Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia»Erdi aroa - Gizartea

Bandoen arteko borrokak

Bizkaiko leinu nagusien gutxi gorabeherako kokagunea (J. A. García de Cortazar).<br><br>

?Bandoen arteko borroka? esan zitzaien Euskal Herriko nobleek Azken Erdi Aroko mendeetan izan zituzten liskarrei.

Nolanahi ere, hori baino askoz gauza konplexuagoa izan zen. Ez zen bakarrik izan nobleen arteko gatazka bat, oñaztarren eta ganboarren artekoa, gizonen gaineko eragin handiagoa nork izango, errenta berriak nork eskuratuko,?, orobat izan zen liskar multzo bat, elkarren artean oso desberdinak ziren gizarte taldeak aurrez aurre jarri zituena, bai nekazaritza ingurunean eta bai hiribilduetan, eta Erdi Aroaren amaierako gizarte gatazkaren era askotako aldeen erakusgarri izan zena.

Borroka horiek aztertzeko, garai hartako dokumentuez gainera, badago gertakizun haien kronika bat gatazka hartako protagonista batek kontatua. ?Libro de las Bienandanzas e Fortunas? du izena kronika horrek eta Lope García de Salazarrek idatzi zuen. Gizon hori Bizkaiko ahaide nagusia zen eta pozoitua hil baino urte batzuk lehenago idatzi zuen liburu hori, Somorrostro haraneko San Martín de Muñatoneseko bere dorretxean, bere semearen aginduz preso zegoela. Bere kontakizunean, ahaide nagusi horrek esaten du liskar horren arrazoi nagusia andak eramateko erari buruzko eztabaida izan zela: sorbalda gainetik edo goitik (ganboa) eraman behar ziren, edo eskuan, behetik, (oñaz). J. Caro Barojak esan zuen bezala, borroka horien sorburu ziren arrazoien hutsalkeria adierazten duen tradizio hori gutxietsi gabe, soilik Labayruk esan zuen, XIX. mendearen bukaeran, borroka horien jatorria ?nor ote zen gehiago? ahaide nagusi horrek hainbestetan aipatu horretan zetzala. Handik mende erdira, J. C. Barojak berriz heldu zion argudio horri ahaide nagusien arteko liskarren jatorriaren eztabaida ororen oinarri gisa, eta J. A. García de Cortázarrek argudio hori bi eratara ulertzea proposatu zuen, ?batetik, errenta eta gizon kopuru gisa, eta, bestetik, balio, kemen eta ohore kopuru gisa, bestea bezain kopuru neurgarria izaki garai berekoentzat?.

Gatazka horren jatorriaren eta kausen argibideak eman nahiak liburu asko sorrarazi ditu eta era askotako interpretazioakproposatu izan dira horri buruz. Horrela, J.

L. Banús y Aguirrek, erromatarren aurreko garaian kokatzen du alderdi bien zatiketa, barduliarrek eta karistiarrek, abeltzainak lehenak eta nekazariak bigarrenak, Gipuzkoako lurretan bizileku hartu zutelarik.

Alfonso de Otazuk, berriz, hau esaten du: ?ahaide nagusien borrokek asko dute lurralde hartako lur garaietan bizi ziren artzainen eta abeltzainen herri baten ?oñaztarren? eta kostaldean bizi zen merkatari eta marinelen herri baten ??itsas jendea?, Lope García de Salazarrek ganboarrei esaten zien bezala? arteko liskarretik.? Guztiarekin ere, aipatu ditugun autore horiek ahaide nagusien borroken jatorriaz ematen dituzten hipotesiek oinarri-oinarrizko gako batzuk eskaintzen badizkigute ere, azken biek batez ere, gatazka haren azalpen oso baten baitan sartu behar dira. A.

Otazuk esana zuen Euskal Herriko ahaide nagusien borrokek jaunen eta nekazarien arteko borroka estaltzen dutela; E. Fernández de Pinedoren ustez, borroka haiek zerikusia zuten zailtasun ekonomikoak zituen garai hark, Errekonkistaren gelditasunak edo diruaren debaluazioak nekazariengan, elizgizonengan edo jaunen klaseko beste kide batzuengan sortua zuen gabeziarekin.

Izan ere, ahaide nagusien arteko borrokak areagotu egin ziren nagusi zen taldearen zailtasunak larritu egin zirenean, euskal nobleziako familia taldeen errenta mailak behera egin zuenean eta gizarte osoak XIV. mendeko beheraldiaren ondorioak jasan zituenean. Egoera horren baitan kokatu behar da alderditan bildu ziren leinuen jarduera; alderdi horiek modu jakin batera kokatuta zeuden geografiaren aldetik eta elkarren kontrako interes ekonomikoak bide zituzten, baina, aldi berean, elkarri aurre egiteko gauza ziren, bai alderdi berean eta bai leinu berean ere, dela eliza baten zaindaritza eskubideagatik, burdinola batengatik, nekazarien errentagatik, udaleko ofizioengatik? Baldin eta ?ahaide nagusien borroka? ulertu behar bada zentzu zabalean eta Azken Erdi Aroan Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian izan ziren gizarte gatazken aipamen gisa, E. Fernández de Pinedok proposatuzuen bezala; baldin eta onartzen bada gizarte gatazka piztu zuten arrazoiak XIV.. endeko ekonomia beheraldiak sortu zituela, eta bereziki nagusi ziren taldeek beren errenta mailari eusteko edo maila hori gehitzeko erabili zituzten bideek; ez da gelditzen, azkenik, ahaide nagusien borrokak berak bere baitan biltzen dituen liskar mailak definitzea eta liskar horien bilakaerak eta ondorioak euskal gizartearen bilakaeran izan zuten eragina zehaztea baizik. J.

A. García de Cortázarrek hiru gatazka mota bereizi ditu egoki oso: lehena, nekazaritza inguruneko nobleek beren nekazariekin zuten gatazka, gehiagotua baitzuten nekazariei eskatzen zieten zerga kopurua XIV.. endeko beheraldiak eragin zizkieten kalteen ordainetan; bigarrena, noble horiek berek gizarte eta ekonomia baldintza berriak aldezten zituzten hiribildu eta hirietako biztanleekin zutena; hirugarrena, azkenik, nekazaritza giroko nobleek beren artean zutena.

Baina gatazkak definitze horrek, ordea, ez digu ahantzarazi behar beste liskar batzuk ere bazirela horietako gatazka bakoitzari loturik ?hirietako leinuak nekazarien kontra, hiribilduak beren lurren kontra, hiribilduetako leinuak inguruetako beste hiribilduetako edo nekazaritza inguruneko leinuen kontra, hirietako leinuak herriaren kontra, hermandadeak ahaide nagusien kontra nekazaritza ingurunean eta hiribilduetan??, eta horietako liskar bakoitzak jakinarazten digu nagusi ziren taldeek, landa giroan nahiz hiribilduetan, zer bide erabili zituzten gizartean zuten goi maila mantendu edo goratzeko. Jarraian, saiatuko naiz gatazka horien ezaugarriak eta bilakaera zehazten, jaunen erasoaren ikuspuntutik lehenengo eta jaunen aurkako jazarraldiarenetik gero.

 

Jaunen erasoa

1300 inguruan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko familia nobleek ziurtatua zuten beren nagusitasuna ohiko bideei esker: ondareak kontzentratzea ezkontza bidez eta lurrak, auzo lurrak edo burdinolak indarrezhartuz, indarrez kenduz edo erosiz. Errentak ugaritu egin zituzten, lur landuei beste lur batzuk erantsiz, burdinoletan berrikuntza teknikoak sartuz eta salerosketaren bidez, bai orobat Errekonkistan parte hartuz.

Noble talde hori oso heterogeneoa zen, gizon aberats gutxi batzuk nabarmentzen zirela ?Haro, Velasco, Mendoza, Aiala, Gebara, Salazar, arabarrak ia denak eta Gaztelako gortean eragin handia zutenak?, baina gehienak noblezia txikiko familiak ziren, eta familia horietatik sortu ziren leinuetako ahaide nagusiak, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian. XIV. eta XV. mendean leinuak elkarren aurkako bi alderditan bildu ziren: oñaztarrak eta ganboarrak.

Leinu bakoitzak, I. Arocenak eta Caro Barojak esan duten bezala, talde jendetsu bat biltzen zuen, ahaide nagusi bat buru zutela. Ahaide nagusi hori orobat zen leinu horretako familia nagusiko buru, eta familia horren oinetxeak eta dorretxeak, arbaso komun batek sortuak, eta oinetxearen toponimoari zegokion deiturak izena ematen zioten leinuari edo leinu multzoari.

Beren ondasunez eta gizonengan zuten eraginez, leinu horietako kideek leinua goratzen laguntzen zuten, betiere ahaide nagusiaren esanetara, hura baitzen familiaren ondarea defendatu, administratu eta gehitzeko ardura zuena, eta haren aginduz hasten baitziren gerran leinuko eta leinu senidetuetako kide guztiak.

Leinuetan biltzen ziren ez bakarrik maila desberdinetan odol loturak zituztenak, baita ere taldeko edo bakarkako mendetasun lotura zutenak ere. Horietako lotura baten bidez elkartutako batzuk menia eginak zeriztenak ziren, gerran borroka egitearen ordainez ahaide nagusiaren babesa izaten zutenak. Babesa izaten zen beste lotura mota bat, babesaren truke babestuak dirua eman behar izaten zion ahaide nagusiari, eta normalean indarrez ezarritako kopurua izaten zen. Azkenik, ahaide nagusiari lotuta egoten ziren baita ere justiziatik ihesi babes bila zebiltzanak, nekazariek eta hiribilduetako jendeek salatutako indarrezko ekintzen egileak, alegia.

Demografiaren beheraldiak eta beheraldi horren ondorioek, Errekonkista gelditzeak, diruak izan zituen gorabeherek, nekazariak pobretzeak, etab., kalte handia egin zieten jaunen errenta iturriei. Ahaide nagusiek eskura zituzten baliabide guztiak erabili zituzten beren errenta mailari eusteko eta errenta berriak eskuratzeko. Jaunek beren arazoak nola konpondu nahi zituzten erakusten zuen lehen ekitaldietako bat Arriagako kofradiaren desegitea izan zen.

Arriagako edo Arabako Kofradia zeritzan jaunen erakunde hori, bere baitan Arabako aberatsak eta aitoren semeak biltzen zituena, 1322an desegin zen.Bilkura haren ondoren egin zen agiriak erantzunen lehen bilduma bat jaso zuen.

Erantzun horien helburu nagusia jaunek aldez aurretik zituzten pribilejioak gordetzea izan zen, eta, bereziki, salbuetsiak zirela onartua izan zedin, alegia, legearen aldetik zuten estatus pribilejiatua mantentzea.

Bigarren helburua nekazariak beren lurretara atxikitzea lortzea izan zen, erregearengandik lortu baitzuten jaunen lurretatik ihes egiten zuten nekazariak esesteko eskubidea, Arabako aitoren semeek luzaroan iritsi nahi izan zutena eta Alfontso X.ak 1258an ukatua. Azkenik, mendia eta basoa ustiatzeko eskubide berriak lortu zituzten, bai eta burdinolak ustiatzeko monopolioa ere, aurreko eskubide horien ondorio zuzena baitzen. Bilduma horretan agertzen ez bazen ere, aipatutako erantzunak bezain garrantzitsua izan zen jaunak gauza askotan ados ez zeudela agerian gelditu izana, errentak jaitsi ahala ezadostasun horiek areagotu egin baitziren, bai eta talde desberdinen arteko norgehiagoka ere, azkenean aberatsek, odolezko loturen bidez elkarri oso atxikiak baitziren, talde barruko mailaketa bat indarrez ezarri zutelarik, Arabako aitoren seme txikiak bertan behera utzirik.

Beste noble taldeek antzeko baliabideak erabili zituzten Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan XIV. mendean. Baliabide horiekin batera, XIV. mendeko azken hogeita bost urteetatik aurrera oinordekotza erabili zuten batez ere, hala, ?que el linage que desciende e descendiere de aqui adelante ?Pedro González de Mendozak zioen bezala? sea mas rico e mas onrrado e aya mejor en que se mantener et porque por el departimiento del patrimonio se menguan e perecen muchas veces los linages, por ende nos queriendo que el nuestro linage non semengue nin se consuma por esta razon??.

Baina nobleek egin zituen ahaleginen helburu nagusia errenta berriak bilatzea izan zen, horretarako hiru diru iturri nagusi izan zituztelarik: koroari eginiko zerbitzuen truk erregeak emandako sariak, hiribilduetan bizileku hartzea eta, beraz, ekonomia baliabide berrietatik hurbilago egoteko aukera eta nekazariei egiten zieten presioa gehitzea.

Jauntxoen klaseko kide goi mailakoenak erregeari atxikita egoteak etekin handiak ekarri zizkien. Arabako aberats haiek S. de Moxók noblezia berria izendatu zuen horren ordezkari berezkoak ziren; Gaztelako erregeek oso begiko izan zituzten mende batez, erregeengandik opari asko jaso zituzten dirutan eta bereziki lurretan, eskubideetan, gizonetan eta eskumenetan.

Dohain eta opari horien bidez, jaun horiek ez bakarrik ugaritu zituzten beren diru sarrerak, areagotu zuten orobat beren eragina eta aginpidea Euskal Herrian ?Araban, adibidez, erregeek lurraldearen %80 nobleei eman zieten?, eta koroaren mendeko beste lurralde batzuetan.

Ez dira saihestu behar erregeak sortu zituen zerga berrietatik zetozen nobleen diru sarrera berriak. Erregeak zergak igo izana jaunen interesen kaltetan izan zen, batak zein besteek zergadun berengandik hartzen baitzituzten errentak. Bataren eta besteen elkarren kontrako intesen arteko gatazka hori konpontzeko, erregeak zerga jakin batzuk eman zizkien jaunei, barruti jakin bateko alkabala zergak, bereziki; erregeak zergarik eman nahi ez bazien, jaunek indarrez kentzen zizkioten zerga horiek koroari. Alkabalari dagokionez, hura baitzen Gaztelako monarkiaren diru iturri nagusia, jaunek, laiko zein elizako, zerga horri soldaten bidez ateratzen zizkioten etekinak.

Nekazaritza inguruneko nobleziaren zati batek hiribilduetan bizileku hartzea erabaki zuen, eta bizileku hartzearekin batera merkataritzatik, burdinoletatik eta administrazioan lan egitetik zetozen diru sarrerak beretu nahi izan zituen. Ondo ezaguna da Lope García Salazar lehenak bere semeari eman zion aholkua, ?desiendole que se avaxase a la mar quanto podiese, ca en ella fallaria siempre conducho?; gure ustez García de Salazarrek merkataritza eta meatzaritza aipatzen zituen esaldi horretan, XV.. endean bi jarduera horiek garapen handia izan baitzuten, eta Salazartarrek mearen monopolioa baitzuten Somorrostron, leinu horrek bizilekua zuen oinetxean. Era berean, bere kontakizunean, Lope García de Salazarrek kontatzen du nola kostaldeko hiribilduetako leinu nagusietako kideek sari gisa, erosiz edo indarrez harturik kargu jakin batzuk beretu zituzten: alkate, ibar jaun, preboste, elizako errenten hartzaile, etab.

Baina nekazaritza inguruneko nobleziaren zati batek hiribilduetan bizileku hartu izanak eragin handia izango zuen, dudarik gabe, etorkizuneko gizartean eta politikan.

Prozesu hori XIV. mende laurdenetik erdira azkartu bide zen, eta leinuetako buru batzuk izan zituen eragile, eta, bereziki, jatorrizko oinetxetik bota zituzten noblezia txikiko familietako bigarren mailako kideak, nekazaritza ingurunean izan zituzten liskarrak hiribildu barrura eraman zituztelarik.

Noble horiek hiribilduetan bizileku hartu eta ekonomia jarduera berrietan lehiaz parte hartzearekin batera ?Legizamondarrak Bilbon, Iruñatarrak Gasteizen?, pixkanakapixkanaka etorri berriek hiribilduetako familia nagusiekin bat egin zuten, eta era horretara, edo erosketaren edo oparien bidez hiribilduko familia horiek noble maila iritsi zuten ?Arbolantxa Bilbon, MaturanaGasteizen?. Nekazaritza girotik etorritako noble horien presentzia berehala nabaritu zen hiribilduetako udaletan, hainbesteraino non batzuetan bai baitzirudien kausaondorio harreman bat zegoela haien bizileku hartzearen eta udalbatzen kontrolaren artean. Nolanahi ere, XIV. mende bukaeraz geroztik garbi ikusten zen talde oligarkiko bat osatzen ari zirela, aginpidean iraungo zuena, ez bakarrik XV. mendean, baita hurrengo mendeetan ere. XV. mendean zehar, hermandadeetan buru zeudenez, hermandadeen garaipenari esker noble horiek eragin handia izan zuten Batzar Nagusietan.

Guztiarekin ere, jaunek gehien erabili zuten baliabidea nekazariei presioa egitea izan zen, ordainketa derrigortuaren tasa gehitzea, alegia, eta hura izan zuten, ziur asko, epe laburrera eta epe erdira diru iturburu nagusia. Presio hori bi eratakoa izan zen: ohiko zergak eta errentak igotzea eta zerga eta errenta berriak indarrez ezartzea. Lehenengo kasuaren adierazgarri, aski da Oñatiko konderriko eta Leintzeko lurretako adibideak aipatzea, jaunari dirutan aspalditik ordaindu behar izaten zizkioten kopuruak hauek zirela:?veynte e quatro mrs..  otros treinta e siete de la moneda vieja?, eta lehenengoak bihurtu zirela ? en un florin de oro de la ley e cunno de Aragon e por los dichos treinta e siete, una dobla de oro de la banda castellana?, zeren eta, kondearen iritzian, kopuru hura kalkulatu zenean ?fue e era muy baxa, porque era çierto que a la sazon que se comenzaron a pagar los dichos mrs. de moneda vieja cada mr. era de plata, a lo menos de valor de un sueldo??.

Baina nekazariek ez bakarrik ohiko zergak garestiago ordaindu behar izan zituzten.

XIV. mende erdialdeaz geroztik, lehenengo dohainak hartzearekin batera, jaunek lanaren bidez ordaindu beharreko zerga berriak eta gauzetan eta dirutan ordaindu beharreko errenta bereziak ezarri zituzten, eta horiez gainera, erregeari kendutako zergak neurriz gain biltzen zituzten, jaunen monopolioak garatzen zituzten, jaunaren lurrak errentan indarrez hartzera behartzen zituzten nekazariak, azienda eta lehen emaitzak lapurtzen zituzten, ordu arte komunitateek ustiatzen zituzten auzo lurrak indarrez beretzen, etab? Bide horietako bakoitzari buruzko lekukotasunak oso ugariak dira hiru lurraldeetan, eta nekazariek salatzen zituzten ?los agravios e synraçones? e tomas? e fuerças?e otros desafueros?, orain arte adierazi dugun jatorri eta helburu bera zutenak.

Jauntxoek berehala jo zuten indarkeriara, ez bakarrik nekazarien kontra, baita elizgizonen, hiribilduen eta beren parekoen kontra ere. Leinu eta nobleen alderdien arteko borroka, oñaztarren eta ganboarrenartekoa, beren klasekoei ondasunak kentze hura, alegia, ez zen, beraz, interpretazio horretan, beren errenten jaitsiera konpontzeko beste bide bat baizik, beste katebegi bat besterik ez gizartean zuten nagusitasunari eusteko sortu zituzten borroken katean.

Gertakizun odoltsuen katea, Lope García de Salazarrek zehatz-mehatz kontatua, Euskal Herri osora zabaldu zen, haran bakoitzera, eskualde bakoitzera, lurralde bakoitzera eta batez ere Gipuzkoara eta Bizkaira, agian Arabako jaun handien interesak ez zeudelako haien jatorrizko jaurrerietan bakarrik, areago ordea beste lurralde batzuetan eta beste jarduera batzuetan. Aitzitik, Bizkaiko eta Gipuzkoako jaunek beren lurrak eta beren ondasunak zituzten diru iturri bakar, eta ez beren mendekoen kopurua, eta ez hartzen zituzten errentak ziren Arabakoenekin konparagarriak. Oñaztarren eta ganboarren arteko borroka nagusiak ahaide nagusi garrantzitsuenei zegozkionak ziren: Aguraingo kondearen eta Oñatiko kondearen arteko borroka, Abendañotarren eta Mujika-Butrondarren artekoa, Salazartarren eta Marroquinestarren artekoa, Olasotarren eta Lazkanotarren artekoa, Baldatarren eta Loiola-Enparandarren artekoa, etab.? Nolanahi ere, borrokak izan ziren baita ere aipatutako leinu horien eta beste leinu maila apalagokoen artean ?Aialatarrak Ospinestarren kontra?, bai eta leinu bereko kideen artean ere. Gaztelako noble batzuek ere esku hartzen zuten, zuzenean edo zeharka, borroka horietan ?gogora bedi Haro eta Trebiñoko kondeen arteko liskarra?; beste batzuetan, borroka horiek probintzia bakoitzaz haraindi zabaltzen ziren, esate baterako, Abendañotarrek eta Aialatarrek Orozko harana nork beretuko egin zuten borroka, edo Lazkano, Gebara eta Aialaren arteko borrokak Gipuzkoako eta Arabako ekialdeko lurrak beretzeko.

Borroka horiek batzuetan aurrez aurreko guduak izaten ziren, baina gehienetan matxinadak, iskanbilak eta zigorrezko edo mendekuzko erasoak izaten ziren, erreketak, lapurretak eta hilketak egiteko helburua zutenak eta talde txikiek eginak; borroka horiek izaten ziren, gainera, odoltsuenak.

Ahaide nagusien borrokak ez ziren nekazaritza ingurunean bakarrik izan, hiribilduetan ere izan zen borrokarik. Noblezia txikiko leinuek hiribilduetan bizileku hartu zutenean harresi barrura ekarri zituzten landako liskar, gatazka eta elkarren arteko ezinikusiak. Hiribilduek, beraz, ahaide nagusien borrokan parte hartu zuten eta borroka horien ondorioak jasan behar izan zituzten: Arrasate, Otxandio, Gernika eta Mungiak, adibidez, ahaide nagusien erasoak jasan behar izan zituzten. Nolanahi ere, era askotako loturak izan ziren ahaide nagusien eta hiribilduen artean: batzuetan, I.

Arocenak dioen bezala, lotura berezi bat zegoen hiribildu baten eta ahaide nagusi baten artean ?Baldatarrek Azkoitiarekin, Olasotarrek Elgoibarrekin?; beste batzuetan, hiribilduak alderdi baten aldekoak ziren ?Bergara oñaztarren aldekoa, Deba eta Arrasate ganboarren aldekoak? edo ez alderdi bati ez besteari atxikita zeuden ?Bilbo, Gasteiz?, baina beren baitan sortu ziren alderdiak Lur Zabalekoei atxikita zeuden: Bilbon Legizamondarrak oñaztarrak ziren, Zurbarandarrak, berriz, ganboarrak.

Bestalde, alde batera utzita alderdi batekiko zein bestearekiko atxikimendua, alderdi bakoitza bitan banatzeak oso egoera nahasiak sortzen zituen. Oñaztarren edo ganboarren hiribilduetan, liskarrak izaten ziren alderdi nagusi bereko bi alderdiren artean ?Bergarako Ozaetatarrak eta Gabiriatarrak oñaztarrak ziren, Bañeztarrak eta Guraiatarrak, berriz, ganboarrak?, eta inongo alderdiri atxiki gabeko hiribilduetan gauza bera gertatzen zen. Kasu batean zein bestean, udaleko aginpidearen banaketak eta ekonomia jardueren kontrolak sortzen zituen liskarrak. Guztiarekin ere, etengabe gertatzen ziren kale iskanbilek, lapurretek, hilketek, etab? islatzen zuten etsaitasuna gorabehera, bi alderdiek, era askotara elkar harturik, hitzarmenak egin zituzten aginpidea banatzeko, esate baterako, udalbatzako ofizioak erdibanaturik, bizi ziren gizarteko talde gidari bihurtzen zirelarik horrela, Soledad Tenak Gipuzkoari buruz adierazi duen bezala. Hiribildu barneko hitzarmen horiek ekintza bateratu bihurtzen ziren, baldin eta borrokatu beharra bazegoen kanpoko etsaien aurka, adibidez, ahaide nagusien aurka.

 

Jauntxoen aurkako jazarraldia

Ikusirik jaunen nagusikeriak ez zuela ekarri ordainketa derrigortuaren tasaren igoera, lapurretak eta pertsonen aurkako indarkeria baizik, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko nekazariak eta hiribildu eta hirietako jende xeheak askotan jazarri ziren jaunen kontra, noiz gogorrago noiz arinago, eta oro har beren helburuak iritsi zituzten, lortu baitzuten jaunek ekonomiaren beheraldia bitartean ezarri zizkien betebehar astunenetatik itzurtzea eta ahaide nagusiak, azkenean, garaitzea.

Bai jaunen nagusitasunaren aldetik ?Araban handiagoa baitzen jaunen nagusitasuna?, eta bai merkataritzak eta bigarren sektoreak gizartean zuten garrantziaren aldetik ?sektore horiek garrantzitsuagoak baitziren Bizkaian eta Gipuzkoan?, hiru lurraldeen artean zeuden aldeek eragin handiaizan zuten horietako jazarraldi bakoitzaren nolakotasunean, antolamenduan, eskarietan eta baita azkenerako iritsi zituzten helburuetan ere. Nolanahi ere, oro har, tokian tokiko higikundeak izan ziren, bakezkoak, beren eskariak bideratzeko herrietako eta hiribilduetako udalbatzak baliatu zituztenak, harik eta, lurralde bakoitzean hermandade nagusiak sortu zirenean, eta hermandade horien eraginez, higikunde horiek jaunei indarrez erantzun zieten arte. Higikunde horiek ez ziren, salbuespenak salbuespen, bat-batekoak izan. Aitzitik, ondo antolatuta bide zeuden, zeren eta, batzuetan udalbatzaren eta bestetan hermandadearen azpiegituraz baliaturik, gauza izan baitziren biltzeko ez bakarrik nekazariak, eskulangileak eta merkatari txikiak, baita apaizak eta aitoren semeak ere, eta ez bakarrik hiribilduetakoak, baita nekazaritza ingurunekoak ere.

Jauntxoen aurkako jazarraldiak batez ere XV. mendearen erdialdetik aurrera hartu zuen indarra, hala diote behintzat garai hartako lekukotasunek, gehienak hiribilduetakoak direla. Hala ere, kasu bakoitzean auzilariek aurkezten zituzten laido bildumak garai hori baino lehenagoak ziren guztiak ??de tiempo inmemorial aca??, eta, beraz, esan daiteke jazarraldia hasi zela XIV. mendean, jaunen erasoa hasi zen urtean bertan, kasu batzuetan egiazta daitekeen bezala, nahiz hedatu, arestian aipatu dugun garai horretan hedatu zen, hain zuzen hermandadeak sortuz geroztik indarrak, dudarik gabe, jende xehearen aldekoak izaten hasi zirenean.

Lehenik, aipatu beharra dago, nahiz lekukotasunak urriak diren, nekazariak jaunen, hiribilduetako udalen eta erregearenerasoei jazarri zitzaizkiela, batetik, jauna ukaturik baldin eta erregearen eskumenak indarrez beretu bazituen, eta, bestetik, indarrez eskatzen zitzaizkien errentak kentzea eskaturik jaunari. Bi eskari horiek bereiziezinak ziren eta horiek izan ziren halaber Europan garai hartan izan ziren nekazari higikundeen ardatz nagusia, eta horiekin batera lurrak ere eskatu zituzten, eta, bereziki, jaunen erasoaldia bitartean indarrez kendu zitzaizkien eta XV. mendea bitartean luberrituak izan ziren auzolurrak.

Nekazariak orobat jazarri zitzaizkien hiribilduetako udalbatzei, haiek ere, jaunek bezala, beren baldintzak ezartzen saiatu baitziren auzolurrak ustiatzerakoan, beren barrutitik pasa behar zuten salgaien joan-etorrian, horniduran, zergetan, etab. Zerga bilketak, izan udalbatzarenak edo izan erregearenak, liskar handiak sortu zituen batzuetan.

Nolanahi ere, arestian esan dugun bezala, nekazariak hiribilduetako jendearekin elkar harturik ere borrokatu ziren jaunen gehiegikerien kontra. Jauntxoen aurkako jazarraldi gehienak hiribilduetan sortu ziren, baina kontuan hartu zituzten nekazarien eskariak, hala gertatu zen, adibidez, Araban.

Funtsean, eskariak arestian aipatu ditugun berberak ziren: mendetasunetik itzurtzea eta jaunek indarrez eskatutako zergak kentzea. Liskar horien artean, besteak beste, hiribildu batzuetako herritarrek beren jauna arbuiatu zuten, hala, esate baterako, Antoñanan, Enrike II.aren dohaina jaso eta handik hilabetera, jaunak eskatu behar izan zion erregeari berriz ere agindu ziezaiela herritarrei bera onar zezaten; beste leku batzuetan jauna auzitara eraman zuten besteren eskumenetan eskua sartzeagatik ???avos Juan Lopes de Lascano fago vos saber que el concejo? de la villa de Segura se me enbiaron querellar e disen? que vos queriades entremeter de faser execuçiones e otras entregas en la juridiçion de la dicha villa e su tierra e levar çiertos derechos de las tales esecuçiones non devido non lo podiendo nin deviendo faser???; edo jaun baten eta hiribildu bateko herritarren artean gatazkak izan ziren, hala Orduñan, Bernedon, Santa Cruzen, etab.

Oso ugariak dira jaunek eskatutako zerga, errenta eta zerbitzuek sorrarazitako liskarrak.

Adibidez, Aramaion, Euskal Herriko bihotzean kokatutako arabar haranean, Mujika-Butrondarrek ?? acostumbraban a servir(se) dellos - de los vecinos- para edificar e redificar los molinos e ferrerias que eran dentro del dicho sennorio??, gauzetan ordaindu beharreko errentak eskatzen zituzten ?ahuntz bat, oilo bat, zazpi arra gari eta anega bat olo?, eta ?avia entrado e ocupado e tomado los dichos terminos e exidos e veredas e cannadas e montes e prados e pastos e aguas? non dando lugar a que traxeran libremente sus ganados ?e se aprovechasen de la dicha lenna e madera e carbon ? nin menos dexando hazer edeficios e molinos e ferrerias??. Markinan, herritarrak Ugarte eta Barroetako leinuei jazarri zitzaizkien, Xemeingo elizako hamarrenak zirela eta. Leinuek bi dorre eraiki zituztelarik, herritarrek eliza bat eraiki zuten hiribilduaren barruan, eta hantxe ordaintzen zituzten hamarrenak eta gainontzeko parrokia eskubideak.

Hiribilduen eta jaunen arteko borrokek ordu arte berezkoa izan zuten tokian tokiko eremua gainditu zuten lehenengo hermandadeak lurralde bakoitzean sortu zirenez geroztik ?1394an Bizkaian, 1397an Gipuzkoan eta 1417an Araban?. Nahiz 1463 arte, Enrike IV.aren bultzadari esker, hermandade horiek ez ziren guztiz eratu, eta, beraz, XV. mendeko lehenengo berrogeita hamar urteetan hermandadeek ez zuten jaunen aurrean eragin handirik izan, hiribilduak erakunde horretaz baliatu ziren jaunen gehiegikeriei aurre egiteko, eta haien jarduerak lurralde bakoitza baketzeko ahaleginean egin ziren aurrerakuntzak baldintzatu zituen.

Atal honetan azpimarratu nahi dugu ez hainbeste hermandadeek guztiz eratu arte izan zuten bilakaera edo hermandade bakoitzaren barne antolamendua, baizik eta hiribilduetako oligarkiek hermandadeen zuzendaritzan izan zuten gidaritza, Gipuzkoan eta Bizkaian nabarmena izan zena. Hiribildu bakoitzeko eta barrutietako prokuradoreak biltzen zituen Batzar Nagusien bidez hiru lurraldeetan oligarkiak gidari izan ziren, eta beren interesak defendatu zituzten eta jardun zuten bereziki ahaide nagusien kontra, baina baita ere gizarteko talde baztertuenkontra ?gaizkileak, sorginak, juduak?.

Hermandadearen eta bere milizien gerizpean, erregearen eta erregeak euskal lurraldeetan zituen ordezkarien laguntzaz, hiribilduetako jendeak jaunak garaitzera eramango zituen bidean abiatu ziren. Oztopoz betetako bidea izan zen hura, esate baterako, Arrasateko erreketa izugarria edo ahaide nagusiek 1456an Azkoitia, Azpeitia, Deba, Mutriku, Getaria, Tolosa, Ordizia eta Segurako hiribilduen kontra eta, bereziki, ahaide nagusien aurkako borrokan gehien nabarmendu ziren herritaren kontra jo zuten erronka. Nolanahi ere, bide hura lautuz joan zen erregearen laguntza tinkoaz.

Urte batzuk lehenago, 1449an, Joan II.ak hiru lurraldeei agindu zien hermandadeak berregin zitzaten, eta 1457an Enrike IV.ak indar handiz eraso zien ahaide nagusiei, haien dorretxe asko bota eta ahaide nagusi batzuk Granadako mugara erbesteratu zituela.

Ordu ezkero, nahiz eta 1460an erregeak barkamena eman zien ahaide nagusi erbesteratu horiei, baldin eta hermandadeko ordenantzak zin egiten bazituzten, hermandadeak izan ziren nagusi eta jarraitu zuten ahaide nagusien kontra legeak ematen eta haien aginpidearen kanpoko ezaugarriak botatzen.

Jauntxoek Araba osoa beretua zuten, Gasteiz izan ezik, baina Arabako auzien konponbidea Valladolideko Kantzileritzaren esku zegoen, eta azkenean Arabako ?herrixka harresidunetako? jendeek, nekazariek eta aitoren seme txiki eskatzen arituak ziren zuzenbidea iritsi zuten, XV. mendearen bukaeran eta XVI. mendean zehar lortu zutelarik jaunek aurreko aldian ezarri zituzten errenta astunenetatik itzurtzea eta jaunen mendetasunetik askatzea eskumena kendu zieten kasuetan. Guztiarekin ere, Araban ere, hermandadeak, ahula baitzen oraindik, beste ahaide nagusiekin hitzarturik, indarkeriazko ekintza batzuk egin zituen, hala nola Juan de Lazkano hiltzea eta Kontrastako hiribilduan gizon horrek zuen dorretxea 1479an botatzea.

Azkenik, hiribildu barneko jende xeheak udalbatzetako ofizioak kontrolatzen zituzten oligarkiako taldeei egin zizkieten jazarraldiak era askotakoak izan ziren, hiribildu bakoitzeko egoeraren araberakoak ?hiribilduaren barruan alderdiak egotea edo ez egotea, edo herritarrak horietako alderdiren bati atxikita egotea edo ez? bai eta, ziur asko, hiribilduen eta ahaide nagusien arteko borroken araberakoa ere. Hala eta guztiz ere, batzuetan herri xehearen eskariak Europako beste hiribildu eta hirietakoen antzekoak izan ziren. Kasu horretan, Gasteizkoa da adibiderik garbiena.

1423an, azkenean Aialatarren eta Callejatarren arteko hitzarmena lortu zuten ordenantzak idazten ari zirela, eskulangileak Aialatarrekinelkartu ziren eta aintzat hartu zituzten beren eskariak; eskari horiek, ordenantza horietan azkenik sartu zituztenek, hiru ardatz nagusi zituzten: hiribilduko zuzenbidea indartzea, eskulagileen eta merkatarien ohiko jarduerak bermatuta egon zitezen, zeren eta ? ?por no andar los omnes seguros en sus mercaderias e negoçios por miedo de sus cuerpos e por no trabajar en sus labores e ofiçios vanse los omnes desamparando la dicha villa?; hiribilduko bizitzan gehiago parte hartzea, herritarren biltzarraren bidez gobernu erakundeetan herritar gehiago egon zitezen saiaturik; eta zergari buruzko erreibindikazioak, ahaltsuen iruzurra kontrolatzeko eta hiribilduan egiten ziren banaketei buruzko erabakiak hartzerakoan udalak gehiago parte har zezan lortzeko. Hala ere, nekazariek beren helbururen bat lortu bazuten, hiribilduetako herri xeheak ez zuen ezer lortu eta gatazka hura udaleko gobernua monopolizatzen zutenek irabazi zuten.

Izan ere, hiribilduetako udalak kontrolatzeko lehian ari ziren talde oligarkikoek lortu zuten gailentzea ez bakarrik ahaide nagusiei, baita herri xeheari ere. Talde gisa sendotuz joan ziren ahala eta koroaren laguntza tinkoari esker, Errege-erregina Katolikoen laguntzari esker bereziki, talde horiek, azkenean, nagusitasuna lortu zuten; errege-erregina katolikoek euskal lurraldeak baketu baitzituzten azkenik, hirietako alderdiak deseginez eta hiribilduetako talde oligarkikoek hermandadeen zuzendaritzatik egiten zituzten ekintzak akuilatuz. Erregeerreginak zein oligarkiako taldeek erabili zuten baliabideetako bat udal erreforma izan zen, Gasteizen 1476an hasi eta hasieran Bizkaiko hiribildu guztietara, Gipuzkoako lau hiribildutara ?Arrasate, Azkoitia, Elgoibar eta Mutriku? eta, besteak beste, Logroño eta San Vicente de la Barquerara zabaldu zena. Hauek izan ziren erreforma horren zutabe nagusiak: gobernu erakunde berri mugatu bat sortzea, udala; botoak zakuan sartu eta gero zenbatuz aukeratzen zituzten eta aginpide betearazlea zuten ofizialen kopurua murriztea; eta ofizio berri bat sortzea ?diputatuarena?, petxadunen erreinbindikazioei erantzuna emateko, nahiz eta petxadunen artean soil-soilik ? los mas ricos e abonados e de buena fama e conversaçion? lortu zituzten kargu horiek.

Erreformaren ondoren lehengo berek jarraitu zuten, beraz, udaleko gobernuan gidari. Ahaide nagusien instituzionalizazio bat ere izan zen azkenean, Bizkaiko hiribilduetan adibidez, nahiz han erreforma hori ez zen indarrean jarri. Instituzionalizazio horrek esan nahi zuen oñaztarren eta ganboarren alderdiek karguak erdibanatzen zituztela, horrek eragina izan zuelarik ez bakarrik hiribilduetan, baita jaurerriko ofizialengan ere.