Geografia»Geologia
Euskal Herriko geologia
Sarrera
Eskualde bateko geologiari buruz mintzatzerakoan estatikoa den zerbaiten gainean ari garela iruditzen zaigu askori. Aitzitik, izaki bizi baten biologiaz jarduterakoan ente dinamiko bati buruz ari garenik ez dugu zalantzan jartzen.
Gauzak, ordea, ez dira inondik ere horrela: Geologiak bezala Biologiak ere ente dinamikoen gain dihardute eta gertaeren denbora eskalak bereizten ditu bata eta bestea.
Horregatik, izaki bizien eboluziorako egun erabiltzen den eredu bera aplika diezaiokegu eskualde bateko geologiaren bilakaerari. Eredu horren arabera estasi edo lasaitasun garaietan aldaketak emeki-emeki gertatu zen: izaki bizien esparruan espeziazio filetikoa edo, bestela esanda, espezieen sorkuntza pixkanaka gertatu zen; arroken munduan higadura eta aktibitate tektoniko geldoa ziren nagusi. Estasi garai luze hauetan, ordea, aldaketa bortitzeko une laburragoak, aldaketa sakon eta oso azkarrak gertatzen ziren uneak alegia, tartekatu ziren. Gisa horretako uneetan espezie asko desagertzen ziren eta, jarraian, espezie sorkuntzako prozesu bortitzak gertatzen ziren garaiko biosferan. Geologiari dagokionez, berriz, une horietan gertaera orogeniko garrantzitsuak, itsas maila aldaketa azkarrak, erupzio bolkaniko handiak eta Lur kanpotik iristen ziren bolidoen talkak gertaera arruntak izaten ziren. Laburbilduz eta aipatutako ereduaren arabera, biosfera eta geosferaren historiaren gehiengoa estasi edo lasaitasun garaiek osatzen dute eta bapateko iraultza bortitz eta sakonek barealdi luze horiek noizik eta behin zipriztintzen dituzte.
Euskal Herriaren historia geologikoaren zati bat aztertze hutsarekin geologia zientzia dinamikoa deia frogatzen da. Denboran atzera egiten badugu, asko urrutira.u gabe, paisaia guztiz desberdina ikusiko dugu gaur Euskal Herria den eremuan. Duela 100 milioi urte egungo Euskal Herriaren eremu osoa itsaso sakon batek, golko modura, betetzen zuen.
Garai hartako klima epela zen oso, tropikala alegia, eta aipatutako itsaso horretan egungo Bahametako arrezifeen antzekoak arrunt zabalduta zeuden. Arrezife horiei dagozkien guneak gaurko Gorbeia, Aizkorri, Anboto eta beste hainbat mendiren guneetako berberak dira. Garai berorretan ere, itsaso horren iparraldean itsasoratzen ziren ibaien deltetan dinosauruak ibili ohi ziren, hala erakusten dute, behintzat, Armintzan aurkitutako oinatzen arrastoek.
Geroago, hots, duela 80 milioi urte, Aro Campaniarreko itsasoaren hegoaldean itsas musker erraldoiak, marrazoak eta tramanak ziren nagusi. Hala erakusten dute Gasteiz mendateko arroken arrastoek. Bost milioi urte beranduago, Aro hau bukatu aurretik, gaurko Trebiñoko Konderriari dagokion eremuan hegoaldetik zetorren ibai baten delta ederra zegoen eta bertan era guztietako lehorreko narrastiak bizi ziren. Bertako landaredi tropikalean eta paduretako lokatzetan era eta tamaina askotako dinosauruak, krokodiloak, dortokak, sugeak eta baita lehenengo ugaztunak ere, ibiltzen ziren. Zeruetan, berriz, pterosauru izeneko narrasti hegalari jiganteak ziren nagusi. Gainera, aipatu diren animalia horietako espezie batzuren arrastoak Euskal Herrian aurkitu dira lehenengo aldiz. Gerora, itsasoak lurralde horiek estali zituen eta deita desagertu egin zen. Orduan, marrazoek, mosasauru izeneko musker erraldoiek eta Ness lakuko munstroaren antza zuten plesiosauruek hartu zuten lehorreko dinosauruen eta ugaztunen lekua. Dinosauru haiek eta itsas narrasti gehienak Kretazeoaren bukaeran, duela 65 milioi urte alegia, desagertu ziren, hemengoak bezala mundu osokoak ere.
Geroztik itsasoak atzera egin zuen eta poliki- poliki, Pirinioen altxatzearekin, lehorraldea sortuz joan zen gaurko Euskal Herriari dagokion lurretan. Klima epela lagun zutela, krokodilo eta dortokek iraun egin zuten, egungo Nafarroa eta Arabari dagozkien lurretan zabalduta. Behe Miozenoan, ordea, ingurunea aldatu zen eta krokodilo haiek, azken krokodilo europarrak alegia, iraungi egin ziren.
Geroago, duela 15 milioi urte, mastodonteak nagusitu ziren egungo Nafarroako hegoaldeari dagozkion lurretan. Eremu hauetan sabana zabalduta zegoen eta egungo Afrikako erdialdeak duen itxura zuen. Garai epel hauen ostean glaziazioak iritsi ziren eta hauekin batera izotzak. Honek mendiak estali zituen eta gaur ezagutzen dugun paisaia taiutu ere. Izotzaldien garai hartan mamuta, kobazuloetako hartza eta klima hotzetako animaliak hedatu ziren. Glaziazio arteko une epeletan, aldiz, lehoia eta hienak, besteak beste, izan ziren hemengo basoetako biztanle.
Denbora geologikoaren taula
Lurralde bateko historia geologikoan gertakizun geologiko bati beste bat jarraiki ohi zaio eta horregatik geologia horri estratigrafikoa dela esaten zaio. Euskal Herriko arroketara bagatoz, arroka askok izaera sedimentarioa dutela, alegia, estratoz osatuta daudela ikusiko dugu. Beren deskribapenerako estratigrafia erabili beharko dugu eta horrek unitate estratigrafikoaren kontzeptuarekin topo egitera eramango gaitu berehala. Bada, kapitulu honetan zehar arrokak deskribatuko ditugunean Kretazeokoak, Paleozoikokoak edo gisako izendapenak erabiliko ditugu sarri. Izendatzeko era horrek, unitate estratigrafikoek alegia, arroka horiek denboran zehar bata bestearekiko nola kokatuta dauden jakinarazten digu.
Euskal Herriko taula kronostratigrafikoa oso gutxitan argitaratu izan da euskaraz.
Horri buruzko informazio zabala eskuratu nahi izanez gero, Elhuyar aldizkariaren 1995eko maiatzeko alera jotzea gomendatzen dugu. Kapitulu honetan zehar kronostratigrafiari buruz azalduko duguna aipatu artikulu horrek eskaintzen duen informazioan oinarritzen da: bertatik atera dira taula eta beronen erabilpenari buruzko oharrak.
Deiako taula hori Euskal Herriko Unibertsitateko talde euskaldun batek euskaratu eta egokitu du, gogor eta fin lan egin ondoren.
Aurretik euskaraz argitaratu eta erabili izan diren taulekin alderatuz gero berrikuntza galantak egiten ditu taula honek eta arrazoi horregatik bere edukinak sakonki azaltzea derrigorrezkotzat jo dugu, zeren kapitulu honetan, Euskal Herriko geologiaren gain jarduterakoan batipat, etengabe aipatuko baitira termino estratigrafikoak.Unitate kronostratigrafikoak eta geokronologikoak etengabe erabiltzen dira geologian, bai arroken adina adierazteko, bai beren kokagune estratigrafikoa azaltzeko. Bi kontzeptuok antzekoak diruditen arren ez dira berdinak eta, beraz, ondo bereizi egin behar dira. Unitate hauek finkatuta eta formalizatuta daude eta aipatutako bi tauletan, kronostratigrafikoan eta geokronologikoan alegia, bat egiten dute. Taula Kronostrarigrafikoak Lurra sortu zenetik (orain 4.560 milioi urte gutxi gorabehera) egundaino eratuz joan diren arrokak adinaren arabera ordenatuta azaltzen ditu, zaharrenak azpian eta berrienak gainean. Hortaz, taulak arroken adin erlatiboak adierazten ditu, bata bestea baino zaharragoa ala berriagoa den alegia. Gu ordena honi beroni jarraikiko gatzaizkio Euskal Herriko geologia azaltzerakoan.
Arroken adinaren araberako antolaketa hau XVII. mendeko Steno-ren "Gainjarpenaren printzipioan" oinarrituta dago. Honek ondokoa dio: "deformatu gabeko geruza serie batean azpiko geruza gainekoa baino zaharragoa da". Taulan adierazita dauden arrokak hainbat unitate kronostratigrafikotan banatuta daude. Paleozoikorik gaurdainoko unitateei dagozkien harriak edukin fosilek ematen elkarrekiko kokatuta dauden moduaren arabera sailkatu dira. Taulako unitateen arteko mugek izaki bizien inguruan gertatutako bapateko aldaketak adierazten dituzte, espezieen desagerpen eta agerpenak batez ere.1.Taulan erakusten dena Taula Kronostratigrafikoa da, unitate kronostratigrafikoak erreferentzia gisa hartu ohi direlako beste unitateei begira. Taula honek, ondoko ataletan erakutsi bezala, geokronologiko deituriko taularen antza handia dauka, izen banaka batzuetan baizik ez baitira elkarretarik bereizten.
Taula Estratigrafikoa zertan datzan edota Kronostratigrafia eta Geokronologia zer diren
Geologiak eskualde baten historia, Euskal Herriarena esaterako, ezagutzeko tresnak eskaintzen dizkigu. Historiaren denboraunitateak, batetik, eta arrokak elkarrekiko nola kokatuta dauden eta nola garatu diren, bestetik, erreminta baliotsuak dira geologia behar bezala ulertu ahal izateko. Kronostratigrafia eta geokronologia, biak Estratigrafiaren baitako disziplinak, lanabes bikainak dira eta elkarrekin erlazionaturik egon arren ongi bereizi beharreko bi kontzeptu arras desberdinak dira. Euskal Herriko geologiari buruz aritzerakoan unitate kronostratigrafikoak erabiltzen dira gehienetan. Hala izanik ere, unitate geokronologikoak ez dira alde batera uzten, hauek ere, eta kapitulu honetan zehar ikusiko dugun legez, oso beharrezko suertatzen baitira sarritan. Bada, bi kontzeptuok txit garrantzitsuak dira eta, gauzak hobeto uler daitezen ongi azaltzea eta bereiztea komeni da, zeren eta, kontzeptu desberdinak izanik, desberdinak baitira dagozkien unitateen izenak eta unitate horiek erabiltzeko moduak ere.Kronostratigrafiaren funtsa ez da denbora, erreferentzi modura erabiltzen diren garai zehatz batzuetako arrokak baizik. Alegia, arroka unitate edo unitate estratigrafikoak denboraren arabera elkarrekiko nola kokatuta dauden aztertzen du kronostratigrafiak.
Denbora bitarte berean zein arroka unitate eratu diren mugatzea du xede nagusia.
Unitate kronostratigrafikoak irizpide kronostratigrafikoen arabera bereizitako arroka unitateak direla jakinik, jarraian bezala defini daiteke unitate kronostratigrafikoa (Kode Estratigrafiko Ipar Amerikarra, 1983): "denbora bitarte berean eratutako arroka multzoa, arroka orotarako erreferentzi gisa aukeratu dena". Horren arabera unitate kronostratigrafiko bat denbora bitarte jakin batean eratutako arroka multzoa da eta denbora bitarte horretan eratutako arroka guztiak, eta horiek baino ez, hartzen ditu bere baitan. Unitatearen gainazal mugatzaile bakoitza adin berekoa izango da bere zabalera osoan, hots, sinkronikoa izango da.
Adibide gisa, hemen aurkezten den taulako unitateak unitate kronostratigrakoak dira (ikus l.Taula).Unitate geokronologikoak denboran oinarritutako unitateak dira eta unitate kronostratigrafikoen eraketa gertatu den denbora bitartearen bidez definitu izan dira tradizionalki (Kode Estratigrafiko Ipar Amerikarra, 1983). Ez da, hortaz, unitate estratigrafikoa, ez baita arroka multzoa.
Unitate kronostratigrafiko baten eraketa gertatu den denbora bitartea eta unitatearen mugak erreferentzi gisa erabili den unitate kronostratigrafikoaren berberak dira.
Geologiaren "Sistema Metrikoa": Unitate Kronostratigrafiko eta Geokronologikoak
Geologia denean hizpide unitate mota bat ala bestea erabili behar izaten da eta gaiaren magnitudea gaiaren mende egoten da.
Horregatik, unitate kronostratigrafikoak zein geokronologikoak maila hierarkikoetan antolatuta daude. Arestian esan bezala, unitate kronostratigrafikoak eta unitate geokronologikoak denbora iraupen eta mugen aldetik bat datoz eta, beraz, mailak parekoak dituzte nahiz eta kontzeptu desberdinak izan. Ondoren unitate kronostratigrafikoen mailak eta dagozkien unitate geokronologikoak adierazten dira, maila handienekotik txikienera sailkaturik:
U, Kronostratigrafikoak U. Geokronologikoak
Eontema Eon
Eratema Era
Sistema Periodo
Serie Epoka
Estaia Aro
Kronozona* Kron*
(*) Azken unitate hauek hierarkikoak ez diren arren neurri txikikoak, arras zehatzak alegia, dira eta gainera ohiki erabiliak.
Unitateen Izena eta Izana
Hierarkia eman ondoren unitateak azaldu beharra dago. Beraz, jarraian azaltzen dira maila desberdinei dagozkien unitateen euskarazko izenak. Unitate guztien izenak emango dira gutxi direnean eta gutxi batzuk baizik ez, unitateak asko direnean.Eontema eta Eon mailakoak: Muga bereko Eontemak eta Eonak izen bera daramate nahiz eta kontzeptu desberdinak izan (lehena arroka unitate bat da eta bigarrena denbora unitate bat). Lau dira Eontema (eta Eon) mailako unitateak: Priskoar, Arkear, Proterozoiko eta Fanerozoikoa.Eratema eta Era mailakoak: Muga bereko Eratema eta Erak berdin izendatzen dira.
Eratema (eta Era) mailako unitateak lau dira:— Proterozoikoa: Siniarra.— Fanerozoikoak: Paleozoiko, Mesozoiko eta Zenozoikoa.Sistema eta Periodo mailakoak Muga bereko Sistemak eta Periodoak izen berdina dute.— Siniarrak: Sturtiar eta Vendiarra.— Paleozoikoak: Kanbriar, Ordoviziar {Kanadiar, Dyfed eta Bala Subsistemak/Subperiodoak), Siluriar, Devoniar, Karbonifero (Mississippiar eta Pensylvaniar Subsistemak/Subperiodoak) eta Permiarra.— Mesozoikoak: Triasiko, Jurasiko eta Kretazeoa.— Zenozoikoak: Paleogeno, Neogeno eta Kuaternarioa.Serie eta Epoka mailakoak: Maila hauetako unitateen izenak bi motakoak izan daitezke:a) Izen propioa dutenak Unitate Kronostratigrafikoak eta Geokronologikoak berdin izendatzen dira. Bi kasu bereiz daitezke:- Siniar, Paleozoiko eta Mesozoikoak: Lokatiboak eta jentilizioak dira izen guztiak.
Adibideak: Tremadoc, Llandovery, Wenlock, Westphaliar, Tournaisiar, Kasimoviar eta Moscoviarra.— Zenozoikoak: Paleozeno, Eozeno, Oligozeno, Miozeno, Pliozeno, Pleistozeno eta Holozenoa dira.b) Izen propiorik ez dutenak: Unitate hauek modifikatzaileez izendatzen dira.
Hemen, unitate Kronostratigrafikoak Geokronologikoetatik bereizi egin behar dira, izen desberdina hartzen baitute.- Serieak: Erabiltzen diren modifikatzaileak „Behe", „Erdi", eta „Goi" dira. Adibideak: Behe Devoniar, Erdi Devoniar, eta Goi Devoniarra.— Epokak: Erabiltzen diren modifikatzaileak „Goiztiar", „Ertain" eta „Berantiar" dira. Adibideak: Devoniar Goiztiar, Devoniar Ertain, eta Devoniar Berantiarra.Estaia eta Aro mailakoak- Bi kasu daude:a) Izen propioa dutenak (unitate gehienak).
Muga bereko Estaiak eta Aroak izen bera dute. Denak jentilizioak dira. Adibideak: Scythiar, Albiar, Piacenziar, Actoniar, Calioviar, Campaniar eta Coniaciarra.b) Izen propiorik ez dutenak: Unitate hauek modifikatzaileez izendatzen dira. Hemen, Unitate Kronostratigrafikoak Geokronologikoetatik bereizi behar dira, izen desberdina hartzen baitute.
— Estaiak: Erabiltzen diren modifikatzaileak „Behe", „Erdi", eta „Goi" dira. Adibideak: Behe Llandeilo, Erdi Llandeilo, eta Goi Llandeiloa.
— Aroak: Erabiltzen diren modifikatzaileak „Goiztiar", „Ertain" eta „Berantiar" dira.Adibideak: Llandeilo Goiztiar, Llandeilo Ertain, eta Llandeilo Berantiarra.
Subestaia eta Subaro mailakoak: Nahiz eta taulan ez agertu, Estaia eta Aro mailako unitate asko formalak diren Subestaia eta Subaro mailako bi ala hiru unitatetan bananduta daude (ikus Harland, et al., 1990; Cowie eta Basset, 1989). Subestaia eta Subaro mailako unitate guztiak modifikatzailez izendatzen dira.
— Subestaiak: Erabiltzen diren modifikatzaileak „Behe", „Erdi", eta „Goi" dira. Adibideak: Behe Albiar, Erdi Albiar eta Goi Albiarra.
— Subaroak: Erabiltzen diren modifikatzaileak „Goiztiar", „Ertain" eta „Berantiar" dira. Adibideak: Albiar Goiztiar, Albiar Ertain eta Albiar Berantiarra.
Unitateen Erabilpenerako Arauak
Unitateen euskarazko izenak erabiltzeko orduan, beste hizkuntza anitzetan bezala, hainbat arau bete behar dira. Hizkuntza guztiek ez dituzte arau berdinak erabiltzen unitateen aipamena egiterakoan, nahiz eta, gehienetan, oso desberdinak ez izan. Guk jarraitutako arauak, neurri handi batean behintzat, ingelesarenak dira, zientzia mailan hizkuntz hau erabiliena baita. Hala, unitate Kronostratigrafikoei nola Geokronologikoei dagokienez erabilpenerako gorde beharreko arauak ondorengoak dira:
1) Unitate formal guztiak (taulan ageri direnak) letra larriz hasten dira. Adibideak: Erdi Jurasiko, Goi Kretazeo eta Pleistozeno Goiztiarra.
2) Unitate informal guztiak (taulan ageri ez direnak) eta adjektibo gisa erabiltzen diren unitate formalak, letra txikiz hasten dira. Adibideak: behe Paleozoiko, erdi Kretazeo, Aptiar ertain, arroka mesozoikoak eta fosil albiarrak.
3) Unitateen modifikatzaileak areagotzeko, modu honetan egingo da*:U. kronostratigrafikoa U. geokronologikoa Ingelesez Euskaraz Ingelesez Euskaraz lowermost beheren earliest goiztiarren uppermost goien latest berantiarren Adibideak: Permiar beheren, Permiar goien, Devoniar goiztiarren eta Devoniar berantiarrena.(*) Kontutan izan modifikatzaile areagotuak izen formalak ez izanagatik letra txikiz hasten direla.
4) Nondik noraino eta noiztik noiz arte bezalako bitarteak adierazteko marra (/) batez idazten dira. Adibideak: Goi Jurasiko/Behe Kretazeo, Triasiko Berantiar/Jurasiko ertain, eta Albiar goien/Erdi Cenomaniarra.
5) Unitateen izenen deklinazioa euskarak dituen arauak jarraituz egiten da. Oharra:Taulako izenak era deklinatuan azaltzen dira. Beraz, deklinatzerakoan kontutan izan behar da taulako izenen bukaerako -a (-ra) kasu-marka dela eta ez berezko -a organikoa.
Taularen Datu Geokronologiko, Magnetostratigrafiko eta Orogenikoak
Euskal Herriko Geologiaren hainbat gertaera ulertzeko Taula Kronostratigrafikoaren aldamenean (ikus 1. Taula) beste hiru zutabe ipini dira lagungarri direlakoan.
Hauek, datu geokronologiko eta magnetostratigrafikoek alegia, Taula Kronostratigrafikoa kalibratu egiten dute. Bertan orogeniei buruzko datuak ere adierazten dira.
Fosilen bidez ez dago adin absolutua jakiterik, hori mineral erradiaktiboen bidez baizik ez baitago ezagutzerik. Mineral hauen bidez lortutako adinak fosilen kokapen estratigrafikoarekin konparatzen dira, izaki hauek noiz bizi izan ziren jakiteko. Horregatik, kalibrazio geokronologikoa egiteko adin absolutuak, milioi unetan (M.U.) neurtuak, ezarri dira unitateen muga gehienetan.Magnetostratigrafiak plaka tektonikoen bilakaera eta portamoldeak argitzeko oso lagungarria izan daitekeen kronologia eredu bat ematen digu orobat. Taulan, asko zehazteko lekurik ez dagoenez gero, kalibrazio magnetostratigrafikoa egiteko polaritate magnetikoko (Pol. Mag.) unitate konpresibo handiak adierazi dira soilik. Hiru motako unitateak adierazi dira, polaritate magnetiko nagusiaren araberakoak. Batetik, beren polaritatea nagusiki gaur egungoa bezalakoa duten unitateak; bestetik, beren polaritatea nagusiki gaur egungoaren alderantzizkoa dutenak, eta, azkenik, beren polaritatea aipatu bi polaritateak (gaur egungoa eta honen alderantzizkoa) antzeko proportziotan nahasita dauzkaten unitateak.Euskal Herrian bi orogenia izan dira, aurrerago azalduko den bezala, tektonikaren arloan eragin gehien sortu dutenak. Mundu osoko aktibitate tektonikoa oro har ulertu ahal izateko garrantzitsua da orogenia hauek eta baita munduan gertatutako beste batzuk zein diren jakitea. Orogeniei buruzko informazioa, hain zuzen ere, ziklo edo fase orogenikoak denboraren arabera kokatuz azaltzen da. Ziklo orogenikoak letra beltzez eta fase orogenikoak letra arruntez adierazi dira 1. taulan.Azkenik, 1. taulan erabili diren koloreak estandarrak direla azpimarratu beharra dago. Mapa geologikoa begiratu bezain laster koloreek unitate estratigrafiko nagusien banakera eta izaerari buruzko berehalako irudia eskaintzearren erabili dira koloreok.
Euskal Herriko Historia geologikoa
Eskualde bateko geologia azaltzeko, eskualde horretako mapa geologikoa izaten da modurik egokiena. Horregatik, aurrera baino lehen, Euskal Herriko mapa geologikoari begiratuko diogu. Lehenengo gauza ohargarria maparen kolore aniztasuna da; kolore bakoitza kokaera estratigrafiko banari dagokio. Euskal Herriak aski eremu urria du berez; mapa honek lehen begiratutik bertatik erakusten du oso heterogeneoak direla, geologiari dagokionez, lurralde honetan azaleratzen diren arrokak. Areago, arroken adin erlatibo desberdinak kontuan hartuta, Euskal Herriak oso historia geologiko aberatsa duela, gertaera geologiko anitzeko historia duela frogatzen du arroken heterogeneotasun horrek.Historia geologikoan zehar Euskal Herrian izan diren gertaera geologikoek utzi dutenaren kartografia da Euskal Herriko mapa geologikoa. Ondorengo ataletan kartografia honi buruzko zehaztasunak azalduko ditugu. Paleozoikoarekin emango diogu azalpenari hasiera, ezen ordungoak baitira Euskal Herrian dauden arrokarik zaharrenak, Iparraldean kokatuta dagoen Urtzura mazizoko arrokak salbu, azken hauek Proterozoikokoak baitira ustez.Nahiz eta mapak zuzenean adierazi ez, bi izan dira Paleozoikotik hasita Euskal Herrian eragingarri suertatu diren orogeniak: Orogenia Hertziniarra eta Orogenia Alpetarra (Orogenia Alpetarraren fase Piriniarra Euskal Herrian). Lehenengoa Paleozoiko berantiarrean, Periodo Karboniferoan batez ere, gertatu zen eta bigarrena Mesozoiko-Zenozoikoan zehar, Eozeno/Oligozeno pasabidean batez ere, bakoitzaren ezaugarriak eta Euskal Herrian izan diren gertaera nagusiak aipatuko ditugu ondoren. Geologia ulertzeko orduan oso lagungarriak direlako, aktibitate tektonikoa eta ezaugarri paleontologikoak ere azalduko ditugu hemen. Bistan denez, disziplina askoren elkarlana behar da eskualde bateko geologia aztertzeko.
Era Paleozoikoa
Euskal Paleozoikoa ez da edonon azaleratzen.
Euskal Herriko Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko mugaldean, hots, Euskal Herriko iparrekialde kontinentalean, kokatuta dago gehiena (2. Ird.). Paleozoikoko azaleratzeak Euskal Herrian munta txikiagokoak dira Mesoziko eta Zenozoikokoak baino.Horrela, Aldudeetan topatzen ditugu Euskal Herriko arrokarik zaharrenak, paleozoikoaren hasierako arrokak alegia. Eduki paleontologikorik gabekoak dira, Kanbriar eta Ordoviziarreko kuartzitak oso metamorfizaturik baitaude haietan. Antza denez, Euskal Herriko fosil zaharrenak Periodo Siluriarrean dute jatorria. Garai hartan, sakontasun txikiko itsaso batek estaltzen zuen gure eskualdea. Egoera horrek Orogenia Hertziniarrak Karboniferoan gure arroa itxuraldatu arte iraun zuen antza. Gertaera orogeniko honen ondorioz mendikateak altxa ziren Iberiar Penintsulan eta aldaketa sakonak gertatu ziren (3. lrd.).Paleozoikoaren azkenaldiko arrokak ere ez dira edonon ageri Euskal Herrian; Bortziriko mazizoan eta Pirinioetan dira batez ere (Aiako Harrian, Aldudeetan,...). Devoniarreko arrokek itsasoan dute jatorria eta horregatik sasoi horretako arroken artean kararriak eta filitak dira nagusi. Devoniarrean sakontasun txikiko ur epeleko itsaso batek estaltzen zuen gure eskualdea. Ur horietan brakiopodoak bizi ziren, besteak beste. Karboniferoaren hasieran itsasoa oraindik nagusi zen arren, Orogenia Hertziniarraren ondorioz irlak eta lehorraldeak sortuz joan ziren. Lehorralde hauetan, garai horretako klima epel hezeari esker oparoa zen landaredia. Orduko basoetako hondakinak paduretan pilatu ziren mundu osoan zehar. Metatutako landare hil haiek ikatz mea handiak sortu zituzten gerora munduko leku askotan. Euskal Herrian, berriz, metaketa prozesuak txikiak izan ziren.
Haien lekuko, egungo Etxalar eta Larrun mendiaren inguruetan dauden ikatz meak ditugu. Permikoa iritsi zenean klima idortu egin zen eta ondorioz landaredia nabarmen gutxitu zen. Periodo honetan zehar Karboniferoan altxatutako irla eta lehorraldeak higatzen hasi ziren.Bai orogenia Hertziniarrak eta bai Alpetarrak Paleozoikoko material hauetan eragina izan zuten. Era horren azkenean, Periodo Karboniferoan zehar alegia, gertatutako fase tektoniko gogorren ondorioz Paleozoikoko arrokak, Serie Westfaliarrerainokoak, batez ere, presio apaleko eta tenperatura altuko metamorfismoa jasan zuten.Era Paleozoikoan zehar bolkanismo prozesuak ere izan ziren, hauetariko batzuk orogenia gertatu aurretik eta beste batzuk gertatu ondoren, Periodo Permiarrean hain zuzen. Prozesu horien ondorioz arroka bolkaniko ugari sortu zen nahiz eta gaur egun eskala txikiko azaleratzeak besterik ez osatu.
Paleozoikoaren bukaerako gertakizun nagusiena granodioritaz eta biotitaz batez ere osaturik dagoen Aiako Harriko multzo granitikoaren sartzea izan zen. Gertaera honekin batera mineralizazio prozesu handiak gertatu ziren bertan. Aurrerago aipatu bezala, orogenia honetako gertaerek interes handia izan dute, berauek baitira prozesu metalogenetiko askoren jatorria. Bada, Paleozoikoan garatu ziren Euskal Herriko arroken sustraiak, gure eskualdeko ekialde menditsuan azaleratzen diren horiek hain zuzen (2. lrd.).
Era Mesozoikoa
Mesozoikoa oso zabaldurik dago Euskal Herrian, bere lurralde horren goi erdialdean batez ere (4.1rd.). Nolabait esateko, Euskal Herriko ekuadorretik iparrerantz Mesozoikoa da nagusi eta ekuadorretik hegoalderantz Zenozoikoa da gehien azaleratzen dena. Esan bezala, Paleozoikoan Euskal Herriko geologiaren sustraiak finkatu ziren; Mesozoikoan, berriz, egitura nagusien eraikuntza gertatu zen eta Zenozoikoan estalkia ipini zen.Paleozoikotik Mesozoikorako iraganbidean errotik aldatu zen garai horretako biosferaren egitura: izan ere, Paleozoikoaren bukaeran fauna aldaketa itxuragabea gertatu zen, Permikoaren amaierako bi desagerpen aldiren ondorioz planeta osoko itsas espezieen %95 iraungi baitzen. Permikoa bukatu eta Triasikoaren hasieran, Orogenia Hertziniarra amaitu zenean, Euskal Herriko arroa erliebe gogorrez inguraturiko ordokia zen. Mendebaldetik Mazizo Asturiar eratu berriak mugatzen zuen,hegoaldetik Mazizo iberiarrak eta ekialdetik, berriz, Pirinioek. Beraz, Euskal Arroak Iparraldea baino ez zuen itsaso zabalari begira.
Bazterreko erliebeen higaduraren ondorioz arroa sedimentuz bete zen emeki-emeki.
Beraz, Paleozoikoko Orogenia Hertziniarra amaitu eta gero, Mesozikoan zehar, lurralde hauetan nagusitu zen giroa honelakoa zen: higadura prozesuak erliebeetan eta sedimentazio prozesuak erdialdeko lautadan. Horrekin batera itsasoaren lurbarneratze eta atzeratze nabarmenak, eta jarduera tektonikoak tarteka, gertatu ziren Triasikoa, Jurasikoa eta Kretazeoan zehar.
Bada, giroa guztiz monotonoa ez izateaz gainera itsasoaren lubarneratze/atzeratzeak etengabeak izan ziren. Honek guztiak aldaketa handiak eragin zituen arroan, sedimentazio prozesuak batzuetan lehorraldean eta beste batzuetan itsasoan gertatu zirelarik.
Arroken fazieak, hots, gordetzen dituzten ezaugarriak, sortu ziren garaiko giroaren adierazle apartak dira: gaurko Euskal Herrian azaleratzen diren Mesozoikoko arrokek garai hartako gertakizunak ederki islatzen dituzte. Atal honetan berriro ere ageri da nabarmen geologiak berezkoa duen izaera dinamikoa.
Periodo Triasikoa
Euskal Herriko paleogeografian, Triasikoa Permikoaren jarraian dator eta horregatik, Triasikoko azaleramendu gehienak Paleozoikokoei lotuta agertzen dira (1. lrd.).
Triasikoan zehar hemengo klima, Europako gainerako lurraldeetan bezala, erdi-idorra suertatu zen. Periodoaren hasieran gure arroan gertatutako sedimentazioa delta girokoa izan zen nagusiki eta inguruko erliebe altxatuetatik higatutako materialek pudinga eta konglomeratu gorriskak eratu zituzten.
Geroago, Keuperrean alegia, laku giroak gainartu zuen arroan eta klima erdi-idorraren menpean lurrinketa nagusitu zen.
Ondorioz eratutako buztinak, margak eta igeltsuak, gorriskak zein berdeskak, dira baldintza haien gaurko lekuko. Euskal Herriko zenbait lekutan igeltsu horietariko batzuk ustiatu izan dira.Triasiko Berantiarrean, eta distentsio-fase tektoniko bati loturik, bolkanismoa nagusitu zen arroan zehar. Bolkanismoaren ondorioz material basikoak, ofitak batipat, pilatu ziren han eta hemen. Ofitak oso ezagunak dira Euskal Herrian eta daukaten kolore berde iluna bereizgarri bezala erabiliz izendatu izan dira. Horrela, suge-harri edota harri musker esaten zaie gaur egun bideetan irristezingarri moduan erabiltzen direnei.
Triasikoko fazie hauek fosilizaziorako aproposak ez diren sedimentazio-baldintzak adierazten dituzte. Sasoi hartan higadura nagusi izanik fosilizaziorako aukera gutxi zegoen eta fosilik eratzen zenean ere higadurak desegiten zituen. Horregatik Euskal Herriko Triasikoko arroka gehienek ez dute fosilik gordetzen eta, ondorioz, Triasikoari buru daukagun informazio paleontologikoa oso eskasa da oraindik .
Paleozoiko hainbat arroka bezalatsu, Triasikoko materialak gutxi hedatuta daude Euskal Herrian. Izan ere, ekialdeko Bortziriko Mazizoan eta Aldudeetakoan zein Bidasoa, Oiartzun eta Urumea (Adarra Mendian, adibidez) aldean izan ezik gainerako lurraldeetan oso eskasak dira, era azken hauetako asko diapiro gisa azaleratzen dira. Diapiroa, dentsitate gutxiko material plastikoak goiko material astunagoetan zehar igarotzean sortzen den egitura antiklinala alegia, oso egitura geologiko ugaria da gure lurraldeetan. Bizkaian (Bakio, Larrauri, Urduña...), Gipuzkoan (Billabona, Zarautz...), Araban (Murgia...) eta baita Nafarroan ere (Arteta, Oilaran, Lizarra...) dauzkagu Euskal Herriko diapiroen adibide zenbait. Lehen esan bezala, Keuper garaian ezarri ziren materialek (buztinak, margak, igeltsuak, gatzarriak) oso dentsitate gutxikoak izanik nahiko modu errazean sortu dituzte gerora era honetako estruktura diapirikoak.
Diapiro gehienak intrusio gisakoak direnez gero, planta zirkularrekoak dira. Egitura hauen bidez dentsitate gutxiko arroka zaharrak azaleratzen dira eta maiz garrantzi geoekonomikoa izaten dute: Euskal Herriko diapiro batzuetan gatzagak ustiatzen dira oraindik ere. Nolanahi ere, gehienetan gatzarria era azaleratutako lehen arrokak higadurak desagertarazi ditu dagoeneko.
Periodo Jurasikoa
Jurasikoko azaleramenduak, Triasikokoen antzera, Paleozoikoko azaleramenduen inguruan gertatzen dira (1. eta 4. lrd.).
Periodo berri honen hasieratik bertatik hasten dira baldintzak aldatzen poliki-poliki.
Orain dela gutxi gorabehera 200 milioi urte itsas lurbarneratze orokor batek finkatu zuen Triasiko-Jurasiko trantsizioa. Une horretan, Europako zenbait leku baino ez zeuden ur gainean (Eskozia, Gales, Irlanda, Bretainia, Bohemia, Iberia,...) gainerakoa urpean egonik. Jurasikoa hasten denean, beraz, Euskal-Kantauriar Arroa urpean zegoen, sedimentazioa itsas girokoa izan zelarik ondorioz. Gisa honetako baldintzak Lias eta Dogger Epoketan zehar nagusitu ziren, baina Doggerraren azkenaldian itsasoak atzera egin zuen nahiz eta zenbait lekutan, Aralar eta Gernikan, kasu, atzeratzea beranduxeago, Malm Epokan alegia, gertatu.
Jurasikoko materialen (kararriak, dolomiak eta margak, nagusiki) azaleramenduak oso urriak dira Euskal Herrian, Aralar, Gernika eta Ramales izanik, batipat, azaleramendu horien ekialde, iparralde eta mendebaldeko, hurrenez hurren, kokagune garrantzitsuenak. Material hauetan, alabaina, oparoak dira periodo honetako fosil bereizgarriak, hots, belemnite eta ammoniteak (Zefalopodoak). Gordetzen dituzten beste zenbait fosil interesgarri brakiopodoak, pelezipodoak eta krinoideoak dira.Periodo osoan zehar aktibitate tektonikoa geldoa izan zen. Jurasikoaren azkenean itsasoak atzera egin zuen berriz ere: giro kontinentala nagusitu zen zenbait lekutan eta lakuak eta sakonera txikiko itsas eskualdeak eratu ziren itsasoaren atzeratzearen ondorioz.
Baldintza hauek nagusi zirelarik sedimentazio prozesu bortitzak gertatu ziren, hala lehorraldean nola lakuotan. Inguruko erliebeetako higadura bortitzak, batetik, eta arroaren hondoratzeak, bestetik, sedimentazio prozesuak txit faboratu zituzten. Ondorioz, Purbeck deritzon egitura lodiko formazioa eratu zen (Titoniar-Berriasiar Aroetan).Formazio honek Jurasikotik Kretazeorako iraganbidea finkatzen du: izan ere, Purbeck gaineko materialak Kretazeokoari dagozkio.
Aurretik aipatu den legez, Euskal Herrian Jurasikoko azaleramendu gutxi dago. Halako baieztapena bitxia egiten da Jurasikoan sedimentazio prozesuak bortitzak izan zirela jakinik. Horren azalpena ondokoa da: orogenia Alpetarrak Jurasikoko arroka asko azalera ekarri zituen eta denboran zehar asko eta asko desagertzeraino higatu egin ziren.
Periodo Kretazeoa
Kretazeoko azaleramenduak dira Euskal Herrian zabalduenak, bere lurraldearen iparraldeko erdialdearen gehiengoa hartzen dutelarik. Horregatik dauka eskualde honetako geologian Kretazeoak hain inportantzia handia. Kretazeoan zehar ondorio geologiko garrantzitsuko gertaera asko eta desberdinak izan ziren. Hori dela eta, periodo honen bi epokak banan-banan azalduko ditut.
Kretazeo Goiztiarra
Gaztela-Asturias aldeko lehorraldeko arroken higadura ez zen eten Jurasikoaren amaieran eta, hortaz, Kretazeoaren hasieran sedimentazioak berdintsu jarraitu zuen.
Buztinak, margak eta harearriak elkarren segidan jalkiz joan ziren, Valanginiar-Barremiarreko Weald Formazioa eraikiz. Berau dugu Kretazeoaren hastapena. Weald Formazioa oso zabala da Euskal Herrian eta Sopuerta aldetik Eskoriatzaraino hedatzen da Bilboko Sinklinorioaren gunea eratuz.
Valanginiar-Barremiar aroan zehar Euskal mazizo paleozoikoak ur gainean zeuden.
Itsas golko zabal batek estaltzen zuen Euskal Herria Bertan kararri beltzaskak eta buztin beltzak sedimentatzen ziren. Arroaren hegomendebaldea delta giroko eremua zen, beran Mazizo Asturiarretik eta Mesetatik iristen ziren material detritikoak pilatzen zirelarik. Delta hauetako landaredia joriak baso trinkoak eratzen zituen. Haietan sortutako hondakin ugariak bertan pilatuz joaten ziren eta denboraren buruan ikatz bihurtzen ziren. Sasoi honetakoak ditugu Aizarnazabal eta Hernaniko lignitoak.Sedimentazio-egoera honen eteteak arroka karbonatatuen eraketarako aproposak ziren baldintzak ekarri zituen. Aptiar pisuaren hasieran itsasoaren lurbarneratze bortitza gertatu zen: itsas urek Euskal- Kantauriar Arroa estali zuten eta sakonera gutxiko plataforma giroko itsasoa sortu zuten, arrezifeen eraketarako ezinhobea zen giroa alegia. Aptiar-Albiar sasoialdian zehar plataforma karbonatatuaren giroa nagusitu egin zen eta ondorioz, uretan disolbaturiko karbonatoen jalkiera-prozesu bortitzak gertatu ziren. Areago, plataformaren bazterretan eratutako arrezifeek tamaina txikiagoa zuten plataformaren barnealdekoek baino. Koralak eta algak baziren arren bibalbioen taldeko errudistak (gaur iraungita dagoen bibalbioa, kuskuak desberdinak eta adar biribilkatuen itxurakoak zituena), dira sasoi horretako fosilik bereizgarrienak.Baldintza hauetan ezarritako materialek "Sistema Biosedimentario Urgoniarra" osatzen dute, Orgon izeneko Frantziako hirian deskribaturikoaren antzerakoa da eta. Sistema Urgoniarra oso hedatuta eta gararuta dago Euskal Herrian, egungo mendi askoren osagai geologikoa izanik.
Deskribatutako banakera paleogeografiko hau oso garrantzitsua da egungo egoera geologikoari begira. Esan bezala, Aptiar-Albiar denboraldian itsasoak golko zabala eratu zuen Euskal Herrian, Gasteizko paraleloa zuelarik bere hegoaldeko muga lerroa. Sakonera gutxiko itsasoa zen eta ur epelekoa, hasiera batean plataforma lau samar bat estaltzen zuena. Gerora, ordea, aktibitate tektonikoak plataforma horren goialde eta behealdeak zatitu egin zituen, bere topografia erabat aldaraziz. Plataformaren topografia berri horrek sedimentazio prozesuetan eragin handia izan zuen. Ideia hauek sakonago azalduko dira Kantauri Itsasoa eta Bizkaiko Golkoaren sorrerari buruz hitz egiterakoan.
Kretazeo Goiztiarraren paleoklima ere erabakiorra izan zen pilatuko ziren sedimentu motei begira. Epoka honetako klima bero eta hezeak golko inguruko lehorraldean higadura gogortu egin zuen eta, bidenabar, itsasoan material askozaz gehiago sedimentatu zen.
Beraz, karbonatoez gain tamaina desberdinetako material detritikoak (harearriak, limolitak, argilitak) jalki ziren bertan. Izaki bizientzako arras aproposasak ziren baldintza haiek profiratuz orbitolinek eta errudistek, besteak beste, itsas hondoa arin kolonizatu zuten.
Tektonikak ere sakonki markatu zuen epoka hau. Gorago aipatu dugun bezalaxe, hasiera bateko plataforma nahikoa leuna izan bazen ere, geroago malkartsu bihurtu zen garaiko ekintza tektonikoek goialde eta behealdeetan zartatu egin baitzuten. Topografia berri honetan alde hondoratu sakonak (behealdeak) eta sakonera gutxiko alde altxatuak (goialdeak) zeuden. Sedimentazioa lehenengoetan nagusitu zen: karbonatoen jalkiera eta lehorraldetik zetozen buztinen ezarpena batera gertatzen zene eta horren ondorioz margak eratzen ziren. Material hauetan ugari dira makrofosilak, zefalopodoak batez ere. Bestalde, atal altxatuak ur gainean egoten ziren aldizka; alde altxatuotan organismo batzuk hedatu zien, hala nola, lehen aipatutako orbitolina eta errudistak, miliolidoak, brakiopodoak, briozooak eta ekinodermoak (ekinidoak, krinoideoak...).
Alde hauetako sedimentu karbonatodunak bereziak dira eta "plataformako kararri" izena ematen zaie. Era honetakoak dira gaur egun Euskal Herriko mendi ikusgarri askotan aurkitzen ditugun arrokak, hala Enkarterrietan (Sopuerta, Galdames...) nola Ereño, Itxina, Aramotz, Anboto, Aitzkorri, Aralar... mendietan. Kostaldeko alde altxatuek lehorraldeko detritikoen ekarpen handia jasotzen zuten eta toki horietan eratutako harri bereziak karezko zementua eta itsas fosilak (orbitolinak, miliolidoak) gorde zituzten koartzoarenitak (harearri koartzodunak) ziren.
Beraz, epoka honetan sedimentazio detritikoa ere gertatu zen.Itsas azpiko plataforma haren goialde eta behealdeen artean aldapa handiko ezpondak zeuden. Hauetan goialdeetatik askaturiko harri eta koral zatiak elkar nahaspilatuta metatuta geratzen ziren (bretxa sedimentarioak) batzuetan. Besteetan, sedimentazio prozesuetan zehar grabitatearen eraginez geruzek irrist egiten zuten eta behealderantz erortzen ziren, „eslumping%o deritzona sortuz.
Bestalde, ezponda horiek belaki silizeoen ugalketarako baldintza aproposak zeuzkaten, belakion silizea diagenesian zehar birmobilizatu eta silexezko nodulutan bilduta geratu zen. Hori izan daiteke, bada, urgoniarreko arroketan batzuetan ageri diren silexezko noduluen jatorria.Laburbilduz, Sistema Urgoniarra eta ondorengo sedimentazio eredua konplexua izan zen. Hala ere, Sistema Urgoniarra hiru "Sistema Biosedimentario Urgoniar" direlakoetan bana daiteke. Hiru hauei beste laugarren bat, "Sistema Gainurgoniarra" izenekoa, gehitu behar zaie. Hona hemen laurok banan-banan oso laburki azaiduta:1) "Lehenengo Sistema Biosedimentario Urgoniarra". Bedouliar Azpiaroan zehar, hots, Aptiar goiztiarrenean, itsasoa lurbarneratuz joan zen eta euskal arroa estali zuen etenik gabe. Tektonikoki sasoi barea izan zen eta materialak (harearri karetsuak, kararriak, margak) itsas eskualdearen sakoneraren arabera sedimentatu ziren.2) "Bigarren Sistema Biosedimentario Urgoniarra". Gargasiar Azpiaroan zehar, hau da, Aptiar ertainean, ekintza tektonikoak ugaritu eta arroaren zatiketa gertatu zen, alde hondoratu sakonak (behealdeak) eta sakonera gutxiko alde altxatuak (goialdeak) agertuz. Azken hauek batzuetan urgaineratu eta dolomizatu egin ziren, Turtziozeko kasua, esaterako. Topografia berri honek asko mugatu zuen garai honetako sedimentazioa.3) "Hirugarren Sistema Biosedimentario Urgoniarra". Klansayesiar Azpiarotik, Aptiar berantiarrenetik alegia, Albiar ertainerarte higikortasun tektonikoa indartu egin zen asko eta aurrekoan gertatzen hasitako zatiketa hori etengabe handituz joan zen.
Ondorioz oso sedimentazio mota desberdinak gertatu ziren eta arroan sedimentuen fazieen alboko aldaketa ugari sortu zen.4) "Sistema Gainurgoniarra" Albiar berantiarrean zehar gertatzen den laugarren sistema biosedimentarioa da. Denboraldi horretan gertatutako kontinentearen altxapenari higadura bortitzeko prozesuak jarraiki zitzaizkion. Ondorengo sedimentazioa gogorra eta zabala izan zen, ia-ia golko osoa ukitu zuelarik. Lehorraldetik urrun zeuden ingurunetan flysch gisako sedimentazioa hasi zen gertatzen, hots, txandaka eta behin eta berriz ezarritako materialen sedimentazioa, kasu honetan harearri karetsu mikadunez eta lutitez eratutako arrokak sortu zituena.
Armintzako flysch beltza dugu flysh mota horren adibide. Arroko zenbait leku altxatuagoetan kararri errudistadunen sedimentazioa gertatu zen. Flysch delako eraketa sedimentario arrunta denez gure lurraldean, gogora dezagun zertan datzan.
Alemaneraz flysch hitzak laban egin esan nahi du eta energia desberdineko materialen txandaketa adierazten du. Normalean era honetako formazioa urpeko arroilen dinamikari lotuta egoten da: hauetan tamainaren arabera sailkatuta geratzen diren materialen ekarpen azkarra, batetik, eta material finen jalkiera geldoa, bestetik, gertatzen dira txandaka; azken hau denbora luzean.Sistema biosedimentario hau sedimentuen metaketa handiek osatu zuten. Sistema Urgoniarra oso garrantzi ekonomiko handikoa da: "plataformako kararriak" harri apaingarri gisa (Ereñoko kararri Toukasiadun gorriskak) eta bidegintzarako material moduan erabiltzen dira, kararri margatsuetatik porlana ateratzen da eta Gainurgoniarraren harearrietatik, berriz, erregaitzak, hareak eta harlanduak.Bestetik, arroka sedimentario urgoniarrei lotuta mineralizazioak agertzen dira: burdinaren aztarnak (Enkarterria, Bilbo...) lehenengo sistemari dagozkio eta beruna (Pb) nahiz zinkaren (Zn) aztarna batzuk (Karrantza, Turtzioz, Atxondo, Legorreta, Mutiloa...), berriz, bigarren sistemari loturik azaltzen dira. Beste Pb-Zn aztarna batzuk, ostera, (Galdakao, Baranbio...) sistema gainurgoniarraren hausturetan lekutzen dira.
Honek guztiak Behe Kretazeoak garrantzi geoekonomikoa duela frogatzen du.
Kretazeo Berantiarra
Eskala estratigrafikoan gora mugituz, eta Kretazeo Berantiarrera etorriz, Zenomaniar ertain eta berantiarrean zehar itsasoa berriz ere lurbarneratu egin zen eta lurralde zabala estali. Une honetako paleogeografian hiru zona nagusi bereizten ziren itsasotik lehorraldera bitartean:A) Ozeano sakona (Euskal Ildo edo Fosa): zona honetan flysch serie desberdinak metatu ziren. Aldiberean bolkanismoa gertatu zenez, material bolkanikoa ere azaltzen da flyschean tartekatuta.B) Nafar-Kantauriko eremua: hemen hasieran terrigeno ugari metatu zen delta giroan eta gainean marga karetsuak eratu ziren kostaldeko giroan.C) Ipar Gaztelako plataforma (Euskal-Kantauriar Arroaren hegoaldean): lurbarneratze prozesuen ondorioz batzuetan itsasoa bertaraino heldu zen; gertaera horren lekuko karbonatoak ditugu. Horrekin batera sedimentazio detritikoa ere gertatu zen, marearteko giroan.Hortaz, Kretazeo Berantiarrean Euskal Herriko zati zabal bat sakonera handi samarreko ozeanoan zegoen urperaturik. Esan bezala, flysch serie desberdinak metatu ziren eta tartean material bolkanikoa ere bazen.
Garai horretan sedimentaturiko flysch horiek leku askotan azaltzen zaizkigu gaur egun, esaterako Bortziriko mazizoaren hegoaldean, Nabarnizdko antiklinorioaren iparraldean, Bizkaiko sinklinorioaren alde bietan, eta Larrun eta Lapurdi mazizoen iparrarraldean ere. Litologia aldetik ondoko flysch mota hauek bereiz daitezke sedimentazio desberdinen lekuko direnak:
A/ Flysch beltza (Albiar berantiar-Cenomaniar goiztiarrean): argilita beltzak dira hemen nagusi nahiz eta harearriak, limolitak eta turitak ere tartekaturik azaldu. Flysch honen lodiera mila metrokoa da gutxi gorabehera, eta energia handiko garraio korronte batek, sedimentazio turbiditikoak alegia, sortutako sedimentazioaren ondorio da. Material hauetan ageri ohi den siderita (burdina karbonatoa), septaria izeneko nodulu ikusgarrietan azaltzeagatik aipagarria da. Flysch beltzaren materialok ekialderik mendebalderako ardatzaren araberako ildo batean ezarri zirela dirudi, lurrazal kontinentalaren mehetzeaz baliatuz. Flysch honetan material bolkanikoak tartekatzen dira baita ere.
B/ Flysch karetsua (Cenomaniar ertain- Campaniarra): kararriak eta marga karetsuak dira nagusi flysch mota honetan. Bizkaiko sinklinorioan (Gaminizetik Zumarragaraino) ageri zaigu flysch hau. Lurrazalaren distentsio egoera medio flysch honekin tartekaturik harri bolkanikoak ere badaude. Kostaldean ere azaleratzen da, Debatik Irunera, baina hemengo honetan harri bolkanikorik gabe. Mugaz bestaldera ere ageri dela dirudi, Behobia-Hendaia-Bidarre aldean, hain zuzen.
C/ Flysch hareatsua (Campaniar-Maastrichtiar ertaina): Deba eta Zumaia artean azaltzen da nagusiro, aurkitutako gehienezko lodiera 1700 metrokoa izanik. Litologia aldetik harearriak, limolitak eta argilita karetsuak ditugu hor. Fosilik bereizgarrienak ornogabeek utzitako seinaleak dira.
D/ Flysch marga-karetsua (Maastrichtiar ertain eta berantiarra): lodiera gutxiko flyscha dugu hau. 40-50 metro Hendaia aldean.
Inozeramidoen eta ammoniten fosilak nagusitzen dira arroka hauetan.
Kretazeo Berantiarrean lurraren gainazalaren mehetzea gertatu zen Euskal-Kantauriar Arroan. Mehetze honek epoka honetako bolkanismoa ahalbidetu bide zuen gure arroan. Bolkanismo honen lekukoak Bizkaian zein Gipuzkoan agertzen dira, Zumarraga eta Mungia artean lerrokatuz. Adin honetako bereizgarriak diren pillow labak eta egitura basaltikoak, Fruiz, Errigoiti, Gernika, Elgoibar eta Maltzagan azaleratzen dira, besteak beste.Esan bezala, flysch mota desberdinak eratu ziren Kretazeo Berantiarrean zehar, hauek itsas lurbarneratze eta atzeratzeei erantzuten zien, neurri batean bederen (5. lrd.). Santoniar berantiarrean, esaterako, flysch karetsua eratu zen itsas lurbarneratze handi batekin batera.
Aldiz, Campaniar berantiarrean itsasoak atzera egin zuen eta hegoalderik terrigeno asko sartu zen anoan flysch Hareatsua sortaraziz. Aio honetan ere, hizkuntza espezializatuan 34 anomalia magnetiko%o deritzon anomaliak markatzen du Bizkaiko Golkoaien edo Kantauri Itsasoaren hedatzea (6. Ird.), 33 anomalia magnerikoa%o esaten zaiona Kantauri Itsasoan sartzen ez baita. Azkenik, Maastrichtiar berantiarrean, itsasoa oraindik atzera bidean zegoelarik, itsasoak Iberian aurrerik estalitako lurraldeetan arro intrakontinentalak garatzen dira mugimendu tektonikoen ondorioz; bitartean, Euskal Herriko puntu batzuetan kararriak jalkitzen ari ziren oraindik.Laburbilduz, Euskal Herriko eraketa geologikoari begira Kretazeoa dugu sasoirik nagusienetarikoa, eskualdeak une horretarik aurrera izan zuen garapen geologikoa Kretazeoan zabaldutako ildoei estuki jarraikiko zitzaiolarik.
Kretazeo/Tertziario muga
Luzez idatz daiteke muga honi buruz, gertakizun paleontologiko eta geologiko hainbaten giltza eduki baitezake. Izan ere, muga honen inguruko datuak azaltzen dituzten hipotesiek geologiaren azken urteotako korronte filosofikoen aldaketa ere ekarri dute. hipotesiok neokatastrofismoaren kontzeptua indartu dute.Euskal Herria hots handikoa egin da mundu osoko estratigrafo eta paleontologoen artean Kretazeo/Tertziario mugako sekzio txit onak daudelako bertan. Sekzio sona handikoena Zumaikoa da: askok ikertu dute eta artikulu zientifiko zein dibulgatibo (National Geographic, esaterako) askotan aipatu izan da. Dena den, sekzio hau ezagunena bada ere, ez da Euskal Herriko bakarra, beste dozena luze bat baitaukagu gure geografia zabalean, hala nola, Urrutxu eta Sopela Bizkaian, Urko eta Donostia Gipuzkoan, Hendaia eta Miarritz Lapurdin. Sekzio hauetan Maastrichtiarreko kararriak, Kretazeo/Tertziario mugako buztinak eta Paleozenoko kararriak ondo azaleratzen dira.Mugako buztinak bolido estralurtarren inpaktuen ondoriozko materialetan, iridioan batez ere, dira aberatsak, Iridio metala meteoritoetan kontzentrazio handitan agertzen da. Buztinetan kuartzo kolpatua eta espinelak ere topa daitezke, lurraz kanpoko jatorrikoak biak. Ondorioz, hainbat ikertzaile ezaugarri mineralogikoetan oinarritzen dira Kretazeoaren bukaeran meteorito erraldoi baten inpaktua gertatu zela defendatzeko Beste batzuren aburuz, berriz, bolkanismo bortitzaren ondorio da aipatu material horien presentzia. Areago, Kretazeoaren bukaeran gertatutako suntsipen handiak ikertzen ari direnak ez dira honetan ere bat etortzen: paleontologo batzuren iritziz pixkanaka gertatu ziren eta besteen ustez, berriz., bapatean. Garai hartako espezieen % 75 zergatik eta nola suntsitu ziren jakiteko ikerketek aurrera egingo dute argirik egiten ez den artean. Muga honetan gertatutakoa ondo ulertzea garrantzitsua izan daiteke etorkizunean gerta daitekeenerako prest egoteko, bai eta historia geologikoetan beste hainbatetan gertatutakoa ere ulertzeko.
Era Zenozoikoa
Kretazeoaren amaierarekin batera Era Mesozoikoa bukatzen da eta era berri bat, Era Zenozoikoa alegia, hasten da. Era Zenozoikoa ez da oraindik amaitu. Horrek esan nahi du egun gertatzen ari diren prozesu biologiko eta geologikoak Era Zenozoikoari dagozkiola oraino.
Periodo Tertziarioa
Aldaketa paleontologikoak salbu, gure eskualdeko Tertziarioaren hasiera Mesozoikoaren jarraipen gisa har daiteke. Tertziario gehiena, kostaldea salbu, Euskal Herriko hego erdialdean eta zabalki gainera azaleratzen da (7. Ird.) Euskal Tertziarioa hiru gerrikotan banatzen da, mapan ikus daitekeen bezala.
Paleozeno eta Eozenoa
Paleozeno osoa txit ondo azaleratzen da Euskal Herrian eta ingurune desberdinetan eratutako sekzio bikainak ikus daitezke hainbat tokitan. Zumaiko sekzioa dugu famatuenetariko bat eta berau aipatuko dugu adibide gisa. Bertan Paleozeno osoa azaleratzen da kostaldean zehar ia aldaketa tektonikorik gabe. Zumaiko kararriak, paleomagnetismoa, pateontologia eta sekuentzia estratigrafikoak, besteak beste, aztertzeko erabili dira. Helburu zehatzagoekin ere aztertu izan dira Zumaiko Paleozenoko kararriak, esaterako, Milankovitzen Zikloak sakon eta zehazki ikertzeko.Aipatu bezala (5. Ird.), Aro Maastrichtiarrean zehar itsasoak atzera egin zuen, mendebaldean batez ere, eta ondorioz, Bizkaiko kostaldean plataformako kararriak eta margak ezarri ziren. Geroago (Paleozenoko Aro Daniar eta Montiarrean) itsasoak berriz estali zituen lurralde batzuk eta baldintza berri horien ondorioz karearen sedimentazioa nagusitu eta organismo bizidunak (miliolidoak, algak, operkulinak,...) berriro ugaldu egin ziren. Landeniarrean zehar, arroaren hondoratzearekin batera, flysch motako sedimentazioa gertatu zen berriz ere. Bizkaialdean eta Bortziriko mazizoaren inguruan, berriz, hegoalderagoko plataforma giroan kararri albeolinadunak ezarri ziren. Garai honetan, plataforma hauetan hain zuzen ere, agertzen dira lehen nummuliteak .Paleozenoaren bukaeran suntsipen handi berri bat gertatzen da ez bezala agi denez ingurunearen aldaketekin zerikusia izan zuena.Paleozenotik Eozenorako iraganbidean klima askozaz beroagoa egin zen. Beroketa horrek eragin handia izan zuen izakion gain.
Muga hau, Kretazeo/Tertziariokoarekin gertatzen zen bezala, Euskal Herriko hainbat tokitan azaleratzen da. Trantsizioan kararri hemipelagikoak eta tuparriak eratu ziren nagusiki, erdian metro batzuetako tarte bustintsua utziz. Tarte bustintsuaren barnean kokatzen da Paleozeno/Eozeno muga.
Hainbat ikerlariren arabera, Ipar Atlantikoaren zabalkundeari lotutako bolkanismoa dela medio eratu zen tarte buztintsua. Bestalde, Aro Ypresiarraren bukaeran ekarkin detritiko handiak hasi ziren honaino iristen.
Eozeno Ertaineko Aro Lutetiarrean funtsezko aldaketa paleogeografikoa gertatu zen itsas atzeratzearen kausaz, alegia, Altsasutik mendebalderako lurraldea (Arabako lautada barne) urgaineratu zela Bizkaiko lurralde zabal bat izan ezik Lutetianari dagozkion materialak Bizkaiko sinklinorioaren gunean (Getxo eta Oiz mendian) azaltzen dira. Gainerako lurraldean, Nafarroan batez ere, hondoraketa aurrera zihoan era flysch erako sedimentazio itsastarra nagusi zen. Garai honetakoak dira Nafarroako Irunberri aldean aurkitzen diren kararri nummulitedunak.Eozeno berantiarrean zehar lurraldeen urgaineratzeak jarraitu zuen eta Bizkaia ere agertu zen ur gainera. Nafarroan, ostera, urpean oraindik, beren bairan tamaina txikiko nummuliteak zeuzkaten kararri eta marga hareatsuen jalkipena gertatu zen.
Arroka hauek hedadura handia hartu zuten, Agurain aldetik Lleidako Tremp-eraino gutxienez, Pirinioak hegoaldetik inguratuz.
Material hauen gainetik, eta Eozeno Berantiarrean zehar ere, marga kantitate izugarria jalki zen, Iruñerria bete zuena. Material horietan, eta sakonera gutxiko arroetan, bertako uraren gehiegizko saturazioaren ondorioz gatzarriak (arroka ebaporitikoak) eratu ziren. Gatzarriok (Halita, Silbita, Karnalita,...) Iruñerrian eta Nafarroako beste hainbat tokitan, Nafarroako Potasak enpresak adibidez, ustiatu dituzte.Eozeno Ertaineko Aro Lutetiarrari dagozkio tolestamenduaren aurretik ezarritako azken sedimentu itsastarrak. Izan ere, Lutetiarraren gaineko aroetan zehar, Bartoniar eta Ludiar pisuetan, hain zuzen, gertatu zen Orogenia Alpetarraren Fase Piriniarra Euskal Herrian, eta, izenak berak dioskunez, aparteko garrantzia izan zuen Pirinioen eraketan.Fase honetako mugimendu tektonikoek aurretik ezarritako materialak tolestatu egin zituzten. Ostera, gerora ezarri ziren materialik ez zuen fase horrek ukitu nahiz eta berak ekarritako higalanaren gehipenak sedimentazio hori asko lagundu zuen. Tektonika piriniarraren ondorioz itsas sedimentazioa eten egin zen. Lehenago itsas sakona zegoen tokietan mendiak altxatu ziren orogeniaren ondorioz. Beren urak Iparralderanzko norabidea zeukaten ibaiek ez zuten arazorik izan eta jada eratuta zegoen Kantauri Itsasora husten zituzten beren urak.
Hegoalderanzko norabidea zeukaten ibaiei, ostera, Katalanidea mendiak altxarazi zituen orogeniak beren uren hustubidea oztopatu zuen: aipatu mendiek Euskal Herritik Mediterraniorantz zihoazen urei bidea itxi zieten eta ondorioz, Ebro aldean laku handiak eratu ziren, Nafarroako Erriberan eta Arabako Errioxan zein Trebiñon kokatuak.
Oligozenoa
Tertziarioaren bigarren gerrikoa Oligozenoko azaleramenduek osatzen dute (5. Ird.).
Esan bezala, orogenia Alpetarraren fase Piriniarraren ondorioz, lehorraldeak eta mendialdeak eraiki ziren eta hauekin batera lehorraldeko higadura lana hasi zen. Beraz eta fase pirenaikoak sortu zituen mendilerroetan, Pirinioetan esaterako, gertaturiko higalanaren ondorioz sedimentazioa detritikoagoa bihurtu zen Oligozeno eta Miozenoan zehar: Oligozenoan zehar terrigeno asko metatu zen Euskal Herriko hegoaldeko lakuetan eta hauek gerora konglomeratuak, buztinak eta baita igeltsoak ere sortu zituzten.
Bestalde, iparraldeko kostan ere itsasoaren higalana nabarmen egiten hasi zen.
Bada, oraindik egun gertatzen ari den kostalerroaren atzeratzeari orduantxe eman zitzaion hasiera.
Miozenoa
Miozenokoa da Tertziarioko hirugarren gerrikoa, Euskal Herriko hegoaldean azaleratzen dena (7. Ird.). Miozenoa, geologikoki lasaia eta egitura geologikotan txiroa izan bazen ere paleontologikoki arras aberatsa da.Oligozenoan bezala, Miozenoan higalanak eragin handia izan zuen Ebro aldean.
Garai honetan, higalanaren ondorioz, Katalanideetan Mediterranioranzko pasabidea zabaltzen da. Behin pasabide hau eratuta, Ebro aldeko lakuetako urak Mediterraniorantz isurtzen hasten dira, bide batez lakuak lehortuz. Hau, Miozeno Ertaina Azpieraren inguruan gertatu zen. Sasoi hartan, oraindik nagusi zen klima epelari esker egun Afrikan ikus daitezkeen hainbat izakiren ahaide ziren hainbat animalia bizi izan ziren gure lurraldeetan. Bada, elefante, errinozeronte eta hipopotamoaren arbasoak bili ziren Nafarroako sabanetan bazkan. Egoera hau Kuaternarioa hasi zenean bukatu zen, Kuaternarioan sartu bezain pronto klimak aldaketa sakonak eta eragingarriak pairatu baitzituen.
Periodo Kuatemarioa
Kuaternarioa Tertziarioaren jarraipena da hein handi batean. Euskal Herriko hegoaldean agertzen da batez ere (7. Ird.). Azken fase piriniarrak utzitako paleogeografia gaurko bera da ia, oso gauza gutxi aldatu baitira. Azken milioi t'erdi urteetan (Pleistozeno eta Holozenoa) izan diren gertaerarik aipagarrienak ondokoak ditugu : glaziazioen ondoriozko ozeanoen ur-mailaren gorabeherak, zenbait lekutan glaziarrek glaziazioetan buruturiko higalana, ibaiek drenai sarea finkatuz joatea, kostaldeko toki batzutan hondartzak eta dunak kokatzea, turbategien eraketa, etab.. Euskal Herrian, munduko beste hainbat tokitan bezala, klima hotzaren ondorioz glaziar txikiak eratu ziren (Pirinioetan, Aralarren, Anboton,...) eta itsasoaren maila jaitsi egin zen kostaldeak berriro aurrera eginez. Egoera honek ez zuen iraun, hots, Kuaternarioan zehar behin eta berriz aldatuz joan zen, batzuetan glaziarrak eratuz eta itsas maila jaitsiz (glaziazioak) eta beste batzuetan glaziarrak urtuz eta itsasoaren maila igoz (glaziazio arteak). Egun glaziazio arteko sasoi batean bizi gara eta milioika urte pasa dira munduan izotz egonkorra ezagutu gabe, ez eta poloetan ere. Egungo izotzak, glaziazo arteko sasoia izanik ere, eragin handia dauka eustatismoan, biosferan eta sedimentazioan, bai munduan eta bai Euskal Herrian.Kuaternarioan gaudenez, arrokak eratzen ari dira oraindik. Horregatik Kuaternarioko arroka gehienak erabat osatu barik daude eta oraino, arrokak sedimentu solte modura, hots diagenesi txikia jasanda, ager daitezke.
Horrela, aranetako hondaleetako material asko Kuaternariokoak direla esaten dugu, orain dela gutxi eratu edo oraindik eratzen ari baitira. Dena den, egun lanean ari diren prozesuak eta prozesu hauen ondorio eta emaitzak Geomorfologiaren esparruaren barruan sartzen dira eta hori argitalpen honen beste atal batzui dagokie.Kuaternarioan, bestalde, inoiz aurretik gertatu ez den iraultza biologikoa martxan jarri zen. Bioiraultza hau, gure gizartearen industrializazio azeleratua medio, areagotzen ari da gaur. Gizakiok, gainerantzeko izaki biziek ez bezala, sakonki aldarazi ditugu ingurune fisiko eta biologikoa. Honek Euskal Herriko eta munduko historia geologikoan fase berri bat zabaldu du. Fase berri honen ondorioak, hain zuzen ere, azaltzen saituko naiz ondoko lerroetan.
Laster amaituko al da suntsipen nagusi batekin Era Zenozoikoa?
Espezieen desagerpena historia biologikoan maiz gertatu den prozesua da. Azken batez, txanpon bereko bi aurpegien modura, suntsipenak eta eboluzioa elkar loturik daude. Dena den, espezie bat suntsitzerakoan genetikoki errepikaezina den izakia betirako iraungitzen da.Eon Fanerozoikoan zehar etengabe desagertu dira espezieak. Suntsipen horietako asko filetikoak izan dira, alegia, adar beretik eboluzioz espezie berriak sortzen dira eta horrek espezie zaharren ezabaketa ekartzen du. Baina beste iraungipen asko terminalak izan dira, espezieak ondorengorik gabe desagertu baitira. Horrela, gure planetaren historian zehar ustez bizi izan diren 5.000 milioi eta 50.000 milioi arteko espezie kopurutik egun 40 milioi bat espezie inguru baizik ez da bizi, hau da, inoiz existitu direnen % 1,0, gehienez ere. Honek espezieen iraupen maila oso eskasa dela esan nahi du, espezie % 99,0 iraungi baita.Suntsipen terminalak etengabe gertatzen dira, faktore biotiko zein abiotikoak direla medio. Hala ere, Historia Geologikoaren hainbat unetan suntsipen terminal asko aldiberean gertatu dira. Honi suntsipen masibo deritzogu, eta dituen ondorioak oso larriak dira. Oso ezagunak diren Fanerozoikoko Bost Suntsipen Nagusienetan suntsipen terminal masiboek biodibertsitateari galera handiak ekarri zizkioten. Horrela, Ordoviziar, Devoniar, Permiar, Triasiko eta Kretazeo delako periodoen bukaeran familia eta espezie asko galdu ziren betirako. Bost iraungipen hauetako handiena Periodo Permiarraren bukaeran, hau da, Era Paleozoikoaren amaieran, gertatu zen. Itsas familien % 50, itsas espezieen % 80 barne, iraungipen bikoitz honetan desagertu zen. Berrikiago, Era Mesozoikoaren bukaerako Kretazeoko suntsipen masiboa dugu. Honetan itsas familien % 15 eta baita lehorreko beste asko ere iraungi zen. Suntsipen honetan Euskal Herriak ere izan zuen galera taxonomiko handia. Horren adibide ditugu Zumaian horren zehazki ikertzen ari diren Goi Kretazeoko ammoniteak eta mikrofosilak.Espezieen desagerpenaren eragileak asko izan daitezke, hala nola, aldaketa klimatikoak, Lurrez kanpoko bolidoen inpaktuak, erupzio bolkaniko itzelak, narriadura genetikoa, disfuntzio demografikoak eta izurriteak, besteak beste. Hala etc, orain arteko suntsipen terminal masibo handienen eragilea abiotikoa izan bide da, suntsipen hauetan gradiente ekologikorik ez baita ematen, hots ez da familia, genero edo espezie rangoen arabera gertatu, Suntsipenak era aleatorio batean eragiten duela erakusten du honek.
Horrela, eta espero zitekeenaren alderantziz, espezie minoritario batzuek bizirik irauten dute nahiz eta ahulak izan itxuraz eta egonkorrago eta hedatuagoak diren beste espezie batzuk, aldiz, desagertu egiten dira.Aitzitik, suntsipen terminalak fenomeno biologiko nahikoa arruntak badira ere, gaur egun desagerpen mota honen azelerazio handi baten aurrean gaude. Horrela, kalkuluen arabera, mende honen erdira arte urtero gehienez ere 10 espezie suntsitzen ziren gure planetan. Mendearen erdialdetik hona desagerpen tasa esponentzialki handitu da eta gaur l 00 espezie inguru suntsitzen omen dira egunean, gehientsuenak taxonomikoki ezezagunak. Fosilizazio prozesua oso aleatorioa eta errendimendu txikikoa denez, oraintxe bertan suntsitzen ari diren espezie gehienak ez ditugu sekulan ere ezagutuko.Beraz, eta egungo iraungipen-tasa azeleratua ikusiz suntsipen terminal masibo batean murgildurik gaudena argi dago oso. Baina, hau ez da Bost Suntsipen Nagusienak bezalakoa, oraingoaren eragilea biotikoa baita.
Gizakiak gara suntsipen honen eragile.
Suntsipen honek dagoeneko maila biostratigrafikoan badu bere marka, eta aurrera eginez gero Seigarren Suntsipen Nagusiena bihurtuko da, era geologiko berri bati hasiera emanez. Horrela, Era Zenozoikoaren bukaeraren lekuko eta eragile izan gaitezke gizakiok ez badugu egungo bioaniztasun maila berean mantentzen. Areago, oraingo suntsipen erritmoa gerarazten ez badugu gu geu ere desager gaitezke azkenean. Iraungipen honen ondoko era geologikoa, Era Melontozoikoa (Grekeratik, Melon = etorkizuna) dei dezakeguna hain zuzen, espezieren batek ba dirau, Eon Fanerozoikoaren barruan egongo da, bestela Lurraren kalendario geologikoa eon berri batean sartuko da. Baina orduan, ez da paleontologorik egongo gertatutakoa ikertzeko, gure espeziea betirako suntsituta egongo baita.
Euskal Herriko Bilakabide Orogenikoa
Gure lurraldea menditsua da oro har. Hein handi batean, erliebe hau eta egun ikusten ditugun egitura geologiko asko Orogenia Alpetarreko Fase Piriniarrean gertatutako aktibitate tektonikoaren ondorio dira.
Horrela, Orogenia Alpetarrak sortutako egitura geologikoak Siluriarrean eta Permiarrean gertatutako beste bi orogenien emaitzei, Kaledoniar eta Hertziniarrekoei alegia, gehitzen zaizkie. Dena den, Euskal Herrian ez dago Orogenia Kaledoniarraren aztarna handirik eta bertako geologian eraginik handiena izan duten Orogeniak Hertziniarra eta Alpetarra dira. Hala ere, Euskal Herria ezin da eremu isolatutzat hartu eta Lurreko edozein tokitan bezala bere garapen tektonikoa plaken tektonikaren arabera ulertu behar da.
Plaken Tektonika eta Orogeniak
Lurraren barneko banaketa hobeto ulertzeko, eta asko sinplifikatzea bada ere, muxika edo aguakate baten antza duela esan daiteke. Lurrak, aguakateak bezala, atal desberdinak ditu: erdian gune zurruna, esferikoa eta dentsitate handikoa; honen inguruan zonalde plastiko likatsu eta mugikorra; eta azkenik, kanpoaldean azal fin, mehe eta zurrun samarra. Azal hau, aguakatearena ez bezala, dortoka baten kroskoaren antzera zatituta dago. Zati hauek, Lurrazaleko plakak alegia, azpiko material likatsuaren gainean flotatzen dute eta elkarren aurka talka eginez mugitzen dira. Mugimendu hau plaken hazkuntzari loturik dago; izan ere, plakak hazi egiten dira, eta era berean baita suntsitu eta desegin ere.Esan bezala, Lurraren azala plaka tektonikoz osaturik dago. Bi plaka mota daude: ozeanikoak eta kontinentalak. Plaka ozeanikoek kontinentalek baino dentsitate handiagoa dutenez, lurraren barnealdeko indarrek elkarren aurka bultzatzen dituztenean plaka ozeanikoak kontinentalen azpitik sartzen dira, hots, subdukzioa gertatzen da. Fenomeno honetan plaken arteko marruskadura izugarri handia sortzen da eta honek lurrikara gogorrak eragiten ditu. Subdukzioan plaka ozeanikoak okertu egiten dira eta sarritan hausturak pairatzen dituzte, sakonera desberdineko seismoak sortuz. Bestalde, plaka ozeanikoaren gainera igotzen den plaka kontinentala laburtu eta "zimurtu" egiten da; zimur hauek mendiak dira. Mendien sorreran arrokak tolestu, zamalkatu eta hautsi egiten dira, sakonera gutxiko hipozentroa duten lurrikarak emanez.Bestalde, lurrikarek, bai ezaugarrien aldetik bai izaeraren aldetik, plakei buruzko informazio asko ematen digute. Esaterako, plakak nolakoak diren eta plaka bakoitzaren dinamika zein den ikas dezakegu. Sismologiaren garrantzia ikusita, lurrikarak eta beren aplikazioak sakontasun gehiagoz azaltzen dira aurrerago.Subdukzio zonen artean Japoniakoa da hobeto ezagutzen duguna. Japonia Plaka Erusiarraren ertzean kokaturik dago eta bere azpian Ozeano Barear»n Plaka eta Filipinetakoa 40 eta 45°° arteko angeluarekin subduzitzen dira. Bestalde, subdukzio zona honetan sortzen diren seismoak sakonera desberdinetan gertatzen dira, sakonenak lurrazalaren azpitik 600 km-ra ere gerta daitezkeelarik.Subdukzioaz gain, plaken artean zein plakaren barnean gertatzen diren beste hainbat erlazio tektoniko ere badaude. Batzuetan, plakek elkarren kontra jo ordez beren ertzak igurtzitzen dituzte alboko mugimendu baten bidez; beste batzuetan elkarrengandik urrundu egiten dira. Plaka Eurasiarraren eta Plaka Iparramerikarraren artean, esaterako, azken hau ari da gertatzen, eta Euskal Herria eta lparramerikaren arteko distantzia geografikoa handitzen ari da etengabe. Halaber, Plaka Iberiarrarren eta Eurasiarraren artean ere talka eta igurzketa prozesu bat, Pirinio aldean nabarmena dena, gertatzen ari da.
Eurasiaren eta Iparramerikaren arteko urruntzearen jatorria Ozeano Atlantikoaren erdian dagoen dortsal ozeanikoaren zabaltze prozesua da. Dortsaletan gainazal berria sortzen da, eta subdukzio konplexuetan, berriz, plakak desegin egiten dira. Dortsaletan fokoa lurrazaletik hurbil dituzten lurrikarak sortzen dira soilik; subdukzio zonetan, ordea, seismoak edozein sakoneratan gerta daitezke.
Planetako plaken bilakabidea
Arestian azaldu den bezala, lurrazala sistema dinamikoa da, eta hainbat plakatan banaturik dagoen arren plaka hauek ez dute betirako irauten. Aldakortasun hau dela eta, kontinenteen banaketa txit desberdina izan da historia geologikoan zehar. Ondoren, Era Mesozoikoaren hasieratik hona kontinenteen banaketa nola garatu den ikusiko dugu.a) Permiarraren azkenaldian kontinente guztiak bat eginda zeuden. Kontinente bakar hau Pangea izenez ezagutzen dugu.b) Triasiko Berantiarrean Pangea erdibitu egin zen, eta horren ondorioz egungo dortsalak jaio ziren eta plakak banantzen hasi ziren. Horrela, iparraldeko Laurasia (Iparramerika, Eurasia) eta hegoaldeko Gondwana (Hegoamerika, Afrika, Antartida, India, Australia) superkontinenteen artean Tethys ozeanoa zabaldu zen.c) Kretazeo Goiztiarrean Ozeano Atlantikoa iparretik zabaltzen hasi zen, eta Laurasia bitan banatu zen. Hego hemisferioan India iparralderantz mugituz zihoan Eurasiaranzko bidean, baina Australia eta Antartida oraindik bat ziren.d) Kretazeo Berantiarrean plaken askapenak aurrera jarraitu zuen. Aro honetan ia plaka guztiak askaturik zeuden jadanik.
Hala ere, Iparramerika eta Eurasia iparretik loturik zeuden, Atlantikoa hegoaldetik zabalduz zihoan bitartean.Dena den, prozesu hau ez da amaitu, plakak ez baitira gelditu. Egun ikusten dugun kontinenteen banaketa eta kokapen erlatiboa etengabe aldatzen ari da, aipatutako prozesua, jito kontinental deritzona, dinamikoa baita.
Plaken tektonika Euskal Herrian
Euskal Herrian bi plaka desberdin elkartzen dira, Plaka Iberiarra eta Plaka Europarra.
Bi plaka hauek betidanik harremanetan egon dira baina elkarrekiko kokapena eta lotura aldatu egin da denboran zehar. Izan ere, plaka hauen elkarrekiko mugimendua Mesozoikoan zehar gertatu zen batez ere.
Aro honetan zehar Plaka Iberiarrak Plaka Europarrarekiko errotazio desplazamendu sinestrala jasan zuen. Hala ere, denboran zehar desplazamendu honen errotazio ardatza aldatu egin zen, Frantziako iparraldetik hegoaldera luzatzen zen lerro bati jarraituz (8. Ird.). Egungo kokapena Eozenoan finkatu zen neurri handi batean.Plaken elkarrekiko desplazamenduaren ondorioz, Plaka Europarrari lotutako lurrazal ozeanikoa Plaka Iberiarraren lurrazal kontinentalaren azpian sartu zen (9. Ird.). Zenbait egileren arabera, Plaka Iberiarraren iparraldean agertzen diren egitura tektoniko nagusiak (hainbat faila, tolestura zein zamalkamendu), subdukzio sistema honi loturik daude. Esan behar da egituratze geologiko hau prozesu tektonikoen laguntzaz garatu zela; Euskal Herriko Kretazeo Berantiarreko une jakin batean gertatu zen banaketa tektonikoa, esaterako, horren adibide ederra da (10. Ird.). Santoniarreko eta Campaniar goiztiarreko berreraikuntza palinpastikoan Plaka Iberiar eta Plaka Europarraren arteko mugan Erdiko Sakonunea, hots, arroaren alderik sakonena, agertu zen eta bertan Zumaia Arroa eratu zen. Erdiko Sakonunean lurrazala mehetu egin zen eta jazokuntza metamorfiko termala gertatu zen.
Bestalde, hala Plaka Iberiarraren iparraldeko ertzean nola Plaka Europarraren hegoaldeko ertzean, lurrazalaren distentsioak zenbait blokeren eta haiei dagozkien arroen eraketa eragin zuen. Horrela, Plaka Iberiarrean kokatutako Aldudeen Blokea eta bere ondoan dagoen Ultzamako Arroa prozesu honen adibide garbia dira. Era berean, Plaka Europarraren hegoaldean dagoen Bortziriko Blokea eta bere alboan kokatutako Sara-Berako Arroa prozesu beraren emaitza kontsidera daitezke. Areago, Iparpiriniar Ildoak eta Akitaniako Arroak osatutako binomioa plaka honen hegoaldean agertzen den beste adibide bat da.
Lurrikaren izaera fisikoa
Plaken Tektonika aztertzeko dugun baliabide nagusia mugimendu sismikoak dira, hauen bidez lur azpiko egituraketa sakona ezagutu baitaiteke. Izan ere, seismoek kalteak sortzen badituzte ere, informazio geologiko handia ere eman dezakete.Lurrikarak fenomeno geologiko arras arruntak dira, eta erliebearen moldatzaile garrantzitsuak dira. Aldi berean, gizartean izaten duten eragina nabarmena izan ohi da, eta sortzen dituzten arriskuek gizakion kezka pizten dute sarri.Nolabait esateko, lurrikarak arrokak hausterakoan sortzen dira. Arroka bat bere muturretatik teinkatzen edo bultzatzen bada arrokak estres mekanikoa jasaten du.
Behin estresak maila bat gaindituta bi gauza gerta daitezke: arroka deformatu egiten dela edo hautsi egiten dela. Arroka hausten bada desplazamendua gertatzen da, eta hausturaren jatorria bultzada izan bada (eta ez teinkada) bi arroka zatietako bat bestearen gainean jarriko da, hots, zamalkamendua gertatuko da. Bultzada gehiago izaten badira eta marruskadura indarrak gainditzen badira desplazamendua areagotu egin daiteke.
Haustura edo marruskadura nagusia agertzen den puntuan energia askatzen da, uhin sismikoak sortuz. Puntu honi seismoaren hipozentro deritzo. Hipozentrotik gora bertikalean, lurrazalean, epizentro deritzon puntua kokatzen da.
Bestalde, kontaezinak dira urtero gure planetan gertatzen diren lurrikarak, baina gehienak ez dira aski indartsuak izaten gizakiok soma ditzagun eta normalean teknologiaren bidez detektatzen ditugu. Sismografoen bidez, sismologoek lurrikara txiki ugari jasotzen dituzte. Noizean behin komunikabideek lurrikara handien berri ematen digute, 1995eko urtarrilean Japonian gertatutakoa kasu; hala ere, sarritan lurrikarok gizartean duten oihartzun handia ez da izaten halabeharrez gogorrenak direlako, gizakioi kalte handienak sortzen dizkigutelako baizik. Normalean seismoak populazio dentsitate handiko zonalde batean eragina duenean eta zonalde horretan hildako asko eta kalte ekonomiko handiak gertarzen direnean izaten dugu bere berri. Lurrikara gogor bat inor bizi ez den toki batean gertatuz gero, ordea, berria ez da komunikabideetara iristen.
Gizakiaren historian zehar lurrikara asko ezagutu dira eta horietako batzuk idazkietan islatuta geratu dira. Esaterako, Biblian bertan ere lurrikarak aipatzen dira. Dena den, lurrikara handi batzuetan jende asko hil bada ere, jende kopururik gehiena gizakumeok egindako eraikinetan hiltzen da. Etxeak, errepideak eta ubideak (beste eraikin askoren artean) maiz ez daude seismoei aurre egin ahal izateko prestaturik edo okerreko tokian kokatuta daude. Hori dela eta, hildako gehienak hirietan izaten dira, seismoa gertatzerakoan erortzen diren etxe eta eraikinetan edo lurrikararen ondorioz izandako sute, lubizi, uholde edota izurriteetan.
Tamalez, faktore hauek sarri askotan batera agertzen dira.
Esan bezala, kontutan hartu behar da eraikinak nola egiten diren, baina baita ere non egiten diren. Esate baterako, 1906an Kaliforniako San Frantziskon egondako lurrikararen ondoren argi ikusi zen kohesio gutxiko sedimentuen gainean (hareatzak, alubioiak eta kolubioiak kasu) eraikitako guztia arroka sendoaren gainean eraikitakoa baino askozaz errezago hondatu eta erori zela. Sedimentu askeek likido gisa portatzeko joera handia dute eta lurrikara baten indarrak lurra "urtu" egiten du, bere kohesio guztia gaindituz.
Euskal Herria: arriska seismiko txikiko lurraldea
Euskal Herrian lurrikara gogorretarako arrisku txikia dago; izan ere, Euskal Herria dortsal eta subdukzio-zona nagusietatik urrun dago eta beraz hemen ez da gertatzen prozesu geologiko hauei loturiko lurrikararik.
Hala ere, eta tentsio geologikoak toki guztietan daudela kontutan harturik, lurrikarak munduko edozein tokitan gerta daitezke.
Azken batez, Iberiar Penintsularen eta Hegomendebaldeko Europaren elkarrekiko bultzadak Pirinioak sortu zituen. Plaka hauen arteko erlazio geologikoak direla medio, Pirinioen inguruan oraindik indar txikiko lurrikarak (Nafarroan eta Zuberoan noizean behin izaten direnak adibidez) gertatzen dira. Aitzitik, Andaluzia, Italiaren Hegoaldea edo Grezian biziko bagina desberdina litzateke. Eskualde hauetan indar handiko lurrikarren arrisku handia dute, Plaka Afrikarrak eta Eurasiarrak zonalde horretan topo egiten baitute.
Esan bezala, Euskal Herrian ere mugimendu sismikoak gertatzen dira. Esaterako, 1995ean Euskal Herrian gertatutako hamar bat lurrikarak hirutik gorako balioa izan zuten Richter Eskalan. Hauetako gehienek Nafarroan izan zuten epizentroa. 1996ko negu eta udaberrian ere, hiruko balioa zuten lurrikarak gertatu ziren eta horietako batek lauko balioa erdietsi zuen. Azken honen epizentroa Iruñeatik gertu kokatu zen eta bertako hainbat hiritarrek ikaraz hartu zuten.
Euskal-Kauntauriar Arroa
Arro hau mendebaldean Mazizo Asturiar Paleozoikoa estaltzen duen eta ekialdean Euskal Mazizo Paleozoikoa inguratzen duen konplexu sedimentario tolestua da. Arro honen mugak ondoko hauek dira: iparraldean Cap Bretoneko kainoia, hegoaldean Ebro eta Duero ibaiaren sakonuneak, mendebaldean Mazizo Asturiarra eta, azkenik, ekialdean Iruñeako Faila. Hainbat egileren arabera, Euskal-Kantauriar Arroan hiru eskualde estratigrafiko defini daitezke, hala nola, Bloke Arabarra, Santanderreko Blokea eta Euskal Arkua (11. Ird.). Euskal Arkuaren alboan Iparpiriniar Eskualdea agertzen da.Tektonika aldetik Bloke Arabarra da eskualderik sinpleena. Bloke hau taula-arro bat da eta bere gunean serie kontinental tertziarioak agertzen dira. Blokearen ezaugarri kartografiko nagusiena bertan agertzen diren hamabost diapiroak dira.Santanderreko Blokea Euskal Herritik kanpo kokatzen da gehien bat. Bloke hau, Arabarra ez bezala, tektonika aldetik konplexu samarra da. Tektonikaren eraginez Santanderreko Blokea bi ezkututan banatuta dago, Cabuernigako Ezkutua eta Montorio-La Lora Plataforma alegia.Euskal-Kantauriar arroaren barnean konplexutasun handiena duen eskualdea Euskal Arkua da. Bertan tolesturak eta failak ugariak dira eta hauen eboluzioak zamalkamenduen pilaketa ekarri du. Euskal Arkuaren barruan lau eskualde bereizten dira ikuspuntu kartografikotik: iparraldetik hegomendebaldera, Zumaiako Monoklinala, Ipar Bizkaiko Antiklinorioa, Bizkaiko Sinklinorioa eta Bilboko Antiklinorioa (12. Ird.).Euskal-Kantauriar Arroa eskualde Piriniarrari dagokio. Hala ere, arro honen historia eta Kantauriar itsasoarena estuki loturik daude. Arroaren garapenak 200 milioi urte iraun zituen, Triasiko Goiztiarretik Eozenoaren bukaera arte. Dena den, gune hau elkarren segidan sortu ziren bi arroz osaturik dago izatez, baina hala paleogeografia nola kontrol tektonikoa desberdina izan zen kasu bakoitzean.Arroa Triasikoan hasi zen garatzen, Mendebaldeko Europaren lurrazal kontinentalaren zatiketa post-hertziniarrean, hain zuzen Erdialdeko Atlantiar Ozeanoa zabaltzen hasi aurretik, eta Jurasikoa amaitu arte iraun zuen. Arro hau intrakratonikoa zen eta garai bereko Europako beste arroak bezala (Anglo-Parisiarra eta Akitaniako arroak adibidez) garatu zen. Arroa bi urratsetan bete zen: batetik, Ozeano Liguriar-AJpetarra zabaltzen ari zen bitartean gertatutako krisialdi Calloviar-Oxfordiarrean eta, bestetik, Jurasikoaren bukaeran, Gibraltarreko lerroaren iparraldera kokatuta dagoen Atlantiar Ozeanoaren zabalkuntzari lotutako Bizkaiko Golkoaren riftina.Beranduago, antolaketa estrukturala aldatu egin zen eta Kretazeo Goiztiarretik Eozeno berantiarrera arteko aldian egungo Euskal-Kantauriar Arroa eratu zen. Europa mailan garai honetan beste arro batzuk ere eratu ziren, hala nola, Parentis eta Adour Arroak Frantzian eta Arro Asturiarra Iberiar Penintsulan. Euskal-Kantauriar Arroak bi ezaugarri bereizgarri ditu. Alde batetik, ertz kontinentala pasiboa eta dibergentea eta frakturazioa handia (Ildo edo Grabcn Wealderrak, 13. Ird.) izatea da, Bilbotik ekialdera ikus daitekeen bezala. Bigarren ezaugarria distentsio kontinentalari (Konplexu Urgoniarraren plataforma eta arroak) dagokio eta ertzaren subsidentzia arin nahiz aldakorra (flysch, turbidita-hildoak) gertatu zen faila listriko eta bloke errotazionalekin batera.
Honi zona transformagarriaren izaera erantsi behar zaio, oraindik bere izaera estrukturala eta geometria argi ez badaude ere.Iberiaren Europarekiko desplazamendu erlatiboa sinistrala izan zen (8. Ird.), azkenerako, Eozenoaren bukaeran, plaka hauen konbergentziak arroa itxi zuelarik. Sistema sedimentarioaren formazio distalak (flysch, marga eta kararri hemipelagikoak) bortizki tolestu ziren eta aldi berean zamalkamenduak gertatu ziren, Euskal-Kantauriar Arroa sortuz. Honen ondorioz, plaken ertzek ezin izan zuten arroaren barnealdean zehaztasunez kokatu. Antolaketa sedimentarioak tarteko blokeen (Bizkaiko altogunea, Euskal Mazizoak) eta oinarrizko arro edo ildoen eraketa adierazten du. Honen ondorioz seguraski, eta urratze-failak direla medio, egitura sedimentarioak ez datoz bat Kretazeoko basamentoaren eredu estrukturalekin.
Kantauri Itsasoaren eta Bizkaiko Golkoaren bilakaera
Kantauri Itsasoaren eta Bizkaiko Golkoaren bilakaera Ozeano Atlantikoaren garapenari estuki loturik eta Ozeano Atlantikoaren bilakaeraren faseak ezagutu gabe ezin da ulertu. Jakina, oso prozesu geologiko konplexua da eta bere osotasunean ezagutu gabekoa oraindik. Hala ere, Ozeano Atlantikoaren jaiotzan hiru une nagusi egon zirela esan dezakegu, ondoren oso era ulergarrian azaltzen dudan bezala:l/ Kretazeo Goiztiarrean Ozeano Atlantikoa zatitzen hasi zen, iparraldetik gehien bat, dortsal baten eraginez. Honen ondorio/Europa eta Iparramerika elkarrengandik urruntzen hasi ziren.2/ Kretazeo Berantiarrean Ozeano Atlantikoaren zabaltze prozesua areagotu zen, bai iparraldetik eta baita hegoaldetik ere, nahiz eta hegoaldean dortsala beranduago agertu.
Horrela, Europak eta Afrikak alde batetik eta lpar eta Hegoamerikak bestetik elkarrengandik urruntzen jarraitu zuten.3/ Eozenoaren bukaeran elkarrekiko urruntzea aurrera zihoan, eta egoera gaurkoaren antzekoa zen; Kantauri ltsasoak eta Bizkaiko Golkoak gaurko banaketa geografiko eta geologikoa zuten gutxi gorabehera.Behin Ozeano Atlantikoa nola jaio zen aipatu ondoren, Kantauri Itsasoaren eta Bizkaiko Golkoaren sorreran izan ziren urratsak ikusiko ditugu. Azken honen eraketak etapa desberdinak gainditu zituen. Lehenago azaldu dugun bezala, Bizkaiko Golkoaren sorrera Ozeano Atlantikoaren zabalketari eta Iberia-Europa plaken arteko erlazioari loturik dago. Jakina, Ozeano Atlantikoaz gertatu zen bezala, Bizkaiko Golkoaren eraketa prozesua ere konplexua izan zen eta oraindik ez dira zehaztasun guzriak ondo ezagutzen.
Hala ere, egungo Europaren hego-mendebaldeko banaketa geografikoa ekarri zuten mugimendu tektonikoen garapena hiru etapa nagusitan (13. eta 14. Ird.) bil daiteke, ondoren oso era sinplean azaltzen direnak: a) Jurasiko Berantiarrean eta Kretazeo Goiztiarrean zehar, Barremiar bertararte, erriftinaren hasiera gertatu zen era itsasoa lehorraldera barneratzeaz batera Weald Hobiak garatzen hasi ziren (13. Ird.). Banaketa paleogeografikoa, gaurkoaz konparatuz gero, oso desberdina zen (14. Ird.). Berriasiarrean, esaterako, Bizkaiko Golkoa zabaltzeke zegoen oraindik eta Iberiar Penintsula iparralderantz biratuta zegoen; hori dela eta, Galizia ia Bretainiaren parean eta Terranovatik oso gertu zegoen.Kretazeo Goiztiarrean zehar Ipar Hemisferioko plaken mugimendua areagotu egin zen. Horren ondorioz, Valanginiarrean zehar, Atlantikoa zabalduz zihoan heinean, Terranova eta Iberia elkarrengandik aldendu egin ziren. Une horretan Iberia eta Europaren bitartean Dortsal Atlantiarrari lotutako faila transformatzaile garrantzitsu bat azaldu zen. Faila honek higidura diferentziala sortzen du bi plaka hauen artean. Mugimendu honek Euskal Herrian eragin handia izan zuen: arroa zatitu egin zen, alde sakonak eta alde altxatuak, hots, blokeak eta ildoak, sortuz.
Egitura hauek Weald eta Urgoniar formazioak ezartzeko baldintzak prestatu zituzten.
Bestalde, faila transformatzailea lurrazal ozeaniko berria eratzen hasi zen V forma duen lurralde batetik abiatuz.b) Kretazeo Goiztiarraren azken sasoietan, Aptiar eta Albiarrean hain zuzen, hedapen ozeanikoa areagotu egin zen. Honen ondorioz, Euskal-Kantauriar Arroan blokeek eta ildoek bereizten jarraitu zuten. Banaketa tektoniko bonek banku urgoniarren eraketa bultzatu zuen (13. Ird.). Orduko paleogeografiari begiratuz gero zera ikus dezakegu, Albiarrean Plaka Iberiarra eta Europarra zeharka mugitu zirela elkarrengana hurbilduz (14. Ird). Kretazeo Berantiarrean zehar Ipar-Hegoalde norabideko hedapen-fase bat (spreading) izan zen eta, hortaz, Europako eta Iberiako plakak elkarrengandik urrundu egin ziren, Distentsio tektonikoaren ondorioz, Albiar berantiarretik Eozenora arte Euskal Kantauriar Arroak hondoratze distala pairatu zuen, honek flysch ildoen garapena erraztu zuelarik (13. Ird.). Maastrichtiarrean, esaterako, Plaka Iberiar eta Europarraren arteko elkarrekiko urruntze mugimendua nabaria da (14. Ird.). Bestalde, bedapenaren ondorioz Golkoaren mendebaldean material basaltiko berria agertu zen, hots, lurrazal ozeanikoak eratzen jarraitu zuen. Lurrazal kontinentala, berriz, asko mehetu zen, eta horrela eraturiko arro sakonetan material asko metatu zen (Kretazeo berantiarreko fh/schak). Lurrazal kontinentalaren mehetze hau ez zen lurrazal ozeanikoa agertzeko adinakoa izan, baina bai ekintza bolkanikoak sortzeko adinakoa. Flyschetan tartekaturik agertzen diren harri bolkanikoak iharduera horren berri ematen digute.c) Tertziarioan zehar Plaka Iberiarra eta Europarra elkarrenganantz mugitu ziren (14. Ird.). Gaur egun ere mugimendu hau berdin gertatzen ari da. Bestalde, plaken hurbilketaren ondorioz konpresio fasea gertatu zen. Aurreko etapan golkoaren mendebaldean eta erdialden sorturiko lurrazal ozeaniko berria zein ekialdean meheturiko lurrazal kontinentalaren zati bat Plaka Iberiarraren azpira sartu ziren seguraski (9.Ird.), azpiratze handiena golkoaren mendebaldean eta txikiena elkialdean gertatu zirelarik.
Pirinioetan, berriz, aurreko etapan lurrazal kontinentala gutxiago mehetu zen, eta konpresioak azpiratzerik gabeko talka eragin zuen, Pirinioen mendikatea sortuz.
Konpresio etapa honetan izan zen laburdura 120 kilometrotakoa izan zela uste da.Mugimendu tektonikoen eta plaken jito jarraiaren ondorioz, egun Kantauri Itsasoko lurrazal ozeanikoak 35 gradutako ziri formako egitura eratzen du (15. Ird.) Plaka Iberiarra, bere osotasunean harturik, iparralderantz mugitzen ari da, baina bere barneko hainbat elementuk ez dute norabide hori jarraitzen. Horrela, Euskal Herriari dagokion Plaka Iberiarraren zatia iparrerantz higitzen ari da (eta ondorioz, Plaka Europarra bultzatzen ari da), baina Pirinioen Ekialdeko Plaka Iberiarraren ertza hegoalderantz mugitzen ari omen da. Honek plaken bilakaera eta jitoen konplexutasuna erakusten du.
Pirinioen sorreraren laburpena
Arestian Plaka Iberiarraren gorabeherak eta Bizkaiko Golkoaren eraketa azaldu ditugu, oso era sinplean bada ere. Ondoko lerroetan Pirinioen sorreraz mintzatuko gara.
Pirinioak Plaka Iberiarraren eta Europaren artean zegoen ildoan sortutako elkarrekiko bultzadaren ondorioz sortu ziren. Kasu honetan, Plaka Iberiarraren iparraldeko alderik zabalenean ez bezala, Plaka Iberiarraren ekialdeko erdiak kontinente baten aurka egin zuen talka. Talka honetan lurrazalak nola erantzun zuen ulertzeko, Bizkaiko Golkoa sorrarazi zuen distentsioaren ondorioz plaken ertz kontinentaletako lurrazalak pairatu zuen mehetzea kotutan hartu behar da.Mehetze honek lurrazala ahuldu zuen eta honi esker, gune ahul hori deformatzen ari zen bitartean, Plaka Iberiarrak iparralderantz higitu ahal izan zuen denboraldi batez.
Lehen fase honetan, egungo Katalunia aldean lurralde zabalak urgaineratu ziren eta eskualde piriniarrean irla-kateak ugaritu ziren. Bitartean, Kantauri Itsaso aldeko subdukzioa gelditu egin zen.Egoera honek denboraldi batez iraun zuen. Tarte horretan irla berriak sortu eta zaharrak higatu eta urperatu egin ziren, eta irla kateak lotu eta poliki-poliki lehorraldeaz batuz zihoazen. Une honetan, Iberia eta Europaren arteko golkoa luzea eta estua zen eta Katalunia aldean ixten zen.Plaken arteko talka eta elkarren aurkako bultzada mantendu egin zen eta, bigarren fase batean, estaldura ezezik zokaloa ere tektonikaren eragina pairatzen hasi zen. Horrela hainbat faila garatu ziren, esaterako Oroz Betelukoa, eta baita zamalkamenduak ere.Bultzadaren indarrez Iberian Orogenia Hertziniarrak utzitako zenbait faila birraktibatu ziren. Zamalkamendu eta failamendu nagusiak, hala ere, Pirinioen altxamenduaz batera gertatu ziren. Faila hauetan desplazamendua handi samarra izatera iritsi zen.
Lizarrako failan, esaterako, 15 km-tako desplazamendua gertatu zen, ekialdeko ertza iparralderantz mugitu zelarik.
Azkenik, Pirinioen altxamendua gauzatu ondoren, egun eskualde horretan dagoen banaketa geologikoa finkatu zen (16. Ird.). Banaketa honen arabera, Pirinio aldean Ardatz Eskualdea deritzoguna dago eta bertan arroka plutoniko eta metamorfikoak dira nagusi.
Ardatz Eskualdetik iparrera Iparpiriniar Eskualdea dago eta hegoaldean Hegopiriniar Eskualdea. Bi eskualde hauetan arroka sedimentarioak dira nagusi. Faila nagusi batek, Iruñeako Failak alegia, Hegopiriniar Eskualdea eta Euskal-Kantauriar Arroa banatzen ditu.
Bilakabide Paleontologikoa
Paleontologiak izaki bizien gorpuen eta beren jardunaren aztarnak erabiltzen ditu eskualde bateko ekosisteman gertatutako aldaketak eta garapena berreraikitzeko.
Espezie jakin bat zenbat eta ugariagoa izan, fosilak uzteko aukera gehiago ditu. Are gehiago, urpean lehorraldean baino fosilizazio baldintza askozaz hobeak daude. Izaki biziak gorputz atal gogorrak edukitzeak fosilizazioa errazten duen beste faktore bat da, zati gogorrak alde bigunak baino askozaz iraunkorragoak baitira. Beraz, ez da arraroa itsas izaki bizien fosil asko agertzea; izan ere, itsasoko izaki biziak oso ugariak dira, urpean bizi dira eta sarritan alde gogorrak dauzkate.
Ugaritasunari dagokionez, eskala biologikoan gero eta gorago egon espezie batek ale gutxiago ditu eskualde bakoitzean. Hori dela eta, ornogabeak ornodunak baino askozaz ugariagoak dira, eta elkarte fosiletan berdin gertatzen da. Hasteko, beraz, ornogabeen paleontologia jorratzea komeni zaigu.
Gure ornogabe fosilak lau hitzetan
Luze hitz egin genezake gure ornogabe fosileei buruz, Euskal Herrian fosil ugari baitaude.
Hala ere, eskala geokronologikoa jarraituz ahalik eta laburren azaltduko dugu berriro ere.
Egun ezagutzen diren Euskal Herriko ornogabe fosilik zaharrenak Aldudeetako graptolite siluriarrak dira. Arroka zaharragoak, Paleozoikoaren hasierakoak alegia, metamorfikoak edo plutonikoak dira eta, beraz, beren baitan ez dute fosilik gordetzen.
Siluriarreko materialei gertatu zitzaien bezalaxe, Devoniarrekoak ere sakonera gutxiko itsasoan metatu ziren. Aiako Harria- Bortziri eta Aldude-Kintoa eskualdeetako adin honetako kararriek koral eta brakiopodo ugari dituzte. Brakiopodoen artean arruntenak spiriferidoak dira, eta horien artean gehien agertzen direnak Spirifer eta Leptaena generoetakoak dira (17. Ird.). Baztan aldean, azken hautaz gain, briozoarioak ere agertzen dira, eta hauen artean ezagunena Fenestrella da.
Eskala geokronologikoan gora egiten dugunean Karboniferora iristen gara. Garai hartan Euskal Herriak Orogenia Hertziniarra jasan zuen, ordurarteko euskal itsasoan lehengo irlak eta mendiak altxatu zituena.
Lur berri hauetako paduretan, mundu osoan gertatu zen bezalaxe, klima bero eta hezeak geroago ikatz bihurtuko ziren landaredia-kopuru handien pilaketa ahalbidetu zuen. Hortaz, kararriek koral eta brakiopodoen fosilak dituzten era berean, ikatzetan eta inguruko materialetan landareen fosilak metatzen dira. Devoniarrean gertatu zen bezala, generorik arruntenaSpirifer da eta honekin batera Leptaena generoa ere agertzen da. Arroka Karboniferoak, Paleozoikoko gainerakoak bezala, Aiako Harria-Bortziri eta Aldude-Kintoan azaleratzen dira.
Permiarrean, lehorraldeak higadura garrantzitsua pairatu zuen, ordura arte altxatutako irlak suntsitu egin zirelarik. Hori dela eta, Permiarreko fosilak oso urriak dira gure arroketan. Hortaz, Euskal Herrian ez dago Permiarraren bukaeran mundu osoan gertatutako suntsipen masibo bikoitzaren aztarnarik.Era Paleozoikoa amaitu ondoren, Era Mesozoikoaren hasiera ez zen oparoagoa izan gure eskualdeko arroketan fosilik sortzeko.
Horrela, Triasikoan zehar Orogenia Hetziniarrak altxatutako mendiak higatu egin ziren, harearriak eta konglomeratuak eratu zirelarik. Garai hartan oso klima idorra zegoen eta gatzarriak eta igeltsoak kantitate handietan metatu ziren. Jurasikoarekin batera, berriz, itsasoak aurrera egin zuen berriro eta euskal lurrak estali zituen. Jurasikoan zehar kararriak eta tuparriak metatu ziren eta arroka hauetan izaki bizi asko fosilizatu ziren. Permiarrean eta Triasikoan ez bezala, Jurasikoan fosil ugari sortu zen Euskal Herrian. Brakiopodoen artean ezagunenak, Euskal Herri osoan topa baitaitezke, Rhynchonella eta Terebratula generokoak dira (17. Ird.); lehena, gainera, arras arrunta da. Molusku pelezipodoen artean (17.Ird.) Trigonia generoa daukagu (Euskal Herri osoa), hala nola Pecten delakoa (Gipuzkoa, Bizkaia, Araban eta Nafarroan), Griphaea ostreidoa (Gipuzkoa era Nafarroan), eta Toucasia arrezife eraikitzailea (Gipuzkoa eta Bizkaian). Bestalde, molusku zefalopodoen artean belemniteak dira Epoka Jurasikoaren adierazleak Euskal Herri osoan. Hauez gain, Jurasiko Goiztiarrean badaude ammonoideo batzuk ere (18.Ird.), Hildoceras eta Parkinsonia generokoak alegia. Moluskuez gain, Jurasikoan Pentacrinus generoko ekinodermo krinoideoak ere agertzen dira.Kretazeoan zehar itsasoak aurrera eta atzera egin zuen hainbat aldiz, baina oraindik ingurune itsastarra zen nagusi Euskal Herrian. Kretazeo Goiztiarraren amaieran, garaiko klima epelari esker, euskal itsasoan arrezifeak nabarmen garatu ziren. Geroago, arrezife urgoniar hauek Euskal Herriko mendi askoren (Aizkorri, Gorbeia, Anboto,...) gune geologikoa bihurtu ziren. Kretazeoan Rhynchonella eta Terebratula brakiopodoak agertzen zaizkigu oraindik, baina hala ere ez dira oso ugariak. Molusku pelecipodoak, aldiz, epoka honetan txit ugariak dira Euskal Herri osoan. Horien adibide dira Pecten generokoak, Alectryonia eta Osirea ostreidoak, Toucasia errudistak eta, azkenik, Kretazeo Berantiarreko Inoceramus bibalbio erraldoiak (17. Ird.). Molusku gasteropodoen artean, Kretazeoan arruntenak Turbo dira., baina badaude beste genero asko ere, esaterako Glaukonia Kretazeo Goiztiarrean eta Natica eta Pleurotomaria Kretazeo Berantiarrean (18. Ird.). Molusku zefalopodoen fosilak ere oso ugariak dira eta epoka honetako arroketan oraindik belemniteak agertzen badira ere, ammoniteak ugariagoak dira. Euskal Herriko Kretazeoan ammonite asko ezagutzen dira, horien artean Acanthoceras generokoak. Ammoniteez gain, Araba eta Nafarroako Kretazeo Berantiarraren arroketan Nautilus generoko nautilodeoen fosilak ere agertzen dira (18. Ird.).Euskal Herrian gehien ezagutzen diren fosilak moluskuenak diren arren, eskualde batzuetan ekinodermo krinoideoak ere oso fosil arruntak dira. Horrela, Kretazeo Goiztiarreko fosilik ezagunena Micraster generoa da, Kretazco Berantiarrean Cidaris den bezala (18. Ird.). Esan dugun bezala, Kretazeoko euskal itsasoko ezaugarri geomorfologiko eta geologikoetako bat arrezifeak izan ziren. Arrezife hauen eraikuntzan espezie desberdinek parte hartu zuten: errudistez gain, Kretazeo Goiztiarrean Thecosmilia (kolonia adarkatuak) eta Porites (exakoralarioa) koralarioek, beste askoren artean, eta Kretazeo Berantiarrean Isastres eta Meandrina (kolonia masiboak) koralarioek eta Doryderma espongiarioek.Sakonera gutxiko itsaso kretazikoan landaredia toki jakin batzuetan pilatu zen (Gipuzkoan), geroago lignitoen jatorria izango zirenak eratuz. Toki hauetan ere Orbitolina foraminiferoak agertzen dira.
Fauna mota hau ez da inoiz isolaturik agertzen eta normalean arroka fosiliferoetan espezie fosil desberdinak aurkitzen dira, bertan bizi izandako komunitatearen adierazgarri izan daitezkeenak. Esaterako, euskal itsasoko arrezifeen zenbait fazietan errudistak, gasteropodoak, ekinodermoak eta beste hainbat animali talde elkarrekin bizi ziren.Kretazeoaren amaieran izaki bizi askoren suntsipen masiboa gertatu zen mundu osoan (lehenago aipatu bezala, zenbait zientzilariren arabera espezieen % 75 iraungi zen). Euskal Herria oso eskualde aproposa da suntsipen hauek ikertzeko, Kretazeo/Tertziario muga oso ondo kontserbatuta baitago bai Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldean, eta baita Nafarroan ere. Muga honen sekzioetan ornogabe askoren suntsipen ereduak, amoniteenak bereziki, ikertu dira. Makrofosilez gain, mikrofosilak ere sarritan erabili dira muga ikertzeko. Mikrofosilen artean foraminiferoak eta nannoplankton kalkareoa izan dira jorratuenak.Kretazeoa amaitzerakoan, hots, Era Mesozoikoaren azkenean, Era Zenozoiko deituriko beste era batean sartzen gara.
Zenozoikoaren hasieran (Paleogeno goiztiarrean alegia) Kretazeoan geneuzkan baldintza berberak zeuden, baina laister Orogenia Alpetarraren bultzadak Euskal Herriko egituraketa geologikoa zein paleogeografia, eta ondorioz baita ekosistemak ere, erabat aldatu zituen. Periodo honen hasierako Paleozeno Epokan, hala nola Eozenoko material askotan ere, foraminiferoak ziren nagusi.
Hortaz, Nummulites generoko aleen fosilen metaketaren eta diagenesiaren ondorioz hainbat tokitan kararriak sortu ziren. Eozenoko beste fosil ezagun batzuk Gryphaea eta Ortrea ostreidoenak (17. Ird.), eta Turbo gastropodoenak (18. Ird.) dira. Eozenoan Orogenia Alpetarrak egungo mendiak altxatzeari ekin zion eta itsasoak atzera egin zuen.
Hori dela eta, Oligozenotik aurrera oso itsas arroka gutxi metatu zen Euskal Herrian eta material gehienak lehorraldean pilatu ziren, batez ere Nafarroako eta Arabako hegoaldeko sistema flubial eta lakustreetan.Beste Era batzuez konparatuz gero, Eozenotik hona ornogabe fosil gutxi eratu direla esan daiteke, nahiz eta zenbait tokitan ugariak izan. Euskal Herrian Mesozoikoa ornogabe fosilen era dela esan daiteke (Araba aldean Kretazeo Berantiarreko ornodun asko egon arren), era Zenozoikoa, berriz, ornodunen era.
Omodunen historia luze-laburtua
Arestian aipatu den bezala, Euskal Herriko ornodunen fosilak Zenozoikoan agertzen dira batez ere, Kretazeo Berantiarreko oso aztarnategi onak badaude ere. Jakina, izaki bizien preserbazioaz gertatzen den legez, fosila zenbat eta gazteago izan hainbat eta aukera handiagoa izango du gaur egunera arte irauteko. Horregatik, gure mendietako Kuaternarioko kobazuloetan ornodunen fosil ugari aurkitu dira. Hala ere, Kuaternarioa ezezik Tertziarioa eta Kretazeo Berantiarra ere oparoak dira ornodun fosilen aztarnategietan.Ondoren gure ornodun fosilak azalduko ditugu estratigrafia jarraituz, zaharrenetik hasita gazteenera arte. Euskal Herriko ornodun fosil zaharrenak konodontoak dira eta Nafarroako Karboniferoan topatu dira. Permiar, Triasiko eta Jurasikoari dagozkienez, ornodunen aztarna zuzen gutzi ditugu gure eskualdean, Jurasikoko arrainen (Microdon eta Lepidotes generokoak) hortzak eta fosil banaka batzuk salbu. Hala ere, ezin da suposatu bertan ornodunik bizi ez zenik eta, beraz, bertan bizi ziren gehienak fosilik utzi gabe desagertu zirela esan daiteke. Kretazeoan egoera aldatu egiten da. Kretazeo Goiztiarreko Bizkaiko Weald fazieetan arrainak, klupeomorfoak hain zuzen, agertzen dira eta Billano itsasmuturrean dinosauruen oinatzak daude. Azken hauek Euskal Herriko dinosauruen aztarnarik zaharrenak dira, garai hartan Bizkaiko iparraldeko delta batean dinosauruak bizi zireneko froga alegia.Ikusi dugun bezala, Kretazeo Goiztiarrean ornogabeen fosilak ugariak ziren, baina ornodunen fosilak urriak ziren. Aldiz, Kretazeo Berantiarreko egoera paleontologikoa desberdina da eta ornogabeen zein ornodunen fosilak ugariak dira, azken hauek aztarnategi jakin pare batean kontzentratzen direlarik. Esaterako, Gasteizko Mendateko Campaniarreko arroketan narrasti itsastarren aztarnak aurkitu dira, besteak beste, mosasauru izeneko itsas musker erraldoiaren hortz bat eta itsas dortoken eskapula eta beste zati batzuk. Beranduago, Campaniar berantiar edo Maastrichtiar goiztiarrean, Gazteizko Mendatetik gertu dagoen Trebiñoko Konderrian delta-sistema eder bat garatu zen, hegoaldetik zetorren ibai bat bertan itsasoratzen baitzen, sedimentuak metatuz. Egun, paleontologoak delta honen aztarna diren Lañoko arroketan ornodunen fosil ugari topatzen eta industen ari dira.
Fosilen artean arrain, anfibio, dortoka, musker, suge, krokodilo, pterosaura, dinosauru eta ugaztunenak txit ugariak dira. Lañoko ornodunen fauna Europako Kretazeoaren bukaerako aberatsenetakoa da, eta benan 30 bat espezie arrain, anfibio, narrazti eta ugaztun topatu dira dagoeneko. Ugarienak narrastiak dira, eta hauen artean dortoka eta krokodilo asko daude. Gainera, fauna hau neurri batean bertakoa denez, inoiz inon ezagututako espezieak ari dira agertzen. Esaterako, dortoken ikerketak gutxienez bi familia berri, bi genero berri eta hiru espezie berri daudela adierazten dute. Dortokidae familia dortoka berri hauen adibide da.
Familia honen barruan genero bat dago, Dortoka, eta honen barruan Dortoka vasconica espeziea dago. Beste dortoka espezie berri batzuk aipatzearren, hor daude Polysternon atlanticum eta Solemys vermiculata espezieak ere.Geroago Trebiñoko delta itsas azpian urperatu zen eta lehorraldeko ornodunen ordez ornodun itsastarrak agertu ziren, besteak beste marrazo, mosasauru eta plesiosauruak.
Honek argi uzten du talde faunistikoak ingurune-aldaketen menpe daudela, biosferak eta geosferak izaera dinamikoa baitute.Kretazeoaren amaieran ornogabeei gertatu zitzaien legez, ornodun asko suntsitu egin ziren. Iraungitakoen artean dinosauruak eta itsas narrasti anitz daude. Tertziarioan, beraz, ekosistemak erabat aldatu ziren eta Euskal Herrian fauna berriak agertu ziren.
Fauna hauen aztarna fosilak Nafarroan agertzen dira batipat, nahiz eta Araban ere baten bat agertu. Hasteko, Tertziarioan txorien aztarnak dira aipagarrienak. Aztarna hauek ez dira izaki bizien gorpuen fosilak, inguru lohitsu batean ibilitako hegazti desberdinen oinatzak baizik, Xabier inguruan ikus daitezkeenak bezalakoak. Hala ere, hauek ez dira oinatz fosil bakarrak; izan ere, Olkotzeko Oligozenoko arroketan txerrien antza zuten artiodaktilo entelodontidoek utzitako oinatzak topatu dira.Tertziarioa aurrera zihoan heinean klimak aldaketak eta gorabeherak izan zituen; aldaketa hauek, tektonika eta eustasiaz batera, gure paleogeografia aldatzen ari ziren . Hori zela eta, fauna ere ez zen beti berbera : espezie batzuk beste nonbaitera migratu zuten edo suntsitu egin ziren, eta gure eskualdera espezie berriak etorri ziren edo bertan sortu ziren . Horrela, Miozeno Goiztiarrean Nafarroan bizi ziren Europako azken krokodiloak betirako iraungi ziren. Baina Miozenoan beste animalia asko ere bizi ziren Nafarroan, Monteagudoko aztarnategiak adierazten duen bezala . Bertako igeltsuetan ekidoak, errinozerontidoak, felidoak, dortokak, masodonteak, paleomerizidoak eta suidoak aurkitu dira . Mota honetako aztarnategietan ugaztun handi hauek arruntak dira, baina egungo paleontologoek mikrougaztun ugari ere ari dira topatzen . Horrela, Euskal Herriko
Unibertsitateko Paleontologia Laborategiko paleontologoek aztarnategi garrantzitsuak aurkitu dituzte Nafarroako hegoaldeko Zangotza, Turera, Peralta eta Miranda de Argan . Aztarnategi hauetan egiten ari diren aurkikuntzek balio estratigrafiko handia dute, mikrougaztunen aldea arin eboluionatzen duen fauna osa urik baitago. Areago, Nafarroako Bardeetako Miozenoan, mikrogaztunez gain, antrakoteridoak, dortokak, errinozerotidoak, hegaztiak eta suidoak ere topatu dituzte.
Tertziarioa ornodunen fosiletan aberatsa bada ere, Kuaternarioa are eta aberatsagoa da. Kuaternarioko depositoetan, eta batez ere kobazuloetan eta terraza flubialetan, Pleistozenoko ornodunen fosil ugari agertzen dira. Fauna honek Pleistozenoan gertatutako glaziazioei eta hauekin tartekatu diren sasoi epelei buruzko informazio handia eskaintzen digu. Kuaternarioko depositoetan Hippopotamus eta Paleoloxodon generoetako espezieen fosilak agertzen dira, sasoi epeletan Euskal Herrian bizi ziren animalien erakusle bezala, baina bestalde, glaziazioetan bizi zen Mammuthus generoak utzitako fosilak ere badaude. Kobazuloetako aztarnategietan, bestalde, bobido, ekido, errinozeronte, hienido, felido, kanido, mustelido, ursido eta zerbidoak, beste zenbaiten artean, aurkitu dira. Horrela badakigu, adibidez, Würm III glaziazioan errinozeronte eta elefante iletsuez batera artikoko erbia era glotoia ere bizi zirena. Fauna honi guztiari Pleistozenoaren bukaeran Homo generoa gehitu behar zaio. Espezie honek bere jardueren aztarna ugari utzi ditu kobazuloetan, berak ehizatutako animalien hondakinak barne.Azken glaziazioa amaitutakoan Holozenoan sartzen gara. Epoka berri honen ezaugarri nagusiena gizakiak ingurunea aldarazteko izan duen eta oraindik duen ahalmena eta grina dira, zuzenki edo zeharka biosfera eta geosfera aldatzen ari direnak. Aldaketa hauek gizakiok eragiten ditugu eta espezie askoren kaltetarako gertatzen ari dira.
Fosilizazio ikusgarriak: anbar arabarra
Arestian aipatu dugun bezala, izaki biztek zati gogorrak dituztenean, ugariak direnean eta urpean (batez ere itsasoan edo sedimentuak metatzen dituzten arroetan) bizi direnean, hil ondoren fosiltzeko aukera asko dituzte.
Aitzitik, lehorraldeko izaki bizi askok zati gogor gutxi izaten dituzte oro har, txikiak dira eta gehien bat higatzen ari diren eskualdeetan bizi dira; beraz, hil ondoren fosiltzeko baldintza kaskarrak dituzte. Hala ere, lehorraldeko izaki bizi txikiak zuhaitzen erretxinaren barnean itotzen badira, fosiltzeko aukerak asko igotzen dira. Gainera, anbarra (hots, erretxina fosila) oso material egokia da izaki biziak oso-osorik kontserbatzeko.
Horregatik, anbarra izaki biziak behin hilda kontserbatzeko material egokiena eta egonkorrena izan daiteke.Euskal Herrian ez dago anbar askorik, baina egon badago. Paleontologoek Arabako Kretazeo Goiztiarreko intsektudun anbar azcarnategia ikuspuntu zientifikotik garrantzitsua dela aldarrikatzen dute, anbarrean sortutako fosilen bidez Arabako hegoaldeko bizitza orain dela 100 bat miloi urte nolakoa zen hobeto jakin baitaiteke.Gizakiak aspaldidanik ezagutzen du anbarra, ikatzaz batera edota bikor fineko arroka sedimentario kontinentaletan solte agertzen den koniferoen erretxina fosila dena. Greziar zaharren "elector" edo "eleccruma" maiz erabili izan da bitxiak zein apaingarriak egiteko eta zenbait kulturatan baliabide magiko edota sendagarri gisa erabili izan da.Anbarraren hautsa zein olioa oso erabiliak izan dira mendeetan zehar bihotzeko eta garuneko gaixotasunak, asma, hidropesia, hortzetako mina, epilepsia, lokamutsak eta katarroak sendatzeko, bere benetazko aplikazio terapeutikoak frogatzeke dauden arren. Egungo farmakologian ez du usadio handirik eta bere erabilera bitxitegintzara eta ikerketa paleontologikora mugatzen da hein handi batean. Anbarra normalean oso kantitate txikian aurkitzen denez, eta oso hauskorra denez, anbar-aztarnategi gehienek ez dute balio ekonomikorik izaten. Hau izan daiteke Arabako aztarnategiaren kasua.
Hala ere, aztarnategi bakan batzuetan anbarrak bitxiak egiteko oso preziatuak diren tamaina handiko multzo gogorrak osatzen ditu. Horixe gertatzen zaio, hain zuzen, Baltiko inguruko, Costa Ricako eta Siberiako ikatz-meategietan topatzen den anbarrari, eta balore ekonomiko dexente izatera iristen da. Anbarra, koniferoen erretxina fosilizatua izanik, Karboniferoko arroketan agertzen zaigu lehendabizi, baina oraindik ongi ulertzen ez diren arrazoiak direla medio, intsektudun anbarra Kretazeoari dagozkien geruzetan hasten da agertzen.Balio ekonomikoaz gain, anbarrak balio zientifikoa ere izan dezake, batez ere bere barnean izaki bizien aztarnak gordetzen baditu. Esaterako, Baltikoaren inguruan aspalditik ustiatzen den anbar oligozenoak edukin paleontomologiko handia du, intsektu ugariren fosilak baititu. Bigarren mundu gerra baino lehen anbar honetan 2000 artropodo espezie desberdin aurkitu ziren. Hala ere, aztarnategi hau famatuena izan arren, anbarra Alaska, Kanada, Costa Rica, Libano eta Siberian ere ezaguna da.Intsektuez gain, anbarrak sarritan eduki palinologiko (hots, esporak eta polen aleak) zein paleobotaniko handia izaten du. Anbarraren eduki fosiliferoak, beraz, balio taxonomiko handia izan dezake, bertan hainbat izaki talde ezberdin batera agertzen baitira.
Areago, balio paleoekologikoa ere garrantzitsua izan daiteke, anbar barneko fosilen eta gas burbuilen bidez orduko ingurugiroaren ezaugarri fisiko eta kimikoak jakin baitaitezke.
Honi anbarraren palinomorfoen erabilgarritasun biostratigrafikoa gehitu behar zaio, berauen bidez anbarraren adin erlatiboa zein kokapen estratigrafikoa jakin baititzakegu.Anbarrak oso ongi babesten ditu bere barruan harrapaturik geratu diren gauza guztiak, izaki biziak barne. Horrela, koniferoen erretxinak ito eta estalitako intsektuak zein landareen hostoak oso-osorik daude, usteldu gabe, anbarrak ez baitu oxigenoa sartzen uzten. Honek ez du esan nahi aldaketarik jasaten ez dutenik, baina aldaketa hauek momifikazioaz zerikusi handiagoa dute, minetalizazio-prozesuaz baino. Honi esker, Errepublika Dominikarreko anbar ale batean aurkitutako erle baten liseri aparatutik hainbat espora bakteriano errekuperatu omen dira. Gainera, ikertzaileek uste dute espora hauek, gutxienez 25 milioi urte "lotan" egon ondoren, berpiztea lortu dutela.
Aurkikuntza izugarri hau mikrobiologia zein paleontologia arloetan azken urteotan egin den handiena izan daiteke. Ikus dezagun orain Arabako anbarraren garrantzia zertan datzan. Arabako anbarra duela hamar bat urte aurkitu zen Behe Kretazeoko "Utrillas Fazieetako" aztarnategi batean, baina bere eduki fosiliferoak egin du famatu berriki. Anbar arabarrak eduki entomologikoa handia duela esan daiteke, nahiz eta oraindik aztertzeko prozesuan egon.
Honek garrantzi handia dauka, Euskal Herriko paleontomologiarako aurrerakuntza izugarria izan baitaiteke. Bestalde, anbar arabarrak intsektu ugari eduki arren, anbarrak gordetzen diruen palinomorfoek informazio gehiago eskain dezakete. komunikabideek palinomorfoak soslaiz aipatu badituzte ere, mikrofosil hauek anbar beraren eta berau gordetzen duten arroka sedimentarioen adinari eta garaiko ezaugarri paleoklimatologikoei buruzko datu asko eman dezakete. Oro har, arroka sedimentario gehienek palinomorfo asko eta egonkorrak dituzte baina intsektuen fosil oso gutxi izaten dituzte.
Kretazeo goiztiarra oso garrantzitsua da landareen eboluzioan, garai hartan angiospermoak sortu baitziren. Ordutik aurrera landare asko, angiospermo ugari barne, intsektuen aktibitateen bidez polinizatzen hasi ziren. Funtzio polinizatzaileaz gain, intsektuek beste hainbat aktibitate bete ohi dituzte landareetan (esaterako elikadura, babeslekuen eraikuntza, etab.) eta honek gim- nospermoak erretxina, egun anbar modura topatzen duguna, isuri ditzaten eragiten du.Areago, nahiz eta kararri litografikoetan intsektu fosil banaka batzuk topatu, gehienak, eta hobekien kontserbatutakoak, anbarrean aurkitzen dira zalantzarik gabe.
Hori dela eta, betidanik Kretazeotik aurrerako paleontomologiak anbar aleetan kontserbatutako intsektuetan oinarritu behar izan du gehien bat. Hala ere, egun Lurrean ezagutzen diren 1.4 milioi espezieetatik 750.000 inguru intsektuak diren arren, anbarretik at fosilizatzeko zailtasunak oztopatu egin du proportzio hau fauna fosilean bete dadin. Horregatik, egungo artropodo espezieen ugaritasuna ikusita, orain arte igaro diren garai desberdinetan zehar, eta batez ere Karboniferotik aurrera, antzeko proportzioak egon zitezkeela suposa daiteke.
Suposizio hau intsektudun anbar aztarnategi berriak aurkitzean baieztatzen da maiz, espezie berriak identifikatzen baitira beti. Anbar arabarrean gertaera bera aurrikus daiteke, eta bertan seguruenik intsektu espezie berri asko azalduko dira laster. Arabako material honek, gainerako aztarnategiek bezalaxe, intsektuez gain palinomorfoak, landare zatiak (haziak, enbor-azalak, hostoak,...), ileak eta beste hainbat fosil gordetzen omen ditu.
Lur gaineko Urak
Prozesu geologiko askoren nondik norakoan urak berebiziko garrantzia du. Esaterako, prozesu sedimentarioetan ura dugu ingurunerik zabalduena. Are gehiago, oraindik ere ura eragile geologiko garrantzitsua da Euskal Herrian. Horrela, gure paisaia etengabe aldatzen ari da, eta hein handi batean aldaketa urak eragiten du. Ura, hala zuzenean nola zeharka, eragile geologiko arras indartsu eta arina dugu.Gure planetan ura nonahi agertzen da, bai mineraletan, arroketan zein izaki bizietan.
Hala ere, asko eta leku guztietan badago ere,ur geza garbia ez da baliabide agortezina eta, beraz, txit beharrezkoa da sakontasunez ezagutu dezagun. Ziklo hidrologikoan, ozeano, atmosfera eta lehorraldeko eremuen arteko elkar trukaketan ura etengabe mugitzen ari da denbora geologikoan zehar. Zikloa atmosferan dagoen ur lurrinaren zati bat kondentsatu eta euri, kazkabar edo elur prezipitazio gisa erortzen denean hasten da.
Lurraren gainera ez dira prezipitazio guztiak iristen eta iristen direnen zati bat azalean bildu eta lurrindu egiten da, baina azkenik prezipitazioen parte bat lurrazal gainetik irristatzen da, azaleko eskorrentia modura, eta beste zati bat lurrazpira iragazten da, lurpeko eskorrentia osatuz. Lehenago edo geroago, bai azaleko eskorrentiako ura, bai lurpeko ura, ibai eta erreken bidez, laku eta itsasoetara isurtzen da; ondoren lurrundu egiten da, zikloari berriro hasiera emanez.
Ibai-arroen karakterizazioa
Euskal Herria Iberiar Penintsularen iparraldean eta Frantziako hegomendebaldean kokaturik dago, baina muga politikoak alde batera utzita bi isurialde hidrologiko nagusi bereizten dira, Kantauriarra eta Mediterraniarra alegia. Isurialde Kantauriarra euskal probintzia guztietan hedatzen da; aitzitik, isurialde mediterraniarraren azalera gehiena (9.230 km 1 ) Nafarroari dagokio.Isurialde Kantauriarrak 11.634 km 2 ditu eta bertako urak Kantauri Itsasoan isurtzen dira. Isurialde honetan ibaiak motzak eta malda handikoak dira, mendiak itsasotik oso gertu baitaude. Horrela, 1000 eta 1500 metroko desnibelak 20 eta 70 km eskaseko ibilbide horizontalean egiten dituzte. Hego Euskal Herriko Isuriralde Kantauriarreko ibaiek hego-ipar eta hegoekialde-iparmendebalde norabideak jarraitzen dituzte. Ipar Euskal Herrikoak, berriz, hegomendebalde-iparrekialde norabidekoak izaten dira Adour ibaiarekin batu arte, eta azken honek gainerako ibai kantauriarren norabide bera betetzen du.Isurialde Mediterraniarrak guztira 11.970 km 1 ditu eta bertako urak Ebro ibaira doaz, azkenik Mediterraneo itsasoan isuriak izateko.
Nahiz eta isurialde honetako hainbat ibai Pirinioetan hasi, Mediterraneorantz doazenek Isurialde Kantauriarrekoek baino ibilbide luzeagoa dute eta, ondorioz, batez besteko malda txikiagoa dute. Ibaien norabide nagusia iparmendebalde-hegoekialdekoa da, nahiz eta ibai asko, batez ere Pirinioetatik behera datozenak, Ebro ibaiarekiko perpendikularrak diren azken honekin batzerakoan.
Euskal Herriko arro hidrografikoen morfometria
Euskal Herriko isurialdeak hainbat arrotan banatzen dira. Arro hauen azterketa morfomerrikoak arroen arteko konparaketa ahalbidetzen du. Azterketa morfometrikoak eiteari dagozkion ezaugarriak, analisi linealak, erlibearen ezaugarriak eta analisi globalak biltzen ditu.Eitea deskribatzeko indize desberdinak erabiltzen dira, horietako bat trinkotasun indizea izanik. Trinkotasun indizearen (Kc) balio minimoa 1 da eta arro zirkular bati dagokio; arroa erdizirkularra denean trinkotasun indizeak 1,157 balio du. Eite aldetik Isurialde Kantauriarreko arroak azalera txikikoak eta eite luzatukoak dira. Isurialde honetako arroen Kc balioa altu samarra izaten da, hala nola, Bidasoakoa 1,74, Urolakoa 1,733, Arratiakoa 1,285 eta Ibaizabalekoa 1,428. Aldiz, Isurialde Mediterraniarreko arroek azalera handiagoa era eite borobilagoa dute. Isurialde honetako arroen Kc balioa, orokorrean, beste isurialdekoena baino txikiagoa ohi da.Bestalde, azterketa linealerako ubideen hierarkizazio-maila ikertzen da. Arroko sareko ubideak hierarkizatzeko ere zenbait indize dago. Esaterako, Adarkatze Erlazioa (Rb) maila jakin bateko ubide kopuru totalaren eta hurrengo maila nagusiko ubide-kopuru totalaren arteko erlazioa da. Arroa uniformea denean Rb indizeak aldaketa gutxi izaten du. Izan ere, kontrol geologikoak eragin handia dauka adarkatze erlazioan eta, hortaz, arroa litologikoki heterogeneoa denean aldatzen da gehien Rb indizea. Arro uniforme batean Rb indizea 3 eta 5 bitarteko balioetan mantentzen da, arroaren homogeneotasuna erakutsiz. Euskal Herriko arroetako ubide-sareek heterogeneotasun handi samarra erakusten dute. Adibidez, Nerbioi ibaiko Arro Garaiaren ubideketaren datu kuantitatiboek oso Rb indize aldakorra erakusten dute, 1,0 eta 6,0 artekoa hain zuzen ere. Indizearen aldakortasuna arroaren heterogeneotasun litologikoaren ondorio da.
Horrela, arroaren goi aldean ubideek Goi Kretazeoko kararriak zeharkatzen dituzte, maila nagusietako ubideek material iragazkaitz wealdentseak, urgoniarrak eta gainurgoniarrak zeharkatzen dituzten bitartean.Ubideen kokapena ere ingurune geologikoari lotuta dago. Nerbioi-Ibaizabal arroan honen adibide ederra dugu: arroaren hegomendebaldean bategite angelu gehienak balio txikikoak dira, sare dendritikoa deitzen dena eratuz. Aldiz, Ibaizabal azpiarro osoko eta Nerbioiren barrualdeko bategiteak angelu zuzenekoak dira eta sarea errektangularra da.Geruza horizontalek edo okermendu txikia dituzten egiturek ubideketa dendritikoa eratzen dute, eta Nerbioi-Ibaizabal arroaren hegomendebaldean, Amurrioko Monoklinalean hain zuzen, horixe gertatzen da: geruzak hegomendebalderantz okertzen dira leunki (<251). Bestalde, ubideketa sare errektangularra angelu zuzenean elkar ebakitzen diren faila edota hausturen ondorioz sortzen da, Ibaizabalen azpiarro osoan eta Nerbioiren barrualdean gertatzen den bezala.
Erliebearen ezaugarriak mugatzeko, azterketa hipsometrikoen bidezko integral hipsometrikoa eta higadura integrala erabiltzen dira. Kalkulu hauen adibiderik interesgarriena arroko arroken bolumenaren banaketa maximotik minimoraino adierazten duen kurba hipsometriko portzentuala da. Izan ere, integral hipsometrikoa Krb delakoaren azpian kokaturiko azalerari dagokio . Grafikoaren azalera totala higadura hasi aurreko arroka bolumen totalari dagokiola suposatuz, kurbaren azpiko azalerak higatu ez den arroka bolumena adieraziko luke . Era berean, kurbaren gaineko azalerak, higadura integralak alegia, higaduraren eraginez kendutako arroka bolumena adierazten du.
Azkenik, azterketa globala burutzeko tresna nagusiak ubideketaren dentsitatea, ibaien dentsitatea eta ubideratzeko oztopoen mapa dira. Alde batetik, arro bateko ubideen luzera totalaren eta arroaren azaleraren arteko erlazioari ubideketaren dentsitatea deritzo eta, bera , luzeraren alderantzizko neurriak dauzka. Besterik, ubide-segmentuen kopuruaren eta ezarritako azalera unitatearen arteko erlazioari ibaien dentsitatea deritzo.
Azkenik, magnitude kurben pilaketa anomaloek ubideratzeko oztopoak definitzen dituzte eta magnitude bereko ubide-segmentuen banaketa ubideratzeko oztopoen mapa kartografikoan adierazten da, bategiteen maiztasuna fenomeno geologikoez erlazionatzen saiatu ondoren.Bizkaian oztopoen bi adibide adierazgarri daude. Alde batetik, ipar/iparrekialdehego/hegoekialde norabideko Orduña- Larrauri-Bakioko diapiroak eta bestetik, Murgia-Gernikako lerrokapenekoak daude, fenomenoak erlazionaturik daudela adieraziz.
Ibaia higadura, garraio eta sedimentazioaren eragile
Ibaiak eragile geologiko eta geomorfiko handiak dira. Hau beste atal batean aztertu dugun arren, ondoren egun Euskal Herriko ibai higadura, garraio eta sedimentazioaren egoera aipatuko ditugu laburki.Isurialde Kantauriarreko arro askoren bukaeran sedimentazio-betetze prozesuan dauden zenbait itsasadar eta estuario daude.
Honen adibide ezagunenetakoa Gernika- Mundakako estuarioa dugu. Estuario honen betetze prozesuan berezko eraginak eta gizakionak batu dira. Berezko kausen artean ibaiek, olatuek, mareek eta itsas korronteek ekarrirako sedimentuen pilaketa dugu. Haizeak ere eragin handia izan dezake, egun Gernika-Mundaka estuarioan ikus daitekeen legez. Bertan, haizeak Laidako hondartzako harea estuarioan barrena bultzatzen du. Mercadillo, Gobelas eta Butroiko ibaiahoetan antzeko fenomenoa gertatu ohi da, La Arena, Artaza era Gorlizko hondartzetako duna fosilek, hurrenez hurren, erakusten duten bezala. Bestalde, higadurak sortutako materialetan gizakion eragin nabarmena ikusten da. Azken bi mendeotako baso mozketek areagotu egin dute lurzoruaren higadura eta, ondorioz, ibaiek garraiatzen duten sedimentu kantitatea asko igo da, sedimentu hauek estuario asko bete eta gainezkatu egin dituztelarik.
Euskal Herriko Baliabide Geoekonomikoak
Lurraren konposizioa, egituraketa eta dinamika besterik gabe interesgarria da. Baina are interesgarriagoa da Geologia, aplikazio ekonomikoa ematen zaionean.
Gure gizartea neurri handi batean jarduera geoekonomikoaren menpe dago, eskualde baten baliabide natural asko geologikoak izan baitaitezke. Sarritan, lehengai naturalak baliabide geologikoetarik datoz zuzenean.
Horregatik, interesgarria da Euskal Herriak dituen baliabide geologikoak, laburki bada ere, azaltzea.
Baliabide Mineralak
Geologiaren aplikazioen artean garrantzitsuenetariko bat eskualde bateko baliabide naturalen inguruko informazioa ematea da. Zibilizazioen historian garrantzi handia izan dute mineralek eta maiz herri baten botere politikoa, militarra eta ekonomikoa hauen erabileraren araberakoak izan dira. Erromatarrak, esaterako, eskualde bateko mineralak aurkitzeko eta ustiatzeko trebetasun handia izan zuten. Euskal Herrian ere utzi zituzten meagintza aztarnak, Oiartzungo Arditurriko meatzak kasu. Egun, egoera neurri batean aldatu bada ere, zenbait mineral, uranioa eta petrolioa kasu, botere ekonomiko eta militanaren giltza izan daitezke oraindik ere. Azter ditzagun, beraz, Euskal Herriko baliabide mineralak.Euskal Herriko geologia, hots, bere ezaugarri litologiko, paleontologiko, estratigrafiko eta tektonikoak azaldu ondoren ezaugarri mineralogikoak aztertu beharra dago. Baliabide mineralak gizakiak bere onurarako erabili ohi diruen lurpeko lehengai guztiak direla esan genezake. Hauetariko batzuk ezin dira zuzen-zuzenean industri-prozesuetan sartu. Horretarako, aurrerik landu egin behar dira metal erabilgarri bihurtu arte.
Adibidez, Sidcrita (Fe), Galena (Pb) eta Esfalerita (Zn), hurrenez hurren dauzkaten burdina, beruna eta zinka erauzteko landu beharreko mineralak dira. Beste batzuk, berriz, aurretratamendu berezirik gabe erabiltzen dira industrian, funtsezko gai zein gehigarrizko gai bezala, adib., Fluorita, Barita, Magnesita eta Klorita. dira horietarikoak.
Interes energetikoa dutenak ere sartzen ditugu baliabide mineralen taldean, hala nola, uranio gaiak, ikatzak eta gas naturalak.
Hauek gaur egunean eta krisi energetikoa dela medio izugarrizko garrantzi geoestrategikoa lortu dute. Laster talde honi ura ere erantsi beharko zaio, gero eta baliabide geologiko preziatuagoa baita.
Azkenik, miralen antzerako egoera gertatzen da hainbat arrokekin; batzuk landu egin behar dira eta beste batzuk zuzenean erabil daitezke. Horregatik, eraikuntzan (etxe eta errepidegintzan, esaterako) erabiltzen diren materialak ere geobaliabidetzat hartzen ditugu. Euskal Herriko lurpea aberatsa da zenbait gai mineraletan eta historian zehar bertako meatzaritzak izan duen garrantzia dugu esandakoaren lekuko.
Garrantzi hau erakusteko adibide asko eman daitezke baina banaka batzuk baizik ez ditugu aipatuko, kronologikoki araututa. Batetik, eta aurrerik aipatu legez, Oiartzungo Arditurriko meatzeak (Gipuzkoa) : erromatarrak bertan aritu ziren berunaren eta zilarraren erauzketan. Bestetik, Karrantzakoa (Bizkaia) dugu, berunaren meatzaritzaren aldizkako gune izandakoa XVI. mendetik aurrera. Hirugarren adibide Arrazola eta Aralarreko (Gipuzkoa) ustiaketak ditugu, hauetan kobrea eauzi baitzen XVIII. mendean.Azkenik, ezin aipatzeke utzi euskal gizartearen bilakaerarako garrantzi handikoa izan zen Bilboko Ezkerralde eta Enkarterriko burdingaien meatzaritza, Euskal Herriko meatzaritza garrantzitsuena izan dena.Baina baliabide geoekonomikoak ustiatzearekin batera hauen garrantzia eta erabilera aldatuz joan da. Gaur egun arroka eta mineral industrialek dute lehentasuna eta, ondorioz, betidaniko meatzaritza murriztu egin da. Izan ere, gutxi dira gaur jardueran dauden meatzak. Nafarroako Eugikoa dateke adibide aipagarrienetako bat.
Euskal Herrian gai industrialak oso ugariak dira, baina ez, ordea, gai mineralak.
Bestalde, meatze askoren agortzeak edo errentagarritasun galtzeak ustiaketa etenarazi du maiz askotan.
Gai metalikoak
Eskualde bateko geobaliabideak eta eskualdearen geologia oso loturik daude.
Euskal Herriko bilakabide geologikoan zehar sasoi bitan gertatu da nagusiro mineral metalikoen eraketa. Garai metalogenetiko biok hauek dira: Paleozoikoa (Devoniar- Karboniferoan, batez ere) eta Kretazeo Goiztiarrean (Aptiar-Albiar Aroetan hain zuzen), sasoi hauetako gertaera geologikoek gai metalikoen sorrera eta bilketa ahalbidetu baitzuten. Gai metalikoen artean garrantzitsuenak burnia, kobrea, beruna, zinka, fluorra eta barioa dira.
Paleozoikoko arroketako gai metalikoak
Esan bezala, Euskal Herriko ekialdean daude Paleozoikoko arroketako azaleramenduak (2. Ird.). Beraz, Paleozoikoari dagozkion aztarnak Pirinio eta honen inguruetan (Aldude, Bortziri, Larrun eta Aiako mazizoetan) kokatzen dira. Horietariko batzuetan merkurioa, kobrea, uranioa, barioa eta gisako mineralak aurki daitezkeen arren magnesio, berun-zink-fluor (Pb-Zn-F) eta burnizkoak dira maizenik topa daitezkeen bilguneak.Pirinioetan, eta are gehiago, Aiako Harriaren mazizoaren inguruko arbel paleozoikoetan zehar Pb-Zn-F aztarnak oso ugariak dira. Aiako Harriaren inguruan, bai Nafarroa aldean (Bera, Lesaka, Igantzi, Arantza, Goizueta) eta baita Gipuzkoa aldean ere (Irun, Oiartzun,..), mineralizazio prozesu sakonak gertatu dira plutonismo eta metamorfismoari loturikoak. Horregatik, bertako materialak, batez ere arbelak, oso aberatsak izan ohi dira Pb-Zn-F elementuetan.
Arbelak ugarienak diren arren, batzuetan, geruza itxurako biltzeak ere badira mineralizazio egituren artean. Hau nola gertatu zen ez da erraz azaltzen den gauza, prozesua konplexua izan baitzen. Hala ere ikerlari zenbaiten ustez, Aiako stock granitikoak bertan kokatu zenean elementu horiek birmobilizatu egin zituen eta Orogenia Hertziniarraren distentsio etapetan sorturiko hausturetan bilarazi zituen. Hau dela eta, lurralde horretan aztertu diren aztarna gehienak granitoarekiko zonaketa bat erakusten duten filioi edo betak dira: granitotik hurbilen kokatuta daudenen artean Siderita (Fe) eta Esfalerita (Zn) dira ugarienak, granitotik urrunen kokatuta daudenen artean, berriz, Fluorita (F) eta Barita (Ba) ditugu, eta erdikon artean Esfalerita (Zn) eta Galena (Pb). Oiartzungo Arditurrin "Compañia Asturiana de Zinc, S. A." delakoak lurpeko zein lur gaineko ustiaketan luzez aritua da mineralaren biltzeko planta ere bertan izan duelarik.Baina orain arte aipatutako mineralak ez dira bakarrak era honetako arroketan. Izan ere, Paleozoikoari loturiko burdina (Fe) aztarnarik ere badago. Ahatik, aztarna horiek ez dute aurrekoek (Pb-Zn-F) beste interes ekonomikorik izan. Mineral honen azken ustiaketa, Lesakako "Mina Leyn" izenekoan burutua, arbel karbonifero eta arroka bolkaniko basikoekin nahasiriko burdin oxidoena izan zen. Laburbilduz, Paleozoikoari lotutako gai mineral nagusiak beruna, zinka eta fluorrarenak izan dira, nahiz eta burnia, kuprea eta beste zenbait ere agertu.
Triasikoko arroketako gai metalikoak
Aipatu beharrekoak dira baita ere Triasikoari dagozkion mineralizazioak nahiz eta neurri batean behintzat Paleozoikokoak bezain garrantzitsuak ez izan. Triasikoko materialak ugariak dira Euskal Herrian eta batez ere diapiro gisa agertzen dira. Hauetariko diapiro batzuetan (Urduña, Murgia...) berun-zink (Pb-Zn) aztarnak daude eta beste batzuetan, berriz, (Zizurkil, Tolosa...) burdina (Fe) aztarnak dira. Lehenengoen genesiari dagokionez zera uste da, Triasikoko material arinek gora egiterakoan zeharkaturiko material urgoniarraren berun-zink elementuak birmobilizatu eta berriro bildu dituztela. Bigarrenen genesiari dagokionean, Triasikoko materialetan tartekaturik dauden harri bolkaniko basikoen (ofitak) burdingaiak Magnetita edota Hematita moduan askatu direla pentsatzen du hainbatek.
Kretazeoko arroketako gai metalikoak
Paleozoiko eta Triasikoko arrokei loturiko gaiak baino ugariagoak dira Kretazeoko arroketako aztarnak Euskal Herrian. Izan ere, leku askotan azaltzen dira era honetako mineralizazioak, burdingaiak batez ere.
Mineral honen bilgune zabalenak Bizkaiko mendebaldean daude eta Lehenengo Sistema Biosedimentario Urgoniarrari (Bedouliar azpiarokoari, hain zuzen) daude loturik.
Burdingaien bilgunezabalenak Bilboko itsasadarraren hegoaldean daude hedatuta (Sopuerta, Galdames, Basauri.) eta Siderita, Goethita edo oxido-hidroxido eran azaltzen dira. Mineralizazio hauek Aptiar- Albiar denboraldian plataforma giroan ezarri ziren kararri eta harearri karetsuetan gertaturiko ordezkamendu diagenetikoan dute jatorria. Lurralde honetan izan den lur gaineko ustiaketarik zabalena Gallartakoa izan zen. Ustiaketa honek baina lurpean jarraitu behar izan zuen Sestaoko Labe Garaietako mineralaren % 65 hornitu ahal izateko. Bestalde, Bigarren Sistema Urgoniarrari (Gargasiar azpiarokoari, hain zuzen) loturiko burdingairik ere badago, Somorrostro-Muskizen esaterako, baina lehenengo sistemakoak baino urriagoak dira.Baina burdingai aztarnez gain badira Kretazeoko arroketan beste gai mineral batzuk ere. Esaterako, Pb-Zn aztarnak Bigarren Sistema Urgoniarrari dagozkionak eta kararri, kalkarenita eta margetan batez ere tartekaturik azaltzen direnak. Aztarnotan ugariak diren Esfalerita (Zn) eta Galena (Pb) mineralak Dolomitarekin (Fe, Mg) batera agertu ohi dira, batzuetan Fluorita (F), Barita (Ba) eta Silexa ere egoten direlarik. Aztarna hauen genesia diagenetikoa da, nahiz eta gerora birmobilizazioak gertatu; hau dela eta, aztarnok morfologia bi aurkezten dituzte: geruzei loturiko era taularrekoak eta beta erakoak. Era taularrekoak maila batzuetan izandako ordezkamenduz paleokanalak zein paleokarstak eratu diren bitartean, beta erakoak beranduago gertatu zen Orogenia Alpetarraren Fase Piriniarraren distentsio faseetan sorturiko hausturak betez sortu ziren.Kretazeoari loturiko mineralizazioak Euskal Herriko leku askotan topa daitezke eta ustialekuak ere asko dira, hala nola, Artzentales, Turtzios, Karrantza, Mañaria, Atxondo, Aulestia eta Berriatua Bizkaian, Itziar, Arrasate, Aizkorri, Katabera. Mutiloa, Legorreta, Amezketa eta Andoain Gipuzkoan eta Araitz Nafarroan.Sistema Urgoniarrei loturiko gai mineralak ugariak badira ere, ez dira bakarrak. Sistema Gainurgoniarraren (Aro Albiar ertain eta berantiarra) material detritikoetan sulfuro asko ageri da modu barreiatuan. Sulfuro hauek zenbait kasutan birmobilizatu egin dira eta Orogenia Alpetarreko Fase Piriniarrak utzitako distentsio hausturetan beta modura bildu dira. Hauxe dugu Galdakaon (Bizkaia) eta Baranbio-Legution (Araba) ustiatu izan diren Pb-Zn sulfuroen aztarna batzuren genesia, eta baita ere Atxondon (Bizkaia) dauden Fe-Cu sulfuroen aztarnena.
Guztira, Kretazeoko arrokekin loturiko gai mineralen artean burnia, kuprea, beruna, zinka, fluorra, barioa, estrontzioa era piritak dira aipagarrienak.
Eozeno-Oligozenori loturiko gai metalikoak
Esan bezala, Paleozoiko eta Mesozoikoko arroketan gai metalikoak ugariak eta arruntak dira. Ez dira ordea bakarrak, Zenozoikoan ere agertzen baitira, nahiz eta kantitate txikian. Beraz, gai metalikoekin amaitzeko eta beranduen mineraldu diren gai metalikoak aipatzearren, Nafarroan ditugu, Lizarraldeko Urantzia herriaren inguruan (Otiñano, Desoio, Ubago, Mues, Suruslada...) Zenozoikoko gai metalikoak. Gaiok Goi Eozeno—Oligozenoko material detritikoetan (harearriak, konglomeratuak) barreiaturik azaltzen diren kobre karbonatoak (Azurita eta Malakita) dira eta iraganean ustiatu baziren ere gaur utzi egin zaio meatz lanari.
Bada aztarnaren bat gehiago Euskal Herriko hegoaldean baina oso txikia eta interes ekonomikorik ez duena.
Gai energetikoak
Industriarako lehengai izan daitezkeen mineral metaliko eta ez-metalikoez gain badaude energia eman dezaketen mineralak.
Talde honetan energi iturri bezala interesa duten zenbait gai sar daitezke, hala nola, uranioa, ikatzak eta hidrokarburoak. Mineral erradiaktiboak (uraniogaiak) ez dira ugariak Euskal Herrian. Nafarroan eta Iparraldean zenbait aztarna aurkitu dira baina egindako azterketek mineral horien erauzketa momentuz ekonomikoki errentagarria ez dela frogatu dute.Bestalde, harrikatzak ere ez dira oparoak gure herrialdean. Ikatza leku batzuetan erauzi izan da ; eskala txikiko ustiakuntzak izan dira beti, ia-ia artisau-lanak, "gaitasun kaloriko" txikiko lignito eta zoikatzak ateratzeko.
Lignito hauek Behe Kretazeoko (Weald eta Gainurgoniar konplexuetako) serie arbeltsu eta hareatsuetan kokatzen dira maizenik; ondoko lekuetan ustiatu izan da besteak beste: Bizkaiko Maruri, Zeanuri Zornotza eta Otxandion, Gipuzkoako Deba, Zestoa, Zarautz, Aia, Hernani eta Andoainen, Arabako Murgian eta Nafarroako Anuen. Kretazeo Berantiar eta Zenozoikoari loturik ere azaltzen dira batzutan harrikatz hauek, Arabako hegoaldean (Ibarbeia, Urizaharra eta Montorian) batez ere.
Nolanahi ere ikatzen ustiakuntzak garrantzi txikia du Euskal Herrian, ondorioz kanpotik ekarri behar izaten delarik.Baina hidrokarburoak ikatzak baino gai energetiko oraindik ere garrantzitsuagoak dira gaur egun. Ahatik, hidrokarburo likidoei dagokienean ez dirudi Euskal Herrian ahalbide handirik dagoenik, azken urteotan petrolioa topatzeko makina bat zunda (Ubidean, Urduñan, Anatian, Araba osoan zehar eta itsas plataforman) egin diren arren. Itsas plataforman buruturiko azterketen arabera 8.000 upel petrolio atera litezke egunean, eta honek ez du aztarna errentagarri egiten, gaur egun, behinik behin. Hala ere, ugariak dira zenbai lekutan era honetako hidrokarburoen oxidazioz eta solidifikazioz sorturiko asfaltoak, batez ere, Arabako hego eta ekialdean (Maeztu, Kanpezu, Kones, San Roman, Urizaharra eta Bernedo) dauden Goi Kretazeo eta Zenozoikoko kararri eta kalkarenitetan. Aitzitik, hidrokarburo gaseosoen aldetik etorkizunik badagoela ikusi da azken urte hauetan Euskal Herriko itsas plataforman (Bermeoren aurrez aurre) topatutako gas metategia dela kausa. Hona hemen EMAHA-CADEM (Energia eta Meatzen Aurrezte eta Hazkuntzarako Aztertegia) delako erakundeak zioena: "hilabete batzuetako lanaren poderioz, 1980ko urrian eta Bermeotik 12 bat kilometrora, 'Gaviota' deritzan gasategian berezko gasa azaldu zen.
Inguruko beste zenbait tokitan ikerketa lanetan jarraierazteko hainbat bazen gas hura, bai presio aldetik, bai ugaritasun aldetik ere. Bi urte t'erdiren barruan, eta zenbait putzutako emaitzak kontutan harturik, badirudi arrazoizkoa dela aprobetxamenduaren itxaropena. Hortaz, aurkitutako gasategiko berezko gasa ateratzeko egin asmo den gasaketa programaren indargarrietako bat izango dela susmatzen da".
"Gaviota"ko gas natural kantitatea une horretan 12.000 milioi m 3 -koa zen, 12 milioi T.E.P (Petrolio Tonaren Baliokidea) hainbatekoa. Aurkikuntza honek balio ekonomiko handia edukitzeaz gain, gasategia oso leku estrategikoan kokaturik dagoela azpimarratu behar da. Izan ere, hornidura ziurtatzeak garrantzia aparta baitauka gasifikazioaren garapenari eta begira horretara iristeko, bai norberaren hornidura, bai probisio iturri eta sistemen desberdintasuna, komertzializazio taxuketa ona eta banaketa sare eta gasodukto egokiak behar dira.
Gai ez-metalikoak
Euskal Herriko gai ez-metaliko nagusienak andaluzita, asbestoa, dolomita, igeltsoa, klorita, magnesita eta silbita dira. Talde honen barruan aztarnarik garrantzitsuenetariko bat Nafarroako magnesitena (MgC03) dugu. Aztarna hau Eugi aldeko Asturretan kokatzen da, erauzlanak bertan burutzen dira baina magnesitatik erregaitzak ateratzeko mineral lanketa Zubirin egiten da. Guztira, aztarna honek 12 x 4 kilometrotako zenroa betetzen du. Geruza itxurako aztarna da, 80 metroko lodiera duena eta alboetan dolomiak dauzkana. Minerala oso lege handikoa da (% 40-45 MgO-tan) eta lagin bat hartuz gero txandaketa erritmiko diagenetikoa bereizgarri bezala duela ikusten da.
Eugiko aztarna hau Europan den magnesita aztarnarik zabalena dugu eta Karboniferoko Serpukhoviar/Bashkiriar Serietako kararri eta dolomietan dago tartekaturik.Baina hau ez da Nafarroan dugun gai ez-metalikoen aztarna bakarra. Beste aztarna garrantzitsua Iruñerrian dugu, Siena del Perdon izeneko meatzean (Nafarroako Potasak).
Bertan K-Mg gatzak ustiatu dira. Magnesiten kasuan bezala, aztarna geruza itxurakoa da. Erdi Eozenoko Estaia Lutetiarreko gatz eta margetan kokaturik dauden silbinitazko (potasio klorurotan aberatsa den harria) bi metroko kapa bat eta karnalitazko (magnesio eta potasio kloruro hidratatua) hamabost metroko beste kapa bat agertzen dira aztarna honetan. Erauzlanak lurpean burutu dira, horretarako kilometro askotako galeriez baliatu direlarik. Enpresak hartutako kontzesioa 99 milioi metro karratutakoa izan da. Hortaz, kontzesioaren barruan Beriain, Astrain, Biurrun, Undiano, Galar eta abarretako udalerriak sartu ohi dira. Iraganean urteko produkzioa 450.000 tonaraino (KCI) iritsi zen. Erreserben urritzearekin batera ekoizpenak behera egin zuen. Gaur egun itxita daude.Aipatu bezala, aztarnen geometria eta eitea aztarnen genesiari loturik dago. Orain azaltzen ari naizen moduko aztarnak aurreko garaietako sakonera gutxiko itsaso ur larsaturatuetan eratu ziren. Lurrunketaren ondorioz uretan disolbaturiko gatzak jalki eta bildu egin ziren eta egun ezagutzen ditugun aztarnak eratu ziren. Antzerako aztarna ebaporitikoak Pirinioez hegoalderako beste zenbait tokitan ere azaltzen dira. Carmonako gatzagak ditugu hauen adibide. Ebaporitei hainbat tokitan gatzarri esaten zaie. Gatzagek egun errentagarritasuna neurri handian galdu badute ere aspaldian oso garrantzitsuak izan ziren Euskal Herrian, batez ere Araba eta Nafarroan, Gipuzkoa alde batera utzi gabe.Orain arte aipaturikoez gain badira beste batzuk interes geoekonomikoagatik garrantzi aparta dutenak. Euskal Herriko meatzaritzan garrantzia izan duen sail bat mineral buztintsuena izan da: buztinak keramikarako eta kloritak papergintzarako erabili dira.
Buztinak Gainurgoniarraren serie detritikoetatik erauzi izan dira gehien bat eta kloritak, berriz, Triasikoko diapiroetako buztin eta harri bolkaniko basikoak eraldatzetik sorturiko materialak izaten dira, eta Gipuzkoako Goierrin batez ere erauzi izan dira kaolinaren ordezko moduan erabiltzeko.Ebaporitak aipatu baditugu, igeltsoa ere aztertu beharra dago. Igeltsuak (kaltzio-sulfato urduna) ganantzia du meatzaritzan hartzuria (alabastro) eta kisua egiteko beharrezkoa baita. Igeltsuaren erauzketa diapiroetako harrobietan (Urduñan, kasuz) edo Eozeno Berantiar-Oligozenoko gatzarrietan (Nafarroan, kasuz) burutu da. Ustiratzeko kontzentrazio eta kopuru oenan agertzen ez bada ere, igeltsoa oso zabaldurik dago Euskal Herriko hegoaldean, bai Triasiko, bai Tertziarioari lotuta.Bestalde, Euskal Herrian erauzi izan den beste gaia dolomita (kaltzio eta magnesio karbonatoa) da. Erregaitzen lanketan erabili izan den harria dugu hau. Dolomita kararri paleozoiko eta urgoniarrekin batera agertzen da normalean baina egun garrantzi geoekonomikoa galdu du.Eta bukatzeko, silikato industrialak (asbestoak, andaluzita) aipatu. Hauek badituzte zenbait aztarna Euskal Herrian inoiz ustiatu ez direnak. Asbestoak diapiroetako ofitekin batera azaldu ohi dira, Murgian esaterako.
Interes industrialeko arrokak
Mineralek interes geoekonomiko handia izan arren, zenbait arrokek are interes handiagoa izan dezake. Orain arte industriarako interesa duten zenbait mineral (buztinak, kloritak, dolomiak...) azaldu ditugu. Mineral hauek erabilpen industrial handia dute, esaterako keramikan, papergintzan edota erregaitzetan. Hemen eraikuntzan eta bide azpiegituretan, batez ere, erabiltzen diren materialak aipatuko ditugu.Jarduera urbanistikoetan baliabide mineralak zuzenean edota saieska erabiltzen dira.Autobide, zubi eta tunelgintzan altzairuak (burdingaietatik eratorriak), hareak, harriak (harkazkarrak, irristezingarriak...), asfaltoak, porlanak (kararri eta margetatik eratorriak) erabiltzen dira. Altzairu eta ormigoizko oinarriak, hormetarako buztinezko adreiluak, porlanak, kisua (igeltsutik eratorria), kobre eta berunezko gidatutuak, zuntz mineralezko isolatzaileak, leihoetarako beirak (silikatoetatik eratorriak), arbel eta teilazko (buztin erreak) teilatuak, harri apaingarriak (kararriak, marmolak, harearriak, granitoak...) eta hidrokarburoen eratorriak oinarrizko materialak dira eraikuntzan.Bestalde, nahiz eta Euskal Herrian mineral gehienak urriak izan, interes industrialeko arrokak ugariak dira. Sistema Urgoniarretako kararri eta marga harrobiak porlana eta harkazkarrak ekoizteko erabiltzen dira.Harri apaingarriak Ereñoko harrobiek nagusiki ekoizten dituzte, "marmol" esaten dioten kararri gorriska hornituz; harearri harrobietan (Gainurgoniarrekoek, batez ere) etxegintzan erabiltzen diren harlanduak ekoizten dituzte; beste harearri harrobi batzuetan (Zenozoikokoetan, batez ere), ostera, eraikuntza zein urtzagintzarako hareak erauzten dira, material horiek oso apurkorrak izaten baitira; Triasikoko ofita eta Goi Kretazeoko basaltoetatik irristezin-harriak ateratzen dira bidegintzan oso erabiliak.
Material hauen erauzketak, beraz, garrantzi handia du euskal ekonomiarako.Mineral eta arroken ahalmen ekonomikoa azaltzeko hona hemen duela zenbait urte EMAHA-CADEM erakundeak plazaratutako datu batzuk: egun bertako prozesu industrialek larogeitik gora gai mineral erabiltzen badute ere (aluminioa, wolframioa, titanioa, zirkonioa, antimonioa, molibdenoa, nikela, vanadioa, kromoa, kadmioa, kobaltoa, silizioa, selenioa, zilarra, feldespatoa, fosfatoa, manganesoa, eztainua...) hamabost bat baino ez dira Euskadiko Erkidego Autonomoan bertan azken urteotan erauzitakoak (harea, harearria, asfaltoa, kararria, buztina, marmola, marga, ofita, zoikatza, blenda-galena-fluor, espatoa, gatza, burdina, harkazkar silizeoak, arbelak) aurreko orrietan azaldu legez. Egoera antzekoa da Nafarroan eta Iparraldean. Baina baliabide geoekonomiko guztien artean garrantzi handiena izan dezakeena ura da.
Gai honi helduko diogu, bada, gehiago luzatu gabe.
Lur azpiko urak
Orokorrean hartuta, uren kutsaduraren arazoak batetik eta, ur beharrek bestetik, piztu egin dute lur azpiko uren garrantzia.
Lur azpiko baliabide hidrikoen azterketaz hainbat instituzio, ikerketa talde eta enpresa arduratzen dira egun. Horrela, baliabide hauei buruz lortzen ari den informazioa haziz doa etengabe eta azkar. Lur azpiko urak beste herri askotan aspaldidanik ustiatu eta erabili izan dira. Euskal Herrian, ordea, behar edota plangintza ekonomikoen ezagatik, duela urte gutxi baizik ez da lur azpiko uren azterketarik egin. Hala ere, Nafarroan eta Araban, aurrenik, eta Euskal Herriko gainerantzeko lurraldeetan geroagoago, garrantzia hartuz joan dira lur azpiko baliabide hidrikoak, beharrak bultzatuta.
Izan ere, jolasa, nekazaritza, hiri hornidura edota energiaren ekoizpena helburu dutela, lur azpiko urak gero eta gehiago erabiltzen dira Euskal Herrian egunetik egunera.Azter dezagun orain lur azpiko uren geologia: arroka guztiek ez dute ura beren zehar igarotzen uzteko eta biltzeko ahalmen bera.
Ahalmen hori arrokaren arabera desberdina dela kontutan izanik uren kudeaketa hein handi batean litologiaren eta egitur geologikoaren menpe egongo dela esan daiteke.
Horrela, arrokak iragazkorrak ala iragazkaitzak izan daitezke. Lur azpiko materialen iragazkortasuna ezaugarri garrantzitsuena da uraren zikloari begira. Gaitasun hau uraren zirkulazioa ziurtarzen duten hutsune elkarlotuak egotearen (porotasun efikaza deitua) menpe dago. Horrela, akuiferoek bi porotasun mota izan ditzakete, bikor artekoa porotasuna edo artekaduna. Akuiferoak gune karstiko batean ere egon daitezke kokaturik.Lur azpiko hidrologia, esan bezala, ezaugarri litologikoen eta egitura geologikoaren menpe dago. Horrela, funtzionamendu hidrogeologikoari begira desberdinak dira porotasun artekaduna duten akuiferoak eta gune karstikoetako akuiferoak, karstifikazioak hetereogeneotasun handia ematen baitio arrokari. Karstifikazioa oso zabalduta dago Euskal Herriko arroka karbonatatu gehienetan eta, beraz, arroka hauetako ia akuifero guztiak karstikotzat har daitezke.
Aizkorri, Aralar, Itxina edo Larrako akuiferoak, besteak beste, era honetakoak dira zentzu zabalean.
Akuifero artekadun-karstikoak
Lehentxoago aipatu bezala, ia Euskal Herri osoko karbonatoek nozitzen dituzte karstifikazio prozesuak. Prozesu hauek adin guztietako arroka karbonatatuetan, Paleozoikokoetatik Zenozoikokoetara, gertatzen dira. Estratigrafia lagun, ikus ditzagun orain banan-banan euskal akuifero karstikoak adin talde nagusien arabera:1/ Akuifero paleozoikoak. Iruñeko ipar mendebaldeko arbel, kuartzita eta grauwakei loturiko kararria, dolomia eta magnesitetan daude. Ahatik, arroka karbonatatuak oso sakabanatuta daudenez gero, akuifero karstiko hauetako gehienak, txikiak izanagatik, garrantzirik gabekoak dira. Aipagarrienak Lesakako kararrietakoa eta Asturreko kararri, dolomia eta magnesitetakoa.2/ Akuifero triasikoak. Oso urriak dira eta, beraz, oso garrantzi txikikoak. Daudenak Muschelkalk-eko dolomiei loturik agertzen dira, azaleramendu txiki bezain urrietan.3/ Akuifero jurasikoak. Gipuzkoa eta Nafarroa artean daude (Aralar-Tolosa aldean) batez ere. Hala ere, badira beste zenbait tokitoan munta txikiagoko azaleramenduak, hala nola, Bizkaian (Gernika) eta Pirinioetan (Orhy mendiaren iparraldean).
Arroka jurasiko karbonatatuak (kararriak eta dolomiak) gune tektoniko konplexuetan, erregularki estratifikaturik, tuparriekin tartekaturik, hedadura txikiko azaleramenduetan eta, maiz, Behe Kretazeoarekin batera agertzen dira.Aralar mendizerrak jasotzen duen urteko batezbesteko prezipitazioa 1800 mm-koa da. Eroritako urak Nafarroan eta Gipuzkoan kokatutako arroetara isurtzen dira. Alde nafarrean Iribaseko akuiferoa da garrantzitsuena (67 km 2 ) eta honek duen iturri bakarra emari handikoa da (batazbesteko 2,64 mVsg). Gipuzkoa aldeko akuiferoek iturri asko dituzte baina guztiek Iribasekoak baina emari askoz txikiagoa dute. Arrorik garrantzitsuena Oriarena da, iturritan aberatsa, hala nola, Osinberdekoa (batazbesteko emaria, 0,350 mVseg), Zazpiturrietakoa (0,150 mVsg) eta Aiaiturrietakoa (0,150 mVsg).
Aralar eskualdeko ur-baliabideak 206 Hm3/urteko direla kalkulatzen da. Aralarrez gain, egon badaude beste akuifero jurasiko gehiago, baina guztiak ur baliabidetan apalagoak.Esaterako Andoain eskualdean dagoenak 12 Hm3/urteko emaria duela jotzen da, Tolosa mendebaldekoak, berriz, 4 Hm3/urteko eta Tolosa ekialdekoak, azkenik, 17 Hm3/urteko.4/ Behe Kretazeoko Akuiferoak. Kokaera estratigrafiko hau duten azaleramenduak Bizkaian, Gipuzkoan eta Orhy mendian agertzen dira batipat. Akuifero hauek kararriurgoniarrei, Aptiar-Albiarrekoei alegia, daude lotuta. Kararri hauek maiz bioklastikoak eta masiboak izaten dira, eta beste material detritiko zenbait tartekatuta izaten dituzte sarritan. Akuifero hauetako zenbaitek ur termalak ekoizten dituzte, hala nola, Altzolan, Karrantzan, Urberuagan,... Akuifero urgoniarren artean ur baliabide handienekoak Aizkorrikoak dira, kalkuen arabera urteko 78 Hm3 ur eman dezaketenak.
Santa Eufemia-Ereñozarreko (Markina, Lekeitioeta Gernika ingurua) ur baliabideak urtean 55 Hm3 -koak dira, Azpeiti-Mutrikukoak 38 Hm3-koak, Aramotz-Anbotokoak 26 Hm3-koak, Itxina-Aldamingoak 17 Hm3-koak, Jorrios-Gordongoak (Bizkaiko mendebaldeko muturra) 15 Hm3-koak, Iturriotz- Sopuertakoak 15 Hm 3 -koak, Gazume-Zestoakoak 13 Hm3-koak eta Otxabiokoak (Alegia, Altzo eta Orexa ingurua) 5 Hm3-koak. 5/ Goi Kretazeoko Akuiferoak. Hauek batez ere Araban eta Nafarroako mendebaldean azaleratzen dira. Goi Kretazeoko kararri, dolomia eta kararri gehienak Coniaciar- Santoniarrak dira. Material hauen azaleramenduek estratifikazio erregularra, zabalera handia eta konplexutasun txikia izaten dute.
Goi Kretazeoko arroken artean Lokizeko eskualdeak (Nafarroako erdi mendebaldean) 136 Hm3/urteko ur baliabideak ditu, Larrakoak (Nafarroako ipar ekialdean egon arren, ur deskarga gehiena Zubero alderatz duena) 73 Hm3/urteko euskal lurretan eta 240 Hm3/urteko Huesca eta Bearne hartuta, Subijanakoak (Arabako mendebaldean) 55 Hm3/urteko, Kantauri Mendizerrakoak 40 Hm3/urteko eta Gaubeakoak (Valdegobia, Arabako mendebaldea) 25 Hm3/urteko.6/ Goi Kretazeo-Tertziarioko akuiferoak.
Nafarroaren erdialdean eta Arabako ekialdean agertzen dira batez ere. Akuifero hauen artean bai Maastrichtiarreko, bai Paleozeno eta Eozenoko kararri, dolomia eta KALKARENITAK daude, estratu erregular eta zabaletan antolatuta.
Urbasako eskualdeko arroketako ur baliabideak dira kokapen estratigrafiko honetako garrantzitsuenak eta 350 Hm3/urteko balioa taxutu zaie. Iruñea-Otsagabiakoa ere garrantzitsua da eta 152 Hm3/urteko emaria du, Leirekoak (Arbaiungo iturriaren batezbesteko emaria 0,1 m3/sgkoa da) 48 Hm3/urteko eta, azkenik, Alaitzekoak (aurrekoa bezala, Nafarroako ekialdean ere kokatua),10 Hm3/urteko.Bestalde, Euskal Herrian oraindik datu askorik ez badago ere, gune karstikoen higadura edo abiazio tasen neurketari ekin zaio jadanik. Eremu karstikoetan urak disoluzio bidez karbonato kaltzikoa higatzen du arroketatik.
Aramotz mendikatean (Bizkaia), esaterako, 1.600 mm-ko batazbesteko prezipitazioaz urtero 65 m3 karbonato esportatzen du urak mendikatetik ibaietara. Oro har, zenbat eta euri handiagoa, orduan eta ablazio tasa altuagoa: Larran (Nafarroa), esaterako, batazbeste 2.500 mm-ko prezipitazioak dituelarik urtero, 125 m3/km2/urteko esportatzen dira inguruko arroetara.
Bikorrarteko porotasuna duten akuiferoak
Baina, Euskal Herrian akuifero asko artekadun-karstikoak izan arren, bikorrarteko porotasunezko akuiferorik ere badago.
Azken hauen artean, bikorrez osatutatako egitura trinkoagoak edo lasagoak aurki daitezke.
Material hauek porotasun primarioa, hots, arroka eratu zen unean sortutako porotasuna, dute. Porotasun primarioak poroen eite eta geometria bikorren nolakotasunarekin zerikusia du hein handi batean, bai eta enpakamendu, zementazio eta beste zenbait faktorerekin. Diagenesiak porotasun primarioa kaltetzen du eta horregatik akuifero mota hau ez da oso arroka zaharretan agertzen.
Tertziarioko harearrietan eta Kuaternarioko depositoetan batez ere.1/ Tertziarioko akuiferoak. Gehien bat Gipuzkoan eta Bizkaian daude. Gipuzkoan, Zumaia eta Hondarribia arteko kostaldean azaleratzen dira. Bizkaian, Getxoko kostaldean eta Oiz mendiaren inguruan, Bizkaiko Sinklinorioari gehien bat loturik. Oiz mendiko ur baliabideak 17 Hm3/urteko direla taxutzen da eta Gipuzkoako koscaldekoak, berriz, 8 Hm3/urteko.2/ Kuaternarioko akuiferoak. Akuifero hauek tinkatu gabeko material detritikoetan egoten dira. Euskal Herri osoan agertzen dira, gehienak haranetan eta ibai nagusien dinamikarekin erlazionatutako sedimentuetan.
Ibaiak akuiferotik urak jasotzen ditu, hots, efluentea izan ohi da. Uholdeetan, berriz, alderantziz gertatzen da, ibaiak akuiferoa elikatzen baitu, ibaia influente bihurtzen delarik. Akuifero hauek ur gaineko urei lotuta daudenez Euskal Herriko arro hidrografikoen banaketa bera dute. Horregatik, bi isuri nagusitan banatzen dira, Kantauriarra eta Mediterraniar edo Ebrokoa.Isuri Kantauriarreko akuifero gehienak kostaldean daude, hala nola, Baiona aldean, Bidasoan, Okan, Urolan eta Urumean. Barnealdeko aipagarrienak Durango eta Orduñakoak izan daitezke.Ebro aldean, materialak terraza sistema konplexu batean banatzen dira eta garrantzi hidrogeologiko handia dute. Terraza hauetatik behealdean daudenetan eta uholde lautadetan kokatzen dira akuifero nagusienak.
Akuifero hauen ur baliabideak 135 Hm3/urteko direla kalkulatu du Nafarroako Foru Aldundiak.Bestalde, azken urteotan Euskal Herriak pairatu dituen lehorte eta uholdeak ikusita, baliabide geoekonomiko honen kudeaketa egokia beharrezkoa dela frogatu da. Lur azpiko zein lur gaineko urak sakonki ikerkecu behar dira, Euskal Herriko hidrologiaren ezagumendu zehatza lortu nahi bada.
Hidrologia eta geologiaren artean lotura estua dagoenez ikerketak hidrologikoa izateaz gain geologikoa ere behar du.
Sintesi Geologikoa
Aurreko orrialdeetan zehar xaloki azaldutakoak Euskal Herriko geologiari buruzko zenbait arlo ekarri dizkigu gogora. Hasieran esan bezala, Euskal Herria azaleraz txikia bada ere, oso konplexutasun geologiko handiko lurraldea dauka. Konplexutasun hori bi plaken arteko talka eremuan kokatuta egoteari zor zaio. Baina konplexua bada ere, bere ezaugarri eta ildo nagusiak errazak dira hautematen.Kartografia geologikoak (19. Ird.) erakusten duen eran, Paleozoikoa Euskal Herriko ipar-ekialdean azaleratzen da eta Pirinioen ardatz axialaren jarraipena da. Arroaren estaldura mesozoikoak paleozoikoaren azaleramenduak inguratzen ditu eta Euskal Herriaren goi erdialde gehiena hartzen du.
Aitzitik, arroka zenozoiko gehienak Euskal Herriko hego erdialdean kontzentratzen dira. Beraz, Fanerozoikoko hiru era hauetako azaleramenduen banaketa arras argia da (19. Ird.).Euskal Herriko ezaugarri geologiko nabariena Euskal-Kantauriar Arroa izan daiteke.
Arro honetako Mesozoiko-Zenozoikoko arroka sedimentarioen multzoa mazizo paleozoikoek mugatuta dago eta 15 kilometroko lodiera izan dezake. Arro honen historia tektoniko-sedimencario nagusiak Triasikotik Eozenora bitartean iraun zuen. Triasikotik Kretazeo Berantiarrera bitartean distentsioa izan zen nagusi arroan eta, beraz, tektonikari lotutako gertaera bolkanikoak egoera horrekin dute zerikusia.Jarduera tektonikoa eta sedimentarioa Jurasiko Berantiarrean eta Kretazeoan izan ziren berezi bortitzak eta indartsuak. Esaterako Aptiar-Albiarrean arro honen subsidentzia azeleratu egin zen eta hainbat itsas lurbarneratze fase gertatu zen. Honen ondorioz, eta orduko klimak eta paleogeografiak lagunduz, errudista plataforma karbonatatuak eta arrezife asko cratu ziren. Bestalde, mugimendu tektonikoak flysch ildoak eragin zituen Euskal Arkuan, bertan turbiditen garapen eta metaketa emanez.Geroago, Cenomaniar-Turoniar muga inguruan, itsas lurbarneratze handi bat gertatu zen eta munduko beste hainbat arrotan bezala, ingurune anoxikoa zabaldu zen itsas hondoan. Ondorengo aldaketa eustatikoen ondorioz kararriak eta harearriak txandakatuz metatu ziren, batez ere Euskal Arkuan.Ordurarte distentsioa nagusi izan zen arroan. Kretazeoaren azken alditik Eozenoaren azkenetaraino, ordea, konpresioa gailendu zen eta ondorioz, Plaka Iberiarraren iparraldeko ertza bortizki tektonizatu zen.Bi hitzetan esanda, distentsio garaian Kantauri Itsasoa eta Bizkaiko Golkoa zabaldu egin ziren eta konprentsio sasoian Pirinioak eta Euskal Herriko mendiak altxatu egin ziren. Nolanahi ere, gauzak ez dira horren sinpleak, ehundaka miloiko historia geologikoa pasadizuz beteta bautago. Hasieran esan bezala, Geologiak aztertzen duen gaia ez da estatikoa dinamikoa baizik. Bada, ez da ahaztu behar Euskal Herriko ingurune geologikoa bizirik dagoela eta etengabe aktibo nahiz eta begi-bistara lokartuta iduri gehienetan. Noizik behin, ordea, aktibotasuna gogora ekartzen duten lurrikara txikiak sentitzen ditugu. Etorkizunari begira ikerketa geologikoa areagotzeko premia dago, Euskal Herriak dituen izaera geologikoa eta baliabide geoekonomikoak ondo ezagutu eta kudeatu ahal izateko.