Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia»Historiaurrea

Historiaurrearen ikerketak Euskal Herrian: zenbait arazo

H istoriaurrearen kontzeptua –azterlan gisa ulertuta– azaltzen da laburki atal honetan, batez ere, euskal historiaurrearen sorkuntza eta garapena gaitzat hartuta. Aurreko mendearen erdialdean hasi bazen ere, mende honen lehen urteak arte ez zuen indarrik hartu euskal historiaurrearen azterketak. Orduan, zenbait ikerlari handiri esker, nola ziren Telesforo Aranzadi, Enrique Eguren eta, batik bat, Jose Migel Barandiaran, oso izen ona izatera heldu zen Euskal Herriko historiaurrearen arkeologia nazioarteko zientzia zirkuluetan.

 

Historiaurreaz

Historiaurrea Europan jaiotako jakintza bat da, XIX. mendearen erdialderako guztiz sendotua. Hasieran antzinateko hondakinen ikusmolde naturalista bati lotu zitzaion; gero, osatzerakoan eta bilakatzerakoan, erabakiorra gertatu zitzaion Paleontologiak eta Geologiak jokatu zuten papera.

Orduz geroztik, antzinako gizarteak zein bere ingurugiroan ezagutzea izan da Historiaurrearen helburua, eta, hala, denboraren kontzientzia duen jakintza soziala dela esan daiteke. Bere objektuaren berezitasuna dela eta, berezia du lan metolodogia ere. Metodo arkeologikoa –alegia, datuak agerlekuan bertan eskuratzea (aztarnategiak bilatu, identifikatu eta arakatu) eta laboratorioan era askotako azterbideak aplikatzea (teknika analitikoak, tipologikoak, datazio teknikak, ingurune naturala definitzeko azterketak…) da historiaurrearen ezagutzarako oinarria.

Estrategia, tipologia eta kronologia, sedimentuen analisiarekin loturik, eta orobat analisi arkeozoologikoak, arkeobotanikoak, paleoantropologikoak… erabiliz, predikatu koherente bat sortu zen azkenean.

Alabaina, Historiaurreaz mintzatzeak, alde batetik, Historiaren aurreko une kronologiko bat aipatzea esan nahi du, eta, bestetik, Historiaren testuinguru orokorrean espazio historiko bat finkatzea. Horrek esan nahi du prozesu historikoaren jarraitasunean muga batzuk –balio erlatiboa eta konbentziozkoa dutenak– hartu behar direla kontuan Historiaurrea finkatu ahal izateko. Historiaurrea,beraz, gizakiaren lehen kultura agerraldien agerpenarekin hasi zen, eta testu idatzien hedatzearekin bukatu. Gaur egun uste denaren arabera Historiaurreak hiru bat milioi urte iraun zuen.

Denbora tarte izugarri luze horretan beraz guztiz egoera desberdinak izan ziren.

Horregatik, bizirik iraun beharra islatzen du Historiaurreak giza ereduetan, kultura agerraldietan eta oro har ekosistema sarean.

Batzuk zein besteak aldatu egin ziren pixkana-pixkana, eta, era horretan, denboran eta espazioan zehar bakandu. Biologia eta kultura aldaketa horietan, badirudi klimaren aldakortasunak jokatu zuela paper nagusia, alegia, klima izan zela aldaketa prozesuaren faktore funtsezkoenetako bat. Izan ere, Europa Mendebaleko Historiaurrearen ezaugarri nagusietako bat aldian behin klima aldatzea izan baitzen: orain izotzaldiak, hotzak eta lehorrak (zaharrenetik hasita: Biber, Donau, Günz, Mindel, Riss eta Würm), orain izotzaldi bitarteak, epelak eta hezeak (Biber-Donau, Donau-Günz, Günz-Mindel, Mindel-Riss eta Riss-Würm). Aldi nagusi horien barruan, bestalde, beste laburrago batzuk izan ziren (hotzak edo estadioak, eta epelak edo estadio artekoak), eta horietan ere klima aldaketa bereziak izan ziren, baina ez hain luzeak. Laugarren aroan –Historiaurreko oinarrizko geologia aroa– bi garai nagusi bereizten dira: Pleistozenoa (izotzaldiak eta izotzaldi bitarteak) eta Holozenoa (Würm izotzaldiaren ondorengoa eta gaur egungo klimara bidean). Paisaje desberdinak, era askotako landare eta animalia elkarteak, langintza bereziak, askotariko gizabanakoak…, horiek izan ziren klima aldaketaren dinamika konplexu horren adierazpen zuzena hein handi batean.

Hori guztia argitzeko eta ulertzeko, hain baita zabala eta nahasia, estadio edo aldietan ordenatu behar dira Historiaurreko egoerak. Europako hego-mendebalean, konbentzioz, hiru aro nagusitan sailkatu ohi da Historiaurrea: a) Paleolitos aroa (Behe, Erdi eta Goi aroetan banatua), oso luzea,non gizakia harrapari bat bezala bizi zen eta harria lantzen hasi zen. b) Epipaleolitos-Mesolitos aroa eta lehenengo produkzio ekonomia edo Neolitos aroa bitarteko trantsizio garaia. c) Metal Garaia: gizarte egiturak sendotuz joan ziren eta gizakiak lehenbizi kobrea (Kalkolitos aroa), Brontzea gero (Brontze aroa) eta Burdina (Burdin aroa) landu zituen.

 

Euskal Historiaurreaz

XX. mendea bukatzen ari den honetan, begiratu lasai bat egiten bazaio Euskal Herriko Historiaurreari, ikusiko da, gertaeren ezagutzan ohiko izaten diren lorpen eta hutsuneen ondoan, nolako tradizio luzea eta sendoa duten era honetako ikasketek, eta zeinen maila garaia duen ikerketen kalitateak.

Tradizioaz mintzatzea ez da historia bat aipatzea bakarrik, aitzitik, ezagutzaren igortze luze bat kontuan hartzea ere bada. Kalitateaz mintzatzea aldi berean izaten da egindakoari kalifikazio bat eranstea ere. Eta euskal Historiaurreak tradizio zabala du, eta kalitate frogatua.

Baina ba al dago euskal Historiaurre batez mintzatzerik? Euskal espazio fisikoan Historiaurrean izandako gertaeren azterketa gisa ulertzen bada Historiaurrea, orduan Euskal Herrian izandako Historiaurreaz ariko ginateke euskal Historiaurreaz bainoago.

Izan ere, euskal Historiaurreak ikerketarako marko kontzeptual berezi bat definitu beharko luke aurrena, arrazoibideari oinarri sendoak ipini gero, bere orientazioan helburu koherenteak ezarri ondoren, eta aplikazio baliabide metodologiko eta instrumental egokiak eta erakoak izan azkenik.

Gure iritzian, euskal Historiaurrea izan, bada. Hasieran XIX. mendeko kristau ikusmolde bati egon zen lotua; gero, XX. mendearen lehenengo herenean, aldatzen hasi zen ikusmolde hori, eta pixkana-pixkana, etorkizuneko ikerketa moldeetara bideratzen hasi zen. Aranzadik, Barandiaranek eta Egurenek egin zuten, Espainiako gerra zibilaren aurretik, euskal Historiaurrearen formulazio orokorra, eta Barandiaranek berak osatu zuen gero formulazio hori, mendearen bigarren erdian egindako lan emankorrekin.

Jakintsu horiek markatu zuten euskal Historiaurrearen patua, eta gaur egungo ikerketa ere haien lanaren jarraipena da azken batean.

Eta horrela, euskal Historiaurrearen garrantzia ezagutu zuen Europako zientziak.

Euskal Herrian aurkitutako ondasunaren aberastasunaz gainera goi mailako ikerlariak izateak eta lan metodo zehatzak erabiltzeak ere eragina izan zuten horretan.Horra Historiaurreari buruzko ezagutza sakontzen eta gaur egungo ikerketa bideetan aurrera egiten lagundu duten faktore nagusiak.

Alabaina, euskal Historiaurrea bere osoan ulertu nahi bada ez da oso zuzena gaurko ikuspuntutik epaitzea XIX. mendearen bukaeran edota mende honen hasieran aztarnategi batzuetan egin ziren ikerketa puntualak. Pentsa dezagun prozesu bat dela ezagutza, gauza dinamiko bat denboran zabal daitekeena eta une historikoen arabera alda daitekeena. Horregatik, prozesu historiko baten gisa ikusi behar da ezagutza hori, eta besteek zer pentsatu zuten, eta arazok nola konpondu eta adierazi zituzten ulertzen saiatu behar gara. Hori da Historiaurreari buruzko ikusmolde egoki eta bere ingurunean ondo txertatu bat lotzeko bidea. Hala beraz, euskal Historiaurrearen eratze prozesua azaltzen saiatuko gara.

Albiste bakan batzuez aparte XVII. mendean, Historiaurreko aztarnen lehenengo aurkikuntza sistematikoak XIX. mendearen bigarren erdiaz gero egin ziren. 1832an, ustekabean, Aizkomendiko trikuharria aurkitu izanak mende osoko ikerketen bidea eta nolakotasuna baldintzatu zituen. Trikuharriak eta gisako momumentuak izan ziren ikerketaren aitzindarien arretaren gune nagusia (L. Velasco, R. Becerro de Bengoa, F.

Baraibar, J. Apraiz, J. Iturralde). Lehen aurkikuntza haren atzetik beste asko etorri ziren Araban eta Nafarroan. Europa Mendebalean garai hartan ohiko ziren interpretazio paradigmetatik abiaturik, aldizkako inbasore zelta batzuen adierazpentzat hartzen ziren trikuharriak, Tubalen ondorengoak bizi ziren espazioaren testuinguruan. Izan ere, XIX. mendean, aurrekoetan bezala, oso ohikoak ziren topiko mitifikatzaile haiek,Mendebaleko etnien jatorri zaharrari zegozkionak.

Antzinako herri askoren jatorriari zegokionez, gure arbaso “heroi eta gloriazkoak” bilatu nahia –M. Larramendiren hitzetan–, ohiko arrazoibidea izaten zen. Frantzian zeltek jokatu zuten paper hori, Arturo erregeak Ingalaterran eta Andaluzian tartesiar erregeek; gure aldean berriz Bibliako Tubal eta haren ondorengoak, iberiarrak edo euskaldunak, izan ziren alegiaren protagonistak.

Mende askoz geroztik, Hasierako pasarte bati buruz elizak egindako exejesiaren arabera, Noeren iloba mitiko haren ondorengo zuzenak ziren euskal geografiako lehen biztanleak eta haien hizkuntza.

Dudarik ez dago hasieran ez zela gauza erraza izan hilobi megalitiko haiek Tubalen teoria mitologikoaren baitan interpretatzea.

Teoria horrek zioenez, euskal lurren espazio fisikoan ez zen kanpoko inbasiorik gertatu, eta, hortaz, penintsulako lehen biztanleak, bertakoak, tubaldar euskaldun edo iberoak, betidanik bizi izan ziren gaurko eusko lurretan, Historiaren lehen unetik bertatik alegia. Laster geratu zen Tubalen inguruko hipotesian txukun txertatua trikuharriak zeltak zirelako uste hura, arazoaren behin-behineko irtenbide gisa; mendearen bukaera arte ez zuen indarrik galdu Tubalen hipotesi hark. Historiaurreko gertakizunak ontzat emateak, eta Historiaurrekoak zirelakoan interpretatzeak, bestelako auziak bazter utzita, ikusmoldeen krisi bat ekarriko zuen. Era horretan amaitu zen ezagutza baldintzatua eta espekulaziozkoa ezaugarri izan zuen aldi luze bat. Orduz geroztik, antzinako biztanleen errituzko hilobiratzeekin lotuak zeuden agerraldi arkeologiko gisa ulertu ziren trikuharriak. Eta ikusmolde horrek, xehetasunak gorabehera, bere horretan dirau gaur ere.

XX. mendean zehar euskal Historiaurrea bere gorputz teorikoa kontzeptuz eta metodologiaz aberasten joan zen –eta izan zuten eraginik horretan zientziaren teoriaren inguruan historian zehar sortu diren joera epistemologikoek: historizismoak, funtzionalismoak, morfologismoak, estrukturalismoak…– eta baliapide arrazionalagoz eta zientziaren aldetik ziurragoz janzten.

Historiaurreko ikerketen norabidean, eta gerora izango zuten etorkizunean, garrantzi handiko gertaera izan zen Telesforo Aranzadik, Jose Migel Barandiaranek eta Enrique Egurenek sorturiko lantaldea (1916). Haiei zor zaie euskal Historiaurrearen sorrera.

Europako kultura taldeetan nagusi zen zientzia giroak izan zuen eraginik euskal Historiaurrearen ikekertak harturiko bide berrian. Herrien historia ezagutu nahiak berekin ekarri zuen, ikasketa etnografiko garrantzitsuen garapenarekin batera, arkeologia, hizkuntza, mitologia edo antropologia fisikoko auziak sakontzea.

Nortasun etnologikoari buruzko ardura horretan, euskaldun herriaren sustraiak bilatzea eta haren garapen historikoa finkatzea izan ziren jardunaren lehen helburuak.

Horretan bete-betean sartzen zen Historiaurrea, helburu horiei zegokienez informazio guztiz garrantzizkoak eman behar zituelakoan.

Hala bada, erraz ulertzen da Historiaurrearen ikerketak garapen ikusgarria izatea.

Haitzuloetan egindako aurkikuntza eta indusketek osatu zuten une haietan aurkitu ziren monumentu megalitikoen zerrenda luzea (trikuharri multzoak); horrekin batera, kontuan hartzen badira arkeologia ikerketak eta ustekabeko beste aurkikuntzak, urte gutxi lehenago pentsatu ere ezin zen moduko tamaina hartu zuen euskal Historiaurrearen kronologiak. Historiaurre osoko aztarnak aztertu ziren: hasi Behe Paleolitos aroko industrien erreferentzietatik beranduko Protohistoriako edo Burdin aroko egoeretaraino, bi mutur horien arteko oinarrizko industria konplexu anitzetik iraganez.

Une haietan osatu ziren euskal Historiaurreko iraganaren erreferentziaren zutabeak, eta kopuruz ugarien ziren haiei –trikuharri hilobiei– lurralde eta kultura esanahi bat egotzi zitzaien.

Jardunbide horren azken gisa, nazioarteko zientzialarien ezagutza jasoko zuen Aranzadi, Barandiaran eta Egurenek osaturiko lantaldeak.

Indusketaren metodologiaren eta materialaren trataeraren zehaztasun zientifikoa –aztarnategiaren beraren oinean gauzaturiko plano eta ardatzetatik abiatuz aztarnategiaren eremua arrazionalki egituratzea, sedimentua indusketa banako erregularretan oinarriturik altxatzea, estratigrafia biltegia hurrenez hurren definitzea eta koordenatuen arabera egitea aurkitutakoaren banaketa, datu materialen erauzketan erabilitako ardura eta lehia, lurren bahetzea, berreskuraturiko hondakinak zaintzea, edota zigilatzea edo markatzea planoko kokalekuariburuz egitea– eta horrekin guztiarekin loturik proiektuen askotariko ikusmoldea –paisaje, klima, fauna, landaredia, etnografia edo antropologia datuak barne– aitzindari gertatu ziren une haietan zientzian ikerlari haien idatzien kalitate maila jaso zuten.

Euskal Historiaurrea bere espazioa ari zen sortzen Europako testuinguruaren baitan.

Horrekin batera, gizataldearen osagai etnikoari edota biztanleek sorturiko unibertso mitologikoari zegozkion auziak sakontzeak osatu eta sendotu zuten gai haien definizioa.

Historiaurreko trikuharrietan, eta Historiako garaietako multzoetan berreskuraturiko gizabanakoengan errepikatzen ziren ezaugarri anatomikoetan oinarriturik definitu zuen T. Aranzadik “euskal edo Pirinio mendebaleko tipoa”. Gertaera horrek gizataldearen jarraitasun teorikoa agertzen zuen, hainbat milalditan zehar ingurune batzuetan beste talde etniko batzuei loturik –bereziki, “mediterranear tipo segailari” hegoaldeeneko parteetan eta “Alpekoei” Pirinioetako ibar garaietan. Horrek, itxuraz, garapen prozesuaren antzinatasuna adierazten zuen. Pirinio mendebaleko tipo fisikoa, trikuharrien garairako anatomiaz berezitua, Cro-Magnon Magdalendar segailaren edota Goi Paleolitos aroaren amaierako aldaera in situ bat izan zitekeen.

J. M. Barandiaranek, bestalde, mitologia zahar ezezagun bat ezagutarazi zuen, toponimo eta elezahar askotan gordea, ahoz ahoz eta belaunaldiz belaunaldi Euskal Herriko geografia osoan zehar transmititua.

Ezezagunari buruzko kezkatik sortua bada mitoa, azaldu ezin den hartatik, euskaldunek ere, beste antzinako herriek bezala, ezjakintasun horri erantzun behar izan zioten mitologia eredu konplexu baten bitartez.

Munduaren eta munduko gertaera nagusien kosmologia interpretatzaile berezi bat da euskal mitologia, Mendebaleko Pirinioetan kokaturiko herri baten ikusmolde bereziaren arabera sortua. Euskal mitologian era askotako pertsonaiak daude (Mari, Lamia, Sorgina, Akerbeltz, Basajaun, Tartalo, Herensugea, Jentilak…), irudi zoomorfikoetara lotuak (zaldia, zezen gorria, behi gorria, akerra, ahuntza…), eta haitzulo eta lezeetan bizi dira asko (Marizulon, Lamiñeneskatzan, Sorginenlezen, Jentilkoban…).

Mitologia horren kontakizunari erantsita, bada monumentu sail bat Historiaurreko garaien adierazle (batez ere, megalitoen estiloko eraikin deigarriak); izan ere, lehen aipaturiko alegiazko pertsonaia haiek eginak edo nolabait erabiliak direla uste baita: hala, Jentiletxe, Sorginetxe edo Tartaloetxeko trikuharriak, Jentilharri eta Sansonarriko menhirrak edota Jentilbaratza edo Mairubatzako harrespilak.Datu antropologikoak eta etnografikoak funtsezkoak gertatu ziren Euskal Herriko Historiaurrearen jatorria eta iragana argitzeko.

Horrekin guztiarekin, Aranzadi-Barandiaran-Eguren lantaldearen sorreraren ondorengo bi hamarraldietan, erabat normaldu ziren euskal Historiaurrearen beraren definizioa zertzen duten funtsezko erreferentzia teorikoen hatsapenak. Eta horrela euskal Historiaurrea erabat sendotu zen.

Ikerlari haiek egituratu zuten oinarriaren gainean zertu ziren etorkizuneko ikerketak ere. Eta, oro har, gure egunotaraino iristen da haien teoria.

Espainiako gerra zibilak (1936-1939), baina, hautsi egin zuen lantaldearen iraunkortasuna. J. M. Barandiaranek egonaldi luzea egin zuen Iparraldean, eta etnografiako eta Historiaurreko ezagutzak sakondu zituen. Han, G. Laplace eta P.

Boucherrek euskal Historiaurreko aztarnategi garrantzitsuenak aurkitu eta aztertu zituzten.

Hegoaldean ere ikerketak ez eteten saiatu ziren D. Fernández Medrano, D. Estavillo, J. Elósegui, M. Ruiz de Gaona… Aranzadi eta Eguren hil ondoren, Barandiaranek hartu zuen bere gain lanen zuzendaritza (1953an itzuli zen erbestetik), eta gerra aurreko ikerketa bideari heldu zion berriz ere. Historiaurreko ikerlarien belaunaldi berriak, 1960. urte inguruan J.M. Barandiaranen babespean sortua (J. Altuna, J.M.

Apellaniz, I. Barandiaran, A. Llanos…), eta haien ondorengoak ere, asko aberastu dute euskal Historiaurrea, bai metodologiaren bai ikusmoldeen aldetik, Aita Barandiaranek erakutsitako filosofia orokorraren baitan betiere, alegia talde hark –”tres tristes trogloditas” esaten zieten maitasunez– ahalegin handiz eta gogo biziz taxutu zuen filosofiaren baitan.