Geografia unibertsala»Geografia
Sumendi erliebea
Bolkanismoak paper garrantzizkoa jokatzen du Lurraren azaleko
eskualde handien erliebe sorreran. Labaren likatasuna eta piroklasto
eta galden arteko proportzioa dira sumendi eraikuntzen morfologia eta
iraupena baldintzatzen duten faktoreak.
Sumendi eraikuntza handienak goi ordoki edo zabaldiak dira.
Pilatzen joan diren koladez osatuak daude, eta hiru mila metroko
lodiera eta ehundaka mila kilometro koadroko eremua har dezakete.
Lur azaleko pitzadura handietan zehar izandako kolada askoren
pilaketan dute jatorria. Hawaiiar motako erupzioek ematen duten
magma mehe eta likatasun gutxikoak, aldapa gutxiko eta oinarri oso
zabaleko konoak eratzen ditu, eta ezkutu sumendiak deitzen zaie.
Krater oso zabalen barruan labazko aintzirak izan ohi dituzte.
Stromboli sumendia da zepazko konoaren adibiderik ezagunena.
Piroklasto soilez eratutako eraikuntza da, eta sumendiez denok dugun
irudi arruntari erantzuten dio. Laba koladak eta piroklasto geruzak
txandakatzen badira, estrato sumendiak deitzen zaien tamaina
handiko eraikuntzak sortzen dira. Mota horretakoak dira munduko
sumendi ezagunenak: Etna, Vesubio, Teide, Fujiyama, etab.
Azkenik, galdarak, elipse edo zirkulu formako sakongune handiak dira,
eta ez da harritzekoa izaten galdara barruan sumendi kono
berriagoren bat edo beste izatea. Azpiko magma ganbara hustu delako
sumendia hondoratzen denean eratzen dira galdarak.
Oinarrizko sumendi erliebeak
Hiru eratakoak izan daitezke oinarrizko sumendi erliebeak: forma eraikiak, suntsituak edo zulatuak (lur azalean geratu diren materialak, higaduraren eraginez, askatu direlako). Funtsezko erliebe eraikiak labaz, jaurtigaiz (errautsak eta zepak) edo bien nahasketaz osatzen dira. Suntsitze formak berriz, kraterrak izaten dira batik bat.
a)Eraikuntza formak: kolada
Laba koladetan atera daiteke. Kolada,
likatasun gutxiagokoa ala handiagokoa izan
daiteke, lasterrago mugitzen da jariogunetik
hurbil, jariogunetik urruti baino, izan ere,
hoztean, likatsuago egiten baita, moteldu
eta erabat gelditu arte. Azala gotortzen da
aurrena, baina barruan labak urtuta jarraitzen
du. Jariogunetik hurbil, sakonera gutxi
izaten du koladak, azkar mugitzen delako.Etnaren azken erupzioetako batean, orduko
hogeita hamasei kilometroko lastertasuna
harrapatu zuen labak zenbait tokitan.
Koladaren azalak hiru forma izan ditzake:
pahoehoe, aa, eta gainalde jarraitua.
Pahoehoean (hawaiiarrez), oso azal
mehea izaten duenez, barrutik artean labak
mugitzen jarraitzen du, eta azala zimurtu
egiten da. Pahoehoeko laba, hoztean, mugimendu
helikoidaletan bira daiteke eta
soka formako labak eratzen ditu.
Aa berriz (hitz hawaiiarra hau ere), zepa
labazko nahas-mahas bat da. Irregulartasunak
dezimetrokoak izan daitezke, eta zenbait
kasutan metrokoak ere bai. Labaren azal
nahiko lodia azkar gotortzen denean eratzen
da, eta, bere mugimenduak eraginda, zatikatu
egiten da. Hala ere, eztabaida handiak izan
dira aaren sortze moduaz. Izan ere, zenbait
ikerlariren ustez, gas asko zuen laba batek
eratua bide da, etengabeko erreakzioen ondorioz
tenperaturak gora egin eta jariakor
jarraitu zuelako. Beste ikerlari batzuek, aldiz,
gas gutxiko labak eratua dela diote, eta
beraz, leherketarik ezean, gaineko azala
hausteko gaitasunik ez duela izan. Nolanahi
ere, gauza segurua da pahoehoea eratzekolaba oso biguna eta beroa behar dela,
kanpoko mintza baizik ez dela hozten, leherketak
sortuko lituzkeen gas ihesik ez
duela, eta lastertasun handian mugitzen dela.
Aldiz, zepazko aan, azal lodiagoa gotortzen
da eta azal hori zatikatu egiten da laba mugitu
ahala. Horixe gertatzen da, Etnaren kasuan
bezala, laba azkar jaisten denean. Hortaz,
bi modutara eratzen da aa hori: tortika
edo azal mehe bat hautsi delako ?horretarako,
labak nahiko laster ibili behar du?,
edota tortika lodi bat hautsi delako, zeinahi
lastertasunean. Beste aa mota bat koladako
gasen leherketen eraginez eratzen da.
Aldapa handian behera datorren koladak
lastertasun handiagoa hartzen du, tortika
hautsi egiten zaio, eta nahas-mahas bihurtzen
da berehalaxe. Baina tortika lodia
denean, kolada zepazkoa izan daiteke aldapa
txikia izanda ere, blokeak aurreraka erortzen
baitira kolada mugitu ahala; horrek argitzen
duen zergatik dagoen zepazko ohe
bat koladen azpian.
Labazko koladen azalak itxura desberdinak
izan ditzake. Zenbait alditan, laba
jariakorra denean, hanpatu batzuk eratzen
dira, hamar bat metroko diametroa eta bizpahiru metroko garaiera dutenak, eta pitzadurak
izaten dituzte. Dirudienez, labaren
gaineko azala dilatatu delako gertatzen dira
hanpatu horiek. Izan ere, beirak, zeina laba
bat batean hoztean eratzen baita, bolumen
handiagoa hartzen du isurkari forman dagoen
labak baino. Aldiz, hozte prozesua
motela bada, harkaitz gotorrak laba isurkariak
baino bolumen gutxiago hartzen du.
Basaltozko gangen azaleko tortika tupustean
hozten da airea ukitzen duenean; horrela
bada, bolumena hazten zaio eta hanpatu
egiten da. Behin gotortu denean, hoztu
egiten da, baina motel, eta orduan ateratzen
dira pitzatuak.
Koladek oso itxura topografiko desberdinak
izaten dituzte, kolada aurreko topografiaren,
laba kopuruaren eta labaren likatasunaren
arabera.
b)Oinarrizko zepa eraikuntzak
Zepa eraikuntzak bi motatakoak izaten dira: kono xumeak eta zepa zelaiak. Kono xumeak fusiogunean eratzen dira, hau da, kraterraren hondoan. Distantzia gutxira jaurtitako material metatzez eratzen dira. Zepa zelaiak ordea, urrunago jaurtitako material urriagoz eratuak daude.
1) Kono xumeak
Kono xumeak nahiko urriak dira. Erupzioak,
gehienetan, luzeak izaten dira eta,
beraz, denbora izaten da higadura formak
eta zepa emariak txandakatzeko, eta hala,
egitura korapilatu egiten da. Gerta daiteke,
orobat, eztandak konoaren eraikuntza etetea,
eta leherketa izan den kraterrean kono
berri bat eratzen hastea. Kono hauek erupzioa
laburra denean baizik ez dira eratzen
(egun gutxi batzuetakoa, alegia). Horixe da,
hain zuzen, Mexiko mendebalean 1943an
jaio zen Paricutín sumendiaren kasua, ordu
gutxi batzuetan eratu baitzen; handik zenbait
hilabetetara, ordea, hirurehun metrotatik
gorakoa zen.
Erupzio motaren arabera, materialak ere
izaera desberdinekoak izaten dira. Vulcanotar
motakoetan errauts xeheak eta apar harriak
izaten dira nagusi, eta strombolitar motakoetan
berriz material handiagoak. Ondorengo
emari mota hauek bereiztuko ditugu:* errauts xeheak, milimetroko diametroa
izatera heltzen ez direnak.
* lapilliak, milimetro batetik bost zentimetrotara
bitarteko harri harroak; zenbait
alditan hamar zentimetroko diametroa izatera
hel daitezke.
* apar harriak, harkaitz azidozko zati
harroak, tamaina guztietakoak, baina oro
har, lapilliekin alderatzeko modukoak; hala
ere, lapilliak baino askoz arinagoak.* blokeak, tamaina askotakoak, baina
hamar-hogei zentimetro baino handiagoak
beti.
* bonbak, forma berezia hartu dutenak,
jaurtitzerakoan izan duten errotazio
mugimendua dela eta; hamar zentimetroz
gorakoak.
* tximiniako materialak, tximiniaren
paretako harkaitzetik erauzitakoak. Beraz,
askotan, ez dira sumendi jatorrikoak izaten.
Proportzioan gutxi dira.
Labaren eta jaurtitako gainerako material
guztien arteko desberdintasun handiena
da azken horiek askoz ere harroagoak
direla. Petrografiaren ikuspuntutik, gutxiago
kristalduak daude eta ia erabat beirazkoak
dira. Zepen definizio petrografikoak
sumendi beiretara hurbiltzen ditu. Morfologiaz
arduratzen diren bolkanologoentzat,
ordea, harkaitzaren alderdi makroskopikoa
izendatzen du zepa hitzak, eta jaurtitako
material harro guztiei deitzen zaie horrela,
errauts xeheei izan ezik.
Erupzioko kono laburrak, gehienetan,
antzeko aldapetan kokatutako material bertsuez
osatuak egoten dira. Aldiz, kono
konplexuak, gurutzatzen diren geruzak izateaz
gainera, material heterogeneoagoz
?tamainaz bezala itxuraz? eratuak dira.
Konoaren erpinean kraterra irekitzen da,
eta jaurtitzen diren materialak, eskuarki,kraterraren bazterreraino heltzen dira. Handik,
sumendiaren hegaletan behera, grabitate
indarraren eraginez jaisten dira, eta
hegalen malda beraz grabitate ezpondaren
orekari dagokiona izan ohi da: 35°, alegia.
Pentsa liteke, oreka hori kontuan hartuta,
ez litzatekeela aldatu behar erupzioaren
ondoren. Baina aldatu egiten da, dela urak
eramanda, dela solifluxioz edota lubizien
eraginez, eta klimaren eta materialen tamainaren
arabera, prozesu bat ala bestea nagusitzen
da. Lubizien eraginez lapilli konoak
direlakoak eratzen dira, maldan behera luzatzen
diren kono moduko batzuk, eta tamaina
gutxiko materialez osatuak. Bloke
handienak, metro batetik gorako diametroa
dutenak, batzuetan, sobera urrun joaten dira
jira-biraka, forma biribil antzekoa dutenean.
Zepa konoaren barrenaldea zenbait metroko
garaiera duen higakin ezponda batek
ezkutatzen du. Beraz, grabitatearen eragin
soilak, berehala bereizten ditu sumendiak
jaurtitako tamaina desberdinetako zepak.
Solifluxioa eta ur lasterren eragina bereziki
aktiboak dira sumendi vulcanotarren
hegaletan, horiek errautsez osatuak baitaude.
Mota horretakoek beraz, higadura handiagoa
izan ohi dute, strombolitar motakoen
aldean (hauek zepa handiagoz daude osatuak),
eta beraz, berehala lautzen zaizkiemalda pikoak. Sumendi hauen hegaletan lokatz
koladak eta sakanak txandakatzen dira.
Errauts eta zepa lodien lubiziak, ur lasterrak
edo lokatz koladak izan diren tokietan
egiten dira sakan horiek, eta, pixkanaka,
konoa ildokatzen joaten dira. Kono xumeen
kasu berezi bat ?zaldi ferra formako konoak?
dira. Sumendi hauetan, konoa ireki
egiten da alde batetik eta kraterrak ferra
itxura hartzen du. Disimetria hori ez da leherketa
baten edo labak irekitako arraila
baten eraginez eratu, baizik eta erupzioa
izan denean laba jario etengabe bat egon
delako, eta ezin izan direlako zepak alde
horretatik metatu. Ferra formako sumendiak
erupzio labur baten eraginez eratzen dira,
erupzioa strombolitar motakoa izaten da, eta
labak ugariak eta meheak izaten dira.
2) Zepa zelaiak
Zepa zelaien erliebeak ez dira izaten
konoenak bezain definituak. Aldiz, aurrez
zeuden erliebeetan zipriztinduta bezala geratzen
dira, batez ere zepa handikoak badira.
Zabalenak, ordea, haizeak urrun garraiatu
dituen errauts xehezkoak dira. Era
horretan, sumendi loessez estalitako benetako
zelaiak eratzen dira: metatze handiak
direnean, topografia laua eratzen dute,
eta higadurak ez ditu asko zigortzen. Baina aldapan daudenean, errautsak erraz higatzen
dira eta arrakala sare batek jaten ditu
berehala. Erortzean duen tenperaturaren
arabera, errautsak, xehetasunak eta urari
eusteko ahalmenak ematen dion trinkotasuna
edota berriro kristaldu izanak ematen
diona izan dezake. Azken kasu horretan,
igninbrita izeneko harkaitz bat eratzen da,
gogortasun handikoa.
Sumendien suntsitze formak: kraterrak
Bolkanismoa ez da erliebe eraikitzailea
soilik, suntsitzailea ere bada. Labak, bere
bidea egiten du, urak bezalaxe; suzko hodeiek
lurra eta bidean aurkitzen dituzten oztopo
guztiak kiskaltzen dituzte. Erupzioak
daudenean, barrunbeak sorrarazten dituzten
leherketak eta hondoratzeak gertatzen
dira. Baina kraterrak dira suntsitze forma
arruntenak. Mota bat baino gehiago dago:
* Krater hawaiiar xumeak.
Laba gotortuan irekitako hobi bat besterik
ez dira. Bat baino gehiago izaten dira
sumendi bakoitzean; askotan, beste krater
handiago batean egoten dira horrelako
hobiak. Bazterrak laba gotortuz osatuak
daude, eta barruan laba egoten da irakiten,
laba harro gotortuzko uhartetxoetan salbu.
* Zepazko konoetako kraterrak.
Bere formari eusten dion zepazko kono
baten erpinean ere irekitzen da kraterra,
jaurtigaiek norabait zabaldu behar baitute.
Kraterraren paretak bi eratakoak izaten dira:
grabitate ezponda formakoak, edota ?kasu
gehienetan? zepan irekitako pareta zutak.
Kraterraren bazter aldean, askotan, pitzadurazentrokideak egoten dira, eta lurrun
sulfuratuak irteten dira pitzadura horietatik,
sumendia bizirik baldin badago.
* Galdarak.
Tamaina handiko sakonguneak dira galdarak.
Konoen erpinean bezala, beste edozein
tokitan ere sor daitezke: zabaldi batean
edo bolkanikoa ez den harkaitz batean.
Hondoa irazgaitza baldin bada, aintzira bat
era daiteke. Forma biribila izan ohi du, goitik
begiratuta, eta ertzak ia zutak izaten dira.
Bi jatorri izaten dituzte. Txikienak leherketa
baten eraginez eratuak dira, eta handienak
berriz, magmak azpiko euskarria
urtu eta lur azala hondoratu delako. Horrela,
krater itxura arrunta duten arren, hondoratutako
kraterrak dira. Laba edo errauts
asko jaurtitzen duten sumendietan egon ohi
dira hondoratutako kraterrak.
Zulatze formak
Higadurak eragindako zulatze lanez eratu
dira zenbait oinarrizko sumendi forma. Laba
gotortua, izan ere, harkaitz sedimentario eta
kristalino gehienak baino gogorragoa izan
ohi baita. Horrela, higadurak barneko egiturak
agerrarazten ditu. Prozesu horren bidez,
ondorengo forma hauek eratzen dira:
* Mendi zorrotzak.
Higaduraren eraginez azaldutako labazko
tximinia gogortuak. Punta-zorrotzak izaten
dira, eta, zenbait tokitan, gotorlekuak
eraikitzeko erabili izan dira, hala nola Frantziako
Auvernia eskualdean.
* Dikeak.
Horma formako zirrikitu bat labaz bete,
gogortu eta ingurunea higadurak jan duenean
agerian geratzen den labazko erliebea
da. Beraz, teorian, labazko horma bat da.
* Ring-dyke eta cone-sheetak.
Baliteke labak zirkulu formako pitzadurak
betetzea ere, hondoratze faseetan gertatzen
den bezala. Laba zilindro forman
(ring-dyke) edo kono forman igotzen da.
Konoaren erpina behera zuzenduta baldin
badago, cone-sheet deitzen zaio. Eskozia
mendebaleko sumendi eraketak dira.
* Sill-ak.
Bi geruza sedimentarioren tartea labaz
betetzen denean sill izeneko sumendi eraketa
osatzen da. Aldameneko tximinia batetik
ateratzen da laba, eta ziri forman zabaltzen
da. Sillen goiko partea eraldatua egoten da,
intrusio beroak erre baitio goia eta azpia.
* Lakolitoak.
Harkaitz sedimentarioen artean metatutako
labaz eratzen dira lakolitoak. Jatorria
sillen berbera da, baina, hemen, goiko
geruzak altxatu dira eta ganga forma hartzen
du labak.
Sumendien higadura
Nolanahi ere, sumendi eraketa guztiek
ez dute gogortasun berbera, eta, beraz, sumendi
erliebeen barruan ere badu higadurak
eragina.
Sumendi material guztien artean
errautsak dira higadurak gehien erasotzen
dituenak. Urez ase eta irazgaitz egiten direnean,
ur lasterrak eramaten ditu, toki
pikoetan batez ere. Zepa lodiek gehiago
eusten diote higadurari, eta konoen aldapa
txikitu egiten da material horiek barrenaldea
estali ahala. Nola irazkorrak diren, urak
ez du eragin handirik material horietan.
Hala ere, higakinak berehala eratzen dira,
eta urak arazorik gabe eramaten ditu.
Koladen higaduraren azken fasea sumendi
erliebearen azpikoz goratzea izaten
da. Kolada errautsak eta zepak baino
gogorragoa izaten denez, horiek baino gorago
geratzen da; harkaitz sedimentario edo
kristalduaren gainean dagoenean ere, laba
material horiek baino gogorragoa baita,
gorago gelditzen da..