Geografia unibertsala»Geografia
Mineralak
Mineral motak hain askotarikoak izanik, betidanik izan du gizonak gai horiek sailkatzeko eta sistematizatzeko gogoa, eta ahalegin asko egin izan ditu horretarako. Hala ere, horretarako erabili izan diren irizpideek ez zuten oinarri zientifikorik. Kimikaren aurreramenduak mineralen izaera kimikoan oinarritutako bide zientifikoago bat ezartzeko baldintza hobeak ekarri zituen, are gehiago, mineralen barne egitura ezagutu ahal izateko teknikak ugaldu eta hobetu direlarik, gaur egungo Strunzen sailkapen kristalokimikoa ezartzeko informazio osagarria ekarri zuten. Strunzen sailkapen honetan mineralak bederatzi klasetan banatzen dira, aldi berean irizpide kimiko eta egiturazkoen araberako kategoriatan banatzen direnak.
Mineralen garrantzia
Mineralen sailkapenak eta haien ezaugarri
komunak eta bereziak aztertzen hasi
aurretik, kontuan hartu beharra dago paisajea
tankeratzen duten azpiko sustratuak
mineralogiaren eta egituraren aldetik berdinak
ala era askotakoak izateak baldintzatzen
duela Lurreko paisajea berdina edo era
askotakoa izatea. Beraz, garbi dago zer
nolako garrantzi handia duen azaleko egitura
osatzen duten haitzen tankerak eta
haitz horiek zer eratara antolatuta dauden
jakiteak
Minerala materia homogeneo, natural,
gotorrezko puska bat da; alegia, bere alde
guztietan ezaugarri berberak ditu. Mineralak
ondo definitutako elementu edo gai
elkartu kimiko homogeneoak dira. Batzuetan
elementu soilak dira, sufrea, urrea edo
karbonoa, esaterako; bestetan, gehienetan
hain zuzen, gaien elkarketa batetik sortuak
dira. Gatz arruntean adibidez, sodio eta
kloro gai bakunak daude konbinaturik,
eta NaCl formularen bidez adierazten da
elkarketa; kuartzoak SiO 2 formula du eta
igeltsuak CaSO 4·2H 2O. Horren bidez frogatu
nahi da mineral jakin batzuk elementu kimiko
askoren arteko konbinazioz osaturiko
gai elkartu oso konplexuak direla. Minerala
izateko, beraz, konposizioa eta tasunak
mineral osoan beti berdinak izatea da gauzarik
garrantzitsuena.
Bi mila mineral inguru ezagutzen dira,
baina horietako ehunen bat dira ugarien
edo zabalduenak; mineral batzuk hiruegoera fisikoetan ager daitezke (gotor, isurkari
eta gas egoeretan), ura esaterako; beste
batzuk isurkari egoeran (merkurioa adibidez)
edo gas egoeran (sumendietako mofetak
adibidez) baizik ez dira agertzen. Lurraren
gainaldeko formak aztertzen dituenarentzat
(geomorfologoarentzat) eta ingurune
fisikoaren eta giza jardueraren arteko
harremanak aztertzen dituen analistarentzat
(geografoarentzat) gorputz gotor erako mineralak
dira interesgarrienak. Interes hori
Paleolitikoan sortu zen, gizakiak konturatu
zirenean haitz eta mineral banaka batzuk
baino ez zirela tresnak egiteko egokiak,
suharria edo silexa bereziki. Geroago, kobrea
eta urrea izan ziren erabili zituzten lehenengo
metal berezkoak, bai lanabes eta
bai apaingarri gisa. Horiez gainera, kareharria,
kuartzoa, suharria eta beste mineral
batzuk ere erabiltzen jarraitu zuten eginkizun
horretarako. Kobrea bigunegia zen,
baina kobrea eztainuarekin nahastuz mineral
gogorrago eta erabilgarriago bat lortu
zuten: brontzea. Brontzea fabrikatu ahal
izateko, jakite batzuk eta kultura maila jakin
bat behar dira; horregatik, historiaurreko
aro oso bat deitzen da gai horren izenez:
Brontze Aroa.
Antzinatean, egiptoarren, greziarren eta
erromatarren garaietan, hainbat metal ezagutzen
zituzten, eta horrenbestez, baita
metal horiek egiteko behar diren mineralak
eta era askotako harri bitxiak ere. Harrezkero,
mineral askok magiazko edo
osasunbidezko eragina dutela uste izan da,
eta kutun gisa erabili izan dira, kuartzoaren
hainbat aldaera esate baterako. Gaur egun,
diamantea eta beste zenbait harri bitxi ahalmen
ekonomikoaren sinbolo dira.
Kristal egoera eta egoera amorfoa
Materiaren bi egoera nagusi daude:
bata kristal egoera da, gorputz gotorrek
baizik ez dutena; bestea egoera amorfoa
da, isurkari eta gas guztiena, eta zenbait
gorputz gotorrena: beirak, plastikoak eta
gel-ak. Gorputz gotorraren kristal
egoera atomoen edo ioien banaketa aldizkako
eta geometriko batek definitzen du.
Ingurune ordenatu bat da hori; espazioaren
hiru norabideetan aldizka eta amaierarik
gabe errepikatzen den eta hiru dimentsiotako
egitura bat eratzen duen irudi
baten arabera kokatzen dira hor atomoak.
Kristal egoeraren ezaugarri nagusia
anisotropia da: materiaren tasun orokoar
bat da, eta horren arabera ezaugarri fisiko
jakin batzuk (elastikotasuna, tenperatura,
konduktibitatea, argiaren hedapen lastertasuna,
etab.) zein norabidetan aztertzen
diren, hartara aldatu egiten dira. Gertaera
hori askoz ere nabarmenagoa da kristal
egoeran dauden gorputz gotorretan. Gotorrak
izateagatik, kristalak beren zurruntasunagatik
(forma propioa daukate) eta
elastikotasunagatik (soinu uhinak igortzen
dituzte) bereizten dira jariakarietatik.
Egonkorrak izaten dira tenperatura eta
presio jakin batzuetan, eta jariakari bihurtzen
dira (fusioz edo sublimazioz) tenperatura
espezifiko batean, beroa xurgatzen
baitute (bero latentea).
Gotor egoera amorfoan materia ez
dago, inondik ere, aurreko egoeran bezain
ordenatua: atomoak edo ioiak aldizkakotasunik
gabe daude banatuta, zoriaren arabera
kokatuta daude, ordenarik gabeko
egituran. Egoera horretan gai jakin baten
tasunak ez daude norabidearen mende,
modu jarraituan aldatzen dira, bat-bateko
etenik gabe, norabidea ere aldatzen denean.
Egoera kristalinoan, aldiz, badira
norabide abantailatu batzuk, eta materiaren
molekulak haien arabera egoten dira
kokatuta.
Mineral guztien artean kristalak badira
ere ikusgarrienak, formaz erregularrak direlako,
minerala eta kristala ez dira inondik
ere gauza bera, askok uste duen bezala.
Mineral guztiek ez dituzte gorputz
gotor baten kristal egoera definitzen duten
ezaugarriak, opaloak, adibidez. Nahasmendu
hori antzina-antzinatik dator ziur
asko, gizakiak gainalde lauez mugatutako
eta formaz ondo definitutako mineralak bereizten
ikasi zuenetik. Kuartzoa zen mineral
horien artean ezagunena, eta «kuartzozko
kristala» esaten zioten, garbia eta gogorra
zelako.
Mineralen kanpoko ezaugarriak eta ezaugarri fisikoak
Edozein behatzaile mineralen eta haitzen
kanpoko ezaugarriez ohartzen da lehendabizi.
Mineral eta harri motak bizkor
identifikatzeko, lur azalaren formen eta
osagaien azterketaz arduratzen den ikerlariak
materialen zenbait ezaugarri hartzen
ditu kontuan:
Dentsitatea
Gorputz baten masaren eta gorputz horri dagokion bolumen bereko uraren masaren arteko erlazioa da. Mineral hedatuenen dentsitatea 2,6 +/–1ekoa da (kaltzita, gatz-harria, dolomita, serpentina, etab.), baina badaude askoz mineral astunagoak ere (anfibolak, kaltzedonioa, olibinoa, granatea, etab.) eta baita askoz arinagoak ere (grafitoa, talkoa, mika eta kaolina, besteren artean).
Gogortasuna
Gorputz solido batek bere egitura hautsi ez dadin egiten duen erresistentzia da.
Praktikan, mineral batek beste bati marra egin diezaiokeenean, lehenengo minerala bigarrena baino gogorragoa dela esaten da.
Tasun hori gogortasun erlatiboko eskala baten arabera neurtzen da. Eskala hori
Gardentasuna
Ezaugarri honen arabera hiru maila edo egoerako desberdineko mineralak bereizten dira: mineral gardenak, zeharrargiak edo opakoak, zenbat argi pasatzen uzten duten, horren arabera. Tasun hori mineral zati meheetan begiratu behar da, zenbat eta meheago orduan eta gardenagoa izango baita minerala. Anfibolak, adibidez, begirada hutsez opakoak diren arren, xafla mehetan ebakita, gardenak dira mikroskopioz begiratuz. Kaltzedonioa, agata edo gisa horretako beste mineral batzuk zeharrargiak dira, hots, argi difusoa baino ez dute uzten pasatzen, portzelanak, adibidez. Azkeneko taldekoak beti dira opakoak, baita xafla mehean ere, pirita, magnetita, jaspe, suharria, onizea, etab.
Distira
Ezaugarri honek kristalen islatze ahalmena adierazten du, eta islatze ahalmen handitik gutxira sailkatzen da Horrela, «metalikoa» dela esaten da, mineral opako gehienen kasuan (urrea, zilarra, galena, etab.), edo «lapideoa» mineral zeharrargiak direnean. Distiraren azalpena emateko eguneroko objektuak har daitezke erreferentzia gisa: beira distira (beiraren distira azaltzeko), nakaretsua (talkoarentzat), koipetsua (minerala koipe geruza fin batez estalita egongo balitz bezala distira egiten duenean) erretxinatsua (blenda adibidez) edo adamantinoa (diamantea bezain soil eta garbia). Beste mineral batzuek, aldiz, ez dute distirarik eta kasu horretan, mate itxura (ortosak, adibidez) dutela esaten da, itzalia edo lurtsua (buztina adibidez).
Kolorea
Mineraletan, arreta erakartzen duen lehenengo gauza, tonalitatea da; hala ere, tonalitatea gutxitan agertzen da argi eta garbi, eta, beraz, ez da ezaugarri fidagarria ikusmen hutsez. Mineral gehienek kolore desberdinak izaten dituzte, batzuetan kolore asko; horren arrazoiak era askotakoak izan daitezke. Normalean jatorrizko mineralaren egituran sartutako ezpurutasunek edo elementu kimiko edo mekanikoek ematen diote kolorea mineralari.
Hala ere, esan beharrekoa da, meteorizazioaren eraginez izandako eraldaketek ere alda diezaioketela mineralari jatorriz kanpotik zuen kolorea. Horregatik, benetako kolorea ezin da ezagutu, ezpada minerala jo eta arrakala egin berriari begiratuz.
Mineral batzuek kolore jakin eta berezia izaten dute, zer mineral den ezagutzeko lagungarri izaten dena: esate baterako piritaren letoi horia; kalkopiritaren horia irisazio urdin eta gorriekin; galenaren berun grisa; malakitaren berdea edo azuritaren urdina adibidez.
Luminiszentzia
Eragin fisiko jakin batzuk izan dituzten gorputz batzuek argi izpiak igortzeko duten ahalmena da. Ezaugarri horri «fluoreszentzia» deitzen zaio, eragile fisikoaren eraginpetikateratzen denean gorputzak izpi gehiago igortzen ez dituenean; argi ultramorearen eraginez fluoritak, willemitak eta beste mineral batzuek izaten duten distira, adibidez; eta «fosforeszentzia» deitzen zaio, aldiz, igorpenak eragile desagertu eta gero ere gehixeago irauten duenean.
Zaporea eta usaina
Mineral askok zaporea eta usaina ere izaten dituzte. Mineral «disolbagarriak» ahoko hezetasunean zertxobait disolbatzen dira, eta, disolbaturik, zapore gazia (gema gatzak), gozoa (boraxak), mina (salmiakak), mingotsa (epsonitak) izan dezakete. Beste mineral batzuek, buztinak adibidez, mihiaren gainaldeko ura xurgatuz itsatsi bezala egiten dira mihian eta lur hezearen zaporea dute.
Usainari dagokionez, mineral gutxik du ezaugarri hori argi eta garbi, hidrokarburoek salbu. Batzuek ezaugarrizko usaina dute, ekintza batzuen eraginez: hala, adibidez, piritak xehetzen bada, silexak jotzen edo igurtzitzen bada, edo buztinak haize hezeaz eraginez (putz egiten bazaio) lur hezearen usaina botatzen baitu.
Kuartzoa
Izadian agertzen den mineralik arruntenetakoa
eta aldi berean anitzenetakoa kuartzoa
da.
Mineral gogorra da (Mohsen eskalan 7
gogortasunekoa), nahiko dentsoa (2,65),
errefrakzio indize handikoa (1,5) eta exfoliaziorik
gabea. Kuartzoaren egituran sustantzia
arrotzak ere sar daitezke, baina normalean
ez da horrelakorik gertatzen. Jatorriz gardena
eta kolorgea da, baina gai arrotzek ezaugarri
horiek aldarazten dituzte:
– Gai karbonodunen eraginez, ilun eta
zeharrargia da kuartzoa, kuartzo keztatua
adibidez.
– Burdin oxidoa han-hemen sakabanatua
duenean, kolore morea hartzen du:
amatista motako kuartzoa.
– Gai buztintsuak dituenean, kolore
hori zeharrargia ematen dio: zitrino motako
kuartzoa.
– Tanta likidoen edo hutsune mikroskopikoen
eraginez, esne zuriaren kolorea hartzen
du: kuartzo esnetsua.
– Burdin oxidoa alde guztietan asko
badu, odol gorriaren kolorea ematen dio:
Konpostelako hiazintoa.
– Kristal egitura argirik gabeko formekin
ere agetzen dira batzuetan.
– Uretan nahiko erraz disolbatzen direnez
eta prezipitatzeko aukera duenez, horretarako
baldintza egokiak direnean, aldaera
berriak sortzen dira.
Mineral garrantzitsuenak
Azpimarratu bezala, izadian mineral
asko izateak, nekezago bihurtu du haien sailkatzea,
eta gaur egun ere lan neketsu eta
korapilotsua da sailkapen hori, nahiz eta
badiren zenbait sailkapen sistematizatu,
Strunzek oinarrizko bederatzi taldetan banatuz
egindakoa, adibidez. Hala ere, ahalik eta
sailkapen errazena egiteko, eta era berean
adierazgarria izango dena, lau motatan sailkatuko
ditugu mineralak: silizeoak, feldespatoak,
ferromagnesikoak eta karbonatoak.
Mineral silizeoen artean, garrantzitsuena
kuartzoa (SiO 2) da, bai higaduraren eta
bai meteorizazioaren (fragmentazioan) kontra
biziki gogorra dena. Beren osakerankuartzo proportzio handia duten haitzak oso
iraunkorrak dira.
Feldespatoena oso mineral familia garrantzitsua
da. Talde honetako mineralek
silizea eta aluminioa izaten dituzte, eta potasioa,
kaltzioa eta sodioa ere bai, kopuru
aldakorretan. Feldespatoek edo aluminosilikato
motako mineralek erdi iluntasunean
distira egiten dute, normalean, eta gogorrak
dira, kristal laukiluzeak osatzen dituzten bi
zatiketa orritan apurtzen dira. Feldespatoak
gogortasun handikoak izan arren, klima
hezeetan oso bizkor deskonposatzen dira,
eta buztina eratzen dute.
Mineral ferromagnesikoak burdinaz eta
magnesioz osatuta daude, batez ere, izenak
berak esaten duen bezala. Aluminioa, sodioa
eta silizea ere izaten dute, haitzaren
formaziorako horrenbesteko garrantzia ezduten baina landareen hazkuntzarako oso
garrantzitsuak diren beste mineral batzuekin
batera. Mineral horiez osaturiko haitzak
ilunak izaten dira, eta nahiko bizkor meteorizatzen
(zartatzen) dira.
Laugarren haitz familia, karbonatoena,
bi mineralez osatuta dago batez ere: kaltzita
eta dolomita. Kaltzita, karbono dioxidoaren
(CO 2) eta kaltzioaren arteko konbinazioz
sortzen da; dolomita, ordea, karbonoa
edo karbono dioxidoa (CO 2), kaltzio
eta magnesioarekin konbinatuz. Mineral
mota bi horiek, sarritan haitz masa handi
gisa agertzen diren arren, oso erraz disolbatzen
dituzte lurreko urak, eta klima hezeetan
oso bizkor desegiten dira. Hala ere,
mineral mota hauek dira iraunkorrak klima
idorretan, klima horietan atmosferaren eragina
ahulagoa baita.
Kristal sistemak
Zazpi kristal sistema bereizten dira, 32 simetria mota hartzen dituztela
beren baitan. Hauek dira zazpi kristal sistemak: sistema kubikoa edo
erregularra, hexagonala, trigonala, tetragonala, erronbikoa, monoklinikoa
eta triklinikoa.
Sistema horietako bakoitzean simetria elementu gehien dituen kristal
klaseari klase holoedriko esaten zaio, eta klase horrek hartzen dituen
forma sinpleenei holoedro deritze. Gainerako klase guztiak klase holoedrikotik
eratorriak dira: ez dituzte hark dituen simetria elementu guztiguztiak,
baina sare espazial bera dute. Holoedroek baino simetria kaskarragoa
duten kristalei meroedro deitzen zaie; baldin eta simetria elementuen
erdia bakarrik badute hemiedroak dira, eta laurdena bakarrik
badute, berriz, tetradoedroak.
1. Sistema kubikoa. Hiru ardatz berdin elkarzut ditu.
• Klase hexakisokstaedrikoa. Hauek dira sistema honen simetria ezaugarriak:
simetria zentroa, hiru ardatz lautar, lau ardatz hirutar, sei ardatz
bitar eta bederatzi simetria plano. Ondoko formak hartzen ditu
bere baitan:
Kuboa edo hexaedroa: sei alde koadro berdinez osatua.
Oktaedroa: hiruki aldekide formako zortzi alde.
Erronbododekaedroa edo dodekaedroa: erronbo formako hamabi alde.
Tetrakishexaedroa: hiruki isoszele formako hogeita lau alde; kubotik
eratorritako forma da, baina haren alde bakoitzari hiruki bana dagokio.
Triakisoktaedroa: hiruki isoszele formako hogeita lau alde; kubo batetik
eratorria da, kuboaren aldeen ordez hiru hiruki dituela.
Trapezoedroa: hogeita lau alde trapezoidal berdin ditu.
Hexakisoktaedroa: hiruki eskaleno formako berrogeita zortzi alde.
• Klase hexakistetraedrikoa. Hiru ardatz bitarrez, lau ardatz hirutarrez
eta sei simetria planoz dago osatua. Ondoko forma hauek hartzen
ditu bere baitan:
Tetraedroa: hiruki aldekide formako lau alde.
Triakistetraedroa edo tristetraedroa: hiruki isoszele formako hamabi
alde; tetraedro arruntaren aldeen ordez piramide hirukiak dituen tetraedrotzat
har daiteke.
Deltoedroa: hamabi alde trapezoidal berdin ditu.
Hexakistetraedroa: hiruki eskaleno formako hogeita lau alde berdin.
• Klase didodekaedrikoa. Hiru ardatz bitar, lau ardatz hirutar, hiru simetria
plano eta simetria zentroa dira klase honen simetria elementuak.
Ondoko forma hauek hartzen ditu bere baitan:
Didodekaedroa edo diploedroa: hogeita lau alde trapezoidal ez simetriko.
Piritoedroa edo dodekaedro pentagonala: pentagono irregular formako
hamabi alde berdin.2. Sistema hexagonala. Lau ardatz, ardatz bertikal bat, seiko simetria
ardatzarekin bat datorrena eta hari buruzko plano elkazutean dagoena,
eta hiru ardatz berdin, beren artean 60°ko angeluak eratzen dituztenak,
hiru ardatz bitarrekin bat datozela.
• Klase dipiramidal diexagonala. Klase honen simetria elementuak hauek
dira: simetria zentroa, seiko ardatz bat, sei ardatz bitar eta zazpi simetria
plano. Ondoko forma hauek osatua da:
Bipiramide hexagonala: hiruki isoszele formako hamabi alde.
Bipiramide dihexagonala: hexagonalaren eratorria, alde bakoitzaren
ordez bina hiruki eskaleno dituela.
Prisma hexagonala: prisma irekia, sei alde berdinez osatua.
Prisma dihexagonala: aurrekoaren eratorria, baina alde bakoitzaren
ordez bi dituela.
• Klase piramidal dihexagonala. Simetria elementu hauek ditu: seiko
ardatz bat eta sei simetria plano. Hauek dira klase honen baitako for -
mak:
Piramide hexagonala: sei alde berdinez osatua.
Piramide dihexagonala: hiruki eskaleno formako hamabi aldez osatua.3. Sistema trigonala. Hiru ardatz ditu plano batean jarriak, elkarren
artean 60°ko angelua osatuz, eta plano horrekiko ardatz bertikal bat,
aurrekoak baino luzeagoa.
• Klase eskalenoedriko ditrigonala. Hauek ditu simetria elementuak:
ardatz hirutarra, hiru ardatz bitar, hiru simetria plano eta simetria zentroa.
Eta forma hauek hartzen ditu:
Erronboedroa: erronbo formako sei alde berdin.
Eskalenoedroa: hiruki eskaleno formako hamabi alde.
• Klase trapezoedriko trigonala. Simetria elementuak: ardatz hirutarra
eta hiru ardatz bitar. Formak:
Trapezoedro trigonala: sei alde trapezoidez osatua.
Bipiramide trigonala: hiruki isoszele formako sei alde.
Prisma trigonala: hiru aldez osatua.
Prisma ditrigonala: trigonalaren eratorria, haren aldeen bikoizketaz eratua.
4. Sistema tetragonala. Elkarri buruz elkarzut diren hiru ardatzez, bi
ekuatore ardatz berdinez eta aurrekoak baino hirugarren ardatz bertikal
luzeago batez osatua.
• Klase bipiramidal ditetragonala. Simetria elementu hauek ditu: ardatz
lautarra, lau ardatz bitar, bost simetria plano eta simetria zentroa. Formak:
Bipiramide tetragonala: hiruki isoszele formako zortzi alde.Bipiramide ditetragonala: aurrekoaren eratorria, hiruki eskaleno formako
hamar eta sei alde.
Prisma tetragonala: prisma irekia, lau alde berdinez osatua.
Prisma ditetragonala: aurrekoaren eratorria, zortzi alde berdinez osatua.
• Klase eskalenoedriko tetragonala. Simetria elementuak hauek dira: erreflexio
ardatz lautarra, bi ardatz bitar eta bi simetria plano. Forma hauek
hartzen ditu bere baitan:
Eskalenoedro tetragonala: hiruki eskaleno formako zortzi alde.
Biesfenoedro tetragonala: hiruki isoszele formako lau aldez osaturiko
tetraedro bat da.5. Sistema erronbikoa. Elkar ebakitzen duten hiru ardatz ditu, luzera
desberdinekoak hirurak.• Klase bipiramidal erronbikoa. Simetria elementum hauek ditu: hiru
ardatz bitar, hiru simetria plano eta simetria zentroa. Forma nagusiak:
Bipiramide erronbikoa: hiruki eskaleno formako zortzi alde.
Prisma erronbikoa: forma irekia, binaka elkarren paralelo diren lau
aldez osatua.
• Klase biesfenoidal erronbikoa. Simetria elementua hiru ardatz bitar
dira.
Biesfenoedro erronbikoa: hiruki eskaleno formako lau alde berdinez
osaturiko tetraedroa da.6. Sistema monoklinikoa. Luzera desberdineko hiru ardatzez osatua;
bi ardatz elkarri buruz zeiharrak dira eta hirugarrena, berriz, beste biekiko
bertikala.
• Klase prismatiko monoklinikoa. Hauek dira simetria elementuak: ar -
datz bitarra, simetria planoa eta simetria zentroa. Formak:
Lehen ordenako pinakoidea: bi alde paralelo, aurrerantz eta atzeran
luzatzen den ardatza ebakitzen dutela.
Bigarren ordenako pinakoidea: bi alde paralelo, zeiharretarako ardatza
ebakitzen dutela.
Hirugarren ordenako pinakoidea: bi alde paralelo, ardatz bertikala
ebakitzen dutela.
Prisma: lau alde.7. Sistema triklinikoa. Hiru ardatz kristalografikoak desberdinak dira,
eta angelu elkarri buruz zeiharrak eratzen dituzte.• Klase pinakoidala. Sistema honen simetria ezaugarria simetria zentroa
da. Forma guztiak pinakoideak dira, bi alde simetrikorekin.