Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Ozeanoetako ura

Lurraren parte isurkarian, parte gotorrean bezala, hainbat eskualde bereiz daitezke zenbait irizpideren arabera. Oro har, tenperatura, gazitasuna eta mugimenduak hartzen dira kontuan lurraren gainaldeko ura eskualdeetan banatzeko; dena dela, irizpide horiek ozeanoetako azaleko urari buruz erabiltzen dira batez ere, hau da, ur azaletik 300 metroko sakoneraraino iristen den geruzari buruz. Izan ere, geruza hori da kliman eta eguraldian eragin gehiena duena, eta geruza horretan bizi dira, halaber, ozeanoko izaki bizi gehienak.

Orain arteko ikerketen arabera, sakoneko uraren ezaugarriek ez dute zuzeneko eraginik eguratsean edo lur azalean, ozeanoaren erdialdeko geruzetako ura gorantz igotzen den kasuetan izan ezik.

 

Ozeanoetako uraren eragina Lurrean

Itsasoek edo ozeanoek hidrosferaren eremuaren %97,2 hartzen dute.

Ur gainera azaleratuta dauden lurrek hiru eremu handitan banatzen dute ur masa, eta hiru eremu horiek Hego Hemisferioan besterik ez dute osatzen Lurra guztiz inguratzen duen zerrenda jarraitua. Hauek dira, handitik txikira, kontinenteek bereizten dituzten hiru ur eremu nagusiak: Ozeano Barea, Atlantikoa eta Indiakoa. Ozeano horiek zabaldu egiten dira hegoaldean, eta horrela osatzen dute lurbira osorik inguratzen duen ur eremu jarraitu bakarra, Antartidako ozeano izenaz ezagutzen den ur masaren bitartez. Laugarren ozeano horrek Atlantiko ozeanoko eta Antartidako kostaldean du hegoaldeko muga, eta iparraldeko muga, hitzarmenez ezarria, hego latitudeko 60 gradutan.

Ozeanoen hedadurak hauek dira: ? Ozeano Bareak 126.872.590 km2 ? Antartiar ozeanoak 85.564.530 km2 ? Atlantikoak 58.251.700 km2 ? Indiakoak 42.379.000 km2.

Ipar poloaren inguruan itsas eremu mugatu bat osatzen dute ozeanoek eta Artiar izotz ozeanoa deitu izan zaio eremu horri askotan; gaur egun, ordea, ur masa hori ez da ozeanotzat hartzen; egokiagotzat hartua da Artiar itsaso izena.

Izan ere, hainbat arrazoirengatik badira, ozeanoez gainera, itsas urezko beste eremu batzuk itsaso esaten zaienak. Itsas urez osaturiko eremu bati itsaso izena emateko arrazoiak ez dira arrazoi zientifikoakkasu gehienetan, aitzitik, itsasoko herrien ohituren edo erabileraren araberakoak baizik.

Dena dela, itsasoak ozeanoak baino txikiagoak izaten dira, oro har, eta ozeanoetatik desberdintzen dituen ezaugarria dute kontinente lurrez inguratuak egotea –adibidez, Baltiar itsasoa eta Mediterraneoa–; edo itsas uretatik azaleratzen diren uharte kateez inguratuak egotea –Antillak eta Japonia bezala–; edota marinelek orientazio eta posiziorako erreferentzia gisa erabili izan dituzten eremuak izatea, eremu jakin hori itsaso gisa bereizteko irizpide fisiko jakinik gabe. Horrela, zilegi dirudi Itsaso Gorria, adibidez, itsasotzat hartzea, baina ezin esan

 

Ozeanoetako uraren ezaugarri kimikoak

Ozeanoak ez dira ur gazi soilez osaturiko masak; lur azaletik iritsitako hainbat mineralez eta hildako landare eta animalietatik datozen gatz organikoez osaturiko soluzio kimiko konplexuak dira. Sodioa eta kloroa, gatz arruntaren osagaiak, diraozeanoetako uraren osagai nagusiak; ozeanoetako uraren pisu osoaren ehuneko laurogeita sei hartzen dute, hidrogenoa eta oxigenoa alde batera utzita. Hurrengo gai aipagarrienak magnesioa (pisuaren %3,7), sufrea (%2,6), kaltzioa (%1,2), potasioa (%1,1) eta bromoa (%0,2) dira. Baina portzentajea horiek itsasoko uraren osagai gotorrei dagozkie soilik, eta uretan disolbaturik dauden gai gotorren kontzentrazioak uraren pisu osoaren %3,5 bakarrik hartzen du. Gazitasunaren arabera zehazten da itsasoko ureko lagin batean disolbaturik dauden gai gotorren kontzentrazioa; mila parte ureko hainbeste parte gatz dagoela adierazten du gazitasunak, eta honela idazten da: 0/000.

Esan daiteke, oro har, ozeano guztiek gatz kopuru bera dutela. Ozeanoen batez besteko gazitasuna 34,72 gramo ur litrokoa da, edo oro har erabiltzen den formulari jarraituz, milako 34,72koa. Hala ere, horrek ez du esan nahi gune jakin batzuetan batez besteko gazitasuna baino gazitasunhandiago ala gutxiago ezin egon daitekeenik.

Gune jakin batzuetan aldaketak gertatzen dira uraren gazitasunean, hainbat arrazoiren eraginez. Itsaso itxietan esaterako, batez bestekoa baino gazitasun handiagoa izaten da. Itsaso itxietako ura nekez nahasten da ozeanoko urarekin, eta nahastekotan ere, oso azalekoa izaten da nahasketa hori; horrez gainera, itsaso itxiak lurruntze handiko eremuetan egoten dira, balantze hidriko negatiboa duten eremuetan, prezipitazio gutxi eta klima egoera hori aldatzeko ibaietatik ur geza aski iristen ez den eremuetan.

Ezaugarri horiek ditu, besteak beste, Itsaso Gorriak. Gazitasun gutxiagoko ura, aldiz, aurretik aipatu direnen alderantzizko baldintza klimatikoko eremuetan eta ibaietatik ur geza aski iristen den lekuetan egoten da, itsasoa ozeanoarekin lotua egon ala ez. Dena dela, itsasoaren eta ozeanoaren artean loturarik ez dagoenean nabarmenagoa izaten da itsasoak gazitasuna neurriz gaindi edo gutxiegi izaten duela, Baltikoangertatzen den bezala. Baina horiez gainera, ozeanoan badira batez besteko gazitasuna baino gazitasun gutxiagoko beste eremu batzuk, ibai handien bokaleetatik hurbileko eremuak, hain zuzen; zenbait kilometrotan zehar nabari daiteke ibai handietako ur gezaren eragina ozeanoan.

Egoera horietan ezin esan daiteke, itsaso itxien kasuan ere, urak gatz kopuru bera duenik eremu guztietan. Itsaso Gorriaren gazitasuna, esaterako, ozeanoko uraren batez bestekotik milako 42rainokoa da, eta Itsaso Baltikoan batez bestekotik milako 4raino jaisten da.

Ozeanoko ur askeetan gorabehera gutxi izaten ditu gazitasunaren balioak, eta, aldaketarik izatekotan ere, nabarmenagoak dira azalean sakonean baino. Ozeanoetako ur azalean jaso den balio txikiena milako 33,6 da, Ozeano Bareko 40 ipar latitudean errejistratua; balio gorena, berriz, milako 36,9 da, Ozeano Atlantikoko 25 ipar latitudean.

Sakoneko uretan, ordea, oso alde gutxi dago eremu batzuetatik besteetara: milako 34,6 eta 34,9 arteko gazitasuna du sakoneko urak. Ur azaleko gazitasun balioen gorabeherak prezipitazioek eta gainaldeko itsaslasterrek sortuak dira.

Ozeanoetako uraren osagaiei dagokienez, sodio kloruroaz –gatz arrunta– eta lehen aipaturiko beste osagai mineralez gainera, eguratseko gas guztiak daude disolbaturik, eta gas horien araberakoa da, hain zuzen ere, ozeanoetako landare eta animalien kopurua. Gas karbonikoa (CO 2 ) disolbaturik edo karbonato eta bikarbonato eran konbinaturik azal daiteke, litroko 36 eta 56 mililitro arteko proportzioan; nitrogenoak litroko 8,4 eta 24,5 mililitro arteko proportzioa hartzen du, eta oxigenoak 0 eta 8,5 mililitro artekoa.

Uretan disolbaturik dauden gasei buruz, aipatzekoa da urak gasekiko duen propietate bitxi bat, urak gasak disolbatzeko duen ahalmenari dagokiona. Gasen kasuan, gai gotorren kasuan ez bezala, uraren disolbatze ahalmena tenperaturaren alderantziz proportzionala da, hau da, zenbat eta hotzagoa izan uraren tenperatura orduan eta errazago disolbatzen dira gasak uretan.

Propietate hori dela eta, ur hotzetan ur epeletan baino oxigeno gehiago dago disolbaturik, eta horrek azaltzen du ur hotzetan zergatik dagoen ur epeletan baino aberastasun biologiko handiagoa. Izan ere, oxigenoa ezinbestekoa dute landare eta animaliek bizitzeko, hori baita arnasketan erabiltzen duten gasa. Hala ere, badira beste eragile batzuk uretako gasen banaketan, oxigenoarenean batez ere, eragina dutenak: itsas landareak eta landare horien arnasketa erritmoa, ur kontinentalak eta urpeko erupzioak, etab.

Esan beharra dago, bitxikeria gisa bada ere, itsasoko uretan hirurogeita hamar elementu kimikotik gora aurkitu direla disolbaturik, oso portzentaje txikian izan arren.

Ozeanoko uretan disolbaturik dagoen materia guztia atera eta lur gainean zabalduz gero, berrehun metroko geruza bat osatuko litzateke.

 

Itsasoko uren ezaugarri termikoak

Itsasoko uraren tenperatura uraren gazitasuna baino aldakorragoa da.

Azaleko itsas uraren tenperatura hau da batez beste: ur ekuatorialetan 25 eta 26 gradu zentigradu artekoa; ur tropikaletan 21 eta 24 zentigradu artekoa (Indiako ozeanoan 26 zentigradukoa); eta latitude horietatik 50-60 latitudeetaraino, bi hemisferioetan, tenperatura 0 gradu zentigradutaraino jaisten da, gradiente lasterragoz.

Hala ere latitude ertainetan eta tropikaletan tenperatura ez da berdina ozeanoaren ekialdean eta mendebalean, nolakoak diren inguru bakoitzean eragina duten itsaslasterren eta itsaslaster horien ezaugarri termikoak.

Horrela, ur tropikaletan ekialdeko tenperatura mendebalekoa baino bost edo hamar gradu hotzagoa da; latitude ertainetan eta garaietan, aldiz, alderantziz gertatzen da. Horrez gainera, ozeanoen gainaldeko gune guztietan ezaugarri termikoak ez dira konstanteak urtean zehar, aldatu egiten dira udatik negura. Beraz, espazioaren eta denboraren araberako aldaketak gertatzen dira ozeanoko uretan, eta lekuan lekuko zorizko aldaketak ere izaten dira denbora tarte txikitan eta baldintza berezi batzuen eraginez, haize bolada bero edo hotzen eraginez edo ur lasterren eraginez adibidez. Indiako ozeanoaren tropiko aldeko eremuan, esaterako, eremu horretako beste bi ozeanoetakoa baino gradu batzuk beroagoa da ura, ozeano horrek Ipar Hemisferioan ez duelako ur epel edo hotzik, ez baita gertatzen tropiko aldeko uraren tenperatura beroa epelduko duen ur trukerik.

Arrazoi hori bera dela-eta, Hego Hemisferioko ozeanoetako azaleko ura Ipar Hemisferioko latitude bereko ozeanoetakoa baino gradu batzuk hotzagoa da. Aldea are nabarmenagoa da Hego Hemisferioko goi latitudeetan, latitude horietan tenperaturari eragiten dioten bi eragile berezi baitaude: alde batetik, Antartidako kontinenteko kostaldean urtzen den izotz masa eta bestetik, itsaslaster australak inongo masa kontinentalen oztoporik gabe lurbira osoan eratzen duen hesia, tropiko aldeko ur beroak hegoalderantz jaitsi ez daitezen oztopo duena.

Oro har, esan daiteke ozeanoko gainaldeko uraren tenperatura ur horren gainean dabilen aire masak duen tenperaturaren isla dela; urak aireak baino bizpahiru gradu gutxiago besterik ez du izaten, nahiz eta gerta daitekeen, gazitasunarekin gertatzen den bezala, zenbait eremutan ezaugarri hori ez betetzea, itsaso itxietan esaterako.Sakoneko urari dagokionez, tenperatura hotzagoa izango da zenbat eta ur sakonagoa izan, baina tenperatura jaitsieraren gradientea ez da sakoneraren proportzio berean aldatzen. Izan ere, gradientea ez da bizkor aldatzen azalean, hirurehun metroko sakoneran azeleratu egiten da, mila metrotarainoko sakonera arte (urak bost gradu edo gutxiago izaten ditu sakonera horretan), eta, hortik behera, sakonera handiko uretan, alegia, tenperatua ez da ia aldatzen sakoneraren arabera.

 

Ozeanoko uraren dentsitatea

Itsasoko urak milako 35 parteko gazitasuna du batez beste, eta ur garbiak lau gradu zentigradutan dagoenean duen dentsitatea baino ehuneko hiru aldiz dentsoagoa da. Dena dela, dentsitatea tenperaturarekin eta gazitasun mailarekin aldatzen da; zenbat eta gazitasun handiagoa, orduan eta dentsitate handiagoa, eta zenbat eta tenperatura handiagoa, orduan eta dentsitate gutxiago.

Presioak ere badu ur gaziaren dentsitatean eragina.

Prezipitazio askoko eremuetan, ibaiak itsasoratzen diren lekuetan edo urtzen diren hormaguneek ozeanoari ur geza ematen dioten lekuetan, ozeanoko uraren dentsitatea gutxitu egiten da, uraren gazitasunak ez baitu ozeanoen batez bestekoa iristen.

Tenperatura apaleko eta lurruntze gutxiko eremuetan ere gazitasun maila gutxitu egiten da, eta, horrenbestez, dentsitatea ere gutxitu egiten da. Horren erakusgarri da, besteak beste, Itsaso Baltikoa: ez da ur asko lurruntzen, ur geza asko iristen zaio, eta, gazitasun maila milatik hamarrena besterik ez denez, grabitate espezifikoa ere oso apala da. Lurruntze handia duten eta ur geza gutxi iristen zaien itsasoek, Itsaso Gorriak adibidez, milako 40 parteko gazitasun maila, edo are handiagoa, dute ur azalean, eta beraz, dentsitate handia izaten dute, klima beroko eremuetan ere. Ozeano irekiak ere dentsitate handi samarrekoak izan daitezke.

Iparraldeko Ozeano Atlantikoaren erdialdean, Sargazos itsasoan –30 Ipar latitudean dago ia–, oso handia da dentsitatea, itsaso hori Atlantikoko presio handien eremuaren erdialdean dagoelako, batik bat. Eremu horretan ez da ia aldaketarik izaten ur azalean eta, zerua ia beti oskarbi dagoenez eta airea oso lehorra denez, ur asko lurruntzen da. Hegoaldeko Ozeano Atlantikoan eta Ozeano Barean, iparraldean zein hegoaldean, badira dentsitate handiko beste eremu batzuk. Indiako ozeanoan ur azalean dentsitate handia dute Pertsiar golkoko hegoaldetik hasi eta ekuatoreraino iristen den eremuak eta Australia mendebalekoak.