Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia»Erdi aroa - Lurraldearen eraketa

Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherearen eraketa

Mendiez Haraindiko Lurraldeak (XIII-XIV. m.).<br><br>

 

Lapurdi

Lapurdiko lurraldea, XI. mendean, Gaskoiniako dukerriaren barruan zegoen. Akitaniako duke Gilermo VIII.ak jarauntsi zuen dukerria. 1152an, Eleonor edo Alienor Akitaniakoa Enrike Plantagenetekin ezkondu zen, eta hau Ingalaterrako errege izendatu zuten 1154an. Handik hara, 1451n frantsesek konkistatu zuten arte, Ingalaterraren mendean egon zen Lapurdi.

XI. mendeaz gero Gaskoiniako dukearen mendeko bizkonderria zen Lapurdi.

Lapurdiko bizkondeaz dokumentuetan agertzen den lehen aipamena 1059koa da: Lope Santxez da ezagutzen den lehen bizkondea.

1122. urte aldera Gilermo IX.a dukeak salbuespen gutuna eman zion Baionari.

Rikardo Lehoi Bihotzek berretsi zuen gutuna 1174an. Rikardok administratzen zuen dukerria bere aita Enrike II.a Ingalaterrakoaren izenean.

1177an dukerriaren hegosartaldeko aitoren semeak, Akize eta Lapurdiko bizkondeak barne, matxinatu egin ziren, baina Rikardok berehala menderatu zuen altxamendua.

Ekinaldi militar hark bizkonderriaren hedaduraren berri jakiteko balio izan digu gaur egun: Akize eta Baiona hartu ondoren, Garaziraino heldu zen Rikardo, eta Saint Pierre gaztelua suntsitu zuen Donazaharren.

Hortik pentsa daiteke Garazi eta, beharbada, Nafarroa Behereko beste zenbait lurralde ere Lapurdikoak zirela orduan.

1193an, bizkonde Guillaume Raymond de Sault hil zenean, duke-erregearen administrazio zuzenaren pean gelditu zen Lapurdi, baile baten bitartez. 1215ean Joan I.a Ingalaterrakoak etablissement berriak aldarrikatu zituen, eta aldatu egin zuen Baionako udal errejimena. Horren ondorioz, bizkonderritik bereiztua eta duke-erregearen administrazio zuzenaren pean geratu zen hiria.

XIV. mendearen azkenean zalaparta eta iskanbila ugari izan zen Baionan. 1398aniskanbila handiak izan ziren, ofizioak udal aginpidea ?merkatariek kontrolatua? eskuratzen saiatu zirelako nonbait. Bestalde, 1399an estatu kolpea izan zen Ingalaterran: Rikardo II.a tronutik kendu eta haren lehengusu Enrike, Lancasterreko dukea jabetu zen tronuaz Enrike IV.a izenarekin. Baiona errege ohilduari leial egon zen, baina Lapurdiko nobleek Enrike IV.aren alde egin zuten. Borroka gogorrak izan ziren bi aldeen artean, harik eta lurralde osoak errege berriaren aginpidea onartu zuen arte.

XV. mendearen erdialdeko urteetan amaitu zen Akitanian ingelesen nagusitasuna.

Nahiz eta dukerri osoak ingelesen aldeko sentimendu indartsuak izan ?dukerriaren eta britaniar uharteen arteko merkataritza harreman sendoetan oinarrituak batez ere?, frantsesek gero eta gogorrago eraso zieten 1440 ondoko urteetan. 1449an, Zuberoa menderatu ondoren, Gaston IV.a Foixkoa Lapurdiko zati batez jabetu zen.

Behin-betiko konkista 1451n gauzatu zen: Baionako harresiek ezin izan zioten eutsi frantses artileriaren oldar bortitzari ?ez zen alferrik garai hartako aurreratuena?, eta hiriak amore eman behar izan zuen. Frantsesen garaipenak ingelesekiko merkataritza etetea ekarri zuen, eta Baionarentzat, dukerriko beste portu batzuentzat bezala, gainbehera aldi baten hasiera izan zen hura.

1462an Baionari bi azoka eman bazitzaizkion ere, erorialdiak aurrera jarraitu zuen.

 

Zuberoa

Lapurdi bezala Zuberoa ere Akitaniako dukerri handiaren mendeko bizkonderri bat zen. Bizkonde zuberotarrek harreman estuak izan zituzten Iruñea eta Nafarroako erregeekin. Hala, 1120an, Gartzea Zuberoakoa Ebro haraneko musulmanen aurka borrokatu zen Alfontso I.a Aragoikoa eta Iruñekoaren osteen artean, eta 1234an RaymondGuillaume IV.ak leialtasun zina egin zion Teobaldo Nafarroakoari, baina Ingalaterrako erregearen basailu izaten jarraitu zuen aldi berean.

XIII. mendearen erdialdean desadostasun aldi bat hasi zen Zuberoako bizkondeen eta administrazio anglo-gaskoinaren artean. Azkenean, 1257an, Gaskoiniako seneskalak eta Saulteko jaunaren lapurtarrek eraso egin zioten bizkonderriari.

1294tik aurrera harrapatu zuen krisialdiak une gorena, Ingalaterra eta Frantziaren arteko gerra piztu zenean. Mauleko bizkonde Auger III.a Frantziako erregearen alde atera baitzen. Horren ondorioz, Augerren familiak galdu egin zuen bizkonderriaren gaineko aginpidea 1307an, eta Ingalaterrako erregeari entregatu zion Zuberoa Arradako jaurgoaren truke, alferez izendatzearen truke eta errege Luis I.a Nafarrokoak ?eta gero, 1314-1316 bitartean, X.a Frantziakoa? emandako beste zenbait errentaren truke.

Une horretatik aurrera Zuberoa ?Lapurdi bezala?, Ingalaterrako erregeak izendatutako baile batek gobernatu zuen.

Duke-erregeen mendean iraun zuen Zuberoak Ehun Urteko gerra amaitu zen arte. 1449ko irailean, azken ekinaldietako batean, Gaston IV.a Foixkoaren oste frantsesek Mauleko gaztelua hartu zuten. Ingalaterrako erregearentzat gaztelua defendatzen Leringo konde eta Nafarroako kondestable Luis Beaumontekoa izan zen. Maule mendean hartu ondoren, Foixko kondeak ?Leonor Nafarrokoarekin ezkondua? antzinako bizkonderria hartu nahi izan zuen beretzat, baina 1500-1510 bitartean Zuberoa Frantziaren mende geratu zen behin-betiko.

 

Nafarroa Beherea

Erdi Aroan zehar, Nafarroa Beherea batasunik gabeko lurralde multzo bat zen, eta XII. mendearen azkenetatik aurreraNafarroako erregeen mendean egon zen.

Rikardo Lehoi Bihotzek Gaskoiniako noble matxinatuen aurka 1177an zuzendu zuen ekinaldiak pentsarazten duenez, Garazi aldea Lapurdiko bizkonderriaren parte zen garai hartan.

Handik urte gutxira Pirinioz iparraldeko lurralde horiek Nafarroaren mende geratu ziren, Ingalaterrako errege Rikardo I.a Lehoi Bihotz Nafarroako Berengariarekin ezkondu izanari eta errege horren eta Antso VII.aren arteko harreman bikainei esker beharbada. Dakigunez behintzat, 1189. urtean Martin Txipia zelako batek Nafarroako erregearen eskuetatik jaso zituen Garaziko lurrak. 1194rako bazen gaztelu-jaun nafar bat Donibane Garazin, eta 1196an Arnaud Raymond, Tartaseko bizkonde, eta, Amikuze etaOztibarreko jaunak, leialtasun zina egin zion Antso VII.ari. Handik laster, inguruko beste zenbait jaunek, basailutza aitortu zioten errege nafarrari: Bibian Agramontekoak 1203an eta Arnaud Lukuzekoak 1227an.

Handik aurrera Nafarroako errege-erreginen agindupean egon zen lurraldea. XIV.. ta XV. mendeetan aldaketa txiki batzuk izan ziren ordea: 1312an Bastidako hiribildua sortzea eta Amikuze eta Oztibarren bahitzea.

1338an Albreteko jaun Bernard Eziren eskuetan geratu zen jaurgoa. Jaun hori Eduardo III.a Ingalaterrakoaren mendeko noble gaskoina zen, eta uko egin zion Nafarroako erregeari ?une hartan Frantziako erregearen laguna? leialtasun zina egiteari.

Koroak, orduan, Amikuze eta Oztibarre bahitu zituen. 1365 arte iraun zuen egoerahorrek. Orduan, Karlos II.ak, aliatuen beharrez, hitzarmena egin zuen Albreteko jaun berriarekin, Arnaud Amanieurekin, alegia.

Honek leialtasun zina egin eta Amikuze eta Oztibarre berreskuratu zituen.

1512an Gaztelak Nafarroa konkistatzean ?Bortuez haraindiko? lurrak ere okupatu zituen. Nafarroako legezko erregeek euren erreinua berreskuratzeko egindako ekinaldiek bata besteen atzetik porrot egin bazuten ere, Karlos enperadoreak, 1530ean, bertan behera uztea erabaki zuen Donibane Garaziko gotorlekua, Nafarroa Garaitik hura defenditzeko zeuden zailtasunak ikusita.

Une horretxetatik aurrera hitz egin daiteke Nafarroa Behereaz. Huraxe izan zen Nafarroako legezko erregeek gorde ahal izan zuten azkeneko erreinu zatia.