Geografia unibertsala»Geografia
Metamorfismoa eta haitz metamorfikoak
Metamorfizazio prozesuak haitzen osaera eta ehundura baldintza
berrietara egokitzeko gertatzen dira.
Baldintza berri horien arabera atomoen kokaleku kristalinoa
eta beren arteko konbinazio modua aldatu egiten dira,
eta prozesu horietan tipikoak diren mineral berriak sortzen.Haitz metamorfikoak lehenagotik existitzen ziren
beste haitz batzuetatik sortzen dira,
presioaren eta tenperaturaren igoeraren eraginez.
Presio eta tenperatura igoera horiek
arrazoi desberdinek eraginak izan daitezke.
Aldaketa horiek mailaz mailakoak direnez
eta eragileen ekintzak ?bakarka edo taldeka? asko direnez,
horietatik sortzen diren emaitzak ere askotarikoak dira.
Horrexegatik, hain zuzen,
haitz metamorfikoen azterketa aski korapilotsua da.
Metamorfismo kontzeptua
Materialak lur azaleko geruza sakonenetara
hondoratzen direnean, gai horiek
urtu eta bertako magma batean barnera
daitezke. Hala ere, azken egoera hori ez
da nahitaezkoa; materialek tarteko eraldatze
multzo bat izaten dute, eta horien eraginez
ehundura edo osaera aldatzen zaie.
Gaiak urtzeraino heldu aurreko transformazio
multzo horri metamorfismoa deitzen
zaio.
Metamorfismoa, beraz, haitz batek bere
sorrerako baldintzak aldatzean duen prozesu
multzoa da, prozesu horiek barne eragileek
sortuak izaten dira, eta horietan haitzaren
osagarriak ez dira ez desegiten ez
disolbatzen, ez erabat eta ez aldez. Definizio
horrek bi muga ditu. Lehenengo muga
kanpo eragileek ez parte hartzea da, beraz
meteorizazioa eta diagenesia ezin metamorfismo
prozesutzat har daitezke. Bigarren
muga da prozesu horien eraginez haitzaren
osagairik ez desegitea eta ez disolbatzea;
horrenbestez, metamorfismoak gorputz
gotorrei dagozkie, eta horrexegatik
hain zuzen baldintza jakin batzuetan baizik
ezin daiteke gertatu.Metamorfismo prozesuak edozein haitz
motatan gerta daitezke, baita aldez aurretik
haitz metamorfikoak zirenetan ere,
baldin eta lehendiko baldintzak aldatzen
badira. Metamorfismoa baldintzak aldatu
eta urtze baldintzetara hurbiltzen diren heinean
gertatzen diren transformazioen katea
da.
Beraz, metamorfismoak baditu goitik eta
behetik baldintzatzen duten muga bana.
Tenperaturaren behe muga ehun eta berrogeita
hamar gradu zentigradu ingurukoa da
eta goi muga zazpiehun eta bederatziehun
gradu artekoa. Goi muga presioaren eta haitza
eratzen duten gaien fusio puntuaren
mende dago.
Metamorfismoaren eragileak
Metamorfismoa hiru faktoreren mende
dago: tenperaturaren mende, presioaren
mende eta bertan kimikoki aktibo diren
jariakariak izan ala ez izatearen mende. Hiru
faktore horien eragin bateratuak baldintzatuko
du emaitza.
Tenperatura, batetik, gradiente geotermikoaren
mende dago. Gradiente geotermikohorrek, zenbat eta gehiago sakondu,
kilometroko hiru gradu zentigradu
egiten du gora. Beraz, material bat lurrean
barruratu ahala, tenperaturek gora egiten
dute. Bestetik, haitz masak albotik mugitzen
direnean bero gehiago sortzen da, eta
orduan materialen tenperatura igo egiten
da leku batzuetan.
Tenperatura igoera honek bi ondorio
ditu, haitza osatzen duten zatikien barne
energia igotzen delako.
Alde batetik, errazago gertatzen dira
gainerako gai elkartuekiko erreakzio kimikoak
eta, beste aldetik, zatiki horiek egitura
kristalino berri bat eratuz ordenatzen
dira berriro. Presioa ere, lehen-lehenik behintzat,
materiala dagoen sakontasunaren
araberakoa da, berez. Gainean dituen materialen
masak oinarrizko presioa edo presio
litostatikoa eragiten du.
Zirrikitu arteko isurkariek ere jariakari
presioa deitzen den presio osagarri bat sorrarazten
dute. Presio mota horien baturari
presio estutzaile deitzen zaio. Presio hori
bar banakotan adierazten da, hots, kilogramo
zentimetro koadroko (Kg/cm 2 ) banakoan.
Presio horri, batzuetan, presio dinamiko
izenaz ezagutzen dena gehitu behar
izaten zaio. Azken hori materialak lekualdatzearen
eraginez sortzen da.
Metamorfismo motak
Metamorfismoan parte hartzen duten
eragileen, materialen eta prozesua gertatzen
den moduaren arabera, hainbat metamorfismo
mota desberdin bereizten dira.
Metamorfismoaren eragile bakarra tenperatura
denean, presioaren eragin adierazgarririk
ez denean alegia, metamorfismo
termiko deitzen zaio. Metamorfismo
mota hori intrusio igneoetan gertatu ohi
da, intrusio horiek inguruko eremuko tenperaturak
igoarazten baititu. Arrazoi horregatik ukitze metamorfismo ere deitzen
zaio.
Metamorfismoaren eragile bakar edo
nagusia presioa denean, aldiz, bi motako
metamorfismoak gerta daitezke. Zama metamorfismo
deitua, gaineko materialen
masaren eraginez sortutako metamorfismoa.
Dinamometamorfismoa, berriz, bloke
hautsiak higitzean sortutako tentsioak eragindako
presioz sorturiko metamorfismoa
adierazten du; metamorfismo mota horri
presio metamorfismoa edo metamorfismo
kataklastikoa ere esaten zaio.
Tenperaturak eta presioak batera eragiten
dutenean, azkenik, metamorfismo dinamotermikoa
edo eskualdeko metamorfismoa
gertatzen da. Metamorfismo mota
honek eskualde zabaletan izan ohi du eragina;
horregatik ematen zaio, hain zuzen
ere, eskualde metamorfismo izena. Orogenia
prozesuekin batera agertzen da gehienetan.
Prozesua gertatzeko eraren arabera,
metamorfismo progresibo, autometamorfismo
eta erretrometamorfismo izeneko
prozesu jarraituak bereizten dira. Lehenengoa,
metamorfismo progresiboa, da
ohikoena eta metamorfismo horretan partediren faktoreen intentsitatea handituz
doanean gertatzen da. Bigarrena, autometamorfismoa,
aldiz, masa igneo bat hozten
ari den bitartean gertatzen da, masa igneoaren
hondar jariakorren eraginez. Hirugarrena,
erretrometamorfismoa, azkenik,
faktoreen intentsitatea jaisten doanean gertatzen
da. Honen eraginez, materialek forma
berriak har ditzakete.
Materialek metamorfismo prozesu bakarra
izaten dutenean, monometamorfismoa
deitzen zaio prozesu horri; metamorfismo
prozesu bat baino gehiago izaten
dutenean, aldiz, polimetamorfismoa dela
esaten da. Azkenik, metamorfismoa izan
duten haitzek inguruko haitzetako materialik
bereganatzen ez dutenean, prozesu isokimikoa
izan dela esaten da eta kanpoko
materiala bereganatzen dutenean, aldiz,
metasomatismoa.
Metamorfismoa
Metamorfismoa harriaren mineralen, aldatu
den baldintzaren eta baldintza aldaketak
gertatu diren moduaren araberako
prozesu progresiboa da. Tenperaturari dagokionez,hirurehun gradu zentigradutatik
behera ez da metamorfizazio prozesurik
gertatzen, molekulek ez baitute behar
besteko erreakzio gaitasunik. Tenperatura
horretatik gora, zenbat eta gorago
orduan eta gehiago eragiten die tenperaturak
haitza osatzen duten mineralei, eta
geroagoko aldietan, metamorfismoz sortutako
mineraletan beretan ere eragin dezake
tenperaturak.
Presioari dagokionez, materialak beste
era batera antolatzeaz gainera, zirrikituetako
daitezkeen jariakariak kanporatzea
da presioak duen eraginik garrantzitsuena.
Jaraiakari horiek, kanpora bidean,
osagai jakin batzuk herrestan eraman ditzakete,
eta horrela, prozesu hori gertatzen
den haitza osagai horiez pobretzen eta
osagai horiek beste toki batean pilatzen
dira.
Kasu batean zein bestean, badira muga
jakinak metamorfizazio prozesuak gertatu
ahal izateko. Baldintzak gutxieneko mugaren
ingurukoak direnean, mineral batzuk
baino ez dira eraldatuko, eta behe mugatik
zenbat eta gehiago urrundu, hainbat
eta mineral gehiagok izango du metamorfizazioa.
Haitz metamorfikoen sailkapena
Haitz metamorfikoen sailkapenerako
irizpide klasikoek ?gaur egun ere hauek
dira nagusi? haitza bera sortu deneko haitzaren
arabera sailkatzen dituzte haitz metamorfikoak.
Horri jarraituz, bost talde nagusi
bereizten dira, jatorrizko haitzak buztinak,
konglomeratuak, sedimentu karbonatodunak,
haitz igneo azidoak ala haitz igneo
basikoak diren.
Talde horietako bakoitzak baditu bere
azpi sailkapenak ere, bere sorrerarako gertatu
den metamorfismo prozesuaren arabera.
Haitzak izan duen metamorfismo prozesu
horrek berak ezaugarritzen du haitzaren
ehundura.
Sailkapenerako beste irizpide bat, Albert
Streckeisenek 1964an proposaturikoa da.
Sailkapen hori haitzak osagai batzuetatik
?kasu honetan aluminio, burdina, kaltzio eta
sodio oxidoak? duen proportzioan dago
oinarrituta.
Gaur egun haitz metamorfikoak sailkatzerakoan,
ahal dela, paragenesia ere ?mineralak
zein ordenatan agertzen diren eta
nola taldekatzen diren? kontuan hartzen da.
Horrela, material jakin batzuen multzoak
(facies deituak) definitzen dira. Horretarako
oinarrizko abiapuntutzat hartzen da, jakina,antzeko materialek antzeko baldintzetan
jarriz gero antzeko emaitzak ematen
dituztela.
1915ean Finlandiako Petrologia Eskolak
honela definitu zuen bezala, facies metamorfikoa
mineral jakin batzuk izateak ezaugarritzen
duen haitz multzoa da. Eskolak
ezarritako bederatzi facies metamorfikoetako
bakoitza, baldintzen aldakuntza tarte
batek bereizten du. Aldakuntza tarte horiek
metamorfismo mota jakin batekin, eta orobat
nagusi den haitz mota batekin erlazionatuta
daude.
Haitz metamorfikoen ehundurak
Haitz metamorfikoen ehundura bereziki
nahasi eta korapilotsua da, jatorrizko haitzek
berek ere jatorrizko ehundura bereizgarria
baitute. Batzuetan, jatorrizko ehundura
haitz metamorfizatuan galtzen ez denean,
hondar ehundura deitzen zaio.
Hala ere, metamorfizazio prozesuak ere
eragina izaten du, eta ehundura bereizgarriak
sortzen ditu. Ehundura horiek metamorfizazio
prozesuan zehar sortzen direnean,
tipomorfo esaten zaie. Eta azkenik,
metamorfismoaren ondoren ere sor daitezke
gehigarrizko ehundura bereizgarriak, tenkadura
tektonikoen ondorioz normalean.
Formazio metamorfikoak
Metamorfizazio prozesu garrantzitsuenak,
bai beren hedapenagatik eta bai sorturiko
mineral berrien kopuruagatik, eskualde
metamorfismoak dira, eremu orogenikoetan
gertatzen direnak. Eremu orogeniko
horietan, presioa eta tenperatura mailaz
maila eta modu nabarmenean aldatzen
dira; baldintza horien ondorioz materialetan
sortutako aldaketek ez dute uzten jatorrizko
haitza zein den ezagutzen.
Metamorfizazio prozesuetan hiru aldi
bereizten dira, elkarren ondoz ondokoak:
metamorfizazio apala, metamorfizazio ertaina
eta metamorfizazio bizia. Aldi horiek hiru
presio eta tenperatura mailari dagozkie.
Dudarik gabe, presio eta tenperatura maila
horien arabera, mineral bat ala beste bat
agertzen dira.
Eskualde metamorfismoa askotan mendikate
handien ardatz aldean agertzen denez,
mendikate horiek higadurak jaten dituenean
eta presio isostatikoak jasotzen
dituenean geruza metamorfikoen zerrendak
azaleratzen dira. Haitz metamorfikozko segida
horiek zerrenda gisa agertzen dira ordenatuta;
zientzialariek errazago aztertu ahal
izaten dituzte horrela.
Ukimenezko metamorfismoak edo termometamorfismoak
ere antzeko egiturak
sorrarazten ditu, baina ez dira beste horiek
bezain hedatuak, eta haiek ez bezalako
materialez eratuak dira gainera. Kasu
honetan, gorputz intrusiboaren inguruan
zisku edo uztai metamorfiko bat sortzen
da. Uztai horretan, intrusiora hurbildu
ahala, metamorfismo maila ere neurri
berean handitzen da. Uztai horren handitasuna
edo loditasuna masa intrusiboaren
tamainaren eta tenperaturaren, eta
material ostalariaren konposizioaren mende
dago. Kasu honetan ere, higaduraren
eraginez material metamorfikoen segida
agerian azal daiteke, eta era horretara aztergarri
izan.
Azkenik, dinamometamorfismoak presio
eragilearen eraginez tentsio handiko
egitura metamorfikoak sorraraziko ditu.
Kataklasi edo zartatze esaten zaion prozesu
honen eraginez sortutako formazioek aldaketak
izango dituzte jatorrizko ehunduran.
Jatorrizko materiala gogorra denean,
granitoa esaterako, metamorfizatu ez ezik,
birrindu ere egiten da; eta gai plastikoa
denean, aldiz, buztina adibidez, tolestu
egingo da, zertxobait zartaturik. Materialen
higidura horiek material multzo handitan
gertatzen direnez, metamorfismoaren
eragina eremu aski zabaletan gertatzen da,
kasu honetan ere, higidura orogenikoekin
lotuta.