Geografia unibertsala»Geografia
Meteorizazioa
Gradazio prozesuek topografiazko gorabeherak berdintzen eta apaltzen
dituzte, goi-ordokiak higatuz eta beheko lurraldeak betez. Gradazio
prozesuak ibaiek, hormaguneek eta haizeek eragiten dituzte; gainera,
grabitateak zuzeneko eragina du isurialdean aske dauden materialetan.
Gradazio eta grabitate eragileak eraginkorrak izan daitezen, aldez
aurretik atmosferako eragileek deskonposatu eta zatitu egin behar izan
dute gainazaleko haitza. Beraz, gradazioa bi unetan gertatzen den
prozesu bat da; lehenengoz materiala prestatzen du higitu ahal izateko,
meteorizazioa eragiten du, alegia; eta, bigarrenez, higadura eta
degradazio bidezko erreakzioa eragiten du, eta geroztikako metatzea
eta agradazioa ere bai.
Meteorizazio prozesuetan bazter batetik besterako aldeak ez dira
jatorrizko haitzaren konposizioan dauden aldeak bezain handiak, hau
da, edozein puntu geografikotan meteorizazio lastertasuna meteorizatu
beharreko haitz motaren araberakoa da, batez ere, kontuan hartuz
egitura, klima, landaredia eta denbora konstanteak direla ia. Haitz
batzuk beste batzuk baino errazago desegiten dira; desberdintasun
horri meteorizazio diferentziala deitzen zaio. Meteorizazio
diferentzialak higadura diferentzialerako prestatzen ditu haitzak,
eta horrek, bere aldetik, eredu topografikoak lantzen ditu azpiko
haitzaren egituraren eta motaren arabera.
Meteorizazioa
Meteorizazioa aurrebaldintza da gradazioak
egiaz eragina izan dezan; berez, prozesu
kimiko eta fisikoen bidez haitz gotor
bat hondoratu eta barnetik desegitea da.
Deskonposatze horrek zati-zati egiten ditu
haitzak. Prozesu fisikoen eta kimikoen eragina
biena batera gertatzen bada ere, horien
azterketa bakoitza bere aldetik egingo da.
Meteorizazio kimikoak mineralak
eraldatu edo haitzetik banatzen ditu. Mineral
haitzak kimikoki egonkorrak izan
ohi dira haitza sortu zen ingurunean. Baina
prozesu tektoniko batek haitz horiek jaso
eta azaleratzen baditu, higadura gertatuko
da eguratsa ukitzen duten aldeetan. Ingurunea
aldatu egingo da, beraz, eta haitz horretako
mineralek aldaketak izango dituzte
oxigenoa, karbono dioxidoa eta ura ukitzean.
Aldaketa kimikoek haitzaren deskonposizioa
eragiten dute.
Meteorizazio fisikoak, aldiz, haitza
haustea eragiten du, aldaketa kimikorik gabe.
Meteorizazio fisikoa ere, haitza lurraren azalean
dagoelako da eraginkor. Meteorizazio fisikoak
haitza desegitea eta xehetzea eragiten du.
Meteorizazio kimikoa
Haitzaren deskonposatzea oxidazioak,
hidratazioak, karbonatazioak eta disoluzioak
eragiten dute. Meteorizazio prozesuetan,
oxigenoa eta beste elementu edo mineral
batzuk elkarrekin lotu eta oxidoak eratzeari
deitzen zaio oxidazio. Oxidatutako materiak
elektroiak galtzen ditu eta oxigenoak
irabazi egiten ditu. Burdinazko konposatuak
dauzkaten haitzetan, oxido ferrikoa errazago
eratzen da urik baldin bada. Silikato ferromagnesikoak
oxidatzen direnean, silikato
egitura hausten da; burdina hutsean edo
burdina oxidoetan aldiz, mineral bigunagoak
eta bolumen handiagokoak sorrarazten
ditu.
Hidratazio kontzeptuak mineralen kristalen
azalean ur molekulak atxikiz gertatzen
den ur xurgatzea nahi du esan. Feldespato
arruntean hidratazioak buztina sorrarazten
du azkenean, hidrolisi bidez (meteorizatutako
gaiari uraren elementuak gehituz gertatzen
den meteorizazio kimikoari deitzen
zaio hidrolisia). Hidratazioak mineralarenegitura ahultzeaz gainera nabarmen handitu
ohi du haren bolumena. Burdinaren oxidazioak
hidratazioa ere aldi berean ekarri
ohi du; horrelakoetan, burdinazko gauzakietan
sortzen den herdoila burdina oxidoaren
eta xurgatutako uraren konbinazioa
izan ohi da. Herdoil hori jatorrizko burdina
baino osagai ahulagoa da, eta bolumen handiagokoa.
Karbonatazioa, feldespatoko kaltzioa
edo potasioa lur azpiko uretako karbono
dioxidoarekin kaltzio edo potasio karbonatoak
emanez konbinatzen direnean gertatzen
da. Sustantzia karbonatodun berri horiek
jatorrizko mineralek baino leku gehiago
hartzen dutenez, geratzen diren jatorrizko
mineral haitzetan presioa eragiten dute.
Sustantzia berri horiek ere errazago eramaten
ditu lur azpiko urak disoluzioz.
Disoluzioa beste mota bateko meteorizazio
kimikoa da. Mineral batzuk, sodio
kloruroa edo gatz arrunta, esate baterako,
disolbagarriak dira ur gezatan; kaltzio karbonatoa
eta antzeko beste batzuk, aldiz,
azido karbonikoaren disoluzio ahul batean.
Azido karbonikoaren disoluzio hori, eguratsetik
edo materia organikotik datorrenkarbono dioxidoa urarekin nahasten denean
sortzen da. Azido karbonikoak kaltzio karbonatoarekin
erreakzionatzean gatz bat
sorrarazten du, kaltzio bikarbonatoa; gatz
hori oso disolbagarria da uretan. Disolbatutako
mineralak lur azpiko urak edo ibaietako
urak eraman ditzakete disoluzioan.
Prozesu horri disoluzioa edo irazkitzea deitzen
zaio. Disoluzioak ahuldu egiten du haitza,
mineralak galtzean; mineral disolbagarriz
osatutako haitzak desagertu eta guzti
egin daitezke erabat.
Normala denez, meteorizazio kimikoak
hezetasun handia behar du eraginkorrago
izateko. Tenperatura handiek ere eragin
horixe bera dute, erreakzio kimikoak bizkorrago
gertatzen baitira tenperaturak gora
egiten duenean. Horrenbestez, klima aldakuntzek
alde handiak eragiten dituzte higadura
kimikoaren indarrean. Higadura hori
bizkorragoa eta osoagoa da tropiko epel eta
hezeetan. Baina tenperatura apaltzen deneanedo euri kopurua gutxitzen denean,
meteorizazio kimikoa apaldu egiten da, eta
meteorizazio mekanikoak eragin handiagoa
izaten du hark baino.
Meteorizazio fisikoa
Haitzaren desegitea haitzaren beraren
hedatzez gerta daiteke; hedatze hori eragiten
duten arrazoiak era askotakoak izan daitezke:
gainean duen karga kentzeak dakarren
presio aldaketa, beroak eragindako hedatze
eta uzkurtzea, kristalen hazkuntza edo
jarduera organikoa. Karga kentzea, haitza
jaso eta haitzaren gainean hura estaliz zegoen
material geruza lodi bat higadurak
jaten duenean, hark eragiten zuen presioa
galtzean gertatzen da. Azalera ateratzen den
haitza zertxobait hedatu eta bolumen handixeagoahartzen du, bestelako haitzekiko
loturan xaflak eratzen dira eta tipula baten
gisako geruza esferikotan banatzen da. Lotura
horiek askoz ere nabariago ikusten dira
haitz kristalino handietan; horrelakoetan
azalari buruz paralelo egon ohi dira, eta
zenbat eta barrenerago orduan eta bereziago
egon ohi dira lotura horiek. Haitz nagusiaren
azaleneko geruzen haustura eta banaketa
horri exfoliazio eta orrikatzea deitzen
zaio.
Hedatze eta uzkurtze termikoa Eguzkiak
eragindako berotzearen eta gaueko
hoztearen ondorioa dira. Zientzialarien
ustez, haitz kristalinoen exfoliazio xehea eta
pikor desintegrazioa eragiten ditu prozesu
honek. Eguzkiak eragindako berotzea askoz
eraginkorragoa izaten da basamortuetan,
horrelako lekuetan hodei gutxi izaten
baita, ur lurrun gutxi airean, eta landare
urri, gainera, haitzak eguzki izpietatik babesteko.
Lurra normalean lehor egoten
denez, Eguzkitiko irrada gutxi erabiltzen da
ura lurruntzen, eta irrada gehiena kanpoan
dauden haitzak berotzen eralgitzen da horrenbestez.
Haitzak beroaren eroale txarrak
dira eta gainazaleko geruza fin batean kontzentratzen
da Eguzkitik datorren energia;
horrela oso tenperatura handietaraino berotzen
da haitzen gainazala. Gauean zehar
gainazaleko beroak bizkor ihes egiten du
egurats lehor eta oskarbira, eta haitzaren
gainazala hoztu egiten da. Oso tenperatura
alde handiak izaten dira basamortuan,eta oso bizkor gertatzen dira, gainera, aldaketa
horiek.
Egunez haitza berotzen eta gauaz hozten
den heinean mineralaren barneko kristalen
hedatze eta uzkurtzeek barne indarrak
eragiten dituzte gainazaletik hurbilen
dauden pikorretan. Ikerlari batzuen ustez,
barne indar horiek luzaro errepikatzeak
haitz pikorretan desegin eta xehetzea eragiten
du.
Baliteke haitzaren gainazalaren tenperaturaren
eta haitzaren barruko tenperaturaren
artean alde handiak eragiten duen
indarra izatea gainazala, denboraren
joanean, geruza finetan zartatzearen arrazoietako
bat. Mineral pikorrak eta exfoliazio
geruzako zati txikiak, haitzaren oinaren
inguruan biltzen dira eta han geratzen dira
denbora batez, hezetasunik ez dagoenez
hurrengo xehetze aldera arte denbora joan
daitekeelako.
Izotzaren edo gatz kristalen gehikuntzaren
eraginez haitza hedatzeak ere haitzak
hautsarazten eta xehetzen ditu. Izotz kristalen
hazkuntzak aise era ditzake ziriak haitzetan,
arrakala edo lotura edo diaklasa asko
dituzten haitzetan batez ere. Ura pitzadurahorietan barrena sartzen da, eta izoztearekin
batera dilatatu egiten da. Horrela presio
nabarmena egiten du haitzean eta hausturak
zabaldu egiten dira. Ura berriro urtzen
denean, barrurago sartzen da haitz
barnean. Berriro ere izoztean, leku sakonagoan
berritzen du haitzari eragiten dionpresioa eta azkenean haitza apurtu egingo
da une batean. Prozesu horri gelifrakzioa
deitzen zaio. Gelifrakzioa oso gertaera
ohikoa da latitude ertainetan, horietan oso
maiz eta bizkor gertatzen baitira izozteak
eta urtzeak neguan zehar. Latitude apaletan
ez da izotzik agertzen, oso leku altuetan
izan ezik; latitude altuetan, berriz, izozte/urtze
txandakatzea udaberriko eta udazkeneko
aldi laburretan baino ez da gertatzen.
Nolanahi ere, gelifrakzioak berebiziko
garrantzia du bai oso toki garaietan eta bai
latitude garaietan ere, zeren meteorizazio
kimikoak ez baitu ia eraginik izaten tenperaturak
hotzak direnean eta ura izoztuta
dagoenean.
Gatzaren kristalizazio bidez haitza xehetzea
ere gauza ohikoa eta arrunta da klima
idor eta erdi idorra duten lekuetan. Lehortea
den garaian urak hare-harrien eta beste
haitz porotsuen gainazalera jotzen du kapilaritatez.
Ur hori lurruntzen den heinean,
gatzezko kristal txikiak eratzen dira, eta denboraren
poderioz, kristal horiek haitzaren
gainazaleko harea pikorrak ateratzen dituzte.
Jarduera organikoa da beste meteorizazio
fisiko bat. Landare sustraiek eta lur azpian
bizi edo diharduten animaliek ziri gisa
jokatzen dute, egiten dituzten zuloen bidez.
Landare banakek arrakala eta pitzadura bakanetan
ezartzen dituzte beren sustraitxoak;
landarea hazten den heinean, sustraiak ere
hazi egiten dira, eta presioa eragiten dute
haitzaren kontra. Modu horretan aurrez
meteorizazio kimikoak ahulduta daukan haitzari
zati txikitxoak ken diezazkiokete.
Diastrofismo lur azala jasoz, hondoratuz,
tolestuz, apurtuz eta zimurtuz lur azalean
erliebe formak eratzen dituen deformazio
prozesuari deitzen zaio. Lur azala jasotzen
duten indarrek hausturak eta pitzadurak
eragin ditzakete haitz gotorretan. Jatorrizko
haitz masaren zatitze honen eraginez,
diaklasa diastrofikoak meteorizazio mekanikoaren
forma gordin gisa sailka daitezke.Baldintza klimatikoez gainera, badira meteorizazioak eragin
dezakeen lastertasunean eragin nabarmena izan dezaketen beste
faktore batzuk ere, hala nola, isurialde edo hegalen inklinazio
handiagoa, ur laster laminar zabalagoak eta meteorizazio kimikorako
euri ur gutxiago izatea. Usteltzen ari den landare kopuruak
eta motak, eta lurraren gainazaleko animalia hondarrek ere, urarekin
konbinatuko den karbono dioxidoaren kopurua asko handitu
edo urritu dezakete, eta bide batez, konbinazio horretatik eratzen
den eta haitzen meteorizaziorako eragile garrantzitsuena den azido
karbonikoaren kopurua, eta beraz, meteorizazioa, baldintzatzen
dute.
Haitzaren konposizioak ere badu eragina meteorizazio prozesu
baten batez besteko lastertasunean. Kuartzita, esate baterako, era
nahiko uniformean dilatatu eta uzkurtuko da hoztean edo berotzean,
mineral bakar batez osatuta baitago: kuartzoz. Gainera kuar -
tzoa mineral irazterraz samarra da meteorizazio kimikoen eragile
guztietarako. Bestalde, granitoa mineral bat baino gehiagoz dago
osatuta, feldespatoz, besteren artean. Horregatik, granitoa lehenago
higatuko da kuartzita baino, bai klima hezeetan bai idorretan.
Erregolitoa edo haitz mantua
Meteorizazio prozesuen azken produktua haitz xehetuzko eta
higakinezko geruza bat da, erregolito edo haitz mantu deitua.
Geruza horrek Lurraren gainazala estaltzen du, geruza lodiago ala
meheago batez, erliebea osatu duten eragileen arteko desberdintasunen
eta haitz motaren eta lurraren maldaren diferentzien arabera.
Meteorizazio fisikoaren eta kimikoaren bidez, haitza prest
geratzen da mugitzeko, hots, erregolitoa aldapan behera herrestatzeko.
Gainazaleko ibaiek haranen hondoraino eramango dute.