Geografia unibertsala»Geografia
Galaxiak
Duela gutxi aurkitu da galaxiak zirela Unibertsoaren osagai
funtsezkoa, teleskopio optiko handiek eskaintzen zituzten ahalbideak
direla medio.
1925-1930 arte uste zen gauza bera zirela Unibertsoa eta gure galaxia,
bere ehunka milaka milioi eguzkiekin, bere planeta, kumulu, nebulosa
eta materia ilunezko metatzeekin.
Urte horietan, Slipherrek, Hubblek eta beste astronomo batzuek aurkitu
zuten «espiraleko nebulosak» galaxiak zirela,
gurea bezalakoak gutxi gorabehera.
Gaur egun badakigu badirela milaka milioi galaxia, mulkoetan
bilduak (eta mulkoak supermulkoetan); baina oraingoz galaxia da
eskala kosmikoan ezagutzen den banako diskretu handiena.
Galaxien azterketa zehatzak argazki irudien bidez egin ziren lehenik,
eta gero X izpien eta izpi infragorrien eta ultramoreen bidez.
Horiei esker aztertu ahal izan dira galaxia baten osagaiak
(izarrak, hautsa, gas ioitua, gas neutroa), eta erakutsi ahal izan da,
orobat, garrantzi handiko esanahi fisikoa zuela Hubblek 1926an egin
zuen sailkapen funtsean morfologikoa zenak, eta sailkapen horrek
galaxien sortze eta bilakatzearen zernolakoak ere argitzen dituela.
Ikuspuntu horretatik, galaxiak ez dira denboraren harian izaeraz
aldatzen, bestela baizik, Unibertsoaren garai jakin batean eratu dira.
Hasierako gasa izar bihurtzeko erritmo lasterragoa ala geldiagoa da
galaxia baten existentzia arautzen duen gertakari nagusia.
Horren arabera, egitura morfologiko bereziak eratzen dira,
gas hori izar gisa metatzen den ala izarrarteko gas gisa sakabanatua
gelditzen den.
Nebulosetatik galaxietara
XVIII. mendean Kantek uste zuen Esne
Bidea ez zela sistema bakar bat eta bazirela
Galaxia Handia baino harago beste izar
munduak, haren kidekoak, berak «Unibertso
uharteak» esaten zienak. Mundu horietan,
zenbait argizagi bereziki ohargarri iruditzen
zitzaizkion, zeren itxura lauso eta
hedatua baitzuten, izarrek ez bezala. Argizagi
horiei «nebulosa» esan zitzaien. Horietako
zenbait ?Andromeda nebulosa, esaterako?
antzinatik ezagutzen ziren, baina nebulosen
lehen inbentario sistematikoa C.
Messierek egin zuen, 103 nebulosa biltzen
zituen katalogo bat argitaratu baitzuen
1784. urtean. Horietako bakoitzak M letraeta dagokion zenbakia ditu ezaugarritzat.
Esaterako, Andromeda nebulosak M31 zuen
ezaugarri. Handik hona gehituz joan da
arian-arian nebulosen kopurua, eta hala,
J. Dreyer-ek, New General Catalogue argitaratu
zuen 1888an, 7.800 nebulosa eta
mulkoren berri ematen zuena.
Hugginsek 1864. urtean egin zuen nebulosen
espektroskopiak bi espektro
mota bereizten ditu: gas inarrosia igorri izanaren
ondorio gisa interpreta daitezkeen
igortze irradak agertzen dituztenak, eta izarren
espektroetan ikusten direnen antzeko
absortzio irradak gertatzen direnak, hala
nola Andromeda nebulosa espiralean; zertzelada
horrek garamatza Andromeda nebulosa
izar multzo bat dela uste izatera.
Nolanahi ere, arazo nagusia, distantziena
alegia, argitu gabe gelditu baitzen, ezin jakinzitekeen nebulosen egiazko izatasuna
zein zen. Neurtu ziren itxurazko diametroen
arabera, berdin izan zitezkeen nebulosa
espiral hurbilak eta berez txikiak, edo bestela
Esne Bidetik kanpoko sistema urrun eta
neurri handikoak. Hartan, 1924an oso argitasun
handiko izar aldakor mota bat, zefeida
izenekoa, aztertu zuen Hubblek hainbat
nebulosatan; eta, izar hauek distantzia adierazgarritzat
erabiliz, Andromeda nebulosa
900.000 argi urtetara dagoela atera zuen
ondorio gisa (distantzia 2 milioi argi urtekoa
dela kalkulatu da gaur egun).
Hori izanik distantzia, nebulosa hori
gure galaxiatik at zegoen argi eta garbi, eta
hortaz Unibertsoa Esne Bidetik kanpo ere
hedatzen da. Gaur egun hainbat eta hainbat
nebulosa ezagutzen dira, Esne Bidea bezalako
izar sistema bakartuak direnak eta izugarri
urrun daudenak. Gas nebulosekin ez
nahasteko, «nebulosa estragalaktiko» esaten
zaie izar samalda horiei harrezkero.
Galaxien ezaugarriak
Galaxia bat gas, hauts eta izar multzo
nahasia da, 100.000 argi urteko diametrokoa
batez beste, ehun mila milioi inguru izar
dituena, eta gas kontzentrazioak masa guztiaren
%0-tik 30-era hartzen duena.
Behaketa optikoz eta irratiastronomikoz
analizatu ahal izan da galaxien edukia: kolore
desberdineko izarrak, nebulosa distiratsuak
edo izar beroenetatik hurbil dauden
hidrogeno ioituzko eskualdeak, izar
bero haietatik urrun dauden gas hotzeko
eskualdeak eta argi ikusgaia xurgatzen duen
hauts askoko alde ilunak. Osagai horien
kopurua ez da berdina galaxia guztietan,
galaxien tankeraren araberakoa izaten da:
morfologikoki eliptikoak, espiralak ala irregularrak
baitira galaxiak.
Galaxien sailkapen morfologikoa
Estatu Batuetako Wilson Mendiko teleskopio
ahaltsuen bidez egindako ikerketetan
oinarriturik, sailkapen bat proposatu zuen
Hubblek 1928an, gaur ere onartzen dena eta
galaxiak hiru multzo handitan ?eliptikoak, espiralak
eta irregularrak? banatzen dituena.
Espiralak dira gehienak (Hubblek aztertuen
%80) eta elkarren antzik badute.
Osagai hauek dituzte beti: erraboila bat,
beso bihurrituak eta mulko globularrak
ugari diren argi koroa bat. Ehundaka mila
milioi izarrek osatuak dira, eta 100.000 argi
urte inguru dute luze-zabalean.Galaxia batzuetan besoak ez dira erraboil
esferikotik ateratzen, zilindro moduko
barra handi batetik baizik: espiral barradunak
dira. Espiral klasikoak baino argitasun
gutxiago dute, masa gutxiago baitute, edo
izar dentsitate apalagoa; eta teoria batzuen
arabera, masa txikiago horrek galarazi du
erraboil homogeneo bat eratzea.
Bada beste mota bat, gutxiago dagoena
baina egungo ikerketen arabera interes handikoa
dena, galaxia lentikularrena; galaxia
horiek, espiralak bezala, badute erraboila eta
diskoa, baina egitura espirala dute eskas.
Ustez, ez dute beste galaxietan azkenean
besoak osatu dituzten egiturazko irregularitateak
sortzeko behar beste gas eta hauts.
Galaxia eliptikoak dira, espiralekin
batera, gehien aurkitzen direnak. Ez dute
egiturarik, eta izarrak oso erregular daude
banatuta galaxiaren barnean. Elipse forma
dute ia beti, eta eszentrikotasunaren arabera
sailkatzen dira; Hubbleren sailkapena E0tik
(galaxia zirkularretatik), E7-ra (eszentrikoenetara)
doa. Galaxia eliptikoek masa
handia dute eskuarki; are gehiago, galaxia
eliptikoak dira Unibertsoko gorputz diskretukomasa handieneko batzuk. Astronomo
batzuentzat, galaxia baten bizitzaren azken
fasea dira, gas eta hauts hondar guztiak
ezabaturik, besoak erraboilarekin nahasten
direnekoa alegia. Beste batzuek uste dutenez,
aldiz, galaxia eliptikoak, masa gehiagokoak
baitira, lehenagoko galaxia bi edo
gehiagok bat egitetik eratuak dira.
Galaxia irregularrak dira, definizioz,
sailkatzen zailenak. Egitura zehatz jakinik
ez dute, ez batira ez espiralak, ez lentikularrak,
ez eliptikoak. Hauts kosmiko kopuru
ikaragarria edukitzea da horien ezaugarrietako
bat; hori dela eta, desitxuratuak ikusten
ditu askotan behatzaileak. Gure galaxian
gertatzen ez den erritmo batez ari dira sortzen
izarrak haien barnean. Horiekin badute
zerikusia, beharbada, teknologia espazialari
esker Unibertsoaren mugetan aurkitzen ari
diren galaxia infragorriek, funtsean gas eta
hautsez eratuak diruditenak.
Astronomoek ez dituzte oso kontuan
hartu, gaur arte, galaxia nanoak, haien txikitasuna
zela-eta hain zuzen. Baina gaur
egun kopuru harrigarrian ari dira aurkitzen,
eta, hortaz, gauza ziurra dirudi galaxia nanoak erraldoiak baino askoz ere gehiago
direla.
Galaxia taldeak
Egia esan, galaxia baino «banako» handiagorik
ez da ezagutzen; baina, zalantzarik
gabe, badute galaxiek taldeetan biltzeko
joera; gerta daiteke, agian, talde horiek
Unibertsoaren egituraren maila berri bat bihurtzea.
Gugandik hurbil badira beste galaxia
espiralak, Andromedako M31 edo Magallanesen
Hodeia, esaterako, gurearen satelite
hutsak direnak. Horiek guztiak, 30 gutxienez,
ez daude 6 milioi argi urte baino urrunago,
eta talde lokala esaten zaiona osatzen
dute. Galaxietan, ordea ?esan beharra
dago?, ez da gertatzen izarren arteko beste
maila batzuetan gertatu ohi den tamainen
eta distantzien arteko orekarik eza. Adibidez,
planeten arteko distantzia milaka aldiz
handiagoa da beren diametroa baino;
izarren arteko distantzia beren diametroa
baino milioika aldiz handiagoa da. Galaxien
arteko distantzia, aldiz, ez da beren diametroa
baino askoz handiagoa: Andromeda
galaxia, esaterako, 20ren bat galaxia diametrotara
dago gure galaxiatik.
Nolanahi ere, espazio guztia ez dago «taldez»
betea. Ezagutzen dira gureaganik hurbil
dauden zenbait «talde lokal», maila goragoko
den «Virgoko mulkoa» izeneko multzoko
parte direnak. Mulko honek mila galaxia
baino gehiago biltzen ditu, eta erraldoi
eliptiko ugari dauzkan gune oso ahaltsu batean
elkarturik daude horietako gehienak.
Gugandik 40 eta 60 milioi argi urte arteko
distantziara dago Virgoko mulkoaren gune
nagusia.
Are gehiago, egiaztatu da mulko hori
ez dela multzo are handiago baten zati bat
besterik, Komako super mulkoarena hain
zuzen. Horren milaka galaxia 300 bat milioi
argi urtetara ikus daitezke.
Horiekin guztiekin, bata bestearen gaineko
hiru maila daude unibertso anagalaktikoan:
taldeena, mulkoena eta supermulkoena.
Gorago esan dugunez, elkarrengandik
aski hurbil daude galaxiak. Baina espazioaren
zatirik handienean ez dago galaxiarik.
Mulkoen eta supermulkoen artean berealdiko
hutsarteak daude, halako eran non
egungo ustearen arabera, Unibertsoaren
ehuneko bostetik hamarrera soilik baitago
galaxia elkarteez betea. Gainerakoan, hots,
espazioaren ehuneko 90 edo 95ean, ez dago
inongo galaxiarik, eta ziur aski ezta inongo
beste gauzarik ere.
Galaxien bilakaera
Hubblek bere sailkapena gauzatu zuen
unean bertan hasi ziren galaxien etorkiari
eta bilakaerari buruzko gorabeherak. Teoria
klasikoaren arabera, gasezko hodei protogalaktiko
bat, biratuz ari zena, bere biratze
ardatzari buruz perpendikular zapalduz
uzkurturik eratuak bide dira galaxiak. Prozesu
horretan, galaxiaren gas edukiaren
apaltze bat gertatzen da izarrak eratu ahala.
Hortaz, galaxiaren bilakaerak bi ezaugarri
ditu: gas edukiaren urritzea izarren
mesedetan, eta denbora berean, bilakaera
prozesu horrek guztiak eraginik, izarrarteko
gai bakun astunen ugaltzea.
Horrela bada, hodeiaren biratzea geldia
bada, sistemaren uzkurtze osoa gertatu baino
lehen erabat aldatuko da haren edukia
gasetik izarretara; horrela sorturiko galaxiak
elipsoide forma izango du, eta galaxia eliptiko
bat izango da, izarrarteko materia gutxikoa
eta izar zaharrez osaturikoa. Uzkurtzea
lasterra bada, aldiz, galaxia disko oso
zapaldua sortuko da, izar oraindik gazteak,
eta gerora izarrak eratzeko gauza den gasa
edukiko dituena.
Hubblek izarren tipologia morfologikoan
onarrituta egin zuen sailkapen horrek
berorrek iradokitzen zuen bazela halako galaxia
moten segida bat: haren arabera, galaxia
irregularrak, gas eta izar gazte askokoak,
orain dela gutxi sortuak izango ziren; eta
umotze edo heltze prozesu baten ondorioz,
galaxia eliptiko bihurtuko ziren ?ia gasik
eta izar gazterik gabeak?. Galaxien edukiazgaur egun egin diren behaketa zehatzek
erakutsi dutenez, bilakaera eredu horrek ez
du balio. Izan ere, etapa berean sortu bide
ziren galaxia mota guztiak, Lehertze Handia
edo Big Bang-a gertatzetik mila milioi
urte inguru geroago. Sortze egoeraren arabera
mota morfologiko desberdinak osatu
dira, zeinek bere bilakaera erritmo bereziaduena. Horren arabera, galaxia eliptikoek
hasieratik bertatik bihurtu dute beren gas
guztia izar; galaxia espiralak, ordea, geldiro
egiten dute bihurtze hori bilakaera
osoaren harian; bihurtze erritmoa are geldiagoa
da galaxia irregularretan.
Espektro magnetikoa
Unibertsoko materiak irrada espektro
zabala sortzen du. Irrada horiek uhin luzera
dute ezaugarri, edo horren alderantzizkoa
den maiztasuna; maiztasun apaleko eta uhin
luzera handiko diren irrati uhinen, eta maiztasun
garaiko eta uhin luzera laburreko diren
gamma izpien artean kokatzen dira.
Eguratsak irrada elektromagnetiko gehienei
igarotzea eragozten die. Bik soilik
lortzen dute aldaketa handirik jasan gabe
Lurraren gainaldera heltzea: argi ikusgaiaren
espektroa osatzen duten irradek eta irrati
uhin laburrek.
Espektroaren gainerakoa, atmosferatik
at gehiagoko edo gutxiagoko neurrian dauden
aldeetan atzeman behar da, egoki hornituriko
suziri eta sateliteen bidez. Hortaz,
irrada ultramoreen azterketari eskerrak, argibide
asko lortu da izar koroari eta haizeei
buruz. Era berean, X izpien bandan
eginiko behaketei eskerrak energia iturri
eskergak aurkitu dira, supernobekin eta
zulo beltzak izan daitezkeenekin lotuak
daudenak, antza.