Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Lurraren gainaldea

Kontinenteen haustura, itsas arro berri baten sorrera eta dortsal meso-ozeaniko baten sorrera aldiak adierazten dituzten bloke-diagrama eskematikoak.<br><br>

Espaziotik hartutako irudiek argi erakusten dutenez, Lurraren gainaldea bi eremu desberdinez osatua dago: batetik, urezko eremu zabal bat (%71) –ozeanoak–, eta, bestetik, urgainera ateratako lurrak edo kontinenteak (%29).

Beste ezer baino lehen, argi utzi behar da itsasazpian dagoen eremu guztia ez dela itsas eremutzat hartu behar, kontinenteen muga naturalak ez baitatoz bat itsasertzarekin.

Lurraren gainaldearen mapa zehatz batean ikus daitekeen bezala, kontinenteak plataforma zabal itsasperatuez inguratuta daude, eta plataforma horiek malda batean –ezponda kontinentala– bukatzen dira.

Ezponda kontinentala ozeanoen hondo-hondoraino iristen da eta horixe da kontinenteen egiazko muga.

Kontinenteen ertz itsasperatuak Afrikako kontinente osoak bezainbesteko eremua estaltzen du.

Horren arabera, beraz, Lurraren gainaldearen %35 inguru hartzen dute kontinenteek.

Gainerako %65 inguru ozeano arroek hartzen dute.

Topografiaren ikuspegitik begiratuta Lurrak bi moduko gainaldea du: hau da, Lurraren gainaldeko puntu guztien kotak (goratasuna edo sakonera) kontuan harturik, bi maila nagusi daude: bata itsas mailatik 800 m inguru gora dago, eta bestea, berriz, 3.800 m behera.

Lurraren gainaldeko puntuen ia erdiak balio horien inguruko kotetan daude.

Lehenengo maila kontinenteei dagokie, bigarrena ozeano arroei.Itsaspeko erliebearen ikerkuntzaren inguruan ezagutzen den itsas maparik zaharrena Babiloniako buztinezko xafla bat da, orain dela 4.500 urtekoa. Handik Bigarren Mundu Gerra bitartean ez zen ozeano hondoen deskribapen zehatzik egin.

Gerra garaian hasi ziren armadak zunda eta sonarra erabiltzen, helburu estrategiko militarrekin hasieran, etsaien itsaspekoak non zeuden jakin ahal izateko. Ultrasoinu igorgailu baten bidez ultrasoinuak igortzen dira itsasoan barrena; hondoan jo eta islatutako ultrasoinuak biltzen ditu gero hargailu batek. Joan-etorri horretarako behar izan den denbora sakontasunaren araberakoa dela kontuan hartuz, itsas hondoaren irudizko errejistro jarraitu bat lor daiteke.

1960tik aurrera ozeanoaren hondoaren behaketa asko erraztu zen batiskafoei esker,mila metro eta gehiagoko sakoneretako presioak jasateko gai baitira ontzi horiek.

1960an, hain zuzen, Trieste izeneko batiskafo frantses batek ordu arte Lurrean ezagutzen zen gune sakonenera iristea lortu zuen, 11.023 metro sakon, Ozeano Barean, Marianetako osinean.

Lur azalaren elementu nagusiak prozesu diastrofikoek –eskala handiko deformazioak– sortuak dira gehienak. Lurraren barnean gertatzen diren prozesu endogenoen ondorio eta, horrenbestez, forma primarioak agertzearen erantzule nagusiak dira higidura diastrofikoak. Forma horiek tamainaren arabera sailkatzen dira: hasi kontinente batetik (lehen ordenakoak) eta lurrikara baten ondorioz sortu zen faila txiki bateraino (zortzigarren ordena).

Bost higidura diastrofiko nagusi daude: orogenikoak, epirogenikoak, isostatikoak,igneoak eta eustatikoak. Elkarrekin loturik daude guztiak.. ) Higidura orogenikoek (grekoz oros = mendia) mendi tolesdura bortitzak, gainkatzeak, failak, bultzakadak eta goratzeak eragiten dituzte, alboko indar bortitzen bidez.

Adibide adierazgarrienetako bat orogenia alpinoa da, Atlas mendietatik hasi eta Mendi Betikoak, Pirinioak, Alpeak, Kaukasoko mendiak eta Himalaiara bitartekoak altxarazi baitzituen.b) Higidura epirogenikoek (grekoz epiros = lurra) lur gainaldearen eremu zabalak makurrarazten dituzte pixka bat; batzuetan failekin eta lur azalaren altxatze edo hondoratze handiekin batera gertatzen dira.

Higidura horiek erdigune batetik erradio gisa zabaltzen dira batik bat; orogenesiaren higidurak, aldiz, tangentzialak dira. Higidura orogenikoen eta epirogenikoen multzoari higidura tektonikoak esaten zaie (grekoz tekton = eraiki).. ) Higidura isostatikoak (grekoz isos = berdin; stasis = kokalekua, hau da, mugigaiztasuna) higidura bertikalak dira, azpiko astenosferan igeri eta orekan dauden lur azaleko masen higidurak dira. Arkimederen printzipioan oinarritua dago guztia. Kontinenteko litosfera igeri dago eta orekan hidrostatika legeen arabera, haren azal lodiak dentsitate gutxiago duelako.

Prozesu horretan harkaitz masak beren lodieraren eta dentsitatearen arabera goratzen edo hondoratzen dira. Lur azalak eutsi nahi izaten dion edo atzera lortzen saiatzen den orekazko egoera horri oreka isostatikoa esaten zaio.

Era askotako arrazoiengatik hauts edo aldaraz daiteke oreka isostatiko hori: mendikateak sortzeagatik, mendi bloke baten higalan bortitzak hango materialak eraman eta itsaspeko bloke batean pilatzeagatik, klima berotzeak blokea azpian hartzen duen izotz geruza urtzeagatik. Horrelakoetan, higidura bertikalen bidez berreskuratzen da oreka: zama galdutako blokeak gora egiten du, eta zamatuak, berriz, behera.

Izotza urtu eta zama galtzean sortzen den higidura (higidura glazioisostasikoak) Eskandinavian aztertu ahal izan da. Laugarren aroan, orain dela 10.000 urte inguru, hormaguneak desagertu zirenez geroztik ari da Eskandinavian prozesu hori gertatzen.d) Higidura igneoa (latinez ignis = sua). Urtutako haitz masa bat beste zenbait haitz mailen artean higitzeari eta atzera kristaltzeari esaten zaio higidura igneoa.

Azalera ateratzean haitz bolkaniko gisa azal daiteke, baina azal daiteke beste haitz batzuetan txertatuta ere; bigarren kasu horretan deformazioak eragiten ditu.

(Lur azpian kristaldutako masari haitz plutoniko esaten zaio.)e) Higidura eustatikoa (grekoz eu = isuri, on, egoki). Ozeanoek hartzen duten ur bolumen osoan edota ozeano arroen edukieran aldaketak daudenean itsas mailan gertatzen diren gorabeherak dira higidurok.Higidura orogenikoek, epirogenikoek eta igneoek ozeano arroen edukian dute eragina; aldaketa eustatikoek, berriz, litosfera kontinentalaren zatien pisuan. Hori dela eta, higidura isostatiko berdintzaileak izaten dira aldaketa eustatikoekin batera.

 

Lur azalaren egituraren osagai nagusiak

Topografiaz Lurra ez da erabat homogeneoa.

Arestian azaldu den bezala, ozeanork eta itsasoek Lur globoaren %71 hartzen dute eta itsas mailaz gorako lurrek, gainerako %29.

Ozeanoen eta itsasoen %35,4 Ozeano Bareak hartzen du, %18 Atlantikoak, eta %14,5 Indikoak.

Itsas mailaz gorako lurren banaketa eta itsasertzak marrazten duen lerroa aldatu egin dira Lurraren historian zehar. Orain dela zortzi mila urte, adibidez, azken izotzaldiaren unerik latzenetan, itsas maila gauregun dagoena baino ehun bat metro beherago zegoen.

Kontinenteetan pilatuta dagoen izotz bolumen osoa urtuko balitz, berrogeita hamar eta hirurogeita hamar metro bitartean igoko litzateke itsas maila. Ondoren, oreka isostatikoaren eraginez, hogeita hamabost metro inguruan geratuko litzateke.

Bestalde, ozeanoak eta itsas mailaz gorako lurraldeak ez daude berdin banatuta munduan zehar. Itsas mailaz gorako lurren hiru heren inguru Ipar Hemisferioan dago: hiru heren horietarik %47 ageriko lurrak dira eta %53 ozeano eta itsaso. Hego hemisferioa, aldiz, itsasoz osatua dago gehienbat: %89 ura da eta gainerako %11 lehorra, lurra.

Modu grafiko batean, itsas mailaz beheko eta gorako lur azalaren topografia bertikalaren banaketa kurba hipsografikoarenbidez erakus daiteke. Delako kurba hori aztertuta argi ikusten da lur azalaren irregulartasunak ez direla hain nabarmenak.

Lur globoaren erradioak 6.378 kilometro ditu ekuatorean eta 6.357 kilometro lurburuan: 20.100 metroko aldea, beraz, bataren eta bestearen artean. Bestalde, Lurreko gune garaienak, hau da, Everest mendiak 8.848 metro ditu, eta ozeanoko gune sakonenak, hau da, Marianetako osinak, 11.500 metro: 20.000 metro inguruko aldea, beraz, batetik bestera.

Beraz, lur azaleko gune sakonenaren eta garaienaren arteko aldea eta ekuatoreko eta lurburuetako erradioen artekoa magnitude berekoa da.

Hona aintzat hartu beharreko beste datu bat: urgaineko lurren batez besteko garaieraren eta ozeanoen batez besteko sakoneraren arteko aldea 4.605 metrokoa da.Urpeko eremu nagusiakDortsalak edo ozenoetako mendikateakOzeanoen erdialde inguruan daude, eta zeharka arrailduak edo hautsiak daude.

Tektonika ezaugarriei dagokienez ez egonkorrak direnez, lurrikara handi eta asko izaten dira inguruotan, bero jario handia eta sumendiak ere bai. Sedimentu geruza lodi batez estalirik daude. Lurraren topografian beste edozein egitura baino nabarmenago dira dortsal edo mendikate horiek: 80.000 kilometro luze, 2.000-4.000 kilometro bitarte zabal, 1.000-3.000 metro inguru garai. Mendikate horiek distentsio egiturak dira: arrakala moduko bat dute, rift ibarra deitua, eta handik kanporatzen da mantuko materiala. Dortsalak eratzeko mekanismoak ardatzean kontzentratzen du jarduera gehiena: magma ateratzen da barru-barrutik distentsioak sortutako arrakalak betetzera.

Horrek erakusten du zergatik diren dortsalak jarduera tektoniko, bolkaniko eta sismiko handiko guneak. Han sortzen da lur azal berria, basalto harriz eratua gehiena.

Aurrena aurkitu zen eta, beraz, ondoen ezagutzen den dortsala Ozeano Atlantikoaren erdialdean dagoena da. S itxura du eta uharte multzo handia dauka, basalto berri samarrez osatua: Islandia, Azore uharteak, Madeira, Kanariak, Cabo Verde, Ascension, Santa Elena, e.a. Gailur multzoa 500-1.000 m inguru da zabal, eta malkartsua oso. Rift hobia deituak (25-50 kilometro inguru zabal) zeharkatzen du luzetara eta alderik alde 2.000 metroko sakoneran.

Alboak hautsiaren hautsiz mailakatuak eta mila metrotik gorako tontorrak ditu han hemen sakabanatuta. Dortsalaren alde banatan ozeano hondo zelairaino apalduz doa, pixkana-pixkana, erliebea. Dortsal edo mendikate ozeaniko guztiek urratu handiak dituzte mendikate ardatzean zeharka.

Gainerako dortsalek ere, berezitasunak berezitasun, antzeko ezaugarriak dituzte.

Ozeano Indikoaren erdiko dortsala hegoalderantz adarkatzen da Antartikoa inguratuz.

Dortsala Afrika ekialderantz eta Itsaso Gorrirantz hedatzen da eta elkarretatik banantzen ditu kontinentea eta Arabiako penintsula.

Ozeano Bareko dortsal sisteman Antartiko aldeko gailur multzoa eta Ekialdeko mendikatea bereizten dira; azken horretatik Txileko hegoaldeko mendikatea sortzen da. Ozeano Bareko ekialdeko dortsalean edo mendikatean erdialdeko rift hobia ez da bestetan bezain nabarmena, eta Kaliforniako Golkoaren hegoaldeko muturrean eteten da, ezpada kontinentearen azpian desagertzen, San Andresko faila handia sortzen den lekuan hain zuzen.

Ozeano Bareko erdiko dortsala leku askotan dago etenda gisa horretako failez, hau da, faila jarduera handiko eta higidura horizontalekoez.

Ozeano Glaziar Artikoa hiru mendikatek zeharkatzen dute alderik alde ia elkarren paralelo: Mendeleiv edo Alpha, Lomonossov eta Erdikoa.

Mediterraneo itsasoaren hondoan toles makotu bat dago, 150 kilometro zabal eta 700 metro garai, ordokiz eta depresioz inguratua: Mediterraneoko dortsala. Italiako hegoaldea eta Libiako itsasertza bitartean zabaltzen da; han ipar-ekialdera biratzen du eta Txipreko mendebaleraino iristen da. Dortsal hau ez da erdian sumendiak dituzten horietakoa, baina erliebearen itxuragatik, eta gailur multzoan rift hobirik ez izanagatik, tektonika higidurek sortua ematen du.

 

Itsas hondoko zabaldiak

Ozeano erdiko dortsalen saihetsak ordoki abisaletan zehar luzatzen dira. Ordodokian han-hemen sakabanaturik hainbat erliebe mota daude, tektonika jarduerarik gabeak; horietako batzuk ur gainera azaltzen dira uharte edo atoloi gisa. Ordoki abisaletan, 3.000-6.000 metro bitarteko sakontasunean, oso malda txikiak daude, O1 baino txikiagoak, eta 300 bat metroko sedimentu geruza batek estalita dago dena, ezponda eta plataforma kontinentala barne.

Itsas hondoan dauden mendi eta muino gehien-gehienak –Ozeano Barean 1.400 baino gehiago identifikatu dira– 50 eta 1.000 metroko garaiera dute.

Itsas hondoko muinoak oso txikiak dira gehienak (hamarnaka edo ehundaka metro batzuk), baina zenbait lekutan ia honosoa hartzen dute, hain dira handiak.

Itsaspeko mendi gehienek kono itxura dute, eta asko eta askok sumendi ezaugarriak dituzte. Batzuetan ur gainera azaltzen dira uharte bolkaniko gisa: Azore eta Hawai uharteak dira horren adibide argia. Beste batzuek, sumendi izandakoak, kono enborraren itxura dute, 5-10 km bitarteko diametroa eta oso malda handiak, 12-35° bitartekoak.

Mendi mota berezi bat dira, eta asko dago Ozeano Barean; «guyot» esaten zaie: gain lau-laua dute, eta oso malda handiak. Aurrena (1876an) aurkitu zituen geografoaren omenez deitzen zaie horrela. Batzuetan guyot batean koralezko arrezife bat eratzen da; uharte mota horri atoloi esaten zaio.

 

Urpeko kontinente ertzak

Sakonera gutxiko eremuetan erraz froga daitekeen bezala, itsas mailaz gora –urgainean– dauden lurrek itsas mailaz behera –urpean– dute segida. Urgainean dauden lurren ondo-ondoko urpeko eremu horri kontinente plataforma esaten zaio.

Plataformako maldak 1° eta 6° bitarteko gradiantea izan ohi du: handiagoa failez hautsitako itsasertzeetan eta txikiagoa, berriz, delta handietan eta itsasertz egonkorretan; kontinente plataforma bat-batean amaitzen da ertz batean, malda handi bat hasten den lekuan. Plataformak kilometrogutxi batzuetako eta 300 kilometro baino gehiagoko zabalera ere izan dezake kontinenteen inguruan; batez besteko zabalera, baina, 80 kilometrokoa du; sakonera, berriz, 50 eta 550 metro bitartekoa: 130 metro, batez beste. Toki batzuetan, Ipar itsasoan, adibidez, Irlandak eta Ingalaterrak Frantziarekin eta Danimarkarekin bat egiten duten lekuan, oso zabala da. Asiaren hego-ekialdean Java, Sumatra eta Borneoko uharteak bat eginda daude kontinentearekin.

Bering itsasoaren iparraldean kontinente plataformak 1.400 kilometroko zabalera du eta Asia eta Ipar Amerika batzen ditu.

Kanada aldean Hudson badia osoa eta Artikoko uharteen arteko itsasarteak hartzen ditu plataformak. Hego Amerikan oso zabala da Plata ibaiaren bokala eta Suaren Lurraldea bitartean, Malvina uharteak barne.

Errusiaren iparraldean ere oso zabala da, 800 kilometro, batez beste. Mediterraneo itsasoan, berriz, estua, Tuniziako ekialdeko kostan izan ezik, Adriatiko itsasoan, Valentziako golkoan, eta Ebro eta Rodano ibaien deltetan.

Kontinente plataformak Lur osoko gainaldearen %6 hartzen du, eta ozeano hondoaren%7,5. Azken hamarraldietan, hidrokarburo hobiak direla, arrantza lekuak direla, e.a., kontinente plataformak garrantzi handia izan du geologian eta ekonomian.

Plataformak, bestalde, aurreko geologia aldietako itsaso epikontinentalak –ondoko lur behereak hartu zituzten itsaso sakonera gutxikoak– nolakoak izan ziren aztertzeko balio dute.

Kontinente plataformaren muga edo ertzaz harago lurrak beherantz egiten du eta 3° eta 6° bitarteko malda handi bat hasten da, 2.500 metro inguru sakona.

Kontinenteko ur lasterrek harrotzen dituzten eta bestela labaintzen diren sedimentuak ezponda barrenean pilatzen dira detritus konotan. Horrek guztiak sortzen du malda, kontinente goragunea edo glazisa.

Ordoki abisalaren hondora zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta malda txikiagoa izaten du Delako glazis horrek. Glazisak 200 eta 500 kilometro bitarteko zabalera izan dezake, eta ozeano arroa ukitzen daukan muturreko ertza 4.000-5.000 metro barren egon daiteke.

Kontinente bazterrra –kontinente plataforma eta ezponda hartzen dituen topografiaelementua– bi motatakoa izan daiteke: Atlantikoa eta Ozeano Barekoa. Atltantiko motako kontinente bazterrak izen bereko ozeanoaren itsasbazter gehiena hartzen du.

Ozeano Bareko kontinente bazterrak –lurrikara asko izaten ditu– uharte arkuak izatea du ezaugarri berezia: uharte arkuak sumendi jatorriko uharte kateak dira, eta baztertutako sakongune batek, barne itsaso batek estaltzen duela, bereizten ditu kostaldetik. Uharte kate horiek ez dira denak berdinak: kilometro koadro bat ere ez dute batzuek eta ehundaka kilometro koadro, berriz, beste batzuek, Ginea Berriak, Sumatrak, Javak, Luzonek eta Hokkaidok, adibidez.

Baztertutako sakongune horien artean aipagarriak dira Japoniako itsasoa, Filipinetakoa eta Mexikoko golkokoa, besteak beste.

500 eta 1.000 kilometro bitarteko zabalera eta 500 kilometrorainoko sakonera dute batzuek.

Uharte arkua kanpotik inguratuz goragune txiki bat izaten da, urpean gehienetan.

Aipagarriak dira ere itsas osinak, sumendi barrenean irekitako sakongune luze –ehundaka kilometrainokoak– estuak.

 

Itsas osinak

Itsasertz batzuetan –Kariben, Perun, Ozeano Barearen ekialdean, esate baterako– plataforma kontinentala ozeanoaren sakoneraino beheratzen da bat-batean, eta lubaki estu malkortsu bat eratzen du. Itsas osina esaten zaio lubaki horri eta han du itsasoak sakonerarik handiena. Itsas osinek 30 eta 100 kilometro bitarteko zabalera dute eta 300 eta 500 kilometro bitarteko luzera.

Peru-Txile hobia da ezagutzen den luzeena: 5.900 km Hego Ameriketako mendebaleko itsasertzaren parean. Handik hurbil Andeetako mendikatea dago. Itsas osinak 4° eta 8° bitarteko maldak izaten ditu, baina baita 45°-rainokoak ere. 10.000 metro baino gehiagoko sakonera izaten dute itsas osinek, eta Marianetakoa da, Ozeano Barearen mendebalean, guztietan sakonena.

Urpeko mendikateen ondoan, ozeano aldera, izaten dira, gehienetan, itsas osinak, eta baita itsas mailaz gora kontinente ertzean ageri diren mendikateen ondoan ere.

Azken mendikate horiei mendi arkua edo sumendi arkua esaten zaie.

 

Uharte arkuak

Ozeano Bareko kontinente bazterrak tektonika jarduera handiko guneak dira.

Horren adibide argiena sumendi jatorriko uharte kateak dira, uharte arkuak deituak.

Kontinente ertzetik hurbil daude uharte horiek, baztertutako sakongune batek, barne-itsaso batez estalia, bereizten dituela.

Arku ganbilak dira, konkorra ozeano aldera dutela, eta osin sakon bat izaten dute alde horretan. Arku horietako batzuek kilometro koadro bat ere ez dute eta beste batzuek, berriz, Ginea Berriak, Sumatrak, Javak, Luzonek eta Hokkaidok, adibidez ehundaka. Uharte arku horiek lurrikara gune aktiboak dira, eta topografia eta egitura aldetik oraintsu tolestutako arku kontinentalekin dute lotura, Alaska eta Malasiarekin, adibidez. Aipagarriak dira, beste batzuen artean, Aleutiar uharteak, Japonia, Filipinak, Java, Marianak eta Egeo Itsasoko arkuak. Uharte arku horietako bakoitza duela gutxi deformatutako jalkin haitzez osatua dago eta ez du sumendirik. Aipagarriak dira, besteak beste, Trinidad, Tobago eta Barbados, Antilletan, edo Citeres, Kreta, Carpathos eta Rodas, Egeo Itsasoan.

Barne arkua sumendi jatorriko uharteez osatua dago, eta gaina estaltzen duen sedimentu geruzaren azpian sustratu zahar bat izaten da. Barne arkuen adibide aipagarrienak, Kariben, Martinika eta Guadalupe uharteak dira eta Egeoen, berriz, Zikladak.

 

Bazterreko sakonguneak

Itsaso eremuak dira eta uharte arkuen eta kontinentearen itsasertzaren artean daude: Japoniako itsasoa, Filipinetakoa, Mexikoko golkoa. 500 eta 1.000 kilometro bitarteko zabalera eta 500 metrorainoko sakonera izaten dute. Topografia konplexua izaten dute: arraildurak, mendixkak e.a.

Ikus daitekeenez, kontinente bazter horietan ez dago Atlantikoko kontinente bazterretako plataformaren parekorik.

Asiako ekialdeko itsasertza horrelakoa da gutxi gorabehera. Ameriketako erdialdeko eta hegoko Ozeano Bareko aldeko itsasertzean ez dago uharte arkurik, lurrikara gunea izan arren.

 

Urazpiko arroilak edo mendiarteak

Bai kontinente plataformek bai ezpondek ebaki sakon malkartsuak dituzte: itsas arroilak edo mendiarteak. Kontinente plataformetan ibai sistema handien segidan izaten dira arroilak. Argi dago higalanaren ondorioz eratu direla, baina ez dago argi ordea zer higatzailek egin duen hain higalan handia. Azken izotzaldian itsas maila askoz beherago zenean kontinente plataformatik igarotako ibaiek ebakiak dira batzuk.

Ezponden hondoan dauden arroilakzerk ebaki zituen jakitea ordea zailago da, oso haitz gogorretan (kuartzita, granitoa) ebakiak baitira. Ur lasterrak harrotutako sedimentuek ebaki dituztela dioen hipotesia da zabalduena eta sinesgarriena. Indar handiko luiziak dira ur laster horiek: kontinente plataformaren ertzean sortzen dira, ehun kilometro orduko eta gehiagoko lastertasuna hartzen dute, eta buztin, lokatz eta hartxintxar kopuru handiak eramaten dituzte ordoki abisaleraino. Arroiletako asko hautsiaren hautsiz ebaki izan direla frogatu zenean bukatutzat eman zen materialen gogortasunaren arazoa.

Depresioa edo rift hobia da –1,5-2 kilometro sakon eta 15-50 kilometro zabal– dortsalen ezaugarri nabarmenena. Dortsalaren simetria ardatzarekin bat etortzen da baina ez da, hala ere, dortsal guztietan izaten.

Ozeano Bareko ekialdeko dortsala da salbuespen aipagarriena: hobirik ez, baina, atzitik, horst bat du –lur geruza bat bere alboetako blokeak baino garaiago–, hogei kilometro inguru zabal, failez mugatua. Rifta, bestalde, segmentutan zatitua egoten da eta dortsal ardatzaren alde banatara mugiturik egoten dira segmentuok.

 

Urgaineratutako eremuetako erliebe nagusiak

Urgaineratutako eremuetako erliebe mota nagusiak bereizteko litologiariburuzko irizpideak (zer haitz mota dauden) eta egiturari buruzko irizpideak (nola dauden kokatuta haitzok) hartu behar dira kontuan.

Hiru elementu nagusik osatzen dituzte eremuok: kratoiak (haitz igneoak eta metamorfikoak bakarrik azaleratzen diren eremu zahar higatuak), plataformak (kratoi eremuak, malda txikikoak eta jalkin haitzez estaliak), eta orogenoak (duela gutxi tolestutako guneak, sedimentuz estaliak eta higadurak askorik jan gabeak).

 

Kratoiak

Kratoi hitza ezkutu hitzaren sinonimo gisa erabiliko da hemen, kontinenteko eremu egonkor, higatu, zahar eta sedimentuzko estalkirik gabeak adierazteko. Aditu batzuek, baina, 2.500 milioi urte baino gehiagoko eremuak (aldi arkaikokoak) izendatzeko baizik ez dute kratoi hitza erabiltzen. Edozein modutara ere, bi kratoi edo ezkutu mota bereiz daitezke: aldi arkaikokoak batetik eta aldi arkaikoaren ondokoak (2.500- 225 milioi urte bitartekoak) bestetik.

Ezkutu arkaikoak eremu lauak dira eta haietan ez dira haitz igneoak eta metamorfikoak baizik azaleratzen. Latitude handietan eta txikietan daude gehienak eta kontinentearen eskeletoa osatzen dute. Ipar Hemisferioko latitude handietako ezkutuek (Baltikokoa, Errusia-Siberiakoa eta Kanadakoa) Ozeano Artikoa inguratzen dute, eta Hego Hemisferioan, berriz, Antartikoko ezkutu handia baizik ez dago, izotzak estalia gehiena. Latitude txikietan Afrikako kratoia, Guiana-Brasilgoa, Indiakoa eta Australiakoa ekuatorearen alde bietara hedatzen dira.

Kanbrikoaren aurreko aldiko orogenian eta Paleozoikokoan eratu ziren mendigune zaharren hondarrez eratuta daude aldi arkaikoaren ondoko ezkutuak. Haitz igneoen eta metamorfikoen gainean sedimentuzko estalki bat dago, gutxi-asko metamorfizatua, eta haitz metamorfiko gogorrezko (koartzitak gehienbat) geruza tolestuen araberako erliebea –irtengune ikusgarrizkoa– sortzen da hartatik. Appalatxe erliebea esaten zaio, Ipar Ameriketako ekialdeko izen bereko mendikatea dela eta. Aldi arkaikoaren ondoko ezkutuak erdituko latitudeetan daude, Ipar Hemisferioan gehien-gehienak, Ipar Amerikaren ekialdeko ertzaren eta Txinaren artean.

 

Sedimentuzko plataformak

Sedimentuzko plataformak kratoien antzekoak dira topografiari dagokionez, baina sedimentuzko estalkia dute, kratoiek ez bezala. Estalki hori aro paleozoikokoa izaten da, orain dela 570-225 milioi urte bitartekoa, eta jatorri kratonikoko geruza batengainean egoten da. Estalkia ehundaka metro batzuk da lodi, eta hortik ateratzen den ondorioa da sedimentazioa kontinente guneetan edota sakonera gutxiko bazterreko itsasoetan izan zela. Haitz gehienak haitz detritikoak dira (konglomeratuak, hare-harriak eta buztinak), edo arbelak txandakaturik, Saharako plataforman bezala; inoiz, Errusiako plataforman, adibidez, ebaporitak eta tuparrizko eta kare-harrizko geruzak izaten dira.

Estalkia higatzean forma bereziak eratzen dira. Gainean estratu gogor bat duten serie horizontalek mahaiak eratzen dituzte.

Higadurak mahaiotan egiten duen hondalanaren ondorioz muino moduko batzuk geratzen dira. Azpiko serie horizontaletan, hamar gradu baino gutxiagoko malda dutenetan, mailadi itxurako erliebea sortzen da material gogorrak eta bigunak txandakaturik.

Erliebe mota horri tabularra esaten zaio.

 

Orogenoak

Orogeno edo mendikateak, azkeneko 200 milioi urteetan sortuak, kontinenteetako erliebe egitura gazteenak dira. Beste inon baino ageriago dago haietan Lurraren barne energiaren eraikimena. Orogenoen egituran bi alde nagusi bereizten dira: gainekoaedo estalkia eta behekoa edo oinarria.

Estalkiak 5-10 kilometroko lodiera du, itsasoko sedimentu haitzez osatua dago, eta oso tolestua egoten da, edo hautsia, bestela.

Oinarria, berriz, metamorfikoa da gainaldean eta granitozkoa hamabosgarren kilometrotik behera. Higaduraren eta isostasiako jasoaldien eraginez oinarriko haitzak azalera ateratzen dira zenbait lekutan, orogenoen ardatzean.

Bi alde handitan daude orogenoak banatuta: Eurasia batetik eta Amerika bestetik.

Lehenengo aldeak 15.000 kilometro inguru hartzen ditu Ozeano Atlantikoaren eta Barearen artean, ekuatorearen paralelo.

Bi masa kontinentalen artetik igarotzen da: Euroasiakoaren eta Afrika, Arabia eta Indiakoaren artetik, alegia. Alde horretako mendikate nagusiak hauek dira: Pirinioak, Alpeak, Karpatoak, Kaukasoa eta Himalaia.

Ameriketako aldeak, berriz, 19.000 kilometroko eremua hartzen du iparraldetik hegoaldera. Bi mendikate nagusi ditu, Mendi Harritsuak eta Andeak, Ipar eta Hego Ameriketako mendebaleko ertzean.

Alde bateko eta besteko orogenoak Asiako uharte arkuekin elkartzen dira. Uharte arku gehienak kontinente azalean daudela kontuan hartuz gero, haiek gora egitean eta kontinenteari lotzean mendikate berriak sortuko dira. Uharte arkuak, beraz, erabidean diren mendikatetzat hartu behar dira.