Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia»Erdi aroa - Lurraldearen eraketa

Mugak, politika harremanak eta lurralde loturak Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian IX-XV. mendeetan

Erdi Aroko zubia Kadagua ibaiaren gainean, Balmaseda (Bizkaia).<br><br>

 

Araba

Araba, Bizkaia, Alaon (Aiara?) eta Urduñari buruzko lehen aipamenak, Crónica de Alfonso III delakoan agertzen dira, Alfontso I.aren kanpainak kontatzen direnean (739-759), eta adierazten da lurralde horiek beti bertako biztanleen eskuetan egon zirela.

VIII. mendean Arabak eta Asturiasko erresumak zer moduzko harremanak zituzten ez dago oso argi. Asturiasko errege Fruela I.ak baskoien aurkako kanpainari ekin zion 757-769 bitartean, eta baskoien sartaldeko lurrak asturiarren kontrolpean geratu bide ziren. Fruela asturiarra Munia arabarrarekin ezkondu zen gero, eta bi lurraldeen arteko loturak estutu egin bide ziren.

Arabako aginpide publiko bati buruzko lehen aipamena matxinada bati lotua dator.

868. urtean Alfontso III.a Asturiaskoak Arabaren aurkako ekinaldi batean preso hartu zuen Eylo, ?qui comes illorum videbatur?.

Handik hara kondeen esku izan zen Arabako lurraldearen buruzagitza. Gaztela, Lantaron eta Arabako konde Fernán González hil ondoren, aldaketak izan ziren Arabako lurralde eta politika antolamenduan.

970-1017 bitartean Gaztelako konde berriak ez zuen bere burua Arabako konde izendatu.

Iruñeko Antso II.a Gartzeiz, aldiz, aginpide goren gisa agertu zen 984. urteko auzi batean. Dirudienez, Iruñearen mende gelditu zen Araba. 1076. urtea arte Iruñeko monarkiaren jabetzapeko lurraldea izan zen, senior edo comes baten agindupean. Antso IV.a hil zutenean (1076), Araba ere Gaztelaren mendean geratu zen, errege hilaren erresumako sartaldeko gainerako lurraldeekin batera.

XII. mendearen hasieran Alfontso I.a Aragoi eta Iruñeko erregearen eta Urraka Gaztelako erreginaren arteko ezkontzak zalantzan jarri zuen Araba zer eremutara lotu.1121etik aurrera behintzat Alfontso I.aren kontrolpean egon zen. Alfontso hil ondoren baina, beste krisialdi bat sortu zen.

Nafarroako nobleek euren arteko bat hautatu zuten errege ?Gartzea Ramirez, errege familiako bigarren adarreko kide bat?, eta nafar erresuma berriari lotua geratu zen Araba. 1199. urtean Alfontso VIII.a Gaztelakoak, Antso VII.a Nafarroakoa Afrikan zela aprobetxatuz, mendean hartu zituen Araba, Durangaldea eta Gipuzkoa. Gasteizek ?sei hilabetez egon zen setiaturik, harik eta 1200. urteko urtarrilean erregearen baimena lortu eta errenditu zen arte, hain zuzen?, Trebiñok eta Portillak bestek ez zioten aurre egin gaztelauen oldarrari.

1258az gero (lehenagotik segur aski) Arabako edo Arriagako Kofradiaren kontrolpean egon zen jatorrizko Araba. Lurraldeko jaunak, zaldunak, ezkutariak eta aitoren semeak biltzen ziren Kofradian, eta euren jauna hautatzeko eskumena zuten, erregeak berretsi behar bazuen ere. Kofradia Gasteiz eta Aguraingo hiribilduen aurka zegoen, jaunen mendekotasunetik ihes egindako nekazariak onartzen zituztelako eta Kofradiaren auzoetan jabetza asko erosten ari zirelako. 1332an Arriagako Kofradiako kideek Arabako jaun hautatu zuten erregea, eta kofradia desegitea erabaki zuten zenbait pribilejio onartzearen truke. Eta hala, Merindade Nagusi bilakatu zen Alaba. Hala ere, ez zuen asko iraun erregeren mendeko.

1384rako lurraldearen %80 inguru jaunen mendean zegoen berriro. Gasteiz eta haren mendeko lurrak (orobat Biasteri, 1486an Arabara erantsi zitzaionetik) besterik ez ziren erregearen mendean geratu.

1368an nafarrak Araba, Gipuzkoa eta Logroño hartzen ahalegindu ziren berriro, Gaztelan Pedro I.a eta Enrike Trastamarakoa anaia arteko gerran zebiltzala aprobetxatuz.

Pedro I.ak onartua zuen lurralde horiek Nafarroari ematea Libourneko itunean(1366), eta baita Bizkaia Ingalaterrari ematea ere. Baina 1373an, Guy de Boulogne kardenalaren epaiak behartuta, Karlos II.a lurrak itzuli beharrean gertatu zen.

1458an hermandadea eratu eta 1463tik aurrera finkatua geratu ondoren, Arabako lurraldea behin-betiko marraztua gelditu zen ia-ia. Hermandadeari mendebaleko eta hegoaldeko lurraldeak gehitzen joan zitzaizkion, eta 1502rako Arabak gaurko hedadura zuela esan liteke.

?Reja de San Millán? izeneko dokumentuan (1025) argi eta garbi azaltzen da Arabaren hedadura eta administrazio antolamendua.

Araba gaur egun osatzen duten eskualdeek osatua zegoen, Mendialdea eta hego-sortaldea izan ezik (Arabako Errioxa, Aiara, Aramaio, Gaubea eta Omecillo ibaiaz Sartaldeko lurrak). Aitzitik, Trebiñoko sortaldea Araba zen. Monasterio horretako beste agiri batean ere ??Los Votos?, 1140- 1143ko faltsifikazio bat? antzeko hedadura adierazten da Arabarentzat. Zenbait eskualde (Aiara, Saratsu, Omecillo ibaia, Lantaron eta Gaubea sartaldean, hego-sortaldea, Aramaio iparraldean eta Arabako Errioxa hegoaldean) ez ziren artean Arabakoak, baina egungo Trebiño gehiena, aldiz, bai.

Egungo probintziaren sartaldeko lurrak ?egungo Bizkaia sartaldea bezala XIII. mendea baino lehen? jaurerri handiez eta txikiez osatutako mosaiko moduko bat ziren.

Horien artean Aiara zen ahaltsuena. Gesaltzako hiribildua besterik ez zegoen erregearen mende, baina inguru horretako jaun asko Kofradiako kide ziren, lurrak eta ondasunak baitzituzten jatorrizko Araban ere.

Trebiñoren sartaldea, mendialdea eta hegosortaldea erregeren mendekoak ziren, eta zenbait hiribildu fundatu ziren lur horietan.

Egungo Arabako Errioxa, aldiz, Nafarroakoa izan zen 1463 arte.

1417an Gasteiz, Agurain eta Trebiñoren ekimenez lehenengo ahalegina egin ondoren, 1458-1463 bitarteko epean lortu zen azkenik hermandade sendo bat sortzea Araban.

Hala ere, lurraldea ez zen behin-betiko eratua gelditu. Jatorrizko Arabak eta mendebalak (Aiara, Gaubea,?) osatzen zuten lurraldearen muina. Zenbait lurralde kanpoan gelditu zen (Trebiño, 1417ko hermandadeko kideetako bat, esate baterako).

Ebro ibaiaz hegoko beste lurralde batzuk hermandadean bazeuden ere, irten egin ziren gero (Miranda, Pancorbo, Losa ibarra, Sajarraza eta Argantzun, hermandadeko kideak 1458-1463an, kanpoan geratu ziren 1502an, eta Orozko 1568an). Baina sartu ere egin ziren beste batzuk: Biasteri eta bere auzoak 1486an, Aramaio eta Gatzagako kondearen lurrak (mendialdea) 1489an, Bernedo 1490ean, Laudio 1491n, Antoñana, Santa Kurutze Kanpezu, Lagran, Urizaharra, Bastida, Buradon Gatzaga eta Beranturi 1502 baino lehenago, eta Labraza 1501ean.

 

Gipuzkoa

1025 arte ez zen aipatu idatzietan, eta orduan Iruñearen jabetza gisa. 1076an Gaztelak hartu zuen ?Araba, Durango eta Bizkaia bezala? eta 1109an berriro Iruñearen itzalean zegoen, eta hala jarraitu zuen 1134az gero. 1081-1188 bitarteko jaunak ?ezagutzen direnak? Arabako comes edo senior ziren aldi berean. Beraz, esan liteke, mende horietako historian zehar, ibilbide bertsua egin zutela bi lurraldeek. Araba eta Durango bezala, Gaztelak beretu zuen 1199- 1200 bitartean.

1368an orain Nafarroaren orain Gaztelaren mendean egon ondoren, Gaztelako koroari sendo lotua geratu zen gero. Arabaren kasuan bezala, Gipuzkoaren behinbetiko lurralde eraketa ere Hermandadearen bitartez gauzatu zen. Hermandadearenaurreko lurralde barrutia, lurralde eraketaren oinarria, Merindade Nagusia izan zen.

1397ko Hermandadea izan zen garrantzizkoena, orduan idatzi baitziren lehenengo aldiz ordenantzak edo Hermandadearen Koaderno Zaharra. Donostia 1459ko Batzar Nagusian sartu zen betiko hermandadean.

Leintz-Gatzaga 1477an behin-behingoz eta 1494an behin betiko. Gatzagako ibarra 1497an. Oñati 1845ean.

 

Bizkaia

Araba, Garape, Karrantza eta Urduña bezala, Bizkaia ere ?Crónica de Alfonso III? delakoan aipatzen da lehenengo aldiz. X.. endean berandu arte ez da berriro Bizkaia dokumentuetan azaltzen. Rodako Genealogietan (Ordo numerum regum Pampilonensium) Momo delako bat agertzen da, ?comitis bischaiensis?, Iruñeko errege Antso I.a Gartzeizen (905-925) alaba Belaskitarekin ezkonduta. Zenbait historialariren ustez Bizkaiko aginpide publikoaz egiten den lehen aipamena da hori, baina beste zenbaitek, aldiz, kargu hori Nafarroan, Oibarko La Vizcaya eskualdean betetzen zela uste du.

1040koa da Bizkaiko agintari publikoari buruz egiten den lehen aipamen ziurra: Iñigo Lopez, bizkaitarren kondea, Gartzea III.a Santxez Iruñeko erregearen ordezkaria zen. Garai honetan, mendebaleko lurrak, Lope eta Galindo Vellácoz senior-en mendean zeuden, hauek baitziren nagusi Iruñeko erregearen aginpidez, Ugarten, Colindresen, Menan, Tuteran eta Lantenon.

Durango berriz, 1072. urteaz gero eremu autonomiaduna zen Iruñeko koroaren barruan.

1076. urtea arte Nafarroaren pean egon zen Bizkaia. Handik hara Gaztelari erantsi zitzaion. Hala ere lehengo familia beraren agindupean egon zen. Urrakaren (Alfontso VI.a Gaztelakoaren alaba eta jaraunslea) eta Aragoi eta Iruñekoa errege Alfonso I.aren arteko ezkontza zela medio, eta Gaztelaren eta Leonen arteko gorabehera politikoen eraginez, sobera nahasia izan zen XII.. endean Bizkaiko politika eta lurralde egoera. Bizkaiko jauna, Alfontso I.aren aurka atera zen, eta horren ondorioz jaun titulua galdu zuen 1124-1179 bitartean. XII.. endeko urte horietan Iruñeko erregeari leial izan zion familia baten esku egon zen Bizkaiko jaurgoa, Ladrondarren esku, alegia.

Gaztela Bizkaiko lurraldeaz jabetu zen arian-arian: 1134an ?edo handik gutxira? Enkarterriak, 1179an Jatorrizko Bizkaia, eta 1200ean Durangaldea.

Bien bitartean, XI. mendearen erdiaz gero, Harotarrek jabetza gehiago eskuratu zituzten Enkarterrietan. XIII. mendearen hasieran Karrantza, Artzentales, Saratsu, Galdames, Garape eta Somorrostro zeuzkaten,eta mendearen azkenerako Enkarterriak gehitu zizkioten Bizkaiko maiorazkoari (bere administrazio erakunde propioak gordeaz betiere). 1212an, eta erregearen emariz, Durangaldea eskuratu zuten Bizkaiko Jaunek, Diego Lopez de Haro II.ak Navas de Tolosan izan zuen portaeraren saritzat.

1217an eta 1218an Balmaseda eta Urduñako hiribilduak gehitu zitzaizkion Harotarren jaurgoari dote gisa Urraka infanta Diego Lopez de Haro II.arekin ezkondu zenean.

1288an, baina, Antso IV.a erregeak Lope Diaz III.a Bizkaiko kondea hil zuen eta haren lurrak beregenatu zituen. Hala, Balmaseda eta Urduña erregeren mende geratu ziren berriro, ez baitzitzaizkion kondearen oinordeko Diego Lopez de Haro IV.ari eman.

Diego Lopez de Haro IV.a oinordekorik gabe hil zen, eta orduan auzi luze bat hasi zen jaurgoaren jabetza eskuratzeko Diego Lopez de Haro V.aren eta Maria Diaz de Haroren artean, hildakoaren osabaren eta arrebaren artean alegia. 1295ean Diego Lopez V.ak jaurgoaz jabetzea lortu zuen beste noble batzuen laguntzari esker, eta karguan egon zen hil arte (1310). Orduan, Maria Diazek eskuratu zuen jaurgoa, eta 1334 arte eutsi zion (1322-1326 bitartean haren seme Joan de Harok gobernatu zuen, Alfontso XI.ak hil zuen arte alegia). 1334an Maria Diazek haren biloba Maria II.aren esku utzi zuen jaurgoa, eta hau hiltzean (1349), haren senar Joan Nuñez de Lara IV.ak hartu zuen kargua, baina urtebete geroago hil zen. 1350-1352 bitartean Nuño de Lara izan zen Bizkaiko Jauna, eta handik hara, berriz, haren arreba Joana. Tello infantearekin ?hau da, Pedro I.a erregearen sasiko anaiarekin? ezkondua zegoen Joana. Tello 1352-1358 eta 1366-1370 bitarteetan izan zen Bizkaiko Jauna, 1358-1366 bitartean Pedro I.a Ankerrak okupatu baitzuen lurraldea Tello Pedroren anaiaorde Enrike Trastamarakoaren alde ateratzeagatik.

Laratarren familia galdu zenean, Enrike II.a Trastamarakoaren emazte Joana Manuelek jarauntsi zuen Bizkaiko jaurerria, 1370ean. Urte horretan bertan tronuaren oinordeko Joan infanteari eman zitzaion titulua.

1379an Gaztelako errege izendatu zuten Joan.

1399an Balmaseda (Limpias eta Colindresekin batera) erregearen gelazain nagusi Joan de Velascoari saldu zitzaion, baina bizilagunek erreskatea ordaintzeko adina diru bildu zuten eta erregeren esku gelditu zen berriz hiribildua. 1466an sartu zen Balmaseda Bizkaian. Urduñak ere arazoak izan zituen, Arabako Ayalatarrekin batik-bat, eta auzitan ibili ziren haiekin 1477an. 1467an Gaztela Zaharreko merindadetik bereizi eta Bizkaira erantsi zen (1481 arte ez behin betiko).