Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Euskaldunak II. Mundu gerran EGILEA:

Franco Hitlerrekin Hendaiako geltokian, 1940an. Hitler “lagun kuttuna” zuen garai hartako komentarioen arabera.<br><br>

Bigarren Mundu gerra hasi zenean frankisten espetxeetan eta kontzentrazio esparruetan zeuden oraindik euskaldun asko, edo erbestera joanak ziren, Frantziara gehienak. Frantzian, batzuek, bertako gobernuak Espainiako gerratik ihesi joandakoentzat antolatu zituen kontzentrazio esparruetan (Biarnoko Gurs herrikoan esate baterako) egon ondoren, lanean ziharduten, nekazaritzan edo gerra industrietan.

Beste batzuk –gehienak– Euskal Herrira itzuli ziren. II. Mundu gerra hasteak esperantza piztu zuen erbesteratuen artean, segurtzat jotzen baitzen Franco Ardatzari lotuko zitzaiola, nahitaez herrialde demokratikoen aurka borrokatu beharko zela, eta, lehenxeago edo geroxeago, haiek menderatuko zutela. Egun horretan, euskaldunak, aliatuen laguntzaz Francoren aurka borrokan arituak, garaile etxeratuko ziren.

Baina euskaldunen planak zapuztuta geratu ziren: 1940. urteko maiatza-ekaina bitartean naziek eraso gogorra jo eta Frantzia menderatu zuten; Lekerika eta Ibarnegarai euskaldunek eskatuta Frantziako erbesteko euskal instituzioak deseginda geratu ziren; Eusko Jaurlaritzako kontseilariak sakabanatu eta Agirre lehendakaria desagertu zen. 1940. urteko udan egoera larritzekoa zen. Gauzakhorrela, Irujok –Londresen erbesteratuta–, lehendakaria preso edo hilik zelako ustean, ataka gaizto hartatik ateratzeko erantzukizuna bere gain hartu, eta, urte hartako uztailaren 11n, Euskal Kontseilu Nazionala eratu zuen, euskaldun guztien bilgune eta ordezkari izateko behin behineko organo izan behar zuena, harik eta Eusko Jaurlaritza berriro osatu arte. 1941. urteko maiatzaren 17an hitzarmen bat izenpetu zen De Gaulleren Frantzia Askearekin, eta zerbitzu sekretuetan, merkataritza harremanetan, gerran e.a. elkarri laguntzeko proiektuak eta egitasmoak prestatu ziren. Horren ondorioz, eta gerrarako laguntzari dagokionez, Itsas Fusilarien Hirugarren Batailoia sortu zen, Frantzia Askearen Itsas Armadaren baitan.

Haatik, gudarostea desegin, eta euskaldunak gerran parte hartzeko planak bertan behera utzi behar izan ziren: batetik, britainiarrek Francorekin “baketzeko” politika bideratu zutelako; bestetik, Irujoren eskari politikoak neurrigabeak zirelako; eta, azkenik, Britainia Handiaren Madrilgo enbaxadore Hoare-k eta orobat Espainiaren Londresko enbaxadore Albako dukeak hartara bultzatu zutelako.

1941eko urrian aldatu zen egoera, Agirre Estatu Batuetan agertu zelarik, Belgika, Alemania eta Suedian barrena ihesi ibili ondoren. Lehendakariak bere gain hartu zuen berriro erbesteko politikaren zuzendaritza, eta Ameriketan zeuden euskaldunen antolakuntaz arduratu zen. AEBen laguntza zuela, aliatuen zerbitzura jarri zen: Ardatzaren aurkako borroka ideologikoan eta politikoan lagundu, eta, zerbitzu sekretuen bitartez, gerran parte hartu zuen.

Euskal zerbitzu sekretua, Espainiako gerra zibila bitartean sortua, lehenago ere aritua zen Frantziako gudarosteari laguntzen: “Araba sarea” ospetsuak Espainia frankistan ziharduten alemaniarren eta italiarren joan-etorriak zelatatu zituen, Frantziari gibeletik, hots, Pirinioetatik, eraso egingo ziotelakoan. Elkar lanak, bada, Ingalaterran britainiarren jarrerak zapuztuagatik, Ameriketan aurrera egin zuen, Latinameriketako herrialdeetako Euskal Ordezkaritzetan oinarriturik. Nazien laguntzaile baitziren, falangisten Ameriketako jardun guneak zelatatu ziren, eta baita itsasoko joan-etorriak, kontrabandoa, eta Ardatzaren aldekoen jarduera ezkutukoak ere. Agirrek Frantziara bidalitako aginduak bitarteko, handik ere, Frantziatik bertatik alegia, eta Euskal Herriarekin harremanetan, aliatuen alde eginzen: Mitxelena anaiak Akizetik, Joseba Elosegi mugaren bi aldeetatik, Ajuriagerra anaiak, eta Bilbo, Madril eta Bartzelonako zentroak gogor aritu ziren informazio lanetan, eta aliatuen oniritzia jaso zuten egindako lanagatik. Baina jardun horiek guztiek emaitza politiko zehatzetan gauzatzea bideratuko zuen gertaera zertu ez bazen ere –hots, Francok ez zuen bete-betean gerran parte hartu–, lehengo egitasmoari berari eutsi zitzaion. 1944ko abuztuan Frantziako hego-mendebala askaturik, gerran parte hartuko zuen euskal gudarostea antolatzeko beharra ikusi zen berriz ere. Hala, bada, “Gernika” batailoia sortu zen, Ordoki komandantearen agindupean. Gudaroste horrek, 300 gudari ere bildu ez zituenak, Médoc-eko nazi “guneen” aurkako guduetan parte hartu zuen, gerra bukatu baino lehentxeago.

Hitler desagerturik aliatuek Francoren aurka joko zutelako uste sendoak eta aldaketa kontrolatu bat bideratzeko beharrak –komunisten protagonismoa erabat ezabatuko zuena– bultzatu zuten politika hori aurrera eramatera. Politika horrek, ordea, huts egin zuen, II. Mundu gerra amaiturik gerra hotza hasi baitzen Europan.

 

EGILEA:

Juan Carlos Jiménez de Aberasturi Errenteriako Udal Artxibozain eta Eusko Ikaskuntzako Gaur egungo Historiako Dokumentu Zentroko zuzendari.

 

Ipar Euskal Herria

II. Mundu gerrako guduak ez ziren Iparralderaino heldu. 1940ko ekainean armistizioa izenpetuta, borrokak eten eta Frantzia bi zatitan banatu zen, barneko muga lerro (“banaketa lerro”) baten bidez. Batetik, Frantzia okupatua zegoen, alemaniar militarren administraziopean, eta, bestetik, Frantzia okupatu gabea, “eremu askea” ere esan zitzaiona, non Pètain mariskalak Alemaniaren aldeko gobernua ezarri zuen. Ipar Euskal Herria ere bi zatitan bereizten zuen muga lerro horrek: Arnegitik gora, Donibane Garazi eta Donapaleutik igarotzen zen Iparraldean barrena, Biarnoko Salies, Mont-de-Marsan eta beste zenbait herrietan zehar Suitzako muga inguruetara iristeko, Genebaren pare. Bestalde, Iparraldean, egitura politiko soziala bertako jauntxo eskuindarren mendean eta Elizaren eraginpean izanik, petainismoaren aldeko jarrerak babes handia izan zuen. Horrela jokatu zutenen arteko adibide garbia Jean Ybarnegaray da: pilotari izana, eta 1914az gero diputatu Maule aldetik, Pétainen gobernuko kide izan zen, Familia eta Gazteriako ministro. “Aintzina” talde erregionalista, geroago nazionalismora hurbildu zena, Pétainen “Revolution Nationale” delakoan nahastu zen, bere politika lokalista aurrera eramanez eta egin nahi zuen iraultza erregionalistaren bitartez departamentuak politikoki beste era batera egituratzea eta euskal hizkuntza sustatzea lortuko zuelakoan, baina alferrik.

Ipar Euskal Herria, bere egitura geopolitiko bereziarekin, Espainia frankistarekin mugan –Espainia, bestalde, neutrala zen, teorian behintzat, eta Afrikara edo Britainia Handira aldegiteko ihesbidea–, joan-etorri handiko igaroleku bilakatu zen: pertsonak, dokumentazioa, armak e.a.; mugaz gaindiko igarotze hori izan zen, hain zuzen ere, Erresistentziaren jardunaren adierazgarri nagusia inguru horietan. Erresistentziak antolaturiko sare askotako espiak edo iheslariak Euskal Herriko mugatik igaro ziren, mugaren bi aldeetako antifaxisten laguntzarekin.

Sare horietako bat, ezagunena, “Comète sarea” zen, lurralde okupatuetan eraitsitako hegazkinetako pilotuak Britainia Handira eramateaz arduratu zena.

Aliatuen lehorreratze eguna hurbidu ahala Iparraldeko Erresistentzia antolatuaz bazihoan ere, zenbait jendek nazien aldeko aukera egin zuen, eta haiei lagundu, ziurtzat jotzen baitzuten garaipena; hauetarik ezagunena Eugene Goihenetxe da. Goihenetxek, Landaburu eta beste erbesteratu batzuekin harremanetan, lotura estuak izan zituen okupatzaileekin, SS-etako jeneral Dr. Best-ekin bereziki, hau Frantziaren administratzaile militarra zelarik okupazioaren lehen aldian.

Kalkuluak huts egin eta prozedura zalantzazkoa izanagatik, Goihenetxek bestek ez zituen horren ondorioak ordaindu, betiko kartzela zigorra eman baitzioten Frantzia askatu eta gero.

Frantziaren askapen eguna hurreratu ahala, Erresistentzia sendoago ageri zen, eta “maki” gerrillari talde txiki bat antolatu zen Maule inguruan. 1944ko abuztuaren hasieran makiak dagoeneko atzera egiten ari ziren nazien gudarosteen aurka borrokatu ziren. Abuztuaren 24an alemaniarrak iparralderantz aldegin zuten, eta Ipar Euskal Herria askaturik geratu zen.