Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia»Aro berria

Nafarroako erreinuaren gorabeherak Aro Berrian

Joana III.a Albretekoa.<br><br>

Aro Berriaren hasieran, Pirinio aldeko Nafarroako erreinu txikiak zailtasunak izan zituen bere independentziari eusteko. Eratze bidean zeuden bi nazio ahaltsuen artean baitzegoen, berehala konkistatu zuten Albako Dukearen osteek, eta Gaztelako erreinuaren mende erori zen. Orduz geroztik, Nafarroako erreinua saiatu zen Espainiako monarkia haren baitan bizitzen, Austriarren dinastiaren agintepean lehenengo eta Borbon dinastiarenean gero, hitzarmen bidezko politika eginez eta bere foru sistema tradizionalari eusten saiatuz. Horretarako «Foru Pasea» edo «Sobrecarta» erabili zituzten nafarrek, noiz edo noiz tirabirak izan zirela Nafarroako erreinuko agintarien eta aginpide zentralaren artean.

 

Nafarroako konkista

1512 baino lehenago ere Nafarroako errege-erregin Joan III.a Albretekoak eta Katalina Foixkoak sumatua zuten Nafarroako erresumaren kontrako presioa, bai Errege-erregina Katolikoen aldetik bai Luis XII.a Frantziakoaren aldetik. Orekari doidoi eusten zion egoera hura 1512ko udan hondatu zen, Gaztelako gudarosteak, Albako Dukearen agindura, Nafarroa konkistatu eta okupatu zuenean alegia. Uztailaren 21ean gainditu zuten Nafarroako muga Gaztelako gudarosteek. Handik egun gutxira, hilaren 24an, Iruñeak amore eman zuen. Iruñeak etsi ondoren beste hiriak ere errenditu egin ziren. Tuterak, ordea, gogor eutsi zion, baina setio luze baten ondoren, etsi egin behar izan zuen hark ere. Irailaren 9a zen.

Hurrengo urteetan hiru saio egin zituzten Nafarroako legezko errege-erreginei tronua itzultzeko –1512ko urria-abenduan lehena, 1516ko martxoan bigarrena, eta 1521eko maiatza-ekainean hirugarrena–, baina huts egin zuten hirurek, eta Nafarroa, behin-betiko, Gaztelaren mende geratu zen.

Erresuma berreskuratzeko aurreneko saioan Pirinioez harainditik Iruñepera iritsi eta setioan ezarri zuten hiria azaroko egun askotan, baina, hala ere, saioak huts eginzuen. 1516ko saioak ere huts egin zuen, Joan Albretekoak ez baitzuen oso zuhur jokatu, eta ozta-ozta gainditu zituen Pirinioak hegoalderantz. 1521ean Nafarroa berreskuratzeko abagunea askoz egokiagoa zirudien, arrazoi hauengatik besteak beste: Espainia eta Frantzia Italiako penintsula eskuratzko borrokan ari ziren, Gaztelako komuneroean matxinada zela-eta KarlosV.aren gudarosteak sakabanatuta zeuden, Gipuzkoan gerra zibila zeukaten, Araban Aguraingo Kondea komuneroen alde matxinatu zen, eta Nafarroan bertan, agramondarrak, Albreteko etxearen aldekoak, erregea ekartzeko itxaropenean zeuden. Oso aukera ona zen, beraz, Nafarroa berreskuratzen saiatzeko. Eta, hala, Frantziako gudarostea Erronkaritik barrena sartu, eta hiru egunen buruan Iruñepean zen. Iruñeak amore eman ondoren, berehala konkistatu eta kontrolatu zuten erreinu osoa. Hala ere, Andres Foixkoaren plangintza kaskarrak –Logroño hesitu beharraz tematu zen–, pikutara bidali zuen ekinaldia. Frantsesak, Gaztelako gudarosteak behartuta atzera egitean, galtzaile gertatu ziren Noaingo guduan.

Gauza bat zela edo bestea zela, argi zegoen Nafarroari ezina zitzaiola 1512ko uztaila aurreko egoerara itzultzea.

Gaztelak ez zuen, beraz, bakez beretu Nafarroa, ezta ondoretasun eskubideen arabera ere (Aragoiko koroa, berriz, bai). Gaztelak armez hartu zuen Nafarroa, eta zuzenbidezko argudio sinesgaitzen eta Julio II.a Aita Santuaren bulda eztabaidagarrien bidez zuritu zuen ekintza hura. Aita santuak 1512an argitaratu zen “Pastor ille caelestis” buldan, eskumikuaz mehatxatu zuen Vatikanoaren edo haren aliatuen aurka altxatzea, eta Frantziako errege Luis XII.aren alde egitea. Argi dago Fernando Katolikoak, Nafarroako errege-erreginak Frantzia aldera lerratu zirelako kezkaturik, arrakasta handia lortu zuela zerabilen azpijokoarekin.

1513ko otsailean beste bulda bat argitaratu zen, “Exigit contumacium”; haren bidez, aita santuak Nafarroako errege-erreginak eskumikatu eta erregetzatik kendu zituen, Frantziako errege zismatikoarekin bat egiteagatik haren borondatearen aurka.

Nafarroako konkista zuritzeko arrazoi eskas horiek dira agian Nafarroako instituzio tradizionalak eta foru sistema errespetatu izanaren “eragileak”. Baliteke, halaber, Nafarroako gudarostea “hitzarmen” eta “negoziazio” bide errenditu izana, konkista hura inguratu zuten gorabeherek baldintzatutako prozesu baten barruan. Zuhurtasunez igarotzen utzitako denboraldi baten ondoren, Gaztelako Koroak bere baitan bildu zuen Nafarroa (1515). Albreteko etxeko erregetza berrezartzeko saioak Noainen bukatu ziren, 1521eko ekainaren 30ean.

Handik hara Nafarroa Garaiak Gaztelaren nagusitasunera egokitu behar izan zuen. Bederatzi urte geroago, arrazoi politikoak eta estrategikoak bultzatuta, Nafarroa Beherea –mendiez haraindiko merindadea delakoa– alde batera uztea erabaki zuen Karlos V.ak.

Pirinioak Frantziaren eta Espainiaren arteko muga natural bihurtu ziren harrezkero.

 

Austriako Etxearen garaia

 

Zentralismoaren aurkako erresistentzia

Estatu modernoa nagusitasuna eta kontrola ezartzeko bokazio argiarekin sortu zen.

Prozesu horren barruan oinarrizko ideia bat zegoen: uniformetasuna. Argi zeukaten hori Errege-erregina Katolikoek beren politikan.

Horren adibide garbia da Gaztelan, Koroaren interesak zaintzeko, korrejidoreen bitartez ezarri zuten kontrola. Aragoien eta Nafarroan, berriz, errege administrazioak askoz ere eragin txikiagoa izan zuen kontzejuen autonomian. Bai Errege-erregina Katolikoak bai Austriako etxeko errege-erreginak berehala ohartu ziren Gaztela ez beste lurraldeetan zeuzkaten mugez. Monarkiaren kanpo arazoetarako politika Gaztelaren esku gelditu zen, eta, horregatik, handik aurrerako errege-erreginen gobernu programek Gaztelarako joera garbia erakutsi zuten.

Kontua da Aragoiko Koroaren erresumetan ez zela ez oligarkiaren sumisioa ez laguntza lortu, eta hasieratik izan zirela gorabeherak eta gatazkak. Austriako Etxearen pean estatuko erreinuek hain batasun urria izatea oligarkiak eta zenbait lurraldek Gaztelako absolutismoaren eta asimilazio politikaren mende erortzeko nahiezaren ondorio zen. Austrien monarkiak onartu egin behar izan zuen bazirela erakunde pribatu batzuk eskua eta autonomia zutenak, eta botere publikoari muga jartzen ziotenak.

Monarkiak amore eman behar izan zuen sarritan, eta etsi laguntasunik gabe.

Monarkia, Espainian, bi eratakoa zela esan liteke: monarkia absolutua Espainiaren sorgunean (Gaztelako Koroa), eta monarkia “itunzalea” Espainiaren periferian.

Gaztelan absolutismoa nagusitu zen, monarkiak egiten zituelako legeak eta Gorteek ez zutelako eragozpen handirik jartzen.

Gainerako erreinuetan, berriz, monarkiakezin zuen legerik egin Gorteak kontuan hartu gabe, eta lurralde horietan itunak egiteko joera nagusitu zen. Itunak izan ziren monarkiaren eta lurralde jakin batzuen (edo lurralde jakin batzuetako talde pribilejiatuen) arteko elkartasuna lortzeko bide nagusia.

Estatuko aparatuaren “gaztelartzeak” susmo txarrak sortu zituen. Are gehiago, periferiako lurraldeetan Gaztelaren kontrako sentimendua ernatu zen, estatua Gaztela aldera makurtu zelako sortzetik beretik, eta kargudun gehienak gaztelarrak zirelako.

Aditu batzuen ustez horretara, eta horretara bakarrik, mugatu zen estatuaren “gaztelartzea”.

Aditu horientzat beste gaztelartze hura –asimiliazio politika, Gaztelaren inperialismoa–, zuzenbidean, politikan eta erakundeetan uniformetasuna ezartzea helburu zuena, ameskeria hutsa da: XIX. mendeko historialari katalanen mamu bat, Elliotten arabera, edota XIX. mendeko historiografia liberalak eta erromantikoak haizatutako burutazio bat, edo historiografia eskola nazionalisten emaitza, beste batzuen arabera.

Horien ustez, beraz, gezurra da Gaztelaren aldetik halako jarrera gogorrik hartu zenik. Aitzitik, Austrien politikak begirune handia erakutsi zuen periferiako lurraldeetako egiturekiko.

Espainiako Koroa berehala ohartu zen Aragoi, Nafarroa eta beste zenbait lurraldetako politika eta gizarte egiturak aldatzea oso-oso zaila izango zitzaiola. Historiografia marxistaren arabera ez zen Koroa zapaltzaile potentzial bakarra. Zapalkuntza politikoaren balizko arriskuaz gainera, kontuan hartu behar zen zapalkuntza soziala ere. Agian, Koroa estamentu pribilejiatu jakin batzuen begietara baino ez zen ordenamendu partikularren etsai. Aragoiko legegintza tradizionalari buruz “konstituzioaristokratikoegia” duela dio Elliottek berak ere. Ikuspegi horren arabera, aginte taldeek bultzatu zuten Austrien monarkiarekiko mesfidantza eta foruen aldeko grina. Estamentu pribilejiatu horiek zorrotz kontrolatzen zituzten erakundeak, tradizioen azterketa sustatu zuten, eta “erreinuko kronikariak” izendatu zituzten, kronika edo historia liburu gutxi-asko sutsuak idatz zitzaten oligarkien interesen zerbitzura. Horrek guztiak bi ondorio nagusi izan zituen: tokian tokian, bertakoa izatearen sentimena areagotzea, eta bertako usadioei neurriz gaineko garrantzia ematea.

Eliteek zeinek bere lurraldeko berezitasunak, pribilejioak eta tradizioak defendatu zituzten. Estatuak arazoak izan zituen tokian tokiko boterearekin: alegia, tirabirak izan ziren estatu boterearen eta lurralde eta korporazio botereen artean. Errege-erregina Katolikoek antolatutako monarkiak, hasieran, begirunea erakutsi zien erreinu bakoitzeko ordenamendu juridiko bereziei.

Bazen halako aniztasun kontzientzia bat, eta erakunde batzuk ederki bizi ziren nahasteborraste horretan; erakunde horietxek ziren oligarkiak, ezin eramanik monarkiaren botere publikoa, bere burua defendatzeko erabiltzen zituen “baliabideak”. Aragoiko Koroan, Nafarroako Erresuman, eta Hego Euskal Herriko beste hiru lurraldeetan, monarkiak hainbat gauzatan amore ematea eta libertate zaharrak errespetatzea lortu zen, itunen sistemaren bidez.

Gauzak horrela, batasunaren (gobernu zentrala) eta aniztasunaren (tokian tokiko erakundeak) arteko dialektika horretan moldatu behar izan ziren Austriak. Halako tirabira bat zegoen batasunaren eta berezitasunen artean, gauzak berdintzeko saioen eta gauzak bereizteko joeren artean.

 

Karlos V.a

Nafarroa Gaztelaren mende egoteak atzerakorik ez zuela argi ikusi zenean, nafarrek bide berri bati ekin zioten, baita “nazio” kontzientzia galdu gabe ekin ere. Nolanahi ere, Gaztelaren aldetik, Nafarroarekiko mesfidantza ez zen berehalakoan desagertu, eta XVI. mendearen erditsua arte entzun ziren Nafarroa berreskuratzeko ekinaldiak prestatzen ari zirelako zurrumurruak.

1959an, Cateau-Cambresisen, Espainiaren eta Frantziaren arteko bake hitzarmena sinatu zenean, zer edo zer lasatu ziren mugako tirabirak, baina hala ere, bake giroa gorabehera, mugazaintza-eta ez ziren desagertu.

Bestalde, Pirinioak, hesi fisikoa baitira dudarik gabe, izaera berezia zutela erakutsi zuten, eta batzuetan Madrilen eta Parisen egiten zen politikari bizkarra emanaz bizi zirela ematen zuen. Mendialdeak mugaz haraindiko eta honaindiko jendeen elkargunea ematen zuen: partzuergoak, ibarren arteko federazioak, larreei eta transhumantziari buruzko hitzarmenak, elkarri ez erasotzeko akordioak eta kontrabandoa dira, besteak beste, alde bateko eta besteko nafarren arteko harreman estuen adierazgarri.

Gaztelako errege-erreginek ez zuten Nafarroako gobernuan, erakundeetan, erreformarik eragin konkista ondoko urteetan.

Bai Fernando Katolikoak bai Karlos V.ak foruei eutsiko zietela agindu zuten. Hala eta guztiz ere, Nafarroa Espainiako monarkian sartzeak aldaketa politiko batzuk ekarri zituen, nafarren nafartasunean edo “nazio” sentimenduan eragin gabe betiere, eta gobernu zentralaren ahultasuna agerian utziz tarteka. Karlos V.aren erreinaldian, Nafarroakoerregeordeak kezkatsu agertu ziren nafarren Austriekiko leialtasuna zela eta ez zela. Dena dela, Nafarroako foruak Espainiako monarkiaren gobernu zentralistara egokitzean tirabirak sortu ziren, Madrilen nahiak estropozo egin baitzuen Nafarroako agintarien erresistentziarekin. Hego Euskal Herriko beste hiru lurraldeen eta botere zentralaren arteko harremanetan ere tirabirak izan ziren sarritan.

1513rako bazen Nafarroan Inkisizio auzitegi bat, alegia, beste tresna zentralizatzaile bat. Ez alferrik, ortodoxiaren defentsa hutsa gainditzen baitzuen sarritan Inkisizioak.

1521eko inbasioaz gero, kolaborazionisten bila aritu ziren inkisidoreak. Are gehiago, hipotesi hau ere egin daiteke, alegia, 1527an Nafarroako sorginen aurkako erasoa pairatu zutenak agramondatarrak izatea. Ez da harritzekoa Koroak Inkisizioaren laguntza eskatzea beste bideek huts egiten zutenean. Ez da ahaztu behar Inkisizioa zela, muga politikoak eta tokian tokiko errejimen bereziak mesprezatuz, monarkiako lurralde guztietan esku hartzeko ahalmena zuen erakunde bakarra. 1521ean Nafarroako Inkisizio auzitegia Calahorrara aldatu zen, erresuma kanpotik kontrolatzeko, Gaztelatik. Inkisizioak antolatutako zaintzaile sarea eta bisita sistema izan ziren lurraldea kontrolpean edukitzeko eta “hedadura” geografiko egokia izateko erabili ziren bitarteko nagusiak.

Foruak zirela-eta arazoak sortzen zituzten lurraldeetan, Koroak monarkiaren zerbitzura erabili zuen Inkisizioa. Inkisizioaren jurisdikzioa zabaldu eta zehaztu beharra zegoen horretarako. Eta erlijioa politikaren zerbitzura jartzeak zera esan nahi zuen, erregeak ahalmen eta aginpide bera zuelaerreinu guztietan esku hartzeko, eta hori, noski, ez zen egia, lurralde bakoitzak bere foruak eta legeak zituelako. 1553. urteko errege zedula baten bidez Inkisizioak erabateko autonomia eskuratu zuen erreinuetako erakundeekiko. Pragmatika horrek mugatu egin zuen Inkisizioaren eta zuzenbide arruntaren arteko jurisdikzio markoa, baita Inkisizioari lehentasuna eman ere.

Nafarroan aplikatu zenean tirabira gogorrak izan ziren Inkisizioaren eta Nafarroako erresumaren artean: batetik, Inkisizioa politikaneta sartu zelako, eta, bestetik, Nafarroak Gorteetatik jasotzen zuen Zuzenbideari eutsi nahi ziolako. Inkisizio auzitegiak agintaritza arruntaren parean jarri ziren. Egoera hori oztopo handia izan zen erreinuetako gobernuentzat.

Foru berezia zuelarik Inkisizioak, gainerako jurisdikzioek ezer gutxi egin zezaketen haren kontra.

Foru errejimena zuten lurraldeetan arazo asko sortu ziren: eskumenak zirela, Inkisizioaren ordezkarien gehiegikeriak zirela, Inkisizioak heresiari buruzko delituetan ez ezik bestelakoetan ere esku hartzen zuela, eta abar. Arazoei konponbidea bilatu beharrez itunak egin ziren Inkisizioaren eta lurraldeen artean, zegozkien eskumenak argitzeko, Inkisizioaren ordezkari kopurua gutxitzeko eta haien gehiegikeriak mugatzeko.

Nafarroako Lege Bilduma guztietan – 1567, 1614, 1686 (Chavierrena) eta 1735 (Novísima delakoa)–, atalen batean, ematen da Inkisizioaren ordezkariek sortutako arazoen berri.

 

Felipe II.a

Karlos V.a hil ondoren, gaztelartze eta zentralizatze prozesua bizkortu egin zen. Felipe II.ak oraindik zorrotzago kontrolatu nahi izan zuen Nafarroa, Nafarroako erresuma Gaztelatik bertatik goberna zedin nahi baitzuen. Egia esateko, aspaldi hasia zen gaztelartze prozesua, 1512ko konkista burutu zenean bertan. Gobernu zentralaren eta Nafarroako erakundeen arteko tirabirek ez zuten azkenik izan. Eta zentralizazio gero eta handiago horri aurre eginez-edo, halako erreakzio “nazionalista” bat sortu zela ematen du. Nafarroako eliteak bere interes partikularrei edo “erresumaren eskubideei” kalte egin ziezaiokeen lege oro saihesten saiatu ziren. Forua hausten zuten ordenantzei “men egin bai, baina bete ez” printzipioa indarrean egon zen Nafarroa Gaztelara bildu zenez geroztik 1512an. Zangozako Gorteetako koadernoetan (1561) hainbat aldiz azaltzen da adierazpen aipatu berri hori: alegia, “obedecer y no cumplir”.

1561ean, Nafarroak, bere berezitasunei eutsi nahian, gobernu zentralak “foru baimena” onar ziezaion lortu zuen, eta, hala, eskubide horren bidez, errege zedula eta probisio guztiek Nafarroako Kontseiluaren onespena behar izan zuten baliodunak izateko.

Felipe II.ak ez zuen ezetzik esan. Esan beharra dago, gainera, Espainiako monarkiaren gobernu sistema polisinodiala osatzen zuten Kontseiluen artean Nafarroakoa zela egoitza Madrilen ez zuen bakarra. 1576an Diputazio iraunkor bat eratu zen Nafarroako erresuma gobernatzeko. Gorteek hutsune bat bete nahi izan zuten sistema horren bidez. Handik hara laidorik eta kontraforurik gerta ez zedin saiatu ziren nafar diputatuak.

Foruak eta erresumako legeak osoosorik gordetzeko xedeaz sortu zen Diputazioa, baita, besteak beste, Gorteek erabaki gabe utzitako auziak erabakitzeko ere.

Esan liteke, beraz, halako defentsa erreakzio bat izan zela gaztelaniartze gero eta handiago haren aurrean. Gero, aurreneko foru baimen hari beste bat gehitu zitzaion, zeinaren bidez Nafarroako Diputazioak eskua izan baitzuen errege xedapenek forua hausten ote zuten aztertzeko eta erabakitzeko.

Heresia prostestantea Frantziako hegoaldera zabaldu zenean, ikusirik Nafarroako erregina Joana II.a Albretekoak zer jarrera hartu zuen, Felipe II.ak zenbait neurri hartu behar izan zuen higanotak Espainiara sar ez zitezen. Muga zaindu, Inkisizioaren gurpila martxan ipini, eta eliz barrutien banaketa berrantolatu zuten. 1567an Nafarroako eta Gipuzkoako zenbait eskualde, artean Baionako elizbarrutian zeudenak, Iruñeko apezpikutegira aldatu zituzten. Hala, Iruñeko apezpikutegiak Nafarroako erresuma osoa hartu zuen, eta mendebaletik Deba ibairaino zabaldu zen. Erlijio muga geografia mugara egokitu zuten; Pirinioek markatzen zuten banalerroa. Arian-arian Frantziaren eta Espainiaren arteko banatzea eta bakartzea gauzatuz zihoan. 1583an Tuterako Gorteek nafartasuna ukatu zieten mugaz haraindiko merindadeko beheretarrei.

 

Olivaresen politika

XVI. mendearen erditsuan okerrera egin zuten Madril eta Iruñea arteko harreman berez tirabiratsuek. Olivares konde-dukearen politikak, zergak monarkiako lurralde guztietan berdintzen zituela-eta, haserrea piztu zuen han eta hemen. Zergak zirela, batetik, eta “Unión de Armas” proiektua –gudaroste guztiak batean biltzea eta nazio defentsan alde guztietako arma gizonek pate hartzea–, bestetik, altxamenduak izan ziren alde guztietan, Gaztelan izan ezik; aipagarrienak Kataluniako eta Portugalgo matxinadak izan ziren (1640). Zergak erreinu guztien artean banatzeak, erabateko mobilizazioaren aldeko politikak, eta Olivaresen ikuspegi zentralizatzaileak –Richelieuk Frantzian defendatzen zuenaren antzekoa–, horrek guztiak estropozo egin zuen Gaztela ez beste lurraldeetako foru errejimenarekin.

Berehala ikusi zen, ordea, planzentralizatzaile haiek bidera ezinak zirela.

Aragoi aldetik, adibidez, oso erresistentzia gogorra egin zen. Bizkaian, gatzaren monopolioa hara ere zabaltzeko agindua zela eta, sekulako iskanbilak sortu ziren 1631 eta 1634 artean, erabaki hark bertako forua hausten zuelako. Matxinatuen gorrotoa Jaurerriko jauntxoengana zuzendu zen, traidoretzat baitzeuzkaten Espainiako Koroarekin bat egin izateagatik.

Pirinioez iparraldera, antzeko prozesu bat gertatu zen, eta lurralde batzuek protesta egin zuten Richelieuk bertan ezarri nahi zuen zerga sistemaren kontra, “gabela” delakoaren kontra gehienbat. Gaskoinia eta Guyenne, ordu arte salbuetsiak, Frantziako zerga errejimenaren mende ezarri zituzten. Baionako altxamendua (1641), herri xeheak eragina, ondo adierazgarria da.

XVII. mendearen erditsua arte Frantziak ongi ikusi zituen Pirinio inguruko lurraldeetako berezitasun politikoak. Gero, baina, berehala hasi ziren dena zentralizatzeko eginahalean. Zergak handitzeaz gainera, Frantziako Koroak bere agintea sendotu eta erakundeen lana kontrolpean hartu nahi izan zuen lurralde haietan. 1650. urteaz gero argi geratu zen Borbon etxearen joera zentralizatzailea Pirinioez iparraldera.

Bien bitartean, Frantziaren aurkako gerra zela-eta, tirabirak izan ziren Nafarroan 1635etik aurrera. Olivaresek, bestalde, zergei eta gudarosteari zegokienez, areagotu egin zuen presioa Nafarroan. Oposizioa ez zen oso gogorra izan halere. “Unión de Armas” delakoan parte hartzea berez bezala etorri zen, eta eztabaidatu ere ez zen egin Gorteetan. 1637-1640 bitartean erregeordeek egin zuten soldadu bilketa, hori foruhaustea zela ziotenei jaramonik egin gabe.

Foruan oinarri hartuta, Nafarroako agintariek zioten inor erresuman sartzekotan baino ez zirela mugiarazi behar soldaduak.

Nafarrek uko egiten zioten erreinuaren mugaz kanpoko ekintzetan parte hartzeari.

Olivares kargutik kendu zutenean halako susperralditxo bat izan zuten Nafarroako erakundeek, baita bertako kontzientzia “nazionalek” ere. Argi geratu zen Nafarroako legeak eta erakundeak ez zirela ongi adosten Gaztelako Koroaren tradizio batasunzalearekin.

Hala ere, bitxia da 1640 eta 1653 bitartean Gaztela ez beste lurralde gehienetan matxinadak izatea, eta Nafarroan, aldiz, ez: ez banakuntzarako saiorik Portugalen edo Katalunian bezala, ez isilpeko jokaldirik Hixarko dukeak Aragoin edota Medina-Sidoniako dukeak Andaluzian egin bezala, ez herri matxinadarik Bizkaian bezala, ez zergen kontrako matxinadarik Sizilian eta Napolin bezala, edota iskanbilarik Andaluziako hirietan bezala. Izan ere, Nafarroak nahikoa arrazoi zituen kontra egiten hasteko, baina, hala ere, alde horretatik, garai hartako gertaera aipagarri bakarra Miguel Iturbe diputatuaren atxiloketa eta hilketa da (1647-1648). Iturbe konspirazio separatista baten buru izateaz salatzen zutenen biktima izan zen seguraski, baina, nolanahi ere, ez da salakuntza horren egiazkotasunaren inolako frogarik.

Frantziaren aurkako gerrak eta Kataluniako matxinadak ez dirudi eraginik izan zutenik Nafarroako erresumaren eta botere zentralaren arteko harremanetan. Gizonak gudarostera bidali behar izateagatik eta Koroak soldaduak biltzean forua hautsi izateagatik protestatu zuen bakarrik Nafarroak.Azkenik, Felipe IV.ak, gudagizonen zerbitzua bozkatzea eta erregulatzea Gorteeen esku uztea beste aukerarik ez zuen izan.

 

Foruzaletasun berria

Nafarroak eta beste foru lurraldeek oso Inkisizio ahaltsu bati aurre egin behar izan zioten XVI. mendean zehar. Baina hurrengo mendean gutxituz joan zen pixkanapixkana.

Inkisizioaren ahalmena Karlos II.aren erreinaldian azaldu zen batez ere ahultasun hori. Garai hartan areagotu egin zen foruen gaineko gatazka, eta Inkisizioa inoiz baino gehiago baliatu zen zentsuraz eta “bitarteko” kanonikoez aurre egiten zioten agintariak zafratzeko. 1640. urtetik aurrera askoz “senide” gutxiago izan zituen.

Gainera, bere forua defendatu beharrez, Inkisizioak egin zituen gehiegikeriak zirela eta, Koroaren lehengo laguntza mugarik gabea ere gutxitzen hasi zen. Handik hara Ofizio Santuak ezin izan zuen, ez lehen bezalako arrandiaz behintzat, bere pribilejio berezien erakustaldirik egin, eta eusten zion oinarri sozialaren zati handi bat galdu zuen horren ondorioz. Inkisizio barrutiaren antolakuntza edo zaindaritza sareak erabateko gainbehera zeraman ordurako. Inkisizioaren eroraldia garrantzi handiko bestegertaera batekin bateratsu etorri zen. XVII.. endearen bigarren erdian nolabaiteko oreka gorde zen koroa eta erreinu desberdinen artean, monarkiaren egitura politikoaren ikuspegitik begiratuta behintzat.

Kontua da, oraindik ongi ezagutzen ez den deszentralizazio prozesu baten bidez, zuzpertu egin zirela Gaztela inguruko lurraldeetako foruak eta legeak. Zuzperraldi hori gertatu zen prozesuari foruzaletasun berria esaten zaio. Bi ondorio nagusi izan zituen prozesu horrek: periferiako lurraldeak bizkortzea, eta gobernu zentralaren eta Nafarroaren arteko tirabirak gozatzea. Giro hartan kokatu behar dira Moreten Anales (1684) argitalpena, Nafarroako Foruaren inprimatzea (Chavierren lege bilduma, 1686), Nafarroako Diputazioak errege xedapenak Kontseiluak baino lehen aztertzeko ahalmena eskuratzea foru hausterik-edo egiten ote zen jakiteko (1692), eta baita Gipuzkoako Foru bilduma ere (1696).

Testuinguru horretan sartu beharko litzakete 1696ko Biltzar Nagusia –monarkiako Kontseiluetako bina kontseilariz osatua–, zeina Inkisizoak egiten zituen gehiegikeriak aztertzeko elkartzen baitzen. Inkisizioari aurre egiten zioten epaileak laguntzea zen kontua, ez zitezen “aurkari” gisa tratatu eta ez zezaten Ofizio Santuaren ohiko eskumiku beldurgarrik jaso.

 

Borbon etxea

 

“Nueva Planta”-ko dekretuak

Espainiako Erregetzarako gerraren ondoren (1701-1714), Borbon dinastiak, agintea eskuraturik, estatu eredu bateratua bultzatu zuen; horrek hautsi zuen foru erkidegoen eta monarkiaren arteko oreka, herriaren eta erregearen arteko kontratu edo itunaren ideian oinarritzen zena. “Gaztelako estiloaren eta legeen arabera”-ko integrazio politikoa lortzeko prozesu hura, Olivaresek hasia, Borbondarrek burutu zuten, legeak eta administrazioa bateratzeko neurri gogorrak ezarriz.

“Nueva Planta”-ko dekretuaren bitartez deuseztuak gertatu ziren Aragoiko Koroaren foruak, ez ordea Nafarroako erresumakoak, Bizkaiko Jaurrerikoak eta Gipuzkoako eta Arabako probintzietakoak; lurralde horiei Borbon dinastiaren alde eginak lagundu zien foruak gordetzen. Nafarroako Diputazioak 1700. urteko azaroan onartu zuen Karlos II.ak Felipe V.aren alde egin zuen testamentua. Borbondarrei leial egon ziren nafarrak, austriar hautagaiaren aurka, baita gerrako une latzenetan ere, 1706 eta 1710.. rteetan Nafarroari eraso egin ziotenean.

Nafarroako merkatari handiek, zeinak salgaien esportazio-inportaziotik bizi baitziren, Borbon etxeko erregea nahi zuten Espainian, negozioak hobetuko zirelakoan. Borbon etxeko erregea izateak Frantziaren eta Espainiaren arteko harreman bakezkoak bermatuko zituenez, bazuen horrek garrantzi handiko ondorio bat: zerga militarrak ordaindu beharrik ez izatea. Espainiako Erregetzarako gerra zela eta, Nafarroak laguntasun handia –eta oso garestia– eman zion Felipe Anjoukoari. Nafarroak –batez ere Aragoirekin muga egiten duten herriek eta Tuterako merindadeak–, bere gordinean pairatu zituen gerra eta gerraren ondorioak: harrapaketak, hondamendia eta abar.

Erresumari, gainera, kalte handia egin zion gizonak soldadu joan beharrak, gudarosteari ostatu eman beharrak eta zergak ordaindu beharrak. Eta hori guztia Gorteen eta Diputazioaren protestak gorabehera, prozedura horiek erresumaren legeen kontrakoak baitziren.

 

Aduanak lekuz aldatzea

Nafarroak dinastia berriaren alde egin zuen, baina horrek ez zuen XVIII. mendean monarkiarekin tirabirak izatea galarazi. Alderantziz, mende horretan, Nafarroako erakundeak zirela eta, tirabira ugari izan zen. Nolanahi ere, batzuetan, Borbondarren erreformismoa ez zen oso sendoa izan bereerabakietan. 1717ko dekretuaren arabera aduanak kostaldera aldatzeko agindua da sendotasun falta horren adibide garbia.

Nahitaez bete beharreko neurri horrek aduanak lehorretik (Balmaseda, Urduña eta Gasteiz) itsasaldera (Bilbo, Donostia, Irun) aldatzea ekarri zuen. Erabaki horrek berehala izan zuen erantzuna, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoako mendebalean: 1718ko matxinada. Aduanak lekualdatzeak batez ere nekazariei egin zien kalte, erabaki horrek laborearen eta itsasoz inportatu ohi ziren oinarrizko beste gai batzuen salneurria goratu baitzuen. Hain zuzen ere nekazariak eta herribilduetako gizatalde xeheak matxinatu ziren jauntxoen aurka, eta traidoretzat jo zituzten, gatzaren matxinadan (1631-1634) bezala. Matxinada zapaldu ondoren, lehengo lekura eraman zituzten berriro aduanak, barnealdera. Gauza bera gertatu zen Ebro ibaiaren parean ezarritako aduanekin. Lehenbizi, 1717an, Nafarroako Pirinioetara aldatu zituzten, eta gero, 1722an, atzera lehengo lekura; aduanak lekualdatzen ibiltze hori akats politiko larria izan zen. Honela zioen Felipe V.ak 1722ko abenduaren 16ko Errege Dekretuan: “Erabaki dut, 1717ko abuztuaren 31ko eta 1718ko abenduaren 31ko dekretuetan berriz planifikatu eta, Nafarroako erreinuan, Bizkaiko Jaurerrian eta beste probintzietan, itsasoko portuetara eta dagozkien beste mugetara aldatu ziren aduanak lur barruko lehengo igaro lekuetara itzultzea”.

Borbondarrekin ere soldadu eta diru bilketa Gorteen eskubide zela aldeztu zuten nafarrek, izan ere, Karlos III.ak eta Karlos IV.ak presio handia egin baitzuten nafarrak soldadu joan zitezen eta zergak ordain zitzaten. Soldaduak biltzeko 1772an ezarri nahi izan zen sistema berri hark –soldadugai bilketa urtero egitea– aurkako jarrera gogorra eragin zuen Nafarroan. Aitzitik, zergak zirela-eta, Gorteak behin baino gehiagotan makurtu ziren errege-erreginen esanetara XVIII. mendean zehar.

Neurri batean errege-erreginek hala nahi izan zutelako jarraitu zuten Nafarroako Gorteek aginpidea izaten. Espainiako errege-erreginek ez zituzketen zenbait konstituzio aldaketa egin izan Nafarroako Gorteen onespenik gabe. Beraz, errege-erreginek Gorteak deitzen eta, haien gogoz kontra bazen ere, instituzioaren ahalmena luzatzen jarraitu zuten. Hala ere, XVIII. mendearen erdialdetik aurrera instituzio hari nagusitasuna kentzen saiatu zen monarkia.

Ez ziren oso neurri gogorrak hartzen ausartu, baina ez zituzten onartu kontraforuak eta uko egin zioten Gorteen eskariak onartzeari.

Aitzitik, Diputazioa asko indartu zen, Koroak hala nahi izanda, nahiago baitzuen harekin negoziatu ezen ez hiru Estatuekin.

Esan liteke Koroak XVII. mendeko krisian galdu zuen lehentasun hura berreskuratzensaiatu zirela Espainiako Borbondarrak.

XVIII. mendearen lehenengo erdian monarkiak tinko eutsi zion bereari ohiko liskarbideetan, alegia, soldadu eta diru bilketaren auzian. Gainerakoan, tolerantziaz jokatu zuten Nafarroako autonomiarekin.

Aipatu da goraxeago aduanak aldatzeko saioak nola huts egin zuen; Bizkaian eta Gipuzkoan oso protesta gogorrak izan ziren proiektu hura gauzatzea tradizioen eta foruen kontrakoa zelako. Aurrera atera izan balitz euskal herritarrek zerga handiagoak ordaindu behar izango zituzten. Nafarroan, aldiz, bitxia da, baina neurri berbera ezarri nahi izanagatik ez zen matxinadarik izan, agian oreka handia zegoelako aduanak aldatzearen alde zeudenen eta aldatzearen aurka zeudenen artean. Fernando VI.ak eta Karlos III.ak berriro proposatu zieten Nafarroako Gorteei –1757an eta 1780an–, aduanak aldatzea, baina bietan atzera bota zen proposamena. Aduanak Ebro ibaiaren lerroak mugatu zituen 1841. urtea arte.

 

Nafarroa uhartea

XVIII. mendean foruak errespetuz begira zitzaten lortu zuen Nafarroak Espainian, baita “Nueva Planta”-ko dekretuak sortu zituen zalantzak desagertzea ere. Izan ere, dekretu horrek deuseztu baitzuen Aragoiko foru sistema. Mende horren bigarren erdirako ikusi zenez, Nafarroaren berezitasun politikoa uharte bat zen, zentralismoaren uhinek astindutako itsasoaren erdian bakarrik.

Ilustratuek eta erreformazaleek ez zituzten onartzen ez foruak ez tokian tokiko berezitasunak, eta haien iritziz bai foruak bai instituzio autonomoak eragozpen ziren hain beharrezkoak ziren erreformak egiteko.Nafarroan, erresumako agintariek bertako erakundeen eta legeen aldeko idazkiak eta alegatuak egitea bultzatu zuten.

Soldaduzkari dagokionez, alferrik protestatu zuen Diputazioak, 1772an, urteroko soldadutza deialdia Nafarroan ezartzearen kontra. Soldadugaiak deitzeko sistema berri horrek halako haserrea piztu zuen Hego Euskal Herriko herritarren artean, non Nafarroan eta beste hiru lurraldeetan ez baitziren oso zorrotzak izan hura indarrean jartzean.

Nafarroako Gorteak ez ziren, ez, oso manukorrak, sarritan argi frogatua zuten bezala. Karlos III.ak alde batera utzi nahi izan zituen, eta horretan saitu zen, ahal izan zuen guztietan behintzat. Baina berehala ohartu zen, aldaketa erradikalak sartzeko, Gorteak kontsultatu gabe errege zedulen bidez gobernatzea ez zela inondik ere biderik eraginkorrena. Godoyk oso jarrera gogorra hartu zuen Nafarroako foru sistemaren aurka, eta hala, 1796an, Errege Zedula bat argitaratu zen “foru baimena” deusezteko, baina ez zen oso zorrotz bete nonbait.

Argi dagoena da Nafarroako foruek krisialdi latza igaro zutela 1796-1980 bitartean.

Egia da Nafarroako erresumak beste edozein lurraldek baino gehiago eutsi ziola bereari Borbondarren zentralismoaren aurrean, XVIII. mendeko errege-erreginen mugimendu erreformazale eta bateratzailearen aurrean, eta foru kantonamendu guztiak deusezteko joeraren aurrean. Nafarroak bere bideari segitu zion, tirabirazko eta orekazko aldien artean, harik eta 1841ean “lege paktatua” delakoa –jatorriz “Ley de modificación de los fueros”, alegia Foruak Aldatzeko Legea deitua–, diktatu zen arte, foru sistema Espainiako konstituzio liberalera egokitzeko egin baitzen lege hura.