Historia»Historiaurrea
Gizakiaren lehen agerraldiak.
Behe eta Erdi Paleolitos aroko
gizon harrapariak
Euskal Herriko lehen giza aztarnen arazo korapilatsuari ekiten
zaio atal honetan. Orokorretik zehatzera lantzen da gaia, eta hala,
arazoa oro har aurkeztu ondoren, gure lurraldean aurkitutako aztarnak
aztertzen dira xehetasunez, nola Behe hala Erdi Paleolitosekoak.
Ezagutzen diren aztarnetatik baiezta daiteke oso antzinakoak direla
hainbeste urtetako ikerketen ondoren berreskuratutako lehen
lekukotasunak.
Behe eta Erdi Paleolitos aroko testuingurua
Geologiaren ikuspegitik, bi aldi bereizi
ohi dira Laugarren aroan, luzera desberdinekoak:
pleistozenoa, zaharrena eta luzeena
–Biberko izotzaldiaren hastapenetan hasi
(K.a. 4.000.000. urte ing.) eta Würmeko izotzaldiaren
amaierarekin bukatua (K.a. 8.000.. rte ing.), izotzaldi-izotzaldi bitarte ziklo
nagusiak hartzen dituela beraz–, eta holozenoa
(K.a. 8.000. urte ing.-gaur arte),
pixkana-pixkana gaurko klima nagusituz
joan zena. Pleistozenokoak dira Paleolitos
aroko langintza guztiak, eta Paleolitos ondokoak
dira berriz Holozenokoak. Denboran
izugarri luzea baita, Pleistozenoa hiru
estadiotan banatzen da: Behe Pleistozenoa
edo Villafranca aldia, Biber eta Günzeko
izotzaldien artean izandako hainbat gertalditan
berezitua; Erdi Pleistozenoa, Matuyama-Brunhes
polartasun magnetikoaren aldaketarekin
batera hasi zena (K.a. 800.000.. rte ing.), eta Cromerko izotzaldi bitartetik
Rissko izotzaldiraino luzatu zena; eta goi
pleistozenoa, Eemgo izotzaldi bitartearen
(K.a. 125.000. urte ing.), eta azken izotzaldiaren
(Würm) bukaeraren artekoa. Hiru
parte nagusi horiei, oso modu orokorrean
bada ere, fauna eta flora bereziak egotzi ohi
zaizkio. Villafrancako aldiari dagokionez,Equus stenonis, Elephas meridionalis edo
Leptobos etruscus bezalako animaliak aurkitu
dira garai hartakoak, landare termofilo
eta hipertermofiloko ingurugiro batean. Erdi
Pleistozenoan fauna “beroa” izan zen, Rhinoceros
merckii edo Elephas antiquus animaliak
agertu baitira, eta landareak termofiloak.
Goi Pleistozenoan gertatu zen izotzaldi
gogorrena, Würmekoa; hala, klima
hotzari egokitu ziren animalia motak aurkitu
dira (kriotermoak), esate baterako elur
oreina (Ranfinger tarandus), mamuta (Mammuthus
primigenius) edota errinozero
iletsua (Coelodonta antiquitatis), eta landareak
ere gero eta joera hipotermofilo handiagokoak.
Aldaketa giro horretan, bilakaera berezia
izan zuen gizakiaren filogenesiak ere. Gizaki
forma zaharrenak, Homo habilis izendatu
direnak, laster hasiko dira beren ezaugarriei
dagokienez aldatzen, eta haietarik
sortuko da mota berri bat: Homo erectus.
Habilis haiek eta erectus tipo zaharrenak
izan ziren Behe Pleistozenoko gizaki eredua.
Erdi pleistozenoan zehar bereiziko da,
espazioan nahiz denboran, Homo erectus
hura, eta, hala, arraza ugaritasun bat sortuko
da; ugaritasun horretan, tipo estandar
edo klasikoen ondoan, beste forma batzuk
ere izango dira, berriagoak, laster gertatuko
zen bilakaeraren aitzindari izango direnak.
Aldaketa espezializatu horren ondorio gisa,
mota berri bat agertuko da Goi Pleistozenoan,
Homo sapiens gisa definitu izan dena;horretan, badira Neanderthalgo gizonaren
aldera egiten duten formak (Homo sapiens
neanderthalensis), eta, baita gure aitzindari
zuzenak izango zirenak ere, Cro-Magnongo
gizonaren alderakoak (Homo sapiens
sapiens).
Azkenik, Pleistozenoko langintza multzoetan,
usadio teknologiko eta morfologiko
desberdinen lekukotasunak aurkitu dira,
garapen prozesu koherente baten baitakoak.
Harri kozkor landuen edo Pebble
kulturaren langintza zaharrenek, Villafranca
aldian zehar gero eta aberatsagoak egin
zirenek, bi bilakaera lerro sorraraziko dituzte
pleistozenoan zehar: “Abbeville-
Acheullgo” phylum-a, bi aurpegiko harriak
landu zirena, eta “Clacton-Tayaceko” phylum-a,
uharri landuen tradiziokoa. Batak
zein besteak ezaugarritzen dute Behe Paleolitos
aroa. Goi Pleistozenoan, faserik zaharrenean
–Erdi Paleolitos aroan alegia–
aurreko langintzen gero eta espezializazio
handiagoak Moustier aldiko industria multzoen
sendotzea ekarriko du, eta, faserik aurreratuenean
berriz, Goi Paleolitos aroari
definizioz dagozkionak (“Châtelperron”,
“Aurignac”, “Gravette”, “Solutré” eta “Magdalen”
aldiak).
Historiaurreko ikerketak Euskal Herrian: zenbait arazo
Behe eta Erdi Paleolitosa argitzeko materiala
guztiz urria izan da gure lurretan
mende honen erdialderaino. Ordu arteko
datu fidagarrienak Iparraldeko bi aztarnategi
garrantzitsutan egindako indusketetaneskuratuak ziren: Olha 1-eko harpean (Lapurdin),
E. Passemarden lanekin, eta Isturitzeko
haitzuloan (Nafarroa Beherean), hasieran
Passemardek berak eta Saint-Périerko
kondeak geroago egindako lanekin. T.
Aranzadik eta J.M. Barandiaranek Venta
Laperrako haitzuloan egindako ikerketak
(Bizkaian) erantsi behar zaizkie haiei. Azkenik,
baziren testuingurutik kanpo aurkitutako
materialak, hala adibidez Koskobiloko
haitzulokoak (Nafarroan); pieza bakan
batzuk ere aurkitu ziren Lapurdiko kostaldean
eta Aturri ibaiaren behe ibilguan, eta
baita Araban (Muruan eta Aitzabalen) eta
Nafarroan (Zuñigan) ere.
XX. mendearen bigarren erdialdean askoz
ere material gehiago aurkitu da. Hala,
aztarnategi asko eta asko zundatu eta induskatu
dira: Olha 2 (Lapurdi) eta Gatzarria
(Zuberoa), G. Laplacek; Haregi (Zuberoa),
P. Boucher-ek; Lezetxiki (Gipuzkoa),
Kurtzia (Bizkaia) eta Axlor (Bizkaia) J.M.
Barandiaranek; Basté (Lapurdi), C. Chauchatek;
Murba (Araba), A. Baldeónek; Amalda
(Gipuzkoa), J. Altunak; Urbasa (Nafarroa),
I. Bardiaranek; Kurtzia (Bizkaia), M. Muñoz
Salvatierrak; Arrillor (Araba), A. Sáenz de
Buruagak; Abauntz (Nafarroa), P. Utrillak;
eta Lezetxiki (Gipuzkoa), A. Arrizabalagak.
Horrez gainera, indusketa arkeologikoak ere
asko ugaritu baitira orain, azaleko aurkikuntzen
zerrenda ere asko zabaldu da tresna
material berriei esker: Iparraldeko kostaldean
aurkitu dira (Donibane Lohizune, Bidarte…),
baita Gipuzkoakoan (Hondarribia,
Jaizkibel…), Nafarroan (Ordoiz, Irunberri…)
eta Araban (Mendiguri, Sagastiera…) ere.
Horietako batzuetan gauzaki landu asko
aurkitu da –ehundaka–, hala Urbasan (Nafarroa),
Urrunagan (Araba), edota Iruñeko
arroa inguruan (Nafarroa).
Hala bada, XX. mendearen bigarren erdi
honetan, aurreramendu handia egin da antzinako
Paleolitos aroko frogen bilketan, eta
asko ugaritu dira albiste baliagarriak, indusketari
nahiz trataerari dagozkien metodologia
eta tresna egokiagoei esker, asko zabalduda azter eremua eta ugaritu ikerketa
taldeak.
Nolanahi ere, oraindik ere bada arazorik
gertaera hauen ezagutzan. Eta era askotakoak
dira horren arrazoiak. Mende hasierako
hamarraldietan egin ziren indusketetan
erabilitako metodoek sorturiko arazoez
gainera, gaur egun eskura ditugun datuek
ez dute guztiek fidagarritasun maila bera,
iturriak definitzeko era bat baino gehiago
erabili delako (azaleko aurkikuntzak, kokaleku
lekuz aldatuak, testuingurua baduten
biltegiak), aztarnategietako erakusgarriek ez
dutelako guztiek balio bera, hainbat gauzaki
sailkatzean tipoen araberako diagnostikoak
bakarrik egin direlako, induskaturiko
gauzakiek ez dutelako guztiek erakusgarri
balio bera (partekako zundaketak, zabalerako
indusketak), analisi osagarrien falta
dagoelako (analisi palinogikoen eta sedimentologikoen
falta batez ere), ikerturiko
zenbait lekuri buruzko monografia erabakiorrik
ez dagoelako… Ondorengo lerroetan
ikusiko denez, oraindik orain oso datu
gutxi dago Behe Paleolitos aroaren esanahia
behar bezala neurtzeko. Sendoagoak
dira Erdi Paleolitos aroari buruzko datuak.
Horren ondorioz, historiaurreko egoerak
“gizatiarrago” bihurtzeko asmo zilegizkoa
kontuan izanik, “irudimen arrazoiduna” dago
alde batetik; irudimen horren bitartez, literarioki
mintzatuz, badago kronologian aurreratuen
diren gertaerak interpretatzen hasterik;
haren parean berriz, berandukoenen
eskasiak zoritxarrez berez dakarren “adituen
txostena” besterik ez daukagu.
Behe Paleolitos aroko zantzuak
Oso datu sendo gutxi izan da gaur egun
arte historiaurreko aldi hau aztertu ahal izateko,
eta hauxe da Euskal Herrian gutxien
ezagutzen den garaia. Salbuespenak salbuespen,
erakusgarri gehienak harrizko tresnak-eta
dira, edo animalien hezurrezko hondakinak,
denek ere akats berbera dutela:
testuinguru estratigrafikorik gabe agertu izana.
Hori dela-eta, eskain daitezkeen informazioak
oso urriak dira, arretaz aztertu
behar dira, eta ez dira aski garapenaren eta
eremuko biotipoen konposizioaren definizio
paleoekologiko bat egiteko.
Animalien arrasto gutxi batzuk aztertu
izan dira, Erdi Pleistozenokoak oro har.
Hala, badira klima epeleko mota batzuk,
adibidez Palaeoloxodon antiquus edo larruazal
biluziko elefantea, Europako izotzaldi
bitarteetan ondo dokumentatua eta Txomiñeneako
harrobian (Gipuzkoa) eta Sierra
Salvadako sakonune batean (Araba)aurkitu dena; Hippopotamus amphibius,
Koskobiloko harrobian (Nafarroa) azaldua,
edo Dicerorhinus etruscus, antzinako errinozero
bat, Chabiaguen (Lapurdi) aurkitua.
Klima hotzagoari dago lotua Mammuthus
throgontherii baten hagin bat, Berriozeko
teilaetxean aurkitua (Lapurdin); animalia
hura elefantearen antzekoa zen, kontinenteko
estepa biotipoekin zegoen lotua, eta
Riss izotzaldian bizi izan zen seguraski.
Zehatzagoak dira sedimentu egituretatik
datozen informazioak. Aztertu diren kasuetan,
ez dirudi Riss izotzaldiaren aurrekorik
badenik. Iparraldeko kostaldeko zenbait
gunetan eta ibai terrazetan (Bidarte,
Basté, Bidaxune) aurkitu dira izotzaldi haren
fase hotz batekoak, gehienera ere Riss
II estadiokoak, izan daitezkeen sedimentu
biltegiak. Riss izotzaldikoak dirudite halaber
Lexetxikiko kobako (Gipuzkoa) maila
beherenek. VIII. maila, hezur aztarnak dituena,
badirudi Riss izotzaldiaren fase epel
batean sortua dela. Hori baino gorago dagoen
VII. mailan –animalia eta harri landuen
aztarnak agertu dira hor–, gelifraktoak
ere badira, eta hori dela-eta, izotzaldi bereko
periodo hotzago batekin lotuko litzateke
maila hori. Maila batean zein bestean
aurkitu dira hartzaren antzeko animalia
mota zahar baten aztarnak (Ursus deningeri).
Era honetan, beren testuinguruan txertatuak
agertu diren lehen datu koherenteak,
alegia, kokaleku estratigrafiko iraunkorra
dutenak, Riss izotzaldiari daude lotuak (K.a.
250.000-125.000 ing.).
Horren ondorioz, bi data horien artekoak
bide dira orain arte identifikatu diren
harri landuak. Riss izotzaldian zehar sortuko
dira Europa mendebalean Acheul aldiko
multzoak eta Tayac aldikoak, edo Moustier
aldiaren aurre-aurrekoak.
Euskal Herriko hainbat lekutan eskuratu
dira lur azalean harrizko lanabes landuak
(kuartzita, silexa…): bi aurpegiko lanabesak,
arrakalatzaileak, pikotxak, karraskailuak,
puntak, ebakigailu horztunak… alegia,
egunero erabiltzeko oinarrizko tresnak,
eta, horiez gainera, tresna horiek egiteko
teknologiaren erakusgarriak: harri muinak,
printzak, mailuak… Oro har, antzinako
ibaien terraza eta arroetan aurkitu dira, eta
orobat kostaldetik hurbil. Aurkikuntza aberatsenak
Iruñea inguruan (Nafarroa), Urrunagan
(Araba) eta Urbasan (Nafarroa) egin
dira; horiez gainera, aztertu izan da Lapurdiko
kostaldeko hainbat leku ere (Donibane
Lohizune, Miarritze, Bidarte, Hiriburu…),
Nafarroa Behereko barnealdekoak (Tambaou,
Baigura…), Nafarroakoak (Irunberri,
Ordoiz, Lezaun, Ibiriku…) edo Arabakoak
(Aitzabal, Urizaharra, Mendiguri…). Nolanahi
dela ere, eta kokalekuari dagozkion
arazo garrantzitsuak bazter utzita, aurkikuntzen iturriak berak –kasurik onenean, eremuaren
azaleko azterketak–, oso nekeza
egiten du multzo horien kultura esanahia
finkatzeko irizpideak ezartzea. Kasuren batean,
lehengaien azaleratze eta biltegiak
aurkitu baitira aurkikuntzen inguruan, “lantegi”
ideia aipatu izan da. Ikuspegi horretatik,
litekeena da gizatalde harrapariak ibili
izana, besteak beste, Aranzaduia eta Bioizan,
Urbasan (Nafarroa), mendira hornigai
bila joanak, eta haiek hasi izana silexa lantzen;
izan ere, mendialdearen kanpoko perimetroa
mugatzen duten amildegietan guztiz
agerian daude silex zainak. Estratigrafiaren
aldetik oinarririk ez den arren, azterketa
tipologikoak Achelensearekin lotzen
ditu aurkikuntza horiek, eta, seguraski, haren
une beteenekin. Iruñeko arroako multzoak
(Gazolatz, Ibero, Baternain, Arazuri,
Orkoien eta Cordovilla), Erdi Achelensearen
fase aurreratu bati lotuko balira (teorian,
Riss I.aren eta Riss II.aren artekoari),
gaur egun eskura ditugun gauzaki multzoak,
bi aurpegiko harrien tradizio honekin
lotuak (Urrunaga, Urbasa…), une aurreratuagoetan
kokatuko lirateke, Goi Achelensean
bereziki (Riss III.an batez ere garatu
zena); areago, Azken Achelenseraino ere
iraun ahal izan zuten (Riss-Würm izotzaldi
bitartetikotik hasita).
Rissaren une aurreratu bati dagozkiola
dirudi Gipuzkoako Lezetxikiko koban bizi
izan zen gizatalde baten aztarnak (Arrasaten).
Geruza beherenetako sedimentuan
aurkitu dira koba hartako lehen biztanleek
erabilitako lanabes eta teknologia baliabide
batzuen aztarnak. Silexez eta eskistoz
egindako lanabesak (karraskailuak, ebakigailu
horztunak), “levallois” teknikaren aztarnaren
bat eta landutako hezurren bat, forma
zorrotzekoa, dira aurkitu direnak. Langintzari
dagokionez, Europako Moustier
aldiaren aurreko tradizioan kokatu izan dira
aztarna horiek. Hain zuzen ere, Lezetxikiko
ingurune horretatik dator Euskal Herrian
dagoen arrasto antropologiko fisiko bakarra,
zehatzago, VIII. maila deritzanetik. Han
aurkitu zen pertsona baten eskuineko besoko
humeroa, emakume batena seguruenik;
emakume hura 1,62 m luze izango zen
gutxi gorabehera, eta 30-35 bat urte izango
zituen. “Neanderthal aurreko” adar genetikokoa
bide zen, hau da, Homo erectus
aurreratu bat, etorkizuneko Neanderthalen
aldera egiten hasiak zirenetakoa.
Erdi Paleolitos aroaren bilakaera
Esan den bezala, Eem izotzaldi bitartea
eta azken izotzaldia, Würm izotzaldia, hartzen
ditu osorik Europako hego-mendebaleanGoi Pleistozenoak. Izotzaldi bitarte
horretan, Behe Paleolitos bukaerako langintza
multzo zenbaiten ondoan, Moustier aldiko
lehen langintzak agertu ziren, hain
zuzen ere Erdi Paleolitosaren kultura ezaugarritzen
dutenak. Langintza horiek aurrera
jarraituko dute, gero eta konplexuago,
antzinako Würmeko une hotz eta hezean
(Würm I, Würm I-II eta Würm II); gero,
Hengelo estadio bitartetik aurrera (Würm
II-III), Goi Paleolitosari dagozkion lehen
langintza multzoekin batera agertuko dira
zenbaitetan, eta Würm III.eko lehen faseetaraino
ere iritsiko dira.
Moustier aldia izenaz langintza multzoen
sorta bat adierazten da, garai bereko langintza
multzo batzuk, Erdi Paleolitos aroan
zehar gertatuak. Langintza horiek forma
berezi batzuk dituzte ezaugarri, hala adibidez
karraskailu lauak eta karinatuak, horztunak,
aurpegibikoak edo arrakalatzaileak.
Arrakalatzaile ugari dokumentatu da Pirinio
eta Kantauri aldean, eta bereziki ugariak dira
Euskal Herrian. Bilakaeraren ikuspuntutik,
tankera askotako gauzaki sorta baten garapen
diakronikoa gertatu zen Moustier aldian,
ereduzko zenbait gauzakitatik abiatuta
(karrakailuak, puntak eta ebakigailu
horztunak, lauak nahiz lodiak), eta horiekin
batera agertzen dira noizean behin beste
batzuk ere, bereziagoak (bi aurpegiko harriak
eta ebakigailuak). Zenbaitetan aurkitu
izan dira gauzaki sorta ederrak proportzio
aski orekatuetan; bestalde, joera izaten
da, oro har, tresna mota bat besteak baino
gehiago garatu delako, multzo jakinetan espezializatzekoa.
Denborak aurrera egin
ahala, aberastu egingo dira pixkanaka tresnak,
eta forma bilakatuagoak izango dituzte
(zizeiluak, karraskailuak eta bizkardun
aleak), Goi Paleolitos aroko prozesu leptolitiko
bete-betea iragarriko dutenak.
Euskal Herrian bada gordailu sail eder
bat, Moustier aldia hasiera-hasieratik azkeneraino
hartzen duena, hau da, K.a. 125.000
eta 35.000 urte bitartea gutxi gorabehera.
Aztarnategi nagusiak haitzulo eta harpeetan
daude, hala Axlor eta Venta Laperra
Bizkaian, Arrillor Araban, Abauntz eta Koskobilo
Nafarroan, Amalda eta Lezetxiki Gipuzkoan,
Olha I eta Olha II Lapurdin, Isturitze
Nafarroa Beherean, eta Gatzarria eta
Haregi Zuberoan. Aire zabaleko gune garrantzitsuak
erantsi behar zaizkie horiei,
Kurtzian (Bizkaia), Murban (Araba), Urbasan
(Nafarroa), eta Bastén (Lapurdi). Horrez
gainera, Gipuzkoako eta Lapurdiko
kostaldean ere, Ebro eta Aturriko ibai terrazetan,
eta Araba, Nafarroa eta Nafarroa
Behereko mendialdeetan, lur azalean, gauzaki
bakan asko aurkitu da.
Ageriko gauza da, beraz, Erdi Paleolitosko
aztarnategiak askoz hobeak direla
Behe Paleolitoskoak baino, zenbatekoan,nolakotasunean nahiz banaketan. Eta hori
baliagarria izango da kasu honetan atera
daitezkeen hipotesiak frogatzeko. Esan daiteke,
oro har, Eem izotzaldi bitartearen
nondik norakoa ezaugarritzen duten klimaren
baldintza epelak, hosto iraunkorreko
basoak zabaltzea ekarriko dutenak (artadi,
harizti, pagadiak), bere horretan iraun zutela
Würmaren hasierako uneetan. Pixkanaka-pixkanka,
ordea, hozte luze bat gertatu
zen. Basa pinua hasi zen nagusitzen
baso aldeetan, hosto erorkorreko beste zuhaitzekin
batera (urkia, urrondoa, sahatsa,
haltza). Eremu zabalak edo zelaiak ugaritu
egin ziren, eta haietan belar landareak hazi
ziren, nolabaiteko hezetasuna bazela adierazten
dutenak (gramineak, ziperazeoak, artemisiak…),
eta zaldiak eta behiak bazkatu
ziren. Aurrerago, antzinako Würmaren
bukaeran, gogortu egin ziren dirudienez klimaren
baldintzak. Basoak ez ziren askorik
hedatu, eta klima hotz eta lehorragoko belar
landareak zabaldu ziren; era horretan,
estepako motak ugaritu ziren (Ephedra,
Galium, Armeria…). Orduan agertu zen
aurrenekoz elur oreina, tundra eta taigako
biotipoei lotu ohi zaiena; Pirinioen inguruko
Iparraldeko zenbait lekutan –dirudienez,
gogorragoa baitzen han klima– lur hotzeko
beste mota batzuekin batera azaldu zen
(adibide baterako, mamuta eta errinozero
iletsuarekin). Leizeetako hartza (Ursus spelaeus)
asko ugaritu zen garai honetan. Habitat
jakin batzuetan izango dira oraindik
ere mota euritermoak, hau da, klima jakinetara
egokitu gabeko animaliak, hala nola
oreina (Cervus elaphus), baso aldeetan, eta
baita txilardegi eremu zabaletan eta zuhaitz
gabekoetan ere, edota basahuntza (Capra
pyrenaica) eta sarrioa (Rupricapra rupricapra),
amildegi harritsuetan-eta.
Ingurune hori izango da, animalia eta
landare baliabideei dagokienez, gizakiak
aurrera ateratzeko behar duen erreferente
ekonomikoa. Gizon haiek, harrapari espezializatu
gabeak izaki, bizi ziren inguruko
animaliak ehizatu eta jaten zituzten, eta ez
dirudi mota jakinik hobesten zutenik, ezta
adin edo sexuaren araberakorik ere. Horregatik,
Erdi Paleolitosean zehar, behiak,
zaldi eta oreinen aztarnak oso arruntak dira
eta, euskal aztarnategiak amildegi inguruetan
baitaude sarritan, basahuntza eta ahuntzaren
familiako animalia asko aurkitu da
(basahuntza, orkatza…). Une gogorrenetan,
klima hotzagoko motak ere agertu ziren
(elur oreina). Landarediak (baia aleak, tuberkuluak…),
inguruko biotipoak emana
zenak, osatuko du ekonomia zikloa.
Gizataldeek kokalekuaren arabera hautatzen
dituzte oraingoan bizilekuak, haitzulo
eta harpeetan, iraupenerako oinarrizko baliabideak
eskura izatearren. Haizetik ondo
babesturiko zuloak hartzen zituzten batezere, ura gertu zutenak, animalien pasabideetan
kokatuak, inguruko eremuak ondo
menderatzeko aukera ematen zutenak, edota
lanabesak egiteko oinarrizko lehengaien
biltegietatik oso urrun ez zeudenak. Lekuen
aukera taldearen beharkizun eta antolamendu
moduetara egokitua izaten zen, eta, hala,
kanpaleku iraunkorren modukoak sortu
ziren, ehiza gune modukoak, edota materiala
lantzekoak… Gorabehera horiek kontuan
hartuta, eskura zuen espazioa antolatu
zuen jende hark, eta lurrean markaturik
utzi zituen beren jardunen arrastoak. Arkeologia
aztarnategietan gorderik dago denboraren
joanarekin galtzen ez den objektu sail
bat; hala, badira gai desberdinez egindako
tresnak, ekonomia jarduera nagusietan erabiliak
(animalien ehiza eta trataeran, larru
lantzean, zurgintzan…), lanabesak egiteko
baliabide teknologikoak, janarien hondakinak,
sutegiak edo suak… Jarduera haien
erakusgarri asko gorde dira: harri mota askotako
tresnak (silex, kuartzita, kuartzo, lidita,
ofitazkoak…), forma eta teknika desberdinenarabera eginak (karraskailu, punta,
horztunen eredu lau edo karinatuak, luzeak
nahiz laburrak); hezur ezkarda zorroztuak,
ezten gisakoak; harrizko gauzakien antzera
landutako hezurrak; harri gogorrez
egindako mailuak (kolpekariak); zizelatzeko-eta
erabilitako hezurrak; Levallois teknikak
erabili zirela aditzera ematen duten
hunak eta lanketaren ondorioz sortutako
zatikiak; orein, ahuntz, orkatz, zaldi, uro,
bisonte, errinozeroen hezur hondakinak…
Badira, halaber, hezur batzuk berariaz hautsiak,
muina ateratzeko agian, hezur erreen
ikatzak eta hondakinak, su egiteko erabiliak…
Bestalde, gogoan izan behar da landare
gaiezko baliabideak (egurrak, zuntzak…)
eta animalienak (larruazalak, zainak)
ere landuko zirela lanabes, ontzi, jantzi
gisa erabili ahal izateko, baina, gai galkorrak
direnez, denborarekin galdu egin dira.
Leku horietako zenbaitetan sarritan bizi
izan ziren gizataldeak, klima ezaugarri desberdineko
zenbait sasoitan, kontuan hartzen
bada geruza desberdinak agertu direla; besteleku batzuk, berriz, denbora gutxian izan
ziren bizileku gisa erabiliak. Zabalera handikoak
dira Arrillor (Araba), Axlor (Bizkaia)
eta Lezetxikin gorde diren mailak; barnealdeko
aztarnategiak dira hirurak, Euskal
Mendien ertzean dauden, leku malkartsuetan,
eta hiruki bat osatzen dute beren artean,
zeinaren erpin nagusien artean ez baitagoen,
lerro zuzen bat eginez, kilometro
dozena gutxi batzuk besterik. Klima egokienetan,
izan ziren aire zabaleko habitatak
kostaldeko gune batzuetan, gai galkorrez
egindako etxolez osatuak. Kurtziako
barrutian eta Bastéko laboratorioan antzeman
dira halakoak.
Aurrekoaren osagarri, mendialdeetan
edota antzinako ibai terraza batzuetan oinarrizko
lehengaien azaleratzeak aurkitu
izanak, izango du eraginik espazio globalaren
formulazioan. Hornidura gune horietara
joan ohi ziren talde batzuk, harriz hornitzeko
eta harriak lantzen hasteko gero.
Era horretan, lehengai horiek ustiatzeko
lantegiak sortuko dira. Behe Paleolitos
aroan gertatu zen bezala, Urbasan, Nafarroan,
silexa eskuratzen jarraituko da, eta
gero, hartatik, karraskailu, punta, horztun
bikainak egingo dira. Izan ere, lantegi sail
garrantzitsu bat aurkitu da Urbasako goi
lautadan: Ipar Mugarduia, Andasarri, Gorlasaro,
Regajo de los Yesos, Aziarri… Antzeko
helburuarekin ustiatu zen Murbako
lantegia (Araba), Uda ibaiaren ibilgu zahar
baten ondoan, inguruan kalitate nabarmeneko
silex biltegi garrantzitsuak zeudela-eta.
Azkenik, gizatalde haien osagai etnikoa
aztertu beharko litzateke. Oso urriak dira
diagnostiko erabakiorrak egin ahal izateko
egun Euskal Herrian eskura ditugun antropologia
frogak. Iragan mendearen bukaeran
aurkitutako giza aztarna batzuen albistea
alde batera utzita, Olha I (Lapurdi) harpearen
ondoko babespean –nolanahi ere,
galduak dira gaur hondakin horiek–, bost
hortz besterik ez dauzkagu, Axlorko (Bizkaia)
harpeko III mailakoak, eta Amk mailako
hagin bat Arrillorko harpekoa (Araba)
–ongi datatua hori, K.a. 43.000. urte inguruan–.
Europan dokumentatu denarekin lotzen
bada, “Neanderthal” tipoko gizabanakoarenak
bide dira (Homo sapiens neanderthalensis),
Behe Paleolitos aroko “Neanderthal
aurreko” delakoen bilakaera zuzenaz
eratorriak. Gizaki hark, Erdi Paleolitoseko
Sartaldeko eremu etnikoa ezaugarritzeaz
gainera, eta Moustier aldian gauzatu
ziren lorpen teknologiko eta industrialak
erabiltzeaz gainera, heriotzarekin lotutako
lehen erritu agerpenak gauzatu zituen, Europan
sakabanatuak diren hilobi sinboliko
askotan.