Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia»Egungo aroa

Primo de Riveraren diktadura eta Bigarren Errepublika

Primo de Rivera jenerala Loiolako koartelen inaugurazio ekitaldian, Donostian.<br><br>

Primo de Riveraren diktadurak eztabaida politiko libre eta irekia eten zuen bezala, Bigarren Errepublika garaian eztabaida horiek indarrez plazaratu ziren. Diktadurak politika bakarra ezarri zuen, errejimenarena, baina ez zen gauza izan euskal gizartearen baitan sortzen ari zen gizarte aldaketa prozesua geldiarazteko. Errepublika heldu zenean politika indarrak berrantolatu ziren eta, bost bat urtez, ebazteke zeuden zenbait arazo garrantzitsu eztabaidatu ziren: gizarte auzia, autonomiari buruzko eztabaida, erlijioa? Garai honetan, euskal abertzaleak, errepublikarrak eta sozialistak, eta eskuin espainolistako indarrak, izan ziren euskal politikaren hiru zutabe nagusiak.

 

Diktadura

1923ko irailaren 13an Primo de Rivera jeneralak estatu kolpe bat jo zuen Bartzelonan, ondorengo urteetan euskal bizitza politikoa baldintzatuko zuena. Eskuinaren onespen gutxi asko esplizitoa izan zuen kolpeak Euskal Herrian, eta ezkerraren oposizioa, berriz, apatikoa gertatu zen. Bilbo salbuespena izan zen, komunistek greba orokorrerako deia egin baitzuten, sozialistek eta CNTk ere bultzatu zutena. Grebak ez zuen arrakastarik izan, eta harexekin hasi zen batere liskarrik gabeko bolada luze bat, ez baitzen errejimenaren kontrako agerraldi publikorik izan. Era horretan, kontserbadurismoaren aldera egin zuen egoera politikoak; gizarteko talde pribilejiodunek eta atzerakoienek begi onez onartu zuten aldaketa.

Mutur-muturreko eskuinean agerikoa zen diktaduraren aldeko gogoa, kolpeak Nafarroan izan zuen harrera onak frogatzen duen bezala; izan ere, karlismoa, bere joera desberdinekin, oso garrantzitsua baitzen Nafarroan. Alfontsoren aldeko monarkiazaleak, Primo de Riveraren alde egin arren, zuhurrago ibili ziren, hasieratik bertatik zalantza egiten baitzuten zenbat iraungo ote zuen diktadurak. Duda horien ondorioz, jarrera desberdinak sortu ziren: batzuek gogo biziz onetsi zuten kolpea, eta beste batzuek berriz, Liga de Acción Monárquica de Vizcaya-ko kideek adibidez, batetik bestera ibili baitziren, errejimenaren lankideizatetik inhibiziora mugituz. Euskal nazionalisten artean inhibizioa izan zen nagusi, nahiz eta alderdikide batzuek diktaduraren aldeko erabakia hartu nazionalismoaren definizioa oso zehatza ez zen lekutan, Gasteizen adibidez.

Diktadoreak, ordena konstituzionala hausteko arrazoitzat, lau arrisku aipatu zituen: separatismoa, sindikalismo iraultzailea, egoera ekonomikoaren larritasuna, etaMarokoko auzia. Hori dena, izan, beste arrisku baten agerpen baino ez zen ?ez zen benetako arriskua, bai guztiz agerikoa ordea erdi mailako klaseen kontzientzian?, alegia, gizartearen hondamenaren arriskua.

Izan ere, berehalako gauza ez bazen ere gizartearen aldaketa iraultzailea, mehatxua airean zegoen langile taldeak sortu ziren unetik bertatik, hots, XIX. mende bukaeratik; nolanahi zela ere, larriagotu egin zen 1917ko krisiaz geroztik. Urte horretako greba orokorrean, aurreneko aldiz agertu zen Espainiako politikan masek zuten garrantzia, eta, aldi berean, diktadurak gainditu nahi zuen krisi baten hasiera markatu zuen grebak.

Industrializazioaren garapenarekin batera zetorren gizartearen aldaketa prozesuari egotzi behar zaio krisiaren jatorria. Industrializazioaren ondorio nabariena ohiko paisajea desagertzea bazen ere, eta beste batez, paisaje urbano eta industrialaz, ordezkatzea, era berean da azpimarratzekoaindustrializazioak gizarteari ekarri zion demokratizatzea, adierazpen guztiz desberdinak zituena, hala nola moda, berdindu egin baitzuen, edota politikan esku hartzeko jendearen beraren erabakia. Modernizatzea, horrela izenda baitaiteke prozesu hori, ez zen modu beti berean gertatu. Euskal Herriari dagokionez, askoz ere indartsuagoa izan zen kostaldeko probintzietan barrualdekoetan baino; bestalde, ez zuen harrera bera izan leku guztietan. Era horretan, modernotasunaren aldekoago ziruditen gizarte aldatuenek, eta gutxien aldatu zirenetan, berriz, erresistentzia handia zen. Hala ere, aurrenekoen artean, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldaketaren aldeko jarrera nabariagoa zen hiri ingurunean eta hiriko langileen artean, landa ingurunean edota erdi mailako klaseetan baino.

Landa inguruneko jendeak eta erdi mailako klaseek zibilizazio baten bukaeraz mintzatzen ziren mezua jaso zuten batez ere, eta hiri eta langile jendeek, berriz, etorkizunari begiratzen zioten gehiago, itxaropenez begiratu ere. Hala, bada, etorkizunari buruzko zalantza izan zen Diktadura eta Errepublika garaian izan ziren jokamolde desberdinen giltzarria. Etorkizunak sorrarazten zituen sentimenduen inguruan mugitzen zen politika, eta, horren ondorioz, sentimendu nahasi horiek nork bere asmo politikorantz bideratzean gauzatu zen politikarien lana. Horixe egin zuen Primo de Riverak, eta, geroago ikusiko den bezala, eta guztiz modu desberdinean izan arren, horixe bera gertatu zen Bigarren Errepublikan.

Gizarteari mehatxu egiten zioten arriskuak baztertzeko, Diktaduraren aldekoek ziotenez, gizartearen berritze lana bultzatu behar zen, eta horixe izan zen diktaduraren benetako helburua eta bere izateko arrazoirik sendoena. Horretarako, Primo de Rivera desagerrarazten saiatu zen kazikismoa eta Errestaurazioaren konstituzio demokratikoa hondatzen zuen ustelkeria, horiek baitziren abstentzionismo gero eta handiagoaren kausa. Baina horretarako, gizartea gehiago demokratizatu ordez ?hori egin zuen Errepublikak?, herri aginpideari oztopoak jartzen ahalegindu zen diktadura.

Konstituzio politika zaharra baztertuz, politika hark adierazten zuen liberalismoa desagerrarazi nahi zuen diktadurak, ez haren hutsuneak zuzendu. Horren erakusgarri izan ziren konstituzio eskubideak ezabatzea, eta alderdi politikoen jarduna debekatzea.

Diktaduraren lan berritzaileak udalaren eta probintziaren aginpidea berrantolatzea zuen helburu nagusia, kazikismoaren eraginpetik aldentzeko. Helburu horrexekin zabaldu zen, oso azkar zabaldu ere, 1923ko irailaren 30ean, udal kargu guztiak aldatzeko dekretua. Errejimen berriaren lehen neurrietako bat izan zen hura, oso argi uztenzuena Primo de Riverak ematen zion garrantzia.

Emaitzak, ordea, ez ziren larritasunaren maila berekoak gertatu. Euskal hiriburuetan, udal erreforma honen ondorioz, zinegotzien joan-etorri handia izan zen, eta udaleko eginkizunak zaintzeko beharrezko zen iraunkortasuna galarazi zuen horrek.

Diktadurak nahi bezala, klase politikoa berritu zen, kargu kentze eta dimisio etengabeek areagotuta. Kargu aldaketak, gehienetan, gobernari zibilaren agindupekoak izaten ziren, eta era horretan huraxe bihurtu zen udal bizitzako arbitroa. Eta horrek ez zuen ekarri udalen demokratizatzea, alderantziz baizik.

Bilboko udalaren zinegotzien zerrenda begiratuta, ikusten dira politikari berri batzuk, baina bilbotar familia monarkiazale garrantzitsuenetatik datozen izenak ageri dira batez ere zerrenda haietan, ez lehen postuetan ordea. Hori da adibidez Federico Moyuaren kasua, ia diktadura osoan zehar ia alkate izan zenarena. Antzeko gauza gertatu zen Iruñean eta Gasteizen; haietan, zergapeko nagusien artean aukeratu ziren udal berriak. Udalen berriztatze honek ez zuen hautsi udal aginpidearen eta aginpide zentralaren arteko lotura, kazikismoaren ezaugarri izan zena; aitzitik, udal aginpidean gobernuaren eta haren politika kontserbadorearen gero eta aldekoago ziren pertsonak sartzea ekarri zuen. Horregatik, ez da harritzekoa monarkiazaleen monopolioa izatea udal guztien ezaugarria, dinastiazaleak nahiz karlistak izan. Bestalde, hiri handienetan ikusten den kargu berriztatzea askoz txikiagoa izan zen herrietan, kazikismo zaharraren sareek bere hartan jarraitu baitzuten haietan, edota berriz osatu ziren, diktaduraren lehen aldia igaro ondoren.

Bizitza politikoa txukuntzeko helburu berberaz, diputazioak ere berriztatu beharra zegoen; horretan ordea salbuespena izanziren euskal diputazioak, haien errejimen berezia kontuan hartuta. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi gobernu berriaren nahien arabera antolatu ez zirenik; gobernari zibilek esku hartu zuten diputatu kargu batzuk berritzerakoan, eta era horretan antolatu ahal ziren Primo de Riveraren asmoekin bat zetozen diputazioak ere.

Orobat, diktadoreak euskal berezitasunaren aurrean erakutsitako begiruneak, eta diputazioek egindako presioak, ahalbideratu zuten Gobernuko ordezkarien eginkizuna aldatzea, eta euskal probintzietan modu berezian aplikatzea Udal estatutuak ezartzen zituen arauak. Bi erakunde horiek osatu zuten udal eta probintzia politikaren antolamendu berria, baina emaitza ez zen batere positiboa izan. Gobernuko ordezkariek udalen kontuak kontrolatu behar zituzten, baina alde horretatik ez zuten ia ezer egin. Beste hainbeste gertatu zen Udal estatuaren aplikazioarekin. Udal erreforma bultzatu behar bazuen ere, udal erakundeen demokrazia eta autonomia garatuz, asmo hura teoria hutsa baino ez zen gertatu.

Horrez gainera, eta udalen kontrola Euskal Herrian diputazioei zegokienez, diputazioen aginduak euskal errejimen bereziaren kontrako gertatzen ziren; horren ondorioz, negoziazio luzeak izan ziren, arazo hori gainditu nahian. Azkenean, bai gobernua, bai diputazioak, aparte negoziatu zutelarik, pozik agertu ziren lortutako emaitzekin, eta gauza bera gertatu zen kontzertu ekonomikoarekin ere.

Gobernuak euskal berezitasunari buruz erakutsitako sentikortasuna bat zetorren diktadoreak estatuko lurralde antolamenduari buruz zituen ideiekin. Hasieran, errejioak aldezten zituen ikusmolde batean oinarritzen zen Primo de Rivera, baina azkenaldean probintziak nagusi ziren beste baterantz egin zuen. Diktadorearen hasierakoerrejionalismoak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko diputazioen interesa piztu zuen, euskal errejio bat osatzeko aukeraz mintzatzeko gonbidatu baitzituzten banan-banan.

Eskaturiko txostenetatik ordea Gipuzkoako diputazioarena bakarrik idatzi zen; azkenean, bizkaitarren aldetik oso oposizio gogorra jasan ondoren, gauzatzera ere zen heldu. Gipuzkoako txostenak ?euskal errejio? bat aipatzen zuen, estatuarekin harreman zuzenak, eta lege eta administrazio autonomoak izango zituena. Primo de Riverak ordea, nazio batasuna zalantzan jar zezakeelakoan, baztertu egin zuen gerora errejionalismo hura eta, era horretan, alferrekoak izan ziren ahalegin haiek guztiak.

Primo de Riveraren berriztatze lanek bi tresna nagusi zituzten lagungarri, bi organizazio, Unión Patriótica eta Somatén. Batak zein besteak errejimenaren aldeko jendea nahi zuten bildu, eta eginkizun desberdinak zituzten, elkarren osagarri ziren arren.

Eta, bien ustetan, arriskuan zegoen gizartea.

Beren garaiaren ikusmolde alarmista horrek tradiziozko kontserbadoreetatik urruntzen zituen, eta aldi berean Errepublika garaiko eskuin muturreko aitzindari bihurtzen. Muturreko eskuinak bezala, liberalismoa baztertzearen beharra azpimarratzen zuen, gizartearen hondamendiaren erantzuletzat jotzen baitzuten. Gizartearen aldaketa hori saihesteko, hiritarren kontzientziak berriztatu behar ziren, kristau moralari hurbil zitezen. Hala, bada, gizartearen errejenerazio morala bultzatzen zuten, erabat sinetsita baitzeuden etorkizunean izan zitezkeen arrisku guztiak uxatuko zituztela horrekin.

Lan hori Somatén-ari zegokion; gizarte ordenaren berme izango zen milizia armatu baten moduan antolatu zen, eta, beharizanez gero, armak ere erabiliko zituen ordena publikoa berrezartzeko. Horrez gainera, ordena moralaren berme ere izan behar zuen. Hala, prostituzioa, biraoa, alkoholismoa eta gizartearen beste edozein gaitz desagerraraztea zen haren eginkizuna, eta horrek, erraz asmatuko den bezala, protagonismo handia eman zion eguneroko bizimoduan.

Defenditzen zituen balioak, unibertsalak omen zirenak, eta gizartearen defentsa globala egiten omen zutenak, erdi mailako klasearen interes eta ikusmoldeen araberakoak ziren. Hain zuzen ere, talde hori nahi zuen Somatén-ak bereganatu, hori bai, gizarte eliteen buruzagitzaren pean.

Bai Unión Patriótica-k, bai Somatén-ak, garrantzia izan zuten Bizkaian. Are gehiago, bizkaitar organizazioak, Bartzelona eta Valladolidekoekin batera, estatuko egituraren zutabe nagusiak osatzen zituen. Izan ere, Primo de Riverak berak ere parte hartu zuen haien sorreran. Zenbaki ofizialek diotenez, 50.000 lagun inguru ziren Bizkaiko Unión Patriótica-ko kide, eta 4.000 baino gehiago Somatén-ekoak. Puztuak egonda ere, Bizkaian sustrai garrantzitsua zutela ematen dute aditzera kopuru horiek, Nafarroan ez bezala, han aski mugatua baitzen bi taldeen hedapena. Nafarroan izan zuten arrakasta eskasak ez du adierazten nafarrak ados ez zirenik talde hauek aldarrikatzen zuten ?gizarte garbiketa? eginkizunekin.

Aitzitik, muturreko eskuinak Nafarroan zuen garrantzia, bere organizazio propioekin, eta ordena soziala mehatxatuko zuen arrisku nabaririk ez izatea han, izan daitezke jokabide horren arrazoi. Arrazoi berberek ager dezakete Arabako Somaténaren hedapen eskasa.

Araban Unión Patriótica-k nahiko arrakasta izan zuen herrietan, hiriburuan ezbezala. Horrela gertatu zen, dudarik gabe, diktadurak eskura zituen tresna guztiak erabili zituelako bi taldeen izen ona zabaltzeko, eta eraginkorragoak izan ziren herri txikietan hirietan baino. Hala, bada Gasteizko Gotzainaren agiri bat, bere parrokoak bi organizazioen alde lan egitera animatzen dituena. Zabaltze lan bera egiten zuen gobernari zibilak, eta kazikeen bide zaharrak ere erabili ziren kideen kopurua gehitzeko asmoz. Horren guztiaren ondorioak agerikoak dira. Bai Unión Patriótica bai Somatén gizartean gora egin nahi zuten oportunistez eta administrazioarekin loturiko pertsonez bete ziren. Unión Patriótica-ren kasuan, lagungarri izan ziren taldekide izateak berekin zekartzan eginbehar eskasak, eta ordaindu beharrekoaren urritasuna. Somatén-en kide izateak eginbehar gehiago suposatzen zuen, baina pribilejioak eskaintzen zituen aldi berean, hala adibidez arma bat eramateko eskubidea eta agintearen kidetzat hartua izatearena.

Diktaduraren masa organizazio bi hauen buruzagitza, esan den bezala, probintzia bakoitzeko sektore pribilejiodunei zegokion, baina tarteko pertsonen bidez gauzatu zen.

Horren adibide garbiena Bizkaikoa da. Bizkaian, diktadurarekin identifikatu baziren ere goi mailako klaseak, diktadurak zuhur jokatu zuen, lehen postuak bigarren mailako politikoei utzi baitzitzaizkien, udal eta probintzietako karguekin egin zuten bezala.

Hala, ikus daiteke Unión Patriótica-ren organizazioa Liga de Acción Monárquica alderdiko pertsonek gidatzen zutela, baina Liga bera, bizkaitar oligarkia biltzen zuena, ez zegoela Unión Patriótica-rekin lotua, kideei hartan sartzeko askatasuna ematen bazitzaien ere. Beste hainbeste gertatu zen eskuin monarkiazaleko beste organizazioekin, bai Bizkaian, bai gainerako probintzietan.

Horietako batzuek, edota buruzagi batzuek, hala ere, nahiago izan zuten prozesutik aparte geratu, eta uko egin zioten diktaduraren kide izateari, eta, horrexegatik, baita diktadurak sorturiko bi taldeetatik ere. Nolanahi ere, eta kasuistika oso ugaria litzatekeen arren, banakako jarrerak oso desberdinak izan baitziren, zalantzarik gabe esan daiteke Euskal Herrian monarkiazaleek, dinastiazaleek nahiz karlistek, eutsi ziotela diktadurari eta diktaduraren organizazioei.

Oposizioa, bai nazionalistena, bai sozialista eta errepublikazaleena, oso mugatua zegoen, diktadurak konstituzio eskubideak ezabatu, eta alderdi politikoen jarduna debekatu zuenez gero. Horrez gainera, eta euskal nazionalismoari dagokionez, separatismoaren kontrako dekretuak kalte handia zion; dekretu horrek lege militarren pean jartzen zituen estatuaren batasunaren kontrako delitu guztiak, eta aldi berean espainola ez ziren bandera guztiak debekatzen zituen. Bestalde, gaztelania deklaratu zen hizkuntza ofizial bakarra, eta, hortaz, euskara eremu pribatuetara mugatua geratzen zen. Oso zigor gogorrak ezarri ziren arau horiek hausten zituztenentzat. Hori guztia kontuan izanik, ez da harritzekoa gertatuko sozialistak eta errepublikazaleek ekintza publikorik ez egitea, eta, nazionalistei dagokienez, kultura lanetan buru-belarri murgiltzea.

Diktaduraren hasieran, nazionalismoa bi organizazioetan zegoen banatua: EAJ, aberrianoak hartzen zituena, eta Comunión.

Lehenak erbestera edo klandestinitatera jo behar izan zuen, eta bigarrenak, legezko izatea bazuen arren, ez zuen ezer egiterik izan, Batzoki asko itxi baitzizkieten. Egoera horren adierazle esanguratsua da Gipuzkoako Buru Batzarrak hartutako erabakia, jarduera orori uko egitekoa, bere eginkizun guztiak Diputazioaren esku utziz.

1923 eta 1926 artean, oraindik ere mugiarazi zuten zerbait nazionalismoa Euskal Unibertsitatearen eskaerak, estatutu bat prestatzeak eta kontzertu ekonomikoa berritzeak, baina 1926tik aurrera are gehiago moteldu zen. Hala ere, diktadorearen hasierako errejionalismoak eta euskal kulturaren tolerantziak, zulo bat zabaldu zuten, nazionalismoak berehala beteko zuena.

Era horretan, euskal kultura bultzatzeko politikari ekin zion nazionalismoak.

Horren adierazgarri da zenbat orri eskaini zizkion Euzkadi aldizkariak euskararen erabilera, eta euskal literatura eta antzerkia bultzatzen zuten ekimenei; orobat esanguratsuak dira euskal musika eta margolaritzari, eta euskal kirolei eskainitakoak. Ekimen horien guztien arrakasta zela eta, ?Kultura Berpizkundeaz? hasi ziren mintzatzen abertzaleak.

Euskara indartzeko ekimenen artean, aipagarria da ?Euskararen eguna?-ren antolatzea, edota Txistu aldizkariaren argitalpena, hala nola ?Oldargi? edo ?Saski Naski? bezalako taldeek egindako antzezpenak.

Euskal elizak ere paper garrantzitsua jokatu zuen euskara bultzatzen.

Euskal kultura, beraz, une erabakior batean zegoen, Guridirenak bezalako obrak sor zitezen musikan, edota Kirikiñorenak poesian, eta Aurelio Arteta eta Zubiaurre edo Arrue anaienak margolaritzan. Artelan militantea zen gainera. Kulturaren alde nazionalismoak egindako orok herria abertzale bihurtzea zuen helburua. Hau da, nazionalismoarekin bat etorriko zen euskaltasunaren definizioa bilatzen zuen. Hala, aipaturiko artelan guztietan, nekazarien mundua, eta euskalduntzat jotzen diren eredu fisiko idealen eraikuntza goraipatzen zuen; eredu horiek oso erraz antzematen dira margolaritzan edota Euzkadi-ko orrialdeetan.

Azken helburua euskal izatearen berezitasuna finkatzea zen, hizkuntzatik hasi eta arrazatik igaroz kulturaren osotasunera heltzenzena, hortik gero, ondorio gisa, Euskal Herria estatu baten gisa antolatzeko eskubidera iristeko. Nazionalismoak hautaturiko bideak bazuen bertute bat, diskurtsu politiko hutsa baino hunkigarriagoa baita kultura, eta, horrexegatik, eraginkorragoa gertatzen zen alderdikideak eskuratzeko, eta, bestalde, jadanik organizazioaren baitan zeudenak bertan mantentzea ere errazten zuen. Horrez gainera, nazionalismoari atxikitzeko maila desberdinak onartzen ditu ikuspuntu horrek, eta huts-hutsik politikoak ez diren bestelako militantzien aukera zabaltzen du.

Lanean jardun ziren nazionalismoaren baitako organizazioen artean, aipagarriak dira ?mendigoixaleak?, diktaduran zehar garrantzi handia hartu zutenak. Mendigoixaleen taldeak, mende bukaeratik aurrera Euskal Herri osoan zabaldu zen mendizaletasunari erantzuteaz gainera, gazte abertzaleak elkartzeko bideak ere jartzen zituen.

Aire militar nabarmena zuen, garai hartan egin zituzten ekintza adoretsu batzuekin bat zetorrena, Sabinoren hilobiaren gainean ikurriña jartzea adibidez. Solidaridad de Obreros Vascos sindikatu abertzaleak izan zuen zer edo zer egiteko aukera, langile elkarteekin gobernuak zeukan tolerantzia zela eta. Nolanahi ere, eta gobernuak UGT baitzuen begiko, ez zuen halako abantailarik lortu Organización Corporativa Nacional taldea sortu izanetik, SOV-ek ere talde horren beraren klase arteko harmoniaren printzipioak aldezten zituen arren. Bigarren Errepublikan garrantzi handia izan zuten beste organizazio batzuek, Emakume Abertzale Batzak adibidez, ez zuten lanerako batere aukerarik izan.

Sozialistek ere geldik egon beharra izan zuten, eta buru-belarri aritu ziren alderdibarneko lanetan. Hala, biziki ugaritu ziren talde sozialisten organo desberdinen bilerak, eta irtenaldi asko eta asko egin ziren, probintzia eta herri askotako jarraitzaileak harremanetan jartzeko balio izan zutenak.

Bizkaitar propaganda egileen presentzia, bizkaitarrak baitziren sozialista gehienak, agerikoa izan zen beste probintzietan, eta era horretan alderdia ez zen ahuldu; garai hobeagoen zain geratu zen. Horren lagungarri izan zen Herriko Etxeak itxi ez izana, eta prentsa sozialista, zentsuratua izan arren, argitaratzen jarraitu izana. Horrez gainera, bai PSOEk bai UGTk lortu zuten diktadorearen baimena zeinek bere kongresua egiteko (1928).

Eusko-Nafar Federazio Sozialistak oso jokabide berezia izan zuen diktadurari buruz. Bere alderdikideak ez bezala, euskal sozialistak, Indalecio Prietoren gidaritzapean, espainiar sozialismoaren politika posibilistaren kontra jarri ziren, espreski baitzegoen baztertua diktaduraren oposizioko edozein mugimendu. Prietoren errepublikazaletasunean eta euskal munduaren berezitasunean bilatu behar dira euskal sozialisten jokabidearen arrazoiak. Euskal Herrian, sozialistek, errejimenaren kontrako oposizioaren baitan, nazionalismoa zuten parez pare, eta, beraz, ez zitzaien komeni Primo de Riverari gehiegi amore ematea.

Horixe zen UGTk zeukan arriskurik nagusia; izan ere, diktadurarekin zuen konpromezuak ?batzorde paritarioetan parte hartzean ageri dena, han eztabaidatzan baitziren enpresario eta langileen arteko arazoak? organizazioari jarraitzeko bidea zabaltzen zion, baina izen txarra ere ekar ziezaiokeen aldi berean.

Indalecio Prietok, jadanik Marokoko ?hondamendia? gertatu zenean monarkiaren kontrako jarreragatik nabarmendu zena, fama txar hori ez zabaltzea lortu zuen. Euskal Herriko kideen laguntzarekin, errepublikaren aldeko jarrera defenditu zuen, diktaduraren kontrakoa beraz, estatuko organizazioaren jarrera guztiz bestelakoa zen garaian. Agerian geratu zen hori 1928ko alderdiaren kongresuan. Hartan, Prietok, gainerako guztien sinestezintasunaren aurrean, errejimenaren hurbileko erortzea defenditu zuen, eta helburu hori bultzatu beharra. Prietoren jarrerak Eusko-Nafar Federazio Sozialistatik kanpora oso aldeko gutxi lortu zuen arren, handik denbora gutxira bete ziren hark iragarritakoak.

 

Diktaduraren amaieratik Errepublikara

1930ean, errejimena instituzionalizatzeko ahaleginek huts egin ondoren, eta barneko eztabaida giro larrian ?euskal taldeek ez zuten parte hartu hartan?, Primo de Riveraren dimisioa gertatu zen. Politika ekonomikoaren ahitzea bezalako aldian aldiko faktoreak alde batera utzita, Diktadura bere arrakastaren biktima gertatu zen, herriaren modernizatze ekonomikoa eta soziala bultzatu nahi hartan. Izan ere, modernizatu nahi horrek beste bat zekarren berekin, modernizatze politikoa, diktadura, alferrik, geldiarazten saiatu zena.

Diktadurarekin batera desagertu ziren hari loturiko organizazioak. Bai Unión Patriótica-tik bai Somatén-etik mordoka aldeegin zuten kideek, eta horrek eskuineko organizazioen ahultasuna areagotu zuen, hurbileko errejimen aldaketaren aurrean.

Bitartean, oposizioko organizazioak berriro antolatu ziren, are eta azkarrago Unamunori, erbestik itzultzean, Irunen harrera gisa egin zitzaion mitinetik aurrera, eta Donostiako Akordiotik aurrera geroago, euskal nazionalismoak hartan parte hartu ez arren. Abertzaleen birmoldaketak beste bi talderen sorrera ekarri zuen: EAJ, aurreko bi taldeak elkartu ondoren sortua, eta ANV-EAE, aurreneko aldiz ideologia abertzalea eta ikusmolde errepublikazale eta ezkerreko bat lotzen zituen alderdia. Errepublikak gauza egingarria zirudien oraingoan, irristaldiak izan arren, 1930eko abenduko mugimenduaren huts egitea adibidez.

Errepublika aurreramenduaren gauzatzea bezala aurkezten zuen propagandak; monarkia berriz herriaren atzerapenaren adierazpen gisa definitzen zen, gauza guztietan, eta horren azken froga gisa erregeak diktaduraren ezarpenean zuen erantzukizuna aipatzen zen. Errepublika modernizatzeari zor zitzaizkion aldaketen sorburuan jartzea zen era horretako argudio baten abantaila.

Modernizazio prozesuak harrera desberdina izan zuen, ekarri zituen aldaketak ere modu desberdinez banatu baitziren.

Hori garbi ageri da lehen sektorean ziharduen biztanleria aktiboaren portzentaietan; 1930ean, Araban eta Nafarroan %60 ziren ia, eta Bizkaian eta Gipuzkoan berriz %21- 25 artekoak.

Hala ere, eta alde batera utzita gizarte baten edo gizatalde baten modernizazio maila handiagoa edo txikiagoa, gizarte bizitzaren ulertzeko modua, eta, horrexegatik,politika ulertzeko modua, berbera zuten euskadun guztiek. Ikuspegi horretatik, kategoria garrantzitsuena zibilizazio eta izadi kontzeptuak kontrajartzen zituena zen. Jendeak oso azkar ikusi zuen izadia kontrolatzeko beharra giza aurreramendua ziurtatu nahi bazen. Nekazaritza eta abeltzaintzaren garapenak, baina orobat izurri eta uholdeetatik defenditu beharra, prozesu naturalak ezagutu eta kontrolatzeko beharra erakusten zuten. Sentimendu hori areagotu egin zen, sakon gainera, modernizazio prozesuarekin, prozesu hori, izan, izadia menderatzeko eskala handiko fenomeno bat besterik ez baita.

Zibilizazio-izadi oposizioaren ideia biztanleen artean zabaldu zenean, ez zen erabili gizaki eta ingurune fisikoaren arteko harremanak zehazteko bakarrik, pertsonen arteko harremanak, eta norbere buruari buruzkoak, zertzeko ere erabili zen. Era horretan, errepublikazaleek Errepublika ?zibilizaziotzat? hartzen zuten, eta ?izaditzat? erlijioa. Eskuinak berriz alderantziz ikusten zituen balio horiek. Eskuindarrentzat, erlijioa zen ?zibilizazioa?, eta ?izadiaren? arrakastaren agerpena berriz Errepublika.

Elizarentzat, ikusmolde hori agerikoa zen, ezen 1931ko apirilaren 12ko hauteskundeen emaitzak jakitean izandako herri manifestazioen ondorio gisa etorri baitzen Errepublika.

Errepublikako bizitza politikoa, beraz, ?izadi?aren eta ?zibilizazio?aren izateak eztabaidatzen zituztenen arteko elkarrizketa izan zen.

 

Bigarren Errepublika

Errepublikaren aldekoek, hiritarrak, zinegotzi batzuk ala besteak aukeratzean, monarkiaren alde edo kontra agertzen ziren galdeketa bihurtu zituzten apirilaren 12ko udal hauteskundeak. Euskal Herrian emaitzak askotarikoak izan ziren noski, baina, ugaritasun horretan, gauza nabaria da nola, industriak indar handiagoa zuen lekuetan, eta gizarte gatazkak handienak izan zirenetan, botoa Errepublikaren aldekoa zen. Horregatik, Gipuzkoako boto gehienak ezkerreko hautagaietara joan ziren, eta hiriburuan portzentaia hori %56,6ra iritsi zen. Egoera oso bestelakoa zen Nafarroan, eskuineko hautagaiek, Errepublikaren kontra, gehiengo zabala lortu baitzuten han.

Hala ere, Altsasu, Fitero edo Tutera bezalako herrietan, ezkerrak izan zuen nagusitasuna.

Hauteskundeen emaitzak jakiteko larritasunak, eta estatuko hiriburu garrantzitsuenetan Errepublikaren aldeko botoak gehiago zirelako zurrumurruak jendea kalera irtetzera eta albisteen zain biltzera bultzatuzuten. Albiste horiek baieztu ahala, hiri nagusietan modu harrigarri antzekoan errepikatu zen gertaera sail bat. Hala, berez sortu ziren manifestazioak, eta abiatu ziren udaletxera Errepublikaren deklaratzea eskatzera.

Udal berriak osatu, eta Errepublikaren bandera goratu zen jendearen pozaren pozez. Gero, herria kurritu zuten berri ona aditzera emateko, bibaka eta kantari, ?Marsellesa?, ?Internazionala? eta ?Gernikako Arbola? abestuz batez ere. Kartzela zegoen lekuetan, haraxe joan ziren gero manifestariak preso politikoentzat amnistia eskatzera; kartzela inguruetan gertatu izan ziren arazo bakanak, gainerakoan jai eguna izan zen batean.

Hiriko espazioaren aldaketa baten modura bizitu zuten garai hartako guzti-guztiek Errepublikaren etorrera. Aldaketa horren lehen ikurra kalean jendetzak agertzea izan zen, gizonak batez ere, emakumeak oso gutxi aritzen baitziren bizitza publikoan.

Baina paisaje aldaketa horretan nabarmentzekoa izan zen halaber bandera sozialista, errepublikazale eta nazionalisten agerpena, Frantziako Iraultzako txano eta apaingarriak, eta, oro har, poz biziaren agerraldiak. Horrek denak balio sinboliko handia zuen, herriaren borondatearen garaipena adierazten baitzuen, eta aldaketaren sakona. Horregatik, kale eta plazen izenen aldaketa etorri zen aurreneko sinbolo haien atzetik, eta ezkutuen eta beste ezugarri monarkiazaleen desagertzea. Alegia, mundu berri bat zetorren, zoriona barra-barra zabalduko zuena.

Errepublikaren etorrerarekin, gizarte aldaketarako itxaropen handiak zabaldu zitzaizkien errepublikazaleei. Erabat sinetsita zeuden etorkizunak gauza positiboak ekarriko zizkiela, denek gauza bera espero ez zuten arren. Langile askoren ustez, Errepublikaren garaipenak funtsezko aldaketa ekarriko zien bizimodu eta lan baldintzetan, eta iraultza sozialistaren parean ere jartzen zuten batzuek Errepublika. Ezkerreko nekazarientzat, lurraren jabetza eta langabezia ziren arazo nagusiak. Nafar nekazarien kasuan, herri lurren, labore lurren (corralizas) eta nobleen jabetza handien arazoari irtenbidea ematean zetzan beren egoeraren hobetzea, eta nekazaritza erreformarako plangintza baten baitan baino ezin zen egin hori.

Asmo eta itxaropen horiek denak herritarren politizazio sakon bat ekarri zuten, organizazio sozialistentzat batez ere onuragarria izan zena. Bai PSOEn bai UGTn, bigarrenean batez ere, asko hazi zen kideen kopurua. Hala, adibidez, Gipuzkoako UGTn 1931n guztira 1.436 kide sartu ziren, eta kopuru horiek ondorengo urteetan gutxitu baziren ere, oso garrantzitsu izaten jarraitu zuten, bai 1932an bai 1933an. Gauza bera gertatu zitzaion Alderdi Sozialistari, eta, askozneurri txikiagoan bada ere, errepublikar organizazioei; azken alderdi horiek oso azkar hasi ziren barne egiturak berrantolatzen.

Bai Alderdi Komunista, bai CNT, horiek ere hazi ziren, baina besteak baino askoz ere gutxiago.

Ezkerraren itxaropenak hain handiak izanik, ez da harritzekoa beldurra nagusitzea eskuin katolikoaren aldekoa zen biztanleriaren partean. Espazio publikotik desagertzea bera, Bilboko Kale Nagusiko leihoak ixteak erakusten duena, da horren adierazgarri. Eskuinetik, Errepublikaren sorreraren egunean publikoan agertu zen parte bakarra nazionalismoarena izan zen.

EAJk Donostiako Akordioan parte hartu ez bazuen ere, eta nahiz eta monarkiaren kontrako blokearen kide izan ez, Errepublikaren sorrera prozesuan egon ziren jeltzaleak, beren erreibindikazio abertzale bereziak erantsita. Errepublikak emandako aukerek, abertzaleak ere beldurtzen zituzten arren, estatua egituratzeko modu berri baten bideak ere zabal zitzaketen, eta euskal nazioa eraikitzeko bidea beraz. Errepublikaren sorreratik denbora gutxira hasi zen alkateen mugimendua aldi berean zen beldur eta itxaropen horien adierazpena.

Euskal gizartean 1931ko Batzar Konstituziogileen hauteskundeetan adierazi zen Errepublikaren harrera. Hartan, eta euskal politika oinarri-oinarrian hiruki formakoa bazen ere, bi alderdi nagusiren inguruan mugitu ziren gauzak, munduaren bi ikusmolde kontrajartzen zirela. Alde batetik, errepublikazaleen baikortasuna zegoen, eta, bestetik, gizartearen hondamena espero zutenen ikara apokaliptikoa, baina, nazionalismoaren kasuan, euskal autonomiaren defentsarekin batera. Izan ere, argudio horrek bateratu zituen Lizarrako estatutuaren defedatzaile gisa aurkeztu ziren eskuindar guztiak. Arabako kasua salbuespena izan zen, tradiziozaleek eta nazionalistek zeinek bere aldetik aurkeztu baitzituzten hautagaiak, eta estatutuaren aldezle gisa gainera biek. Eskuinak lortu zuen garaipena, Araban izan ezik, han indarrak sakabanatuak baitzeuden, probintziako boto kopuru handiena lortu zuten arren. Nafarroan eskuinak garaipen erabatekoa lortu zuen, %63,7a.

Lau hiriburuetan, Bizkaia eta Gipuzkoako industriaguneetan, Arabako Errioxan eta Nafarroako Erriberan, errepublikazale eta sozialisten koalizioak irabazi zuen. Gipuzkoan, koalizio hark eta ANV-EAEk botoen %41,57 lortu zuten; Donostian %69,16raino igo zen portzentaia. Bizkaian, eskuinak eta ezkerrak erdibana zituzten botoak, baina ezkerrak irabazi zuen hiriburuaren inguruan. Euskal Herrian onak izan baziren ere ezkerraren emaitzak, hobeak izan ziren eskuinarenak; ondo erakusten zuen nola hartzen zuten euskaldunek Errepublikaren etorrera, Penintsulangertatzen zenaren oso bestela. Hori zela eta, esan zuen Prietok Euskal Herria ?Gibraltar Vaticanista? zelako hura.

Errepublikako gobernuak ezkerraren itxaropenak bete behar zituen, eta eskuinaren beldurrak desagerrarazi. Baina ez zuen lortu ez gauza bat ez bestea. Itxaropenei zegokienez, gobernuaren erreforma urrien biktima izan ziren, eta ekonomia krisiaren eraginarena, oso kaltegarria izan baitzen industria guneetan, Bizkaian batez ere. Errepublikako gizarte legeak, zeinen artean azpimarratu behar baitzen Epaitegi Mistoena, Lan Kontratuarena, Lan Ezbeharrena, eta Amatasunarena, ez zieten hobekuntza handirik ekarri langileriaren bizi baldintzei.

Soldatak goratu egin zituzten hala ere, langabeziaren eraginagatik batez ere.

Horrek guztiak langileen artean sortu zuen egonezinak ez zituen gatazkak askorik areagotu, eta gutxiagotu ere egin ziren Bizkaian. Izan ziren liskarrak, batzuetan, komunistek eta CNTkoek baliatu zituzten, errejimen errepublikarrari kontra egitearren.

Aurrenekoa Pasaiako grebakoa izan zen, non Goardia Zibilak parte hartu eta zortzi hildako izan baitziren. Nafarroan nekazaritza erreformaren emaitza faltatik etorri zen batez ere Errepublikaren etorrerak sorrarazitako itxaropenen frustrazioa. Frustrazio hori lurren okupazioan eta nekazari sailetan egin ziren ekintza biolentoetan gauzatu zen, errepublikar legedia gainditu ez, baizik eta betearaztea zela beti ere helburua.

Errepublikako lehen bi urteetako lana, izan, oso laburra izan bazen ere, handinahia zen oso: zimendu berrietan nahi zuen oinarritu estatuaren izatea, eta horretarako hiritarrak berak behar zituen berreraiki.

Errepublikar gobernariek gizakiak banako arrazoiduntzat hartzen zituzten, erakunde eta ohitura sail batek esklabo bihurtuak, eta, hortaz, suntsitu egin behar ziren erakunde eta ohitura horiek. Horrela, ez bestela, lortuko zen aurreramendua, eta aurreramenduarekin, denen ongi izatea eta zoriona.

Hortik zetorren irakaskuntza politikak gobernuarentzat zuen garrantzia, eta hortik halaber politika antiklerikala. Errepublikarren ustez, zibilizazioak garaituko bazuen, elizak transmititzen zituen ezjakintasun eta sineskerien kontra egin beharra zegoen, bestela pertsonek ezingo baitzuten libre eta beren eskubide eta interesen jakitun izan.

Labur esanda, ?izadiaren? agerkari bat zen eliza, ?zibilizazioak? gainditu behar zuena.

Asmo horrekin, arau sail bat ezarri zen, hala nola eskoletatik erlijio ikurrak kentzeko dekretua, gurtza askatasuna eta estatua fedez kanpoko bihurtzea, Jesusen Lagundiaren desegitea, kanposantuak sekulartzea, ezkontza zibila eta dibortzioa onartzea, eta erlijio taldeen eta kongregazio erlijiosoen legea. Horiek denak izugarrizko erasoak gertatzen zitzaizkien katolikoei; horrez gainera, besteak beste, Gasteizko gotzaina, Mateo Múgica, bere postutik egoztea eta elizak erretzeak, eraso gogorrak izan ziren katolikoen kontzientzietan. Gobernuaren erlijio politikak aukera eman zion eskuinari erlijioaz baliatzeko, eta errepublikaren aurkako politika elizaren eta katolikoen eskubideen aldeko politika moduan aurkezteko.

Jokabide hori ezin eraginkorragoa izan zen Euskal Herrian; izan ere, euskal lurretan oso motel zihoan sekularizazio prozesua, eta oraindik ere oso altuak ziren elizaren aginduak betetzen zituztenen portzentaiak.

Eskuinaren ikusmolde politikoan, errealitate beraren aurpegiak ziren elizari egindako erasoak eta gobernuaren gizarte politika, ?izadiak? ?arrazoia? menderatzen zuela alegia. Eta horrek amaiera bat besterik ezin zuen izan, gizartea kaos batean desagertzea.

Haientzat, beraz, arrisku oso hurbileko baten pean zegoen etorkizuna, eta bizkor erreakzionatu beharra zegoen. Eta horretxeri ekin zioten. Horregatik, karlismoaren adar desberdinak berehala biltzea, Comunión Nacionalista osatzeko, eta egitura armatu bat antolatzea, hasieran defentsazko gauza bezala ikusten bazen ere, berehala hartu zuen helburutzat Errepublikaren kontrako erasoa antolatzea.

Helburu bera izan zuen eskuin katoliko osoa estatutuaren aldeko hautagai zerrenda batean biltzeak. Estatutua erlijioaren aldeko arma bezala pentsatu zen; horren arabera erantsi zitzaizkion zuzenketak Eusko Ikaskuntzak prestaturiko egitasmoari. Lizarranonetsi ziren eta horrela osatu zen Lizarrako estatutua. Zuzenketa garantzitsuenak Euskal estatuari egozten zizkion Elizarekiko harremanak, eta Elizarekin Konkordatu bat izenpetzea ere aurrikusten zen.

Horrez gainera, estatu horren eginkizuntzat jartzen zituen estatutuak irakaskuntzari eta hilerriei zegokion oro. EAJk erantsitako zuzenketek estatutuari definizio katoliko bat emateaz gainera, beretzat hartzen zuten ezkerrak gizartea modu aurrerakoiez aldatzeko nahitaezkotzat jotzen zituen tresna oro.

Nolanahi ere, alde handia zegoen EAJk estatutuaz zuen ikusmoldearen eta Comunión Tradicionalista-k zuenaren artean.

Izan ere, estatutua lortzea EAJren politikaren parte oinarrizkoa zen, baina tradiziozaleentzat tresna bat zen estatutua, Lizarrako estatutuak huts egin zuenean agerian geratu zen bezala. Hurrengoan, Jestoren estatutua deitu zen egitasmoan, ez zitzaizkion Euskal estatuari ematen erlijio gaietako ahalmenak, eta ordutik aurrera ez ziren tradiziozaleak estatutu hartaz arduratu. Agerian geratu ziren horrela talde haren barruan zeuden estatutuaren kontrako joerak; bestalde, eta hau guztia beren organizazioaren kaltetan, estatutua onartzeak errejimen errepublikarra sendotzea eta EAJ garatzea ekar zezaketelako beldurrak ere eragiten zituen estatutuaren kontrako joerak.

Gorteetako hauteskundeek, 1933ko azaroan, EAJ eta tradizionalismoaren arteko banaketa islatu zuten, eta berriz ere bi alderen arteko kontrakotasunean egituratu zen politika. Hauteskunde haien emaitza nagusia eskuin katolikoak lorturiko arrakasta handia izan zen, ezkerraren gainetik.

Emaitza horien arrazoia, gorago aipatu denez,Errepublikak sortu zituen itxaropenei erantzuteko ezintasunari egotzi behar zaio, aldi berean masa katolikoak haserretzen zituela bere politika antiklerikalarekin. Nolanahi ere, EAJk atera zuen etekinik handiena egoeraren aldaketatik; batetik, erlijioaren aldeko politikaren buru bihurtu zen, eta, horrez gainera, onuragarri gertatu zitzaion estatutuaren auziak euskal gizartean lehen bi urteetan izan zuen protagonismoa.

Zenbakiak esanguratsuak dira: Bizkaian eta Gipuzkoan garaile gertatzen da, botoen %46,4 eta 45,5arekin, eta emaitza onak lortzen ditu Araban, %29arekin. Nafarroan, nolanahi ere, eskuin ez abertzaleak are gehiago sendotu zuen bere nagusitasuna, botoen %70,8rekin, eta Araban garaipena lortu zuen, %52,9rekin.

Eskuin katolikoari Elizari egindako erasoen babesleku bihurtu izatetik zetorkion garaipena, eta Errepublika onartzeak etorkizunari buruz suposatzen zuen larritasunetik.

Eskuin osoak boto emaile bera zuen gogoan, katolikoa. Izan ere, monarkia erori ondoren, aukera politikoen umezurtz geratu ziren masa katolikoak. EAJren arrakasta, hain zuzen, bi probintzia horietan monarkiazale horiek erakartzea izan zen. La Gaceta del Norte egunkari katolikoaren iritziz, EAJk Bizkaian 1933ko hauteskundeetan lorturiko botoetatik, 8.000ek zuten jatorri hori. Kultura politiko parekoa izatetik zetorren eskuinaren baitan aukera abertzale eta ez abertzalearen arteko iragankortasuna.

Bai EAJk bai gainerako eskuinak ikusmolde katastrofista zuten gizartearen etorkizunari buruz. EAJren ustez, gizartea mehatxatzen zuten arriskuek pentsamolde liberalean zuten jatorria, eta hark, erlijio balioen nagusitasuna ezabatu eta haien ordez balio sekularrak ezarri ondoren, izadiaren zibilizazioaren gaineko garaipena ekarriko zuen. Diziplina, ordena, desirei eta grinei eustea predikatuz, zibilizazioaren ordezkari zen Eliza; askatasun, zorion eta plazerraren balio sekularrak, eskuinaren pentsamenduarentzat, izadia ziren. Eskuinarentzat, banakoaren plazerra lortu nahia, luxuaren edota sexualitatearen gustua bezalako adierazpen bitxiak zituen hura, zorion kolektiboa iraultzaren bidez lortu nahiaren pareko gauza zen. Bi desira horiek izadiaren agerpen ziren, arrazoiaz harantzagokoak, eta horrek gizartearen hondamena ekarriko zuen.

Gizartea iraunkor bihurtzea pentsamenduaren aldaketa prozesu baten bitartez baino ez zen lortuko. Pentsamendu erlijiosoaren garrantziak nagusitu behar zuen berriz ere gizartean, eta pentsamendu hark bihurtu behar zuen berriz ere giza jokabidearen gidari. Helburu horrekin, bai EAJk bai gainerako eskuinak, kanpaina luze bat antolatu zuten, 1934 inguruan indartu zena, eta ezaugarri nagusiak hondartzetako bainua edota sexu askatasuna bezalako jokabide modernoak kritikatzen zituzten hitzaldi sail bat edota prentsako artikuluak izan zituzten. Emakume eredu berriak kritikatzen ziren batez ere, ile motza eramatetik, erre edo etxetik kanpo lan egiteraino. Emakumea gizartearen berrikuntzaren oinarrizko tresnatzat hartzetik zetorren emakumearen jokabideekiko interes berezi hori, familia zaintzen zuen erantzukizunagatik. Pentsatzen zen emakumea aldatuz gero familia aldatuko zela, eta horrekin gizartea osorik, familia baitzen haientzat gizartearen oinarrizko zelula. Eskuinaren arrazoinamenduaren arabera, gizartearen iraunkortasuna eta iraultzaren arriskua uxatzea lortuko ziren emakumea bere ohiko paperera itzulita.

Eskuindar guztientzat, etorkizun hobe baten bermea iraganeko pentsamenduaren eta jokabideen formetan zetzan, balio erlijiosoen nagusitasuna ezaugarri zuten haien berreskuratzean. Gizartea mehatxatzen zuten arriskuei itzuri egiteko balioak, tradizioak eskaintzen zituen. Modernotasunak, tradizioa hautsita, balio horiek guztiak suntsitu zituen, eta gizartearen iraunkortasuna bera jarri zuen arriskuan. Euskal nazionalismoa, funtsean, bat zetorren pentsamendu eskema horiekin, baina ezaugarri bereziak erantsita, eta horiexek izan ziren bere arrakastaren giltzarriak.

Nazionalismoak euskal izatearen jatorrizko osagarriak suntsitu izana egozten zion modernotasunari, eta horien artean oso leku garrantzitsua betetzen zuen erlijioak. Proiektu abertzaleak, beraz, euskaltasunaren ezaugarri galduak berreskuratzeko asmoa zuen.

Hori lortuko balitz, zorion, askatasun eta berdintasunezko gizarte baten itzulera izangolitzatzeke emaitza, ezaugarri horiexek berak baitzituen euskal demokrazia zeritzanak.

Gizarte industrialaren bat-bateko agerpenak antzinako demokrazia hura galarazi zuen, garapenarekin batera, baserrien ugaritasunak ezaugarritzen zuen ohiko paisajearen desagertzea ekarri baitzuen, eta gauza bera eragin zuten arazo sozialek eta autoktonoak ez bezalako ohituren barneratzeak.

Nazionalismoak lortu nahi zuen Euskadiren eraikuntza nazionala, beraz, suntsipen sozialaren kontrako hesi baten gisara aurkezten zen.

Tradizioaren berreskuratzeak, jatorrizko forma politikoetara itzultzean lortuko bazuen ere bere adierazpen gorena, pribilejiozko esparru bat zuen nazionalismoaren kultura eginkizunetan. Eginkizun horiek, diktaduraren garaiaren ondoren oso aurreratuak bazeuden ere, ez zeuden kunplituak.

Horien artean asko erabili ziren prentsa, liburua eta antzerkia, eta baita zinema eta irratia ere, orduantxe hasi berriak. Kultura taldeen babesgoak aurrera egin zuen, eta askatasun demokratikoak baliatu ziren masa ekintza handiak antolatzeko, nazionalismoak lortutako indarraren erakusle. Horien artean aipagarria da Aberri Egunaren sorrera, aurrenekoz Bilbon, 1932an, ospatu zena, eta gero beste euskal hiriburuetan egingo zena.

Erreibindikazio abertzaleak EAJren proiektu politikoan zuen nagusitasuna zela eta, iraultza sozialaren kontra egiteko borondateak ez zuen bere koherentzia osoa iritsi, eta, hala, eskuinetik aldentzen hasi zen, gero eta gehiago, 1933an hasita; era horretan, politikako kokalekuari buruz, zentro kontzientzia bat sortu zen. Zentzu berekoak gertatu ziren proposamen sozialak, eta SOV-en jarrera bera, Elizaren politika sozialaren aldekoa. Autonomia erreibindikazioen kontrako eskuinaren gero eta etsaigo handiagoa, eta 1934ko gertaerak, hala ere, erabakiorrak izan ziren EAJ gainerako eskuinetik alden zedin. Gertaera horien artean, eta aurrenekoz, Ardoaren estatutuak sorturiko arazoa aipatu behar da.

Euskal Herrian Ardoaren estatutu bat aplikatzeko eskuineko gobernuak zuen asmoan bilatu behar da auziaren sorrera; nazionalisten eta ezkerrekoen iritziz Kontzertu Ekonomikoaren kontrakoa zen estatutu hura, eta dirurik gabe utziko zituen udalak.

Estatutuak ardoaren gaineko zergak ezabatzen zituen, eta horrek kontsumo zergen mendeko udalak ahultzen zituen, eta, batez ere, ardoaren zergen mendekoak.

Beren interesen alde egiteko, udalek hainbat eratako ekimenak antolatu zituzten, baina Gobernuak oso gogor zapaldu zituen.

Gobernuaren jarreraren arrazoia, eta gobernuari eusten zioten eskuineko taldeena, udalen auziak gizarte bakea nahasten omen zuela zen, une bereziki delikatu batean,sozialisten erradikalizazioagatik eta berehalako gizarte iraultzaren iragarpenagatik.

Ezkerrak ere auzi hartan esku hartzea, Prietoren paper protagonistarekin, eskuinaren ikara areagotu baino ez zuen egin, eta, era horretan, nazionalismoari egindako kritikak biziki areagotu ziren. Kritika horiek are gogorrago egin ziren 1934ko urriko gertaeren ondoren. Nazionalistei haiekin ados egotea egotzi zieten, baita greba orokor iraultzailean parte hartu izanaz ere.

Gauzak ez ziren horrela gertatu ordea.

SOVek ez zuen greban parte hartu, kasu bakan batzuetan SOVeko kide batzuek hainbat herritan istiluetan sartuta ibili baziren ere. Oro har ordea, higikunde hartan SOVek ez zuen esku hartu. Hala ere, Gipuzkoan eta Bizkaian zenbaitek lana huts egin zuen, egoerak hartaratuta. Iraultzaren benetako protagonismoa ezkerrarena izan zen, eta, zehatz-mehatz, organizazio sozialistena.

Organizazio horiek asko erradikalizatu ziren 1933 erdialdetik aurrera, eta are gehiago 1933ko hauteskundeak galdu ondoren, eta CEDA gobernuan sartu eta gero.

Izan ere, aginpindea lortzeko faxismoak egindako lehen urrats gisa hartzen zen organizazio eskuindar horren sarrera. Hala bada, defentsazko eduki bat izan zuen 34ko iraultzak, faxismoaren kontrakoa, baina erasozkoa ere bazuen, gizarte berri bat antolatzeko asmoa alegia, ezkerreko gobernu errepublikar baten bi urteko gobernuaren ondoren lortu ezin izan zena.

Sozialisten erradikalizazioak, garai hartan guztian sozialistek aldeztu zituzten ikusmolde politikoen ondoan, aldaketa handia suposatzen zuen. Izan ere, lehen bi urteetan, Errepublikaren alde eta eskuinaren kontra egitea izan zuten eginkizun nagusia, eta, hortik, eskuindar errepublikaren kontrako borroka iraultzailea defenditzera igaro ziren, hura zelakoan gizartearen aldaketa lortzeko bide bakarra. Errepublikaren aldarrikapenarekin sortu ziren itxaropenen frustrazioan bilatu behar da aldaketa horren jatorria, eta lortutako gauzak, apalak izan arren, arriskuan zirelako sinestean.

Iraultzak aurreramenduaren aldeko arma behar zuen izan, auzitan baitzegoen.

34ko urriko iraultzaren aurretik nekazarien greba izan zen, urte bereko ekainean.

Arazo hori aski larria izan zen Nafarroan, nekazarien ohiko erreibindikazioekin bat baitzetorren, eta orobat Nafarroan nekazaritza erreforma aplikatu ez izanaren frustrazioagatik.

Bigarren Errepublika osoko greba higikunde garrantzizkoena izan zen, eta haren huts egiteak urrikoaren eragina baldintzatu zuen, itxura urbanoago bat emanez Nafarroako gertaerei, UGT-ren nekazari organizazioen zapalkuntza zela-eta.

Urriko greba sekulako huts egitea izan zen Nafarroan, hiriburuan bakarrik izan baitzen garranzitsua, eta Tafalla, Altsasu eta Olatzagutia bezalako industria guneetan.

Herri horietan hainbat egunez luzatu zen greba, baina eduki iraultzailerik gabe. Are ezezkorragoak izan ziren emaitzak Araban.

Hiriburuan bakarrik antzeman zen greba, eta ez sektore guztietan gainera, probintzia osoan normaltasuna erabatekoa edo ia erabatekoa zen bitartean. Bizkaian eta Gipuzkoan ordea handia izan zen iraultzaren garrantzia. Probintzia horietan armazko matxinada ere izan zen, eta herri batzuk matxinatuen mende geratu ziren. Horixe gertatu zen Eibarren eta Arrasaten urriaren 5ean, matxinatuek egun berean errenditu behar izan zuten arren. Gipuzkoako gainerako herrietan lanuztea oso garrantzitsua izan zen, batez ere Donostia, Pasaia, Errenteria, Bergara eta Irunen.

Antzeko gauza gertatu zen Bizkaian.

Probintzia horretan liskar garrantzitsuenakmeatokietan izan ziren. Meatzeak matxinatuen eskuetan geratu ziren liskarren hasieratik bertatik. Iraultzaileak ordea ez ziren gauza izan egoeraren kontrola beste inora zabaltzeko. Nolanahi ere, egoera hark urriko 20a arte iraun zuen; hegazkinek errebeldeen kokalekuak bonbardatuta amaitu zen. Bizkaiko beste herrietan 12an bukatu zen greba, UGTk horretarako dei bat, eta beste bat SOVek, egin ondoren. Hilak 8a arte oso handia izan zen Bilbon, eta handi samarra halaber ibaiaren ezkerraldean eta eskuineko udal batzuetan, Erandion adibidez.

Grebaren ondoren, iraultzaileen zapalkuntza nagusitu zen. Kartzelan sartu zituzten asko, eta askoz gehiagok lana galdu zuten. Lan baldintzek okerrera egin zuten, eta aurreko garaiko gizarte lege batzuk berriztatu egin ziren. Eskuinaren asmoa iraultzaren arriskua desagerraraztea zen, eta horretarako ezkerreko organizazioei eta haien buruzagiei eraso zieten, eta organizazioak legegabetu zituzten. Eskuinarentzat urriko istiluek beren uste okerrenak baiezten zituzten; gizartearen suntsitzea hurbil zelako ideia frogatzen zuten. Nazionalismoari mugimendu hartan parte hartu izana, edota, gutxienez, kontra egin ez izana, egozten zioten, eta hark ere pairatu zuen gobernuaren zapalkuntza, hain gogorra izan ez bazen ere.

1936ko otsaileko hauteskundeek azken bi urteetan gertaturiko aldaketak islatu zituzten.

Ordurako gainditua zeukan ezkerrak urriko beheraldia, eta gobernuak beren organizazioen kontrako neurriak altxatu zituenean indar berria zutela ikusi zuten. Bazuen horretan zerikusirik pairatutako zapalkuntzak ?kartzelaratuen kopuru handiak frogatzen zuen?, eskuineko gobernuaren ustelkeriak, kasu sonatuekin, estraperloarena adibidez, eta beren indarren berrantolamenduak; Herri Frontearen sorreran mamitu zen azkenean berrantolatze hori. Ororen gainetik ordea, Herri Fronteak Errepublikaren itxaropenen berreskuratzea gauzatzen zuelako uste sendoa zegoen, eta horrekin batera denek desiratzen zuten aurreramenduarena.Eskuinen kanpaina oso gogorra izan zen nazionalismoarekin. Eskuina elkarturik joan zen, Araban izan ezik, han bi hautagai zerrenda aurkeztu baitziren, eta behin eta berriz salatu zuen EAJk iraultzaileen istiluetan izandako erantzukizuna, aldi berean iraultzaren kontrako defentsa bermatzen zuen talde bakar gisa aurkezten zirela. Paper hori bera jokatu nahi zuen nazionalismoak; honela zioen kanpainako ideia nagusiak: ?kristau zibilizazio, euskal askatasuna eta gizarte justiziagatik?. Horrekin, zentroko lekua bilatu nahi zen borroka hartan, baina iraultzaren kontrako babes izateari utzi gabe. Azken helburu horretan ez zuten arrakastarik izan. Aurreko hauteskundeetan eskuin ez abertzalearen aldetik jaso zituzten botoak galdu egin zituzten, eta boto galera handia izan zen hori. Izan ere, EAJ izan zen galtzaile nagusia, hautesle sail jakin batzuengan abertzaleen posizioak zuen garrantzia adierazten zuen boto portentzaia aski handia lortu zuen arren.

Bizkaiko EAJ Herri Frontearen maila bertsuan geratu zen, eta Gipuzkoan berriz garaitu egin zuen, portentzaia txiki batez izan arren. Bizkaian EAJk eta HFak, hurrenez hurren, lortu zuten botoen %37,5 eta %37,4, eskuinak %25 bakarrik; Gipuzkoan berriz portzentaiak, hurrenez hurren, %36,9, %32,9 eta %30,2 izan ziren. Araban eta Nafarroan HFak EAJk baino emaitza hobeak izan zituen, baina hala ere garaipena eskuineko koalizioek lortu zuten; Nafarroan 1933koaren oso antzeko emaitzak izan ziren.

Oro har, emaitza haiek hiruki egitura ematen zioten Euskal Herriko politikari, oso orekatua bi probintzia nagusietan, eta eskuin ez abertzalearen alderagokoa Araban eta Nafarroan.

Gizartearen modernizatze maila erabakigarria zen euskal mapa politikoa definitzeko.

Aldaketa sakonagoak izan ziren lekuetan, sendoak ziren posizio abertzaleak eta ezkerrekoak, modernizatze horretxen fruitu baitziren, hautesleek berek modu desberdinez eta ?zenbaitetan? are kontrakoz ere interpretatzen bazuten ere. EAJk gero eta zentro alderago egitea inguru modernoago horri egotz lekioke azken batean; modernotasunak bultzatzen zuen EAJ euskal gizartearen aldaketa prozesuaren ondorioak onartzera. Garapena mugatuagoa izandako lekuetan, modernizatzea garbien ukatzen zuten taldeak izan ziren garaile, Errepublika osoan zehar beren izatearen arrazoi iraultzaren ukatzea egin zutenak.

Iraultzaren beldur hori are gehiago zabaldu zen Herri Frontearen gobernua osatu zenean. Frontea oso moderatu agertu zen arren, eskuindarrak sinetsita zeuden iraultzaren garaipena iritsi zela, eta haren kontra jardun beharra zegoela, eta, horrexegatik, baita Errepublikaren kontra ere.