Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia»Euskara

Euskara

 

Jatorria: aurrehistoria eta antzinatea

 

Euskararen egoera erromatarrak bertaratu aurretik: hipotesiak

Bi hipotesi dira zabalduenak eta onartuenak euskararen jatorriaz eta haren urrutieneko garaiaz. Hipotesi horietan lehenaren arabera, euskara Historiaurreaz gero hitz egin da bertan. Ez zen, beraz, antza denez, inmigrazio edo kolonizazio prozesuen ondorioz ekarritako hizkuntza. Bigarrenik, datu toponimikoak eta, zenbaitetan, epigrafikoak kontuan hartzera, Ka. azken mila urteetan hizkuntza horren eremua egungo Euskal Herriari dagokiona baino anitzez zabalagoa zen. Iparraldetik, Akitania eremu horren barne bide zegoen. Sortaldetik, haren erabileraren aztarnak aurkitu dira Erdialdeko eta Ekialdeko Pirinioetan, nahiz eta eskualde horretan bestelako hizkuntza talderekin batera bizi beharko zuen. Hegoaldetik, daitekeena da gaurko Riojan kokatu ziren herriek euskara hitz egin izana. Aldiz, Kantabria-Asturias alderako euskararen hedapena oso eztabaidatua izan da hari ziurtasun osoz eusteko.
Zein ziren euskal eledun herri haiek? Ezagunak dira probabilitate maila aski handiz, zenbait autore klasikoren informazioak elkarrekin alderatu ondoren: Pomponio Mela, Plinio Zaharra eta Estrabon, batez ere. Lehen buruan akitaniarrak aurkitzen ditugu, Julio Zesarren garaian Garona ibaiaren eta Pirinioen artean kokaturik zeudenak. Gure esku diren testigantza epigrafikoek aditzera ematen dutenez, herri horren hizkuntza nortasunak zerikusi handiagoa zuen euskal munduarekin ezen ez indoeuroparrekin. Halaber, ondorioz atera daitekeenez, beste zenbait herri euskaldunak ziren: baskoiak, Aragoin, Nafarroan eta Gipuzkoako Bidasoaldean kokatuak; barduliarrak, Gipuzkoa ia osoan (Pasaitik Deba ibaiaren ahoraino) eta Araban finkatuak; karistiarrak, Deba ibarretik Nerbioirainokoan zeudenak, eta autrigoiak, egun Enkarterriak deitzen den eskualdean eta Errioxako mendebalean kokatuak.
Azpimarratu beharra dago euskara ez zela uharte bat, ez zela bakarrik bizi. Izan ere, erromatarrak Iberiar Penintsulara etorri aurreko aldian, beste zenbait hizkuntzarekin harremanetan zegoen hizkuntza hau. Auzo horietariko batzuk indoeuroparrak ziren, ondoz ondoko migrazioetan etorriak Ka. azken mila urteetan. Beste hizkuntza talde batzuk antzinagoko estratuei zegozkien. Garona ibaia Akitaniako Ipar mugatzat hartuz gero, euskarak herri galiarren hizkuntza zeltak zituen mugatzat alde hartatik. Sortaldeko Pirinioetan, seguruenik, ukipen-alde bat izan behar zuen iberierarekin, hizkuntza horren azterketak arazo larriak planteatzen baditu ere. Bestalde, euskararen eta iberieraren arteko ahaidetasuna aldarrikatzen duten teoriak, inondik ere, frogatuak gaur egun. Gaurko Soria, Burgos eta Ebro Ibarreko lurretan topo egingo zuten euskarak eta zeltiberiarren hizkuntzak. Gainera, antza denez, Kantauri mendietan, indoeuropar dialektoren bat hitz egingo zuten. Zer ondorio ekarri zituen hizkuntzen auzotasun horrek? Usteak besterik ez dago arazo horren inguruan. Pentsatzekoa denez, euskarak mailegu lexikoak hartuko zituen auzoetatik, zelta errokoak haietariko batzuk. Gutxi iritsi dira gure egunotaraino eta halakoei buruz etimologia aztertzaileek dituzten zalantzak ez dira gutxi Esan daiteke, datu berri seguruagoak azaldu bitartean, euskarak eragin txikia jaso zuela auzoengandik latindarren aurreko aldi hartan.

 

Euskararen bilakaera erromatarren aroan: iraupena eta aldaketak

Erromatarrak Iberiar Penintsulan sartzeak beste erronka bat ekarri zuen euskararentzat. Erromak K.a. II. mendetik K.o. V. mendera izan zuen eragina eta presentzia Mendebaleko Pirinioetan. Iharduera horren norainokoa eztabaidagai izan da, hau da, egiazko erromatartze prozesurik izan zen ala ez, horrek dakarren akulturazioarekin. Habardura anitz izan beharko du galdera horren erantzunak. Erromatartze prozesuak erritmo desberdinak izan zituen eskualde batean ala bestean. Euskal Herriko erdialdea (saltus vasconum), menditsua, bertara iristeko zaila zena, ekonomia guztiz apalekoa, ez zen asko aldatu Erromako iharduera kolonizatzailearen eraginez. Erdialde horrek egungo Nafarroa eta Arabako mendialdea eta Gipuzkoa eta Bizkaia osoak hartzen zituen. Eremu hori, beraz, neurri handi batean latinizazio prozesuaz kanpo geratu bide zen, Erromako agintearen hedapenak zekartzan ondorioetariko bat, hots, hizkuntza ordezkapena saihesten zuela. Halaber, euskararen hizkuntza ezaugarri bereziak, indoeuropar hizkuntzekiko egitura desberdintasunak (familia horretakoa baitzen latin hizkuntza), latinak euskara beretzea zailago egingo zuen beste faktore bat zatekeen.
Aldiz, lurralde iristerrazagoetan, hala nola Akitanian, Ebroko ertzetan (ager vasconum), Ekialdeko Pirinioetako eskualdeetan eta zelten kutsua harturik zuten lurraldeetan, kolonizatzaileak lehenago eta sendoago finkatu ziren; horrek, hizkuntzaren alorrean, latinizazioaren aldeko aldaketa handiagoa ekarri zuen. Eremu horietan hiriak sortzea -Calagurris (Calahorra), Graccurris (Alfaro) edo Iacca esaterako- fenomeno horren lagungarri izan zen, hiriak bertako biztanleei hainbat eskubide aitortzen baitzizkien. Hiri gune horiek tokiko buruzagitaldeak erakarriko zituen eta halakoak, hiri ingurune berri horretan, erromatar ordena berriaren abantailak ezagutuko zituzten. Aldi berean, landa eremuetan ere, fundi eta villae direlakoetan oinarriturik, erromatarren laborantza ustiaketarako eta jendeztatzeko molde berriak hedatuz joan ziren, tokian tokiko gizarte bizitza berregituratzeko joera ezarriz. Aldaketa horiek latinaren zabalkundearen onetan suertatuko ziren.
Egoera hori, epe luzera begira, arrisku txarrekoa zen euskararen biziraupari dagokionez. Inperio handi baten hizkuntza ofizial eta komuna zen latina; euskara, ordea, zenbait tributako euskalkietan banaturik, Europako zokogune bateko hizkuntza zen, gutxi jendeztaturiko lurralde batekoa. Euskara-latina erlazio horretan, euskarak atzera egin zuen ezinbestean, batez ere Araba eta Nafarroako hegoaldeko lurraldeetan. Hala ere, K.o. III. mendean abiatu zen Erromako agintearen krisiak eragotzi egin zuen hizkuntza ordezkapenaren prozesua burura zedin. Euskara bizirik atera zen, preindoeuropar hizkuntzetatik aztarna bakar gisa geratzen zela. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi aldaketa eta eraginak jasan ez zituenik. Izan ere, egungo euskarak latinezko erroa duten hitz asko diru. Guztiarekin ere, zertzelada horrek arazo larri bat planteatzen du, hau da, zein hitz datozen Inperioko latinetik eta zein hartu diren geroago hizkuntza erromantzeetatik, Ziurtasun osoz esan daiteke erromatarren nekazaritza eta basozaintza munduarekin zerikusia duten hitzak latinaren herentzia zuzena direla, hala nola garau (granum), zekale (secale), olio (oleum), errota (rota), pago (fagus) edo gerezi (ceresia). Beste zenbaitek kontzeptu abstraktoak? adierazten dituzte, hala nola bake (pacem) edo arima (anima). Orobat, zenbait atzizkitan nabaria da latinaren eragina.

 

Euskara erdi aroan

 

Eraginak: ebanjelizazioa hizkuntza erromantzeetan

Erdi Aroko mendeetan zehar, bi zirkunstantzia guztiz esanguratsuk baldintzatu zuten euskararen bilakaera: batetik euskal gizartearen kristautzea eta bestetik auzoko hizkuntza erromantzeekin elkar bizitzea. Kristautasunaren sarrera aski prozesu geldia eta luzea izan zen, halako eran non X. mendearen aurretik ezin daitekeen zinezko finkatzerik izan zenik esan, ez lurraldeari ez gizarteari dagokionez. Hizkuntzalaritzaren ikuspegitik, fede berriaren sarrerak ondorio nabarmenak ekarri zituen. Gogora dezagun giltzarri gertatzen den faktore bat latina zen Elizaren hizkuntza ofiziala eta, are gehiago, bere batasunaren ezaugarria ere bai. Elizako agintarien joera latinzale hura ez zitekeen euskara zen bezalako hizkuntza ez erromaniko baten aldekoa gertatu, barbarotzat hartzen baitzuten. Gorabehera hori oztopo ezin gaindituzkoa izan zen Erdi Aroan euskal alfabeto bat moldatzeko eta euskarazko literatura idatzia sortu ahal izateko. Hala eta guztiz, latinarekiko harreman berri horrek hiztegia zabaltzea ekarri zion euskarari. Asko dira, Goi Erdi Arotik hara, euskarak beretu dituen eliz jatorriko hitzak: aingeru, infernu, zeru, bekatu, grazia, fede, gurutze, bataio, salbazio, aldare, domeka, gura, abade, santu, bedeinkatu, abendu, pazko eta beste asko. Horiek guztiek Erdi Aroko Elizaren mundu-ikuskera, antolamendua eta kultura islatzen dute. Mailegu lexiko horiek onuragarri gertatu ziren euskararentzat, hizkuntzaren modernizazioa baitzekarten, ebanjelizazioaren kultura eduki berrietara egokitzen zutelarik.
Erdi Aroan, euskarak beste zenbait hizkuntzarekin batera bizi behar izan zuen, mugako lurretan moldatzen ari ziren hizkuntza erromantze berriekin batez ere. Egoera hori garrantzi handikoa gertatu zen euskararen bilakaerarako. Iparraldean, Akitaniako lurretan, okzitanieraren aldaera den gaskoinera mintzatzen zen. Ekialdean eta Hegoekialdean euskaldunek Nafarroako eta Aragoiko erromantzedunekin egiten zuten muga. Mendabaletik eta Hego-mendebaletik, orduan sortzen ari zen gaztelera eta Errioxako dialekto erromantzea ziren auzokideak. Beste zenbait gorabehera historiko kontuan hartzen badira, panorama geolinguistikoa are konplexuagoa gertatzen da. Euskal Herriaren barnean, toki jakinetako biztanleak kanpotik ekarritako hizkuntzetan mintzo ziren. Izan ere, XI. menderik Pirinioez bestaldetik zetozen franko talde batzuek merkataritza eta hiriko bizitza azkartu zuten Santiago Bideko hirietan. Bizilagun haiek okzitanieraren hainbat aldaera erabiltzen zuten. Bestalde, gaskoin jatorriko jendea kokatu zen Gipuzkoako kostaldean, XIII. mendetik aurrera batez ere. Bestalde, zenbait hiritako auzo juduetan hebraiera erabiltzen zen liturgian. Halaber, Nafarroan bereziki, Errekonkista delakoa Hegoalderantz hedatu ahala, arabieradun talde batzuk geratu ziren. Testuinguru horretan, bestalde, oroitu beharra dago, oso teoria zabaldu baten arabera, erromantze batzuek, gaztelerak adibidez, euskaldunek ebakitako latinean dutela jatorria. Horrek guztiak elebitasun egoerak bazirela erakusten du. Nekez ezagutu daitezke xeheki egoera horien ezaugarriak. Guztiarekin ere, hizkuntza erlazio horietan, sumatzekoa da gizartean euskarari zegokion posizioa maila apalekoa zela, baita gehiengoa zuen tokietan ere.

 

Lurraldetasun bilakaera erdi aroan

Euskarak hartzen zuen eremuaren ikuspegitik, kontraesanezko prozesua gertatu zen, aurrerapenak eta atzerapenak jasan baitzituen. Atzerapena Akitanian eta Pirinioetan gertatu zen. Aitzitik, Errioxako mendebalean, Goi Errioxa deiturikoan, eta oraingo Burgos probintziako Ipar-ekialdean, euskaldunen presentzia nabaritu zen. Batzuek Antzinatera eramaten dute testigantza hori, bertako beroi eta autrigoi tribuak ordurako euskaldunak zirelakoan. Dena den, lurralde horien euskalduntzea Goi Erdi Aroan abiatu zela uste dutenen iritzia hedatuago dago. X. mendetik aurrera, Arabatik eta mendebaleko euskal lurretatik zetozen jendeak Oja, Tiron eta Alanzon ibaietako arroetan eta, Pancorbo aldian, Obarenes eskualdean finkatu ziren. Hedakuntza horrek Erdialdeko eta behe Errioxako eskualdeetarantz baino areago Mendebalerako norabidea hartu zuen eta jendeztatze haren Ekialdeko muga Oka eta Najerilla ibarrak bereizten dituen ur banalerroan finkaturik geratu zen.
Toponimiak eta antroponimiak toki haietara jo zuen jendearen jatorria erakusten digute . Izen horiek euskararen Mendebaleko euskalkiei dagozkiela ematen du, Araban eta Bizkaian ezagutzen edo ezagutu direnen antzera . Antzinako autrigoien eta karistiarren euskalkiak, hain zuzen . Nafar baskoien presentzia, aldiz, X. mendeari dagokionean bederen, urria da Goi Errioxan. Egoera hori ondoko bi mendeetan aldatu bide zen, hots, Iruñeko monarkia Mendebalerantz hedatu zen garaian . Orduan, seguruenik, Nafarroa aldetik zetorren jendearen kopurua areagotu egingo zen. Hiru mende iraganik, XIII . mendearen erditsuan, jadanik Errioxa behin betiko Gaztelaren esku zegoela, Oja ibarrean euskara erabiltzen zen oraino. Hori frogatzen dute 1239an Ojacastron gertatu zen auzi bateko gorabeherek. Bertako euskal toponimiak jendeztatze horren testigantza ematen du : ia mila kasu hainbat udaletan (Ezcaray, Zorraquin, Valgañon, Santurde, Santurdejo eta lehen aipatu den Ojacastro). Behe Erdi Aroko mendeetan, alabaina, euskarak atzera egin zuen Ebroko ertzetatik, Oja ibarreko goi eskualde menditsuetan gehiago iraun zuelarik.
Bitartean, Nafarroako erresumak hizkuntza erabilerari dagokionez konplexutasunaren adibide garbia ematen zuen. Halatan, 1167an, Santxo VI.a "Jakintsu" deituaren dokumentu batean erresumako biztanleen arteko gehiengoaren hizkuntza den "lingua navarrorum" hura aipatzen da. "Lingua" hori euskara dela esan daiteke. Bertako toponimiak eta antroponimiak ekarritako datuek hala dela egiaztatzen dute. Garbi dago, halaber, XIII. mende artean euskara hedatu egin zela eremuz, Nafarroako mendialdeko biztanleak Hegoaldera zihoazen heinean, euskal jatorriko biztanleak Goi Errioxan kokatzen ziren aldi beretsuan. Dena den, hedatze horrek bere muga geografikoa izan zuen. XIV. menderako, euskara gehiengoen hizkuntza zen Codes, Lerin, Miranda de Arga, Tafalla, Caparroso eta Zangotza lotuko lituzkeen alegiazko lerrotik iparraldera. Bizilagun euskaldun haiek gune txiki askotan barreiaturik bizitzeko joera zuten. Adibide bat aski esanguratsua gerta daiteke. 1366an, Lizarra Merindadeko biztanleria, euskaldun gehiengoa izan behar zuena, 192 herrigunetan eta 5.377 etxetan barreiatua zegoen. Iruñea eta Mendialdea Merindadean, 325 herrigune ziren, 3.708 etxerekin. Goian aipatu lerro horretatik Hegoaldean, aldiz, nafar erromantzea izan ohi zen nagusi. Nafar erromantzez mintzo zen jendea, bataz beste, gune gutxiago baina neurriz handiagotan zegoen bildurik.
Geografia banaketa hau sinpleegia gertatuko litzateke, zenbait ñabardura ez egitera. Euskara, bere Nafarroako euskalkien bidez, hizkuntzarik mintzatuena zen tokietan ere, goian aipatu denez, gizarte egoera apalean zegoen. Hirietan latina, okzitaniera eta nafar erromantzea gailentzen ziren kultura ihardueretan eta eguneroko bizitzaren hainbat alorretan. Eliza handi eta monasterioetako giroa ere ez zen batere euskararen aldekoa, eta garai hartan halakoek kultura alorrean zuten garrantzia ukaezina da. Halako egoerak guztiz zaila egiten zuen euskara hizkuntza idatzi bihurtzea. Latina atzera zihoan neurrian, administrazio eta justizia zereginetarako erromantzea aukeratu zen, eta Nafarroako Foru Nagusia, esaterako, hizkuntza horretan idatzi zen. Erromantzeak Gorteetako ofizialtasuna beretu zuen eta horren lekukotasuna ematen digu Nafarroako artxiboetan gorde den dokumentaziorik gehienak. Hala beraz, gauza agerikoa zen erresumako goi mailako klaseak biztanle gehienen hizkuntzatik aldentzen ari zirela. Euskarak, ordea, artzain, egurgile eta nekazarien, hots, herri xumearen hizkuntza jarraitu zuen. Gizartearen oinarrian gertatu zen euskaldunen ezarpen hura latinezko edo erromantzezko administrazio dokumentazioan ageri da, askotan euskarazko hitzak erabili behar baitira ohitura sozialak eta eguneroko iharduerak aipatzeko. Halaber, Erdi Aroko nafar dokumentazioan aurki daiteke egoera horren oihartzuna, koilazo eta zergadun asko ageri baitira euskal izena duten pertsonen artean.
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabari dagokienez, lurralde horiek Gaztelako Koroari lotuta izatea funtsezko baldintza gertatu zen, lotura hori XIII. eta XIV mendeetan sendotu zelarik. Latina eta oso goizetik, monarkiak Fernando III.aren erregealditik, modu kontzientean bultzaturiko gaztelera gailendu egin ziren politikan, administrazioan eta zuzenbide arazoetan. Gaztelera errege-ofizialek erabiltzen zuten hizkuntza zen, bai eta erregeek hiru lurralde historikoetarako moldatzen zituzten dokumentuen hizkuntza ere; hizkuntza horretan komunikatzen ziren, halaber, euskal erakunde politikoak erregeekin. Tokian tokiko eta lurraldeetako bizitza gobernatzen zuten lege-testuak, foruak deituak, latinez edo erromantzez idatzi ziren, euskarara bihurtzeko inolako ahaleginik egin gabe. Notari-dokumentazioak, bai publikoa eta bai pribatua, gaztelera zuen adierazpide. Bestalde, kostaldeko zenbait herrik (Donostia, Hondarribia, Pasaia) denbora luzez gaskoiera erabili zuten hainbat ihardueratan. Modu horretara, gehiengoaren hizkuntza soilki herri hizkuntza izatera kondenatzen zuen elebitasun egoera sortu zen.
Hizkuntza, harreman eta ukipen horien ondorioz, garatu egin zen, hitz berriak jasotzen zituela. Gorago, eliz latinetik hartu ziren hitzak aipatu dira. Arabierak ere bere aztarna utzi zuen zenbait hitzetan, horietariko batzuk zuzenean eta beste batzuk beste hizkuntza bat dela bide hartuak direlarik: azafrai, anega, arroa, azoka, alkate edo gutun, adibidez. Zalantzarik batere gabe, latin erroko hitz kopuru askoz ere handiagoa hizkuntza erromantzeen bidez txertatu zen euskararen baitan. Aldi berean, Gipuzkoa eta Bizkaiari dagokienez batez ere, merkataritza, industria eta itsas ihardueraren garapenak errealitate berriak adierazteko gai izango ziren hitzak sortzera behartu zuen, hizkuntza aberasteko laguntza ekarriz.

 

Euskara garai modernoaren erronken aurrean: XVI-XVII. mendeak

Aro Modernoa deitu ohi dugunak kontraesan handitako egoera gertatu zen euskararentzat. Euskarak oso bere aldeko abagunea bizi izan zuen bere historia kulturalean. Guztiarekin ere, hori ez zen nahikoa izan halako gizarte maila erabakigarria hartzeko eta ezin izan zuen lurralde atzerapena saihestu alde jakin batzuetan.
Haren kultur ahalmena euskal literaturaren idatzizko tradizioan gauzatu zen, Ipar Euskal Herrian lehenik (XVI-XVII. mendeak) eta Hegoaldean gero (XVIII. mendea). Ildo beretik, Erreformak eta Kontrarreformak herri hizkuntzak sustatzeko aukera paregabea ekarri zuten, eta baldintza haietan euskara ere onuradun atera zen. Alde batetik kalbindarrak Biblia euskarara itzultzeko arduratu baziren (1571), Calahorra eta La Calzada-ko apezpikutegia euskarazko ekintza pastorala bultzatzen saiatu zen (1621-eko Sinodo Konstituzioak). Hizkuntza idatzia lantzen zuten euskaltzale taldeak moldatu ziren. Hona garai horietako zenbait adibide: Leizarraga; Donibane-Sarako eskola, Axular, Ziburuko Etxeberri, Argaignarats edo Haranburu bezalako idazlerekin, edota Larramendiren zirkulua. Euskara aldezteko edo haren apologia egiteko saioak ez ziren falta, aurkako iritziei eta gaizki esanei buru egin nahiz. Ildo horretatik, aipagarriak dira Garibay (1571), Poza (1587) edo Etxaberen (1607) lanak.

 

Gipuzkoako egoera

Bultzada horrek ez du funtsezko egitatea aldatzen: politika eta administrazio arazoetan, gaztelera edo frantsesaren aurrean euskarak duen mendeko egoera. Fenomeno horrek, jakina, aldeak ditu probintzia batetik bestera. Gipuzkoako datuek gehiengo euskalduna duen biztanleria erakusten dute. XVIII. mendean, Iztuetak bere Guipuzcoaco Provinciaren Condaira edo Historia liburuan adierazten duenaren arabera, 120.000 biztanleetatik 100.000 batek euskara besterik ez zekien, 10.000 kanpotarrak ziren eta elebiduntzat har daitezkeen gainerako beste 10.000 horietatik 6.000 inguruk euskara gehiago erabiltzen zuen gaztelera baino. Aita Larramendik berretsi egiten du kalkulu hori: "Guztiz jakina da ezen Gipuzkoako lau zatietarik hirurek ez dutela gaztelera ulertzen (...) Apaizak, erlijiosoak, ikasi dutenak, zaldunak eta Gaztelan hazitakoak dira gaztelera ulertzen dutenak, eta hala moduzko gaztelera ulertzen dute toki txikietan eta herrisketan alkate, kargodun, merkatari eta dendariak direnak". Larramendiren testuak giltzarria den faktorea ukitzen du: gaztelera ezagutzeko premia, hizkuntza horretan irakurtzen eta idazten jakin beharra, udaleko zenbait karguz jabetu ahal izateko Betebehar hori Probintziako Batzarren bilkuretara hedatzen zen. Gazteleratze ofizial horren beste faktore bat irakaskuntza zen, kontzejuek kontrolpean zegoena: Udalen eta maisuen arteko kontratuek garbi zehazten zuten ikasleei euskaraz egiteko debekua ezarri behar zitzaiela, hizkuntza horretan kristau ikasbidea bakarrik ikasi behar zutela. Nolanahi ere, arau horien aplikazioa desberdina zen geografiaren arabera. Gazteleraren aldeko presio administratiboa bortitzagoa zen udal handietan, halakoek biztanle kopuru handiagoa eta administrazio egitura konplexuagoa baitzuten. Antzeko egoeran zeuden industria eta merkataritza iharduera biziagoa zuten udaletan, euskaldun ez ziren lurraldeekiko harremanak zituztenetan. Hona bi kasuetako batean edo bestean zeuden hiriak: Donostia, Tolosa, Azkoitia, Azpeitia, Arrasate eta Plazentzia (Soraluze), bai eta, kultura alorreko ihardueragatik, Bergara eta Oñati. Hori ez zen udal gehienen egoera, alabaina, horietan biztanleriaren kultura eta hizkuntza homogeneotasuna handiagoa baitzen. Herri txikiak ziren horiek, iharduera nagusia nekazaritza edo arrantza zutenak, bai eta bitarikoak, edota olagizonak, artisauak eta maila apaleko merkatariak zituztenak. Halako iharduerak ia guztiz euskaldunen artean burutzen ziren eta hori oztopo handia zen gazteleraren hedapenerako. Aginte-organo askoz bakunagoz horniturik zegoen udal mota horrek ia ez zuen presiorik egiten biztanleen artean funtzio publikoetan gaztelera erabil zezaten.

 

Bizkaiko egoera

XVII-XVIII. mendeetan, Bizkaian hizkuntz egoera goian aipatu den Gipuzkoaren antzekoa zen. Udalak sailkatzerakoan, zelaialdeko elizateak eta hiriak bereizi beharra dago. Jaurerriko Batzarretan ordezkaritza zuten 72 elizateetako administrazio egiturak bakunak ziren, ohitura oinarri zutenak, ia idatzitakorik ezer ez zegoela. Biztanleen artean, olagizonak eta nekazariak ziren gehienak. Erakunde eta gizarte giroa komunitateko iharduera guztietan euskara erabat erabiltzearen aldekoa zen, ia salbuespenik gabe. Horrenbestez, Zeanuri eta Abando elizate handiak ziren salbuespenak, hein batean bederen, bertako administrazio erakundeak handiagoak baitziren. Eta horrek presio handiagoa zekarren hizkuntza ofizialaren aldetik. Hiriei dagokienean, alde batetik, nekazaritza eta arrantza girokoak bereiz daitezke, hizkuntzaren ikuspuntutik antz handia baitzuten zelaialdeko elizateekin. Horiek ziren: Bermeo, Ondarroa, Gerrikaitz, Larrabetzu, Markina, Ugao (Miraballes), Mungia eta Errigoiti. Bestalde, artisau eta merkataritza hiri handiak kontuan hartu behar dira. Gipuzkoan ez bezala, ez zen Bizkaian gazteleraren aldeko hizkuntz betebehar formalik ezarri (nahiz eta betebehar ekonomikoak izan zitezkeen) hirietako aginpide karguetara iristeko. Guztiarekin ere, herrietako erakundeetako ihardueraren berri idatziz jasotzerakoan gaztelera zen hizkuntza bakarra. Hirietako buruzagi taldeen artean, gazteleraren aldeko joera nabarmena zen Bilbo eta Portugalete merkataritza hiri garrantzitsuetan. Bertan ikastetxeak izatea, lehen letratakoetatik goi mailako irakaskuntzarainokoak gazteleraren hedapenaren lagungarri gertatzen zen, bertako eliteen artean bederen. Hori zen Urduña eta Lekeitioko jesuiten ikastetxeen kasua, bai eta Plentzia-Gaminizko itsas eskolarena (eta Lekeitiokoarena). Inoiz ez da gutxietsi behar iharduera burokratikoak alor honetan duen eragina. Gernikan, esaterako, korrejidorearen epaimahaia eta Jaurerriko Artxiboa zeuden. Zailagoa da jakiten gaztelera noraino zegoen sartua industria izaera nabarmena zuten hirietan, hala nola Durango, Otxandio, Areatza-Billaro, Elorrio edo Ermua.
Jaurerriko Batzar Nagusietan, ordea, gaztelera ezagutu beharra argi eta garbi xedatua zegoen. Agindu horren gauzatzea guztiz irregularra izan zen, zenbait urtetan ez baitzen aintzakotzat hartzen delako betebeharra, beste zenbaitetan, aldiz, estuago planteatzen zen betebehar hori. Hala, XVII. mendearen lehen herenean euskaldun elebarrak ziren aldun batzuk egotzi egin zituzten bilkuretatik. Jarrera horrek kexak sortarazi zituen herriarengan, l631eko matxinadan agerian geratu zenez.

 

Arabako atzerapena

Arabak eta Nafarroak, hizkuntz ikuspegitik muga-lurrak direla eta, interes berezia dute. Arabari dagokionean, arazoa prozesu luze baten moduan hartzen bada, euskararen eta gazteleraren arteko hizkuntz muga Iparralderanzko atzerapen geldo eta etengabea dela antzematen da. Ebro ibaiaren lerroa abiapuntu harturik, atzerakada XIII. mendean jadanik hasi zatekeen. XVI. menderako Ebro ibaiaren Arabako ertza gazteleraturik zegoen. Garai haietako muga hipotetikoa jartzerik balego, honako hau zatekeen: Kanpezu herriko Mendebaletik Gasteizko Mendietako aski Hegoalderaino iritsi behar zuen, Trebiñotik hurbil iragaten zela. 1787rako datu zehatzagoak eman daitezke. Urte hartako eliz dokumentu bitxi batek (Pueblos de Alava por vicarías) balio handiko informazioa ematen digu lurraldearen hizkuntz egoerari buruz. Datu horiek mapa batera pasatuz gero, aski garbi ikusten da Hegoaldeko euskararen muga-lerroa Lendoño de Abajo-tik abiatzen zen Ekialdetik. Hego-ekialdera toles egiten zuela, Langraiz, Oka, Subilana eta Zumeltzu herriak hartzen zituen. Handik Ekialdera jarraitzen zuen Uribarri Nagusi, Izartza eta Okiaraino; handik Ipar-ekialdera jotzen zuen Uribarri-Jauregi, Egileor, Opakua, Bikuña eta Andoindik. Hala beraz, biztanleriaren gehiengoa euskalduna zen lurraldeak Arabako erdia baino gutxixeago hartzen zuen. Eremu horrek Arabako Lautadaren eta Mendialdearen arteko lurraldea hartzen zuen. Eliz dokumentu hura atera eta ondoko hamarraldietan euskararen atzerapena azkartu zen, Lautadan handik gutxira gainbehera jo zuelarik. Deigarria gertatzen da XVIII. mendean udal karguez jabetzeko hizkuntz betebeharrik ez izatea Araban. Horri buruzko ixiltasunak azalpen garbia duke: Arabako lurraldean euskarak gero eta eremu txikiagoa hartzen zuenez, gaztelera administrazio zereginetan ezartzeko arazoa gero eta txikiagoa zen.

 

Nafarroako bilakaera

Nafarroako euskararen bilakaera ere iraupen luzeko prozesutzat har daiteke. XVI- XVIII. mende bitartean, egoeraren egonkorra egiaztatzen da: euskararen eta gazteleraren arteko ukipen-aldea Erdialdeko Nafarroan zegoen eta hizkuntz konplexutasun handiko egoera ugari gertatzen ziren bertan. Nafarroako euskararen behin betiko atzerapena XIX. mendean baizik ez zen azkartu. Arabako kasuan bezala, herrien inguruko eliz zerranda batek balio handiko berriak eman dizkigu: Iruñeko apezpikutegiak 1587. urtean herri horien hizkuntzaren eta pastoralaren izaerari buruz eginarazi zuena. Datu horien arabera, nafar euskararen hegoaldeko bi lerro zehatz daitezke: erabat euskalduna bata, Caseda eta Uxueko behe aldetik abiatzen bide zena eta elebiduna (euskara-gaztelera) bestea, hegoalderagokoa Zarrakaztelu, Erriberri eta Urantzi hartzen zituena. XVII. mendean, Moret apaizak egoera hori ispilatzen du dioenean euskara hizkuntza bakarra zela oraino "mendialdeetan" (Pirinioak ezezik Erdialdeko Nafarroako alde malkartsua ere halakotzat hartzen zuela), beste eskualdeetan edo galdua edo "Espainiako guztionarekin batera mintzatzen zen bitartean. Hirugarren trantsizio alde horretan eta gaztelerak eraginik, aldakuntza arriskutsuak hautematen ziren euskal biztanleen hizkuntz ohituretan. Narriadura arazo horiek gorabehera, ez du ematen XVIII. mendearen amaieran (1778ko datuen arabera) Nafarroako euskararen lurralde-atzerapena horren kezkagarria izan zenik. Izan ere, Mendebalean Lizarratik abiatu, Tafallan jarraitu eta Ekialdetik Irunberrin amaituko zen lerrotik iparraldean hitz egiten zen oraino. XVIII. mendean Nafarroako Gorteetan jarlekurako eskubidea zuten 38 kontzejuetatik, 17etan biztanle euskaldunen kopurua garrantzitsua zen gutxi asko. Guztiz eskualde euskaldunean zeuden: Agoitz, Urrotz, Lakuntza, Goizueta, Uharte-Arakil, Larrasoana eta Etxalar. Ukipen eskualdean izango ziren: Iruñea, euskal biztanleria zuen sektoreekin, Lizarra, Gares, Tafalla, Irunberri, Elo, Atarraboa eta Artaxona. Lehen taldeko herrietan, euskara komunitate bizitzaren iharduera guztietan erabiltzen zen, deliberazioak barne. "Baçarre"(batzarre) hitza maiz erabiltzen zen kontzejuen bilerak adierazteko Nafarroaren iparraldeko erdialdean. Eskualde horretan, oso biztanle kopuru txikia zen gazteleraz mintzatzeko gai: apaizak, sendagilea, botikaria, lehen letratako maixua, zenbait ikasle eta zerga funtzionari batzuk. Hizkuntza ofiziala erabiltzearen aldeko presio administratiboa eskasa edo ezdeusa bide zen. Bigarren taldeko udaletan, buruzagirzako taldeak, elebidunak edo gazteleradunak, presio handiagoa egiten bide zuten, eta eraginkortasun handiagoz, gazteleraren erabilera zabaltzearren.

 

Iparraldea

Iparraldeko euskal lurraldeak paralelismo interesgarriak agertzen ditu Pirinioez bestaldean aztertu direnekin. 1451 eta 1620 bitartean, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa Frantziako monarkiari hertsiki loturik geratzen dira. Hala eta guztiz, beren erakunde bereziak iraunarazi zituzten 1789ko Iraultza arte, nahiz eta Erregearen boterearen eta haren ordezkoen eragina geroz handiagoa bazen ere. Hizkuntzaren ikuspegitik, gizarte bereizketa garbia gertatu zen lurralde horietan. Euskarak herri klaseen hizkuntza nagusia izaten jarraitu zuen, politika, administrazio eta zuzenbide arazoetarako beste hizkuntzak erabiltzen zirelarik. Hala, 1539 arte, dokumentu publikoak eta pribatuak biarnesez idatzi ziren. Urte horretatik aurrera, Villers-Cotterets-en Ordenantzen ondotik, frantsesa da monarkiaren eremu osoan moldatzen zen dokumentazioaren hizkuntza. Errege administrazioak frantsesa ikastea 377 eta erabiltzea faboratu zuen Iparraldeko eliteen artean, hartarako hainbat pizgarri erabiltzen zuela. Kultur berezitasuna saihesteko bide bat zen. Hizkuntza idatzira iristeko biderik ez zuten gizarteko herri taldeak, ordea, zokoraturik utzi zituen. Aurkako giro ofizial horrek ez zuen galerazi, nolanahi ere, XVIII. mendean Iparraldean gertatu literatur loraldia; Donibane-Lohizune eta Sarako apaiz taldeetan abiatu zen mugimendu horrek Oihenart eta Sarako Etxeberri izan zituen jarraitzaile.

 

Euskara ameriketara

XVII. mendean, geografia hedapen bitxia izan zuen euskarak Ipar Atlantikoko uretan zehar. Ternua uharte inguruan eta Kanadako kostaldearen aurrean merkataritza eta arrantza (balearen ehizea) iharduera bizia gertatu zen. Lan haietan Lapurdiko euskaldunek esku hartu zuten, bereziki Donibane- Lohizunekoek. Itsas mugimendu horrek ondorioak izan zituen hizkuntzaren alorrean, zeren eta euskararen hedapena faboratu baitzuen alderdi haietan, arrantzaren inguruko lantegiak eta kostaldeko herriak zirela bide. Gauza jakina da hango indiar tribu batzuek, Ternuan, Kanadako kontinenteko kostaldean (Belle Isleko Itsasartea, San Lorentzoko Golkoa, Akadiako Penintsula) eta EEBB-etako Maine estatuan finkaturik zeudenek, euskararen halako ezagupen bat lortu zutela, halako moldez non baita Europako beste itsasgizonekin harremanetan sartzen zirenean (frantsesekin batez ere),euskara itxurako hizketa erabiltzen zuten, garai horretako testu batek ispilatzen duenez: "kanadiarrek traturako ez dute euskaldunen hizkuntza besterik erabiltzen". Modu horretara uler daiteke euskal toponimiaren presentzia Ternuako kostaldean: Baya, Ederra, Miariz, Anton Portu, Placentia, Barachoa eta beste hainbat. Guztiz litekeena da, euskara oinarri izango zuten antzeko hizketa moduak erabiliak izatea Ipar Atlantikoan ziharduten euskaldunen eta Europako beste nazioetako (frantziarrak, holandarrak, ingelesak, eskandinaviarrak, etab.) itsasgizonen arteko harremanetan. Horren lekukotasuna ematen digute, adibidez, XVII. mendean moldatu euskal-islandiar hitz zerrendek.
Bien bitartean, Espainiak kolonizatutako Ameriketako lurraldeetan ere euskaldunek beren eragina nabarmenarazi zuten XVI- XVIII. mendeetan, gure egunotan luzatzen den prozesuaren hasiera izanik. Jakina, Mundu Berriko kolonizatzaileen artean euskarak izan zuen hedapena ezagutzea oso gauza zaila da. Guztiarekin ere, gure esku dauden arrastoen arabera, esan dezakegu euskal gurasoak zituztenen artean belaunaldi bat edo bitan bizirik iraungo zuela euskarak Ameriketan. Indietako euskal kolonoek, bai etorri berriek eta bai kreolek ere, kofradietan antolatzeko joera zuten eta haietariko batzuk oso nabarmenak izan ziren Nueva Españan (Mexiko) eta Perun. Halako taldeen ekimenaren ondorioz, euskarazko testuak zituzten agerkariren batzuk argitaratu ziren, hala nola 1647an Liman ospaturiko jai erlijioso handiak zirela eta kaleratu zena.

 

Euskara egungo aroan

1789ko Frantziako Iraultza Egungo Aroa deitu ohi den garaiaren ataria izan zen, gure egunotaraino iristen dena. Aro luze honetan hiru aldi garbi bereiz daitezke: 1789 eta 1936 artekoa, 1937 eta 1975 artekoa eta gaurko aldia. Orobat, pentsatzekoa denez, hizkuntzaren bilakaera ez da bera izan Espainiako eta Frantziako lurretan, baldintza anitzen ondorioz hain zuzen. Bi estatuok aldaketa politikoak gertatzen zireneko aldi luzeak bizi izan dituzte. Frantzian, iraultza garaia lehenik eta Inperioa gero. Espainian, ezegonkortasun luzea, guda askotan, karlismoaren goren aldietan.
XVIII. mende amaierako eta XIX mendeko monarkia espainiarrak ez zuen hizkuntz politika finkorik eta administrazioan erabilitzen zen hizkuntza gaztelera zen, bestelako hizkuntzak zirenik ere -administrazioari dagokionez- kontuan hartu gabe. Frantzian prozesua antzekoa zen eta ez zen inolako neurririk hartu hizkuntza txikiak ezagutzeko edo bultzatzeko, nahiz eta, 1792ko azterketa baten arabera, Frantziako biztanleen ia %50ek ez zuen frantses hizkuntza erabiltzen eguneroko bizitzan, hizkuntza hori estatuaren eta administrazioaren hizkuntza ofiziala izan arren.
Garai hartako euskararen aldeko saio bakarra, eta pertsona bakar batek bururatua, J. D. Garatena da, sortzez lapurtarra zen Napoleon I.aren ministro harena. Garatek euskal nortasunaren ezagutza gauzatzeko proiektu bat aurkeztu zion enperadoreari, erakundeek hizkuntza kontuan hartzea zekarrena. Proiektua baino izan ez zen hau 1808an proposatu zuen.
Frantzian iraultza prozesuak "estatu" kontzeptuaren definizio berria ekarri zuen,frantsesa hizkuntza nazional gisa hartzen zuena. Hizkuntz alorrean errepublikarren politika bateratzailea izan zen, gainerako hizkuntzak are errejimen berriaren etsaitzat hartzen zirelarik. Harez gero, tokiko hizkuntzen -horien artean euskararen- aurkako borroka, kulturaren aldeko eta ezjakintasunaren aurkako borrokatzat hartu zen eta handik aurrera garai luze batez beste ezein hizkuntzak ez du ofizialtasunik lortu.
Espainiari dagokionez, egoera ez zen berdin-berdina. Hizkuntza ofiziala beti ere gaztelera izan arren, Lehen Gerra Karlistaren (1833-1840) amaiera aldian Bizkaiko Batzarrak eztabaidaturiko gai nagusien euskarazko ahozko azalpena ematen hasi ziren eta 1846an Korrejidorearen (erregearen ordezkaria) hitzaldiak euskarara itzultzea erabaki zuten.
1854an Bizkaiko Batzar Nagusietako araudiak honako hau zioen: espedienteak eta dokumentuak gazteleraz irakurriz hasiko dira bilerak, eta eztabaidak bi hizkuntzetan egingo dira, harik eta ordezkariek arazoak garbi utzi arte. Hala eta guztiz, euskarak baserri adera jotzen zuen garai hartan eta haren barrutia murrizten ari zen; egoera horrek hizkuntzaren babesaren aldeko lehen mozioak eragin zituen, hala nola Ulibarrirenak Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean, 1832an, euskararen akademia bat sortzeko edota Gipuzkoako Foru Parlamentuak 1830ean onartu zuen industria, merkataritza eta euskara sustapena helburu zuen Aldundiaren batzorde laguntzailearen sortzea.

 

Euskal pizkundea

XIX. mendearen hasieran garai berri bat abiatu zen. Karlistak menderaturik eta foraltasuna aldaketurik, euskaltzale izaera zuen kultura mugimendu bat hasi zen sortzen, euskal kulturaren pizkundearentzat garai onuragarri baten protagonista izan zena. Alor honetan, zalantzarik gabe, Antoine d'Abbadie da aipatu beharreko lehena. Izan ere, euskal poesiaren loraldia deblauki bultzatu zuen, 1853tik olerki lehiaketak antolatuz; eta Iparragirre, Elizanburu, Etxahun eta beste hainbatek ekitaldi haietan lortu zuten arrakasta eta gizartearen ezagutza. Bigarren figura handia Luis Luziano Bonaparte printzea da: euskararen ikerketa zientifikoari ekin zion eta euskalkien lehen sailkapen sistematikoak egin zituen, ororen buru, euskararen ezagutza eta garapenari dagokionean haren ekarpena izugarria izan zeiarik.
Bigarren Gerra Karlista amaitu (1876) eta Espainiako Gerra Zibila hasi bitartean, Eusko Pizkundea deitu izan dena gertatu zen; hartan, euskararen garapena intelektual ospetsuen eskutik etorri zen. Alabaina, kontuan hartu beharra dago zientifikoa dei dezakegun euskararen garapen horrek ez duela ondoriorik lurraldetasunaren alorrean. Halatan, euskaraz idatzitako argitalpenak eta literatur obrak emendatu baziren ere, prozesu horrek ez zuen inolako aurrerapenik ekarri euskararen ezarpen geografikoari dagokionez. Garai horren garrantzia honako honetan datza: euskara gutxiengoaren hizkuntza izatetik, gehienbat ahozko tradizioan oinarritua eta nekazaritza giroan erabilia izatetik, idatzizko hizkuntza izatera igarotzen da, zientzia eta literaturaren alde- I tik babes handia duena.
Karlisten hausiabartzaren eta euskal foruen galeraren ondorioz, berezitasunaren kontzientzia gordetzeko premia biltzen duen elementutzat hartzen da hizkuntza. Planteamendu hori euskal idazle nagusiek beretuko dute eta Sabino Aranak politikaren alorrera eramango du. Kultura izaerako pizkunde hori, nagusiki, agerkari sail baten ekarria da. Haietariko lehena -1877an Nafarroan sortua- Revista Euskara izenekoa izan zen, partaideen artean idazle nabarmenak izan zituena, hala nola Campión, Oloriz eta Aranzadi besteak beste.
Revista Euskara horri Donostiako Euskal Erria gehitu behar zaio. 1880 urtean sortu zenetik 1918 arte, euskal kulturazko nortasunaren eta, batez ere, hizkuntzaren babeslea izan zen. Iparraldean, bestalde, funtzio hori Euskalduna astekariak izan zuen; agerkari hori euskararen defentsarako elementurik garrantzitsuena izan zen Frantziako Errepublikaren jokabide zentralizatzailearen aurrean.
Nolanahi ere, euskaren zuzperraldi prozesuaren oinarrian izen zehatzak daude. Euskara ikertu zuten Humboldt alemana edo Van Eys holandarra bezalako hizkuntzalari ospetsuen ondoan, bi gizon bereziki garrantzitsuren izenak behar dira aipatu: Resurreccion Maria de Azkue eta Julio de Urquijo.
Azkue Lekeition jaio zen 1864an. Euskaltzaindiko aurreneko lehendakaria izan zen, erakundearen sorreratik 1951ean hil zen arte; obra guztiz nabarmenak egin zituen, hala nola Diccionario Vasco-español-frances (1905) eta Morfología Vasca (1923). Julio de Urquijok, aldiz, bere lanik funtsezkoena Revista Internacional de Estudios Vascos delakoan egin zuen; agerkari hori, argitaratu zen urteetan euskararen eta euskal kulturaren aldeko ikerketen eta ezagutzaren garapenerako iturri preziatua izan zen.

 

Euskararen bilakaera

Gizarte mailari dagokionez, demografiaren bilakaerak garrantzi handia izan zuen euskararen garapenean. Industrializazioaren ondorioz, Euskal lurraldeen demografikoa aldatu egin zen. Bizkaiko biztanleria bikoiztu eta Gizpuzkoako hazkuntza jarraitua eta etengabea izan zen bitartean, Arabak eta Nafarroak alderantzizko prozesua jasan zuten emigrazio lur bihurtzeraino. Eskualde industrializatuak beste lurraldeetatik zetozen jende osteez hornitzen ziren bitartean, gehienbat nekazaritza eskualdeetatik jende askok aldegin zuen, 80.000 inguru Iparraldean eta 200.000 Hegoaldean egin diren kalkuluen arabera, horietatik gehienak Ameriketara joan zirelarik.
Prozesu horrek, logikoa denez, ondorioak izan zituen euskaldunen eta erdaldunen arteko proportzioan. Euskaraz mintzo zen jendearen kopuru zehatza kalkulatzea zaila bada ere, eskualdeak bereiz daitezke. Alde batetik, Iparralde, Gipuzkoa eta Bizkaian biztanleria euskaldunaren portzentaiak %80tik gorakoak ziren, baina Araba eta Nafarroan %20ra ez ziren iristen. Modu horretara, kalkuluen arabera, 600.000 pertsona pasatxo mintzo ziren euskaraz 1863an. Kopuru horrek atzerapen handia jasan zuen: 1931-ko datuen arabera, euskaldunak 400.000 besterik ez ziren, urte horietan prozesuaren inbertsioa hasia bazen ere (XIX. mendearen amaieratik abiaturiko zuzperraldi txikia). Nolanahi ere, kanpotik etorritako jendearen ugariak aldarazten du nabarmenkiro euskaraz hitz egiten dutenen eta hitz egiten ez dutenen arteko proportzioa.
Gerra Zibila hasi bitarteko garaian, betiko moduan, administrazioaren hizkuntz politikarik eza nabaria zen. Bai Espainiako bai Frantziako administrazioek beren hizkuntza nagusien ofizialtasuna besterik ez zuten onartzen. Hala eta guztiz, euskararen erabilera ezinbestekoa zen administrazioaren postu jakin batzuetara iristeko. Modu horretara, aldundiak euskararen berme nagusiak bilakatu ziren, eta -esaterako- mikelete izateko hizkuntza jakin beharra zegoen, eta modu berean nekazaritza giroko notariei euskara menderatzea eskatzen zitzaien.
Aldundiek egindako lanaren fruitu gisa, erakunde batzuk sortu ziren hala nola Eusko Ikaskuntza eta, Bizkaiko Aldundiaren ekimenez, Euskararen Akademia, Euskaltzaindia, bi-biak 1919an sortuak. Euskaltzaindiaren lehenengo urratsetan eragin handia izan zuen Eusko Ikaskuntza sortu berriak, haren egoitza Bilbon finkatu eta -goian adierazi bezala- Resurreccion Maria de Azkue hautatu zuten lehen euskaltzainburu.

 

II. Errepublika eta frankismoa

II. Errepublikaren bizialdi laburrak ez zion ezer handirik ekarri euskararen garapenari. Euskal Herrirako autonomi estatutu proiektuek ofizialkidetasuna ematen zion euskarari, baina 1936ko Urrian Euskadiko Autonomi Estatutua indarrean sartu arte ez zen eraginkorra gertatu, nahiz eta geografia barruti murritzean, Bizkaian bakarrik. Errepublikan euskararen presentziak aurrerapen nabaria izan zuen. Garaiko ia egunkari guztietan euskaraz idatzitako orriak agertzen ziren eta euskal aldizkarien kopurua nabarmenki emendatu zen. Abertzaletasuna hizkuntzaren hedapenerako lehen elementua gertatu zen, era guztietako elkarteak zirela medio. Aitzol, Orixe eta Lauaxeta bezalako zabaltzaile abertzaleen lanak, neurri handi batean, euskara garai hartako prentsan eta literaturan ager zedin ekarri zuen.
Gerra Zibilaren ondoren, lehen gerraondoan, atzerapen prozesu garbia gertatu zen. Errejimen berriaren agindupean, euskararen ofizialkidetasuna desagertzen da eta zenbait hamarralditan euskarak erabat aldegiten du bizitza publikotik. Hizkuntzak, aldiz, bizirik iraun zuen erbesteratuen taldeen artean, Ameriketan bereziki, non, beste zenbait herrialderen artean, Argentina, Txile, Mexiko eta Venezuelako euskal koloniek egunkari eta aldizkariak argitaratu zituzten, hala nola Euzko Deia. Bere aldetik, erbesteko Eusko Jaurlaritzak OPE (Oficina de Prensa de Euzkadi) boletina argitaratu zuen urte askotan. Halako argitalpenak izan ziren euskara beren orrietan agertarazi zuten bakarrak urte haietan.
1950eko hamarralditik aurrera halako aldaketa herabetsu baten hasiera somatu zen. Euskaltzaindiak lehen bilkura publikoa egin zuen Arantzazun eta urte berean Parisen egin zen I. Munduko Euskal Kongresuak euskarari lehentasun garbia ematea erabaki zuen. Hamarraldi horretan berorretan -1954an- lehen ikastola sortu zuen Elbira Zipitriak Donostian; harran, inolako lege babesik gabe eta akademia moduan, irakaskuntza euskaraz ematen hasi zen. Hiru urte geroago beste bat sortu zen Bilbon eta 1960tik aurrera garapen ikusgarria izan zuen. 1975ean, monarkia berriro ezarririk,erabat aldatu zen egoera. Egun, ikasketak euskaraz egiten dituzten ikasleen kopurua %25 ingurukoa da; Bizkaian eta Araban %10 inguru dira. Nafarroari dagozkion zifrak Bizkaikoen heinekoak dira.

 

Euskara gaur

Gaurko egunean, Gernikako Estatutua 1979an onartu eta Eusko Jaurlaritza eratu ondoren, euskarak ofizialkidetasuna berreskuratu du Euskal Autonomia Erkidegoan. Arazo horri dagokionean Estatutuaren xedapenak garatzearren Euskararen Normalizaziorako Oinarrizko Legea aldarrikatu zenl982an. Instituzioen onespena eta babesa gorabehera, euskararen banaketa geografikoak ezberdin jarraitzen du. Egun, Eusko Jaurlaritza burutzen ari den euskalduntze prozesuak oinarrizko zutabe batzuk ditu. Alde batetik, Helduen Alfabetatzea, HABE, eta bestetik hezkuntz ereduen bidez egiten den lana (A, gaztelerazko irakaskuntza, euskara ikasgai duena; B, bi hizkuntzatako irakaskuntza, eta O euskarazkoa, gaztelera ikasgai duena). Nafarroan, politika ofizialaren oinarria Foruaren Hobekuntza legearen 9. artikulua da; horren arabera, euskara euskalduntzat hartzen diren eskualdeetan bakarrik da ofiziala. Hizkuntz politikaren bide horrek 1986an Euskararen Legearen baitan zehaztu zen; bertan, agintarien iharduerari begira, hiru eskualde bereizten dira hizkuntzaren alorrean: euskalduna(Nafarroako Ipar-mendebala, Sakana eta nafar Pirinioetako sortaldea); mistoa (Iruñerria, Nafarroako erdialdeko Mendebala eta Nafar Pirinioetako sortaldea) eta gazteleradun elebakarra (gainerako guztia). Ipar Euskal Herrian ez da euskararen babes ofiziala helburua duen iharduerarik batere. Ikus dezagun, alabaina, zein den euskararen egoera erreala.
Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera (1981 eta 1986ko erroldak), Gipuzkoa da euskarak hiztunik gehien duen lurraldea, bertako biztanleriaren %38k aitortzen baitu euskaraz hitz egiten duela. Bizkaia eta Araba egoera horretatik urruti daude, haietan %l4,5ek eta %3,8k aitortzen dute, hurrenez hurren, euskara hitz egiten dutela. Portzentaiak jaitsi egiten dira irakurmenaren maila (euskaldun alfabetatuak) kontuan hartuz geroz: %24,79 Gipuzkoan, %8,76 Bizkaian eta %3,33 Araban.
Nafarroako egoera 1986ko erroldako datuetatik ezagutzen da eta euskara gutxiengo baten hizkuntza gisa azaltzen da. Biztanleriaren %84,58 gazteleradun elebakarrak dira eta , hortaz, euskaldunen proportzioa guztiz murritza da: %10,15. Esku artean ditugun Ipar Euskal Herriko datuen arabera (1982ko errolda eta Euskadi-Akitania hitzarmenen barne egindako 1991ko ikerketak), euskaldunen portzentaia %33,20koa da. Ipar Euskal Herriko hiru lurralde historikoen artean, euskaldunen portzentaiarik handiena Nafarroa Behereari dagokio (%64,50), gero Zuberoa (%54,70) eta Lapurdi (%26,30) datoz.
Hego Euskal Herriari dagokionez, beti ere, garrantzi izugarria izan duen prozesu historiko bat azpimarratu beharko da: inmigrazioa, eta harekin batera gertatu diren industrializazioa eta hirigintza. 80. urteetako erdialdean, Euskal Autonomia Elkargoko biztanleetatik %40,95 inmigranteak ziren: %45,14 Araban, 37,10 Gipuzkoan eta %42,31 Bizkaian. Aldaketa horiek eragina izan dute euskararen zatiketa geografikoan eta gutxiengotasun egoeran. Guztiarekin ere, ondorioak ez dira berdinak gertatu lurralde historiko guztietan. Gipuzkoan izan zuten eragin gutxien, bertara etorritako inmigrazioa hain ugaria izan ez delako eta sakabanatuagoa zelako. Bizkaiko inmigrazioa, aldiz, kontzentratuagoa eta ugariagoa izan da eta horrek ia erabateko galera ekarri du zenbait eskualdetan. Arabak, bere alderik, migrazio handia eta kontzentratua izan du. Nafarroak beste hiru lurralde historikoek baino inmigrazio kopuru txikiagoa eta barreiatuagoa hartu du. Puntu honetan desberdintasunak izan arren, bai Araban eta bai Nafarroan euskarak atzerapen handia jasan du mende honetan.
Euskararen geografia-ezarreraren ezaugarririk ohartuenetariko bat zatiketa edo sareantzeko banaketa da. Bestela esanda, joan den mendea arte, banalerro garbia ezar zitekeen hizkuntz eremuen artean. Gaur egun, ordea, goian aipatu prozesu inmigratzaileak eta beste aldaketa sozio-demografikoek ekarri dute betidaniko eskualde euskaldunetan gazteleradun guneak sortzea. Gertaera hori izan da, hain zuzen ere, euskararen erabilera eremuaren zatiketa sortu duena.

 

Euskararen egungo banaketa

Geografiaren ikuspegitik, euskara gehien agertzen den lurraldea Gipuzkoa da. Bertako zenbait eskualdek -Urola Behera, Deba Garaia eta Deba Behera, Goierri eta Tolosaldea- euskaraz hitz egiten duen biztanle-indizerik altuena dute. Aldiz, Donostia eta Bidasoa Behereko eskualdeetan, eta barne aldeko oso industrializaturik dauden hiri batzuetan (Beasain, Zumarraga, Urretxu, Olaberia...) euskaldunen proportzioa txikiagoa da.
Bizkaian euskal hiztunen kontzentraziorik handiena Arratia-Nerbioi, Gernika-Bermeo eta Markina eskualdeetan aurkitzen da, haietan biztanleriaren %50ak hitz egiten baitu euskaraz. Beste muturrean, Enkarterriak eta Bilbo handia, azkeneko hau jenderik gehien biltzen duen eta ekonomiaren aldetik iharduera handieneko eskualdea, euskaldun kopuru txikienekoak dira. Bien artean, Durango eta Arratia-Ibaizabal eskualdeek %50 inguru euskaldun dituzte.
Araban, euskal hiztunen banaketa berdintsua da. Arabako euskal hiztunak ez dira, ezein eskualde geografikotan, %25 baino gehiago, eta Araba da Euskal Autonomia Erkidegoan, proportzioz, euskaldunik gutxiena duen lurraldea. Muga horien barrenean, euskaldun gehiena gorde duen eskualdea Aramaioko ibarra eta Gorbeialdea da, lurraldeko Ipar-ekialdean.
Nafarroan, euskal hiztunek erresuma zaharreko Ipar-menbaleko muturrean biltzen dira gehienbat. Euskaldunen portzentaiarik handiena Ipar-mendebaleko Nafarroa hezeko ibarretan kokatzen da (%64,18); horren ondoren Pirinioetako ibarrak eta Sakana aurkitzen dira (%21 eta 28 hurrenez hurren). Portzentaiak modu nabarmenez jaisten dira lurralde horretako gainerako eskualdeetan, non kasurik onenean ere ez duten %3,9tik gora igotzen (Iruñerria).
Eusko Jaurlaritzaren mendeko aginpide atribuzioen garapenak, hein handi batean, euskararen garapena eragin du Euskal Autonomia Erkidegoan. 1982an EITB erakunde publikoa sortzea, Euskal Telebista eta Eusko Irratia barne hartzen dituela, eta euskaraz emititzen duten irratien agerpena (Gipuzkoa Herri Irratia, Arrate Irratia...), urrats handia izan da euskara komunikabideetatik jendartean zabaldu ahal izateko. Prentsa idatziari dagokionez, euskaraz osorik kaleratzen den Euskaldunon Egunkaria izenekoaren agertzea eta hizkuntza hori euskal egunkari nagusietan hein batean edo bestean azaltzea beste urrats bat izan da.
Aldizkarietan, bestalde, euskarak presentzia handia erdietsi du. Mende honetan, osorik edo partez, euskaraz argitaratu diren agerkariak mila eta bostehun inguru dira. Euskal aldizkariek udal mailan lortu dute garapen handiena. Adibide gisa, zenbait aipa daitezke hemen: Arrasate Press (Arrasate), Galtzaundi (Tolosa), Ttipi-Ttapa (Bidasoaldea). Akatz (Bermeo), Irutxulo (Donostia)... Egungo egunean gutxi dira euskaraz, osorik edo partez bederen, aldizkariren bat argitaratzen ez duten Euskal Herriko maila bateko herriek.
Euskal literatura ere aipatu beharra dago, euskararen egoerari buruzko ikuspegi orokorraren berri eman nahi duten orri hauetan. Berrogeita hamargarren urteetan obra klasikoak berrargitaratzen hasi ziren, hala nola Gero (1954) eta Peru Abarka (1956). Ondoko urteetan, halaber, garaian garaiko gaiak eta moduak erabiltzen zituzten idazleak azaldu ziren, hala prosagileak -J. L. Alvarez Enparanza "Txillardegi" lehenik, Ramon Saizarbitoria, Andu Lertxundi... geroago- nola olerkariak -Jon Mirande, Gabriel Aresti, Bitoriano Gandiaga...-. 60.eko hamarraldiaren amaieran, hainbat autore plazaratzen dira (Koldo Izagirre, Bernardo Atxaga, Joan Mari Irigoien...); hainbat jenero lantzen dira eta gaur egungo euskal literaturaren "normaltze" erlatiboaren oinarriak ezartzen dira. Orobat, euskara idatziaren batasuna, hainbat zereginetarako ezinbestekoa zena, garai hartan burutu zen. Bestalde, gaurko argitalpenen portzentaia handi baten izaera "pragmatikoaz" ohartu beharra dago: testu eta material lagungarri gisa irakaskuntzan erabiltzeko izatea, alegia. Bernardo Atxagak, 1989an Obabakoak obrarekin, Espainiako Premio Nacional de Literatura lortu izanak munduan zehar ezagutarazi du erabat ezezaguna zen euskal literatura.