Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Artea»Historiaurrea

Goi Paleolitoa aroa Europan

Willendorf-eko venusa (Austria). Gravette aldia, 23000 B. P ing.<br><br>

Goi Paleolitosko artea esatean,Aurignac alditik aurrerakoa adierazten da. Chatelperron deritzan aldiko zenbait grabatu edo marra soil ere agertu da han edo hemen, baina ikusten zuena irudikatzen Aurignac aldian, duela 33.000 urte inguru, hasi zen gizakia (Homo sapiens sapiens). Oro har oso xumeak dira garai horretako irudiak ere : esku eta hatz arrastoak, zaldi buruak, emakume irudiak, etab. Arte honek 20.000 mila urte inguru iraun zuen, gutxi gorabehera, eta bat-batean eta segidarik utzi gabe desagertu zen.

 

Aurkikuntzak eta datatzeko erak

Aurkikuntza eta datazio kontuan, 1860tik aurrera hasi ziren gauzak pixka bat argitzen . Urte hori baino lehen ere aurkitu zen Paleolitos aroko arte adierazpenik, baina, Bibliak zioena gezurtatu gabe nolabait historian sartu beharrez-edo, zeltek egindakotzat jo izan ziren, harik eta 1860ko hamarraldian, E. Lartet, H. Christy eta F. Garrigou azterketa berriak egiten eta aurkitzen zutena sailkatzen hasi ziren arte. Garai horretan aurkituak dira, besteak beste, Laugerie-Basse-eko eta La Madeleine-eko aztarnategiak, Bruniquel-ekoak, Isturitzekoak eta Masd'Azil-ekoak . Haietan egindako azterketen ondoren hasi zen pentsatzen ezagutzen ez zuten garai batekoak ziratekeela marrazki haiek, izan ere, gizonaren hezur fosilekin batera, tresnak, bizilekuak, hilobiak eta aspaldian desagerturik zeuden animalia batzuen hezurrak eta irudiak ere (mamutarenak, bisontearenak, elur-oreinarenak) aurkitu baitziren. Eta, zein alditakoak ziren ezin zehaztu zuten arren, garai horri Ehtr-oreinaren aldia deitu zioten, aztarnategietan elur-oreinaren hezur asko agertzen baita.

Gorago aipatu diren jakintsu horiei eta historiaurre gaiean aitzindari izan zen Edouard Piette-ri esker, gero eta errazago onartu zen aurkikutza horiek ez zirela ordu arte ziur uste izandako jatorrikoak, eta antzinako ehiztari basati hura, bere tresnak apaintzeko eta irudi eta eskultura txikiak egiteko ere gai zela. Kobazulo, horma irudi eta bestelako aztarna berri asko aurkitu zen 1895etik aurrera : Chabot (Ardeche) kobazuloko mamutak ; Marsoulas (Haut-Garonne) kobazuloko bisonteak eta zaldiak, eta Combarelles eta Font-de-Gaume kobazuloak, besteak beste. Azkeneko bi hauek Denis Perony-k aurkitu zituen, Perigord aldean beste batzuk aztertzen zebilela. Historiaurreari buruzko iritzi aldaketan zeresan handia izan zuen aditu horrek, zeren, hainbat aztarnategi geruzaz geruza arakatzeaz aparte, aztarnak kronologiaren arabera sailkatu ahal izateko bideak ere eman baititzuen . 1940an Lascaux aurkitzeak berriro biztu zuen arkeologiarako zaletasuna, eta ezagutzen ez zen kobazulo asko aurkitu da geroztik, Asturias aldetik hasita Marseillara bitarteko lerroan batez ere, baina baita lerro horretatik iparralderako eta hegoalderako lurraldeetan eta horietatik kanpora ere.

Karbono 14ak eman zuen Paleolitos aroko aztarnak zehatz datatzeko bidea. Karbono 14a 1937an aurkitu zen, baina 1946 arte ez zen jakin ezen, gorputz organikoek fotosintesiaren bidez asimilatu eta, hiltzean pixkana-pixkana galtzen zutenez, aztarna organikoetan geratzen zena neurtuz gero, hilik zenbat denbora zeramaten jakin ere jakin ahal zitekeela. Aztarnak datatzeak, beraz, ez zezakeen aurrerantzean sekreturik izan, eta hala uste izan zen, harik eta historiaren arabera ongi datatuak zeuden Faraoien garaiko aztarna batzuk Karbono l4aren arabera beste garai batekoak zirela agertu zen arte. Gero jakin da zenbait gai organikok (artoak etab.) beste batzuek baino Karbono 14 gehiago hartzen duela, eta eguratsean bertan garai batzuetan besteetan baino gehiago izaten dela. Geroztik, dendrokronologiari eta espektrometriari esker, zenbait aztarnatan gerta daitekeen okerra zuzendu ere egin da, neurri batean. Bestalde, 1990az gero, miligramo bat baino gutxiagoko pintura hautsa ere data daiteke erradiokarbonoz. Dena den, ez dago oraindik gai organikoak eta oso antzinako aztarnak zuzen datatzeko erarik. Aztarnak zuzenean aztertzeko, bada, aipatu diren mugekin, Karbono 14aren metodoa da gehien erabiltzen dena, eta, funtsean, horren bidez lortutako datazioa hartzen da gainerako konparaketarako neurri.

 

Paleolitos aroko artearen bilakaera

 

Aurignac, Gravette eta Solutre aldiak

Aztarna gehienak oraindik zehatz aztertu gahe dauden arren, nahiko ondo ezagutzen da gaur egun Goi Paleolitos aroko artearen bilakaera. XX. mendearen erdialdeaz gero, lau aldi eta estilo nagusi berezi ohi dira Goi Paleolitos aroko artean : Aurignac, Gravette, Solutre eta Madalen aldiak. Horrek ez du esan nahi estilo eta aldi horien arteko mugak zehatzak direnik, edo berdin egoki daitezkeenik leku guztietara. Areago, bada aldi eta estilo kontuan ikuspegia doitzea eskatzen duen aurkikuntza herririk (1994an Frantziako Ardeche departamenduko Combe d'Arc edo Cauvet kobazuloan aurkituak etab.). Labur esateko, aldian aurreratu ahala konplexutasun handiagoa nabari da irudietan. Hori argi ikusten da Aurignac aldiko irudiak eta pinturak Goi Solutre edo Madalen aldikoekin konparatzean.

Aurignac aldiko artearen sorlekutzat, Les Eyzies (Perigord, Frantzia) eta Baden-Wiirttemberg eskualdeak (Alemania hegoaldean) hartu izan dira orain arte, zenbaitek gaur Iberiar Penintsulako artea (Nalon ibaiaren iharreko La Vina harpekoak etab.) Perigordkoa baino lehenagokoa dela badio ere. Danubio aldeko artean, animalien (behi, zezen, zaldi, mamut, errinozero eta haragijaleen) eta gizakiaren irudiak agertu dira batik bat. Oinarri gisa, boli eta hezur puskak erabili ziren. Hezur edo boli puska bakoitzean irudi bakarra egiten zuten, baina nahiko zehatz irudikatua. Atal nagusiez aparte, ile itxurako zenbait marra ere nabari daitezke animalia batzuetan. Voglherd eta La Croze-ko kobazuloetako zaldi irudietan ikus daitekeenez, zenbait animalia oso antzera egiten zituzten, Danubio eta Perigord aldean : buru-luze, sabel-handi eta hankamehe, hankak aurrera eta atzera luzanrta.

Les Eyzies aldean aurkitu diren irudietan ez da animaliak eta gizon-emakumeak zehatzeratzeko ardura berezirik nabari ; irudi gehienetan, atal soilak edo alde batzuk bakarrik agertzen dira ; sexua, ordea (emakumezkoena, gehienetan) aski zehatz irudikaturik agertzen da. Izaki jakinen irudiez aparte, margoz edo zizelez egindako zenbait sakonune ere ikus daiteke alde honetako aztarnategi batzuetan, baina ez zaie adierazpen asmo jakinik sumatzen. Teknikari dagokionez, marrazki soila eta grabatua dago batez ere ; pintura ere bai inoiz, baina zizel arrastoak eta irudien alde batzuk nabarmenarazteko, gehienbat. Oinarri gisa, harri soilak, handiak nahiz txikiak, eta kobazuloetako hormak hartzen zituzten, besteak beste. Aurignac aldiko artea Ural mendietatik Asturias alderaino zabaldu zen orain 33.000-26.000 urte bitartean.

Leku batzuetan Aurignac aldiko arteak irauten zuen bitartean, beste batzuetan sartuak ziren jadanik Gravette edo Goi Perigord aldiko kulturan (30.000-21.000). Europako erdialdean eta, batez ere, Moravian, oso garaiz sartu zen Gravette aldiko kultura, eta oso berandu berriz Italian. Gravette aldiko gauzakietan, Venus deritzan emakume irudia da ezagunena. Emakume irudi bulartsuak, sabel eta ipur-masail handikoak, eta esku eta zango laburrekoak dira gehienak, Lespugue-koa, Brassempouy-koa (Frantzian) eta Willendorf-ekoa (Austrian), besteak beste. Baina aurkitu da Madalen aldiko zenbait irudi abstraktu gogorarazten duten Venus estilizaturik ere, Frantzian, Moravian eta beste lekuetan. Gravette aldiko gainerako arte adierazpenak, animalia irudiak etab., ez dira Venus horiek bezain ezagunak, eta ez dute arteari dagokionez horiek duten garrantzirik. Aipagarriak dira, halere, Labattut-eko (Dordogne) zaldi irudiak, harri soil batean grabatuak, Isturitzeko aztigaiak, Dolni Vestonice-ko (Txekia) animalia irudi txiki buztinezkoak, eta, batik bat, Pair-non-pair kobazuloko (Gironde) horma irudiak. Eskualdeei dagokienez, Europako hego-mendebaldean gainerako eskualdeetan baino horma irudi gehiago da ; oso fin grabatutako dozenaka emakume irudi dago Combarelles-en eta Vieux-Mareuilen (Dordogne). Venusak, ordea, eskualde horretan gutxiago dira gainerakoetan baino . Dirudienez, Europako hego-mendebaldeko arteak Les Eyzies aldekoa hartu zuen eredu, eta Baden-Wurttemberg-ekoa, Europako erdialdekoak.

Europako erdialdean eta iparraldean Gravette aldiko kultura zabalduz zihoan bitartean, hego-mendebaldean, Asturiasetik Marseillara bitarteko lerroan, Perigord inguruan eta Valentzia aldean, kultura berri bat hasi zen indartzen, Solutre aldikoa, orain 21.000-17.000 urte bitarte iraun zuena. Nahiz eta irudi berean polikromiarik oraindik erabili ez, trebezia handia nabari da marrazki, grabatu eta pinturetan, Cauvet, Coquer(Marseilla ondoan) eta beste kobazuloetan ikus daitekeenez. Bada irudiak modu ordenatu samarrean banatzeko eta perspektiban bezala eratzeko saioa, eta baita horiek ahalik eta modu naturalenean pintatzeko edo grabatzekoa ere. Solutre aldiko irudi gehienak, eta bitxienak, Cauvet kobazuloan (Ardeche).agertu dira ; 300 pintura eta 300 bat grabatu, errinozero (50), hiena, hontza eta panterenak, besteak beste.

 

Madalen aldia

Madalen aldia da Paleolitos aroko kulturarik indartsuena eta bikainena. Azkeneko Wiimi izotzaldiaren bukaera aldean hasi (orain 17.000 urte) eta izotzaldiarekin batean bukatu zen (orain 10.000 urte). Madalen aldian bertan, hiru garai bereiz daitezke : hasierakoa, erdikoa eta bukaerakoa. Garai gorena orain 15.000-14.000 urte izan zuen. Wiirm izotzaldiaren barruan epelaldi bat izan zen ; gizateria gehitzen eta izotzik gabeko eskualdeetara zabaltzen hasi zen, eta, pixkana-pixkana, artea ere aniztu zen. Kultura bereziak sortu ziren, besteak beste, Britania Handian (kontinenteari lotua, orduan), Herbehereetan, Danimarkan, Alemanian eta Polonian. Baina Madalen aldiko kulturaren sorlekuak Akitania eta Kantauri aldea izan ziren ; horietatik zabaldu zen, Frantzian Pirinio eta Mediterraneo aldera, eta Espainian erdiko Meseta eta Andaluziako hego-ekialdera. Gero, Madalen aldiak aurrera egin ahala, Ural mendietaraino eta Europako iparraldetik Italiako eta Espainiako hegoalderaino zabaldu zen. Aurreko teknika berberak erabili ziren aldi honetan ere : grabatua, erliebea, eskultura eta pintura, baina askoz ere obra gehiago egin zen.

Bereziki pinturari dagokionez, ordea, esan behar da Madalen aldian bereizi zela aurrenekoz marrazkitik. Eskulturari dagokionez, Paleolitos aroko gehienak edo lehengaietan ziren konkorrez baliaturik edo erliebea landuz eginak dira. Bestalde, Solutre aldian eta, batik bat, Madalen aldian, nabari da hirugarren dimentsioa lortu nahi bat ere, nahiz eta gehienetan erliebe hutsean geratu ziren. Besteak beste, bikainak dira Angles-sur-1'Anglineko (Charente) bisonte burua, Montesquieu- Avantes-ko (Ariege) bi bisonteak eta Enlene-ko (Ariege) bi basahuntzak. Pinturan, berriz, Ekaingo zaldiak, Altamirako eta Fontde-Gaume-ko (Dordogne) bisonteak, eta Lascaux-ko zezenak eta zaldiak dira bikainenak . Oro har, bai grabatuan (zeinu geometrikoak etab.), bai eskulturan eta bai pinturan, aurrekoek baino trebezia handiagoa erakutsi zuten aldi honetako artistek, eta askatasun handiagoa gaiak aukeratzeko orduan . Baina abstrakziorako joera da agian aldi honen bereizgarri nagusia. Puntu, marra, lauki (saretu edo ez) eta beste ikur geometriko asko dago aldi honetako kobazuloetan, eta zerbait adierazteko eginak dirudite batzuek.

Irudi horien esanahia interpretatzerakoan, halere, arriskutsua da lau alditakoak zaku berean sartzea. Paleolitos aroko ia aldi guztietan irudikatu ziren eskuak, animaliak eta emakumeak, baina inoiz ez landare, gerra edo borrokarik. Bada horiez aparte ere lekuz hurbil samarreko ziren edo garai beretsuan egin ziren irudien artean antzekotasunik ; baina alde handiak daude berebat, Aurignac eta Gravette aldietako eta Madalen aldiko grabatuen, marrazkien eta pinturen artean, esate baterako. Zeinu geometrikorik, berriz, ez da Solutre aldiaren bukaera eta Madalen aldiaren hasiera arte agertzen. Dena den, animaliek garrantzi berezia zuten Paleolitos Aroko gizonentzat, eta baita marrazki eta zeinu geometrikoek ere, modu jakinean antolaturik, Madalen aldiko artistentzat ; argi dago unibertso zahar edo berriren bat adierazi nahia, baina hori baino gehiago ez dago oraingoz esaterik.