Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Masa higadura

Luizien ondorioak Ataungo Aian.<br><br>

?? Grabitatearen zuzeneko eraginez leku jakinetan gertatzen den material multzo jakinen garraioari deitzen zaio masa higadura. Masa mugimenduaren lastertasuna eta neurria mugatzen dituzten faktoreak garraioan eramaten diren materialen kohesioak, igurtziak eta landareen sustraiak dira. Kohesioa buztin kantitatearen eta buztin motaren eta ur edukiaren araberakoa izaten da, eta masa mugimenduaren hasiera atzeratzeko baizik ezin dezake eraginik izan. Igurtzia material eraldatuaren barne kokalekuaren, eta pikorren tamainaren eta laztasunaren araberakoa da. Igurtzian eragin handia du ura izateak ala ez izateak. Mugimendua abiarazteko, abiatzeko mekanismoren bat behar izaten da normalean. Mekanismo hori bolumen aldaketa bat ere izan daiteke, baina ura izan ohi da eragile nagusia, ura izateak kohesioa eta marruskadura, biak apaltzen baititu.

Masa mugimenduak oso era desberdinetakoak izan daitezke; izan daitezke harri erroizte hutsetik hasi eta lur eremu handiak urrutira eramaten dituzten lerratzeetarainokoak. Izan daitezke lur hondoratze txikiak, eta horien biratze mugimenduak; edo lur isuriak hegal malkortsuetan behera; edo eskualde polarretan beti izoztuta dagoen lurraren solifluxioa; edo baita creeping edo narraste bidez mugitzen diren material multzo ikaragarrien mugimendu egiazko baina geldiak, batere ikusgarriak ez direnak. Masa higidurek hegaletatik haran hondoraino garraiatzen dituzte materialak; han, ibaiek jasotzen dituzte, eta ondoren garraiatzen, material horiek.

Horregatik, bada, zer eratara gertatzen den kontuan hartu gabe ere, garrantzi handiko gaia da masa higidura erliebeko formen azterketarako.Meteorizazioak, bestelako eragilerik ez bada, ez du erliebe forma garrantzitsurik eragiten. Erliebearen itxura nabarmenak erregolitoa bere jatorritik mugitzen denean baizik ez dira sortzen. Erregolito hori mugiarazten duen indarra grabitatearena da, indar horren eragina izan baitaiteke zuzenean gertatzen dena, ala zeharbidez gertatzen dena, ibaien, haizearen eta hormaguneen eraginez, hain zuzen. Grabitatearen zuzeneko eragina, material meteorizatua eta behar besteko aldapa dagoen tokietan, hots, bost gradu baino gehiagoko aldapa dagoen tokietan, gertatzen da. Higidura horri masa higidura edo masa desgastea deitzen zaio.

Isurialde aldapatsuetan aldapa txikiagoetan baino material kopuru handiagoak eta lastertasun handiagoan mugitzen dira, zeren zenbat eta aldapa handiagoa izan, orduan eta hurbilago baitago higiduraren norabidea grabitate indar handiena izango litzatekeen lerro bertikaletik. Aldapak oso malkortsuak direnean haitz geruza handiak askatu eta jausten dira batzuetan, baldin etabaldintzak egokiak badira, eta horren ondorioz hondamendi handiak ere izan daitezke.

Erregolitoa aldapa malkortsuetan arinago higitzen denez, gerta daiteke haitzezko mantu hori aldapa txikiagoa denean baino meheagoa izatea. Aldapa txikiagoko eremuetan erregolitoa astiroago higitzen da, baina etengabe; lekualdatze horren parte txiki bat une oro ari da gertatzen.

Masa higiduraren iraunkortasun hori dela eta, alde batetik, eta, gainera, higidura hori isurialde guztietan izaten denez (oso aldapa txikietan izan ezik), ibaiek eragiten duten higadura bezain garrantzitsua da masa higadura paisajearen degradaziorako. Zalantzarik ez da ibaiarteak higatzeko sistemarik eraginkorrena dela, hain zuzen. Ibaiarte horiek, izenak berak dioen bezala, ibaien artean tokian-tokiko isurialde gisa dauden altuera handieneko eremuak dira; eremu horiek higaduraren eraginez apalduz joaten dira, ibai higaduraren eraginik izan gabe.

Dena den, masaren higidura eta lerratzea behin higiduraren kontrako erresistentzia gainditu denean baizik ez da hasten.

 

Masa desgastean eragina duten prozesuak

Lehenago esan den bezala, aldapatako higiduraren kontrako erresistentziaren eragileak haitzaren kohesioa, igurtzia eta landareen sustraien eusmena dira. Erresistentziaren intentsitatea maldaren araberakoa da. Aldapa malkortsuetan ez dago erresistentzia handirik, eta higatutako materiala berehala hasten da higitzen beherantz. Aldapa txikiagoa izan ahala, erresistentzia handitu egiten da, aldapa hori materialak ez mugitzeko bezain txikia deneraino.

Kohesioa pikorrek batera mantentzeko duten ahalmena da. Ahalmen hori handitu egiten da gai eraldatuzko pikorren tamaina txikitu ahala; kohesiorik handiena buztinak du. Buztina oso garrantzitsua da masa higidurarako, kohesio eragile modura zein eragile lubrifikatzaile gisa joka baitezake. Buztinean dagoen mineral motak eta kopuruak ere badute eragina kohesioan. Buztin mota guztiek kohesio gradu bat duten arren, buztin mota batzuk askoz ere itsaskorragoak dira; kaolinitak, adibidez, ur kopuru txiki samar bat baino ezin du xurgatu; montmorillonitak, berriz, absortzio ahalmen handia du. Beraz, montmorillonitak kaolinitak baino askoz ere ur gehiago xurgatuko du kohesioa galdu aurretik, eta horrenbestez, erregolitoan lotura faktore erabakigarria da.

Igurtziak, aldiz, higiduraren hasiera oztopatzeaz gainera, atzeratu egiten du higidura behin hasi ondoren ere. Igurtzia materialaren barneko presioaren eta pikorren tamainaren eta laztasunaren araberakoa da.

Aldapa gutxiko tokietan oso material trinkotua izatea aski da, bizkor eta erraz mugitzeko; baina geruza eraldatua lodia bada, presioaren emendio horrek pikorrak elkarren kontra estuago presionatzea eragiten du, eta igurtzia handitzen. Erregolitoaren barruko ukitze azalera handitzen denean, igurtzia ere handitu egiten da; pikorrak handiak direnean, txikiak izaten dira ukitze puntuen kopurua eta ukitze azalera. Alderantziz, pikorrak txikiak direnean ukitze kopurua handiagoa da; beraz, marruskadurazko gainazala handitu egiten da, eta baita igurtzia ere, pikorrak lehor dauden bitartean.

Hala ere, pikorren tamaina txikitzen den neurrian ura edukitzeko ahalmena handitu egiten da. Beraz, lurrak hezetasun eduki handia izateak gutxitu egin dezake igurtzia.

Landare sustraiek erregolitoari dagokionez duten eraginak ere oztopatu egiten du masa higidura. Sustrai horiek tamaina nahiko handikoak direnean erregolitoari eusteko gauza izan daitezke, oso eraldatuta ez dagoen haitz baten pean. Nolanahi dela, landare dentsitate handieneko maldetan ere, sustraiek ezin dute masa higidura guztiz eragotzi.

Zuhaitzen sustrai gehienak lur azaletik nahiko hurbil hedatzen dira, eta gutxi batzuk baizik ez dira sartzen metro bateko edo bi metroko sakoneraraino. Aldapa beheranzko migrazioa, sustrai geruzaren azpitik eta leku sakonagoetara sartu direnen artean gerta daiteke. Basoetan euri asko izan ohi denez, ondo bustitako erregolitoa nahiko erraz higitzen da. Landare sustraien eragin garrantzitsuena, azaletik hurbil daudenena bereziki, irazle modura jokatzea da, eta horrela pikor xehearen higidura erraztu eta zati handienena atzeratu edo blokeatzea.

Grabitatearen eraginak etenik ez duen arren, kohesioa, igurtzia eta sustraien eusmena gainditzeko eta higidura hasteko, bestelako eragileren baten bultzada behar izaten da. Igurtziari eta kohesioari dagokienez, masaren bolumen aldaketa bat izan daiteke hasierako mekanismo edo abiarazle hori.

Bolumen aldaketak higidura txiki baina behin eta berriz errepikatuen bidez gertatzen dira. Bolumen aldaketa horiek hainbat arrazoiren eraginez gerta daitezke.

Egunetik gauerako tenperatura aldaketek dilatazio eta uzkurtze etengabeak eragiten dituzte. Eskualde hezeetan, lurrak puztu egiten dira hezetasuna xurgatzen duten neurrian, eta lehortzen direnean, uzkurtueta hautsi egiten dira. Latitude altu eta ertainetan, lurreko hezetasunaren izozteen eta urtzeen txandakatzeak erregolitoa dilatatu eta uzkurtu egiten du. Bolumen aldaketa horiek guztiek erregolitoa aldapan behera mugitzera behartzen dute.

Igurtzia ere murriztu egin daiteke meteorizatutako geruza urez hanpatzen denean.Ur kopuru handiak pisua handitu ez ezik, lubrikatzaile modura ere jokatzen du, eta erregolitoko pikorrak elkarrekiko lotura gutxiagoz biratu ahal izatea errazten du.

Animalia handien oinatzek, ibilgailu astunen pasaerak eta higidura sismiko batek ere abiaraz dezakete masa higidura erregolitoan.

 

Masa higidurak

Materiala jausiz, biraka eginez edo labainduz, edo baita isurkari gisa, edo modu horietako bat baino gehiagoren konbinazioz ere irrista daiteke aldapan behera. Erortze bidezko masa higiduren artean higakinen erroiztea, luiziak, hondoratzeak, lur korronteak, solifluxioa eta creeping edo narrastea bereizten dira.

 

Higakin erroiztea

Higakin erroiztea da masa higidurarik sinpleena. Mugimendu mota honetan, pikor bakanak erortzen dira maldan behera. Erortzen diren zatiak tamaina askotakoak izan daitezke, hasi harea pikorretatik eta izugarrizko harri koskorretaraino. Higakinen erroiztea, harkaitzetako aldapa malkortsuetangertatzen da batez ere, haietan meteorizazioak pikorrak haitzetik erauzten baititu.

Horrelako batzuetan haitzetik eroritako zati horiek higakin kono bat edo higakin ezponda bat eratzen dute harkaitzaren oinaldean.

Ezaugarri horiek oso arruntak dira aldapa malkortsu eta haitztsuak diren guztietan.

 

Luiziak

Luizia masa higidurarik ikusgarrienetako bat da. Luizietan material kopuru izugarriak irristatzen eta erortzen dira maldan behera, lastertasun handiz. Irristatze horiek mendi malkorretako maldetan edo ibai batek ebakitako aldapetan, edo baita errepideak edo trenbideak egiteko eragindako indusketetan ere gertatzen dira. Bestalde, geruzatze inklinatuko aldapetan edo diaklasadun haitzetan ere gerta daitezkeirristatze horiek. Horrelakoak gertatzen direnean, irristatzea abiatzeko, geruzak edo diaklasek aldaparen zentzu berean egon behar dute etzanda. Geruza inklinatuak luizi eroale onak dira, haitz hauskorrak dituztenean, arbel buztintsuko geruza finak hare-harrizko geruza lodien artean estratifikatuta daudenean, adibidez. Meteorizazioak arbel buztintsua ahultzen badu edo urez lubrifikatzen bada, gaineko hare-harriaren pisua nahikoa izan daiteke masa osoa apurtzeko eta maldan behera labaintzeko.

 

Hondoratzeak

Hondoratzea irristatze mota bat da. Kasu honetan haitza harkaitzaren ertzean zehar hausten da eta maldan behera amiltzen da biraketa higidura batez. Hare-harrizko masa geruza bat arbel buztintsuaren edo buztin askoko haitz sedimentarioen gainean dagoenean gertatzen dira hondoratzeak. Azpiko haitza hezetasunaren eraginez ahultzen bada, edo higaduraren eraginez higitzen bada, gaineko haitza hautsi eta bloke handi batean irristatuko da beherantz, eta aldaparen gainazal kurboan zehar atzerantz okertuta geldituko da.

 

Lur isuriak

Lur isuriak hezetasunez aseta dauden aldapa malkortsuetan gertatzen dira batez ere. Urez bustitako erregolito masa handiak irristatzen eta isurtzen dira maldan behera ; isuri horrek iraun dezake minutu batzuk edo ordu batzuk. Materialak gailurretik askatu eta eroriz joaten dira , goiko aldean goilara itxurako harkaitz eten bat utziz.

Ondoren isuri egiten dira maldan behera , maldaren beheko aldean gainazal zimurtuko kurbadura irregular bat sortu arte. Lur isuriek hektarea osoak ere har ditzakete , eta materialen arabera hedadura izugarria izan dezakete.

 

Solifluxioa

Solifluxioa edo lohi isuria artiar eskualdeetan gertatzen den luizi mota berezi bat da. Leku horietan lurpea izoztuta egoten da beti. Udan lurreko azal-azaleko izotza urtu egiten da eta urtutako geruza hori urez hanpatuta geratzen da. Azpiko lurra izoztuta dagoenez, ura ezin daiteke beherantz hustu.

Horrenbestez, urez hanpatuta dagoen geruza hori oso-osorik mugitzen da maldan behera astiro-astiro; zati batzuk, ordea, besteak baino bizkorrago higitzen dira, eta itxura zimurtuko gainazal bat eratzen dute.

Solifluxioa Artiar lurraldetik kanpo ere gertatzen da, lurpeak buztin asko duenean. Horrelakoetan, buztinezko geruzak drenajea edo lurreko uraren iraztea galarazten du, eta horrenbestez urez hanpatuta dagoen geruza maldan behera higitzen da, artiar eskualdetan gertatzen den bezalatsu.

 

Creeping-a edo narrastea

Creeping esaten denean erregolito osoa geldiro-geldiro maldan beherantz higitzen dela esan nahi da. Lurrez estalita dauden malda gehienetan gertatzen da, baita bost gradutaraino ere iristen ez diren aldapetan ere. Higidura honek erregolito masa osoari etengabe eragiten dionez, denbora tarte luzebatean zehar tokiz aldatzen den materialaren bolumen osoa izugarria izaten da, eta bestelako masa higidura guztiek baino eragin handiagoa du.

Creeping-a materialaren bolumen aldaketen ondorioa izaten da. Bolumen aldaketa horiek materialaren txandakako lehortze/bustitze, berotze/hozte edo izozte/urtzeen ondorioz gerta daitezke. Txandakako izozte / urtzeak geliturbazio edo krioturbazio deitzen zaion ondorio gehigarria izaten du. Lurreko partikulak maldarekiko angelu zuzenean altxatzen dira izoztean , eta bertikalki erortzen urtzean. Horrela , gainazaleko materialen jatorrizko garraio gradual bat eragiten du horrek..

Creeping-ari laguntzen dioten indarrek eraginkortasun handiagoa dute lurraren gainazalean azpian baino. Lurra beroaren eroale txarra denez , eguzki beroaren eta gaueko hoztearen eraginez erregolito gehiago dilatatzen da egunez eta uzkurtzen gauez lurraren azalean , azpian baino ; eta zenbat eta azpirago , oso bizkor berdintzen dira dilatazio eta uzkurtze horiek.

 

Masa higiduren proportzio aldeak

Masa higidurak eskualde klimatiko guztietan gertatzen dira, gutxieneko aldapa batetik gorako malda duten aldapa guztietan.

Baina higidura kantitatea oso desberdina da toki batetik bestera. Eskualde mediterraneoetan adibidez, neguak hezeak dira eta udak lehorrak. Hori dela eta, masa higidura handiagoa da neguan, erregolitoan hezetasun kantitate handia dagoenean.

Higidura gehien den aldia klimaren arabera nabarmenki aldatzen den bitartean, higidura moten arteko desberdintasunak ezin dira hain erraz lotu klimarekin. Erregolito geruza bateko buztin mota eta kantitatean, klimaz gainera, jatorrizko haitzak, erregolitoa dagoen malda graduak, erregolitoa estaltzen duten landare motek eta meteorizazioaren iraupenak ere eragin handia dute.

 

Masa higiduraren garrantzia

Masa higidurak indar gehiagoz ala gutxiagoz etengabe eragiten duenez, ibaiarteak higatzeko modu garrantzi handikoak dira; higidurak haranaren hondoraino garraiatzen ditu aldapetan meteorizatutako higakinak, eta han ibaiek jaso eta kanpora garraiatzen dituzte. Ubidearen ertzetatik higadurak ziri formako zatiak kentzen dituelako izaten du hain zuzen, zehar epaian, V forma ibai haranak, eta higadura hori masa higiduraren eraginez sortzen da batez ere. Uraren gainazaleko ur laster laminarrak (ibaietako ur laster mota berezi bat da) masa higidurarekin batera dihardu, ziur aski, maldak apaltzeko. Baina hori eurite handietan baizik ez da gertatzen, eta ez du masa higidurak bezain garrantzi handirik.