Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Artea»XIX eta XX mendeak

Pintura erromantikoa Ingalaterran : John Constable

John Constable ingeles margolari erromantikoaren bi obra. Ezkerrean, Zaldi zuria (1819). Eskuinean, Galsoroa (1820 ing.). Bere garaian kritika gogorrak jaso zituen arren, paisajegintza eraberritzeko ahalegin eskerga egin zuen Constablek.<br><br>

Erromantizismoak artistari gaiak aukeratzerakoan inoiz baino askatasun gehiago eman izanak, bultzada handia eman zion ordu arte bigarren mailakotzat hartua izan zen paisajeen pinturari. Etxaldeak, landako egoitzak edo paisaje bitxiak pintatzen zituzten pintoreak ez ziren askotan artista gisa aintzat hartuak izaten. Erromantizismoak jarrera hori aldatu zuen, eta harrezkero artista bikain batzuek gorengo mailara igo zuten genero hori. Horretan ere, tradizioa laguntza eta traba izan zitekeen aldi berean, alderdi askotatik hel baitzitzaiokeen lan hari ; ikusi besterik ez dago belaunaldi bereko bi ingeles paisaje-margolarik zer modu desberdinean landu zuten genero hori : John Constable eta Joseph Mallord William Turner.

 

Bizitza eta lanak

1776an jaio zen East Bergholt-en (Su- ffolk), errotarien familia aski aberats batean; oso begiko izan zuen beti errotak pintatzea. George Beaumont arte-mezenasen eraginez, arte ikasketak egitea erabaki zuen ; 1799an hasi zen Royal Academy-n, eta han egin zituen bere lehen erakusketak, 1802az geroztik. Hasieran erretratuak, erlijiozko pintura eta bestelako gai batzuk landu zituen, baina berehala nagusitu zi tzaion paisajeak pintatzeko zaletasuna.

Bere garaiko beste margolari batzuek be zala, Constable ere iparraldera abiatu zen paisaje bitxi eta ikusgarrien bila, baina azkenerako hegoaldeko paisajeetan aurkitu zuen bere lanerako etorria : Suffolk-en, bere jaioterrian.

Constable paisajeak pintatzen hasi zenean, paisajearen zaletasun handia zegoen Ingalaterra osoan, eta pintore amateur eta profesional asko zebilen bazterretan, zeinek ikuspegi bikainagoa edo ederragoa pintatuko. Constable Dersbyshire-n ibili zen 1801n, eta aintziren eskualdean 1806an, Ingalaterrako akuarelista handiak bezala. Garai hartako lanak ez ziren oraindik oso nabarmenak, baina ohargarria da paisaje masa handiak modu soilean irudikatzeko zuen joera, eta argi-ilunen zaletasuna.

1809az geroztik, Constablek Stour-eko harana aukeratu zuen lan egiteko, udaz-uda hara abiatzen zen, eta marrazki, akuarelaeta olioz eginiko zirriborro bilduma harrigarria egin zuen. Ederkeriari muzin eginez, landako bizitzako eguneroko gertaerak pintatu zituen : errotak, ibai geldiak, landak eta zelaiak : Flatford-eko errota Stour ibai gaineko konporta batetik &usia (1810), TTatzelak Stour ibaian (1811). Garai horretako lanetan margoak askatasun handiz erabili izana, zeruaren eta uraren argitasuna, eta belar bustien distira ukitu zuriz adierazia dira alderdirik aipagarrienak. 1816an Dorset eskualdean ibili zen, eta itsasoko ikuspegi sail bat egin zuen. Constablek pintatzen zituen paisajeak bera bizi izandako lekuekin dute zerikusia.

1815-1816 urteetan aldaketa handia izan zuen Constablek bere bizitzan : gurasoak hil zitzaizkion, eta haien heriotzak eragin handia izan zuen beragan, lotura handia baitzuen haiekin ; Maria Bicknell-ekin ezkondu zen, eta harekin batera Londresen hartu zuen bizilekua betiko. Harrezkeroztik, ia urtero egin zituen erakusketak Royal Academy-n : Belaroreduzkogatrdia (1821), Zaldiaren jauzia (1825), orduko gustuari jarraituz xehetasun zehatzekoak biak. Baina haren lanak ez zuen urte askotan harrera onik izan, eta artista gisa zituen nahiak eta usteak zapuzturik geratu zitzaizkion Constableri . Erdipurdiko erretratista baitzen, ez zuen alde horretatik bezero askorik izan.

Eta bere-berea zuen alorrean, paisajean alegia, ezaxola eta ulertezina izan zituen erantzun bakarrak : kritikoek zakarregiak iritzi zieten haren koadroei, kolore gogorregiak omen zituztela, barre ere egin zioten bere koadroetan karea eta belar ondua itsasten zuela egotzirik... Etsi gaiztoan, 53 urte betearte itxaron behar izan zuen akademiko izenda zezaten. Gainera, emaztea gazterik hil zitzaion, 1828an. Makur haiek guztiak gorabehera, Constablek ez zuen inoiz bere artista jeinuaz dudarik egin, eta tinko jarraitu zuen pintatzen eta erakusketak egiten.

1829az geroztik paisaje sail bat prestatu zuen, mezzo-tinto» teknikan, David Lucas grabatugilearekin batera : Englrsh Landscape Scenery. Ez zuen batere arrakastarik izan ordea. Bizitzako azken hamar urteetan Constable ez zen Suffolk-era gehiago joan, baina hango paisajea buruz pintatzen jarraitu zuen. Azken garai horretako pintura handietan -Hadleig-eko jauregia (1829)- paisajeetako zeruek kutsu dramatikoa eta estugarria zuten. Urte horietan Constablek akuarelak pintatu zituen berriz ere, J. R.

Cozens-en estiloari jarraiturik. Azken urteetan pinturari buruzko hitzaldiak egin zituen, paisajea nola ikusten, ulertzen eta pintatzen zuen jendaurrean adierazteko ahaleginean.

1837an hil zen, Turnerren itzala zeharo gailendua zitzaiola, eta berak hainbeste irrikatua zuen arrakasta iritsi gabe.

 

Iritziak, azalpenak eta kritikak

Constableren obra osoa gai kopuru mugatu baten bariazioek osatua da, teknika eta argiztatze desberdinez behin eta berriz landuak. Constable bera harro zegoen bere buruari berariaz jarriak zizkion muga horiez, eta Constableren hitzaldiek eta gutunek aski lekukotasun handia ematen dute arteaz zuen ikuspegiaz eta jarreraz.

Haurtzarotik zuen Constablek paisajearekiko lotura estua ; paisajistak, haren iritzian, ondo ezagutu behar zituen landa aldekobizitza eta eguratseko gertaerak, haizeak eta hodeiak, adibidez. Hodeiek liluratuta zeukaten, eta zientziazko liburuak irakurri ere zituen hodeiak nola eratzen ziren jakiteko.

Constablerentzat zerua paisajearen funtsezko osagaia zen : "Nekez aipa daiteke paisaje mota bat zerua izango ez duena alderdi garrantzitsuena, espazioaren neurria, eta sentimenduaren adierazpide nagusia".

Gogor kritikatu zituen maisu jakin baten estiloa imitatzera mugatuta zeudenak, eta iseka egin zien joera pintoreskoa zuten pintoreei, izadia pinturaren arabera aztertzen baitzuten, pintura izadiaren arabera begietsi ordez. Sinetsita zegoen paisajistak oso ondo ezagutu eta ulertu behar zuela pintatzen ari zen paisajea, eta ezagutza horrek intelektuala izan behar zuen sentimenezkoa bezainbat : "Ezin da ezer benetan ikusi, ulertzen ez bada". Baina benetakotasuna ez zuen ikuste hutsezko zehaztasunean bilatzen. Constableren helburu nagusia landaren ikuspegi pertsonal bat ematea zen, beraren zirrara adieraziko zuena : "Nahiago dut ezagutzen ditudan lekuak pintatu ; pintatzea eta sentitzea gauza bera dira niretzat, eta nire "haurtzaro kezkarik gabea" Stour ibaiko ertzetan ikusten diren gauzekin lotzen dut ; leku horiek bihurtu naute ni margolari, eta nire esker on guztia dute beraz".

Constablek idatziz eta hitzez adierazitakoek eta haren jarduera oparoak kritikoen jakin-mina piztu zuen. Horietako bi kritikoren iritzia aldatuko dugu hona. John Barrell-ek azterketa soziologiko bat egin zion Constableren lanari, eta kontrajarri zituen, alde batetik, Constableren margolanek adierazten zuten landako bizitzaren irudi lasaia eta bakezkoa, eta, bestetik, 1820 inguruan Suffolk-en eta Ingalaterrako hegoalde osoan nekazariek zituzten bizi baldintza gogorrak,hainbesteraino non matxinadak ere egin baitzituzten. Barrellek ohartarazten duenez, Costableren koadroetan lanean agertzen diren nekazariak lauso eta nortasun berezirik gabe daude irudikatuak, Constablek gizarte gaietan zituen iritzi kontserbadoreak langile haien egoeraren eta bizimoduaren aipamen orotik urruntzera bultzatuko balute bezala.

Ronald Paulson kritikoak, berriz, ikuspuntu psikologikotik aztertu zuen Constableren obra. Behin eta berriz gai berberak aukeratu izana eta haren egitura formalak oinarritzat harturik, Paulsonek Constableren pinturan narraziorik batere ez izateaz ohartarazi zuen, gauza bitxia inondik ere, zeren eta garai hartan jendeak oso estimatzen baitzuen narraziozko pintura. Paulsonen iritzian, beraren historia zen Constableri interesatzen zitzaion gauza bakarra, eta galerak eta absentziak sortzen zion larritasuna zen Constableren obrako egitura eta irudi jakin batzuen errepikazioak adierazten zuen sentimendua. Hala, koadro askotan bidea ixten duten oztopoak ageri dira -konportak, langak, hesiak, sastraka ilunak-; erdialdeko planoa, berriz, berariaz argiztatua dago, eta gari sail bat, aintzira bat edo eliza bateko dorrea erakusten dute, babes modukoren bat adierazi nahi izan balute bezala .

Industria aroaren aurretikako Ingalaterra zaharraren irudikatzaile soil iritzi izan badio ere askok Constableri, ikuspegi horrek oso mugatzen du haren lanaren esanahia . Margolari bakarti, sentimental eta tematsu hark orobat adierazi zituen bere baitako tirabirak eta oinazeak, gaien aukera bereziaz eta egikeraren orijinaltasunaz, eta bestelako alderdi emozioz bete bat ekarri zuen ingeles paisajegintza erromantikora.