Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia»Araba

Arabako eskualdeak


Arabako lurraldean eskualdeak bereizteko modurik ezagunenak dira: koadriletan banatzea; area funtzionaletan banatzea (Euskal Herriko Autonomia Elkarteko Lurralde Antolaketarako Zuzenbideak izeneko lanean); eta Euskal Estatistika Institutoak (EUS- TAT) definitutako eskualdeen arabera.
Koadrilak Arabako lurralde antolakuntza sistema berezia dira, Erdi Aroaren hasieran sortu eta gaur egun arte bizirik gordetakoa. Udalez gaindiko erakundeak ziren koadrilak, eta elkartutako udalen behar bateratuak asetzeko jaio ziren. 1537ko urtean sei koadrila sortu ziren, baina berehala zazpigarrena erantsi zitzaien. 1983an Arabako lurraldearen antolakuntza berria egin zenean, zazpi koadrila horiek gorde ziren, nahiz barne aldaketa asko egin. Gaur egun zazpi koadrila dira: Gasteiz, Aiara, Agurain, Biasteri-Arabako Errioxa, Zuia, Añana, eta Kanpezu-Arabako Mendialdea. Koadrilen zeregina da elkartutako udalen interesak bateratu eta ordeztea, antolamendu eta baliabideez hornitzeko xedeaz.
Euskal Herriko Autonomia Elkarteko Lurralde Antolaketarako Zuzenbideak izeneko dokumentuan Arabako lurraldea hiru eremu funtzionaletan banatu zuten: Biasteri, Laudio eta Gasteiz. EUSTAT-ek, berriz, sei eskualde bereizten ditu Arabako lurraldean: Arabako Kantaurialdea, Gorbeialdea, Arabako Lautada, Arabako Haranak, Arabako Mendialdea eta Arabako Errioxa.

 

Arabako Kantaurialdea

Arabako ipar-mendebalean dago, Bizkaiko itsasora doan isuraldean, eta 328 km 2 ditu gutxi gorabehera. Geomorfologiaren aldetik oso egitura berdinekoa da eskualde osoa: kare harriak, harri dolomitikoak eta goi kretazikoko tuparriak dira nagusi, era monoklinalean antolatuak. Nabarmentzekoak dira Nerbioi ibaiko ur goiena dagoen aldatz erliebeak; hori da eskualdearen aitzinaldea, Delikako haran idorra eta Goiuriko harana. Hemen bertan dago Urduña, nahiz administrazio aldetik Bizkaiaren mende egon. Salbadako Mendilerroko aitzinaldeko maldak 600 m-ko gainbehera egiten du; osagai gogorrenetan, erlaitz bertikalak sortzen dira, eta buztinezko osagai bigunen gainean berriz ezpondak. Ibai nagusiek (Nerbioi, Izale, Izoria eta Ibaltzibar) N-S norabidea dute oro har; morfoegituran zeharka doaz, beraz, eta haran sakonak sortzen dituzte. Bizkaiko itsasora doan isuraldeko ibaiak dira, guztira Araban 410 km 2 hartzen dituztelarik, hau da, lurralde osoaren %13,5. Mediterraneoko isuraldeko ibaien aldean bereziak dira hauek: itsasoratu aurretik gainbehera handia egin behar dutenez, profil luze-luzea dute, eta zatirik gehienetan urlasterrean doaz. Ondorioz, lurraren higatzaile bikainak dira.
Amurrioko iparrean, eskualde honen ipar-mendebaleko muturra oso malkartsua da: 700 m inguruko mendigainak dira, ibaiek zorrotz ebakirik. Eskualdeko iparreko mugak Bizkaia eta Araba arteko muga egiten du, Gallarraga (894 m), Ganekorta (998 m) eta Kamaraka (794 m) mendiak lotzen dituen gailur lerroan barrena; hiru mendiok hare harrizkoak dira eta Bizkaiko antiklinal handiko parte dira.
Aipatutako alde horrek eta Salbadako Mendilerroak bakarrik gainditzen dute 1.000 m-ko garaiera. Gainerakoan, lur azala askoz ere leunagoa da: ibaiek beren bidea muino eta aldatz txikien tartean egiten dute.
Klima eta landaredia Kantauriko isuraldean bezalakoa da: klima atlantikoa da, tenperatura larriegirik gabea (Amurriok batez beste urtean 12,2°-ko tenperatura dauka), eta urtean 1.000 mm gainditzen duen euri ugariaz (Amurrion batez beste 1.090 mm). Landarediaren aldetik, hostodunen basoak dira nagusi, batez ere pagadiak (Fagus sylvatica) eta aldatutako pinudiak; horrela, eskualde honek itxuraz Bizkaiaren antza handiagoa du, Arabako gainerako lurraldeena baino. Faktore geografiko horiek guztiak kontuan izanik, erraz ulertzen da eskualde honek Bilboko hirigunearekin duen harreman estua: haren eraginpean bizi dela esan daiteke. Bestalde, ibai ertzetako landarediak batzuetan balio ekologiko handia du (Artziniega eta Ibaltzibar ibaiak), haltz eta sahats sendoak nagusi baitira.
Demografiaz, eskualde hau hazi egin da XX. mendearen hasieratik gaurdaino, mendearen lehen hamarraldian izandako murrizpen txiki bat kenduz gero. Mendearen hasieran 10.650 biztanle zituelarik, 1991n berriz 34.214 zituen, hau da, 104,3 biztanle kilometro koadro bakoitzeko. Biztanleriaren hazkundea 50eko eta 60ko hamarraldietan biziki goratu zen, Amurrion eta Laudion, bi herri nagusietan, industria multzo handia ezarri zenean: Laudion 1950-1970 bitartean biztanleria lau bider hazi zen. Aitzitik, Artziniega edo Okondo ez gora ez behera gelditu dira, eta Aiarak biztanleria murritzagoa du.
Bizi giroaren ikuspegitik begiratuta, ondo bereizten dira alde batetik bi herri nagusiak (Amurrio eta Laudio), biztanleriaren %88 osatzen dutenak; eta bestetik herri txikiak, horien artean 100 biztanlez beherako herriek biztanleriaren %60 osatzen baitute. Eskualdearen ardatz antolatzailea Laudio da, nahiz Amurriok ere eragin sendoa izan bere inguruko herrietan: geografiaren aldetik, erdigunean da, administrazio zerbitzu anitz du, eta garraiabideetan leku estrategikoa hartzen du. Jarduera ekonomikoetan ere ikus daiteke bi herri handien eta herri txikien arteko banakuntza: Amurrion eta Laudion, industria da nagusi; Aiaran eta Okondon, nekazaritza eta basogintza; bien egoera horien erdibidean dago Artziniega, industria apur bat ere bai baitauka. Abeltzaintzarako eskualde aparta da hau, larreak eta belardiak ugariak direnez. Ez da harritzekoa, beraz, abere ugari izatea, batez ere behiak eta ardiak. Behi arraza ugari lantzen da: frisoia esnegintzarako; limusina, hereford edo abelgorri suitzarra, berriz, haragitarako. Ardietan gehiena latxa da, esnegintzarako erabilia, eta iparraldean da nagusi.
80ko hamarraldian, eskualde honek Euskadiko Autonomia Erkidegoko inbertsioaren zati handiak jaso ditu, bere industriagintza aniztasun bidean sartzeko xedeaz.
Errepide azpiegitura ona du eskualdeak, askotan eragozpen topografikoetan dauden pasabideetara ondo egokitua baitago: Altubeko gaina erabili da A-68 autobidearen bidea erabakitzeko, eta eskualdea NO-SE norabidean zeharkatu ondoren N-622 errepidearen bitartez Gasteizekin lotzen duen A- 624 errepidea egiteko. Gainera, Euskadiko Autonomia Erkidegoko oinarriko errepide sarearen barruan, A-625 errepidea dago, Urduñatik abiaturik Bilboko norabidean eskualdea alderik alde zeharkatzen duena, Miranda de Ebrotik datorren trenbidearen gisako ibilbidearekin. Eskualdeko beste errepide batzuk dira: autobidearen alboz alboko A-2522 errepidea; eta A-2604 errepidea.

 

Gorbeialdea

Eskualde honek 406 km 2 -ko lur eremua hartzen du Gorbeiako mendi sailaren hegoaldeko isuraldean, Urkabustaizko haranean hasi eta Zuia, Zigoitia eta Legution barna Aramaioko haraneraino; azken haran hori da eskualde honetan Kantaurialdera jotzen duen bakarra. Beraz, Gorbeiako mendi sailak mugatzen du eskualdea; gailurra (1.475 m) da Arabako lekurik garaiena, eta Bizkaiko muga. Mendisail horretan, euskaldunentzat izan duen esanahiagatik eta inguruaren edertasunagatik bertan parke naturala sortzea proposatu izan da. Beste gailur aipagarriak dira: Burbona (934 m), Berretin (1.221 m) eta Oketamendi (1.027 m); azken mendi hori Zubialde ibaiak bereizten du Gorbeiako mendi sailetik, baina haren antza morfologiko handia duenez, Gorbeiatxiki ere esan izan zaio. Mendi sail garai horretako iturrietatik ibai nagusiak sortzen dira (Baias, Ugalde, Zubialde),eskualdea haran sakonetan banatzen dute
Geomorfologiaren aldetik, Bizkaiko antiklinorio handiaren hegoko saihetsean dago txertaturik; erliebea morfologia malkartsukoa da berez dagokion egituraren arabera: formazio monoklinala da, tuparri eta kareharri urgoniar nahiz buztin eta hare harri kretazikoen gainean sortua. Horren emaitza morfologikoa erliebe disimetrikoan ikus daiteke: iparreko isuraldea izugarri malkartsua da (1.200 metroko gainbeherak hartzen ditu); hegoko isuraldea, berriz, askoz leunagoa da, eta gehienez ere 800 metroko gainbehera hartzen du Zuiako partean. Ipar eta hego isuraldeen disimetria hori Arabako erliebearen ezaugarririk behienenetakoa da.
Zenbat eta ekialderago, mendi gailurren garaiera apalagoa da: Motxotegi (817 m), Santa Engrazia (802), Albertia (867 m) edo Jarinto (896 m) dira horren lekuko. Tartean gelditzen diren haranetan komunikabideak egin dira, baita Urrunagako urtegia ere; balio ekologiko handikoa izateaz gain, urtegiaren ingurua atseden leku paregabea da. Azken aipatu dugun mendi gailurretik abiatu eta iparraldera dago Arangioko mendi saila: Orisol (1.126 m) mendiak Aramaioko harana ixten du mendebaletik.
Eskualde honetan Kantauri eta Mediterraneoko isuraldeko uren banalerroa dago, eta horrek garrantzi handia du ingurugiroari dagokionez: bertako mendi sailak Kantauri itsasotik datorren aire hezeari agertzen zaion lehen oztopo naturala dira. Dena dela, uren banalerro hori ez da guztiz jarraia, tarteka-marteka iraganbideak baitaude; horrela eragin ozeanikoa ere erraz sartzen da hegoaldera.
Klimaren aldetik ikusita Gorbeiako mendi saila gertu dagoenez euriak ugariak dira (1.300 mm urtean), eta batez beste urtean tenperatura 10-11°C ingurukoa da.Horren ondorioz, mendialdean behintzat udan ez da idorraldi luzerik sortzen. Klimaren ezaugarri horien eraginez, landareetan nagusi dira pagadiak (Fagus sylvatica), lerro malkartsuetako egutera idorretan ameztiekin (Quercus pyrenaica) tartekaturik; han eta hemen, haritz kandugabea ere (Quercus petrea) ageri da. Atlantikoko isuraldean, eta bereziki haran hondoetan, hariztiak (Quercus robur) ugariak dira oraindik, nahiz urte luzeetan murrizpen ikaragarria izan duten nekazaritzak, ikazkintzak eta itsasontzigintzak eraginda. Haran sakonetako harizti eta goietako pagadien artean, Arabako lur eremurik handiena hartzen duen zuhaitza dago: erkametza (Quercus faginea).
Eskualde honetako biztanleriak Arabako gainerako eskualdeen bilakaera berdintsua izan du: 1900etik 1991 arte hazkunde begetatiboa negatiboa izan da, 8.234 biztanle izatetik 5.340 biztanle izatera iritsi baita. Jakina, dentsitatea ere murriztu egin da bitarte horretan; mende hasieran 20,2 biztanle kilometro koadroko baldin baziren, gaur egun 13,1 dira. Demografiaren beheranzko joera hori etengabea izan da, 1950. urtearen inguruan Zadorrako urtegiak egiten hasi zireneko tarte laburra kentzen bada. Alabaina, azken erroldetan joera hori aldatu egin dela dirudi, udal barruti batzuetan biztanleria handitu egin baita; esate baterako, Zigoitian eta Zuian hala gertatu zen 1991 ko erroldan.
Biztanleriaren banaketari dagokionez, azpimarratu beharra dago desoreka handia duela Arabako biztanle banaketak: hiru herrigunetan bakarrik dago 5.000 biztanle baino gehiago, eta hiruon artean Arabako biztanleriaren %83 osatzen dute. Aitzitik, herrigune guztien %76 ehun biztanlez beherakoa da; gisa horretako gune txikiak dira nagusi eskualde guztietan, Arabako Errioxan izan ezik. Orain aztertzen ari garen eskualdeko bost herriotan (Aramaio, Zigoitia, Legutio, Urkabustaiz eta Zuia) nagusi dira noski herrigune txikiak, batez ere 100 biztanlez beherakoak.
Nabarmentzekoak dira Aramaioko herria Arabaren barnean egoteko dauden arrazoi historikoak. Izan ere, topografiari erreparatzen badiogu, Arangioko mendilerroak eta Arlabango mendiek Gipuzkoako Deba arroko lurrei begira jartzen dute Aramaio. Hala ere, l489an Araban sartu zen, ordu arte Bizkaiko Jaurerriaren mende egonda gero.
Eskualde honetan jarduera ekonomiko garrantzitsuena nekazaritza da: iparraldean, abeltzaintza eta basogintza da nagusi; erdialdean, laboreak, patata eta ukuiluko abeltzaintza egiten dira; eta hegoaldean, laboreak, patata eta erremolatxa. Industriak ez du pisurik.
Garraiabiderik nagusiak dira N-240 errepidea, Gasteizetik Bilborainokoa, eta N-622 errepidea, Gasteiz eta Zuiako harana lotzen dituena. Gainerakoan, herri bide eta bidexkak besterik ez dira.

 

Arabako Lautada

Arabako eskualderik handiena da, 785 km 2 -ko lur eremua hartzen duena. Mugak hauek dira: ekialdean, Badaiako mendi sailetik hasi (ez da eskualde honetan sartzen) eta Nafarroarekiko mugaraino, mendebalean; hegoan, Entzia eta Iturrietako mendi sailen maldek, eta Gasteizeko mendiek mugatzen dute. Bi ibai nagusi dira: Zadorra, eskualdea E-O norabidean zeharkatzen duena; eta Araia, O-E norabidean Nafarroa aldera doana.
Iparrean eskualdearen itxitura menditsua dago: Elgea, Urkila eta Altzaniako mendi sailek Gipuzkoarekiko muga naturala osatzen dute alde batetik, eta bestetik Kantauriko eta Mediterraneoko isuraldeen muga. Gailur asko mila metroz gorakoak dira (Mugarriluze 1.108 m, Malkorra 1.245 m, Pinpil 1.291 m eta Aratz 1.442 m), eta askotan bostehun metroz gaindiko amildegi sakonak sortzen dituzte.
Osaera geologikoaz, Arabako ildoa deitutako unitate sinklinalean sartzen da Lautada; oso handia da, Arabako lurraldea eta Nafarroako zati handi bat hartzen dituena. Osagaietan nagusi dira goi kretazikokoak eta hirugarren arokoak, tolesdura astunetan antolatuak.
Sinklinal horrek mendebalera luzatzen da, Pirinioen aurreko sakonunetik, eta Arakil ibaiaren bidez Iruñeko sakanaraino sartzen da. Geomorfologiaz, sinklinal handi horretan Zadorrak eta bere adarrek ibai sare ortoklinala ezarri dute, arroari bere izaera berezia emanik; tuparriak eta gainerako osagai bigunak oso higaturik daude, eta material gogorragoz osatutako muino bakan batzuk besterik ez dira higadura horretatik libre (Araka, Estibalitz, Argomaiz). Lautada zeharkatzen duten ibaiek metatutako isurkinek zabalune ederrak sortu dituzte, askotan ezponda eta mendi hegaletan behera etorritako osagaiei loturik.
Mendebalean, Lautadaren muga Badaia, Arkamo, Gibijo, Salbada eta Arratoko mendisailek egiten dute; morfoegitura berekoak dira, kare harriz, kare harri dolomitikoz eta goi kretazikoko tuparriz osatuak.
Entzia, Iturrieta eta Gasteizko mendi sailek Lautadaren hegoko itxitura osatzen dute, eta Zadorra (iparrean) eta Aiuda (hegoan) ibaien isuraldeen muga egiten dute. Urbasa-Trebiñoko sinklinal handiaren iparraldeko alderdia dira mendiok, kare harriz, hareharriz eta hirugarren aroko konglomeratuz osatuak. Gailurrak ez dira oso garaiak (Ballo 1.198 m, Kapildui 1.180 m), baina garrantzi handikoak dira, Arabako lurraldean bigarren oztopo bioklimatikoa osatzen baitute. Gainera, multzo horrek Tuioko mendisailean, eta Cantoblanco eta Olvedoko mendietan du jarraipena, hortik Gaubeako mendebaleko mendi sailei lotzeko.
Lautadako klima hotza da neguan, epela udan; Gasteizen urtean batez besteko tenperatura 11,7º C-koa da eta euria berriz 845 mm-koa. Hilabeterik idorrena uztaila da. Halako klimaren arabera, landarediak badu nolabaiteko ukitu kontinentala, baina batez ere azpimarratzekoa da eskualde honetan, giza jarduera trinkoaren poderioz, Lautada inguratzen duten mendien magalera mugatzen dela landaredia. Horietan, hala ere, landaredia oso hondaturik dago behin eta berriro gertatu izan diren suteen erasopean. Gehienez ere, pagadi txikiak (Fagus sylvatica) gelditzen dira gaur egun.
Hamaika udal hartzen ditu eskualdeak: Dulantzi, Arrazua-Ubarrandia, Asparrena, Barrundia, Elburgo, Okako Iruñea, Iruzaitz-Gauna, Agurain, Donemiliaga, Gasteiz eta Zalduondo. Demografia aztertze aldera, Gasteiz bakarka hartu beharra dago: Araba osoko biztanleriaren %75 Gasteizen bizi da; beraz, ondorio zuzenik ez litzateke aterako gainerako herriekin batera hartuz gero. Lautada osatzen duten herriek bilakaera demografikoa korapilatsua izan dute; biztanlerian hazkunde edo murrizpen izugarririk izan gabe, etengabeko gorabeherak izan dira, eta oro har 1900etik (11.612 biztanle) 1991 bitartean (10.301 biztanle) bilakaera negatiboa izan da. Biztanle multzo handiena 1920. urtean izan zuen, eta hortik aurrera 1950 arte etengabea izan da galera; ernaldi labur baten ondoren, 1960an biztanleria murriztu egin zen ostera: Gasteizek urte haietan izan zuen industrializazio azkarrak inguruko herrietako biztanleria bereganatu zuen. Azken erroldan biztanle ugaltze txikiren bat izandako Arrazua-Barrundia eta Agurain kenduz gero, eskualde honetakoko gainerako herriek biztanleak galdu dituzte azken hamarraldian. Dentsitateak ere murrizpen hori islatu du: 1900ean kilometro koadroko 19,8 biztanle ziren; gaur egun berriz 13,1.
Gasteizko demografiak hazkunde eta murrizpenen arteko gorabeherak izan ditu, 1181-ean sortu zenez geroztik: bizi giro gogorretan eta, batez ere, gerrateetan biztanleria murriztu egiten zen; bake garaietan, hazi. 1750ean Gasteizek 5.000 inguru biztanle izango zituen; urte horretan demografiaren hazkunde fase garbian sartzen da, luzarorako gainera, XIX. mendean zehar hiriaren inguruan ezarritako industrien garapenari esker. Jakina, hazkunde hori etengabea baina oso geldoa izan zen, eta gainera noiz-behinkako liskar edo gerrateek eragin negatiboa izan zuten. Mende bete geroago, 1850ean alegia, industria berri asko sortu zen Gasteizen, eta haiekin batera nabarmen hazi zen biztanleria. Hazkunde joera horri eutsi zion Gasteizek XX. mendean barna, eta 1960. urtetik aurrera joera hori izugarri goratu zen: Gasteizen industrializazio bete-betekoaren eraginez, 1960ko 74.936 biztanleak 206.116 ziren 1991n.
Beraz, 1960. urtean hasi zen Gasteizeko hazkunde demografiko azkarra, industrializazio prozesuarekin batera, eta kanpotik iritsitako etorkinen eraginez: Arabako gainerako eskualdeetatik bezala, Gaztelatik, Extremaduratik eta Andaluziatik etorritakoak ziren. Esan beharra dago, dena dela, etorkin horien kopuruak berak baino garrantzi handiagoa izan zuela biztanleria hazkundeak eragindako ezkontza eta jaiotze tasen igoera ikusgarriak.
Geroztik, krisi ekonomikoak, eta batez ere langabeziaren tasa altuak, eragina izan du demografian ere: jaiotze tasa izugarri beheratu da, eta etorkinak ez dira lehen bezala uholdeka iristen, bat-banaka baizik; nabarmendu beharra dago, gainera, etorkin berriak Bizkaitik eta Gipuzkoatik datozela batez ere. Azkenik, emigrazioak ere bere hondar alea jarri du, Gasteizeko demografiak azken urteotan behera egin dezan.
Biztanleriaren banaketari dagokionez, Gasteiz alde batera utzirik, Lautadako herri gehienak txikiak dira: %78 ehun biztanlez beherakoak. Herririk handienak Agurain, Dulantzi eta Okako Iruñea dira.
Gasteizeko egoera xehetasun handiagoz aztertu behar da. Hiria 1181ean Nafarroako Antso Jakintsuak sortu zuen Nueva Victoria izenaz (hortik gaztelerazko egungo izena, Vitoria), Gasteiz izeneko muino gainean zegoen herrixka oinarri harturik. Hasieran, Gasteiz ez zen bere inguruko beste herri batzuk (Biasteri, Gesaltza edo Bernedo) baino askoz ere handiagoa. Lehen zabalkundea 1200eko sutearen ondoren etorriko zaio: Gaztelako Alfontso VIII.ak herria berriz ere jaso eta mendebalera zabaltzeko agindu zuen, Correría, Zapatería eta Herrería kaleetan barna; geroago, ekialdera zabalduko zen Cuchillería, Pintorería eta Judería kaleen bitartez. Horrela, Erdi Aroko hirien tankera hartu zuen Gasteizek, eta hala iraungo zuen XVIII. mendeko etxegintza heldu arte.
XIV. mendearen erditik aurrera, nekazari giroko herrietako handiki eta aberatsak Gasteizera doaz bizitzera. Berehala, gatazka sortuko dute hirian sortutako burgesia boteretsuarekin: Ayalatarrak hiriko burgesiaren izenean, eta Callejatarrak nekazarien izenean. Liskarrak hirian gorpuztu zen, handikien etxe gehienak gotortu egin baitzituzten (Andatarren, Gebaratarren edo Doña Otxandaren dorretxeak, adibidez). Geroztik, gatazka leundu ahala, gotorleku itxura galdu eta apaindura gehiago hartuko dute aberatsen etxeek (horren lekuko, Eskoriatza- Eskibeldarren jauregia).
XVII. mendean, Ilustrazioaren eragina bete-betean nabarmendu zen Gasteizen; orduan, hiria hegoaldera hedatu nahia azaltzen delarik, Gasteizko jatorrizko muinotik beheko lautadara zegoen koska berdindu beharra da arazorik nagusia. Justo Olaguíbel arkitekto gasteiztarrari eman zioten zabalune berria moldatzeko agindua. Berak sortu zituen gaur egun ezagutzen den Ama Zuriaren plaza (arkitektura neoklasikoaren adibide ederra) eta garaieraren arazoa konpontzeko plaza horretan ikusten diren arkupeak. Hortik abiatuta etorri zen hegoaldeko zabalunea.
XIX. mendearen hasieran, Gasteiz harresiz inguratutako herri txikia besterik ez zen, hegoaldean Plaza Berria eta kanpoaldeko inguruetan komentu handiak zituena. 1820tik aurrera, hiriaren osasunbidea hobetzeko jarduerak hasiko dira: harresiak lurrarekin berdindu, edan ura Aretxabaletatik ekarri, Floridako parkea egiten hasi, eta Fray Francisco eta Cervantes kale berriak egin ziren. Hamar urte geroago, 1830ean Armentiako herriraino heldu zen Gasteizeko zabalunea. Hala ere, Gasteizek ez zuen hiri itxura benetakorik hartu 1856an trenbidea bertara iritsi zen arte; orduan, hiriaren hegoaldea oso bizkor garatu zen, Dato kalearen ardatzak trenbide berriaren geltokia Plaza Berriarekin lotzen zuelarik. Egia esan, hirigintza berri hori guztia jatorrizko ardatz horretatik abiaturik kaleak bat-banaka zabalduta egin zen, aurrez berariazko plangintzarik egin gabe.
XX. mendearen hasieran, Gasteizek izan zuen hazkunde demografikoa irensteko, hirigintza trinkoagotu egin zen ekialdera, mendebalera eta hegoaldera. Gerra zibilaren ondotik, hiria ekialdera (Frantzia eta Los Herrán kaleak) eta mendebal aldera zabalduko da, oraingoan ere aurrez plangintzarik batere egin gabe. Benetako hirigintza plan orokorra 1956. urtean egin zen lehenengoz, baina hala eta guztiz ere plan horrek gerora plan zehatzagoetan garatu beharreko eremu handiak besterik ez zituen bereizten. Hitz batera, eraikuntza orubeak zein ziren erabaki eta 1950az geroztik Gasteizera trumilka zetozen etorkinen bizilekuari aterabidea emateko besterik ez zuen balio izan lehen plan horrek. Atenaseko Gutunean ezarritako printzipioetan oinarritu zen: etxegintza banakatua zen, espazioak zabalak, eta kaleen balioa ez zen komunikabideen egituraren ardatz nagusia izatea. Bestalde, plan horrek XIX mendean egindako zabalkundeko eraikinetan goratasun eta bolumen handiagoak jasotzeko baimena eman zuelarik, hiriko ondare arkitektonikoa axolagabe hondatua izan zen. 60ko hamarraldiaren erdialdean, Gasteizek hirigintza eta oinegitura maila sendoa zeukan. Industriaren garapen azkarrak etxebizitza berri askoren beharra sortu zuen: saihesbidearen barruan zeuden orube eraiki gabe guztiak agortu ziren, eta horren ondorioz espekulatzaile taldeek indar izugarria hartu zuten, egin bidean ziren poligonoak geldiarazteraino batzuetan. Geroztik, plan orokorrak zuzenketa eta eranskin asko izan ditu; gaur egun 1986an egindakoa dago indarrean, baina 1996ko hasieran berrazterketa sakona onartzeko bidean zegoen.
Nekazaritza jarduera eskualde honetako herri txikietan egiten da, ustialeku txikietan; laboreak, patata eta erremolatxa lantzen dira gehienbat. Patatak trataera berezia dauka eskualde honetan. Aspaldidanik dator Araban patata egiteko ohitura, eta gaur egun erakundeetatik sustapen berezia ematen zaio, Iturrietako eta Arkauteko Nekazaritza Eskoletan patata hobetzeko zentroak sortu baitira. Garaiera handiko sailetan aldatuta, patata zorriaren erasotik libre diren motak lortu dituzte zentro horietan. Bi eratako langintza du patatak: alde batetik, landatzeko patata txikia; eta bestetik, etxean jateko patata.
Abeltzaintzan, behia eta zerria dira nagusi Donemiliagan, Asparrenan eta Barrundian. Bestalde, abeltzaintzako ustialeku industrialak gero eta nabarmenagoak dira (oilo, arrautza eta untxi etxaldeak), hiri eta herri nagusietako jendetzaren kontsumoari begira.
Industria Gasteizen dago gehienbat; zerbait, Agurainen, Dulantzin eta Okako Iruñean. Industriagintzak oinarrizko pisua du Gasteizen, ekonomiaren muin bizkortzailea baita; zer esanik ez, eragin handia du baita ere zenbait alderdi sozialetan, demografian besteak beste.
XX mendearen lehen erdialdean industriak ez zuen garapen handirik izan, eta nagusi ziren oraindik familia giroan sortutako lantegi txikiak, elikadura, inprimeria, nekazaritzako makineria eta burdingintza alorretan. Industria handiagoak bakanak ziren (Ajuria SA, Aranzabal SA eta Heraclio Fournier).
Mendearen erditik aurrera, ordea, industria garapen bide kementsuan sartu zen. Faktore lagungarri anitz izan ziren: beste industriaguneekiko kokaleku geografikoa ezin hobea zeukan, eta gainera oinegitura sendoak zituen, industriak ezartzeko poligono handiak arreta handiz planifikatu baitziren: Betoño, Arriaga, Larranaga, eta abar. Bestalde, ur hornidura ziurtatua zeukaten enpresek, hurbileko Urrunaga eta Uribarri-Ganboako urtegiei esker. Azkenik, alde jokatu zuten baita ere Arabako herri ogasunak zerga alorrean industriei emandako pizgarriek, eta gainerako euskal lurraldeetan lur industriala eskasa izateak. Gasteizen ezarritako lehen industria berritzaile horietakoa Imosa izan zen 1952an (gaur egungo Mercedes Benz, alegia); haren atzetik, autoen alorreko industria gehiago etorriko ziren. Zernahi gisaz, jarduera industrial garrantzizkoenak metalgintza, kimika eta beiragintza izan ziren, besteak beste.
Industriaren garapenak behaztopa izugarria aurkitu zuen 70eko hamarraldiko energia krisi sakonean; hori gutxi ez, eta gainera enpresek konkurrentzia ahalmen murritza zuten, atzerriko kapitalak eskumen zabala zeukan hemengo enpresetan, eta makineria edo lan tresnak zaharkituak zeuden orobat. Hamarraldi hartako krisi sozialak gatazka une latzak ezagutu zituen. 80ko hamarraldian ekonomiak hobera egiten du, baita industriaren alorrean ere. Gaur egun, lanean ari den biztanleria osoaren %47 industriak hartzen du; hala ere, barne moldaketa izugarria egin behar izan du, ekonomiaren eragilea goi teknologiari lotutako industria baita gaur egun.
Gasteiz lurralde osoko hirugarren sektoreko zentroa da, eta berez zeukan pisu hori Euskadiko Autonomia Erkidegoko hiriburu eta Eusko Jaurlaritzako egoitza leku izendatu ondoren asko nabarmendu da: erakunde ofizialez gain, administrazioaren jardunbideari lotutako zerbitzu enpresa asko ere erakarri zituen horrek. Merkataritzak garrantzi handia dauka Gasteizeko jarduera ekonomikoaren barnean; saltoki txikiak dira gehienbat, eta Arabako herriez gainera Bizkaiko Otxandio eta Ubideara, eta Gipuzkoako Deba Garaira ere hedatzen da bere eragin komertziala.
Lautadaren erdigunean dagoelarik, Gasteizek oso komunikabide egokiak ditu: Forondako aireportua, gaur egun berez duen ahalmen guztia inolaz ere erabiltzen ez bada ere; trenbidea Langraiz Okatik sartzen da Lautadan, eta E-W norabidean alderik alde gurutzatzen du, Irun alderantz, gutxi gorabehera N-1 errepide nagusiaren alboz albo; errepide sarea erradiala da, eta Gasteiz gainerako arabar eta euskal lurraldeekin lotzen du.

 

Arabako Haranak

Haran bereiz eta independenteek osatzen dute 648 km 2 -ko lur eremua hartzen duen eskualde hau; lurralde hauek dira: Gaubea eta Balderejo (gune naturala) eta Koartangoko haranak; Lakozmendi eta Gesaltzako korridoreak; eta Erribera Goitia, Erribera Beitia, Lantaron, Aramiñon, Zanbrana eta Beranturiko herriak.
Eskualde honetan Arabako mendebaleko mendi sailak daude: Gibijo, Arkamu, Arrato, Badaia eta Artzena, Gaubeako haranean, baita Salbadako Mendilerroa ere, eskualde honetatik kanpora. Mendi sail horiek denak morfoegitura berdinekoak dira, kare harriz, harri dolomitikoz eta goi kretazikoko tuparriz osatuak.
Gibijoko mendi sailak ez du ohiko mendi morfologiarik, goi lautada batena baizik:Marindako gailurra (982 m) besterik ez da nabarmentzen, gainerakoa 800-900 metro bitarteko garaieran baitago; ekialdean Koartangoko harana du mugakide. Bertan jaiotzen da Nerbioi ibaia, non eta sortu orduko 100 m-ko amildegi batean behera abiatzen baita, iparralderantz.
Hegoaldean, mendi sail hori Arkamukoari lotzen zaio, WNW-ESE norabidea duen Koartangoko antiklinorioaren hego alderdian; batez beste, ez du mila metroko garaierarik gainditzen, eta gailurrik nabarmenenak dira : Kruzeta (1,164 m) eta Repico (1184 m). Aurrez aurre, Badaiako mendisaila dauka, Baias ibaiak bien artean zabaldutako hobi ikusgarriak berezirik. Mendi sail hori kare harrizko osagaien gainean antolatuta da, gehienez ere mila metroko garaiera hartzen duena (Oteros 1.031 m); nagusi dira bertan karst erako morfologiak. Badaiako mendi sailak Baias eta Zadorra ibaien arteko uren banalerroa egiten du.
Azkenik, Gaubeako lau mendilerroak daude, WNW-ESE norabidekoak baita ere; garaiera handiagoko gailurrak dira hemen: Kueto, 1.345 m, eta Mota, 1.319 m, Artzenako mendilerroan, Lahoz-Nograro ardatz antiklinalean. Inguru hauek edertasun paregabekoak dira, eta horren kariaz Balderejo gune natural izendatu da.
Ezaugarri geomorfologikoen eraginpean dago eskualde honetako landaredia. Arabako erliebearen disimetria sakonaren arabera, landaredia bi sailetan banatzen da: ospelean,baso pinua (Pinus sylvestris) dator lerroz lerro eta behetik gora, eta garaiera hartu orduko pagadiak (Fagus sylvatica) kentzen dio lekua; egutera, berriz, txapartegiek betetzen dute, ingurugiroaren ezaugarriak horretarako aproposenak baitira. Klimaren nolakoa ere eragin handikoa da zona honen itxura definitzeko, urtean batez besteko tenperatura 11 °C ingurukoa eta euria 800 mm ingurukoa baitira; dena dela, klimak gorabehera handi samarrak izan ditzake ezaugarri topografikoen arabera.
Eskualde honek 1991n 3.836 biztanle zituen, 1900ean baino %66 gutxiago alegia, orduan 11.352 biztanle baitzituen. Bederatzi udaletatik (Aramiñon, Beranturi, Koartango, Lantaron, Erribera Goitia, Erribera Beitia, Gesaltza, Gaubea eta Zanbrana) azken hamarraldian Koartangok, Gesaltzak eta Zanbranak bakarrik izan dute biztanleria hazkunderen bat. Bizigiroari dagokionez, herri txikiak dira nagusi, ez baitago mila biztanlez gorako udalik. Bestalde, eskualde honek izan du Araba osoan herri hustutzerik handiena. Biztanleriaren murriztea oso argi ikus daiteke dentsitate datuotan: mendearen hasieran kilometro koadroko 17,7 biztanle ziren, eta 1991 n 5,9 dira.
Jarduera ekonomikoa nekazaritzaren alorrean dago gehienbat; laboreak, azukretarako erremolatxa (Miranda de Ebroko lantegietara doana), patata eta zuhainak dira batez ere lantzen direnak. Abeltzaintzan ardiak, behiak eta zerriak egiten dira, batez ere Gaubean, Koartangon eta Lantaronen. Bestalde, industria jarduerak indar apala du, batez ere eskualdeko hegoaldean, eta horregatik agian zona horrek bizitasun handixegoa dauka. Azpimarratu beharra dago Gesaltzako diapiroan aspaldidanik egiten den gatza, nahiz gaur egun langintza hori atzeratu samarra egon.
Komunikabide gehienak haranetan barna doaz: Zadorrako haranean, N-1 errepidea eta Madrildik Irunerainoko trenbidea; Baiaseko haranean, A-68 errepidea eta Mirandatik Bilborainoko trenbidea; eta Omecilloko haranean, A-2625 errepidea. Horiez gainera, eskualde eta herri mailako errepide anitz dira herri guztiak elkar lotzeko. Eskualdeko mendebala da komunikabide eskasenekoa.

 

Arabako Mendialdea

Eskualde honek 487 km 2 -ko lur eremua hartzen du, topografia malkartsu eta zailekoa, inguru honetan : Inglares ibaiko sorlekua; Egako ur goiena ; Izkizeko mendiak ; Laminoria, Kanpezu, Harana eta Arraiako haranak; eta Entziako partzuergoa.
Iparrean, Entziako mendisaila eta Iturrietako mendiak ditu; ekian, Trebiño; mendebalean, Lokizeko mendisaila; eta hegoan, Kantauri eta Kodesko mendilerroak.
Entziako mendilerroak eta Iturrietako mendiek Lautada alde batetik, eta Maeztu eta Haranako lurrak bestetik bereizten dituzte. Egituraren aldetik, Trebiñoraino luzatzen den Urbasako sinklinorio handiaren jarraipen dira, eta iparretik datorren eraginari oztopo bioklimatikoa jartzen diote; horren ondorioz, iparraldeko mendi hegalek eramolde kantauriarra duten bezala, hegoaldekoak askoz ere mediterraneoarragoak dira. Gailurrik garaienak mila metroz gorakoak dira: Lazkueta 1.124 m, Atxuri 1.106 m eta Santa Elena 1.115 m. Lautada eta hegoaldeko lur garaien arteko lotura egiteko, mendi arteko iraganbideak erabiltzen dira, Andoin, Bikuña eta Opakuakoa besteak beste; horietan dira Arabako garaierarik handieneko herriak (Iturrieta, Erroitegi eta Erroeta).
Kantauri eta Kodesko mendilerroa jarraitasun handikoa da, beti ere E-W norabidean, eta 1.300 m-z gorako gailurrak ditu: Cruz del Castillo 1.458 m, Peña del León 1.394 m, Joar 1.414 m; Arabako hirugarren oztopo bioklimatikoa da.
Mendi tarte hauetan haran eta ibai arroak daude; horien artean Maeztuko harana, diapiro egitura eta morfologia zirkularrekoa, eta Haranakoa dira garrantzizkoenak. Haran horietatik abiatzen dira Kanpezuko sakanarainoko korridoreak, Izkizeko basoa, eta Bernedotik Urizaharrerainoko korridorea Kantauri mendi saileko oinean.
Oztopo geografiko honek baditu, noski, bere iraganbideak: Kodesekoa eta Ebro ibaiak Conchas de Haron duen irtenbidea dira nagusia. Iraganbide horien bitartez giro ozeanikoa eta mediterraneoarra hegoalderantz sartzen dira, zona hauen ezaugarri klimatiko eta biogeografikoak aldatzeraino; eragin horren lekuko da Kanpezu, besteak beste.
Eskualde honetako klima iraganbidekoa dela esan daiteke, ozeanikoaren eta mediterraneoarraren erdibidekoa. Euriak oso gorabehera handikoak dira leku batzuetatik besteetara: mendia hurbilago, euria ugariago. Dena dela, urtean batez besteko euria 700 eta 1.500 mm bitartean dago. Tenperaturak urtean batez beste 1 l°C-koak dira.
Ekialdean, sinklinalaren hegoko alderdiko eranskin gailen txikien gainean, topografia malkartsuko mendi sail eta haran definituak ageri dira (Harana, Antoñana); lurralde horietan, egiturazko antolamendua konplexuagoa da eta ezaugarri klimatikoak ñabardura handiagoz aztertu behar dira: aldameneko zenbait eskualdetan baino euri gehiago egiten du (Trebiñoko arroa kasu), garaiera handiagoan baitago.
Landaredia ugaria eta anitza da, eta lekuan lekuko ezaugarri topografikoei oso lotua dago: iparrera begira dauden hegaletan, pagoa (Fagus sylvatica) eta haritza (Quercus robur) dira nagusi; hegora begira daudenetan, artea eta sahatsa. Alderdi hauetan erkametzak ere (Quercus pyrenaica) aipatu behar dira; adibidez, Izkizeko mendietan lur eremu handi samarra hartzen du erkametzak, eta horren kariaz gune naturala izendatu dute.
Hegoaldeko mendilerroen ospeletan, hezetasun ugariaren eraginez, pagadiak ageri dira ostera, erkametzak baino garaiera handiagoko lekuetan. Aitzitik, egutera molde mediterraneoarrekoa da, leku garaienetan ezpeleta eta artadia (Quercus ilex rotundifolia) nagusi baitira, eta beherenetan abaritza (Quercus coccifera) eta erromeroa.
Demografiaren bilakaera biztanleria galtze izugarriak markatu du, XX. mendearen hasieratik gaurdaino: 1990ean 8.042 biztanle zituelarik, 1991ean 3.197 besterik ez ziren; murrizketa, beraz, %60koa da ia. Dentsitatean asko nabarmendu da, noski: mende hasieran kilometro koadroko 16,5 biztanleak gaur egun 6,6 besterik ez dira. Biztanleria galtzea 1960 eta 1975 bitartean gertatu zen batez ere, hamabost urte horietan biztanleriaren %35 galdu baitzen orotara, Gasteiz, Laudio eta Amurrio ber garaietan hazi ziren hein berean.
Eskualdeak sei udal hartzen ditu: Arraia- Maeztu, Bernedo, Kanpezu, Lagran, Urizaharra eta Haranean. Guztiotan, Kanpezuk bakarrik gainditzen ditu mila biztanleak, eta herrigune guztien %80 ehun biztanlez beherakoak dira.Nekazaritza garatzea ez da erraz halako topografia malkartsuan; basogintza eta abeltzaintza nagusitzen dira, ondorioz. Abeltzaintza Arraia- Maeztu, Bernedo, Kanpezu eta Urizaharren biltzen da, eta batez ere ardiak, zerriak eta behiak hazten dira. Industriak ez du ia batere garrantzirik, Maeztuko asfaltoen aspaldiko ustiapena alde batera utzirik.
Mendateetan barna abiatzen dira errepideak, Lautadarekin lotzeko (Azazeta, Opakua edo Ulibarri) nahiz Errioxarekin elkartzeko (Bernedo eta Herrera). Errepide autonomikoek (A-126 eta A-132) nahiz eskualdekoek (A-2124 eta A-2128) edo herrietakoek osatzen dute errepide sarea.

 

Arabako Errioxa

Lur eremuz 316 km 2-koa izanik, bi zatitan banatzen du eskualde hau Peciñako barrendegiak: mendebalean Bastidako herria gelditzen da, eta gainerakoa ekialdean. Iparrean Kantauri mendilerroa du mugakide, eta hegoaldean Ebro ibaiak bereizten du Errioxatik.
Izadiaren aldetik nahiz biztanleen aldetik nortasun bereziko eskualdea dela esan daiteke. Ebroko sakanaren barruan dago, hirugarren aroan inguruko mendiek garaiera hartu zutenean pixkanaka sakonduz ibaiak utzitako hondakinez osatua. Hasieran itsas hondakinak zituen oinarrian, baina horien gainean hondakin kontinentalak ezarri ziren, batez ere tuparriak eta hareharriak. Bertan ikus daitezkeen muino bakanak higadura diferentzialak sortuak dira; askotan, horien gainean jaso ziren herriak. Bestalde, garrantzi handikoak dira ezpondak eta Ebro ibaiak eskualde honetan egiten dituen bihurgune ugariek sortutako zapalguneak.
Klimaren aldetik begiratuta, Arabako alderdi meditarraniarra da eskualde hau: urteko batez besteko tenperatura 12,5-13°C-koa da eta euriak ez du 500 mm-ko maila gainditzen; udaberria eta udazkena dira euritsuenak.
Landaredia mendi hegaletara mugatu du giza jardueraren eraginak; artea eta abaritza dira nagusi leku horietan, baina beheko lurrak Meditarraneo aldeko ohiko artadiak (Quercus ilex rotundifolia) betetzen ditu, txapartegiz tartekaturik. Hezetasunak eta lurrak hartarako aukerarik ematen duen leku bakanetan, erkametza aleak (Quercus faginea) ere ageri dira. Bestalde, Ebro ibaiaren eta haren adar nagusien (Mayor ibaia eta Labraza erreka) ubideari lotutako landaredia nabarmendu behar da; horietan haltzak eta lizar sendoak ugari dira oraindik.
Baita ere, aipamen berezia egin behar zaie eskualde honetan diren bi aintzirei, Euskadiko Autonomia Erkidegoko bakanetakoak baitira: Carralogroño eta Carravalsecakoak dira. Halaber, aipatzekoa da Labrazako pinudia, pinu bihurriz Euskadiko Autonomia Erkidegoan osatutako bakarra.
Hamabost udal hartzen du bere barne eskualde honek: Baños edo Mainueta, Kripan, Eltziego, Bilar, Bastida, Lantziego, La Puebla de Labarka, Leza, Moreta, Nabaridas, Samaniego, Uriona, Ekora, Biasteri eta Oion. 1991n guztira 9.391 biztanle ziren, mende hasierako 14.129 biztanleen aldean;%33,5eko murrizpena gertatu da, beraz. Mendean zehar eskualdeko biztanleriak gorabehera handi samarrak izan ditu, baina Arabako Kantaurialdearekin batera azken hamarraldian bilakaera positiboa izan du, nahiz oso apala izan: 1981-ean 9.347 biztanle zituen, eta 9.391 biztanle ditu gaur egun. Dena dela, hazkunde txiki hori herri guztietan gertatu da, herririk nagusietan izan ezik: Biasterik, Oionek eta Bastidak ez dute hazkunderik izan, ezta Moretak ere. Biztanleriaren banaketa Arabako beste eskualdeetan baino bilduagoa da, baina hala ere ez dago hiru mila biztanlez gorako herririk eskualde honetan.
Jarduera ekonomikoetan nekazaritzak eta, batez ere, ardotarako mahatsak du garrantzirik handiena. Mahastiak Toloño eta Kantauri mendilerroetako hego hegaletan daude, Ebroko haranean, eta 10.000 ha inguru hartzen dituzte sail txikietan banatuak. Kalitate handiko ardoa egiten da; izan ere, alde batetik lurrak buztin eta kare harriz osatuak daude, eta bestetik eguzkia nahiz euria ugariak dira. Jakina, ingurugiroaren faktore horiei bertako biztanleek ardogintzan duten trebetasun eta arreta erantsi behar zaie. Bi mahats mota erabiltzen dira batez ere: ardo beltza egitekoa (garnacha, tempranillo, mazuelo, graciana), eta ardo zuria egitekoa (viura, malvasía, garnacha, cagazal, jaen). Ustialeku propioa duten nekazari gehientsuenek etxean egiten dute ardoa, bakarka nahiz kooperatibetan bildurik, eta bodegen bitartez merkaturatzen dute. Abeltzaintza oso bigarren mailako jarduera da.
Industria Oionen inguruan biltzen da, Logroñotik gertu dagoenez, industria jarduera apala garatzea lortu baitzuen; askoz ere atzerago daude Biasteri eta Bastida. Bestalde, eskualde honetako leku askotan turismoa asko garatzen ari da azken urteotan, bai udako sasoian, bai asteburuetan ere.
Biztanleriak dentsitate apala izanik, nekazaritzaren garapenak eta langabezia oso kopuru txikikoa izateak asko lagundu diote eskualde honi Euskadiko Autonomia Erkidegoko batez besteko errenta maila baino askoz goragokoa izaten. Ondorioz, epe laburrean garapen ekonomikoa apala izan badaiteke ere, epe luzeagoan bilakaera ezin hobea har dezake.
Komunikabideak Gasteiz eta Logroño elkartzen dituen A-124 errepide ardatzaren inguruan antolatzen dira; horrez gain, Herrera eta Bernedoko mendateetan barna doazen errepideek lotzen dute eskualde hau iparraldeko lurrekin.

 

Trebiño

Lur eremuz 221 km 2-koa izanik, Burgoseko probintziaren administraziopean dago konderri hau, nahiz alde guztietarik Arabako lurrez inguratua egon: iparrean, Lautada; ekialdean, hegoaldean eta mendebalean, Arabako Haranak eta Mendialdea. Arrazoi historikoak daude Burgosen mende egoteko, agian bertako konde Manriketarren interesen poderioz. Trebiño XIII. mendean Arabako lurren barne zegoela frogatua dago dokumentu anitzetan. Hala ere, XV. mendean Arabako Hermandadea sortu zenean, Trebiño ez zen bertan sartu.
Egitura aldetik sakana da, Miranda-Trebiño ardatz sinklinalari dagokion arroa, hirugarren aroko materialen gainean osatua: tuparriak, kare harriak, hareharriak eta konglomeratuak Sinklinalaren iparreko alderdian, Gasteizeko Mendiek egiten diote itxitura arroari. Guztira 60 km inguru ditu luze, eta 20 km zabal, 500 eta 600 m bitarteko garaieraz; Inglares eta Ayuda ibaiek zeharkatzen dute.
Hegoaldetik, E-W norabide orokorreko Kantauri mendilerroak mugatzen du Trebiñoko arroa, mendebal aldera Toloñoko mendilerrora eta ekialdera Kodeseko mendilerrora luzatzen dena. Konplexutasun tektoniko handikoa da, antiklinorio zamalkatua baita. oso hautsia eta Ebroko sakanera isurtzen dena; aro kretazikoko kare harriak dira nagusi. Gailurrik garaienak 1.400 m ingurukoak dituenez, Arabako lurraldeko hirugarren oztopo bioklimatikoa osatzen du. Hegoaldeko isuraldean ezaugarri mediterraneoarrak dira nagusi; iparraldeko isuraldean, berriz, eragin ozeanikoa oso indartsua da.
Ezaugarri bioklimatikoak tartekoak dira, baina eragin ozeaniko eta mediterraneoarrak nahasirik badaude ere, azken horiek nagusitzen direla esan daiteke. Landaredian erkametza (Quercus faginea) da nagusi, eta leku ospeletan berriz pagoa (Fagus sylvatica), halaber, garrantzizkoa dira ameztiak (Quercus pyrenaica), batez ere hareatzetan.
Eskualde hau bi udalek osatzen dute: Trebiño eta La Puebla de Arganzon. Gasteizen eraginpean bizi dira biak, eta mende hasieratik gaurdaino, biztanleria galtzeaz gainea, zahartu egin direla esan daiteke. Herrigune txikiak dira nagusi: 50 biztanlez beherakoak dira %70.
Jarduera ekonomikoa nagusiak nekazaritza (garia, erremolatxa eta oloa lantzen dira) eta abeltzaintza dira (ardia eta zerria, batez ere); ustialeku ertainak dira eta ondo mekanizatuak daude. Industria jarduerarik ia batere ez dago.