Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Wegener eta kontinenteen jitoaren teoria

XX. mendearen hasieran, Alfred Wegener, Marburgoko Unibertsitateko meteorologia irakasle alemaniarrak Hego Atlantikoko alde bietako itsasertz lerroen antzekotasunei erreparatu zien.

Antzekotasun horiek ikusita, antzina ez ote zen kontinente bakar bat existituko dudatan hasi zen, eta kontinente hori ez ote zen ondoren zatituko, Afrika eta Hego Amerika gaur egun dauden lekuetara eramanez.

Garai hartan barre egin zioten teoria horiengatik, baina azkenean plaken tektonikaren teoria modernoak Wegenerren ideiak berreskuratu zituen, eta zegozkien berritze eta ekarpen zientifikoak eginik eguneratu egin zituen.

Gaur egun nahiko garbi dago bloke kontinentalak benetan igerian bezala daudela, hori pentsatzera bultzatzen duten froga ugari baitago.

Badirudi beste garai batean kontinenteak batuta egon zirela eta ondoren banandu egin zirela eta jitoan ibili zirela gaur egun dituzten kokalekuak izan arte.

Translazioen edo kontinenteen jitoaren teoriatik abiatuz, erraz azal daitezke kontinenteen itsasertzen arteko erlazioa, haitz moten artean eta gaur egun ozeanoez banatutako kontinente ertzetako biotipoen artean dagoen antzekotasuna, antzinako klimen aldaketa izugarriaren ebidentzia harrigarriak eta gotortutako haitzetan mineral magnetikoek duten orientazio berezia ?gaur egungo polo magnetikoarekin bat ez datorrena?.XIX. mendearen erdialdean, Himalaia mendikatean eginiko grabitatearen azterketek mendi multzo hark bere masa izugarriarengatik espero zitekeena baino grabitazio erakarpen gutxiago eragiten zuela erakutsi zuten. Gertaera hori mendietako haitz arinagoak azpiko lur azal trinkoagoan ?ikuspuntu geologikotik jariakari gisa jokatzen zuen? luzatzen zirela zioen hipotesiaren bidez interpretatu zuten. Isostasia esaten zaion hipotesi honen arabera, gerta zitekeen bloke kontinentalak gorantz eta beherantz mugitzea sustratu trinkoagoaren eta isuriagoaren artean.

Kontinenteak gora eta behera mugi bazitezkeen, bazirudien, a priori, horizontalean ere mugi zitezkeela. Taylor zientzialari amerikarra izan zen hori lehenengoz proposatuzuena, 1910ean lan mardul batean argitaratutako hipotesian. Bertan, lehenengoz, gaur egun kontinenteen jitoa deitu ohi den hipotesia koherentziaz azaldu zuen.

Baina Taylorrek ez zuen hasieran ezagutza eta onespen behar bezalakorik izan, ez baitzuen bere ideien defentsarako behar besteko frogarik. Horregatik, hain zuzen, haren lana ia oharkabean geratu zen.

 

Pangeatik bost kontinenteetara

Wegenerrek itsas mailatik gorako lurrak batuta egon zirela pentsatu zuen, aldi karboniferoaren bukaeran (orain dela 300 batmilioi urte), Pangea («Lurra osorik» esan nahi du) deitu zuen kontinente handi bakar batean.

Hego Amerika eta Afrika kretazeoan hasi ziren elkarretatik bereizten (orain dela 140 bat milioi urte). Ipar Amerika eta Europa ere banandu egin ziren, baina elkar ukitzen egon ziren Laugarren Aroaren hasiera arte (orain dela 1,8 milioi urte); Indiako ozeanoa ere zabaltzen hasi zen garai beretsuan.

Wegenerren hipotesiaren arabera, higitzen ari den kontinente baten aurrealdeko ertza estutu eta tolestu egiten da, hondo ozeanikoaren gainetik mugitzean jasaten duen erresistentziagatik, mendikate bat eratuz.

Amerika bietan, mendebaleranzko jitoaren eraginez, beren mendebaleko ertzetan zehar, iparraldetik hegoalderako mendikateak sortu ziren (hau da, Mendi Harritsuak eta Andeak). Bestalde, Indiak Himalaia sorrarazi zuen, bere ipar-ekialderanzko jitoan Asiarekin topo egitean.

Wegenerren iritzian, jitoan dagoen kontinentearen aurrealdean mendikateak sortzen direla onartuz gero, atzealdean kontinenteek askatutako edo aske gelditutako zatiak bidean zehar utziz, uharte lerroak sortuko dira. Horrela, Antilla Handiak eta Gutxiak Erdiko Amerikak bere mendebaleranzko mugimenduan utzitako zati gutxiak izango lirateke. Beste adibide interesgarri bat Zeelanda Berria da. Hasieran, Australiak ipar-ekialderanzko mugimendua izan zuen, eta aurrealdean tolestura menditsu bat sortu. Ondoren, norabidea aldatu zuen, eta uharte bihurtuko zen erliebe malkortsuko zati bat utzi zuen atzean, gaur egungo Zeelanda Berria.

Wegenerrek lur zizarearen bizitokiak zeintzuk ziren aztertu zuen bere teoria berresteko.

Izan ere, zizare hori Asiako kontinentean, Europan, eta ?Atlantikoa gurutzatu ondoren? Ipar Ameriketako ekialdeko itsasertzean ageri da. Animalia horiek ezin dute itsasoa igaro; beraz, Wegenerrek antzina kontinente horiek batuta egon zirela onartu beharra zegoela argudiatu zuen, elkarren segidan egonak behar zutela, alegia.

Bestalde, Hego Atlantikoaren alde bietako zizareen antzekotasuna familia zaharretara mugatuta dagoen arren, Ipar Atlantikoan oraintsuagoko familietara ere hedatzen da antzekotasun hori. Wegenerren arabera, gertaera honek adierazten du kontinenteak hegoaldetik hasiko zirela banantzen eta ondoren bereizketa poliki-poliki hedatuko zela iparralderantz.

Paleontologoek aspalditik aztertu izan dute kontinenteen lotura iradokitzen zuen edozein datu. Hala ere, oso interpretazio desberdina egiten zuten, kontinente arteko zubiaren hipotesia erabiltzen baitzuten hori guztia azaltzeko. Kontinente arteko zubiarenhipotesiaren arabera kontinenteak jatorrian azaleratu eta geroago hondoratu egin ziren lehorreko zubiez batuta zeuden. Lemuridoak, ugaztun intsektujaleen antzeko tamainako primate gutxiak, Madagaskarren baino ez dira aurkitzen gaur egun. Hala ere, Indian, Sri Lankan eta Asiaren hego-ekialdean ere existitu izan zirela erakusten duten frogak daude. Banaketa geografikoa azaltzeko, paleontologoek Indiaren eta Madagaskarren artean Indiako ozeanoan zehar hedatzen bide zen alegiazko zubi bat imajinatu zuten.

Wegenerren ustez, kontinente arteko zubien hipotesia ezin mantenduzkoa zen ikuspuntu geofisikotik, isostasiaren printzipioa hausten baitzuen. Lehorreko zubiak lur azal granitozkoa izan behar zuen, arinegia beraz hondo ozeanikoetako haitz trinkoetanhondoratzeko. Azalpen horri kontrajar zekiokeen zentzuzko hautabide bakarraren arabera, kontinenteak elkarri lotuta egon ziren hasieran eta bereizi egin ziren gero.

 

Jatorrizko kontinente bakarraren piezak berriro osatzen

Pisu handieneko argudio geologikoa Atlantikoaren alde bietako lurraldeen antzekotasuna da. Kontinenteen jitoaren hipotesia onartuz gero, Atlantikoaren kostalde batean bukatzen den mendikate batek aurkakokostaldean jarraipena behar du izan.

Wegenerrek, apurtutako inprimaki baten zatien birmoldaketarekin konparatuz adierazi zuen bere teoria, paper zatien ertzak bat etorriko bailirateke eta inprimatutako lerroak elkarri egokituko. Horrela gertatuz gero, piezak benetan batera egon zirela ondoriozta daiteke. Benetan, kointzidentzia geologiko asko dago. Esate baterako, Hebrida Uharteak eta Eskoziako Iparraldeko erliebeek osatutako prekanbrikoko sistema menditsuek, jarraipena dute Ameriketako aldean. Antzeko zerbait gertatzen da Norvegia eta Eskoziako Sistema Kaledoniarraren eta Kanadako Appalatxeen artean ere, baita Hego Afrikako Lurmuturreko mendien eta Buenos Airesko mendilerroen artean, edo Afrikako kontinenteko plataformaren eta Brasilgoaren artean ere. Azpimarratzekoa da kointzidentzia geologikoak guztiz desagertzen direla Kretazeotik aurrera: Pirinioek edo Afrikako Atlas mendiek, adibidez, ez dute jarraipenik Ameriketan. Testigantza geologiko horiek, paleontologoek emandakoekin egokitzean, Atlantikoaren zabaltzea kretazeoan gertatu zela onartu zuen Wegenerrek.

Paleontologiak antzinako garai geologikoetako klimak nolakoak izan ziren aztertzen du. Horretarako, aro bakoitzean zer jalkin mota metatu zen hartzen du kontuan eta hala zehazten ditu aro bakoitzaren ezaugarriak: tillitak (morrena trinkotu eta finkatuak) izotzaldietako klima adierazteko; ikatz metatzeak klima tropikaletarako; ebaporita egiturak eta jatorri eolikoko hare-harriak klima idorretarako, eta abar.

Metatze horietan oinarritutako klimaren ikerketek, antzinako garaietan gaur egun bata bestetik oso urrun dauden eta, beraz, klima desberdinak dituzten kontinenteen artean jarraitasun klimatikoa zegoela frogatu dute. Ondoen aztertu den adibideetako bat Ikatz Aroko eta aldi permikoko morrena metatzeena da, hormaguneen higaduraren ondorioz ildo bereziak dituzten gainaldeetan kokatuta dauden horiena, alegia. Hormaguneen aztarna horiek Hego Hemisferioko zenbait lekutan aurkitu dira. Afrikan eta Indian horrelako aztarnak aurkitu dira, baita Ekuatoretik oso hurbil ere. Izotzaldi honek hegoaldean eragiten zuen garaian, Ipar Ameriketako, Europako eta Asiako ikatz metatzeek klima tropikala zeukatela frogatzen dute eta Ekuatoretik askoz ere hurbilago zeudela. Kontinenteak noizbait batuta egon izan balira, izotzaldiak eragina izandako lurralde guztiek, eremu aski gutxi batean egon beharko zuketen bilduta. Interpretazio honek Hego Hemisferioko geologoengan interes handia piztu zuen, horrela biltegi glaziar permo-karboniferoen misterioa azal baitzitekeen.

 

Teoria honen hutsunea: lurburuetatik kanporako ihes indarra

Kontinenteen jitoaren teoria geologoentzat erronka bat bazen ere, geofisikoentzat are erronka handiagoa zen: erantzunik gabeko galdera bat, ezin jakin baitzitekeen zer indarrek mugitu ote zituen kontinenteak milaka kilometrotan zehar.

Wegener bera ere ahalegindu zen erantzun sinesgarri bat ematen; haren iritzian, kontinenteek lurburuetatik urruntzeko eta Ekuatorerantz hurbiltzeko joera dute. Fenomeno hori indar «polofugoak» sortua zela esan zuen, eta Lurrak bere ardatzarekiko duen biraketa zela orobat horren guztiaren eragilea, errotaziozko indar zentrifugo bat sortzen baitu grabitateari aurka egiten diona. Indar zentrifugoakzertxobait desbideratzen du grabitatearen erakarpena, eta hala beraz indar hori ez da zehatz-zehatz Lurraren erdigunerantz joaten, Ekuatorerantz desbideratuxea dago aitzitik. Beraz, jitoan zeuden kontinenteak Ekuatorerantz mugitu beharko zuten poliki-poliki.

Wegener interpretazio bat ematen saiatu izanagatik ere, geofisikoek egindako azterketek argitan jarri zuten arrazoi hori ahula zela eta ez zuela zientziaren aldetik oinarri handirik, eta frogatu zuten orobat kontinenteen jitoa ezin zela Wegenerrek aipatu zuen eragileak sortua izan. Era berean, geofisikoen aurrerapen zientifikoek zeharo baztertu zuten Wegenerren hipotesi hura, amerikar kontinenteen mendebaleranzko jitoa Eguzkiaren eta Ilargiaren erakarpen indarrari egozten ziona, alegia.

 

Teoria honen arbuioa

1920-1930 hamarraldian Wegenerren teoriak eztabaida gogorra eragin zuen. Teoria honekiko interesa ahulduz joan zen denborarekin, Wegenerrek ez baitzuen kontinenteen mugimendua eragiten zuen mekanismoaren azalpen egokirik ematen. Beraz, teoria hori 1930eko hamarraldian baztertu bazen ere, 1965ean, Edward Bullardek eta haren laguntzaileek kontinenteen kokaleku posible guztiak aztertu zituzten, informatikaren laguntzaz, egokiena zein zen ikusteko. Horrela, mila metro inguruko sakoneko kontinenteen sestra-kurba erreferentzia gisa hartuz kontinenteak elkarri egokitu zituzten, eta ohartu ziren egokitze hori erabatekoa zela. Emaitza horiek ikusiz, lerro hori jatorrizko kontinentearen inguru lerroari zegokiola iradoki zuten. Hau da, egokitze hori zehatz-zehatza zen kontinenteen plataformetako profilen artean eginez gero. Oso zaila denez era horretako kointzidentzia bat kasualitate hutsa izatea, Bullardek ondorio hau atera zuen: hasierahasieran kontinenteak batuta egon zirela.