Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia»Itsasoa

Euskal Herri inguruko itsasoaren geografia


Euskal Herriko kostaldea Bizkaiko Golkoaren hego-mendebaldeko muturrean dago, Frantzia eta Espainia arteko mugara biltzen den gezi puntaren gisara sartzen delarik lurrean. Itsas hondoaren erliebea gorabehera handikoa du; hegoaldeko partea (Kantaurikoa), itsasertzetik hurbil ezponda kontinentala duena, oso malkortsua da, iparraldekoa, berriz, (Armor-akitaniarra), ordoki zabalekoa.
Bizkaiko Golkoaren ezaugarri adierazgarriena Cap Bretoneko itsasarte abisiarra da, Kantauriko itsasertzaren parean Frantziako kostaldetik gora izena ematen dion ezaugarri geografiko horretara iristen dena. Hobi hori da -itsasertzetik hurbil dagoelako, ziur asko- mundu osoan lehenengo aurkitu den itsas hondoko sakonunea.
Euskal Herriko itsasertzeko itsasoko ura sistema bakar gisa aztertzeko (sistema horretan sakoneko ura ere sarturik, Cap Bretoneko sakonunea hurbil baitu) elkarren artean lotura estua duten hiru elementu hartu behar dira kontuan: itsasoko uraren osagarri kimikoak, eragile fisikoak, energia sortzen duten elementuak, alegia, eta azkenik biotipoa, itsas fauna eta flora..

Bizkaiko Golkoko itsasaldeak interakzio sistema konplexu bat eratzen du. Baditu sarrera batzuk ere, eta horien artean argia da biologiaren ikuspegirik garrantzitsuena, (1) ur gaineko geruzetan fitoplanktona (6) osatzen duten alga mikroskopikoen produkzioa eta itsasertz aldeko itsas hondo harritsuak estaltzen dituzten alga handien produkzioa bultzatzen baitu. (7) . Badira, ordea, eskema harretan jasotzen ez diren bestelako fenomenoak: haizea (itsasertzeko korronteen eragilea), itsasaldiak (garrantzi handiko zeregina duena itsasertza -eta batez ere estuarioak- berritzen) eta Ozeanoko korronteak, Bizkaiko Golkoko urak berotzen dituen GulfStream korrontea, adibidez .
Ekaitzen (3) energia ere garrantzizkoa da, urak nahastu eta hondoko elikagaiak urgainera ateratzen baititu. Lur barnetik (4) ibaiek dakarten lurrak ozeanoa ongarritzen du eta behar dituzten gaiak hornitzen dizkie landareei (nitrogenoa Eta fosforoa batez ere). Baina itsasora doazen elementu guztiek ez dira onuragarriak izaten; izan ere, hiri hondakinek eremu handiak betetzen dituzte jalkin anoxikoz eta industria hondakin (2) arriskutsuak katea trofikoetara biltzen dira.
Fitoplanktonaren (6) oinarrizko produkzioak zooplanktona (7) osatzen duten animalia txikiak elikatzen ditu; animalia horiek, berriz, arrain (9) txikiak elikatzen dituzte, eta arrain txikiek, arrain handiagoak. (10).
Bentoaren katea trofikoa konplexuagoa da eta urgaipetik hondora jaisten den matera organikoarekin hasten da (16); hondakinez (fecal pellets) eta organismo txiki hilez osaturik dago. Elikagai hori dute bizibide ornogabe txiki (11) eta handi-txikian erdi batzuek (12), eta ornogabe horiek arrain demersalen elikagai dira (arrain horiek urgainera igo eta espezie pelagikoekin (9) ere elikatzen dira). Azkenik, hondakinek eta organismo hilek mikroorganismo suntsitzaileak hartzen dituzte eta mineralizazioa eta oinarrizko osagaiak sortzen ; nitrogenoa eta fosforoa askatzen dute batez ere, organismo autotrofoek berriro hartzen dute nitrogeno eta fosforo hori eta horrela osatzen dute zikloa. Eredu horretan, goiko algek ez dute garrantzi handirik, arrainek ez baitute algarik jaten, baina ornogabe eta arrain bentoneko askoren babesleku izaten dira.
Gizakiak ustiatzen ditu eredu horretan agertzen diren mailak, arrain pelagikoak batez ere (10 eta 9), bai eta demersalak (13), ornogabe batzuk (12) eta alga bentoneko batzuk (7) ere.

 

Osagai kimikoak

 

Gazitasuna

Gazitasuna da “Karbonato eta gai organiko guztia oxidatu eta bromuroa eta ioduroak kloruro bilakatzen direnean itsasoko ur kilo bakoitzak duen materia organikoa, gramotan adierazia."
Itsasoko uraren gazitasunaren batez bestekoa %o35 da (35 gramo kiloko) eta %o33tik %o37 bitartekoa izaten da. Atlantiko ozeanoan, esaterako, muturreko balioak Brasileko kostaldeko %o37 (Hego latitudeko 15 eta 20° artean) eta Iparburuko %o20-32bitartekoak dira. Mediterraneoaren gisako itsaso itxietan (%o39) edo Suezko Ubidean (%o4l) gazitasun balio horiek garaiagoak dira; leku jakin batzuetan oso txikiak izan daitezke ordea; Baltikon eta Botniako Golkoan, esaterako, %o2a baino ez da.
Udan eta neguan, itsaso zabala osorik harturik, ur azaleko gazitasunak izan ditzakeen gorabehera horien arteko aldea nabarmena ez bada ere, kostaldean alde handia egoten da, ibaiek dakarten ur gezaren eraginez. Bizkaiko Golkoko urak ere gazitasun handiagoa du hegoaldeko ur gainean (%o35,7) iparrekoan baino (35,5), eta bi ur mota bereiz daitezke, itsasertzekoa eta hegoaldekoa.
Bizkaiko Golkoaren kanpoaldean eta barnealdean dagoen gazitasun maila mendebaldetik "mihi baten" antzera eta mila metroko sakoneran datorren Mediterraneo itsasoko uraren ondorio da; barnealdera sartzen den neurrian ur hori bertako urarekin nahasten da eta barreiatu egiten da. Mediterraneo itsasoko ur korronte horren lodiera gutxitu egiten da, Galizia aurrean dituen 400 metrotik Bizkaiko Golkoaren barnealdean dituen 250 metrora.
Gazitasuna asko jaisten da kostaldean, itsasoko ura ibaietako urarekin nahasten baita; Euskal Herriko itsasertzean, adibidez, gazitasuna %o31,5tik %o34,5 bitartekoa da udaberrian, eta %o35,5koa, berriz, udazkenean, ur gaineko nahasketak eta gazitasunak goi maila iristen dutenean.
Itsasarteek tratamendu desberdina behar izaten dute, etengabeko gradienteen mendean baitira urte sasoiaren eta itsasgora zein itsasbeheraren arabera. Euskal Herriko estuario tipiko batean, tarte aski txikian, (10 kilometrorik behera) itsasoratze puntuko %o35etik barnealdeko %olera jaitsi daiteke gazitasuna. Itsasbeheran ere azaleko gazitasunak nabarmen egiten du behera (%o30erikgora).
Gazitasunaren gorabehera handi horiek bertako fauna eta flora mota baldintzatzen dute, aldaketa handi horietara egokitu beharrean baitira (eurihalinak, esaterako); bestelako espezie asko (estenohalinak), ordea, ezin dira itsasarte horietara egokitu eta ezin dute kolonia iraunkorrik sortu.

 

Oxigenoa

Bizkaiko Golkoko urak 1000 metroko sakoneran du oxigeno kontzentrazio txikiena; sakonera horretatik gora eta behera kontzentrazioa 5 ml/1 ingurukoa da.
Gipuzkoako kostaldean, kontzentrazio maila handienak udaberri aldera eta ur gainean ageri dira; eta leku jakin batzuetan oxigeno konzentrazioa 7 ml/1 ingurukoa izatera iris daiteke. Sakonago, ordea, gazitasun maila horiek txikiagoak izaten dira.

 

Elikagaiak

Landareek hazteko behar dituzten gatz mineralak dira elikagaiak. Itsasoko elementu batzuk (fosforoa eta nitrogenoa batez ere) oinarrizko sorkarien mugatzaile dira (fitoplanktonaren produkzioa), sorkari horiek, bestalde, itsas sare trofikoaren oinarri dira. Azken batean, ur azalean zenbat eta gatz elikagarri gehiago edo gutxiago, ur mota bakoitzaren produkzio maila ere handiago edo txikiago, fotosintesia ur azalean bakarrik izaten da eta.

 

Fosfatoak

Euskal Herriko itsasertzeko uraren fosfato kopurua aldakorra izaten da, urte sasoiaren araberakoa. Udan izaten da fosfato gutxien eta neguan fosfato gehien. Udan ez dago fosfatorik ur gainean, baina zenbat eta hondoago, ur azaletik 50 metro beherago, hainbat eta fosfato gehiago egoten da. Sakonera horretatik behera fosfato kontzentrazioak balio konstanteak izaten ditu.
Neguan, berriz, fosfato kontzentrazio maila berdina izaten dute ur azalak eta itsas hondoak, eguraldi zakarrak azaleko eta sakoneko ur geruzak nahasten baititu. Ur gaineko fosfato maila handiena neguan izaten da (otsailean), udaberrian hala ere maila hori igo egiten da itsasertzetik hurbil dauden uretan.

 

Nitratoak

Fosfatoetaz esandako gauza beretsua esan daiteke nitratoetaz. Izan ere, udan ur azaleko nitrato maila oso txikia da, ia hutsa, eta neguan, azaleko eta hondoko urak nahastu ondoren, berdindu egiten dira ur azaleko eta ur sakoneko nitrato mailak, fosfatoekin gertatzen zen bezala.
Udan, nitratoak sakoneko ur geruzetan biltzen dira kostaldean, itsas hondoa 100 metrotik beherakoa den lekuetan. Hain sakonak ez diren eremuetan (50 metro) ur gainak bi nitrato maila izaten ditu, bata neguan -fosfatoekin gertatzen zen bezala-, eguraldi zakarrak termolzina hautsi eta ur zutabeak berdintzen dituenean; eta bestea udaberrian, (fosfatoekin bezala) sasoi horretan lurretik datorren ibaietako uraren eraginez, ur horrek ordea itsasertzetik zenbat eta gehiago urrundu hainbat eta eragin gutxiago du.

 

Nitritoak eta silikatoak

Nitritoen eta silikatoen jokaera konplexuagoa da, urte sasoien zikloak betetzen ez dituzten gorabehera batzuen ondorioz. Hala ere, egin diren azterketetan ikusi denez, fosfatoek eta nitratoek antzeko jokaera izaten dute. Nolanahi ere, nitritoen gorabeherak lehenagokoak dira, nitratoak murrizten dituzten bakterien lanak eta zooplanktoneko animaliek sortzen duten amoniakoaren oxidazioak sortzen baititu nitritoak.

 

Elikagaien maila sakoneraren arabera

Elikagaien maila eta elikagaiek Euskal Herriko itsasertzean duten presentzia oso berezia da. Hala bada, neguan, udazkeneko ekaitzen ondoren, ur geruzak ondo nahasturik daudenean, elikagaiak kopuru maila beretsuan ageri dira itsasertzean, azaletik hondora. Udaberrian, eguzki orduak gehitzearekin batera, fitoplanktona osatuko duten alga mikroskopikoak hazten dira azaleko geruzetan, urte sasoi horretan ugaria baita ibaietako urek itsasertzera dakarten gatz elikagarrien kopurua. Fitoplanktonaren molekuletan (diatomeatan eta dinoflagelatuetan batez ere) biltzen den nitrogenoa eta fosforoa aurrena zooplanktona osatzen duten animalia txikiek bereganatzen dute eta gero arrainek (antxoa, sardina...), animalia txiki horiek janez. Zooplanktonaren nahiz arrainen hondakinen bidez ("fecal pellets"), edo izaki bizidun horiek hiltzean, fosforoa eta nitrogenoa - molekula organikoei loturik- hondora jaisten dira eta bakterien lanaren eraginez askatu eta azalera itzultzen dira berriro. Udan, ur geruzak mailatan bereizita daudenean eta azaleko eta sakoneko ura nahastu gabe daudenean, gatz elikagarri guztia hondoan egoten da eta, argitasunik ez dagoenez, ezin daiteke fotosintesi prozesurik izan. Beraz, gatz elikagarririk ezean, azaleko urak eguzki gehien hartzen duenean produkzio gaitasuna txikiagoa izaten da.Udazkeneko ekaitzek sakoneko eta azaleko urak nahasten ditu berriro, hondoko gatz elikagarriak ur azalera igotzen dira eta fitoplanktonak fotosintesi prozesuan erabil ditzake. Horrelakoa izaten da urteko zikloa.

 

Faktore fisikoak

 

Argitasuna

Askoz korapilatsuagoa da argia itsasoko uretan zenbateraino sartzen den aztertzea, ez baita elementu optiko garbia. Uretan urtutako osagai kimikoek edo uretako materia organiko edo mineralaren kopuruak eragin handia dute argia gehiago edo gutxiago sar dadin. Itsas gainak ere badu zerikusirik, ez baita, olatuak direla medio, laua izaten eta etengabe aldatzen baitu argiak itsas azalean duen intzidentzia maila.
Zenbat eta sakonago, uhin-longitudeak (koloreak) hainbat eta txikiago; hala, lehenengo 10 zentimetroetan irrada ultramoreak (210 eta 296 nanometro arteko uhin longitudeak) %50 desagertzen dira. Hamabost metrora, irrada gorrien ehuneko bata baino ez da geratzen, laurogei metrora, berriz, irrada berdeen ehuneko bata eta, 130 metrora, irrada urdinen ehuneko bata. Sakonera horretatik behera eguzki argirik ez dela esan daiteke (badira, ordea, bestelako argi iturriak, kimio eta bioluminiszentzia, esaterako).
Uhin longitudeen (koloreen) sarkortasun maila hori izan daiteke makrofitobentoen banaketaren arrazoia (itsasertzeko harkaitzetan bizi diren alga zelulanitzak dira makrofitobentoak). Izan ere, alga berde eta urdinak marea artearen goiko aldean egoten dira; alga arreek marea arteko eremurik gehientsuena hartzen dute, eta gorriek, berriz, azpialdekoa. "Koloreen egokitzapenaren" teoriaren arabera, alga talde bakoitza bere kolorearen osagarri litzatekeen argi motaren inguruan legoke, horrela bere sistema fotosintetizatzaileak hobeto erabili ahal izango baititu iristen zaizkion argi uhin longitudeak.
Beste hipotesi batek, gaur egun zabalduenak hain zuzen, dio alga mota desberdinen arteko banaketa batimetrikoa argitasunak berak baldintzatzen duela, eta ez bere osagai kualitatiboek. Hala, hipotesi horren arabera, alga gorriak dira, ustez, kromatismoaren aldetik hobekien egokitzen direnak, ozeanoko ur garbietan izan ezik, edozein sakoneran eta edozein ur motatan egin baitezakete fotosintesia.
Hala ere, alde kuantitatiboek (argitasuna) eta alde kualitatiboek (argi motak eta uhin longitudeak) elkarrekiko duten loturak arazoak sortzen ditu alga moten banaketa horren arrazoiak behar bezala interpretatzerakoan, ez baitago garbi algen banaketa zerk baldintzatzen duen, argitasunak edo argi motak; alegia, zenbat eta sakonago, hainbat eta argi gutxiago, argi espektroa aldatu egiten baita.
Oro har, hiru zati edo geruza bereizten dira argitasunaren arabera:
- Geruza fotikoa edo argi askoduna: ur azaletik berrogeita hamar metroraino iristen da eta han ez da fotosintesiarako arazorik izaten. (Neurri hori, uraren garbitasunaren araberakoa baita, izan daiteke handiagoa edo txikiagoa leku elkarrengandik hurbiletan, eta orobat leku berean eta urte sasoi desberdinetan ere).
- Geruza oligofotikoa: Berrogeita hamar metrotik bostehun metrora bitarteko zatia da. Geruz horretan landare autotrofoek bizirik iraun dezakete, fotosintesia nekez egin ahal izanagatik.
- Geruza afotikoa: Bostehun metrotik behera iluntasuna erabatekoa da, kimio edo bioluminiszentzia fenomenoek bakarrik ematen dute argitasun apur bat.
Bada era erraz bat uretan sartzen den argitasuna nola galtzen den neurtzeko: neurri estandarreko disko zuri bat (30 zentimetroko diametroa duena) uretan sartu eta bistatik zer sakoneran galtzen den neurtzea. Disko horri "Secchi-ren diskoa" deritza.
Gure itsasertzean, kostaldeko lerrotik kilometro erdira, Secchiren diskoa udan berehala galtzen da bistatik (6,3 metrora); udaberrian, berriz, askoz sakonago (14 m.)> eta udazkenean eta neguan batez besteko sakonera mailan, 11,3 eta 9,8 metrora. Kilometro t'erdira, berriz, disko hori askoz sakonago galtzen da bistatik: udan 9,3 metrora, udaberrian 15,2ra, udazkenean l4,8ra eta neguan 11,3 metrora.
Itsas zabalean, kostaldetik 6 kilometrora, Secchiren diskoak udazkenean egiten ditu sakoneran metro gehien, 23 metro, eta udan metro gutxien, 10,6; neguan, berriz, 15 metroko sakoneran galtzen da bistatik eta udaberrian, 15,7 metrora.
Lurretik datozen partikula aloktonoek eta inguruak egiten dituzte itsasertzaren ondoko ur horiek uherrago (sakoneran metro gutxiago egiten ditu diskoak). Udan urak zikinago daude, ez baitira nahasten sakoneko ur garbiekin, eta gardentasuna galtzen dute, goiko ur geruzetan geratzen direlako ibaiek garraiatzen dituzten zatiki guztiak. Datu horiek garrantzitsuak dira, garbi azaltzen dutelako gure itsasertzeko argitasun urri horri dela sakoneko oinarrizko produkzioa mugatzen duen eragile nagusia.
Secchiren diskoa bistatik galtzen den mailari konpentsaziozko sakonera (d) esaten zaio; fotosintesia egiteko gauza diren landareen oinarrizko produkziorik gabeko sakonera, alegia (sakonera horretan fotosintesia eta arnasketa maila berean daude, esan nahi baita, landareen beren arnas kontsumoa fotosintesiaren produkzioaren parekoa dela). d = 2,5 x D formula aplikatuz gero (non d = konpentsaziozko sakonera baita eta D = Secchiren diskoa bistatik galtzen den sakonera), ikusten dugu itsasertzetik 600 metrora konpentsaziozko sakonera 26 metrokoa dela batez beste (udan du sakonera txikiena, 15,8 metro, eta udaberrian handiena, 35 metro); itsasertzetik 1,6 kilometrora, 32 metrora du konpentsaziozko sakonera eta itsas zabalean, kostaldetik 6,4 kilometrora, konpentsazioko sakonera ur azaletik bataz beste 40 metro beherago dago; udazkenean izaten du sakonerarik handiena, 58 metro.
Itsasertzeko sakonera maila horiek garbi erakusten dute 20 metroko sakoneran ez dagoela fitobentorik Euskal Herriko kostaldearen inguruan. Fitobentorik ezak itsas hondoan nagusi den espeziearen produkzioa mugatzen du: Gelidium sesquipedale alga gorriarena, alegia. Alga hori oso interesgarria da merkataritzaren aldetik (agar-agar deritzan produktua alga horretatik ateratzen da) eta multzo handitan ageri da Euskal Herriko itsasertzaren aurrean. Gure itsasertzeko isobata 25 metrora dago eta hori da hain zuzen landare makrobentonikoen produkzio muga, nahiz 50 metro baino sakonago tarteka baden kare algarik, itsasertzeko haitzei loturik; Gelidium sesquipedale alga gorri multzoak, berriz, 10-12 metroko sakoneran izaten dira.

 

Ur korronteak. Ur gaineko korronteak

Ozeanoetako ur masak arrazoi askogatik aldatzen dira lekuz, baina bi energia mota dira lekualdatze horren arrazoi nagusia: energia mekanikoa eta mekanikoa ez dena (kanpo eta barne indarrak). Energia mekanikoen artean haizea da eragile nagusia (aire masen berotze-hozteak sortzen du haizea, baina lurraren errotazioak ere badu eraginik haizean). Haizeak ur gainean jotzen duenean norabide berean egiten du indarra. Haizearen lastertasunaren eta korrontearen arteko lotura latitudearen senoarekiko alderantzizko proportzioak erabakitzen du; nolanahi ere, indar horren osagaiek lurraren errotazioaren ("Coriolis" efektua) eta kontinenteek egin dezaketen oztopoaren eragina dute.
Kasu hipotetiko batean, ozeanoetako ur korrontearen norabidea eguratseko haizearena litzateke; mendebaldetik ekialdera lihoakeen korronte hesi estu hori, "Ekuatoreko kontrakorrontea" esaten zaiona, 300 kilometrotik 500 kilometrora zabal izango litzateke eta orduko milia bat egingo luke. Lerro horren gainetik eta azpitik, 30° I eta H tartean, korronte horrek mendebaldera joko luke.
40 eta 50° artean korronte horrek ekialdera egingo luke berriro. 50°tik gora, ordea, lurburuen inguruan, ekialdeko haizeak sortzen dituen korronteak ageri dira.
Ur azaletik gertu dauden geruzetan ur korronteak norabidez alda dezake, "Ekman-en kiribila" deritzan efektuaren eraginez. Ur masa bat xafla multzo baten gisarakoa da; gaineko xafla mugitu egiten da haizearen indarrez eta azpikoa igurtzen du, beheko xafla hori motelago mugitzen da ordea eta ipar hemisferio aldera du norabidea, eskuin aldera zertxobait desbideratua, Coriolis izeneko indarraren eraginez.
Mekanikoak ez diren arrazoien edo barneko indarren artean tenperatura eta gazitasun aldaketak eta, honenbestez, itsasoko uren dentsitatea dira garrantzitsuenak. Izan ere, indar horiek ur masak mugiarazten dituzte eta ur arinenetatik ur astunenetara doan korrontea indartzen dute. Ur korronte mota hori sortzen duten barneko indarrei "termohalina" esaten zaie.
Kanpoko indarren (haizea) eta barnekoen (termohalina) garrantzia luzaroan izan da eztabaidagai ozeanografoen artean. Gaur egun onetsia den ozeanoen zirkulazio ereduak behe eta erdi latitudetan haizeari ematen dio garrantzi handiagoa, haize alisioen lastertasuna eta homogeneotasuna dela eta; goragoko latitudetan, berriz, handiagoa da dentsitatezko korronteen eragina.

 

Zirkulazio orokorra Bizkaiko Golkoan

Bizkaiko Golkoko ur gaineko korronteen mugimendua aztertzeko lehenengo saioak XIX. mende amaiera eta XX. mende hasiera aldera egin ziren. Azterketa horiek egiteko beirazko ontzitan mezu idatziak sartu eta uretara botatzen zituzten, itsas zabalera.
Horrela jakin ahal izan zuten hego-ekialde eta hego-mendebalde norabidea zutela itsasoko urek eta 8 miliatik 30 milia bitarte egiten zituztela egunean.
Uretara hasieran bota zituzten ontzi haiek ez zuten barnean zamarik, eta gehiago mugitzen ziren haizearen indarraz ur korrontearenaz baino. XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarraldian hondarrez betetako botilak itsasontzietatik behera botatzen hasi zirenean berri gehiago eta zehatzagoak jaso ahal izan zituzten Bizkaiko Golkoaren barne zirkulazio orokorrari buruz.
Neurketa sistema hori plastikozko txartelen bidez edo ur gaineko buien bidez egiten da gaur egun. Txartel edo buia horiek seinale bat igortzen dute, sateliteak seinale hori jasotzen du eta horri esker berehala jakin daiteke txartel edo buia horiek non dauden, zer lastertasuna duten...
Golkoko korronteak ("Gulf Stream") Atlantiko ozeanoa zeharkatzen du iparmendebalderako norabidean; korrontearen adar nagusiak Europako iparralderako norabidea badu ere, beste adar batek itzulerako bidea hartzen du, Britainiar Uharteen hegoaldera, HE norabidean lehendabizi eta HMan gero. Bizkaiko Golkoa inguratzen du, bada, erlojuaren orratzen atzera. Bizkaiko Golkoaren zirkulazio orokorra Golkoko ("Gulf Stream") korrontearen mende dago beraz. Indar gutxiko ur korrontea da hori, iparraldetik, Irlandako plataforma kontinentaletik, sartzen den ura handik bi urtera iritsiko baita Galiziako kostaldera, segunduko zentimetro bateko lastertasunaz.
Gradiente horizontal txikiak eta homogeneotasuna dira, oro har, Bizkaiko Golkoaren ezaugarri nagusiak; berdinak ditu, alegia, termoklina nagusiaren eta Mediterraneo itsasoko uren eragina duen eremuaren goiko muga mugatzen duten 600 metroen artean dagoen egitura bertikala, itsas gaineko ur korrontearen bizitasunik ezaren eraginez.

 

Itsasaldiak eta itsasbazterreko korronteak

Ikusi dugu nola, ozeanoko zirkulazio orokor Golkoko korrontearen eragina duen horretaz gainera, itsasaldiek korronteak sortzen dituzten Euskal Herriko itsasertzaren aurrean, bai indar handikoak sortu ere leku batzuetan. Gure itsasertzean, beraz, bi zirkulazio mota desberdin daude. Lehenak, negukoak, M-E norabidea du Kantauriko kostaldean eta H-I norabidea Frantziako itsasertzean. Korronte hori homogeneoa da, udazken amaieran edo neguan dago indartsuen eta milia bateko lastertasuna du haize nagusien eraginez.
Bigarren zirkulazio eredua uztailaren erdialdetik urriaren amaiera artekoa da; korronte hori aldakorra da eta itsasertzaren parean Mendebalderako norabidea hartzen du haize nagusien indarrez.

 

Itsas sakoneko korronteak

 

Sakoneko uren zirkulazio orokorra

Gauza ziurra da ozeanoko sakoneko ur geruzetan badirela segunduko 10-20 zentimetroko lastertasuna duten korronteak, azaleko korronteez gainera. Lurreko bi puntutan, Ipar Atlantikoaren mendebaldean eta Antartida inguruan, gaineko ura hondora joaten omen da; leku horietan sakoneko ura oso hotza izaten da beraz (izozte puntu ingurukoa). Tropikoetan ere antzeko zerbait gertatzen omen da; gaineko ura hondora jaisten da eta hondoko ur hori oso oxijenatua izaten da.
Behe latitudeetan ere, lurburuen inguruan, badira sakoneko korronteak; beheragoko latitudeetara egiten dute korronte horiek sakongune orekatu batera iritsi arte.
Ur horiek ez dira lurburuetakoak bezain trinkoak izaten eta ur azalerantz egiteko joera izaten dute kontinenteen beheko mugaren parean.
Aipagarria da orobat Atlantiko ozeanoan barrena sartzen den Mediterraneoko ur korrontea, urtean 3 km 3 egiten baititu, eta eragin nabarmena baitu Bizkaiko Golkoan. Korronte horren sakonera Gibraltarreko itsasarteko hondoaren topografiak baldintzatzen du bidaiaren lehenengo aldian, eta Atlantiko ozeanoko uraren trinkotasunaren araberakoa izango da gero. Korronte hori zenbat eta iparralderago joan, hainbat eta gehiago igotzen da ur azalera eta galtzen ditu bere ezaugarriak.
Mediterraneotik datorren ur gazi eta etengabe horrek Ozeano Barea baino gaziago egiten du Atlantiko ozeanoa. Atlantiko ozeanoko uraren gazitasun maila duela sei milioi urte inguru jaitsi zen, Mediterraneo itsasoa itxita geratu zenean. Horren eraginez goi latitudeetako urek ezin izan zuten hondora joan eta sakoneko uren zirkulazio eredua oztopatua gelditu zen mundu osoan. Baina Pliozeno aroaren hasieran Gibraltarreko itsasartea zabaldu izanak berriz ekarri zuen sakoneko geruzetako ur zirkulazioa. Badirudi, beraz, Mediterraneo itsasoko uraren mende daudela Atlantiko ozeanoko ur korronte termohalinoen egonkortasuna eta eraketa bera.

 

Itsas sakoneko ur korronteen eragina Bizkaiko Golkoan

Frantziako ikerlari batzuek egin berri dituzten azterketen arabera, homogeneotasuna dute ezaugarri nagusi Bizkaiko Golkoko urek azaletik 500 metroraino; Gibraltarreko itsasartea segunduko 2,5 metroko lastertasunez igarotzen duen Mediterraneo itsasoko ur adar batek 500 metroko sakonera horretan du muga. Ur korronte hori adarretan banatzen da; horietako adar bat, Coriolis indarren eraginez, Cadizko Golkoaren ertzetik Portugaleko itsasertzean gora, 1300 eta 1545 metroko mugaren inguruan, "saltoka" sartzen da Bizkaiko Golkoan eta bolumen aldakorreko multzotan biltzen da aurrerago desagertzeko. Nolanahi ere, Bizkaiko korronte horren lastertasuna orduko 18 metrora jaisten da Golkoan sartzen denerako.
Bizkaiko Golkoaren parera iristen den Mediterraneo itsasoko uren batez bestekoa %70a da (gazitasuna > %o35,9 eta oxigeno kontzentrazioa < 4,2 ml/1); Feroe uharteetara iristen den Mediterraneo itsasoko uren batez bestekoa aldiz %10a baino ez da (gazitasuna > %o35,l eta [02] > 5,4 ml/1). Lodiera ere maila berean gutxitzen zaio Bizkaiko Golkoan sartzerakoan, 400 metro izaten baititu, eta 250 metro baino ez barne aldera.
Korronte adar, bolumen aldakorreko guneez osatu eta maiz sakabanatu horren egitura Mediterraneo itsasoko ur isuriarena bezain zurrunbilotsua da.
Oro har, ordoki kontinentaletik hurbileko ura nahiko egonkorra da eta 12°Ctik beherako ur hotzeko poltsak izaten ditu urte osoan zehar. Poltsa horiek Frantziako itsasertzeko ordokiaren parean daude; hango faunak iparreko ezaugarriak ditu eta Bizkaiko Golkoaren hego-mendebaldeko mutur epelagoan dagoen faunaren oso bestelakoa da. Bada, ordea, ur hotzeko beste korronte bat, iparretik sakonaldean barrena datorrena eta Norvegiatik hegoaldera desbideratzen dena; korronte hori Bizkaiko Golkotik urrun samar gelditzen da eta ez du eragin handirik.

 

Ekaitzak

Kantabriar ekialdeak tropikoko eta lurburuetako aire masek eratzen duten fronteraren eragina izaten du. "Poloetako Frontea" esaten zaion hori latitude batetik bestera igo eta jaitsi ibiltzen da urtean zehar, hegoaldera egiten du neguan eta iparraldera udan.
Hala bada, poloko aire masa udazken neguan jaitsi eta udaberri-udan igotzen denean Bizkaiko Golkoko itsasertzak tropikoez kanpoko zikloi eta fronte polar horren eragina jasan behar izaten du. Ipar Atlantikoko goi presio horiek kantauriar isurialdearen pareko norabidea dute, baina Mediterraneo itsasoaren mendebaldean egoten diren behe presioko inguruek irentsi egiten dituzte Euskal Herria eta Akitania gurutzatu ondoren; eta, hala, Ipar haizea zenak IM edo M aldeko norabidea hartzen du behe presioko gunera inguratzean.
Kantauri aldean jotzen duten haizeen artean, tropikoez kanpoko goi presioen eragina dutenak dira indartsuenak eta gehien irauten dutenak; haize horiek, "fetch" deritzan fenomenoarekin batera, olatuak sortzen dituzte eta itsasertzeko korronteak indartzen, arestian aipatu dugun bezala.
Olatuaren erdigunea Ipar Atlantikoan dagoenean -Groenlandiatik hegoaldera, hau da, 4.000 kilometrora- 9 metrotik gorako olatuak iristen dira gure itsasertzera 18segunduko maiztasunez. Horrela sortzen da "itsas sakona" deritzan fenomenoa, eragina sakonera jakin batera bitarteko ur masatan izaten duena, izenak berak adierazten duenez. Ekaitz horiek haize bareko egunetan ere ager daitezke, urrun sortuak direnez.
Mota horietako ekaitzek eragin handia dute itsasertzeko erliebean eta luzaroan iraun dezakete. Urak metro karratuko egin dezakeen presioa edo indarra hogeita hamar tonara irits daiteke eta harri handiak ere mugi ditzake. Donibane Lohitzunen, esaterako, ekaitz latz batek 40 tonako harri eta zemento masa jaso eta hondartzako parapetoaren gainera bota zuen. "Itsas sakoneko" ekaitz horiek udazken aldera eta negu aldera sortzen dira gehienbat eta azaleko eta sakoneko ur geruzen nahasketa eragiten dute.
"Enbata" beste denborale edo ekaitz mota bat da; toki jakineko haize horiek ezustean itsaskirria sortzen dute, baina, "itsas sakoneko" ekaitzen oso bestela, azaleko ur geruzetan bakarrik du eragina.
Enbata horiek ez dute hainbeste eraginik itsasertzeko higaduran, baina kezka handia sortzen dute arrantzaleengan, hondamen larriak egin baititzakete itsasertzean. 1878. urtean eta 1912ko abuztuan bi enbata izugarri izan ziren; 1912koan 170 arrantzale bermear ito ziren. Enbata mota horiek udako hilabeteetan izaten dira batez ere. Lur azala berotu egiten da, beroak gora eramaten du airea eta bizkor jaitsiarazten azaleko presioa. Itsasotik datorren aire masa fresko bat mugitu egiten da orduan, aire masa epelaren lekuan sartzen da eta enbata beldurgarriak sorrarazten ditu.
Uhinen garaiera adierazlea, Hs, itsasoa egoera jakin batean dagoenean uhinik garaienen heren baten batez bestekoa da. Bilboko Portuan eginiko neurketak, esaterako, ekuazio honi dagozkio: Y=468.0757X-4.5461 bere koerlazio koefizientea r=0,9647 da, uhin adierazlearen garaiera X da eta uhin horren maiztasunaren %-a, Y.
Kantauri itsasoaren ekialdean denboraleek 20 urteko epean eta urtez urte izan zituzten gorabeheren artean, handienakl961-62 eta 1952-53 urteetakoak dira, 9,64 eta 8,23 izan ziren hurrenez hurren Hs handienak, 14-16 metroko uhinak hain zuzen. Txikienak, berriz 1958-59 eta 1963-64koak dira, Hs handienak 3,96 eta 4,42 izan ziren. Aztertutako hogei urteko epe horretan batez besteko balioa 6,16 izan zen. Balio handien horiek, bestalde, ipar-mendebaldeko haizeen ondorio dira.

 

Itsasaldiak

Itsasaldiak eguzkiaren eta ilargiaren indar erakarlearen ondorio dira. Eguzkiak eta ilargiak beren grabitazio indarrak batzen dituztenean sortzen dira bitarte handienak (ekinozioko itsasaldi bizia) eta indar horiek elkarren kontrakoak direnean, berriz, itsasaldi hilak (solstiziokoak).
Atlantiko ozeanoko itsasaldiak egun erdikoak dira eta 12,42 orduko aldea dute bataren eta bestearen artean; egun bateko itsasbeheraren ordutik hurrengo egunekora 0,84 orduko aldea dago beraz, 50 minutu, alegia.
Beste inguru batzuetan ordea, itsasaldia izan daiteke egun osokoa, bi egunekoa, egunekoa edo egun erdikoa.
Itsaldiaren bitartea asko aldatzen da leku batetik bestera. Maila handienak Fundy Badian (Kanada) izaten dira, 15,4 metroko garaiera, alegia. Saint Maloko badiakoa (Frantzia) ezagunagoa da eta guk gertuago dugu, 12 metroko olatuak agertzen dira han. Mediterraneo itsasoan edo 20° I paraleloan, berriz, Afrikako kostalde atlantikoan, itsasaldia ez da ia nabari.
Donostiako itsasportuko mareografoaren bidez jaso diren datuen arabera, itsasaldi bizi bateko itsasbeheraren eta itsasgoraren arteko muturreko neurrien arteko aldea 4,4 metrokoa da; itsasaldi hilean, berriz, 1,2 metroko aldea dute.
Tenporek edo, oro har, eguratsaren presioan izaten diren aldaketa metereologikoek, haizeak, euriak... itsas mailan sortzen dituzten gorabeherak itsasaldi metereologiko deitu ohi dira; nolanahi ere, marea arteko eremu teoriko horretan egunetik egunera gauzak asko alda daitezke eta, uhinen eragina handia duten lekuetan, hain zuzen ere Euskal itsasertzean hain ugari direnetan.
Zurriolako (Donostia) hondartzan egin diren kalkulu teorikoek, adibidez, emaitzak hauek izan dituzte:
- Itsasaldi astronomiko handiena:+ 4.46 m.
- Itsasaldi metereologikoa: + 0,25 m.
- Eguratsaren presioa: + 0,4 m.
- Uhinaren leherketa: + 0,9 m.+ 6.01 m.
Hondartza berria zabaldu aurreko datuak dira horiek; gaur egun, itsasaldi bizietako itsasgoretan, ura Zurriolako pasealekuko behe solairuko lokaletan sartzen da.
Nolanahi ere, kontuan hartu behar da badia, itsasadar eta estuario barneetan itsasaldeek inguruko beste fenomeno batzuen eragina ere izaten dutela: erresonantzia, islatzea, igurtzia, etab.; eta fenomeno horiek orobat aldatzen dituztela itsasaldien bitartea eta itsasaldiaren beraren ezaugarriak.
Urek aldian aldiro gainezka egite horiek eragin handia izaten dute itsasaldiak izaten dituzten itsasertzeko hainbat eta hainbat tokitako floran eta faunan (geruzatan sailkaturik egoten dira eta).

 

Tenperatura

 

Hausnarketa orokorrak

Itsasoko uraren tenperatura garrantzi handiko elementua da organismoak banatu eta hazteko. Tenperatura aldaketa (lurrean ere berdin gertatzen da) gradiente horizontal baten (geografikoa) edo bertikal baten (batimetrikoa) bidez irudika daiteke. Lehenengo kasuan alde handiak izan daitezke inguru batekoaren eta bestekoaren artean, lurburuetako uraren, -2°C, eta Mexikoko Golkokoaren, 32-3 5°C, artean, esaterako. Nolanahi ere, latitude berean, longitudea ere kontutan hartu beharrekoa da. Izan ere, gauza jakina da, 40° eta 70° artean, Europako kostaldea Amerikakoa baino epelagoa dela, Golkoko ur lasterren (Gulf Stream) ondorioz.
Ozeanoaren zirkulazioa eragiten duen energia termikoa jasotzen du eguratsak eta haizearen energia zinetikoa ozeanoaren zirkulazio bilakatzen du gero. Alderantzizko fenomenoa, uraren berotasunak eguratsa ere berotzea, alegia, tropikoen inguruan eta erdiko eta goiko latitudeetan gertatzen da, ur korronte epela dagoen lekuetan (adibidez, Europako itsasertz atlantikoan izaten den beroaldia).
Inguru hauetara etorriz, oso garbi ikusten da tenperaturak Bizkaiko Golkoko hego-ekialdeko muturrean duen eragina, algek eta itsasertzeko animalia askok berezitasun biogeografiko nabarmenak dituzte eta.
Itsas gaineko urak eguzkiaren berotasuna jasotzen du. Berotasun horrek uraren trinkotasuna gutxitzen du, eta azpian duen ur hotzago eta trinkoagoak goian eusten dio ur epelagoari. Bi geruza horien arteko faseari, tenperatura nabarmen aldatzen den puntuari, "termoklina" deritza, eta sakoneran aldaketak izaten ditu leku batetik bestera eta eguraldiaren arabera, geruza fotikoan gertatzen zen bezala.
Oro har, termoklina iraunkorra izaten da behe latitudeetan eta erdikoetan, 500 eta 1000 metroko sakoneraren inguruan, baina erdiko latitudeetan (gure kasuan) urte sasoiaren arabera beste termoklina bat ere ageri da, 30 eta 50 metro bitartean.
Donostian 1950etik aurrera egin diren tenperatura neurketak kontuan hartuz gero, garbi ikusten da ur azaleko tenperaturen balioen gorabeherarik handienak (ezegonkortasuna)ekainetik urria bitartera izaten desagertzeak sortzen ditu gora behera horiek.
Otsaila-martxoan eta abuztuan, aitzitik, gorabehera termiko hori oso txikia da. Lehenengo kasuan, ekaitzek ura nahastu dutelako (egonkortasun dinamikoa) eta, bigarrenean, kontrako arrazoiengatik, azaleko geruzak erabat estratifikaturik daudelako (egonkortasun estatikoa).

 

Ur gaineko tenperaturak Bizkaiko Golkoan

Bizkaiko Golkoko itsas gaineko uraren tenperaturari buruzko lehenengo datuak Alemaniako itsasarmadak jaso zituen eta sekretu militar gisa gorde zituen Bigarren Mundu Gerra bukatu arte. Bizkaiko Golkoaren ipar-ekialdeko itsasertzeko komunitateek hegoalderako joera nabarmena zutela azaltzeko erabili ziren gerora datu horiek.
Izan ere, ur gaineko batez besteko tenperaturen mapan boltsa termiko bat ageri da Golkoaren hondoan, batez besteko tenperatura 17°C duena; Galizian, aldiz, ez da 16°tik gora igotzen eta Britaniako itsasertzekoak ez dira 13°Cra iristen.
Itsas gaineko uraren tenperaturari buruzko lehenengo azterketak berrogeita hamarreko hamarraldian egin ziren. Gerora, uraren tenperaturak arrantza mota jakin batzuekin zerikusia zuela ikusirik, mota horretako azterketa gehiago egin ziren. Horrela jakin ahal izan da Iparreko hegaluzea (Thunus alalunga) 18,5 eta 19,5°C arteko tenperatura duten uretan ibiltzen dela.
Galizian eta Portugaleko iparraldean maiatzean hasi eta sardinak harrapatzen laguntzen duen fenomeno horren arrazoiak ondo aztertuta daude eta ezagunak dira gaur egun. Euskal Herriko itsasertzaren aurrean,berriz, oso bestelakoak dira kontuak, inguru horietan ur masak geruzatan banatu eta berotu egiten baitira.
Izan ere, Bizkaiko Golkoaren hego-ekialdeko muturrean ur masa beroxeago bat azaltzen da apirila aldera eta han egoten da maiatza osoa bitartean. Pixkanaka, Donostiatik Loira ibaia itsasoratzen den lekuraino zabaltzen da, eta ekaina aldera bazter haietan izaten da. Gero, uztailean, HM norabidea hartu eta tenperatura goren hori Ajo lurmuturrean biltzen da. Abuztuan eta irailean gune hori mugitu egiten da eta, urrirako, boltsa termiko hori apirilean eta maiatzean egon zen leku beretara itzultzen da. Abenduan, nukleo termiko hori erabat desagertzen da Bizkaiko Golkoaren HEn. Euskal Herriko itsasertzeko urte osoko batez bestekoak penintsulako ipar-mendebaldekoekin konparatzen baditugu, aise ikusten da Euskal Herriko itsasertzeko uren tenperatura penintsulako bazter haietakoa baino zertxobait beheragoa dela neguan; Galiziako tenperaturak, ordea, 17°ra baino ez dira iristen, penintsularen IMn tenperaturak udan izaten duen goraldiaren eraginez; Euskal Herriko itsasertzean, berriz, 20°C-tik gorakoa izaten da.

 

Euskal Herriko kostaldeko itsasoko uraren tenperaturaren bilakaera epe erdira

XIX. mendearen amaieratik 1955-60 bitartera (1940an bigarren mailako tenperatura goren bat ageri bada ere) tenperatura nabarmen igo da munduko itsasoetan. Bestalde, 1926 eta 1931 bitartean Ipar Atlantikoko azpitropikoa indartu egin zen, Ipar Atlantikoa berotu zuen eta kalte larriak ekarri zizkion garai hartako arrantzari. Baliteke aldi horiek era askotakoak izatea; 6 eta 7 urte bitarteko aldiek, adibidez, Golkoko korronteen eragina izan dezakete eta lurrekoko lurburuen errotazioak baldintzatuta egon daitezke; 11 urteko aldiak eguzkiaren orbanen aldaketaren eragina dute eta 19 urteko aldiak, azkenik, ilargiaren epe luzerako deklinazioarekin loturik egon daitezke.
Atlantiko ozeanoko hurbileko gorabehera termikoak eguzki orbanekin loturik egon daitezke eta Wolf indizea erabiliz neurtu daitezke: R=K(10.g+/), non / eguzkiaren azalean ikusten diren orbanak baitira, g, orban multzoak, eta K, behaketa sistemaren araberako koefiziente bat. Horren guztiaren emaitza 11 urteko aldia da.
Muga ditzagun emaitza horiek inguru jakin batera. Donostiako itsas gaineko uren tenperaturaren urteko batez besteko datuen arabera, badirudi urterik beroenak (1950; 1959-63; 1968-71; 1986-90) urte hotzekin (1952-56; 1963-67; 1972-80; 194-85) tartekatzen direla 10/11 urteko alditan.
Urteko batez besteko eta urte sasoietako (negua, udaberria, uda eta udazkena) tenperaturen arteko harremana zehazterakoan, tenperaturarik handienak udaberrikoak direla ikusten da, eta argi erakusten du orobat azaleko ura garaiz edo berandu berotzeak garrantzia handia duela, bi fenomeno elkartzen baitira: ekaitzik ezaren eta eguzkiaren ondorioz urak mailakatzea eta poloko frontea goiz erretiratzea.
Aldian aldiko aldakortasun horri esker dira zenbait arrantza leku emankor. Ikus dezagun, adibidez, aldakortasun horrek zer eragina duen antxoan (Engraulis encrasicolus), Kantauriko itsas bazterreko ontzidiarentzat merkataritza interes handia duen arrain pelagiko txiki horretan. Baldin konparatzen baditugu Bizkaiko Golkoan harrapatutako antxoa kopurua eta Kantauriko eta Frantziako kostaldeko itsasportuetakoa (hiru urteko batez besteko balioetan) bai eta itsas gaineko tenperaturaren urteko batez bestekoak, esan liteke bion arteko korrelazioa txikia dela (r=0,31). Baina itsasoko urek udaberrian duten tenperaturarekin korrelazio hori nabarmen igotzen da(0,68).
Korrelazio hori gehiago igotzen da udaberriko tenperaturen batez bestekoaren arabera.
Antxoaren arrantzak, beraz, bi eredu ditu, eta biek nahiko egokipen maila ona dute (r=0,89 eta r=0,86).
Nolanahi ere, oraindik ez dakigu udaberriko berotze goiztiarrak zertan dakarkion onura antxoari, baina izan liteke ugalketaren ondorio, larbek bizirik irauteko aukera gehiago dituztelako, alegia. Antxoek elikagai gehiago izateak ere izan dezake horretan eraginik, planktona jaten duten espezie gutxiago baitago sasoi horretan, bai eta tamaina handiagoko espezie harrapariek eragin gutxiago izateak ere.

 

Ondorio Biologikoak: Itsasertzeko biogeografia

 

Itsasertzeko biogeografia, arrazoiak:

Euskal Herriko itsasertzak ezaugarri biogeografiko bereziak ditu Bizkaiko Golkoaren hego-ekialdeko muturrean eta Europa atlantiarreko iparraldeko hainbat espezieren "gordeleku" bilakatu da.
Bestalde, hegoalderago joateko joera duten alga, ornogabe eta itsasertzeko arrainak maiz agertzen dira inguru horretan eta marea arteko guneak ere eratzen dituzte, Europako itsasertzean bakarrak. Nolanahi ere, arestian esan dugun horri sakoneko ur elikagaietan aberatsek itsas azalera igotzeko duten joera kontrajartzen zaio, eta nabarmenago uzten du orobat Kantauri itsasoko bi muturren arteko tenperaturen arteko aldea.
Bizkaiko Golkoko hego-ekialdeko itsas gaineko ur geruzak berotu egiten dira udan, uraren beraren dinamika ozeanografiko txikiaren eta Golkoaren egituratze geografikoaren eraginez. Triasiko aroan kontinentean sortu zen pitzadurak, Eozenoan izan zen "subdukzioak" eta geruza tektonikoekin zerikusia duten fenomeno batzuek egituratu zuten Bizkaiko Golkoa. Horregatik sartzen da gezi punta baten antzera kontinentean eta horregatik dira bere ezaugarriak aintzira inguruneetakoen antzekoak, itsaso itxi batek urteko sasoi jakin batzuetan izaten dituen ezaugarrien tankerakoak.
Alde handia egon daiteke itsas gaineko uraren tenperatura gorenen eta beherenen artean, tropikoetako l°Cetik Estatu Batuetako ipar-mendebaldeko kostaldeko 18°Cra, esaterako. Bizkaiko Golkoan alde hori 6°Ckoa da, baina Euskal Herriko itsasertzean 9°Cra iristen da. Eta Mediterraneoaren gisako itsaso itxi batean 10°Cko aldea egon daiteke tenperaturan.
Kontinentalizazioaren ezaugarri horiek nabarmenak dira Bizkaiko Golkoko itsasertzean dauden hainbat herriren grafiko aerodinamikotan.
Azken izotzaldiaren garaian Bizkaiko Golkoko itsas gainak zuen tenperaturak ere kontinentalizazio hori frogatzen du. Jalkin geruzetan aurkitu izan diren fitoplankton fosilduak aztertu ondoren atera dira datu horiek eta garbi erakusten dute duela 18.000 urte Euskal Herriko itsasertzeko tenperatura, 3-4°Ckoa zela neguan eta l-10°Ckoa udan.
Penintsularen ipar-mendebaldean, berriz, udako tenperatura l4-15°Ckoa zen, gaur egungoaren oso antzekoa. Hala bada, Bizkaiko Golkoaren barne aldean "kontinentalizazioaren" ondorioak alderantzizkoak izan ziren, hego-ekialdeko muturrean azaleko ura hoztu egiten baitzen udan klima kontinental hotzaren eraginez
Baina ozeanoaren eragina, izoztaldian bezala gaur egun, penintsulako ipar-mendebaldean da nabarmenagoa, kostaldeko eukaliptuetan duen eraginak erakusten duen bezala.

 

Kostaldeko komunitateen ezaugarri biogeografikoak

Alga arrea (fukazeo eta laminariazeoa) da nagusi Europako Atlantikoko marea arteko ingurune harkaiztsuan; aldapa handia denean mailatan banatzen da alga hori, maila bakoitza itsasaldiaren garaiari dagokiola, aldian aldiko ihartzearekiko erresistentziaren edo ur premiaren arabera.
Mailakatze hori olatuaren aurreko erresistentziaren arabera aldatzen da. Lehenengo alga maila, Pelvetia canaliculata, olatuek gehiegi jotzen ez duten lekuetan dago; bigarren maila ez da oso trinkoa eta Fucus spiralis algek osatzen dute; hirugarren mailan, zirripedoak eta lapak dauden sustratuan, Fucus vesiculosis alga motak daude. Handik behera Himanthalia elongata da espezierik inportanteena, Laurencia sp. espeziearekin nahasia dago eta horiek guztiek Fucus serratus inguru itxi bat eratzen dute. Azkenik, olatuen mende, espezie askotako laminariazeoak ageri dira, Alaria generokoak gehienbat eta olatuen ez hain mende, laminariak.
Leku babestuenetan F. vesiculosus eta H.elongata espeziea egoten dira Ascophillum nodosum espeziearen ordez, eta horien gainean Fucus spiralis motako algek inguru trinko bat eratzen dute.
Leku banatze horiek ez dira hain nabarmenak aldapa txikietan, baina pareta zuzenetan edo erdi bertikaletan oso garbi ikusten dira: ondo bereizten dira kolore edo tonu desberdineko geruzak, eta marra horizontala zuzena izaten da batzuetan, ia perfektoa.
Geruza bakoitzak espezie jakin bateko izaki multzo trinko bat du, goiko muga elementu fisiko-kimikoetan (lehortzea, tenperatura) eta behekoa faktore biologikoetan (konkurrentzia eta depredazioa) duena.
Hala bada, XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran Atlantiko ozeanoko itsasaldi arteko leku banaketa aztertu zutenean, elementu bitxi bat azaldu zen Euskal Herriko itsasertzeko biogeografian: Euskal Herriko ia kostalde osoa hartzen duen zati batean ez zegoen leku banaketa ereduak bereizten dituen alga arrerik.
Alga handi arreen espezieen muga biogeografikoak Kantauriko itsasertzetik mendebaldera eta Bizkaiko Golkoan gora, Frantziako kostaldean zehar, agertzen dira; muga horiek are urrunago daude Euskal Herriko itsasertzetik iparralderago agertzeko joera duten espezieetan.
Alde handia dago Euskal Herriko itsasertzeko leku banaketa ereduen eta Europako Atlantikoko gainerako inguruetakoen artean. Hondarribiak, adibidez, leku banaketa bitxia du: goialdean Lychina pygmaea liken edo auka; gero Fucus spiralis eta zirripedoak (Chthamallus spl.); Caulacanthus ustulatus I F. spiralis ondoren, eta, horren azpian, Cora- Uina sp. eta berriz ere C. ustulatus muskuiluekin elkartua (Mytilus edulis). Horien azpian inguru misto bat dago; Lithophillum incrustans da horko espezie nagusia, bai eta, horien parean eta zulo txikitan, itsas trikua ere (Paracentrotus lividus).
Beherago, kare algak, Mesophillum lichenoides eta Corallina sp. dira nagusi; eta inguru horiek biomasa gutxi badute ere, itsasaldien arteko inguru guztietan hori da aniztasun handiena duena (H'=2).
Eta itsasbazter azpian, azkenik, alga gorriak daude, Gelidiun sesquipedade. Bataz beste730 g./m2 biomasa du urtean (lehortu ondorengo pisua, hautsik gabea); gutxiena neguko hilabeteetan, 500 g., eta gehiena, udazkenean (lehenengo ekaitzen aurretik), 1.100 g.

 

Aldaketa eta aldi bioklimatikoak

Euskal Herriko itsasertzeko azterketa kuantitatiboak orain dela urte gutxi batzuk hasi ziren eta aldez aurreko datu kualitatiboak eta erreferentziak, oro har, aski urriak, sakabanatuak eta askotan nahasiak dira. Hori da, hain zuzen ere, gaurko eta lehengo datuak konparatzeko zailtasunik handiena, ezin baita jakin zer aldaketa izan dituzten itsasertzeko komunitateetako izaki biziek.
Aurreko atalean garbi geratu denez, Euskal Herriko itsasertzeko komunitateak nahiko berriak dira eta espezie gehienak orain dela urte gutxi itzuli ziren (18.000 urte baino lehen). Galiziako eta Portugaleko iparraldeko kostaldeko komunitateak dira, izan ere, azkenak, hango espezie askok bizirik iruan baitzuen azken izotzaldiaz geroztik.
Itsasertzeko ekosistemen gaztetasun horregatik dira ia monoespezifikoak bertako izaki komunitate batzuk (esaterako, Gelidium sesquipedale belazeak edo Chthamalus stellatus zirripedoak goi marea artean). Inguru horietan ez dago oraindik aniztasunean eta ugaritasunean bizi litekeen harraparirik. Euskal Herriko itsasertzean, adibidez, ez dago Chthamalus stellatus zirripedoaren harrapari naturalik (Nucella lapillus gasteropodoa), ez eta Atlantikoko kostaldeko inguru batzuetan dagoen ugaritasunik ere; izan ere, ez dago depredazioaren ondorioz hutsik geratutako zuloak (nitxo hutsaren efektua) erabiliko dituen bestelako espezierik (esaterako, Balanus balanoides). Gure itsasertzeko estuarioen inguruan espezie jatorriz australiar bat baino ez da bertakotu (Elminus modestus), baina inguru hotzagoetako (Galiziako itsasertzean) haitzetan ere ageri da.
Bestalde, itsasoko uraren tenperaturari buruzko datuak berri samarrak badira ere toki batzuetan, argi erakusten dute, aldian aldiko gorabeherak tarteko, 50eko hamarralditik hona ura udaberrian hoztu egiten dela (60ko hamarraldiko batez besteko 16,3°Ctik 70eko 15,2°C edota 80ko 15,29°Cra). Udaberriko tenperaturak (Euskal Herriko itsasertzean Europako Atlantikoko beste lekuetan baino handiagoa da) makrofitobento espeziearen eta ornogabeen eta hegoalderago dabiltzan arrain mota batzuen bilakaera geldiarazten du eta, beraz, muga biogeografikoak aldatzen ditu.
XX. mendeko lehenengo erdialdean Bizkaiko Golkoko urak berotu egin ziren pixkanaka-pixkanaka, eta berotze horrek hegoalderago ibiltzeko joera duten espezieak mendebaldera atzeratzea ekarri zuen. Esaterako, Himanthalia elongata alga San Vicente de la Barqueratik 125 km. aldendu eta Luarcara iritsi zen; beste espezie batzuen muga biogeografikoak askoz gehiago aldatu ziren, ordea, 300 km. ingururaino zenbait kasutan.
Baina mende honetako 50eko hamarralditik 80ko hamarraldira joera hori aldatu egin zen, iparralderago egoteko joera duten espezieak berriz nagusitu baitziren. Horren guztiaren erakusgarri da Sccorhiza polyschides alga arreak Euskal Herriko itsasertzean izan duen bilakaera. Espezie horrek aldaketa handiak izan ditu bere muga biogeografikoetan; XVIII. mendean Gineako Golkoan zegoen eta gaur egun askoz iparralderago dago, Rio de Oron.
Espezie hori mendearen hasieran nahiko arrunta izango zen Euskal Herriko itsasertzean, baina haren aztarna Bermeotik ekialdera galtzen da. Izan ere, espezie horrek garai batean Bermeon izan zuen muga biogeografikoa, nahiz batzuetan, urte "hotzetan", Ipar Euskal Herriko itsasertzean ere ageri.