Geografia unibertsala»Geografia
Lurraren azaleko materialen deformazioak: deformazioa eta tenka indarra
Itxuraz oso egonkorrak diruditen arren, Lurraren beraren dinamika
orokorrarekin oso lotura estua duten indar deformazio eragile sail baten
mende daude Lurraren azala eratzen duten haitzak.
Era horretara, jatorrizko egiturak ez bezalako beste egitura batzuk
eratzen dira. Tenka indar mota desberdinak, deformazio mota
desberdinak, eta eragin horien ondorioz eratzen diren egituren
geometria dira Tektonikaren ikerketa alor berezia.Lurraren azaleko erliebeak aski ongi islatzen
ditu planeta honen barreneko aldetik
sortu eta bere egituraren garapena baldintzatu
duten prozesuak. Haitzek jatorriz
duten egitura baldintza jakin batzuen mende
dagoen ahala, aldakuntza aski sakonak
izaten ditu hartara, adibidez, haitzek
konpresioa pairatzen badute, distentsioa
pairatzen badute, ala barrenetiko indarrek
eragindako mugimendu bertikalak eragiten
bazaizkie. Deformazio horiek era askotakoak
dira: batzuk hain mugimendu txikiak
dira, non nekez sumatu ere suma baitaitezke;
beste batzuetan, berriz, deformazioaren
eragina ehundaka kilometro
koadrotan nabari den gertaerak izaten dira.
Bi muturreko aukera horien artean bitarteko
maila asko eta asko dira, eta nekez egin
daiteke azpisailkapen zentzuzkorik logikan
oin hartuta. Bada, hala ere, bestelako sailkapen
bat, errazagoa, eta deskribapen
soilezkoa dena, eta horren arabera bereizten
dira alde batetik jarraitasunik gabeko
deformazioak, eten edo urratuak, alegia; eta
bestetik deformazio jarraituak, gehienbat
tolesdurak eratzen dituztenak.
Lur azalean behera zenbat eta gehiago
sakondu, orduan eta presio handiagoa izaten
dute haitzek, gaineko geruzetan dituzten
materialen pisuak eraginda. Presio
modu horri presio litostatiko esaten zaio;presio modu horrek alde guztietara du eragina,
eta horren ondorioz trinkotu egiten
dira haitzak, eta bolumenez gutxitu. Maila
jakin batean dagoen haitz jakin bat hartuta,
haren gainean dagoen haitz masaren edo
bolumenaren zati bat higadurak eramaten
baldin badu, haitz haren gainean eragiten
den presio isostatikoa beste horrenbestean
gutxitzen da. Presio gutxitze horrek jatorrizko
haitza zartatzea eragin dezake, zartatze
eta xehetze handiagoa ala txikiagoa, gertatzen
diren baldintzen arabera. Tektonikak,
hala ere, lurraren azalean eratzen diren
mugimenduetatik eta horien ondorioz gertatzen
diren deformazioetatik sortzen diren
tenka indar norabide jakinekoak aztertzen
ditu batez ere.
Horrela bada, lurraren azaleko haitz
masa oro grabitatearen eta presioaren mende
dago. Egoera horren ondorioz tenka
indarrak elkarri buruz perpendikular diren
hiru indar nagusiren bitartez irudikatu ohi
dira; indar horietako bat bertikala da, tentsio
handienari dagokiona, eta beste biak
horizontalak; horietako batek tentsioa bera
irudikatzen du, txikienak alegia, eta besteak
bitarteko indarra irudikatzen du. Indar horien
arteko handienaren eta txikienaren arteko
alderik handiena haitzaren atxikitasuna
baino handiagoa baldin bada, bihurritu
egiten da haitza, hautsi, alegia, hauskorrabada, edo formaz edo tamainaz aldatu, plastikoa
bada. Lur azaletik hurbil izanez gero,
haitzak hautsi egiten dira batez ere; baina
sakonago baldin bada –haitza nolakoa den,
sakonago ala azalerago–, gorputz gotorraren
isuri bitartez gertatzen da deformazioa,
isuri plastiko baten bitartez alegia, zartatze
mikroskopikoek bideratzen duten mugimendu
baten bitartez.
Esan daiteke, beraz, haitz mota bakoitza,
presio eta tenperatura baldintza jakin
batzuetan, sakontasun neurri batetik behera
plastiko izateko neurritan dagoela, eta
sakontasun maila horretatik gora zartagarri
izateko neurritan dagoela.
Deformazioa baldintzatzen duten eragileak
Haitz mota bakoitzaren izaeraz eta egituraz
gainera, badira beste hainbat eragile
ere, indar deformazio eragileen aurrean zergertatuko den modu batera edo bestera
arras baldintzatzen dutenak. Presio litostatikoa
handitu ahala, adibidez, deformazio
elastikoa gertatzeko mugak asko zabaltzen
dira, eta urrundu egiten da arrakala muga;
deformazio plastikoa gertagarriago egiten
du, alegia. Tenperaturak gora egiteak, erantzun
elastikoa moteltzen duen arren, urrundu
egiten du arrakalaren muga ere, tenka
indar handiagoak behar baititu arrakala sor
dadin. Horren ondorioz atera daiteke, beraz,
lurraren azaletik gertu, tenperatura eta
presio litostatiko apala den lekuetan alegia,
haitzak hauskorragoak izaten direla batez
ere, eta zenbat eta sakonago, orduan eta
malguago eta elastikoago bilakatzen dela
haitza.
Bere baitan isurkariak izatea ere, ura
izatea adibidez, garrantzi handiko eragilea
izaten da haitzen deformazio mekanismoari
dagokionez; tenperaturak duen eraginaren
antzekoa du; buztina edo gai buztintsuak,
adibidez, oso gai plastikoak dira urez hanpaturik
daudenean, eta oso hausterrazak
lehorrik daudenean. Horrez gainera, tenka
indarren eraginak dirauen denborak ere
arras baldintzatzen du izango den deformazio
mota; hain zuzen ere, oso denbora laburrean
dirauen tenka indar biziak gaiak
hausteko, zartatzeko joera izango du; luzaro
dirauen tenka indar ahulak, aldiz, gaiaren
malgutasunari mesede egiten dio, eta
zartatzea zailago bihurtzen.
Litosferaren azalean aurkitzen diren
egiturazko formak sorrarazi dituzten tenka
indarrak, oro har «dinamika» hitzaren baitan
hartzen direnak, bi eratakoak dira batez
ere: deformazioak, eta tenka indarrak,
zentzu zehatzean.
Deformazioak
Lurraren azalean hainbat indarren mende
dauden materialak deformatu egiten dira
batzuetan, eta deformatze horretan beren
egituran lekualdatzeak, traslazioak, biratzeak,
eta bestelako aldakuntzak izaten dituzte.
Deformazio esaten denean, material horien
antolamenduan gertatzen diren forma aldaketak
esan nahi dira. Material bakoitzaren
elastikotasunaren barruan, indarren energiaren
araberako proportziozkoa da deformazioa.
Traslazioa gertatzen denean berdinak
izaten dira gai geologikoaren alde guztietan
eragiten diren indarrak; deformazioa
gertatzen denean, aldiz, indar horiek ez dira
berdinak puntu guztietan, eta horregatik
esan ohi da lekualdatzezko gradienteak
direla gai geologikoaren barruan. Horrela
bada, oinarrizko hiru deformazio mota
bereizten dira material horietan: deformazio
horietako bat haitz bati presio bat eragin,
haitza deformatu, baina presioa kentzenzaionean haitza lehengo izaerara itzultzen
denean gertatzen dena da. Deformazio
elastiko edo aldi baterako deformazio
deitzen zaio. Deformazio mota honek
badu bere muga, gaiak erabat deformatu
gabe paira dezakeen gehienezko tenka indarrari
dagokiona, alegia. Neurri horretatik
gora deformazio plastikoa hasten da, gaiari
tenka indarra kentzen zaionean berriro
erabat hasieran zuen formara bihurtzen ez
dena; deformazio iraunkorra da, beraz, baina
oraindik etenik edo urradurarik eragiten
ez duena. Bigarren deformazio mota hau
gertatzen denean, birkristalizazioak, zatiki
arteko herresta aldiak, eta zatiki horien errotazio
mugimendu piska bat izaten dira.
Bada beste deformazio mota bat ere,
isurkarietan eta gorputz gotor batzuetan gertatzen
dena, deformazio likatsua. Gorputz
likatsuek deformazioaren aurrean duten
erantzunean ez da, askotan, elastikotasun
mugari legokiokeen bezalako mugarik. Izadian
diren gai isurkari batzuek, magmak
edo urez hanpatutako buztin edo lokatz jalkinek,
adibidez, jokaera konplexuagoa izan
ohi dute maiz, tenka indarraren eraginik
gabea ez dena, alegia.
Tektonikak Lurraren azaleko materialek
izaten dituzten deformazio iraunkorrak aztertzen
ditu batez ere. Jokaera malgua duten
gai plastiko edo likatsuen deformazio
jarraiaren beste muturrean jarraitasunik gabeko
deformazioa edo etenezko deformazioa
jartzen da, hauskortasunari dagokiona,
alegia. Kontzeptu hauek asko erabiltzen
dira laboratorioetan egiten diren azterketetan
hainbat gertaera edo prozesu adierazteko,
hain zuzen ere guztiz interesgarriak
baitira erabilera praktikoetarako, meatzaritzakoetarako
eta ingeniaritza zibilekoetarako
batez ere.
Lur azaleko material askoren hainbat
jokaeraren azterketan, hala nola jalkinen
trinkotzearenean eta deshidratatzearenean,
haitz metamorfikoen galdatzearenean, magmaren
kristaltzearenean, eta beste askotan,
guztiz interes berezia du, adibidez, gaiaren
baitan den ur kopuruaren arabera gertatzen
den trinkotasunaren, likatasunaren eta plastikotasunaren
arteko batetik besterako aldakuntzak,
egoera batetik besteratzeak.
Gorputz gotorren baitan isurkaria izateak
ahuldu egiten ditu gorputz horiek, normala
denez. Horren adibide bikaina da buztin
edo lokatz lur multzo edo masa batek perkolazioz
hanpaturik duen urari buruz duen
jokaera, perkolazioan euri urak, lurrean
zehar irazten delarik, lurra meteorizatu egiten
baitu eta disolbagarri diren ioiak eraman
egiten baititu. Gai porotsu hauek, lurralde
lehor edo erdi lehorretan daudenean,
deshidratatu xamar egon ohi dira, bikor
barruko tarteetan ur kopuru txikiak dituztela.
Euri aldietan ura hartzen dutelarik, urakporoak betetzeko eta ur kopuru bakandu
guztiak elkarrekin lotzeko joera izaten du,
eta era horretara inguru jarraitu bat eratu;
egoera batetik besterako aldakuntza horri
lehen perkolazio atalasea deitzen zaio,
hori gertatzen den inguruak jokaera plastikoa
hartzen baitu normalean, eta isurtzeko
joera izaten du. Ur gehiago hartzen baldin
badu, egitura gotor etenik gabea osatzen
duten zatikiak elkarretatik bereizteko
joera izaten du isurkariak, eta une horretan
zatiki gotorren arteko lotura eten egiten da,
zatikiek ez dute gehiago elkar ukitzen; une
horri bigarren perkolazio atalasea esaten
zaio. Une horretatik aurrera inguru hori
aserik geratzen da, likatsu bihurtzen da, eta
maldan behera isurtzen da, era horretara lokatz
isuri bat eraturik, horixe baita hain
zuzen egonkortasun gutxiko maldetan
sarrienik izan ohi den masa mugimenduetako
bat.
Tenka indarrak
Tenka indarrak gorputzak deformatzera
behartzen dituzten indar sistemak dira;
Lurraren azaleko gaiek era askotako presioak
izaten dituzte.
Era horretako tenka indar ohiko bat
haitz metamorfikoen sorrera eragiten duena
da, metaformismo dinamiko deitua, eta
presio litostatiko edo karga geostatiko
esaten zaion horrek eratua da, ez baita hori
gai bakoitzaren gainean diren materialen
kargak eratzen duen presioaren adierazpena
baizik. Deformazio hori isotropiko bilakatzen
da (bere tasun fisikoak ez daude,
alegia, presioa eragiten den noranzkoaren
mende) hiru mila metro inguruko sakontasunetik
behera, baldintza horietan harria
malgutzen hasten baita, eta tenka indar tangentzial
edo ebakidurazkoek ez baitute
gehiago deformaziorik eragiten.
Tenka indar edo presio horiez gainera,
badira beste batzuk ere gorputzen gainaldearen
paraleloan, horizontalean gertatzen
direnak, eta tenka indar tangentzial edo
ebakidurazko deitzen direnak; gerta daiteke
indar horiek haustura atalasez gaindikoak
izatea, eta orduan zabaltze arrakalak,
etenak edo failak eratzea.
Noranzko eta geruzaren aldapa kontzeptuak
ere asko baliatzen dira haitzen
deformazioen ikerketan, geruza bat, faila bat
edo diaklasa bat espazioan kokatzeko. Plano
baten noranzkoa plano horretan den
lerro zuzen horizontal batek ipar magnetikoari
buruz duen angeluari deitzen zaio.
Geruzaren aldapa, berriz, plano horrek eta
plano horizontalak eratzen duen angeluari
deitzen zaio. Klinometro deitzen den tresna
batez neurtzen da.
Deformazioaen mekanismoak
Harkaitzak deformatzen dira bai mineralak, izatez, diren gorputz gotor kristalinoen baitako harremanak
bihurritu eta azkenik hautsi egiten direlako, edo multzo polikristalino baten barne kohesioa galdu egin
delako. Gorputz horien jokaera makroskopiko nagusiak (malgutasuna, plastikotasuna, likatasuna,
hauskortasuna) esperimentu bidez aztertuz gero, aise ikusten da harkaitzen deformazioa iraunkorra izan
dadin, tenka indarraren itxuran behar izaten den energia askoz ahulagoa dela gorputz gotor perfektu bat
deformatzeko kalkulatuko litzatekeena baino. Izan ere, deformazioaren mekanismoak aldez aurretik dauden
akatsez baliatzen dira, edo deformazioa bitartean sortutako akatsez bestela.
Harkaitz baten deformazioak, hortaz, kristalaren barnean dauden akats era askotakoak balia ditzake (kristal
barneko deformazio mekanismoak), edo aleen arteko mugan kokatutako akatsak bestela (kristal arteko
deformazio mekanismoak).
Deformazioan zerikusia duten akats nagusiak