Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Deformazio hauskor jarrai gabeak: arrakalak

AE: jauzia ABGH: faila planoa CD: faila lerroa ACDB: failaren noranzkoa

Lurra gainazal plano edo plano samar baten arabera eten eta eten horretatik eratzen diren blokeak elkarrekiko lekuz aldatzean eratzen da faila.

Failak edozein haitz motatan gertatzen dira, berez geruzatan antolatuta egon ala ez egon.

Eten azalean (faila planoan) ildoak izaten dira, haitz blokeak mugitzen ari ziren bitartean eginak; ildo horiek erakusten dute mugimendua norantz gertatua den ere.

Faila egin ondoren berriro kristaltzeak edo kuartzo, kaltzita edo gisa horretako meak hauspeatzen badira, faila plano hori azal leun batez estalia egoten da; faila ispilua esaten zaio.

Haitz blokeak, faila ezpainak ere deituak, faila planoaren gainean mugitu diren lur sailak dira.

Bi blokeak elkarrekiko mugitu diren tarteari faila saltoa deitzen zaio.Haitzak tenka aldi tektoniko batean materialen plastikotasun muga gainditzen denean eteten dira. Presioa handitu ahala plastikotasun muga hori ere handitu egiten da, eta horregatik, baldintza berdinetan haitz berak plastikotasun handiagoa du oso sakon dagoenean azalean dagoenean baino.

Ongi bereizi behar dira haustura tektonikoak eta diaklasak, edo tenperaturaren gorabeherek edo izotzak eragin ditzaketen azaleko hausturak.

Hausturetan bereizi beharra dago, alde batetik, zentzu estuenean harturiko hausturak, hau da, bi ezpainen artean desnibel tektonikorik ez dutenak; eta bestetik failak, haitzaren haustura gertatzean bi ezpain edo blokeren artean desnibel tektonikoa dutenak.

Desnibel tektonikoa esaten da, desnibel soilik esan ordez, zeren gerta baitaiteke blokeen leku aldaketa ez izatea erliebean nabari edo ikusgarri, higadurak ezabatu duelako eta horrenbestez blokeak berdindu dituelako.

Gerta daiteke haustura batean konpresio indarrak agertzea, bi blokeak elkarren kontra bultzatzen badira; horrela gertatuz gero, haitza erabat xehetzen da zentimetro batzuetan edota, inoiz, metro batzuetan ere bai. Xehetze horrek metamorfoak ere eraginditzake; metamorfismo mota horiei milonitizazio deitzen zaie (milonita: mugimendu orogenikoetan bultzada planoen azpian haitz trinko gogor ildokatu edo zerrendatua).

Haustura zabalik ere geratzen da batzuetan, bereizkuntza indarrak eraginik.

Badirudi, beraz, haustura edo eten hauek haustura indar tangentzial batek eragiten dituela, eta ondoren indar hori luza daitekeela etena zabaltzeko edo ixteko. Orobat gerta daiteke haitzaren haustura indar bertikalek edo zehar indarrek (ez horizontalek) plastikotasun gutxiko materialak behartzean eratua izatea.

Gerta daiteke era horretako eta intentsitate horretako indar batek erabateko haustura edo etena eragin gabe, geruzak tolesarazi baizik ez egitea: horrelakoetan flexioa dela esaten da, failaren eta tolesaren bitartekoa.

Horrela, bada, faila izan dadin, bi baldintza bete behar ditu lurraren hausturak: haustura izatea, jakina, eta hausturatik eratzen diren bi blokeak elkarrekiko lekuz aldatzea; mugimendu horrek materialak hautsi, eta eten bat eratzen du, gutxi-asko gainazal baten arabera; plano horrek litologia eta adin desberdinetako materialak bereizten ditu.Faila aztertzeko, horregatik, haren ezaugarriei dagokien terminologia ezagutu behar da lehenik: ? Failaren planoa, elkarrekiko lekuz aldatzen diren bi blokeak irristatzen diren planoa da. Plano hori gutxitan izaten da bertikala; lapranean egoten da askotan.

Zenbaitetan halako loditasun bat ere izaten du, materialak xehetu diren aldeari dagokion loditasuna, alegia; horrela bada, ez da plano bat, hitz honek duen zentzu geometriko estuenean, baina planotzat hartzen da, failari dagokion eskala handia kontuan harturik.

? Failaren lerroa, failaren planoaren traza da gainazal topografikoan.

? Faila saltoa, desnibel tektonikoaren neurria da, faila gertatu aurretik failaren planoaren alde banatara geruza maila berean zeuden bi punturen artean faila gertatu ondoren failaren planoan dagoen distantzia, alegia. Gerta daiteke salto guztia ez egotea agerian, beheratu den blokea betegarriz estali delako, adibidez, eta era horretara failaren planoaren barrena ezkutatu delako.

? Failaren noranzkoa, beheratu den blokeak duen noranzkoa da.? Faila arauzkoa, geruzen inklinazioaren noranzko berbera duena.

? Kontrako faila, geruzen inklinazioaren kontrako noranzkoa duena.

? Faila itzulikatua, blokeak elkarren gainka jarririk dituena. Blokeak elkarren gainka jarririk ez dituen failari faila normal deitzen zaio.

? Failaren azalean izaten diren ildoek blokeen mugimendua norantz izan den adierazten dute.Eskualde batean izan daitezke faila asko, eta blokeak eskailera mailatan bezala antolaturik egon daitezke; faila mailakatuak dira beraz horiek; batzuk bloke edo solairu goratuak dira (horst deituak), eta beste batzuk, berriz, bloke edo solairu beheratuak.

Bloke edo solairu luzatuak direnean hobi tektonikoak direla esaten da.

Egitura horiek, haustura haran edo «rift» haran izenez ezagutuak, aurreraxeago aztertzen dira.

Faila mota desberdinak haitz masa baten gain eragina duten hiru indar elkarri buruz perpendikularren arteko erlazioaren arabera eratzen dira; indar horiek hirutan banatzen dira: indar handiena, bitartekoa, eta txikiena.Hiru horietako bat bertikala izaten da ia beti, eta beste biak horizontalak; presioen arteko desberdintasunak haitza hautsi eta mugimendua eragiteko adinakoa izan behar du, jakina. Indar bertikala izaten da edo grabitateak eragina edo magmaren presioak eragina, eta indar horizontalak Lurraren bultza edo tiratze indarrek eraginak izan ohi dira. Hiru faila mota dira gehien agertzen direnak: faila normalak, faila itzulikatuak eta urradura failak.Faila normaletan indar bertikala izaten da hiru indarretan ahaltsuena. Horren ondorioz haustura inklinatua izaten da, eta 45°-tik bertikala bitartean egon ohi da failaren planoa. Failaren planoaren goiko aldean «horma eskegian» amaitzen diren geruzak lekuz aldaturik daude failaren planoaren beheko aldean, «failaren planoaren oinean» amaitzen direnei buruz. Esan beharra dago faila eratzen duten bi bloke bereiziak izendatzeko erabiltzen diren «goiko bloke» edo «bloke goratu» eta «beheko bloke» edo «bloke beheratu» esapide horiek oso zentzu erlatiboa dutela, eta grafikoki adierazteko baliatzen direla, zeren faila eratuz geroztik higadurak azaleko gorabeherak berdindu egiten baititu.Faila itzulikatuetan hiru indarretan ahulena izaten da indar bertikala. Horren ondorioz eratzen den haustura inklinatua denean 45°-tik horizontalera bitarteko angeluan egon ohi da normalean failaren planoa. Faila hauetan goiko blokeko geruzak failaren planoan lekuz aldaturik egon ohi dira beheko blokeari buruz. Era horretara failak hartzen duen eremua laburragoa izaten da, hertsatze edo konpresio tangentzial indartsu bat gertatzen da, eta nabarian agertzen dira horren aztarnak.

Failaren planoan zehar oso xeheturik agertzen da materiala, eta batzuetan azaltzen da haitz gogor bat, zerrendatan banatua edo ildokatua, milonita deitua, aipatu diren material xehatu edo xaflatuz osatua.Faila horizontal edo urradurazkoetan, indar bertikala indar horizontal ahaltsuenaren eta ahulenaren bitartekoa izaten da. Horren ondorioz, failako blokeen mugimendua horizontala izaten da erabat, eta blokeen arteko etena, berriz, bertikala edo ia bertikala. Gisa honetako adibiderik ezagunenetako bat San Andresko faila da, Kaliforniako erdi aldeko haranean.

 

Haustura haranak, «rift valley»

Lurraren azalean faila lerroetan eratutako egiturarik hedatuen eta nabarmenetako bat haustura haran edo «rift valley» deituak dira. Ildo edo hobi tektoniko sakon luzeak dira, alde banatan bloke menditsuak edo horst deituak mugatzen dituzten faila ezpondak dituztela. Rift haran hauen albo maldak faila maila askoz osatuak izaten dira maiz.

Rift valley hauek modu hauetakoren batez eratuak dira denak: erdialdetik baino ertzetatik bizkorrago eta indar handiagoz goratuz lihoakeen arku irudikatu baten ganga makurtze batez, hertsatzez edo tenkatzez.Haustura haran hauen eredu bikainenak Afrikako ekialdean aurkitzen dira: rift sistema osoa Itsaso Gorritik (iparraldean) Zambezi ibairaino (hegoaldean) iristen da; hiru mila kilometro baino gehiago da luze.

Afrikako rift haran hau azkeneko 17 milioi urteetan Lurraren azala alde horretan eten eta zabalduz joan ahala eratu da, aldi horretan faila sare handi bat eratu baitzen, eta haren ondorioz blokeak goratuz eta beheratuz joan baitziren, eta ikaragarrizko ezpondak eratu zituzten.

Mugimendu horietako bakoitzak lurrikara saila eragingo zuen, eta oraindik ere izaten dira lurrikarak Afrikako eskualde horietan.

Beste alde batetik, Afrikako Rift Valley handi horren beste ezaugarri nagusietako bat sumendiak dira; Lurraren barrenetikobultzadak eta failetako mugimenduek sumendi estrusio handiak sorrarazi dituzte; haietako laba isuriek zabaldi handiak eta sumendi kono handiak eratu dituzte: –Kilimanjaro mendia (5.892 metro), –Kenya (5.199 metro), –Meru (4.566 metro), –Elgon (4.321 metro), –Longonot (2.777 metro).

Azkenik, Afrika ekialdeko Rift Valley horretako lur mugimenduekin oso loturik, badira hiru aintzira multzo handi: Rift haranaren hondoan daudenak, faila handien arabera luzetara antolatuta daudenak, Tanganyika, Malawi, Manyara, etab.; sumendien kraterretan daudenak, Nyungu, Uganda, Tanzania, etab.; eta lurraren azala beheratzean eratutako sakanetan daudenak, sakontasun handikoak ez direnak, Victoria aintzira adibidez.

 

Diaklasak

Haitzaren beste haustura mota bat diaklasak dira; diaklasetan agerian dauden blokeak elkarri buruz ez dira mugitzen, edo mugitzen badira, bertikala da mugimendu hori. Mota honetakoak dira, egiaz, lur azaleko materialetan izaten diren arrakala eta pitzatu gehienak; pitzatu edo arrakalen zabalera, luzera eta sakontasuna era askotakoak izaten dira, jakina.

Jatorriari begira, hiru diaklasa mota bereizten dira. Uzkurtzez eratutako diaklasak, alde batetik, galdazko haitzetan magma alde guztietan berdin uzkurtzen ez denez, uzkurtze desberdin horrek eraginak, edota jalkin haitzetan –buztinetan adibidez– lehortzen direnean izaten duten bolumen gutxitzeak eraginak. Bigarren diaklasa motadiaklasa presio galeraz eratuak dira; sakoneko haitzetan izaten dira, granitoetan batez ere, higadurak gainean zituzten materialak eraman dituelako, eta, horrenbestez, jasaten zuten presioa gutxitzean sortuak.

Hirugarren diaklasa mota, diaklasa tentsioz eta hertsatzez eratuak, jatorri tektonikoko indarrek eragindakoak dira.

Diaklasak mea gairen baten hauspeatzez beterik azaltzen dira maiz. Gerta baitaiteke, izan ere, diaklasetan blokeen artean tarte huts bat geratzea, haustura planoan zehar. Pitzadura horiek gai endekatuz edo ur hidrotermalek ekarritako meaz betez gero, kuartzozko, kaltzitazko eta bestelako zainak eratzen dira. Galda haitz plutonikoetatik hurbil eratu diren diaklasak irabazpide handikoak izan ohi dira maiz, meatzaritzan baliagarri diren metal meazko zainak izaten baitituzte askotan.