Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia»Iparraldea

Ipar Euskal Herriko eskualdeak

 

Sarrera

Ipar Euskal Herriaren eskualdeak zein diren / ez da erraz esateko gauza. Geografiaz eta historiaz bateraturik dauden herrialde horietan administrazio banakuntza nagusitu da denbora luzean. Hegoaldean ez bezala, herrialde historikoa ez da Iparraldean eskualdeak bereizteko baliozko kontzeptua.
Hiru herrialde nagusi izan direla esan daiteke: Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa.
Lapurdik ez du administrazio banakuntza zaharrik izan, 35 parrokiatan banatzen duena besterik gabe. Geografia aldetik, bi parte nagusi bereizten dira Lapurdin: itsasaldea eta barnealdea. Kostaldea bi zatitan banatu ohi da: iparraldea, Miarritze-Angelu- Baiona barrutia eta Hiriburuko kantonamendua hartzen dituena, eta hegoaldea, Donibane Lohizune, Ziburu eta Hendaia hartzen dituena. Barnealdeak ere bi zati nagusi ditu: Errobiko arroa iparraldean eta Urdazurikoa hegoaldean. Baiona da hiriburua. 1177-1789 bitartean, baina, Uztaritze izan zen.
Nafarroa Beherea, berriz, bi bizkonderritan banaturik egon zen aspaldi: Lapurdiko eta Akizeko bizkonderrietan hain zuzen. Nafarroako erresuman sartu zenean, baina, hainbat lurraldetan banatu zen: Arberoa, Oztibarre, Garazi, Irisarri, Landibarre, Orzaize, Amikuze, Bastida eta Baigorri. Izendapen horiek gaur egun arte iraun dute. Nafarroa Behereko hiriburua Donibane Garazi da.
Zuberoan ere lurraldearen oinarrizko banakuntza parrokia zen antzina. 65 parrokia ziren, zazpi deganeriatan antolatuak. Hainbat deganeriak mezulari edo lege eskualdea osatzen zuen. Hiru eskualde ziren guztira: Pettarra, Arballak eta Basabürüa. Hiriburua Maule zen, Maule-Lextarre gaur egun, Mauleko herriari 184lean Lextarre atxiki zitzaionez geroztik.
Frantziako administrazio banakuntzak zaildu egiten du Ipar Euskal Herria deus bateraturik ote den ikustea. Adibidez, 1890ean egindako departamendu banaketak Biarnorekin batera jarri zuen Ipar Euskal Herria, Behe Pirinioak departamenduan, barruti hauek hartzen zituelarik: Paue, Ortheze, Oloroe, Maule, Donapaleu eta Uztaritze. Ordea, I926an Mauleko barrutia deuseztu zelarik, Ipar Euskal Herriaren administrazio batasuna lortzeko aukerak ihes egin zuen, bere barne zituen Nafarroa Behereko lurraldeak Baionaren mende gelditu baitziren, eta Zuberoako zatirik handiena, berriz, Paueren mende, hau da, Biarnoren barne.
Gaur egun, Pirinio Atlantikoak deritzo departamendu horri. Hiriburua Paue du. Departamenduak bi barruti ditu: Oloroe eta Baiona.
1/1 mapan kantonamenduen hedadura eta mugak ikus daitezke, herrialdez herrialde.Argi ikusten denez, zenbait kantonamendu bi herrialdetako —Lapurdiko eta Nafarroako, edo Nafarroako eta Zuberoako— herriez osatuta daude, esan nahi baita ez direla erabat lapurtar, baxenabar edo zuberotar, biren arteko "nahasketa" baizik. Ikusi nahi duenarentzat, lan honen eranskinean Ipar Euskal Herriko herri guztien zerrenda ematen da, kantonamenduka eta herrialdeka banatuta.
Azkeeko kantonamendu mugaketa 1982an egin zen, eta orduan sortu zen Hiriburuko kantonamendua, antzina Ipar Baionako kantonamenduan ziren herri batzuez. Mugaketa horretan erabaki zen ere Arrangoitze eta Basusarri Uztaritzeko kantonamenduan sartzea (Mendebal Baionakoak ziren lehen).
Begian bistan da era askotara egin dela Ipar Euskal Herriko eskualdekatzea. Ińigo Agirrek eskualde hauek bereizi zituen Eusko Lurra lanean (1974): Baionatik Donostiarainoko Ardatza; Lapurdiko Barnealdea; Ekialdeko Pirinioetako Haranak; Donibane Garaziko Sakonunea; Baigorriko Harana eta Ortzaizeko Sakonunea.
Jakin aldizkarian (9. eta 10. aleak, 1979) bi eskualde bereizten ziren: Itsasaldea —Lapurdi osoa Ezpeleta, Hazparne eta Bidaxuneko kantonamenduak izan ezik— eta Barnealdea -Lapurdiko azken kantonamendu horiek, Nafarroa Beherea eta Zuberoa—.
Frantziako instituzioek eta administrazio erakundeek zeinek bere irizpideen arabera egin du lurralde banaketa.
Baionako Industria eta Merkataritza Ganbarak hiru zatitan banatu zuen Ipar Euskal Herria: itsasaldea, muinoaldea eta mendialdea.
DDAFek lau nekazaritza eskualde bereizten ditu: Itsasaldea, Aturriko Harana, Muinoaldea eta Mendialdea.
1984an, DRTEk eta DRINSEEk, Akitaniako enplegu guneak definitu zituztenean, berrien arteko harremanetan oinarritu ziren, etxea eta lantokia arteko joan-etorriak eta merkataritza eta zerbitzu guneen erakarpena kontuan harturik. Lapurdi eta Nafarroa Beherea Baiona-Pirinioak eskualdearen barruan sartu zituzten, eta Zuberoa Oloroe- Maule barruan.
Frantziako estatuko administrazio barruti txikia da kantonamendua, udalaren eta suprefeturaren artekoa, eta ezin da Hego Euskal Herriko probintziekin parekatu. Bai probintziak bai kantonamenduak herrien edo udalerrien multzo bat dira, baina Iparraldean bada udalerririk —Miarritze, Angelu eta Baiona— kantonamendutan ere banatua dagoenik. Izan ere, administrazio banaketarako asmatutako kontzeptua baita kantonamendua, eta aldakorra, beraz. Aurrerago ikusiko denez, badira bai herri baten zatiduratik bai herri askoren bilkuratik sortutako kantonamenduak.
Lan honi dagokionez, eskualde hauek bereziko dira: Lapurdiko Itsasaldea, Lapurdiko Barnealdea, Nafarroa Beherea, eta Zuberoa. Hori da azken urteotan egiten den banaketa. Argitzapen bat egin behar da, dena den: alegia, Miarritzeri eta Angeluri buruz hitz egitean, udal osoari egiten zaiola erreferentzia, eta Baionaz hitz egitean, Baionakoari ez ezik Bokalekoari ere bai (ikus 211 mapa).

 

Lapurdiko Itsasaldea

Kantonamendu hauek osatzen duten Lapurdiko Itsasaldea dago: Baiona, Angelu, Miarritze, Donibane Lohizune, Hendaia eta, barrurago, Hiriburu, Uztaritze eta Ezpeleta.
Hendaiako kantonamenduak 76,09 km 2 eta 24.219 biztanle (1990) ditu, hau da, 318 biztanle kilometro koadro bakoitzeko.
Donibane Lohizuneko kantonamenduak, berriz, 51,86 km 2 eta 20.904 biztanle (1990): 403 biztanle kilometro koadroko.
Angeluko herria bi kantonamendutan dago banatua: Angelu Iparra eta Angelu Hegoa. Azterlan honetarako, ordea, herri osoa hartuko da kontuan. Angeluk, beraz, 26,93 km 2 eta 32.708 biztanle (1990) ditu: 1.212 biztanle kilometro koadroko.
Miarritzeko herria ere bi kantonamendutan dago banatua: Miarritze Mendebala eta Miarritze Ekialdea, baina azterlan honetan herri osoa hartuko da kontuan. Miarritzek, beraz, 11,65 km 2 eta 28.759 biztanle (1990) ditu, alegia, 2.468 biztanle kilometro koadro bakoitzeko.
Baionako herria hiru kantonamendutan banatua dago: Baiona Ekialdea, Baiona Mendebala, eta Baiona Iparraldea. Azkeneko kantonamendu horrek Baionako iparraldea ez ezik Bokale herria ere hartzen du. Baionak, beraz, 27,50 km 2 eta 46.906 biztanle (1990) ditu bere osoan: alegia, 1.705,67 biztanle kilometro koadro bakoitzeko.
Hiriburuko kantonamenduak 70,57 km 2 eta 11.463 biztanle (1990) ditu: 162,43 biztanle kilometro koadroko.Ezpeletako kantonamenduak, berriz, 117,02 km 2 eta 11.376 biztanle (1990) ditu, alegia, 64,26 biztanle kilometro koadro bakoitzeko.Eta Uztaritzeko kantonamenduak 172,73 km 2 eta 15.963 biztanle (1990) ditu, edo beste era batera esanda, 92,41 biztanle kilometro koadro bakoitzeko.

 

Ingurune fisikoa

Hego Euskal Herrian ez bezala, 50 metroko sakonera besterik ez duen zapalda edo plataforma bat dago Ipar Euskal Herriko kostaldean, kostaz haraindi 8 kilometro zabaltzen dena itsasoan. Plataforma horrek sekulako garrantzia du inguruko arrantzan.
Itsasotik lehorrera, erliebea poliki goratzen da Larrun (900 m) mendiraino. Gehienbat ordekez eta gehienez ere 500 m dituzten muinoez osatua dago eremu hori. Hegoaldean Urtzuia-Baigura eta Bortzirietako mendiak nabarmentzen dira, Paleozoikoak.
Harkaitzen osagaiei dagokienez, Kretazikoko flyschak eta Laugarren Aroko alubioiak dira nagusi Lapurdiko itsasaldean.
Kostaldean bi alderdi bereiz daitezke: Bidasoaren bokaletik Miarritzerainokoa, eta Miarritzetik Aturri ibaiaren bokalerainokoa.
Lehenengo zati hori oso harritsua da, sartu-irten askorekin: 30-80 metro inguruko labarrak eta hondartza txikiak tartekatzen dira bitarte horretan guztian. Hondartza horietako harea kuartzoz eta inguruko harrien zatiez osatua dago. Miarritzetik iparraldera, berriz, zuzen-zuzena eta hareatsua da kostaldea: hondartzak eta dunak Landak bitartean.
Kostaldeaz barruragoko kantonamenduetan, berriz, era askotako materialak daude, hasi Kanbriko aurrekoetarik Ezpeletan, eta Laugarren Arokoetarino Hiriburu aldean.
Lapurdik klima ozeanikoa du, hotz handirik gabe neguan eta bero handirik gabe udan. Batez beste, 1.000 mm euri izaten da urtean. Iraila-urtarrila bitartean izaten da euririk gehiena. Elurra eta txingorra ere izaten dira inoiz, baina gutxitan, eta izatekotan, Larrun inguruan izaten dira batez ere. Udan eta neguan haizeak ipar-mendebaletik jotzen du batez ere, eta udaberri-udazkenetan, berriz, mendebaletik.
Landarediari dagokionez, landa da nagusi. Gizakiak basoa botaz sortu duen paisajea da landa, itsas maila eta muinoak bitartean zabaltzen dena. Landare linazeoak, intsektujaleak eta batez ere ihiak eta goroldiak hazten dira landetan. Kare harrizko lurretan, berriz, ezpela (Buxus sempevirens) hazten da, eta silizezkoetan garoa (Pteridium aquilium) eta txilarra (Erica arborea).
Baina landaz gainera, bada oraindik baso ederrik ere, Senperen (1.352 ha), Saran (1.452 ha), Urruńan (638 ha), Ainhoan (514 ha) eta Uztaritzen (900 ha). Baso horietan guztietan gaztainondoa da (Castanae sativa) nagusi, eta harekin batera urkia (Betula pubescens), erramua (Laurus nobilis) eta beste mota batzuk hazten dira. Angelun aipagarria da Xibertako basoa (638 ha), itsas pinuez landatua (Pinus pinaster), eta Mugerre aldean, berriz, Eguraldekoa (740 ha), batez ere haritzez (Quercus petraea) osatua.
Lapurdiko ibai sarea ibai hauez osatua dago: Bidasoa, Hendaian itsasoratzen dena; Untxin, Zokoan; Urdazuri edo Ugarana, Donibane Lohizunen; Uhabia, Bidaxunen; Aturri, eta Aturrirrekin bat egiten duen Errobi, Baionan.

 

Biztanleria

Lapurdiko Itsasaldeak 192.300 biztanle ditu (1990), hau da, 296,40 biztanle metro koadro bakoitzeko. Batez besteko hori hipotetikoa da, jakina, ez baititu bene-benetako egoeraren gorabeherak argi adierazten: Baiona-Angelu-Miarritze barrutiak biztanle dentsitate handiagoa du: 1.296,73 biztanle metro koadro bakoitzeko.
1901-1990 bitarteko biztanleriaren grafikoak argi adierazten duen bezala, hazkundea orokorra eta etengabea izan da Lapurdiko Itsasalde guztian. Nolanahi ere, hazkunde hori bere benetako neurrian hartuko bada, kontuan izan behar dira tokian tokiko eta garaian garaiko ezaugarriak.
1921-1931 bitartean, eta Lehen Mundu Gerrak alde guztietan zabaldu zuen hondamendia gainditurik, hirietara jo zuen jende askok. Urte bitarte horretan Angeluk 4.634 biztanle hartu zituen (biztanleria %67,81 gehitu zen), Miarritzek 4.602 (%25), eta Hendaiak 4.285 (%38,4). Baiona ingurua beraz, Angelu eta Miarritzek izandako hazkundeari esker handitu zen.
1931-1954 bitartean Frantziako joera zabaldu zen Lapurdira, eta demografiak behera egin zuen: batetik, jaiotza tasak behera egin zuelako gerra garaian jaiotako belaunaldia (murritzagoa) ezkon adinera iristean, eta, bestetik, krisi ekonomikoa zela eta, jende gutxiago joan zelako baserritik kalera, hirietako bizimodua aski gogorra baitzen.
1954-1990 bitartean, batez ere itsasaldeko hirietan gehitu zen biztanleria. Dena den, kantonamendu guztiek ez zuten hazkunde tasa berdina izan. Angeluk izan zuen hazkunderik ikusgarriena: 2.015 biztanletan gehitu zuen biztanleria (%159ko hazkundea). Antza denez, 1975etik aurrera Baionak ez zuen hainbeste jenderik erakarri, eta Miarritzek ere hazkunde apala izan du harrezkero. Angeluko biztanleriaren gehikuntzaren mesedetan izan da hori guztia. Donibane Lohizuneko biztanleria %45 gehitu da, eta Hendaiakoa %50,64. Azkeneko kantonamendu hori da urtez urte hazkunderik orekatuena izan duena.
Itsasaldeaz barruragoko kantonamenduek bestelako bilakaera izan dute, bai beren artean bai itsasaldeko kantonamenduen aldean ere. Egia esan, kantonamendu horiek ez dituzte itsasaldekoen ezaugarri berberak. Aitzitik, kantonamendu horietako herri askok antzekotasun handiagoak dute Lapurdiko Barnealdeko herriekin.
Ezpeleta eta Uztaritzek biztanle kopuru bertsua zuten 1901ean (8.512 biztanle Ezpeletak, 9.817 Uztaritzek). 1990ean, berriz, aise gailentzen zitzaion Uztaritze (15.936 biztanle) Ezpeletari (11.376 biztanle). Hiriburuko biztanleria % 128,48 gehitu da (5.017 biztanle 1901ean, eta 11.415, berriz, 1990ean).

 

Giza jarduera

Lapurdiko Itsasaldeko biztanleria laborari giro eta bizibidetik hiriko giro eta bizibidera aldatu da. Hiritartze hori dela eta, biztanleriaren parte handi bat zerbitzuetan dihardu.
Biztanleriaren %33,66 lanean ari da, eta %21,57, berriz, lanetik erretiratua dago.
Lehen sektorea da jende gutxiena hartzen duena (%2,07), eta ez da harritzekoa hala izatea erabat hiritartua dagoen ingurune batean.Baserriak txiki samarrak dira gehienak (7,3 ha batez beste itsasaldean eta 12 ha itsasaldeaz barruragoko eskualdean). Lur sailak, beraz, txikiak izaten dira, eta era askotako landareak landatzen dira (egoskariak, barazkiak eta fruituak), hiri merkatuetan saltzeko.
1988ko nekazaritza zentsoaren arabera, 1.189 ustialeku ziren kostaldeaz barruragoko eskualdean, eta 775 itsasaldean.
Lapurdiko itsasaldeko sailetan artoa lantzen da batez ere. Labore lurraren %91,72 artoa egiteko erabiltzen da, eta gainerakoa barazki, zuhain landare eta fruta arboletarako.
Artoa eta zuhainak azienda —behiak eta zerriak gehienbat— bazkatzeko dira. Azienda ugariagoa da itsasaldeaz barruragoko eskualdean itsasaldean baino. Lapurdiko itsasaldeko ardien %67,89 eta zerrien %47,5 Ezpeletako kantonamenduan dira, eta behien %56,09 Uztaritzekoan.
Itsas arrantza batez ere Hendaiako eta Donibane Lohizuneko portuetan da garrantzitsua. Donibane Lohizune izan da antzinatik alturako arrantzaleku nagusia, baina berrikitan Hendaiak lehia gogorra jarri dio, instalazio modernoak eta hobeak baititu (Floridako portua). Bi portu horietako arrainik gehiena (%72) Hegoaldera saltzen da. Batez ere antxoa, berdela, hegaluzea, sardina eta legatza harrapatzen da.
Industria gehiena Miarritze-Angelu-Baiona barrutian dago. Akitania eskualdeko bigarren industrialdea da hori, Bordelekoaren ondotik eta Pauekoaren aurretik. Jarduera sektoreen banaketari buruzko grafikoan ikus daitekeenez, bigarren sektoreak biztanleriaren %22,94 hartzen du.
Lapurdiko Itsasaldeko jarduera tradizionalen artean, hauek dira aipagarrienak: arrain kontserba (Ziburu, Donibane Lohizune eta Hendaia), altzariak (Donibane Lohizune), zapatagintza (Baiona, Urruńa eta Hendaiako tailer ttipiak), eta metalgintza.
Lantegi handiak Miarritze-Angelu-Baiona barrutian edo horren inguruan daude. Aipagarriak dira Marcel Dassault hegazkinak Angelu eta Miarritzen; Turbomeka industria aeronautikoa Tarnen, kimika eta elektronika industria Baionan —Sony-k, esate baterako, laser irakurgailuak egiteko bigarren lantegia zabaldu zuen 1991n, Baionan—. Aipagarria da ere Bidarteko Teknologia Parkea, industri informatika, softwarea, eta itsasoarekin eta ingurugiroarekin zerikusia duten jarduerak bultzatzeko sortua.
Baionako itsas portuaren ekonomi jarduera oso lotua dago industriarekin. Portuko instalazioek Aturri ibaiaren bokalea inguratzen dute. Oso leku onean dago portua, Paris-Madril eta Tolosa (Okzitania)-Bilbo autopisten bidegurutzean. Bainonako portua, beraz, baliabide paregabea da Ipar Euskal Herria -eta Nafarroa eta Gipuzkoa, bide batez- nazio artera zabaltzeko.
Hiru industrialde ditu: Blanc-Pignon (10 ha, sufre, zementu eta labore merkataritza), Bokale-Tarn (70 ha, arto, ongarriak, erregaiak, findutako hidrokarburoak eta kimika gaiak), eta Saint-Bernard (5 ha). Portuak, gainera, oso lotura estua du beste bi industrialderekin, bata Tarnen (mekanika, ibilgailuak eta aeronautika) eta Mugerren bestea.
Baionako portuaren xede nagusietako bat inguruko portuekin harremanak lotzea da, Hego Euskal Herriko portuekikoak ere bai, Hegoaldeko portuek zabalbide handirik ez dutela jakinik.
Merkataritzan bi alde bereiz daitezke: batetik, Baiona inguruko saltoki handiak, eta, bestetik, batez ere Miarritze eta Donibane Lohizune ingurun barreiatuta dauden saltoki tipiak.
Zernahi gisaz, merkataritza arloan hipermerkatuak dira jaun era jabe. Baionako Merkataritza Ganbarak 1990ean egin zuen azterlan baten arabera, Baionako barrutiko hipermerkatu eremua Frantziako batez bestekoa (80 m 2 mila biztanleko) baino askoz handiagoa da (103 m 2 mila biztanleko). Supermerkatu eremua ere, handixeagoa da Baionan (126 m 2 ) Frantzian (114 m 2 ) baino. Izan ere, turismoa dela eta -Hego Euskal Herriko bisitariak tartean—, oso bezeria handia baitute Baionako saltoki handiek.
Hiru merkataritza gune handi daude Lapurdin: Baiona (barne eta kanpo merkataritzarako gune nagusia), Mugerre (nazioarteko zamaketa gunea) eta Hendaiako muga hiria.
Zerbitzuak da, sektore horretan zenbat jendek lan egiten duen kontuan hartuta behintzat, Lapurdiko Itsasaldeko ekonomia sektore nagusia. Miarritze-Angelu-Baiona barrutia da zerbitzugune nagusia. Hori horrela da barruti horretan bizi delako Ipar Euskal Herriko biztanleriaren zati handiena eta Baiona suprefetura Hiria delako.
Administrazio arloko zerbitzuak ez ezik, jendearentzako beste zerbitzu asko ditu Miarritze-Angelu-Baiona barrutiak- aseguru etxeak, etxeen salerosketarako bulegoak, eta abar. Enpresentzako zerbitzuak, berriz, urriak dira.
Osasun sektoreak ere garrantzi handiko lekua du. Bertako biztanleen premiez arduratzeaz gainera, itsasaldea/en kokalekuak eta klimak erakarrita kanporik etortzen diren jubilatu, urzale eta abarri, osasun eta aisia instalazio egokiak eskaintzen dizkie.
Garraiobideetan Baiona da errepideen eta burdinbideen elkargune nagusia. RN-10 (iparralde-hegoalde) eta RN-117 (ekialde-mendebal) dira errepide ardatzak.
Parisitik datorren RN-10 errepidea Espainiako N-1 errepidearekin lotzen da Hendaian barrena. Euskal Herriaren nazioarterako irtenbide nagusietako bat da, eta Lapurdiko hiri nagusietatik igarotzen da.
RN-117 errepideak, berriz, Baiona Pauerekin eta Tolosarekin lotzen du, eta Pirinioaz iparraldeko ekonomi guneen lokarri nagusietako bat ere bada.
Bi autobide ere badira, RN-10 eta RN-117 errepideen osagarri: A-63 eta A-64, hurrenez hurren.
Garrantzizkoak dira ere D-932 eta D-918 errepideak. Bata Baionatik eta bestea Donibane Lohizunetik abiatzen dira, eta Kanbon bat egiten dute, Donibane Garazirantz.
Trenbide nagusiak, berriz, hauek dira: Baiona-Hendaia, Baiona-Tolosa eta Baiona-Donibane Garazi.
Miarritze-Parmeko aireportua da Ipar Euskal Herriko aireko garraiorako aireportu zibil bakarra. Izenak bestelakorik adierazten badu ere, Angeluko herrian dago (113 ha herri horretan eta 19 ha besterik ez Miarritzen), RN-10 errepidearen ondoan, Baionatik 6 bat kilometrora. Ipar Euskal Herriko, Landetako eta Gipuzkoako jendeak erabiltzen du. Donostiatik hurbil dagoenez, eta Hondarribiko aireportua txikia izanik, Gipuzkoatik gero eta jende gehiago joaten da Miarritzekora, Parisen bitartez eskumenera jartzen baitu Europa osoa.

 

Lapurdiko Barnealdea

Bidaxuneko eta Hazparneko kantonamenduak hartzen ditu. Bien artean 307,35 km2 eta 12.023 biztanle (1990) dituzte: 39,11 biztanle kilometro koadro bakoitzeko. Eranskinean ageri den bezala, kantonamendu horietako herri guztiak ez dira Lapurdikoak, baina lan honen batasun beharrez, lapurtartzat hartuko dira denak.

 

Ingurune fisikoa

Lapurdiko Barnealdea 500 metroz beherako muino edo mendixka apalez osatua dago batez ere. Mendi garaienak Urtzuia eta Baigurako mendialdearen iparraldeko inguruak dira. Harkaitzetan, Kretazikoko flyschak dira nagusi, baina Urtzuia eta Baigura mendien inguruetan Kanbriko aurreko eta Paleozoikoko materialak ere azaltzen dira.
Itsasaldean baina hotz handiagoa eta euri gehiago egiten du Lapurdiko Barnealdean, baina, oro har, itsasaldeak gozatzen du.
Landako landaredia da nagusi. Hazparneko landan, basoaren lekuan, otea (Ulex nanus) eta inarra (Erica cincrea) hazten dira. Haritz (Quercus pedunculata) basoak ere badira, dena den (Mindeiako basoa, esate baterako, Hazparnen). Haritz artean gorostiak (Ilex aquifolium) eta gisatsak (Genista) hazten dira, besteak beste.
Lapurdiko Barnealdeko ibai nagusiak Biduze, Hasquette eta Aran dira, Aturri ibaiaren adarrak.

 

Biztanleria

Lapurdiko Barnealdeko biztanle kopuruak, oro har, behera egin du XX. mendean zehar: Hazparnek 1.482 biztanle galdu ditu, eta Bidaxunek, berriz, 4.123. Batez ere Baionara eta Bordelera emigratu du kantonamendu horietako jendeak.
Nolanahi ere, 1975etik aurrera, moteldu egin da biztanle galera, Hazparneko kantonamenduan batez ere. Izan ere, Hazparnen zabaldu diren industria txikiek eta zerbitzuek inguruetako landa herrietako biztanleak erakarri dituzte.
Biztanleriaren zati handi bat industrian eta etxegintzan ari da lanean. Dena den, ia industria guztiak -eta, beraz, langile gehien-gehienak- Hazparneko kantonamenduan, Hazparneko herrian bertan, daude bilduta. Bidaxune, berriz, nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi den kantonamendua da.
Landutako lur gehienak abeltzaintzarako larreak eta belardiak dira. Industria gehine-gehiena Hazparnen dago bilduta, arestian esan bezala, Bi industrigune nagusi ditu Hazparnek: Hasquette eta Zaliondoa. Industria txikiak dira gehienak: larrugintza, oinetakogintza, plastikozko hodiak, instalazio elektrikoak, industria elektronikoa eta mekanikoa (hegazkin atalak), material elektronikoa eta elektromekanikoa, janari industria (txokolatea eta izozkiak).
Merkataritza sektorea, berriz, batere landu gabe dago.
Errepideetan Baiona-Bidaxune-Olore arteko RN-636 da nagusia. Hazparnera zenbait eskualde errepide iristen da, mendebalerik (D-22), ekialdetik (D-14) eta iparraldetik(D-21).

 

Nafarroa Beherea

Nafarroa Behereak 1.291,88 km 2 eta 30.606 biztanle (1990) ditu: alegia, 23,69 biztanle kilometro koadro bakoitzeko.
Kantonamendu hauek osatzen dute lurraldea: Bastida, Iholdi, Donapaleu, Baigorri eta Donibane Garazi. Lehenengo hiru kantonamenduak iparraldean dira, eta beste biak, berriz, hegoaldean.
Bastidako kantonamenduak 113,65 km 2 eta 5.311 biztanle (1990) ditu: alegia, 46 biztanle kilometro koadro bakoitzeko.
Iholdiko kantonamenduak, berriz, 246,62 km 2 eta 4.309 biztanle (1990) ditu: 17,42 biztanle kilometro koadro bakoitzeko.
Donapaleuko kantonamenduak 306,69 km 2 eta 8.846 biztanle. Batez beste 28,84 biztanle ditu, beraz, kilometro koadroko.
Baigorriko kantonamenduak 302,49 km 2 eta 5.642 biztanle (1990) ditu: 18,65 biztanle kilometro koadro bakoitzeko.
Eta Donibane Garaziko kantonamenduak 326,43 km 2 eta 6.498 biztanle (1990): 19,9 biztanle kilometro koadro bakoitzeko.

 

Ingurune fisikoa

Bi alde nagusi berezi behar dira Nafarroa Beherean: hegoaldea, Pirinioen artean, eta Oloroeko lautada bitarteko iparraldea, muino edo mendixka apalez osatua (zenbat eta iparralderago, orduan eta apalago).
Pirinioetako mendietan Lehen Aroko haitzak dira nagusi (pudingak eta eskistoak), baina tarteka Bigarren Aroko kare harriaketa azaltzen dira. Hego-hegoan daude mendirik garaienak, 1.000 metrotik gorakoak. Guztietan garaiena Okabe da (1.456 m).
Pirinioetatik aldendu ahala apalagoak dira mendiak. Iparraldeko muinoldea bitarteko ingurune batean 500 eta 1.000 metro bitarteko mendiak daude.
Muinoaldean, berriz, ez da 500 metroz gorako jasounerik. Estratoak flysch erakoak dira, eta kare harrizko zatiak dituzte.
Klima, inguruko eskualdeetakoa bezalatsukoa du, baina lurralde garaiagoa izanik, negu gogorragoak izaten ditu, maizko elurrekin.
Landaredian zenbait maila bereiz daitezke, goratasunaren arabera: mandi barrenean larreak, labore sailak (artoa gehienbat) eta artadiak; 1.000 m bitartean haritzak (Quercus petrae) eta gaztainondoak (Castanae sativa), eta 1.000-1.500 m bitartean pagoa (Fagus sylvatica). Basorik ederrenak Baigorri, Arhantsusi eta Larzabaleko hariztiak, eta Hayrako pagadia dira, eta batez ere, Iratiko oihana, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea eta Zuberoa artean dagoen pago baso bikaina, han-hemenka izaiak (Abies), zumar hostozabalak (Ulmus glabra), haginak (Taxus baccata) eta astigarrak (Acer) ere badituena.
Ibai nagusiak Irati, Errobi eta Biduze dira. Pirinioetan sortzen dira, eta Irati izan ezik, Bizkaiko itsasoan isurtzen dute ura.

 

Biztanleria

Nafarroa Behereak biztanle galera handia izan du XX. mendean zehar, jende askok emigratu baitu hiri aldera. Hala, 1901-1990 bitartean 14.091 biztanle galdu ditu guztira, hau da, biztanleriaren %31,52.
Nolanahi ere, Bastidako kantonamenduan biztanle kopurua gehitzen hasi da, inguruko industriei eta zerbitzuei esker (Hazparne, Donapaleu...), eta mende hasierako biztanle kopuru bertsua du gaur egun.

 

Giza jarduera

Nafarroa Behereko biztanle gehienak lehen sektoreko jardueretatik bizi dira: laborantza eta abeltzaintza (lana dutenen %32,04). Industriak, berriz, biztanleriaren %22,08 hartzen du. Industria langile gehienak Donapaleun ari dira lanean.
Nafarroa Behereko lur sailetan batez ere artoa eta zuhainak lantzen dira. Gariak garrantzi handia du Donapaleun. Bestalde, mahatsa ere lantzen da Nafarroa Beherean, Baigorriko Irulegi kooperatibaren inguruan. Hori da Ipar Euskal Herri osoan egiten den ardo bakarra.
Nafarroa Behereko abeltzaintan behiek eta batez ere ardiek dute lehentasuna (82.988 abelburu Baigorrin, eta 84.356 Iholdin). Bai ardiak bai behiak esnetarako hazten dira gehienbat. Garrantzi handia du, beraz, gaztagintzak Nafarroa Beherean.
Industria aipagarrienak ehungintza, larrugintza, oinetakogintza eta janari industria.
Atal honetan aipamen berezia merezi du Donapaleuk. Larreak ez baizik eta lur sailak daude batez ere inguru horretan, eta laborantza da, beraz, ekonomiaren oinarria. Baina Ipar Euskal Herriko gainerako eskualdeetakoa baino intentsiboagoa eta modernoagoa da Donapaleuko laborantza. Besteak beste, garrantzi handikoa da Lur Berri kooperatibaren ekimena, inguruko nekazaritza gune nagusi bihurtu duena Donapaleu. Gaur egun, Ipar Euskal Herriko laborarien bi heren kooperatiba horretako kide edo bezero da. 1936an sortutako kooperatiba horren eragina Biarnora eta Hego Euskal Herrira ere hedatu da. Duen garrantzia dela eta, merkataritza ere inguru horretan bildu da gehienbat.
Turismoak ere badu indarrik Nafarroa Beherean, Zuberoan bezala, baina gauza asko eginkizun dago oraindik sektorean.
Errepide nagusiak Baiona-Donibane Garazi-Iruńea eta Donibane Garazi-Donapaleu dira. Bigarren errepide horretatik aurrera Baiona-Oloroe arteko RN-636 errepideari lotzen zaio.

 

Zuberoa

Zuberoa da biztanle dentsitate txikineko lurraldea Ipar Euskal Herrian: 21 biztanle kilometro koadro bakoitzeko. Lurraldeak, guztira, 685,41 km 2 eta 14.346 biztanle (1990) baititu.
Maule-Lextarre eta Atharratze-Sorholüze kantomanenduek eta Donapaleuko kantonamenduko zortzi herrik osatzen dute Zuberoako lurraldea.
Maule-Luxtarrek 306,06 km 2 eta 10.752 biztanle (1990) ditu: 35,06 biztanle kilometro koadro bakoitzeko, beraz.
Atharratze-Sorholüzek, berriz, 379,35 km 2 eta 8.752 biztanle (1990) ditu. Beraz, 35,06 biztanle kilometro koadro bakoitzeko.

 

Ingurune fisikoa

Bi alde bereizten dira Zuberoako lurraldean: Zuberoa Garaia (Atharratze-Sorholüzeko kantonamendua) eta Zuberoa Beherea (Maule-Lextarreko kantonamendua).
Zuberoa Garaia oso eskualde menditsua da, Pirinioen bihotzean, Iratiko mendi multzoko isuralde banatara zabaltzen dena.
Orhi mendia (2.021 m) da mendialde horretako gailur nagusia.
Zuberoa Beherea 700-800 m inguruko muinoz osatutako eskualde bat da, zenbat eta iparralderago, orduan eta apalago.
Muinoaldearen eta mendialdearen artean Arbailako mendilerroa dago. Oso larre onak dituenez, behi eta ardi azienda askoren bazkaleku da.
Zuberoako ibai ardatza Uhaitzandi ibaia da. Biarnoko Salbaterra hirian Gabe ibaiarekin elkartzen da, eta Aturrirekin aurrerago
Nafarroa Behereko klimaren antzekoa du Zuberoak ere, baina, oro har, hura baino euritsuagoa eta tenperatura gorabehera handiagokoa da mendialdean.
Landaredian bietarik du, landa eta basoa. Aipagarriena dena den, Iratiko oihana du. Oihanak Nafarroa Garaian, Nafarroa Beherean eta Zuberoan osotara dituen 180 km 2 -etatik 30 km 2 dagozkio Zuberoari.

 

Biztanleria

Zuberoak biztanle galera handia izan du XX. mendean zehar, jendeak hiri ingurunetara emigratu baitu. 1901-1990 bitartean 6.321 biztanle galdu ditu Zuberoak (%31): 1.769. Maule-Lextarreko kantonamendukoak (%12,21) eta 4.552 biztanle Atharratze-Sorholüzeko kantonamendukoak (%55,88). Biztanle galera, beraz, handiagoa izan da hegoaldeko kantonamenduan.
Maule-Lextarrek egoera hobea izan du, batez ere hiriburuaren inguruan ezarri zen oinetakogintza industriari esker. XIX. mendearen amaieran, industria hori sortu zenean, langile asko erakarri zituen Maulek Espainiako aldetik. Berrogeita hamar urteren buruan, benetako industria hiria bihurtu zen Maule, eta antza gehiago zuen Biarno aldeko langile herriekin bertako inguruko herrixkekin baino. XX. mendearen lehenengo erdian zehar Maule-Lextarreko kantonamendua ederki baliatu zen landa ingurune batean industria herria izateak ematen zizkion abantailez, eta jende asko erakarri zuen, baina 60ko hamarraldiaz geroztik etengabe galdu ditu biztanleak. Nolanahi ere, azkeneko urteetan, Maule inguruko herrixkak -Garindańe, Sohüta eta Bildoze- zuzperraldi txiki bat izaten ari dira biztanletan.

 

Giza jarduera

Lehenengo sektoreko jarduerak izan dira nagusi betidanik, baina 1990eko zentsoaren arabera bigarren sektorea gailendu da, gutxigatik, dena den. Maule-Lextarreko kantonamendua da (1.753 enplegatu bigarren sektorean) sektorea hanpatzen duena, Atharratze-Sorholüzeko enplegua lehenengo sektoreari baitagokio erabat.
Maule-Lextarreko herri gehienetan laborantza, abere hazkuntza eta baso ustiapena dira diru iturri nagusiak. Beheko lurretan lur sailak (artoa) eta goikoetan, berriz, larreak izaten dira batez ere.
Landutako lur sailen %60 inguru artoa egiteko erabiltzen da. Barazkiek ere garrantzi handia dute. Lur hedadurarik handiena, baina, abere hazkuntzarako larreek eta zuhain landareek hartzen dute. Izan ere, abere hazkuntza (ardi aziendak gehienbat) da Zuberoako ekonomiaren oinarrietako bat.
Zuberoan, dena den, Nafarroa Beheran eta Lapurdin baino ustialeku gutxiago dago: batez beste 19,22 ha dituzten 1.011 ustialeku hain zuzen ere (693 Maule-Lextarren eta 318 Atharratze-Sorholüzen), 1988ko nekazaritza zentsoaren arabera.