetako uraren mugimendua
hainbat faktoreren eraginez sortzen da. Lehenbizi,
itsasoko ur laster garrantzitsu gehienak
itsasoko haizearen eraginez sortzen
dira, azalaren gainean jotzen baitu haizeak.
Airearen eta uraren arteko marruskaduraren
bidez transmititzen da energia haizetik uretara.
Coriolisen indarraren ondorioz, uraren
mugimendua eskuinerantz desbideratzen da
Ipar Hemisferioan, eta, beraz, ur lasterrak
haizearen norabidearekiko 45 graduko angelua
osatzen du azalean. Zenbaitetan haizeak
kontinenteetako kostalde inguruetan
metatzen du ura, halakoetan grabitateak uraren
maila berdintzera jotzen du, eta beste ur
laster batzuk sorrarazten ditu era horretara.
Dentsitatearen arteko aldea da batzuetan
ozeanoetako uraren jarioa eragiten duen
beste faktoretako bat. Leku jakin batzuk
gehiago berotzen dira eguzkialdiaren eraginez,
beste batzuk, berriz, gehiago hozten
dira irradaren eraginez, hala bada hozte-berotze
horren arteko aldeak sortzen ditudentsitatearen arteko alde horiek ere. Era
horretara, Artiar ozeanoaren eta Antartiarraren
azalean hoztutako ura hondorantz murgiltzen
da, ekuatorerantz hedatzen da, eta
gorantz bultzatzen du ur beroagoa eta dentsitate
gutxiagokoa.
Dentsitatearen arteko aldea gazitasunaren
arteko aldearen ondorio ere izaten da batzuetan,
arestian aipatu denez. Ur lasterrak
gazitasun gutxiko eremuetatik gazitasun handiko
eremuetara isurtzeko joera du, baina betiere
kontuan hartu beharra dago Coriolisen
indarrak desbideratu egiten duela isuri hori.
Ozeanoko arroen eta itsasertzaren
tankera orobat da itsasoko uraren mugimenduaren
mugatzaile. Hala, haizeak hasieran
sorrarazten dituen ur lasterrak itsasertzera
iristen dira, eta han lekua nolakoa, bidea
ere halakoa hartzen dute.
Haizearen eta dentsitatearen arteko aldeen
eragin konbinatuak mugimendu horizontalak
zein bertikalak dituen zirkulazio
sistema berezi bat sorrarazten du itsasoan.
Ur laster motak
Hidrosferan bi ur laster mota bereizten
dira. Ur laster exogenoak hidrosferatik
kanpoko faktoreek eragindakoak dira, eta ur
laster endogenoak, berriz, isurkariaren baitako
gradienteen ondorioz sortuak. Bion jatorrizko
kausa eguzkitik datorren energia da.
Ur laster exogenoek hidrosferaren goi
geruzetan izaten dute batik bat eragina, eta
haizea da haien eragile nagusia. Bi jariakari
masa horiek –haizea eta ura– elkar ukitzen
dutenean marruskadura sortzen da, eta
haren eraginez aire masa baten mugimenduak
isurkariaren azaleko zatikiak bultzatzen
ditu, eta horiek, beren azpiko zatikiak
ukitzen baitituzte, eragin hori bera transmititzen
diete. Horren ondorioz sortzen den
ur lasterrak haizearen norabidea jarraitzen
du gorengo zatian. Baina airearekin gertatzen
den bezala, urak ere Coriolisen indarraren
eragina izaten du, eta zenbat eta
Azaleko ur lasterren sistema
Azaleko itsas zirkulazioaren eskema orokorra
ulertzeko, kontuan hartu beharra dago
bai haizearen errejimen orokorra eta ozeanoetako
ur masen banaketa, eta bai kontinenteen
banaketak Atlantiko alderantz ateratzera
behartzen duela Iparburuko ia ur guztia.
Lehenik aipatu beharreko kontua da
ekuatorearen iparraldean eta hegoaldean
sortzen diren ur laster biziek mendebalerantzjotzen dutela, eta haien artean, baina
aurkako norabidean, kontrako ur laster
geldi samar bat sortzen dela. Ur laster hauek
ur laster beroak sortzen dituzte ur masen
mendebaleko ertzetan, eta horiek latitudean
gora egiten dute (Golkoko ur lasterra eta
Kuro-sivo edo Brasilgo ur lasterra), eta ur
beroa lurburuetarantz bultzatzen dute. 45
graduko latitudera iristerako, Coriolisen indarrak
desbideratuak ditu ur laster horiek,
eta orduan, “westerlies”-en laguntzaz, kontinenteetako
mendebaleko itsasertzak jotzen
dituzte, eta bi adarretan zatitzen dira; batak
Ekuatorerantz egiten du, eta era horretara
ixten du leku hartan bertan hasi zuen
zikloa, eta besteak, berriz, lurburuetarantz
jotzen du, kontinenteetako mendebaleko
ertz horretan barrena orobat, eta galdutako
ura berdintzen du Iparburuan, eta Antartida
jotzen du eta haren inguruko ur lasterra
tankeratzen, berriz, Hegoburuan.
Iparburuan hain zuzen, bigarren ziklo
hau itxi beharra dauka hango urak, eta,
hala, latitude horietan behera jaisten da hegoalderantz,
bai Bering itsasartean zehar, bai
Groenlandiaren eta Labradorren arteko pasabidean
barrena, eta bai Ipar Atlantikoko
alde zabalenetik.
Bestalde, Antartida aldeko ur lasterren
eskema nahiko soila da: Antartidako kontinentearen
inguruan, 50 eta 65 graduko latitudeen
artean, erlojuaren orratzen norabidean
mugitzen den lurburu inguruko ur
laster bat besterik ez da.
Ipar Atlantikoko zirkuitoa da munduko
ur laster ezagunena eta nabarmenena; “Gulf
Stream” Sistema edo Golkoko Ur lasterra
ere esaten zaio.
“Gulf Stream” ur lasterra nola eta zergatik
sortzen den azaltzeko gertaera asko
eduki behar dira kontuan. Iparraldeko ur
laster ekuatorialak Hegoaldeko ur laster
ekuatorialaren zati handi baten emaria hartzen
du Ameriketako itsasertzera iristen denean,
ordurako Brasilgo ekialdeko muturrak
bitan zatitua duelarik hegoaldeko ur
laster hori. Ur beroz osatutako masa erraldoi
hori Antilletako itsasoan sartzen da,
Kuba inguratzen du, eta Mexikoko Golkoan
gehiegi barneratu gabe, Floridako itsasarteko
mehargunean sartzen da. Itsasarte horretatik
ateratzen denean iparraldeko norabidea
hartzen du ur laster horrek, Bahama uharteak
zeharkatzen ditu, eta, Lurraren errotazioaren
efektuaren edo Coriolisen indarraren
eraginez, ekialderantz desbideratzen da,
Iparraldeko Karolinako Hatteras lurmuturraren
parean. Hortik Ternuaraino, meandro
zabalak egiten dituen ur laster azkarra da
oraindik “Gulf Stream”; gero iparralderantz
jarraitzen du, Labradorreko Ur lasterreko eta
Ameriketako itsasertzeko ur hotzek eratzen
duten oztopo hotza inguraturik. Zenbat eta
ekialderago joan, orduan eta motelago, hotzago
eta gezago bihurtzen da “Gulf Stream”ur lasterra. Baina orduan mendebaleko haizeek
Europarantz bultzatzen dute, adarkaturik
ordea eta Atlantikoko beste ur batzuekin
nahasirik. Ipar Atlantikoko jito horren
adar desberdinak Islandiatik Bizkaiko Golkoraino
zabal-zabal hedatzen dira, eta horrenbestez
haiei esker da epelagoa Europako
Atlantiko aldeko klima.
Oso kontuan hartzekoa da Golkoko ur
lasterrak indar handia duela Floridaren parera
iritsi denerako, orduko hamar bat kilometro
egiten ditu; urdin bizia du kolorea,
kostalde hartako ur berdexkaren oso
bestelakoa, handia du gazitasuna (milako
36,5), eta tenperatura ere ingurukoa baino
goraxeagoa (27,5 gradu batez beste; ingurukoa,
berriz, 24 gradu ingurukoa da).
Tenperaturari dagokionez, ur laster horietako
edozein hotza ala beroa izaten da.
Baina sailkapen hori ez da ur laster bakoitzaren
benetako tenperaturaren arabera
egiten, zeharkatzen dituzten urekin alderatuz
gero duten tenperaturaren arabera baizik,
eta, horrenbestez, ur lasterrak eskualde jakin bateko klimaren eragile edo aldatzaile
izaten dira, eta, izan, elkarren oso bestelakoak
ere izaten dira klima horiek, latitude
berean egonagatik, hartara egon ur laster
bero baten ala hotz baten eraginpean.
Beraz, beheko latitudeetatik etorri eta
goi latitudeetan sartzen den ur lasterra beti
izango da ur laster beroa, eta klima epelduko
du, eta horixe egiten du, hain zuzen
ere, “Gulf Stream”-ek Europako kostaldearen
parean igarotzean. Goi latitudeetatik
behe latitudeetara sartzen den ur lasterra,
berriz, beti izango da ur laster hotza, eta
klima hoztuko du beti; adibidez, Labradorreko
Ur lasterrak Ipar Ameriketako iparekialdeko
itsasertzera iristen denean. Bestalde,
latitude ertainetatik behe latitudeetara
sartzen diren ur laster hotzak –Kanarietako,
Bengalako, Kaliforniako eta Humboldten
ur lasterrak– dira, besteak beste, basamortuen
eragileak, hoztasun horrek lurruntzea
eragozten baitu, eta itsasotik kontinenteetara
sartzen diren aire masak ere
freskoak direnez, eta kontinenteak berriz
askoz beroagoak, hango aire beroarekin
nahastean epeldu egiten dira, haien asetze
ahalmena asko handitzen da, eta prezipitazioa
ia ezinezkoa izaten da orduan.
Horrez gainera, uraren hoztasunak eta
hozbero desberdineko ur masek bat egiteak
interes handiko ondorio biologikoak dituzte.
Batetik, gogoratu beharra dago urak
daukan oxigeno kopurua tenperaturaren alderantzizko
proportzioan dagoela, eta beraz,
alde horretatik behintzat, ur hotzak ur
beroak baino aberatsagoak dira izaki bizidunez,
edo izan daitezke behintzat. Bestetik,
itsasoko animalia mota gehienak odol
hotzekoak direnez, hozbero desberdineko
urek elkar ukitzen duten lekuetan, bat-bateko
tenperatura aldaketek arrain gazteenak
hiltzen dituzte; horrenbestez, tenperatura
aldaketen eragin handirik izaten ez duten
arrainek harrapakin ugari izaten dituzte
bazter horietan, eta horregatik dira leku horiek
arrantzarako egokienak.
Sakoneko ur lasterraren eskema orokorra
Sakoneko ur lasterraren eskema ulertu
ahal izateko, kontuan eduki behar da Iparburua
izotzez estalia dagoela eta Hegoburua
Antartidaren masa kontinentalak hartzen
duela. Ur hotza hondoratu egiten da lurburuetako
latitudeetan, zenbaitetan beste
latitude batzuetan ateratzen da berriro azalera,
eta eragin handia izaten du horrek leku
horietako itsas ekosistemaren sorreran. Ur
freskoa izan ohi denez, oxigeno eta itsasoko
gatz asko duena, ugaritu egiten du itsasfauna. Azaleko ur lasterrak ozeanoen ekialdeko
ertzetara zenbat eta gehiago hurbildu,
orduan eta gehiago moteldu izanaren
eraginez gertatzen dira azaleratze horiek.
Beraz, ur hotzak azalera igotze horiek kontinenteen
mendebaleko ertzetako latitude
jakin batzuetan gertatzen dira, 20-30 graduko
latitudeen inguruan hain justu. Horrelaxe
sortzen dira arrantzarako hain
preziatuak diren Kalifornia, Peru, Sahara eta
Hegoafrikako azaleratzeak. Nolanahi ere,
sakoneko ur gehienak ez dira azalera igotzen,
ekuatorea baino harantzago joaten dira
bi norabideetan, eta geruzaka-edo bereizita
egoteko joera izaten dute; era horretara
Antartiar ozeanoko ur hotzenak hondo
abisaletan zehar mugitzen dira, Atlantikoko
ur sakonak horien gainetik mugitzen dira,
eta Antartiar ozeanoko tarteko urak, berriz,
azken horien gainetik. Azkenean ia beste
lurbururaino iristen dira, edo motelduz joaten
dira bestela, harik eta inguruan daukaten
ur masan txertatzen diren arte, haiekin
berdintze aldera egin baitute.
Itsasoko ur lasterren ondorioak eta Ekmanen garraioa
Eguzkitik datorren beroa ez da beraz
ozeano guztian zehar berdin banatzen, eta
itsasoko ur lasterrek, azken finean, energiaren
arteko alde horiek berdintzen dituzte
ur masa guztian zehar. Ur lasterrei esker,
leku beroetako berotasuna gutxitu egiten
da, eta leku hotzetakoa, handitu, eta era
horretara ez da alde handirik izaten leku
bateko eta besteko tenperaturen artean.
Horrez gainera, sakoneko ur lasterrek
bigarren mailako zenbait ondorio ere badituzte.
Batetik, haiei esker jalkinak, eta batik
bat ale finenak, itsasoaren hondo guztian
zehar berriro banatzen dira. Hori horrela
ez balitz, jalkin horiek itsasertzetik
hurbil metatuta geldituko lirateke.Bestetik, itsasoko izaki bizientzat garrantzi
handiko eginkizun bat betetzen dute: disolbatuta
dauden gaiak sakabanatzen laguntzea.
Eta azkenik, ur laster horiek itsaspeko
erliebea higatzen eta eraldatzen dute, eta hori
ez da nolanahiko zeregina, urak segundoko
10-20 zentimetrotaraino lastertasuna ere
iristen baitu batzuetan ur laster horietan.
Azaleratzen diren sakoneko urak –hizkera
zientifikoan “upwelling” deitzen zaie–
hain dira garrantzitsuak, non horietan egiten
baita arrantzaren %50, nahiz eta
ozeanoaren azalera osoaren %1 besterik ez
izan. Ur laster horien eragileak kontinenteen
mendebaleko itsasertzetako alisioak
dira. Haize horiek Coriolisen indarrarekin
batera itsasertzari elkarzut urrunduz doan
ur laster bat sorrarazten dute, Ekmanen
Garraioa deritzona. Era horretara «galtzen»
den ura hondoko ur hotz eta oso gaziak
igotzeak berdintzen du, azpiko urak azaleratu
egiten dira, alegia.
“Upwelling” esaten zaien eremuen oparotasun
handia azpitik igotzen den uraren
ezaugarriek sortua da. Noizean behin ur
laster horiek aldaketak izaten dituzte, eta
aldaketa horiek orobat dute eragina leku
jakin baten oparotasunean. Esate baterako,
Peruko uretan antxoa asko harrapatzen da,
eta arrainez elikatzen diren hegazti ugariek
guano meta handiak uzten dituzte kostaldean,
baina aldika arrain harrapaketak urritu
egiten dira. Alisioak ahultzeak sortzen du
gertaera hori –Eguberri inguruan gertatzen
denez, “El Niño” esaten zaio–, Ekmanen
Garraioa deusezten baitute, eta ohi baino
ur masa beroago bat kokatzen baitute uraren
azalean, Hego Hemisferioan uda denez,
azaleko ura gero eta gehiago berotu izanaren
eraginez; Ekmanen Garraioa berriro indarrean
hasten denean ur masa oso bero
hori nekez mugitzen da handik, azaleratzen
ari den ura ez da orduan ur azaleraino iristen,
eta izaki biziek hondorantz jotzen dute,
eta arrantzaleek ezin dituzte arrain horiek
harrapatu. 1965, 1972-73 eta 1976-77 urteetan
Peruko itsasoko azaleratzeetan harrapatu
zen antxoa kopurua laurdenera baino gutxiagora
jaitsi zen, eta horrek kalte handia
ekarri zion herrialde horretako ekonomiari.