Euskara eta Euskal Literatura»Euskara eta Euskal Literatura
Pizkundea
Euskaltzaleak
1927ko irailaren 4an lehenbiziko «Euskeraren
Eguna» ospatzen da Arrasaten. Aurreko
urteetan Primo de Rivera-ren gobernuaren
lege-lasatzea aprobetxatuz Elgoibar
eta Mutrikun burutu ziren «euskal jaien»
mamitzea baino ez zen euskarari eta euskal
ohitura eta kulturari eskainitako egun hau.
Euskaltzaindia eta Nafarroako Euskararen
Adizkideak erakundeez gain euskal aldizkari
guztietako ordezkariak bildu ziren bertan.
Euskaren aldeko mugimendu soziala aparrean
zetorren.Ondorengo urteetan «Haur euskaldunaren
eguna» (1929), «Kirikiño saria» (1929),
«Homenaje de la mujer al euskera» (1930)
antolatuko ditu Eusko Ikaskuntzaren adar
legez agertzen den Euskaltzaleak bazkunak.
Instituzioen inplikazioa –udal eta diputazioena
batez ere– handia da. Euskaraz argitaratuko diren liburuek gorakada nabarmena
ezagutuko dute. Hegoaldeko kontagintzan,
Pablo Zamarriparen Zaparradak (1926) eta
Gregorio de Mujikaren Pernando Amezketarra
(1927) Kirikiñok 1918an hasitako Abarrak
esanguratsuak ekindako bideari lotzen
zaizkio. Ekialdean, Jean Barbierren Supazter
xokoan (1924) ageri da lan nagusi narratibaren
munduan.
Itzulpengintzak urte oparoak ezagutuko
ditu. J. Arregik Heine’ren Olerkiak (1927)
argitaratzean, euskal itzulpengintzan berebizko
garrantzia izango duten lanei emango
zien bidea: Oscar Wilde’ren Ipuñak (J.
Altuna, 1927), Grimm Anayen Berrogetamar
ume-ipuin (V.A. Larrekoetxea, 1929), Traducción
al vascuence de un capítulo del
Quijote (A. Irigarai, 1929), eta batez ere itzultzailearengatik
ezagun egingo den
Tormes’ko Itsu-mutila (N. Ormaetxea, 1929).
Olerkigintzan, Emeterio Arreseren Txindor
(1928) eta Luis Jauregi Jautarkol kaputxinoaren
Biozkadak (1929) ditu euskal
irakurleak irakurgai nagusi 1930era bitarterakoan.
Eta hain zuzen ere, azken hau gertatuko
da ordura arte ezagutu gabeko –eta
euskal literatura sustrai-sustraitik aldaraziko
duen– mugimenduaren pizgarri.
1930eko Santo Tomas eguna. Donostiako
Alde Zaharreko ostatu batean izen
entzutetsuak biltzen dira mahaiaren inguruan.
Bertan dira, besteak beste, Nikolas
Ormaetxea Orixe eta Jose Maria Agirre Xabier
Lizardi olerkariak, Labaien antzerkigilea
eta Cabanas-Erauskin eta Olasagasti
margolariak. Denen buru, Jose Ariztimuño,
Aitzol idazle eta apaiz tolosarra. Hartuko
diren erabakiak bi dira batez ere. Lehena,
denen indarrak Euskaltzaleak taldean bilduta
olerkigintza bultzatzea. Eta bigarrena,
Biozkadak eta honen egilea aitzakiatzat hartuta,
lehen euskal «Olerti-Eguna» antolatzea.
1931ko ekainaren lehena aukeratu zen ospakizunerako,
eta herria, omenduarena,
Errenteria.
Biozkadak-en egilearen omenez bere
jaioterrian egindako saioak jendetza handia
biltzea lortu zuen. Elizkizunak, olerki
lehiaketan irabazle suertaturikoen irakurketak,
bertsolariak, antzezpenak, mitinak etahitzaldiak izan ziren. Olerki lehiaketan Esteban
Urkiaga Lauaxeta gertatu zen irabazle,
«Maitale kutuna» olerkiari esker. Orixe
izan zen bigarren.
Errenteriakoaren ondoren urtero-urtero
eta aldiko herri batean burutuko diren Eusko
Olerti-Egunek Pizkundean izango duten
garrantziaren arrazoia Aitzolek poesiaz zuen
ustean zegoen. Nazioa komunitate kulturala
delako definiziotik abiatuz, poesia da XIX.. endetik Europan sortzen ari diren estatu
berriak eta hauen herri hizkuntzak zuzpertzeko
ardura izan duena. Aitzolek hor zuen
Abbadie eta honen Lore-Jokoen esperientzia.
Baina urrunago joan nahi, eta Lehen
Mundu Gerraren ostean inperio handietatik
sortutako estatu berrietan du begia. Flandria,
Letonia, Ukraina, Polonia, Tirol, Eslovenia,
Irlanda, Finlandia, Serbia, Kroazia…
Ordura arte ezagutzen ez zen bezalako publizitatea
egingo du Aitzolek Donostiako El
Día egunkarian euskal irakurleak herri
hauen berri izan dezan.
Poesiaren betebeharra: Euskaldunak
Aitzolen ametsak alemaniar erromantizismoan
zituen sustraiak. «Sturm und Drang»
taldeko teoriko nagusi zen Joahann von
Herder-ek Giza Historiaren Filosofiari
Buruzko Ideiak (1784-1791) obran agertzen
da garbien zer den Volkgeist-a, hau da, herri
guztiek bere-berea duten arima.
Herder-en arabera, olerkia da munduko
lehenbiziko gaien hitza, izadiaren adierazpen
metaforiko eta alegorikoa. Horregatik
du Herder-ek herri olerkia berezko adierazpen
jator den ustea, alegia, benetako hitza
artifiziala eta faltsua den artearen aurrean.
XIX. mendean, korronte erromantiko
hauen beroan Finlandian buruturiko esperientzia
ondo gogoan du Aitzolek. Helsinkiko
Unibertsitateko hiru ikaslek Karelia-ko
herri olerkiak biltzen dituzte. Horietako batek,
Elias Lönnrot-ek, Wäinamöinen eta Ilmarinen
anaien gorabeherak kontatzen dituen
kantuak jaso eta poema epiko moduan
ematen ditu handik urte batzuetara. Kalevala
(1848) du izena.Horra Aitzolen ametsa liburu bilakatua.
Volkgeist-a jaso, poema nazional eran itzuli
herriari eta hizkuntza txikietan eginiko olerkigintzari
eman hasiera, herria sendotu eta
askatasun politikoa lor dezan. Propaganda
aldetik Aitzolek ez ezik besteak beste El Día
eta Euzkadi-tik egingo den lana ikaragarria
da. Euskal irakurleak ondo ezagutuko ditu
Pearse eta De Valera irlandarrak, Martí
kubatarra, Rizal filipinarra, Benito Juarez
mexikarra… buruzagi politiko eta olerkari
denak. Euskaltzaleak-ek olerki lehiaketetanneurri erabiliko duen Lecciones de Ortografía
del Euskera Bizkaíno-ren egile eta abertzaletasun
modernoaren teoriko nagusi den
Sabino Aranaren figura sendotzeko balio
dutenak bestalde.
Baina 1930. urteak eskaintzen zion Aitzoli
bestelako aukerarik ere. Ehun urte beteko
ziren Proventzaren berpizkunde kulturalaren
bultzagile nagusi eta 1904an literatur
Nobel saridun izan zen Frederic Mistral
jaio zela. Bazuen Mistralek Herderren
teorizazio guztia gauzatu eta eredu moduan
erakuts zitekeen lan bat, Mirèio (1859). Eta
Aitzolek ez du aukera galduko.
1930ean bertan, eta itxura guztien arabera
Lauaxetak bultzatuta, Mistral’en Mireio
euskaraz emango du Orixek, Maillaneko
olerkariaren lan nagusiaren itzulpena. Itzulpenaren
egokitasunaz beteko dira egunkarietako
orrialdeak, eta deia ezinbestean heltzen
da: Orixek izan behar du euskal poema
nazionala egiteko ardura hartu behar
duena. Eta honela, «Jainkoaren bideak hautatuak»,
1931ko azaroan utziko du Bilboko
Euzkadi egunkariaren erredakzioa Orexako
Gogortzane baserrian –«munduaren azken
ipurdian»– giltzatzeko.
Lizardik, 1932ko martxoan Donostia Irratian
emaniko irratsaioan, Orixeren lan-sarirako
diru eskaerarekin batera, honek hartu
lana bi ardatzen inguruan taxutu beharrekoa
dela aipatzen du: larreko zaina eta klasikotasun
jantzia. Dudarik gabe bien arteko
fusioaren aipamenak ondo erakusten du
nolako sendotasuna eskatzen zitzaion lanari.
Nekazari giroko hamabost atal izango ditu
honek, hamabost estanpa jakin: Pestaburu,Artazuriketa, Gaztañaro, Ardazleak, Olentzaro,
Iñauteri, Seirak bat, Axurtaro, Letariak,
Artayorrak, Belarra, Eultzia, Ezkontza,
Eztaiondo eta Amonaren illetak.
Bistan da, Euskal Herria bere osotasunean
hartu beharreko poema nazionalak
–Euskal Herria hezea beti ere, kanpoan dira
Nafarroa eta Arabako lautada zabalak–
irakurlearen identifikazioa bilatu beharko
du. Eta honela, literatura tradizioaren ikerketa
sakonetik abiatzen da Orixe bere Euskaldunak
idazteko, Euskal Herria bere osotasunean
hartzen duen altxor kulturalaren
ezagutza serio batetik, etnologiatik bertatik
azken batean.
Hasieran pentsatu baino denbora gehiago
behar izan zuen liburua amaitzeko, eta
1935a zen burutu zuenerako. Gerrak inprimategian
harrapatuko du Euskaldunak. Bata
dela eta bestea dela, luze joko du, eta 1950a
da argitara ematen denerako. Beranduegi.
Dagoeneko euskaldunen mundua ez da
egoerak hala eskatuta Orixe Gogortzeneko
itxialdira bidali zuen hura.
Literaturaren inguruko ikuspegiak 1930-1936an
Olerti-Egunak indartzen doazen neurrian
gero eta nabarmenagoak dira olerkarien
artean dauden desberdintasunak. Izan ere,
hiru joera nagusi ikus baitaitezke gutxienez
1930-1936 bitarteko euskal olerkigintzan.
- Alde batetik XIX. mendeko euskal erromantizismoa
deitu izan denaren azken olerkariak
ditugu. Zenbaitetan modernismora
ere etzango diren arren, batez ere bertsolaritzak
kutsatutako olerki moldeak erabiliko
dituztenak. 1930eko ikusmolde berriari bide
egiten etorri direnak dira. Emeterio Arrese
eta Luis de Jauregi Jautarkol lituzke buru
nagusiak.- Bigarren multzo batean Orixeren olerkigintzaren
inguruan bildutakoak ditugu.
Hezkuntza klasikotik abiatuta olerki mota
sendo eta arrazoizkoa ekarriko dutenak.
Ikuspegi honen arabera, pentsamenduak eta
afektoak elkar ondo nahastean legoke poesiaren
urrezko neurria. Homeroren bidetik,
olerkigintza narratibo eta epikoa nagusituko
da praxi poetikoan.- Eta azken taldean elkarren artean oso
ezberdin izanik ere, gerra aurreko euskal
olerkigintzara benetako hazi berria ekarri
zutenak leudeke: Lizardi eta Lauaxeta. Sinbolismotik,
modernismotik, eta oro har poesia
eta eguneroko bizitza uztartzera datozen
joera garaikideagoetatik gertuago, ez
Jautarkolen munduak ez Orixerenak ez zuten
sentsibilitatea aldarrikatuko dute lau
haizetara.
Dena dela, bada hiru talde edo sentsibilitate
hauez gain ez batean ez bestean
ondo egokitzen ez den olerkari andanarik.
Gehienak Olerti-Egunetan agertuko direnak
dira, garaiko olerki libururik salduenaren
–Aberri Oyuak– idazle izan zen Jose Zubimendi,
esate baterako, edo Etxeberria jesuita,
Pabel Loidi gaztea, modernistagoak
ziren Loramendi eta Erkiaga, edota Otamendi
eta Sukia…
Eta desberdintasunek egunkarietan
emandako artikulu forma hartuko dute.
Partehartzea zuzena izango da –idazle berak
bihurtuko dira kritiko–, iritziak argiak,
salaketak gogorrak. Esan dezagun hiru izan
zirela 1930 eta 1936 bitartean eman ziren
eztabaida nagusiak:1.- Lauaxetaren Bide Barrijak-en ostean piztuko
zen hizkuntzarena.2.- Klasikotasunaren inguruan batez ere
Orixe eta Lauaxetaren artean sortuko zen
auzia.3.- Herri olerkia eta poesia landua hartuko
zituena ardatz, Aitzolen jokabidean izango
zuen eraginarengatik berebiziko garrantzia
hartuko zuena.
Eztabaida nagusiak
Hizkuntzari buruzko auzia
Lauaxetak Errenteriako I Euskal Olerti- Egunean irabazi bazuen Lizardi aterako da garaile bigarrengoan, 1932an Tolosan ospatu zenekoan. Otsailaren zazpiko Argia-n euskal olerkigintza astinaraziko zuen gutuna agertu zen. Oraindik ezezagun izaten jarraitzen duen «Euskaldun Batek» bere idatziari jarria zion izenburuak –«¿Bide Berriak?»– Lauaxetaren kontrakoa dela iragartzen du. Aste batzuk lehenago Fermin Irigarai «Larreko»-k askoz era apalagoan adierazitakoetan zuen oina: «Aldi onetan azaltzen diran olerki batzuk beintzat ulerkaitzak dira euskaldunontzat.
Erderatuak diralako, zerbait erderatik ezagutzen dira; baña euskeraz bakarrik azaldutatik ulertu gabe geldituko giñanakbadira.
Alaz ere, oiek aipatu, ta oiek saritu».
«Euskaldun Baten» artikulua Tolosako Egunaren ondoren atera izana, eta Lauaxeta libre geratzen delarik harenak ulertzen ez dituelako, han garaile izan zen Lizardi jartzen du jomugan. Honek berehala erantzungo dio Donostiako El Día-tik, «guztiok bizi gaitezkeela pakean» gaztigatzeko. Lizardik errespetoa eskatzen du gero eta garbiagoa den aniztasunaren aurrean. Eztabaidak 1932ko otsail guztia hartuko du. Izen gehiago sartuko da iritzi, irain eta bakerako deien artean. Lauaxeta eta Lizardiri, bakoitzari bere aldetik, egingo zaizkien salaketak gogorrak dira: ezin uler daitezke haien lanak gaztelerako itzulpenik ezean. Salaketaren labanak aho bi zituen. Alde batetik Arana eta Eleizalderen arauei jarraiki hizkuntza ulergaitza zerabiltenen aurkako jarrera zen. Bestetik, era ulergarriak baztertu eta olerkigintza molde berrietara –ilunagoetara– jo zutenen kontrako salaketa zen Barrensorok-eta zekartena.
Klasikotasunaren inguruko auzia
Klasikotasunaren inguruko auzia
1931ren hondarretan, eta Lauaxetaren
Bide Barrijak zela-eta, pozez eta kezkaz
agurtzen du Orixek Bilboko Euzkadi
egunkaritik liburu berria. Eta pozten bada
ere euskara ordura arte inoiz ibili gabeko
lurretan ibiltzen hasi delako, Orixeren kezka
argia da: ez du batere gogoko Lauaxetaren
zenbait poemari hartu dion kutsu frantses
hori.Orixerentzat beste bat da olerkiaren bidea.
Harmonia, diziplina, neurria, eta batez
ere barne-batasuna behar ditu olerkiak,
Orixeren iritziz. Bistan da, idazle klasikoak
–batez ere grekoak eta latinoak– ditu gogoan.
Lizardiren Biotz-Begietan-en argitalpenaren
ondoren berrituko den eztabaida
bestalde. Bai Orixek bai Lauaxetak, hitz berarekin
agurtuko dute olerkari berria: klasikoa.
Honela, Lizardi aitzakia dela, klasiko
kontzeptuaren jiran agertuko dira eguneroko
prentsa idatzian Orixe eta Lauaxeta
1932ko uda eta udazkenean. Arestian aipatu
eztabaidan ez bezala, ideien munduan
baino ez da emango hau, deskalifikazio pertsonalik
gabe.
Bi idazleen arteko desberdintasunak
nabarmenak ziren. Orixek klasikotasuna
dionean behin-betikoa dio, zentzumena,
harmonia, neurria eta batez ere batasun artistikoaren
gainean oinarritzen diren lege
filosofikoak emana. Klasikotasunaren kontzeptu
honek sustrai zaharrak zituen, kultura helenistikoan sortua zen, jakintsu alexandrinoek
Grezia zaharreko egileen artean
eredu izango zirenak aukeratzen zituztenean.
Honela ulertua, Orixeren klasizismoa
ereduetan oinarritua da, ez nahitaez greko
eta latinoetan –Dante eta Fray Luis de León
ere sartuko ditu–, baina bai haien irudira
obra perfektua lortzera jo dutenen gainean.
Aldiz Lauaxetak klasikotasunaren dinamismoa
defendituko du. Baudelaire eta
modernoen jarraitzaile honetan, klasikotasuna
denborarekin batera aldatzen den kontzeptua
da. Alde honetatik guztiz okerra da
iraganean babestea. Anakronikoa Horazio
edota Fray de Luis de León bezala idatzi
nahi izatea.Klasikotasuna ulertzeko bi era hauekin
Lauaxetak eta Orixek Pindaro eta Horazioren
arteko ikuspegi desberdina baizik ez
zuten errepikatzen. Pindarok grina, ausardia,
estrabagantzia maite zituen. Horaziok
gogoeta, neurria, ekonomia. Pindaroren
odak ez dira eskola baten jarraitzaile, garaiko
haizearekin batera dabiltza. Horaziorenak
sistema labur, pausatu, orekatuetan
mamitzen ziren. Bi ikuspegiok ez dira bi
idazleren arteko desberdintasunak soilik,
historian zehar lirika lantzeko izan diren
jarrera estetiko biren adierazgarri nabarmenenak
baizik. Eta Euskal Herria ez zegoen
aparte, inoiz baino hurbilago zebilen mundutik.
Herri olerkiaren inguruan: Pizkundearen porrota
Ez hizkuntzari buruzko eztabaidan, ez
klasikotasunaren ingurukoan parte hartze
zuzenik izan ez zuen Aitzol izango da hirugarren
eztabaida honetako sinadura nagusi.
Ikusi dugun bezala, Orixe ontzen ari zen
Euskaldunak poemak epikoa behar zuen
izan bere lirismoan. Aitzol ez da Orixerekiko
losintxan motz geldituko, berezkoa du
orexarrak edertasuna hain gozokiro azaltzea.
Baina Olerti-Egunak aurrera joan ahala, Pizkundearen
hutsez gaztigatzera dator Aitzol.
Arazoa ez da zer poema epiko egin, zer
olerki liriko baizik. Kaleratzen ari diren liburuak
–Lauaxetaren Bide Barrijak, Lizardiren
Biotz-Begietan– ez dira jendearengana
behar den bezala heltzen. Ahaleginduagatiknekez saltzen dira hirurehun ale. Izan
ere, bazegoen konparaketarako gairik. Jose
Zubimendi donostiarrak 1932ko ekainean
argitara emandako Aberri-Oyuak-ek bost
mila aleak agortu zituen.
Auzia 1934ko abenduan berotuko da.
Orixeren Barne-Muinetan ere oso gutxi
salduko da. Aitzolek urte batzuk lehenago
«Euskaldun Batek» Lizardi eta Lauaxetaren
kontra egotzitako argudioak erabiltzen ditu
Orixe bera salatzeko.
Gainera, Aitzol ez zebilen bakarrik. Urtebete
lehenago Sebero Altubek artikulu
gogoangarria aterea zuen Euskera-n. Bertan,
eta Aitzolen izena aipatu gabe, euskal
idazleez gain argitalpenak zuzentzen dabiltzanei
deituko die, herritik landako literaturak
azken berrogei urteetan egindako kaltea
zuzen dezaten.
Altuberen teorizazioa populismoaren
defentsan oinarritzen zen. Bertan, eta Pizkundea
hasi zenetik euskarak Gipuzkoan
eta Bizkaian egindako atzerakada aztertuz,
honako ondorioetara heltzen zen:
1. Euskal Herriak bigarren karlistadaren
ondoren ezagutu du erdararen erasorik handiena,
gazteleraz emandako irakaskuntzaren
bitartez batez ere.
2. Eraso honi aurre egiteko beharrezkoa
da euskaldunak euskaraz irakurtzea.
3. Beraz, nahita nahiezkoa da literatura
erraz eta herriari atsegin zaiona lantzea.
Iparraldean ez bezala, Hegoaldeko lurraldeetan
hartutako bidea guztiz arrotza
gertatu dela ohartarazten du, garbizalekeriaz
betea eta jendeari arrotz zaion ortografian
idatzia. Aranaren hizkuntza erreformaren
kontrako argudioak garbiak dira Altuberentzat.
Hizkuntzarekin ez ezik olerkiekin
ere ez zela asmatu defenditzen du.1935ean Mokoroak Tolosan argitara
emango duen Genio y Lengua-n Altuberen
haritik aztertzen du Pizkundeak ordura arte
egindako lana. Hiru dira mugimenduaren
hutsik nabarmenenak Mokoroaren ustez.
Honatx:– Hizkuntza zapaltzea.
– Funtzio literarioak kontuan ez hartzea.
– Irakurlegoaren interesak ez ezagutzea.1936an, gerra pizten delarik, oraindik
euskal irakurlegoarengana heldu ez den
obra da Euskaldunak handia. Asko atzeratu
da. Elkarren lanen kritiko heldu izan diren
idazleak hilabeteak dira mutu daudela.
Lizardi 1933an hil zen. Orixek eta Lauaxetak,
elkarrengandik hain urrun, galdua dute
Aitzolen konfidantza. Izen berriak agertu
dira azken Olerti-Egunetan: Etxeberria, Zaitegi,
Sukia, Erkiaga… baina Pizkundeak ez
du hasierako indarrik. Alderdi honetatik, lehertzen
denean, gerrak ez du hilotz bat
baino estaliko.
Pizkundea mugimendu garaikide legez
Aitzolek horren sutsuki bultzatu zuen mugimendua ez zen baina hutsetik sortua.
Kataluniako Reinaxença-k Aitzolengan izan zuen eraginaren seinale da Euzkadi eta El Día-n Mediterraneo hegiko zuzpertze kulturalaz idatzi izan zuen artikulu multzoa.
Izan ere, katalanak Jocs Florals 1856tik zetozen indarrean. Euskaldunek imitatu zituztenean (1872) usteltzen hasia zen eredua zen Jocs Florals-ena, nagusiki mende amaieran Antoine d’Abbadieren Lore Jokoaksariketek pairatu behar izan zituzten arrazoi
berberengatik: epaileen inmobilismoa,
zenbait autore izatea beti sarien jabe, plajioetarako
joerak…
Esan bezala, Euskal Herria baino lehenagotik
zegoen irakiten Katalunia. 80ko
hamarkadako idazleek, Maragall buru dutela
Verdaguer-ekin eta floralismoarekin
haustea erabakitzen dutenean, bor-borreanzetorren gizartearekin egiten dute topo.
1906rako katalanerak Josep Carner-en Els
fruits saborosos-ekin lortua zuen bere maila
poetiko gorena. Hizkuntza normalizazio
aldetik, Institut d’Estudis Catalans erakundeak
1913tik aurrera emango zituen Pompeu
Fabraren arau ortografikoak eta gramatika,
eta 1918an Jautarkolek euskararentzat
eskatzen zuen hiztegia, Diccionari Ortogràfic.
Hizkuntza garatua zegoen zernahitarako,
eta alde honetatik, literaturak irakurlego
zabala zeukan.
Aitzol eta euskal Pizkundea Proventzari
begira jartzen direnean, hirurogeita hamar
urte dira Mireio argitaratu denetik eta berrogeita
hamahiru Verdaguer-ek haren irudira
eginiko L’Atlantida 1887ko Jocs Floralsetan
saritu zutenetik. Aitzolek Kataluniako
–edo Galiziako– errealitate literarioek
erakusten duten garaikidetasunarekin lehian
jartzeko dituen arazoak, izugarriak dira.
Gaurko begietara argi azaltzen da: Euskal
Herriko Pizkunde mugimendua berandu zetorren
oso.
Arrazoiak era askotakoak dira. Katalunia
eta Galiziaren aldean, oso bestelakoa
da gizartea, oso bestelakoa euskaldunek
beren hizkuntzarekin duten harremana. Pizkunde
garaian ateratako liburuei prentsan
egindako iruzkin eta kritikei begiratzea baino
ez dago. Gaztelera da euskal idazleen
arteko ohiko komunikazio hizkuntza.
Hala eta guztiz ere, ez zaio meriturik
kendu behar Aitzolek bultzatutako mugimenduari.
Berandu heldu zen, baina ondo
asmatu zuen aurretik Kirikiñok prentsatiketa Gregorio Mujikak Euskal Esnalea-tik
abian jarritako pizkundeari haize berria
ematen. Mugimendu abertzalea izanagatik,
garbi esan daiteke Aitzolek Euskaltzaleak
eta oro har, Pizkundea bere osotasunean
alderdi jakin baten egituratik kanpo mantendu
izana onuragarri gertatu zitzaiola euskal
kontzientzia –eta lehenengoz historian–
modernitatearen bidean jarri zuen euskal
gizarteari.