Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia»Aro berria

Erlijioa, inkisizioa eta sorginkeria

Espainiako Inkisizioak kondenaturikoen sanbenitoak. P. Limbourgen grabatuak, Historia Inquisitions obrarako eginak (Amsterdam, 1692).<br><br>

Aro Berrian sortu zen estatuak kontrola zuen helburu nagusia. Nonahi eta noiznahi esku hartzen zuen estatuak, eta aginpide tresna egokiak zituen horretarako. Espainian, Errege-Erregina Katolikoek eratu zuten estatuak eragin handiko tresna bat baliatu zuen, Inkisizioa, erlijioa, politika eta gizartea kontrolatzeko indar handiko tresna. Euskal Herria Calahorra-Logroñoko Inkisizio Auzitegiaren barrutiaren baitan zegoen.

Foruen eta Inkisizioaren arteko tirabirak arazo handiak sortu zituen; hala eta guztiz ere, XVI. mendean inkisidoreek luteranismoaren eta sorginkeriaren gisako delituak esetsi zituzten, eta, XVIII. mendean berriz, Ilustrazioak eta 1789ko Frantziako Iraultzak ekarri zituzten ideia berriak zapaltzea izan zuen Inkisizioak eginkizun nagusi.

 

Espainiako inkisizioa

Espainiako Inkisizioaren sorrera estatuaren indartze prozesuan behar da kokatu, ulertuko bada. Estatu modernoak gizartearen kontrola izatea zuen, hasiera-hasieratik eta gerora ere, bere izateko helburu nagusia.

Monarkia autoritarioak denak hartu nahi ditu bere mende: nobleak, legebiltzarra; eta hura bezala herriaren “ordezkari” ziren erakundeak, hirietako gobernuak eta erregearen aginpidea kolokan jar zezakeen orok haren mende behar zuen egon. Bizitza publikoan ez ezik, are bizitza pribatuaren antolamenduan ere agindu nahi izaten zuen zenbaitetan estatuak.

Batasunaren ideia, hura baitzen Erregeerregina Katolikoen helburu politikoetako bat, erlijioaren alorreraino zabaldu zen. Erdi Aroko Inkisizioa ez zen baliagarria monarkia haren interesentzat, Aita Santuak kontrolatzen baitzuen erakunde hori. Egoera hartan auzitegi nazionalago bat behar zuen monarkiak, erregearen mende egongo zen auzitegi bat. Lotura estua zegoen ezarri beharra estatuaren eta Inkisizioaren artean.

Erlijio batasuna izango zen nazioaren batasun politikoaren berme. Estatuarekiko atxikimendu hori izango zen, beraz, Espainiako Inkisizioaren bereizgarri nagusia. Inkisizioaren Batzorde Gorena zen Austria dinastiak monarkiaren gobernurako asmatu zuen sistema polisinodialaren ardatz nagusietako bat. Erregeak izendatzen zuen InkisidoreNagusia kargu horretarako. Probintzietako inkisidoreen eta auzitegi horretako gainerako funtzionarioen soldatak ere errege altxorrak ordaintzen zituen.

Estatua, Inkisizioaz baliaturik, gutxiengo disidenteak azpiratzen saiatu zen. Erlijio bakarreko gizartea nahi zen lortu, eta gizarte horretan berehalaxe berdinduko ziren heretikoa eta arerio politikoa. Beraz, monarkiaren mendeko zintzo izateko ez zen jada aski zergak ordaintzea, katolikoa behar zen izan gainera. Era horretan finkatu zen monarkia konfesional autoritarioa. Estatuari kontra egin ziezaiokeen guztia zapaldu beharra zegoen. Inkisizioak, nolabait ere, balio handiko tresna politikoa izan behar zuen erregearentzat. Ez zen alferrik Inkisizioa, Espainia osoan zabalduta zegoen erakunde bakarra eta monarkia osatzen zuten erresumen muga politikoak eta ezaugarri bereziak aintzat hartzen ez zituena.

Xehetasun hori oso interesgarria zen, erresuma horien erdiek zuten foru sistemak traba besterik ez baitzion egiten zentralismoa aldezten zuen errege hari. Helburu politikoak lortzeko ohiko bideek huts egiten zietenean, erregeek Ofizio Santu ahalguztidunarengana jotzen zuten. Beti ez bazen ere, Inkisizioak maiz esku hartzen zuen politikaren inguruko zereginetan. Ezin da aipatu gabe utzi, beraz, erakunde horrek estatuaren zerbitzura eta estatuaren helburuak iristeko bete zuen eginkizuna, herrialde osoa bateratzeko ahaleginean batez ere. Esandakoaren harira, garbi dago Inkisizioa ez zela tresna erlijioso bat soilik, orobat zen politika, gizartea eta ideologia zorrotzkontrolatzen zuen erakunde bat. Zentralizazio prozesuan eta aldaketa oro ukatua izango zitzaion gizarte itxi bat lortzeko ahaleginean bidea erraztu zion Inkisizioak estatuari.

Ez da ahaztu behar, bestalde, erlijioa eta politika maiz nahasten zirela. Erregeak erlijioaren ortodoxia zaindu beharra zeukan.

Ez zuen bere mendekoen ongizate materialaz bakarrik arduratu behar, haien arimaren osasunaz ere arduratu behar zuen. Hala adierazten zuten garai hartako liburuek.

Ribadeneyra jesuitak honela zioen Príncipe cristiano bere idazlanean: “erlijio katolikoa begiratu eta garbi gordetzea da erregeren eginkizun nagusia”. Horretarako zelatan egon behar zuen eta uko egin behar zien fedearen batasunaren kontrako pertsona eta iritziei. Heresia ez zen existitu behar, elizari erasotzeaz gainera, Estatuaren bakeari ere erasotzen baitzion. Eliz erakundeen eta aginpide zibilaren arteko elkarren interesetarako elkarlan hark Inkisizioaren azkenetaraino iraun zuen. Erlijiozko disidentziak edo heresia setatsuak zuzenean erasotzen zion aldareari bezalaxe tronuari.

Ondo gogoan zuen hori Karlos V.a enperadoreak haren seme gerora Felipe II.a izango zenari, 1564ko ekainaren 6an Bruselan idatzi zuen testamentuan, aholkatzen zionean kontu handi egin zezala heretikoak “jendaurrean eta zorrotz zapalduak eta zigortuak izan zitezen beren erruei zegokien moduan”. Semeari egin zizkion gaztiguak oso argiak ziren: “Bereziki fidatzen dizut egin dezazun eta eginaraz Inkisizioko Ofizio Santuaren alde eta heretikoen gaiztakeriaren eta apostasiaren kontra, gure Jainko Jaunari egiten zaizkion laido ugari eta handiengatik, zeren haren bidez kentzen baitira eta zigortzen horiek”.

 

Antolamendua eta funtzionarioak

Erregearen mende egoteak eta erregearen laguntzak Inkisizioaren aginpidea indartu zuen. Nolanahi ere, Ofizio Santuari bere antolamendutik zetorkion aginpide gehiena. Hierarkiaren arabera antolatutako erakundea zen, goren mailan Inkisidore Nagusia zuena, Inkisizioko Batzordearen burua, alegia. Inkisizioaren eragina barrutietako auzitegietan zegoen oinarritua; auzitegi horiek lortu baitzuten lurralde osora zabaltzeko prozesua edo “presentziaren politika” burutzea. Administrazioaren “aparatu” eskerga hark bere dinako azpiegitura burokratikoa behar zuen. Inkisizioaren zerbitzura zeuden langileak bi talde oso desberdinetan bereiz zitezkeen: batetik, zeinek bere auzitegiaren egoitzan bizi eta lan egiten zutenak eta, bestetik, lurralde barrutian zehar banatuta zeudenak. Lehenengo taldean plantilako funtzionarioak sartu behar dira, auzitegi bakoitzean egoten zirenak, probintzietako funtzionarioak eta Ofizio Santuko ofizialak edo ministroak, alegia. Bigarren taldean, berriz, Inkisizioko komisarioak eta senideak zeritzatenak. Gehienetan, probintziako hiru inkisidore izaten ziren barrutiko egoitza bakoitzeko buru, gehienak apaiz sekularrak eta Zuzenbidean edo Teologian doktore edo lizentziadunak. Ofizialek fiskala zuten buru, unibertsitatean lizentzia egina hura ere; gehienetan inkisidore izatera iritsi aurreko kargua izaten zen fiskalaren hura. Auzitegi bakoitzeko funtzionario kopurua hogeitik gorakoa izaten zen, besteak beste: hartzailea, sekretuaren notarioak, bahiketen notarioa, aguazila, atezaina, nuntzioa, presondegi sekretuen zaintzailea… Funtzionario guztiak kontrolatuko bazituen eta erakundeak bere eginkizunak behar bezala beteko bazituen, Batzorde Gorenak neurri batzuk hartu behar izaten zituen dena ondo zaintzeko. Neurri horien artean bisita nagusiak edo auzitegietara egiten ziren ikuskatze bisitak ziren garrantzitsuenak; Batzorde Gorenak tresna zentralizatzaile gisa erabiltzen zituen bisita haiek. Barrutietako auzitegietako inkisidoreen eta ofizialen lana ikuskatzea eta auzipetuen auziak bideratzerakoan arau hausterik izan ez zedin zaintzea zuten ikuskatze bisita haiek helburu nagusi. Probintzi auzitegi bat ikuskatzeko ardura Batzorde Gorenak beste barruti bateko inkisidore bati ematen zion. Artxiboak berraztertzea eta 49 galdera zituen galdeketa eredu baten arabera funtzionarioekin eta presoekin elkarrizketak egitea zen bizpahiru hilabete iraun zezaketen bisita haien oinarria. Bisita hura behar bezala egin zedin, Batzorde Gorenak horretarako agintea edo mandatua eta auziari zegozkion jarraibideak ematen zizkion bisitariari. Bisita haiek eginez eta araudiak argitara emanez, Fernando de Valdés inkisidoreak 1561ean eman zituenak, adibidez, auzitegien irizpide faltak sortzen zituen arazoak konpontzen ahalegindu ziren. Nolanahi ere, auzitegi bakoitzeko inkisidoreak bere esku zuen, neurri batean, bere araura edo nahira jokatzeko aukera.Hain zuzen, ikuskatze bisita haiek prozedurak bateratzeko eta auzian gerta zitezkeen hutsegiteak konpontzeko sortuak ziren. Helburu hori betetzeko neurri osagarri gisa, Batzorde Gorenak “Auzi Aginduak” argitaratzen zituen; “txosten” gisako idatziak ziren haiek, probintzi auzitegi guztietara, aldian behin, bidaltzen zituztenak gai jakin batzuk irizpide bateratuekin ebazteko xedez.

Gauza interesgarria da funtzionarioen gorabeherak eta Inkisizioaren Batzorde Gorenak bere mendeko langileen gainean zuen kontrola aztertzea. Ikuskatze bisita haien ondorioz, salaketak izaten ziren maiz bisitatutako inkisidoreen eta ofizialen kontra, norberaren jokabideari edo bere lana behar bezala ez egin izanari zegozkionak.

Dudarik gabe, ikuskatze haiek bere funtzionarioen datu pertsonalen, merezimenduen eta gaitzesbideen berri zehatza ematen zioten Batzorde Gorenari. Arauz kanpoko jokabide larriek kargua aldi baterako edo betiko utzi beharra ekar zezaketen. Bistan da bisiten eta funtzionarioen arau hausteen bidez presoek beren auziak berriro aztertzea lor zezaketela. Kasu batzuetan, auzia berriz aztertu ondoren presoak lor zezakeen epaia indargabetzea edo aldatzea ere, bere izen ona bihurtzea, bahitutako ondasunak berreskuratzea, sanbenitoa kentzea edo bere izena Inkisizioko artxiboetatik ezabatzea.

Beraz, presoentzat aukera ezinago bikaina zen hura epai zuzengabe baten bidegabekeriatik itzurtzeko.Zer egiten zuen Inkisizioak bere kide batzuen arau hausteen eta jokabide gaitzesgarrien aurrean? Oro har, inkisidoreek bere mendekoak babesteko joera izaten zuten, korporatibismoagatik edo erakundearen izen ona gordetzeko. Zentzu horretan, Inkisizioaren burokrazia Austria dinastiaren monarkian zegoen burokraziaren erakusgarri da. Hartzailea kontrolatzea izaten zen Inkisizioaren kezka handienetako bat, hark kudeatzen baitzuen auzitegietako dirua.

Axolagabekeriak, diru hartzaileen iruzurrak, erakundeko diruak bidegabeki erabiltzeak edo lapurtzeak zigortu gabe gelditzen ziren maiz. Disziplina zorrotzik ezak eta legehausleen zigorrik ezak legea ez betetzeko edo lapurtzeko bidea ematen zuten.

Pertsona desegokiak erakundean sar ez zitezen muga zorrotzak jartzen zitzaizkien Inkisizioko karguren bat hartu nahi zutenei.

Batzorde Gorenak oso agindu argiak eman zituen horretarako. Kristau zaharra izatea zen lehenengo betekizuna, horrek jokabide egokia ziurtatzen ez bazuen ere.

Aldez aurretik kargu-gaiaren genealogia aztertzen zuten beti. Kargu-gaia eta bere arbasoak ondo ezagutzen zituzten lekukoak deitzen zituzten, egiazta zezaten kargu-gaia eta haren arbaso guztiak zirela “garbiak odolez, arrazarik eta orbanik gabeak, eta ez zirela ez juduen, mairuen eta kristautuen, ez beste ezein sektatan egon eta berriz kristautuen ondorengo”. Kargu-gaien emazteak ere berdin-berdin aztertzen zituzten. Bere lanbidean ziharduten eta ezkondu nahizuten Inkisizioko ofizialek ere beren emaztegaiaren genealogiaren berri eman eta Batzorde Gorenaren “oniritzia” behar izaten zuten: “Behar den garbitasuna du, baimena emango zaio beraz emakume horrekin ezkontzeko”. Hutsezina zirudien sistema hori ez zen, inondik ere, hutsezin. Izan ere, Inkisizioaren baitan bai baitzen isilpean sartutako kristauturik.

Ofizio Santuko karguetarako pertsonak izendatzeak zekarren arazo bat erakundearen beraren baitan sortua zen. Ofizialek uste zuten kargua izate hutsak eskubideak ematen zizkiela karguan irauteko eta eskubidea zutela orobat beren ordezkoa izendatzeko edo kargua beren leinukoei emateko. Ofizio batzuk herentzia bidezkoak zirela esatea ere ez litzateke, zinez, gehiegi esatea.

Inoiz edo behin gertatu izan zen baita ere ofizial batek alabari kargua utzi izana, harekin ezkonduko zenaren ezkontsari. Endogamia profesionala, familia batzuek karguak monopolioan hartu izana, ahaidetasunaren edo bezeroen arteko harremanaren eragina, kargua herentzia bidez uztea, faktore horiek guztiek baldintzatzen zuten Ofizio Santuko funtzionarioen kargua.

Hala ere, ezin uka daiteke Inkisizioak bere lana betetzen zuenik. Bere lana ondo betetzen zuela ere esan daiteke, bai zituen ofizialekin, noiz ongi noiz gaizki, mugak muga eta ahulkeriak ahulkeria bete ere.

Arestian adierazi dugun guztia gorabehera, esan daiteke bazirela inkisidoreak gizatasunez eta adimenez handiak eta ministro prestuak eta bere lanari emanak.

 

Euskal Herriko barrutia

Lan honek Calahorra-Logroñoko auzitegiaren funtzionamendua aztertu nahi du.

Calahorra-Logroñoko Inkisizioaren eskumendean zeuden euskal probintziak eta Nafarroako erresuma, bai eta gaur egun Errioxan eta Kantabrian dauden lurraldeak, Burgosko iparraldea eta Soriako eremu txiki bat ere, Agreda ingurukoa hain zuzen.

Eremu zabala beraz, iparraldean muga luzea zuena, Nafarroako Piriniotik Kantauriko ekialdera, Isabatik San Vicente de la Barquerara.

Ekialdean, Aragoiko muga zuen, Zaragozako inkisidoreen eskumende. Hegoaldean, Valladolideko auzitegi zabal eta ahaltsuaren mugak. Dudarik ez da geografia horrek Calahorra-Logroñoko inkisidoreen zeregina baldintzatu zuela. Inkisidore horiek izan zuten hala ere beste mugarik, bere esku zuten barrutiaren erdiak Ofizio Santuaren ohiko prozedurei traba besterik egiten ez zion foru sistema baitzuen. Calahorran izan zuen hasieran egoitza nagusia edo inkisidoreen eta ofizialen egoitza, etahantxe zeuden auzitegia bera, auziak erabakitzeko lekua eta barruti hartako auzipetuak giltzapetzeko espetxea ere; gero, 1570ean, Inkisizioa Logroñon kokatu zen, harik eta auzitegia desagertu zen arte.

Calahorra-Logroñoko Inkisizio barrutian bertako inkisidoreak izendatzen zituzten maiz. Hori berezitasun bat zen beste auzitegi batzuen aldean. Bi komunitate, euskaldunak eta gaztelarrak, zituen barruti hartan, hizkuntza ere beste berezitasun bat zen.

Euskaraz hitz egiten zutenen eremua oso zabala zen: Bizkaia eta Gipuzkoa, Arabako iparraldeko zatia, eta Lizarra-Tafallaz iparraldean zegoen Nafarroako lurralde zabala.

Eremu horietan zebiltzan inkisidoreek itzultzaileekin batera ziharduten maiz. Batzorde Gorenak inkisidore euskaldunak izendatuz konpondu zuen akats hori. Zerrenda luzea da: Fernando de Olazabal, Juan de Arrieta, Germán de Ugarte, Andrés Martínez de Ybarra arestian aipatua… Joera horri eutsi zitzaion Ofizio Santuak iraun zuen bitartean, XIX. mendean desagertu zen arte.

Zinez datu interesgarria da hori, burokrata gehienak gaztelarrak zirela kontuan harturik batez ere. Valentziako auzitegian, adibidez, 1530etik 1609ra, erresuma hartako bi lagun baizik ez zituzten izendatu inkisidore kargurako.

 

Beldurraren pedagogia: espetxeak, torturak eta fede auziak

Espainiako Inkisizioa kristautuen heresiari esesteko sortu zen. Arazo zehatz bat izan zuen zurigarri, juduzaleen heresia, alegia.

Hasieran ahalik eta zorrotzen ari izan ondoren –leku batzuetan judaismoa desegiteraino–, Inkisizioak jarduera eremua zabaldu egin zuen. Azkenean, XVI. mendeko erlijio desbideratze berriei eta sorginkeriari, biraoari, bigamiari, sodomiari eta lukurreriari esetsi zien; delitu horiek guztiak ordu arte aginpide zibilaren eskumendean egonak ziren eta horrek barruti arazoak sortu zituen maiz. Era horretan, gero eta eremu zabalagoetan esku hartu zuen, delitu mota guztiak heresiatzat hartzeko teknikaz baliaturik. Fornikazioa da horren adibide garbia. Inkisizioak ez zion larrua jotzen zuenari esesten, bai ordea fornikazioa bekatu ez zela pentsatzea bururatzen zitzaionari.

Ez zitzaion delituari berari esesten, heresiari edo heresiaren atzetik egon zitekeen adimenaren hutsegiteari baizik. Ofizio Santua auzitegi ahalguztidun eta nonahikoa izatera iritsi zen, Espainiako bazter eta arlo guztietan esku hartzeko gai zena,ra zutela garai hartako epaileek. Gainera, bortxazko metodo hori inkisidoreek delitu larri jakin batzuentzat bakarrik erabiltzen zuten. Horrez gainera, Inkisizioak hiru tortura mota besterik ez zuen erabili: oinaze zaldia edo sokak, txirrika eta, gutxi batzuetan, burukoa. Inoiz ez zuen suaren zigorra erabili.

Gauza gutxik hunkitzen zuen jendea fede auzi bat ikusteak adina. Inkisizioak ez zuen hori baino abagune hoberik bere boterea erakusteko. Jendea hutsik egin gabe joango zen fede auzi bat ikustera. Herriak gogotik hartzen zuen parte horrelako egintzetan.

Edozer gauza izan zitekeen egunerokotasuna hausten zuen jende saldora biltzeko aitzaki. Errege ezteiek, garaipen militarrek, kanonizazioek jai esan nahi zuten.

Gertakizun deitoragarriak ere, heriotzeak edo hiletak, ospakizun jendetsu bihurtzen ziren. Jendaurreko heriotza zigorrak ikuskari jendetsuak izaten ziren. Monarkiaren gobernuak propaganda ofiziala zabaltzeko eta aginpidea sendotzeko baliatzen zituen jai haiek. Erregea bera Madrileko jai ekitaldi askotara joaten zen, jendaurrean agertzeko beta harturik. Politikaren eta jaiaren arteko harremanak begien bistakoa dirudi.

Fede auzi izugarri haiek ikuskari ere baziren, aldi berean. Eredu eta propaganda ekintza bat izan behar zuten. Elizetan iragartzen zuten lehenik. Tronpeta joleak, pregoi jotzaileak eta danbor joleak kalez kale ibiliak ziren. Arotzek bukatua zuten oholtza. Ikusmin handia zegoen. Agertokia dotore askoa zen, zeremonia, berriz, izugarria.

Dena zegoen jendea hunkitzeko.

Aldez aurretik agertokira abiatu zen prozesioari jendeak ikusmin morbosoz begiratzen zion. Banderadunen atzetik zetozen, protokoloa zorrotz betez, inkisidoreak, korrejidorea, auzitegiko ofizialak, auzipetuak,sanbenitoak jantzita, eta bizkarkariak, ihes eginda zeudenak edo espetxean hil zirenak “estatua bidez kondenatzeko” irudiak bizkarrean.

Agertokiko sermoi hotsandikoak, auzipetuek elizara itzultzeko edo bekatuari uko egiteko edo beren hutsegiteak jendaurrean aitortzeko zeremoniek, fedearen goraipamenak, horrek guztiak teatro giroz betetzen zuen kalea eta garbi adierazten zuen Inkisizioaren “paternalismoa”, errudun damutuei barkatzeko prest ageri baitzen beti.

Su garren ikuskizun danteskoak burutu zezakeen egun izugarri hura, baldin eta sutan hiltzera kondenatutako heretiko setatsurik bazen. Fede auziaren bidez Inkisizioak kanpoaldera agertzea lortzen zuen, eta lortzen zuen orobat gizartearekin bat egitea, gizartean eragina izatea eta “beldurraren pedagogiari” eustea.

 

Inkisizioa eta gizartea: barrutiko bisitak eta zaindaritza sarea

Inkisidoreek bi tresna garrantzitsu zituzten gizartea kontrolatzeko: barrutiko bisitak eta zaindaritza sarea. Lehenik, lurraldea kontrolatzea lurraldea bisitatzea zen. Hasieran Inkisizioak ez zuen egoitza finkorik.

Behar zen lekuan kokatzen zuen egoitza eta desagertu egiten zen arazoa konpondu ondoren. Inkisizioaren auzitegien mapak aldaketak izan zituen Ofizio Santuaren lehenengo urteetan. Auzitegi batzuk desagertu egin ziren; beste batzuk batu egin ziren edo lekuz aldatu; auzitegi berririk ere sortu zen. Auzitegien arteko mugak zehaztekoprozesua ere motela izan zen. Esan daiteke 1570 inguruan bukatu zela barrutien mapa geografikoa. Auzitegiak barrutietan finkatu izanak aldian aldiko bisita sistema bat sortzeko premia ekarri zuen. Barruti bisitek etekinak ematen zituzten gainera, salaketak atzera botatzea eragozten baitzuten eta auziei eusten baitzieten, eta Inkisizioak dirua biltzen zuen horri esker.

Bistan da ezin zela barruti osoa urtero bisitatu. Eremu jakin bat hautatu beharra zegoen, irizpide soil batzuen arabera. Irizpide horietan bazuen eragina eremu bat aspaldi bisitatu gabea izateak, edo eskualde jakin bat Inkisizioaren presentzia eskatzen zuen arrisku bereziren batek mehatxatua egoteak. Euskal Herriari dagokionez, bisitaldi asko eta asko luteranismoaren arriskuaren ondorio izaten ziren. Ideia protestanteak kaltegarriak zirela gaztigatu behar zitzaion herriari eta debekatu egin behar zen Kantauri aldeko mendietan barrena zetozen idatzi heterodoxoak irakurtzea eta edukitzea.

Sorginkeriaren berpizteak ere bisita asko erakarri zituen Bizkaiko, Gipuzkoako edo Nafarroako mendialdeko eremu askotara.

Euskal Herriko barrutiko hegoaldera egiten ziren bisita batzuk, berriz, kristautuak zigortzeko izaten ziren.

Bisita horiek Ofizio Santuari diru sarrerak ekartzen bazizkioten, egia da gastuak ere sortzen zizkiotela. Gutxienez bere denboraren heren bat ematen zuen inkisidore batek barrutira egindako urteko bisitan, aguazila eta sekretuaren notario bat lagun zituela. Gastuen eta bide txarretan –maiz neguan– bidaiatu beharrak sortzen zituen deserosotasunen aitzakian, inkisidoreek gero eta traba gehiago jartzen zituzten bisita horiek egiteko, hainbesteraino non Batzorde Gorenak bisitak nahitaez egin behar zirela esan baitzuen, baldin eta inkisidoreek eta ofizialek urteko kostuen laguntza finkoa –soldata arruntaren osagarri munta handikoa, alegia– kobratuko bazuten.

Bisiten bidez Inkisizioa auzitegitik urrun zeuden hiri eta herrietako jendeari hurbiltzen zitzaion, eta edozein lekutan jarduteko gauza zela ere ohartarazten zuen. Abiatu aurretik, inkisidoreak gutun bidez ematen zien bere etorreraren berri joatekoa zen hiri edo herrietako agintariei eta eskualde hartako Inkisizioko komisarioei. Aukeratutako herrian fede ediktua argitaratzea zen lehen urratsa. Ediktuaren berri elizan eman behar izaten zen, igandez edo jai egunez, bai eta inkisidoreak berak joaterik ez zuen eskualde hartako lekuetan ere. Fede ediktuak barkamen aldia esaten zitzaiona zabaltzen zuen; barkamen aldi hori epe bat zen, fedearen aurka deliturik egin zutenei bere borondatez inkisidorearen aurrean aitortzera joan zitezen edo besteren delituen berri zutenei zegokion salaketa egitera joan zitezen. Horrela hasten zen salaketaren mekanismoa.

Hala ere, inkisidorearen ahalmena ez zen mugagabea. Batzorde Gorenaren aginduek behin eta berriz esaten zuten bisitaldietan delitu arinak baizik ezin zitezkeela zigortu eta zigor arinak baizik ezin zitezkeela jarri, arimaren penitentziak eta isunak, oro har. Salaketa larriak auzitegira bidali behar izaten ziren berehala, eta errudunak ihes egingo zuelako susmoak baizik ezin zilegizkotu zezakeen inor atxilotzea. Jarraibide horiek ez ziren beti behar bezala betetzen. Bisitatutako lekuetan protestak izaten ziren maiz gehiegizko diru zigorrak ezarri zirelako. Hori zela eta Inkisizioak oso maiz izaten zituen tirabirak agintari zibilekin.

Bere egoitzara itzulirik, inkisidoreak bidaiaren kontuak eman behar izaten zituen.

Urteko kontu garbiketa “penitentzigileen koadernoa” zeritzan liburu batean geratzen zen adierazita eta bisitaldiaren diru emaitza, isunen bidez bildutako dirua, auzitegiko hartzaileari ematen zitzaion.

Inkisizioak bere itzala barrutiko bazter guztietara zabaltzeko amaraun erraldoi baten gisa antolatu zuen zaindaritza sare ahaltsuak garrantzi handia izan zuen gizartea kontrolatzeko. Ofizio Santuko komisarioek eta senideek osatzen zuten eragin handiko azpiegitura hura.

Komisarioak apaizak izaten ziren beti.

Haien zereginak nahiko argiak ziren: senideen lana koordinatzea, Inkisizioko kargugaien genealogia aztertzea eta barrutikoauzitegiari informazioa bidaltzea. Mugaldeko herrietan beste zeregin bat ere izaten zuten: fede katolikoaren aurkako pertsonarik eta idatzirik sar ez zedin zaintzea. Itsas portuetan, gaitz horietatik beretatik begiratzeko itsasontziak ikuskatzea ere haien eskumendean zegoen. Komisario izateaz gainera, parroko ere izaten ziren, eta horretxek adierazten du zenbateko eragina zuten gizartean eta nolako kontrola izan zezaketen beren herrietan.

Senideak “soldatarik gabeko funtzionarioak” ziren eta komisarioak baino askoz ugariago ziren. Senidetzak ez zuen dirurik ematen, baina gizarte abantailak eta beste era bateko pribilejioak ematen zituen: zergak ordaintzetik salbuestea, armak erabiltzeko baimena eta justizia zibil arruntak zigortua ez izateko eskubidea batez ere.

Senidea beste edozein herritar bezalakoa zen. Jendartean bizi zenez, entzun eta ikus zezakeen. Zelatan egon behar zuen eta salatzera bultzatu behar zuen jendea. Ofizio Santuko kide zenez, herritarrek ez zuten uste onik harengan. Haren eskubide bereziek eta salbuespenek ordea ospe handia ematen zioten gizartean. XVI. mendean senide asko zeuden Inkisizioaren auzitegietan.

Senide kargua zutenek iristen zituzten pribilejioek izendapen hura eskatzera bultzatu zuen jende asko. Horrez gainera, iragan susmagarria ezabatu nahiak bultzatu zituen beste asko eta asko senide izatera.

Senide izateak esan nahi zuen inork ez zuela zalantzan jarriko kargu hura zeukana kristau zaharra zenik. 1570 arte gutxienez, genealogiaren garbitasuna aztertzen zuten ikerketak ez ziren bereziki zorrotzak izan.

Beraz, kargu hark gizartean zuen ospeari, odol garbitasunaren kezka larriak gizartean zuen eragina gehitu behar zitzaion. Gorabehera haiek eta kargua lortzeko inor erosteak eta iruzurrak egiteak, eta Inkisizioak bere zaindaritza sarea eratzeko zuen premiak eragin zuten batzuetan jokabide gaiztoko jendeak, baita kristautuek ere, kargu hori hartu izana. Badira arrazoiak une batzuetan Inkisizioa horren jakitun zegoela uste izateko. Kristau zaharren artean pertsona egoki eta gaitu nahikorik ez zegoenez, kristautuak Inkisizioan onartzeak ez zuen kezkabiderik sortzen.

Hori guztia gorabehera, esan daiteke Inkisizioko kideak onartzeko kontrola egokia zela eta oso kontuan hartu zirela Batzorde Gorenak senide izango zirenei eskatzen zizkieten betekizunak. Ezkonduta egon behar zuten, eta odol garbikoak behar zuten izan, hogeita bost urtetik gorakoak, bakezko pertsonak, bizimodu prestukoak, ohorezkoak, senidetzan ari izango ziren herriko biztanleak, lanbide mekanikoetan jardungo ez zuen jendea eta munta handiko errentak eta diru sarrerak zituena.

Dirua zen hautatua izateko irizpide garrantzitsuenetakobat. “Izan daitezela gizon aberatsak, bizibide erosoa dutenak”, horrelako esamoldeak maiz ageri dira garai hartako dokumentuetan.

Herentziaren eta etorkiaren, diruaren eta aberastasunaren legeek indar handia zuten gizarte hartantxe murgilduta bizi ziren senideak ere. Senidetzak eskubide bereziak eta ohorea, eta gizarte mailan gora egiteko aukerak ematen zituen. Horregatik zen senidetza iristea eta senidetzari eustea helburu nagusi. Senide izatearen duintasuna ez zegokion soilik pertsonari, orobat zegokion haren leinuari eta etorkiari. Senidetza ondare bihurtzea izan zuen XVII. mendeak ezaugarri berezi. Kargu hori familia talde gero eta elitistagoetan txertatu zen. XVI.. endean odol garbiak zuen garrantzia; XVII. mendean leinuaren garrantzia nagusitu zitzaion odol garbitasunari. Leinuaren laguntzaz errazagoa zen senide izatea. Senidetzak herentzia bidezkoak izatera iritsi ziren. Horrela, zaindaritza sarea gero eta elitistagoa zen, baina eragina galdu zuen.

Hautaketa prozesuaren eraginez, herrietan agintzen zuen oligarkiako kideek bereganatzen zuten senidetza. Beraz, batzuetan senideek beren karguak gizartean aginpidea izateko arma gisa erabiltzen zituzten.

Senide kargu-gaien genealogia eta iragana aztertzea ez zen aski izaten zaindaritza sarean pertsona desegokiak sar zitezen eragozteko. Kargu horretarako egokiak ez ziren pertsona batzuk sartu sartzen ziren, nahiz Batzorde Gorenak ardura handia izaten zuen auzitegietako inkisidoreek, inor izendatu aurretik, behar bezala berri har zezaten kargu-gaien “genealogiaz, garbitasunaz, kalitateaz, egokitasunaz eta soseguaz”.

Ofizio Santuak aintzat hartua zuen arazo hura. “Senide eta komisario horiek gehiegikeriak egiten dituzte maiz beren egitekoetan”, idatzi zien Batzorde Gorenak Logroñoko inkisidoreei 1570eko abenduan.

Handik bi urtera berriro esaten zien: “…eta komisarioa den leku guztietan, eman diezagutela berri haien bizimoduaz eta haien lanbideaz eta haiek eta haien notarioek dituzten eskubideez, zeren gehiegikeriak baitaude”.

Asko dira bere kargurako gai ez diren komisarioen kasuak. Ez litzateke egokia dokumentazioak aipatzen duen guztia hona aldatzen saiatzea. XVI. mendean badira bi kasu beste kasu guztien erakusgarri izan daitezkeenak. Iruñeko Inkisizioko komisarioaren ibilerak, esate baterako, oso interesgarriak dira. Juan de la Torre zeritzan lizentziadun eta kalonje hura oso ezaguna zen Calahorra-Logroñoko auzitegian, hala bere gehiegikeriengatik eta bere bizimodu arau gabekoagatik, nola Carlos de Seso jauna eta frai Domingo de Rojas luterano ospetsuak –Valladolideko gune protestante ospetsuari lotutako jaun gorenak biak–atxilotzeko ohorea izan zuelako. Haren jokabide gaiztoaren berriak 1561etik aurrera hasi ziren dokumentazioan agertzen. Urte hartan Martín de Miranda doktoreak, Iruñeko apezpikuaren ikuskari nagusiak, de la Torre komisarioari buruzko txosten zehatza bidali zion Batzorde Gorenari, non egozten baitzion “oso gizon makurra eta lotsagabea zela bere elkarrizketetan”, gezurtia eta “gaizki ikusia”, morroitzat “ustez sasikoa omen duen seme bat zuena, bera kalonje izendatu ondoren jaio omen zena”; “neskatilekin lo egin eta dontzeilak bortxatzen zituen” gizona eta etorkiz judua omen zena. Salaketa horiengatik edo beste batzuengatik, preso egon zen Logroñoko Inkisizioaren espetxean 1570ean. Ez Inkisizioak kendu zuen kargutik ez komisario horrek erakutsi zuen damurik. 1573-1574an, espetxera itzuli zen eta han bederatzi hilabetetik gora egin zituen, hainbat kargu egozten zitzaizkiola, ekonomikoak gehienak, baimenik gabe dirua hartzea eta espekulazioa, besteak beste. De la Torre komisarioa bost urterako bota zuten kargutik eta hirurehun dukateko isuna jarri zioten Ofizio Santuaren beharretarako. Oro har Inkisizioa onbera eta paternalista zen bere zaindaritza sareko kideekin. Gehienez ere, inor kargutik aldi baterako botatzea izaten zen zigorra edo, inoiz, kargutik betiko botatzea. Kargutik botea izan zen epea bukatu ondoren, senideak karguan berriz har zezaten eskatzen zuen eta Inkisizioak, ia beti, onartu egiten zuen. Bigarren kasua Bilboko komisario Antonio de Uriona batxilerrarena da.

Kasu horretan, haren gehiegikeriak Bilboko Ofizio Santuko senideetako batek, Lope de Legizamonek, salatu zituen. Itsasontzietara salgaiak ikuskatzera egiten zituen bisitak garestiegi kobratzen zituen eta indarrez ateratzen zien dirua Bilboko merkatari atzerritarrei.

Araurik gabeko bizimodua zuen gizon hark, jendea biltzen zuen bere etxean bazkaritara eta maiz liskar eta borroketan bukatzen ziren jokoak antolatzen zituen.

Handik zortzi urtera, 1574an, Uriona kargutik kendu zuten, “bere lanbidean behar bezala ez aritzeagatik, jende askorekin liskarrak izateagatik eta emakumeekin harreman lizunak izateagatik”. Salgai debekatuen eta diruaren kontrabandoa ere egozten zioten.

Batzorde Gorenak bere kezka agertu zuen Logroñoko auzitegiari bidali zion gutunean: “Oso aipamen gaiztoak egiten dira hemen gizon horren gainean”. Ez zuen kargua berriz hartu eta Bilbotik erbesteratua izan zen lau hilabetez.

Senideen artean ugariak eta adierazgarriak dira persona ezgaien adibideak. Batzorde Gorenak senide kargurako izendatuak “bareak eta bakezko pertsonak” izan zitezen eskatzen zuen, indarkeriazaleen zerrenda oso luzea baita. Adibide gisa, begiratu bat eman diezaiogun Logroñoko Inkisizioak1574an zigortu zituenen zerrendari, zaindaritza sareko hogeitik gora kide agertzen baitira han. Besteak beste, Pedro Abad de Uriondo, Aiara bailarako Ofizio Santuko notarioa, nor ere “justizia eta Urduñako udala mugarri batzuk botatzera joan zirelarik, Aiarako jendearekin joan baitzen, arkabuza, ezpata eta beste arma batzuk eskuan, eta indarrez kendu baitzion makila Urduñako alkateari eta lurrera bota eta ezpata kendu”.

Horiek guztiak delitu kriminalak ziren, baina, akusatuak senide zirenez, justizia zibilak ez zuen eskumenik. Inkisizioko kideei zegozkien auziak Ofizio Santuak behar zituen ebatzi. Bistan denez, tirabirak eta eskumenek sortutako liskarrak etengabeak ziren. Odol delituez gainera, ez ziren gutxi Inkisizioko senideen eta beren herritarren arteko liskarrak, irainak eta mehatxuak.

Arestian aipatutako 1574ko zigortuen zerrendan Pedro Fernández de la Calle senidea ere agertzen zen; Langraiz Okako gizon hura apaiz batekin haserretu zen behin udaleko agintarien aurrean, “lapurra, zitala, saldua eta gizatxarra” esan zion, besteak beste, eta atxilotu egin zuten eta “ohartarazi zioten handik aurrera men egin ziezaiela justiziari eta apaizei”. Aipatu berri dugun guztiak adieraz dezake batzuetan senidetzak “berotzen ziela gogoa” pertsona horiei. Beste batzuetan, harrokeria herrietako goi mailako pertsona horiek gizartean zuten garrantziaren ondorioa izaten zen.

Pedro Abad de Uriondo gizon odol-beroaren kasuan ere, familien arteko liskarrak edo herriko kontrola izateko borroka izan litezke indarkeriaren arrazoiak.

Dokumentuetan hitz gogorrak ageri dira batzuetan komisario eta senide horiez.

Dokumentu batzuetan ergelak, grinatsuak, bihurriak, aldakorrak, oldartsuak eta zitalak direla egozten zaie. Oso kontuan hartu behar da zer lumak idatzi zituen izenondo horiek. Agintari zibilek edo apezpikuek “gogor gaitzesten” zuten delitu bat egin ondoren, Inkisizioaren justiziaren zigor gabetasunean gerizatzen ziren Ofizio Santuko kideak. Apezpikuek ez zuten onartu nahi komisarioek –denak apaizak baitziren– beren aginpidetik ihes egin ziezaieten. Eskumenak edo barrutiak sortzen zituen tirabirak etengabeak ziren Calahorra-Logroñoren gisako lurralde batean, XVI. mendean lau apezpikutegitan baitzegoen banatua: Burgos, Iruñea, Calahorra eta Baiona. Aginpide zibilarekiko arazoak ere ugari izan ziren, orain ikusiko den bezala.

Dudarik ez da jokabide gaitzesgarriek sortzen zuten egoerak kezkatuta zeukala Ofizio Santua. Ez zen arazo arina. Ondo adierazgarria da Jerónimo Manrique inkisidorearen deitorea 1569an: “Tamalgarria da barruti honetan zer gertatzen den ikusi beharra”.

Hala ere, Inkisizioak, salbuespenaksalbuespen, bihotz onez epaitzen zituen bere funtzionarioak, beti ere erakundearen irudi onari eutsi nahian. Lerro horietan aipatu berri dugunak ez gaitu inondik ere oro berdin zela esateko tentaldira eraman behar. Ez dago inongo arrazoirik Inkisizioko funtzionario gehienek jokabide zuzena ez zutela pentsatzeko.

Ez dago zertan ez izan uste onik Inkisizioko azpiegiturako kideengan.

Ezin uka daiteke zaindaritza sare hark funtzionatu egin zuela. XVI. mende erdi alderako, lurralde osora zabaltzeko politika sendotzen zihoan. Senide sare handi batez gainera, 1549an, baziren gutxienez hamasei komisario Calahorra-Logroñoko lurralde barrutian zehar. Nafarroan, Iruñean, Garesen, Lizarran, Tafallan, Falcesen, Kaparroson eta Villafrancan baziren komisarioak.

Gipuzkoan, Donostian, Tolosan, Mutrikun eta Bergaran. Bizkaian, Bilbon, Urduñan, Bermeon, Lekeition eta Durangon.

Ez da harritzekoa barruti horren hegoaldean eta mendebalean komisariorik ez egona, garai hartan artean ez baitzegoen batere argi zeintzuk ziren barruti hartako mugak, eta Burgosko iparraldea eta Santander orduan banandu ziren Valladolideko Inkisiziotik Calahorrakoari atxikitzeko. XVI.. ende erditik aurrera, beste leku batzuetan ere izendatu zituzten komisarioak, batez ere iparraldeko mugako zaindaritza indartzeko: Gasteiz, San Vicente de la Barquera, Laredo, Castro Urdiales, Portugalete, Hondarribia, Irun, Otsagabia.

 

Inkisizioa eta foruak: tirabirak eta liskarrak

Berehala hasi ziren erresistentziak eta gizarteko tirabirak. Hasieran, Calahorra-Logroñoko Inkisizioak barruti hartako lurralde batzuetako foru sistemari egin behar izan zion aurre. Inkisizioak Nafarroako Gorteekin edo Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiekin izan zituen liskarrak zerikusi handia izan zuten foruekin. Eremu batzuetan, Espainiako Inkisizioa bertan kokatu izana foru errejimenen aurkako erasotzat hartu zen. Aragoiko koroan oso nabarmena izan zen mesfidantza. Nafarroako erresuman eta euskal probintzietan protesten arrazoiak era askotakoak izan ziren: delitu jakin batzuetan eskumena bi alderdiena izatea, Inkisizioaren prozedura jakin batzuk –hala nola ondasunak bahitzea edo lekukoen sekretua–, Ofizio Santuak zituen pribilejio batzuekiko ezadostasuna eta senideen gehiegikeriak eta kopuru gehiegizkoa.

Arrazoi horiengatik guztiengatik tirabirak sortu ziren inkisidoreen eta agintari zibilen eta udalen artean.

Inkisizioko kideen pribilejio ezinago handiak liskar askoren oinarri izan ziren.

Pasabideetan eta portuetan aduana eskubideakordaintzetik salbuetsita egotea eta salgaiak erresuma batetik bestera libre eta aduanako ofizialek inongo trabarik jarri gabe eraman ahal izatea zen Ofizio Santuaren eskubide berezietako bat. Batzuetan, eskubide hori baliatzeak gehiegikeriak sorrarazten zituen. Batzorde Gorenak honelako gutunak idatzi behar izan zizkien auzitegiei: “Aditzea izan dugu Gaztelako erresumatik Aragoi, Nafarroa eta Valentziako erresumetara, eta erresuma horietatik Gaztelakora, gauza batzuk eramateko eta ekartzeko agiriak eta pasaporteak ematen direnean, ez direla zehatz eta bereziki aipatzen batetik bestera eramaten diren gauza horiek eta zalapartaren bat ere izan dela, eta horren berri eta horren kexua hamarrenen hartzaileek eman digute. Egizue kontu batetik bestera ez eramateaz, Ofizio Santuaren izenean, beharrezkoa dena baino gauza gehiagorik, eta norberak daramana bego aitortua eta zehatz adierazia, halatan hamarrenen hartzaileek, baldin adierazitakoaz gainera beste gauza batzuk aurkituko balituzte, beren lana egin ahal izan dezaten”.

Calahorra-Logroñoko Inkisizioak ohitura zuen behar zituen hornidurak eta alea Nafarroako erresuman erosteko; nafarrek eragozpenak jartzen zizkioten eta behin eta berriz gogorarazten zioten debekaturik zegoela “ogia ateratzea”. Arazoak bata bestearen atzetik etorri ziren. 1548an, Andrés Martínez de Ybarra eta Fernando de Valdeolivas inkisidoreek hau idatzi zuten: “Debeku orokorra dago orain Nafarroan eta ez digute uzten beti egin izan dugun bezala behar duguna ekartzen”. 1573an, liskarrak berriro hasi ziren. Batzorde Gorenak hizkera neurtuari eutsi zion Nafarroako Kontseiluaren aurrean nola jokatu behar zuten inkisidoreei aholkuak ematerakoan: “Ez ezazue haien kontra egin, aitzitik erreguz eta errespetuosoz idatziko diezue, halatan Ofizio Santuko gauzen alde onez onean egin dezaten, eta hartara haren salbuespenak eta pribilejioak begira ditzaten”. Baina Inkisizioak ez zituen nafar agintariekin bakarrik arazoak. Pasabide eta portu guztietan sortzen ziren halakoak. Inkisizioarentzat lan egiten zutenek ez zuten aduana eskubiderik ordaintzen, ez eta berek erabiltzeko erosten zituzten salgai inportatuetan ere.

Inkisizioak ostatuetan egoitza dohainik hartzeko zuen pribilejioak ere sortu zuen liskarrik. Erregeak ostatuei buruz eman zituen zedula batzuek eskubide hori berresten zuten: “Nik agintzen dizuet inkisidoreak eta ofizialak hiri, herri eta leku horietara joaten diren guztietan, eman diezaiezuen egoitza ostatu onetan, ezen ez pertsona susmagarrien benta eta etxeetan, horren truke dirurik batere kenduko ez zaiela…”.

Zedula haiek ez ziren beti bete foru lurraldeetan.

Bilboko udaleko agintariek Valdeolivas inkisidoreari ostatua ukatu zioten 1539an Bizkaira bisitan joan zitzaienean.

Martínez de Ybarrari gauza bera gertatu zitzaion 1547an Bilbora joan zenean, baina, are okerrago, Durangon ere ez zioten ostatu eman nahi izan. Orduan, Ybarrak zigorra jarri zien eta agintariak eskumikatu zituen, horrelako kasuetan metodo hori erabiltzen baitzuten inkisidoreek. Arma espiritual haiek ez zituzten hirietako agintariak beldurtu. 1572an Bilbok berriz ukatu zien ostatua inkisidoreei, orobat Iruñeak. Handik lau urtera, Tuterak ere uko berbera egin zuen. Batzorde Gorenak Logroñoko auzitegiari idatzi zion: “Gure iritzirako, hiru inkisidoreok zigorra ezarriz jokatu behar duzue, hemendik aurrera egitekoetan, Tuterako hiriko justiziaren eta agintarien kontra, harik eta ostatu emate horiei amore eman diezaieten arte”. Iruñeak “ez zuen amore eman” 1582an, Alonso Gaytan inkisidoreari ostatua ukatu zionean. Behin eta berriz errepikatu zen gertaera baten zertzeladak dira horiek. Kalte hori erremediatzeko, inkisidoreek ostatuak izaten zituzten berek bakarrik erabiltzeko. Inkisizioak ostatuen erreserba hornidura edo agiria eman zien pertsona batzuei, ostatu haietan Ofizio Santuko ministroek bakarrik har zezaten egoitza. Jakina, udal agintari guztiek ez zieten ostatua ukatzen inkisidoreei. Gasteizen oso abegi ona egin zioten Pedro de Zamora inkisidoreari 1584ko uztailean bisita egin zienean: “Hiri horretara iritsi nintzen, ohiko bisitan, hil honen 17an eta hiri horretako agintaritzak ongi jokatu du eta borondate onez hartu ditu Ofizio Santuko gauzak.” Hala ere, eskumenen arazoak sortu zituen Ofizio Santuaren eta aginpide zibilaren arteko liskar gehienak. Tokian tokiko justiziak tematuta zeuden senideen delitu kriminaletan esku hartzen. Inkisizioak sekula ez zituen ontzat hartu justizia zibilaren sartze horiek. Dokumentazio asko dago senideen kopuru gehiegizkoak eta haien neurrigabekeria usuek sortutako kasu polemikoez eta agintari zibilen kexuez.

Agintari zibilek inoiz ez zuten begi onez ikusi senideek armak izatea. Baina Inkisizioak eutsi egin zion senideen pribilejio horri. 1546an, honela idatzi zuten Valdeolivas eta Ybarra inkisidoreek: “baldin eta senideek ezin badute ezpatarik erabili, inork ez dio Ofizio Santuari ezeren berri emango ezta haren alde egingo ere”. Armak erabiltzeko eskubideak eragozpen asko sortu zituen.

Bilboko agintariek Martín de Sologoiti eta Juan de Anduiza senideak atxilotu zituzten hiri hartako justiziak eginarazi zuen alarde batera joan nahi izan ez zutelako.

Orduan ere inkisidoreek beren kideak defenditu zituzten: “Ez da bidezkoa senideak alarde horietan ateratzera behartuak izan daitezen. Eta baldin eta armatuta baldin badaude, Ofizio Santuari dagokion gauzetan esku hartzeko prest egoteko daude armaturik, batez ere portu eta mugetan dabilen jendetzagatik eta han izaten den salerosketagatik”.

Odol delituak ugaritzen hasi ziren. Ez ziren gutxi izan beste norbait zauritzeagatik auzitara eramandako Inkisizioko kideak. Bilbon, justizia zibilak atxilotu egin zuen arestian aipatu dugun Martín de Sologoiti, salgaiak ateratzeko debekua zaintzen zuen epailearen aguazila zauritzeagatik.

Miranda de Ebroko korrejidoreak Francisco de Landa Laudioko senidearen kontra egin behar izan zuen Diego Abad de Larrinaga zeritzan Luxaondoko apaiz bati egin zizkion zauriengatik. Indarkeriazko kasuak etengabeak ziren. Agintari zibilek senide ugari eman zituzten auzitara. Nafarroako Kontseiluak eta Bilboko alkateak jarraitu zuten Inkisizioko kideak atxilotzen eta inkisidoreei aurre egiten. 1580an honela idatzi zioten Logroñotik Batzorde Gorenari: “Ez bide da zilegi negozio xume eta argietan senideei justizia sekularrek ia beti jartzen dizkietenen gisako eragozpenak jartzea”.

Inkisidoreen ustean, agintari zibilek ematen zieten tratuak eragina zuen Frantziako mugako komisario eskasian: “beharrezkoen diren lekuetan ez dago komisariorik, zeren eta gaizki tratatu izan ditu eta tratatzen ditu Nafarroako Kontseiluak, eta ez dugu komisario izan nahi duen inor aurkitzen, eta batzuk kargua utzi ere egin dute hori dela kausa”.

Gai jakin batzuek ere eskumen arazo asko sortu zituzten, sorginkeriak eta sexu delituek, adibidez. Senideek egindako adulterio kasuetan, Inkisizioak aurre egin zion justizia zibilari auzi horien ardura hartzeko.

Aztien esetsietan oso ezagunak dira inkisidoreek eta Nafarroako Errege Kontseiluek, zeinek bere eskumenak zirela eta, XVI. mende osoan zehar izan zituzten tirabirak.Inkisizioak bake bidea aholkatzen zuen beti agintari zibilekiko harremanetan: “Eratasuna, neurritasuna, adostasuna eta harreman onak baliatuko dituzue agintari zibilekin”. Sorginkeriari buruzko eskumen zalantzak argitzeko, Batzorde Gorenak Logroñoko auzitegiari ohartarazi zion, 1756ko urtarrilean, kasu horiek Inkisizioaren eskumenari zegozkiola, baldin eta azti eta sorginak apostatak baziren: “Kontu egingo duzue epaile sekularrek ez dezaten berrikuntzarik sar kausa horietan, baldin eta akusatuak hitzarmenik egin badu deabruarekin, erlijio katolikoaz arnegatu badu edo laidoak edo tratu txarrak egin badizkie gurutzeei edo irudiei, edo egin badu heresia kutsu nabarmena dukeen egintzarik”.

Aldian aldiro izan zen oraindik liskarrik Inkisizioko ofizialen eta Nafarroako Errege Kontseiluaren artean. 1574an, lerro hauek jaso zituzten Logroñoko auzitegian: “Gaztigua eta agindua emango diezue gero Ofizio Santu horretako ministroei eta horien artean Iruñean eta Nafarroako erresuman bizi direnei, ezen arazorik baldin balute erresuma hartako Kontseiluko errege ofizialekin, haiekin neurritsuak izan daitezen esanetan eta egintzetan”.

Gehiegizko pribilejioak, justizia arruntetik salbuetsiak egoteak, erakundearen babesa eta armak erabiltzeko eskubidea dira Inkisizioko funtzionarioen harrokeriaren eta funtzionario horiek agintari zibilekin zituzten tirabiren arrazoiak.

 

Herriaren oposizioa

Ofizio Santuak izan zuen herriaren aldetik ere kontrakotasuna. Pedro de Arbues inkisidorea Zaragozan hil zutenez geroztik, etengabe izan ziren Inkisizioko funtzionarioen kontrako erasoak erakunde horren ibilbide osoan. Inkisizioaren aurkako matxinadarik ere izan zen. Frantsesek 1521ean Nafarroako erresuma inbaditu zutenean, jende talde bat matxinatu egin zen eta Nafarroako Inkisizioak Tuteran zuen egoitza indarrez hartu zuen, horren ondorioz dokumentazioaren zati bat suntsitu egin zen eta preso batzuek Frantziara ihes egitea lortu zuten. Baliteke nafar batzuek, Albreteko etxea tronura itzultzearen aldekoek eta Nafarroa Gaztelari eranstearen etsaiek, Gaztelaren nagusitasunaren tresna gisa ikustea Inkisizioa. Bartolomé Bennassar-ek dioenez, 1527ko nafarren matxinadan esetsi zituzten aztiak Nafarroaren kausaren aldekoak izan zitezkeen. Hori horrela balitz, frogatu gabe baitago, esespen politikoa izan zela esan daiteke.

Ofizio Santuko funtzionario batzuek bizia galdu zuten ahalegin horretan. Hori gertatu zitzaion Inkisizioko mezulari Juan Cortési, aguazil zereginetan ari zela, presobat Donostiatik Logroñora eramaten ari zenean. Presoak, Juan Gran zeritzan biarnotar batek, bere zaintzailea hil zuen. Funtzionario batzuk izututa zeuden. Juan de la Torre ospetsuak, gaiztakeria handiak egina eta adin handikoa zelarik ere Iruñean komisario jarraitzen zuenak, honela idatzi zion 1574an inkisidore nagusiari: “Preso harrarazi eta zigorrarazi, errearazi eta galeretara igorrarazi ditut frantses asko eta beste nazio batzuetako heretiko asko, eta Genebara ihesi zihoazen Aragoiko mairu kristau asko, eta hainbeste dira non Inkisizioaren artxiboak nik egin ditudan auziez beterik baitaude (…). Orain galdua ikusten dut neure burua. Nire ofizioa egiteagatik nire eta nire idazkariaren kontra altxatu zaizkigu mairuak eta nik zigorrarazi ditudanen beste ahaide batzuk, eta esetsi izan didate eta esesten didate etsai amorratu bati bezala”.

Gregorio López fiskal zaharrak, handik urte gutxira, laguntza eske idatzi zion Batzorde Gorenari, “ofizio honetan eman dudan denbora luzean egin ditudan hainbeste etsaien artetik ateratzeko, zeren estu eta larri naukate mendeku hartuko ote didaten beldur. Gelditzen zaidan bizitza gutxia buka dezadan hatsaren gainean eta haien esku hil gabe.” Inkisizioak ahalegin guztiak egiten zituen zigor gogorra ematen erakunde horri nolarebait erasotzen ziotenei eta erakundearen kontra gaitzespen edo kritika giroa sortzen laguntzen zutenei.

Ofizio Santuaren eguneroko jarduera oztopatzen zuten pertsonen artean, “estalgileen” edo “eragozleen” taldea sartu beharda, heresia delituak laguntzen edo estaltzen zutenena, alegia. Asko dira Inkisizioari “laidoa” egiteagatik auzitara eramanak ere.

Gezurrezko lekukoak ere oso zigortuak izaten ziren. Horrelako kasu asko ageri dira dokumentuetan. Horietako gehienak akusatuaganako etsaitasunez Ofizio Santuan egindako salaketak izaten ziren. Txostenetan maiz agertzen dira honelako esaldiak: “gezurrezko lekukotasuna eman zuen”, “akusazioa izugarria izan zen eta haren etsaiek asmatua”, “egiazkoak ez diren lekukoengatik dago preso”. Ondorioak tamalgarriak izan ziren eta, batzuetan, erremedia ezinak.

1571ko azaroan, Pero Abad de Larragan agureak zazpi hilabete zeramatzan espetxean harekin etsaitutako pertsonek jarri zioten salaketa zela eta. Juanes de Irigoiti, Iruñeko merkatari aberatsa, espetxean landertu zen –negozioek porrot egin ziotelako– “etsaiek gezurrez egin zizkioten” salaketengatik.

Martín Ibáñez de Urbina, Legutioko apaiza, preso hil zen Logroñon zortzi lekukoren gezurrezko aitorpenengatik. Adibide horietan ikusten da bazirela pertsona gaiztoak salaketa arma gisa erabiltzen zutenak.

Iruzurra eta maltzurkeria tarteko zeuden Espainiako gizartearen eta Ofizio Santuaren arteko harremanetan. Kondenatuen zigor gogorrak, kargutarako ezindua gelditzea edo laidoa, orobat jasan behar izaten zituzten haien ondorengoek ere, eta zigor hori saihesteko bi trikimailu erabiltzen zituzten maiz: izen-deiturak aldatzea eta elizetan zintzilikatzen zituzten sanbenitoak kentzea.

Trikimailu horiei Inkisizioak nahiko zorrotz egin zien aurre. Calahorra-Logroñoko Inkisiziora iritsi ziren “gutun hitzartu” batzuetan aipatzen dira “izen-deiturak aldatzen dituzten bere burua errudun aitortuak, kondenatuenondorengoak eta elizara itzuliak”.

Eliza askotan sanbenitoak ez zeuden osorik.

Inkisidoreek behin eta berriz gogorarazten zuten sanbenitoak berritu egin behar zirela eta falta zirenak jarri.

Dena ez zen maltzurkeria eta gezurrezko salaketa, bistan da. Bazen Inkisizioarekin elkarlanean aritzen zen jendea. Batzuk gogo onez, beste batzuk beldurrez eta beste batzuk halabeharrez. Batzuk salatzaile, besteak salatu. Salaketa gizarte arma bat zen, talde batzuek beldur handia ziotena.

Juduzaleek edo mairu kristautuek talde itxien gisa funtzionatzen zuten. Horrela defendatzen zuen bere burua gehienbat kristau zaharrez osatutako gizartean txertatua zegoen gutxiengo baztertu hark.

 

Luteranismoaren arazoa XVI.. endean

Liskarrak eta tirabirak ez zeuden agintari zibiletara bakarrik mugatuak. Gizarte talde jakin batzuek, eta herriak oro har, aurre egin zioten Ofizio Santuari. Gero ikusiko ditugu herriak Inkisizioaren aurrean eta Inkisizioak herriaren aurrean zituen jarrerak eta jokabideak. Luteranismoa zabaldu zenean eta liburu protestanteak agertu zirenean inkisidoreek izan zuten non jardun.

1523tik aurrera, urte hartan azaldu baitziren lehen liburu protestanteak Gipuzkoako kostaldean, Inkisizioa beste zeregin bati lotu zitzaion, metodo aski eztabaidagarriak erabiliz, literatura heterodoxoa bilatzeko eta heretiko berriak kontrolatzeko ahaleginean.

Calahorra-Logroño barrutiko itsas muga portuz josia zegoen, eta horietako portu batzuek merkataritza harreman handiak zituzten Europako Atlantiko alderako herrialdeekin.

Ideia protestanteak edo kalbinistak errotuak zituzten Europako merkataritza gune handietatik zetozen frantses, ingeles edo flandriar itsasontziak etengabe sartzen ziren Euskal Herriko kostaldeko portuetara.

Kantauriko kostaldea gotortzeko eta heterodoxiaren “kutsadura” eragozteko kezka biziak neurri batzuk hartzera eraman zituen inkisidoreak. Lehenengo neurria eremu horretara egin beharreko bisitak sarriagotzea izan zen. Bizkaia eta Gipuzkoa ardura bereziz zaindu beharrak ekarri zuen, aldi jakin batzuetan, bisitak urtero izatea.

1567tik 1579ra, inkisidoreren bat urtero etorri zen bisitan Bizkaia-Gipuzkoara. Bigarren neurria portu garrantzitsuetan zaindaritza sarea indartzea izan zen. Hirugarren neurri multzoak liskarrak sorrarazi zituen Euskal Herriko gizarteko talde jakin batzuekin. Liburu debekatuen bila itsasontziak zehatzmehatz miatzeak, ikuskatze lanak neurrizgainekoak izateak, salgaiak hondatzeak edo kentzeak, horrek guztiak salerosketan sortzen zituen atzerapenek, preso hartze susmagarriek, itsasontzietako kargak edo ontziak berak bahitzeak, horrek guztiak bertako merkatarien kexuak eta merkataritza erakundeen ordezkarien aurkakotasuna sortu zuen.

Bilboko eta Donostiako merkataritza burgesia beldur zen Inkisizioaren egintzek merkataritza gutxituko ote zuten. Inkisizioak Euskal Herrian preso hartu zituen lehenengo luteranoen kontra erabili zuen zorroztasun handiegiak egonezina sortu zuen.

Merkatari eta marinel ingeles haiek preso harturik, Inkisizioak eraso bortitz bati ekin zion. XVI. mendean zehar, frantses eta ingeles asko sartu zituzten preso Logroñoko espetxean. Bilbon, 1539ko maiatzean, atxilotutako ingeles gazte bat erre izanak areagotu egin zituen harridura eta kezka.

1561eko abenduan Pasaian porturatu zen Donibane Lohitzuneko merkatari ospetsu baten itsasontzia bahitu izanak liskar txiki bat sortu zuen nazioartean, eta liskar horrek mehatxatu eta guzti egin zuen Espainiak eta Frantziak sinatu berri zuten bakea.

Euskal Herriko merkataritza burgesia atzerriko mendekuen beldur zen. Bilboko kontsul etxeak ere ez zituen begi onez ikusten inkisidoreen jarrerak eta gogor egiten zuen protesta ontziak ikuskatzerakoan egiten ziren gehiegikerien kontra. Inkisizioak portuetan zituen komisarioak salgaiak ateratzeko debekua zaintzen zuten epaileen itzal bihurtu ziren, eta muga-ontzietan haiekin batera joaten ziren ikuskatzera. Nazioarteko azpijoko batek Espainian liburu heretikoak sartu eta bazterrak nahasi nahi zituelako usteak areagotu egin zuen Inkisizioaren ahalegin gehiegizkoa. Atzerriko merkatariek komisarioen egintzei egiten zieten erresistentzia gogor zapaldu zuten.

1574an, Lorenzo de Echeberrik, Donibane Lohitzuneko herritarrak, ez zion utzi Donostiako komisarioari bere ontzia bisitatzen, “hitz izugarri batzuk” esaten zizkiolarik.

Egun batzuetarako atxilotu zuten eta Santa Maria elizan jendaurrean lotsarazia izatera kondenatu zuten.

Liskar egoera hura korapilatu egin zen inkisidoreen pentsaeran bi aurreiritzi larri agertu zirenean: atzerritar eta heretiko berdintzea eta bertakoak eta kanpokoak elkar harturik zebiltzalako uste osoa. Calahorra- Logroñoko auzitegiko inkisidoreen xenofobiak bere hartan iraun zuen, nahiz Madriletik Batzorde Gorenak neurritsu izan zitezela behin eta berriz esan: ez ingelesei esetsi ingeles izate hutsagatik, atzerritar guztiak ez dira heretikoak. Beldurrak eta susmoak areagotu egin zuten Inkisizioak kanpotik zetozenak hartzen zituzten ostatu eta etxeen gainean ezarria zuen zaintza, bereziki Donostian eta Bilbon egoitza hartutako atzerritar batzuek portuetan zituzten ostatu batzuetan.

Agindu ere agindu zuten ezein atzerritarrek ez zezala ostatu hartu beste atzerritar baten etxean. 1582an, Richard Huest Bilboko herritarrari debekatu egin zioten Ingalaterrako edo beste edozein nazioko inor bere ostatuan har zezan. Alferrik izan zuen idaztea Bilbon hamabi urte zeramatzala finkatua, beti kristauen gisa bizi izan zela, debeku hark bizibidea eragozten ziola, Bilboko emakume batekin ezkondua zegoela eta ingelesa zelako besterik ez ziotela esesten azaltzen zuen idatzi bat. Debeku hark Huest bezalako beste askorentzat ere izan zuen eragina.

Inkisidoreak gogaituta zeuzkan Euskal Herriko portuetan finkatua zegoen atzerritar kopuru handiak, batez ere Donostian bizi zen frantses mordoak. Donostia 1567an bisitatu zuen Moral zeritzan lizentziadunak hauxe idatzi zion inkisidore nagusiari: “Hiri horretako biztanleak zaletuegiak daude frantsesekin eta haiekin elkartzen dira ezkontzaren bidez, haien hizkuntzaz mintzatzen dira berea eta hizkuntza espainola bazter utzita”. Ohar batekin bukatzen zuen bere gutuna: “Egizu kontu Jaun Goren horrek ezen Donostian berrogeita hamar etxe ez dagoela atzerritarrez nahastu gaberik, eta hori kalte handia da”. 1579an, Aramayona inkisidoreari esan zioten joan zedila bisitan Donostiara “eta eman dezala han aterako dituen ondorioen berri, zeren eta ustez ingeles heretiko asko baitago han eta herri harekin altxatzen saiatu direnak”. Uztailaren 9an Donostiara iritsi zen eta berehala ekin zion lanari: “baldin eta zerbait gertatu bada jakin egingo da, eta gertatu ez bada ere, baldin eta beldurtzeko gauza bada, nola hiri hau hain baita indartsua eta garrantzitsua, saiatuko naiz modu onean jakiten, horrelako ausarkerien susmorik badela inori jakinarazi gabe”. Inkisizioak erabili zituen ikerketak eta metodoak kanpoko merkataritza gutxitu zutela pentsatzeko arrazoirik ez dago. Baina, zalantzarik gabe, zaildu egin zuten.

 

Sorginkeria Euskal Herrian

XVI eta XVII. mendeetan sorginkeria uholde batek astindu zuen Europa, 1450 ingurutik hasita. Sorginak nonahi ikusteko mania hark milaka pertsona bidali zituen heriotzera Europa osoan.

Sorginkeriaren arrazoi nagusia beldurra zen, beldurra nonahi nagusitua. Heriotzearen, infernuaren, deabruaren beldurra. Heriotzea ez zen gertaera naturaltzat hartzen.

Hondamenak deabruaren egintzak edo Jainkoak bidalitako zigorrak ziren. Apaizek jendea izutzen zuten deabruaren aipuezbetetako sermoien bidez. Deabrua ahalguztiduna zen: airea pozoi zezakeen, izurria sortu, soroak hondatu. Heriotzearen kezka obsesiozkoa zen. Krisialdietan, gerrateetan, biztanleria gutxitzen zen garaietan, izurrite hilgarrietan, miseria, desoreka eta etsipen garaietan agertzen zen sorginkeria. Jendeak magiara jotzen zuen etsi gaiztoz. Sorginkeria jarduera eta sineste multzo bat zen, gizonari munduan eragina izateko bidea ematen ziona. Gaixotasunaren aurrean sineskeriak gero eta gehiago nagusitu zitzaizkion medikuntzari. Landa giroko gizartea petrikiloez fidatzen zen, apaiz katolikoak, berriz, oztopotzat eta lehiakidetzat hartzen zuen petrikiloa. Azken finean giro hura jakintza ofizialaren eta herriaren jakintzaren arteko tirabirak sortua zen. Epaileak gogotik saiatu ziren beren adimen kategoriak landa giroan txertatzen, herriaren jakintza kontuan hartu gabe.

Arazo horrek eragin berezia izan zuen Pirinioetako mendebalean: XVII. mendearen hasieran Lapurdin eta 1500etik 1610era bitartean, Pirinioetatik hegoaldera, Euskal Herri osoan, Nafarroako erresuman, bereziki.

Komeni da esatea bazela jendea sorginei egozten zitzaizkien egintzak oso-osorik sinesten zituena. Uste hori oso zabaldua zegoen landa giroko agintariengan, baina zabaldua zegoen orobat inkisidore batzuengan eta lege ikasketak eginak zituzten zenbait kargudun zibiletan. Aro Berriaren hasieran sorginkeria heresiaren adartzat jotzen zuten. Horrek esan nahi du Espainian Inkisizioak zuela batik bat delitu horien eskumena, eta eskumen horiek zirela eta liskarrak izan zituela agintari zibilekin.

Sorgin ehiza hark bazuen alde txar bat: sorginei setaz esesten zitzaien, irizpide zorrotzegien eta idazlan jakin batzuen arabera.

Sineskeriaren aurkako liburu asko zegoen; 1500etik 1650era bitarteko mende t’erdi hartan idazlan mordo bat argitaratu zen sorginkeriari buruz. Bi joera nabarmendu ziren sorginkeriaz idazten zuten autore haien artean: sorgin eta aztien kontra ahalik eta zorrotzen eta gogorren jokatzearen aldekoak eta ulermenaren, arrazoibidearen eta neurritasunaren aldekoak.

Lehenengo multzoan sartzen da idazlan haien artean galgarriena, “Malleus maleficarum” ospetsua (Sorginen mailua), bi domingotar alemanek idatzia (Sprenger eta Kramer) eta 1486an argitaratua. Liburu horrek oihartzun handia izan zuen eta oso tesi arriskutsu eta kaltegarriak aldezten zituen, sorginei buruzko fantasia guztiak sinesten baitzituen. Aski zen pertsona bakar baten salaketa norbait auzitara eramateko, lekukoa haurra edo akusatuaren etsaia izanagatik ere; epaileak ahalmen osoa zuen, tortura askatasun osoz erabili behar zuen etaepaiketak soila izan behar zuen, azkarra eta gora jotzeko aukerarik gabea.

Tankera berekoak ziren frantses epaileek idatzitako idazlanak; epaile horiek prestakuntza handia zuten zuzenbidean eta batzuk oso ospetsuak ziren, adibidez, Jean Bodin, “De la demonomanie des sorciers” (Paris, 1580) liburuaren egilea. Aipagarriak dira orobat, beren lanak sorginei esetsi ondoren idatzi zituztenak, Pierre de Lancre ospetsua, Bordeleko Legebiltzarreko aholkularia, Lapurdiko aztiei esetsi ziena, adibidez.

Oro har, gizon ankerrak izaten ziren, amore ematen ez zutenak eta fanatikoak, haurrak bezain sineskorrak eta “Malleus” liburuaren tesietatik oso hurbil zeudenak.

XVI. mendearen hasieran, 1500. urtean, hasi zen Anbotoko (Durango) sorginen kasua.

1507an auzipetu zuten lehenengo aldiz Nafarroan azti talde bat; auzi hark oihartzun handia izan zuen eta azkenean hogeita hamar bat azti erre zituzten.

1525ean Orreaga, Luzaide eta Erronkari eta Salazar haranetako beste azti talde bat auzipetu zuten eta Balanza lizentziaduna, Nafarroako Errege Kontseiluko ministroa, arduratu zen auziaz, bai gogor arduratu ere, azti talde bat erre baitzuen Auritzen, inkisidoreak auzi hartaz arduratu baino lehen.

1527an beste sorgin talde handi bat auzipetu zuten; auzi izugarri hartan Nafarroako mendialdeko ehun eta berrogeita hamar bat sorgin eta azti gertatu ziren tarteko. Sorginkeria egotzirik Nafarroan auzipetu zuten hirugarren taldea Erronkari, Salazar eta Orreagakoa zen. Auzi horretan araututa gelditu ziren sorgin-aztiei egiten zitzaizkien salaketak: haurrak hiltzea, uztak hondatzea eta bilkura edo akelarreetara joatea.

1539an sorginkeriazko beste auzi batek astindu zuen Otsagabiako herria. Salazar haran osoan izan zuen auzi hark eragina. Salaketak ondokoak izan ziren, besteak beste: fedea ukatzea, pozoitzeak eta sorginkeriazko zeremoniak, hilketak eta bestelako sorgin kalteak. Berrogeita bederatzi pertsona eraman zituzten Iruñean 1540ko martxoan egin zen fede auzira, haien artean hamar eta hamalau urte bitarteko hogeita hamar neska-mutil. Bizkaiko Enkarterrietan eta Nafarroako mendialdean sorginkeriazko auziak behin eta berriz izan ziren XVI.. endean zehar. Baina dudarik gabe Zugarramurdiko aztien auzia izan zen guztietan ospetsuena. Auzi hori 1609an hasi zen eta 1610ean Logroñon egin zen fede auziarekin bukatu. Hogeita hamaika pertsona salatu zituzten sorgintzat eta haietako batzuk erre.

Zugarramurdiko auziaren kasuan Euskal Herriko sorginkeriak izan ohi zituen osagai guztiak ageri ziren: akelarrea bere dantza eta meza beltzekin, kristau fedearen “ukatzea” eta deabruari men egitea, sexu orgiak, gantzuketak eta pozoiak, airean egindako hegaldiak, gorputzak lurpetik ateratzea eta nekrofagia, deabruzko animalien presentzia (apoak), sorginkerian aritzeko hastapenak, haur eta gazteen parte hartzea, sorgin eta azti leinuak bazirela baieztatzea.

Datu batzuen arabera pentsa liteke Espainiako Inkisizioak ez zuela gogorregi zapaldu sorginkeria. Inkisizioaren Batzorde Gorena sinesgogorra eta kritikoa izan zen arazo horrekiko, eta zuhurrak izan zitezela aholkatu zien probintzietako inkisidore batzuei. Enkarterrietako sorginen auzia ikertzen Bizkaian zebilela, Valdeolivas inkisidoreak gutun bat jaso zuen 1539an.

Gutun horretan esaten zitzaion ez ziezaiola jaramonik egin sorginak erretzea eskatzen zuen herriaren iritziari eta aholkatzen zitzaion azal ziezaiola jendeari uztak eguraldiak galdu zituela eta ez sorginek. Baina gutun horretan bada esaldi bat oso argigarria: “Egizu kontu Malleus-ek dioen guztia ez sinesteaz”.

Inkisizioaren jardueran badira ordea bi itsuskeria oso larri, azkenerako Batzorde Gorenak aldeztu zuen neurritasuna baino oihartzun handiagoa izan dutenak: 1507an hil zituzten aztiak eta Zugarramurdin heriotzera kondenatu zituzten sorginak. Ezin zurituzkoak dira bi egintza horiek. Nolanahi ere, galdera batzuk egin behar genituzke: zenbat azti erre zituen Auritzen 1525ean Balanza lizentziadunak, Nafarroako Errege Kontseiluko epaileak? Nork hil zituen Nafarroako mendialdeko hiru emakume 1575- 1576an, agintari zibilek ez bada? Gertaera horien guztien harira esan daiteke Euskal Herriko sorginkeria eredua landa giroko eta taldeko sorginkeria zela, eta oso agerraldi ikusgarriak izan zituela, esan nahi baita akelarrea. Nolanahi ere, bazenaldi berean beste sorginkeria mota bat: indibidualista, sasimedikuntzara emana eta hirietakoa, ez bestea bezain ezaguna, baina ugaria hala ere.

 

Ilustrazioa eta Frantziako Iraultza

XVI. mendean luteranismoa baldin bazen heresia, XVIII. mende bukaeran iraultzaileak ziren heretikoak. 1789ko iraultza Frantzian lehertu zenean, Inkisizioak uste izan zuen atzerrian azpijokoan ari zirela ideologia iraultzailea Espainian sartzeko.

Inkisizioak, lehenengo, hainbat tokitan eratu ziren ilustratu taldeak ikertu zituen.

Euskal Herrian, Bergarako Mintegi Abertzalea sortua zen dagoeneko, eta haren inguruan talde entziklopediazale bat eratu zen.

Inkisizioak talde horretako kideren bat auzipetu zuen liburu debekatuen eta “frantses arauen” zalea izatea egotzirik. Gauza bera gertatu zitzaien Oñatiko Unibertsitateko irakasle batzuei. Hain zuzen ere Ilustrazioaren ideiekin batera gizarte dotrina erradikalak zabaldu zirenean, orduan utzi zion Inkisizioak tolerantziaz jokatzeari.

Bigarren, Ofizio Santuak talde burgesetako kide erradikalenak zelatatu eta esetsi zituen. Frantziako Iraultzako gertaeren berria oso ondo hartu zuten merkataritza burgesiako talderik erradikalenek. Euskal Herrian, Bilboko eta Donostiako merkatariek begi onez hartu zituzten ideia berriak, mugaz bestaldeko gertaera iraultzaileak mugaz honuntzako merkataritza giro hondatu samarrarentzateragingarriak izango zirelakoan.

Izan ere, liburu iraultzaileak, Frantzian izandako aldaketak aldezten zituztenak, Euskal Herri osoan zehar zabaldu ziren, eta Inkisizioaren komisarioak ez ziren gauza izan paper eta liburuska uholde hura gelditzeko. Jende asko auzipetu zuten liburuak edukitzeagatik, “bilkurazaleak” izateagatik eta frantses sistema politiko berriaren aldekoak izateagatik.

Frantziako ideia iraultzaileek morala eta bizimodu erlijiosoa lasaitzea ekarri zuten orobat. Giro liberalak eta literatura entziklopedikoak erlijioarekiko axolagabekeria sortu zuten gizarteko talde batzuetan, eta horrek elizaren legeak ez betetzea eta elizarekiko etsaitasuna ere ekarri zituen. Hori hirietan gertatu zen gehienbat, eta sekularizazioa indarra hartzen ari zen gizarte hartan, arau katolikoetatik urruntzen hasia zen burgesian izan zuen batik bat eragina. Biraoak eta sakrilejioek areagotu egin zuten Inkisizioak elizaren alde egiten zuen lana.

Bi erakunde horien helburu komuna ohituren lasaikeriaren, bizioaren eta eskandaluzko jokabideen aurka egitea zen.

Era berean, Frantzian gertatzen ari zena ikusirik, Inkisizioa eta Espainiako gobernua elkarri hurbildu zitzaizkion tronuari zein aldareari kalte egiten zioten ideia iraultzaile haien kontra borrokatzeko. Ofizio Santuaren eta Estatuaren arteko interes batasuna inoiz baino estuagoa izan zen garai hartan.

Bere azken urteetan, Inkisizioa erregearen eragile politiko hutsa izan zen, areagotu egin zelarik Espainiako monarkiaren tresna besterik ez izateko joera.