Geografia unibertsala»Geografia
Ilargia
Ilargia da unibertsoan Lurretik hurbilen dagoen argizagia. Oso erraz
behatzen eta ikusten da, ia atmosferarik ez duelako, eta horrexegatik
garbi-garbi ageri dira Ilargiaren azaleko gorabehera guztiak.
Hurbiltasun eta auzokotasun horrexegatik agian, antzinako kultura
guztietan gurtu izan da Ilargia, izaki misterioz betetzat: sumeriarrek,
egiptoarrek, grekoek? adoratu zuten. Gure egunotaraino Ilargiak, edo
Ilargi aldiek, beren arauzkotasun finkoaz, eman dute legea hilabetea eta
astea neurtzeko, eta haietan finkatu ziren gizonak asmatu zituen
lehenengo egutegiak ere.Ilargiaren hurbiltasunak eta ikusterraztasunak
egin dute argizagi hori milaka urtetan
zeruko gauzaki astronomiko behatuena
eta aztertuena. Grekoek, gure aroa
baino lehenago, berariazko saioak egin zituzten
Ilargiaren neurriak ezagutzeko, LurretikIlargiraino dagoen distantzia neurtzeko,
eta haren itxurazko mugimenduak arautzen
zituzten legeak argitzeko. Teleskopioa
asmatu zenetik aurrera (XVII. mendearen
hasieran), aukera handiak izan ziren Ilargiaren
azala eta haren ezaugarri fisikoakaztertzeko. XVIII. mendean Newtonek Ilargiaren
mugimendua, mugimendu horretan
eragina duten faktoreak, eta Ilargiak Lurrean
duen eragina azaldu zituen, haren eraginaren
adierazpen nabarmena diren itsasaldiak
batez ere. Espaziorako ontziak hasi zirenetik,
gero eta zehazkiago ezagutu ahal izan
da, eta Apolo 11rekin gizonak lehendabiziko
aldiz Ilargia zapaldu zuenez gero, are
gehiago bizkortu da ezagutza hori; gaur
egun aski zehatz deskriba daiteke Ilargiaren
barne egitura, eta nahiko ongi ezagutzen
dira haren bilakaeraren aldi nagusiak.
Ezagutza horiek guztiak gorabehera, ordea,
Ilargiaren jatorria misterio eta ezezagun da
oraindik zientzialarientzat, eta galdera handi
asko dago oraindik ere Ilargiari buruz argitu
gabe: Lurraren zati bat da? Lurraren
erakarpenak harrapatutako argizari bat ote?
Lurraren inguruko materiaren akrezioz osatua
ote da?
Ilargia, bere 3.473 kilometroko diametroarekin,
Eguzki sistemako seigarren sateliterik
handiena da, baina Pluton planeta
urruna baino handiagoa da, izatez. Dentsitatea
(3,3 g/cm 3 ) Lurrarena (5,5 g/cm 3 ) baino
askoz txikiagoa du; horrexegatik hain
zuzen, Ilargiaren azalean Lurraren azalean
baino sei aldiz txikiagoa da grabitatea. Eta
ia atmosferarik batere ez duenez, azaleko
hotz-beroak 107°C-tik (egunez) -173°C-ra
(gauez) bitartekoak dira.
Ilargiaren jatorria
Hiru hipotesi proposatu dira Ilargiaren
jatorria azaltzeko: fisioarena, atzipenarena
eta akrezioarena.
Fisioa proposatzen duen teoriaren arabera,
hasieran Lurrak izan zuen biratze bizkorrean
hartatik askatutako puska bat izango
litzateke Ilargia. Hipotesi hori ordea, ezin
adostu daiteke Lurraren eta Ilargiaren osaketa
kimikoak berdinak ez izatearekin, burdina
eta gai hegaskor askoz ere gehiago
baitu Lurrak Ilargiak baino. Hasierako biratze
bizkor hori ezin adostuzkoa litzateke,
gainera, momentu zinetikoaren kontserbazioaren
legearekin.
Ilargiaren atzitzearen teoriaren arabera,
Ilargia Lurraren hurbiletik igarotzean
haren grabitazio eremuak harrapatutako
argizagi bat da. Hipotesi honek aise azal
dezake zergatik ez diren berdinak Lurraren
eta Ilargiaren osaketa kimikoak; baina
inoiz horrelako atzitzerik gertatu izateko
oso txikia da probabilitatea, eta dinamikaren
ikuspegitik ezin adostuzkoa da, gainera,
argi eta garbi.
Ilargiaren atzitze hori gertatu ahal izateko
arras gelditu beharra legoke harenlastertasuna, haren orbita, berez eliptikoa
izango litzatekeena, zirkular bihur ledin. Ez
dago, ordea, horrelako gertaera batek izateko
beharko lukeen energia eralgitze ikaragarriaren
zer eta nolakoak azalduko lituzkeen
mekanismorik.
Akrezioaren edo itsaspenaren hipotesiaren
arabera, Lurraren inguruan biraka zebilen hautsez
osatua bide da Ilargia. Hipotesi horrek,
ordea, ez du azaltzen zergatik den desberdina
Lurraren eta Ilargiaren osaketa kimikoa.
Gaur egun zientzialariek dituzten datuetan
oinarrituta, orain arte proposatu diren
hipotesietatik batek ere ez du Ilargiaren
sorreraren azalpen koherenterik eman ahal
izan. Edozeinetara ere, badirudi Lurraren
inguruko orbita batean espazioko gaien
akrezioa gertatu izanaren aldaeraren bat
izan daitekeela gauzak ongien azal litzakeen
hipotesia. Lurraren eta Ilargiaren desberdintasun
kimikoen arazoa hor dago ordea, eta,
horrenbestez, Ilargiaren sorrerako akrezioan
bildu ziren gaien jatorria argitu beharra
dakar. Hori guztia ezkutuan dago oraindik
planetologoentzat.
Ilargiaren bilakaera
Ilargia orain dela 4.600 milioi urte sortu
zen, gainerako planeta guztiak bezala.
Planeta arteko nebulosa osatzen duten
hautsa eta gorpuzkiak metatuz osatua da.
Gauzaki edo harri horiek elkar jotzen zutenean,
lastertasun handiz egiten zuten
elkarrekin talka, eta horien energia zinetikoa
bero bihurtzen zen talka horietan.
Ilargia handituz zihoan ahala, beste horrenbestean
handitzen zen energia hori;
eta, hala, akrezioan askatzen zen berohorrek 400 km-taraino urtu du gutxienez
Ilargia.
Magma geruza lodi hori hoztu ahala,
kristalizazioak gertatu dira bertan. Mea gairik
trinkoenak (burdina eta magnesiodunak)
magma itsaso horren hondoraino
erortzen ziren; mea gairik arinenak, berriz,
gainean geratzen ziren, eta era horretara
kontinenteen azala eratu zuten, anortositak
alegia (kaltzioa eta aluminioa dute
batez ere).
Geruzen bereizkuntza hori orain dela
4.600-4.400 milioi urte gertatu zen, meteorito
jasa gertatzen ari zen garaian (horixe
baita, hain zuzen, akrezio aldiaren amaieraren
froga, eta horixe akrezio gehieneko
aldia ere). Meteorito bonbardaketa hori
orain dela 3.800 milioi urte bukatu zen, eta
erabat moldatu zuen kontinenteen azala.
Meteorito talkaz eratutako Ilargiko arrorik
handienak, hain zuzen, talka aldi horren
bukaera aldekoak dira, eta horietan aurkitzen
dira, aurkitu ere, KREEP noritak (K potasioarena,
REE, Rare Earth Elements izenetik
hartua, Lurrean gai horiek oso bakan
direlako alegia, eta P fosfatoarena), lehen
aipatu den geruza bereizkuntza aldiko sumendi
jardueraren azken eztanda aldiari dagozkionak.
Aldi horretan zehar Ilargia berotuz joan
zen geldiro-geldiro, bere gai erradioaktiboen
(uranio, torio, potasio 400) desintegrazio
nuklearraren ondorioz. Orain dela
3.800 milioi urte fusio partzial ahul samar
bat izan zen, mila milioi urte inguruz; fusio
horren ondorioz basaltoa azaleratu eta zabaldu
zen, eta Ilargiko itsasoak eratu ziren.
Geroago berriro hoztu zen Ilargia, eta ez
zuen bestelako jardunik izan orain dela
2.500 milioi urte ingurura arte, meteorito
talkaz sortutako krater bakan batzuk eta
lurrikara ahul batzuk salbu.
Itsasoak, kontinenteak eta kraterrak
Ilargiari begi hutsez begiratzen baldin
bazaio, orban ilunak ikusten dira, inguruan
leku argiagoak dituztela. Teleskopioz begiratzen
bada, garbi ikusten da orban ilun
horiek ordoki zabalak direla eta meteorito
talkaz eratutako krater gutxiago dela horietan
bestetan baino. «Itsaso» deitzen zaie orban
horiei. Argiuneak, berriz, guztiz menditsuak
dira, eta kraterrez josi-josita daude
guztiak; «lur» edo «kontinente» deitzen zaie
leku horiei.
Kontinenteek Ilargiaren azalaren ehuneko
70 hartzen dute; guztiz erliebe nahasia
dute, meteoritoen talkaz eratutako krater eta
arro nahaste bat balira bezala. Krater horiekdira, zalantzarik gabe, Ilargiaren ezaugarri
morfologikorik behinena, arro horietako
batzuek 1.000 kilometrotarainoko diametroa
ere izaten baitute. Krater horien jatorria
eztabaidagai handia izan zen luzaro.
Batzuen iritzian sumendiek eginak ziren,
beste batzuen iritzian berriz, meteorito
talkaz sortuak. Gaur egun gauza segurutzat
ematen da meteorito talkaz sortuak direla
krater horietako gehienak. Kontinenteak
osatzen dituzten gaiak haitz arinak (anortosita
deituak) dira batez ere, eta, proportzio
txikiagoan, KREEP noritak (hauek ematen
diete kolore argia). Haitz horien erradioaktibitatean
oinarritutako metodoak erabiliz
haitzen adina ezagutu ahal izan da; hala,
4.600-4.400 bitarteko adina finkatu ahal izan
da, lehen esan bezala; kontinenteetako kraterren
sorrera, berriz, Ilargiaren sorreratik
bertatik orain dela 3.800 milioi urte ingurura
arte luzatzen da; data horietatik hona ez
da kontinente berriagorik aurkitu.Itsasoek Ilargiaren azalaren ehuneko 30
hartzen dute; Ilargiak Lur aldera duen aldean
daude denak; orban ilun biribil antzeko
gisa ikusten dira Lurretik. Morfologiaz
leunak dira; oso krater gutxi dituzte
meteorito talkaz eratuak. Itsaso hauek Ilargiaren
lekurik beherenetan daude, eta badirudi
kater eta arro sailak estaltzen dituztela
(horregatik dira, hain zuzen, biribil
samarrak); zenbaitetan uharte gisakoak dituzte
zabaldiaren mailatik gora irtenak.
Ezaugarri horiek direla eta, hain zuzen, eta
jatorri bolkanikozko egitura asko daudelako,
pentsa daiteke galdaz osatuak direla
itsaso horiek, eta galda hori, behereneko
lekuak estalirik, gogortu zela. Badirudi Ilargitik
ekarritako erakusgarrien analisiak on
egin duela hipotesi hori. Ilargiko itsasoak
basaltozko labaz osatuak dira, izan ere; 8
km-tarainoko loditasuna izan dezakete, eta
1.000 km-tarainoko isuriak ere badira inoiz.
Orain dela 3.700-3.000 urte bitartean koka
daitekeen sumendi aldi baten ondorioa dira,
itxura denez, basalto horiek.
Ondoriotzat atera daiteke, bada, kontinenteak,
kraterrez josiak, zaharragoak direla,
argi eta garbi, itsasoak baino, itsasoetan,
hain zuzen, meteorito talken askoz ere
aztarren gutxiago baitago kontinenteetan
baino. Horregatik, bada, gaur egun zientziak
dituen ezagutzetatik ondorioz atera
daiteke zuzeneko erlazioa dagoela eremu
baten adinaren eta hartan den krater kopuruaren
artean: zenbat eta krater gehiago,
eremua zaharrago. Erlazio hori ongi
zehaztu ahal izan da Ilargirako, hara bidalitako
espedizioetatik (Apolo 11, Apolo 17,
etab.) ekarri diren erakusgarriei esker, eta
Eguzki sistemako beste argizagi batzuetako
azalaren adin erlatiboa ezagutzeko erabiltzen
da, Marte, Merkurio, Artizarra edo Jupiter
eta Saturnoren planeta erraldoien azalarena
ezagutzeko, adibidez.
Barne egitura
Ilargia Lurraren inguruan dabil biraka;
27,32 egun behar ditu bira osoa egiteko.
Lurraren eta Ilargiaren arteko batez besteko
distantzia 384.317,2 km-koa da zehatz.
Harrigarria da K.a. II. mendean Hiparko
Nizeakoak distantzia hori neurtu eta
384.000 km-koa zela baieztatu izana. Ilargiak
Lurraren inguruan duen translazio
mugimendua aski konplexua da izatez,
Lurraren eta Eguzkiaren grabitazio erakarmenek
Ilargiaren mugimenduetan eragiten
dituzten gorabeherengatik. Ilargiak errotazio
zuzeneko mugimendua du gainera,
bere biraketa mugimenduarekin zehazkibat datorrena. Errotazio gatibu esaten zaion
gertaera horrek, hain zuzen, bi ondorio
nabarmen ditu: alde batetik Ilargiak alde
bera erakusten dio beti Lurrari, hemisferio
bera alegia, eta bestetik Ilargiaren «egunak»
eta «urteak» luzera bera dute, Lurreko 23,32
egun hain zehatz.
Ilargiaren errotazio horren eragin ikusgarriena
Lurreko itsasaldiak dira. Grabitazio
unibertsalaren legeak agintzen duenaren
arabera, bi masa aurrez aurre jarriek,
bereizten dituen distantziaren koadroaren
alderantzizkoaren arabera erakartzen dute
elkar. Ilargiak Lurrari eragiten dion indar
horrek gorarazten du itsasoa; horretan Eguzkiak
ere badu eragina, jakina.
Ilargiak Lurrean itsasaldiak eragiten dituen
bezalaxe, lurrak ere eragiten ditu «itsasaldiak»
Ilargian. Ilargiko itsasaldi horien
eragin nagusia haren barrenean gertatzen
diren ikarak dira, seismoak alegia. Ilargiaren
ikaraldi horietan oinarrituta, eta haren
grabitazio eremua aztertuz, Ilargiaren barne egitura ezagutu ahal izan da. Izan ere,
seismo uhinen zabaltze lastertasuna uhinak
igarotzen duen gaiaren ezaugarrien eta
haien tenperaturaren araberakoa da. Lurraren
grabitazio eremuan gertatzen diren
gorabeherak aztertuz, Ilargiaren barrenean
masak nola banatzen diren aztertu ahal
izan da, eta era horretara bildutako datu
guztietan oinarrituz argizagi haren barne
egituraren eredu bat eratu eta finkatu ahal
izan da orobat. Horretarako guztiz mesedegarrriak
izan dira Apolo programaren
garaian Ilargian utzi ziren eta hamar urte
inguruz martxan egon diren sismografoek
bidalitako datuak. Azalera agertzen den
geruza, anortositaz osatua, kontinenteak
alegia, basaltoz estalita dago han eta hemen
(itsasoak). Azal-azaleko geruza (10 m
inguru lodi), Ilargiko erregolito deitua,
meteoriko talkaz xehetutako geruza da.
Ilargi azalaren loditasuna 50 km-tik (Lurrari
begira duen aldean), 100 km-tarainokoa
da (ikusten ez den aldean). Mantua
Lurrekoaren antzekoa da osagaiez (peridotoz
osatua), eta eten bat du 1.000 km
inguruko sakontasunean. Gaineko mantua
hotzago dago eta zurrunagoa da azpikoa
baino. Ilargian gertatzen diren ikara gehienen
fokoak geruzen arteko eten horretantxe
aurkitzen dira. Ilargiak eremu magnetikorik
ez duenez, uste izatekoa da, Ilargiak
erdigunerik badu, oso metal gutxi
izango duela gune horretan.Ilargiaren jatorriari buruzko hiru teorien azalpen
grafikoa.