Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Demografiaren modernizazioa

Baserritar familia, 1915 inguruko argazki koloreztatua («De la fotografía a la cinematografía»).<br><br>

 

EGILEA:

Pilar Pérez-Fuentes Hernández Historian doktore. Gaur egun, Historiako irakasle titular da Euskal Herriko Unibertsitatean. ?Vivir y morir en las minas? liburua idatzi du.Mercedes Arbaiza Vila Historian doktore.

 

Ekonomia eta biztanleria: hazkunde erritmoak

Biztanleriak erakusten ditu modurik egokienean Euskal Herriak bere historiaren azken bi mendeetan ekonomian eta gizartean izandako aldaketak. Demografiaren garapena, epe luzera, bere eskumenean dituen baliabideekin dago lotuta, horrela bada, biztanleria eta ekonomia elkarri loturik doazen bi fenomeno dira historian zehar.

Euskal gizartearen modernizazio demografikoari heltzea, bilakaera demografikoaren muga tradizionalak noiz eta nola desagertzen diren eta ?biztanleriaren hazkunde modernoa? deritzanari lekua noiz eta nola uzten dioten ulertzea da.

Ziklo demografiko modernoak, Euskal Herrian XVIII. mendearen azkenetan hasi zenak, bi mendez dirau gaurdaino, eta hiru ezaugarri ditu lehenagoko beste edozein biztanle hazkunderekiko bereizgarri: garrantzia edo neurria, jarraitasuna eta iraupena.Izan ere, aurrerapauso handia, XVIII. mende azkenetik izandako hazkunde demografiko etengabeak erakusten du. 1787 eta 1991 artean milako 0,78ko hazkunde izan da urtero batez beste, gizaki kopurua bost bider areagotu delarik lurralde honetako iraultza demografikoa burutzean. Geure historiaren azken bi mendeetan Bizkaian hamar bider egin du gora biztanle kopuruak, Gipuzkoan bost bider eta Araban hasierako biztanle kopuruak ia lau bider egin du gora.

Nafarroan, 1991n, bi mende lehenago zen kopurua bikoiztu egin da.

Erritmo demografikoen kronologia eta beren neurriak, aski ezagunak diren gizarte eta ekonomiaren modernizazioaren prozesuen abagune eta zikloekin bat doaz. XVIII. mende amaiera eta XIX. mende hasierako gerrateek eten egin bazuten ere, euskal biztanleriaren xehetasunei eginiko begiradak bilakaera demografikoak goranzko joera zuela erakusten du honako bi mendeotan.

Hori bai, modernizazio demografikoaren prozesuak ez du horratik ibilbide zuzena eraman, aldiz gorabehera eta etenunez jositako historia baten ondorioa da. Euskal probintzia guztiek izan zuten XIX. mende hasierako hazkunde demografiko orokorrean parte Errejimen Zaharra desegitearen eta hedapen demografikorako muga tradizionalen ezabatzearen itzalean.

Herrialdeen arteko aldea, teorikoki urteko ehuneko 1eko hazkunde abiadura, sistema zaharra erabat desagertzean nabarmentzen da. Gertatu ordea, aldi desberdinetan gertatu zen probintzia bakoitzean. Kostaldeko probintzietan (Bizkaian eta Gipuzkoan) Espainiako periferiako hainbat probintzietan izan zen Lehenengo Industria Iraultzarekin batera (1877-1930) gertatzen da; Araban eta Nafarroan aldiz, Bigarrengo Industria Iraultza izan arte ez zen horrelakorik gertatu, 1950etik aurrera beraz.

Bizkaian, demografiaren gorakada Bigarren Karlistaldia amaitzean hasten da: 1877tik XX. mende hasiera arte, hemen aztergai den aldiko hazkunderik handiena gertatzen da, urteroko benetako hazkunde tasak ehuneko 2 baino handiagoak direla. Hazkunde horren ezaugarri da hain goiztiarra izatea eta horrez gainera aipatzekoa da zeinen bizkor eta zelako indarrez gertatu zen. 1870 ondoko hamarraldian izandako meatzaritzaren boomak, 1880ko hamarraldian altzairugintza ezarri eta garatu izanak eta horrek 90eko hamarraldian ondorioz ekarri zuen industria jarduera anizteak (kimika industria, industria elektrikoa, burdingintza eta ontzigintzakoa), hazkundea gertatzeko egokiera politiko eta ekonomikoa ekarri zuten eta horretxek eragiten eta azaltzen ditu aldi horretako ezaugarri demografikoak. Probintzia honek bere trantsizio demografikoa, hazkunde tasaren benetako ?boom demografiko? bat bezala bizi izan zuen.

Aldiz, Gipuzkoan apurka-apurka gertatu zen aldaketa hori. Biztanleriaren hazkunde modernoa ez zen gertatu XX. mendearen hasiera arte eta Bizkaikoa baino geldiroago gertatu zen beti ere, bertako industriaren gorakadari lotuta eta gorakada horren neurri paretsuzkoan, eta ez da hazkunde bortitzik izango 1900 arte.

Kostaldeko probintzietan ez bezala Arabako eta Nafarroako biztanleriek izandako joerak hazkunderik eza dute ezaugarri oraindik aspaldi ez dela arte. Beren nekazari izaeraren eta atzerapen ekonomiko luzearen pean zeuden biak, horrek biztanleriaren hazkundea moteldu eta modernizazio prozesua atzeratzen ziela.

Beste edozein nekazari gizartetan bezalatsu, aldikako erantzun demografikoak izan ziren, hazkunde aldien ostean murritz aldiak etortzen zirelarik nahitaez, garapen ekonomiko jarraitasun gabe baten ondorio, biztanleriaren edonolako hazkundeak elikagaien mugekin egiten baitzuen topo.

Bigarren Industrializazioak bateratu zituen euskal gizartearen joera eta gorabehera demografikoak. 1950 eta 1960 ondoko hamarraldietako joera hazkorrak, urte horietan izandako inbertsio aldiaren hegalpean, eragin nabarmena izan zuen Euskal Herri osoan, ondorioz lau probintziek bigarren boom demografikoa izan zuten, urteroko hazkundea benetan iraultzailea zelarik neurriari eta trinkotasunari zegokienez. Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria bikoiztu egiten da hogeita hamabost urtetan, hots, 1940 eta 1975 artean, milioi bat biztanle izatetik bi milioi izateraino pasatzen da.

1975etik aurrera ekonomiaren krisialdiak erabateko eragina du biztanlerian, Bizkaikoan batik bat, probintzia horrek nozitu baitzituen larrienik ordurako jada zaharkituta zegoen ekoizpen egituraren eraginak. Araban, Autonomia Erkidegoko hiriburua bertan egotearen mesedeak gozatzen baizituen, 1980 ondoko hamarraldia arte atzeratzen da birmoldaketa ekonomikoaren eragina.

Azken hamar urteotan (1981-1991) biztanleriaren joeraren aldaketa bat nabari da Euskal Autonomia Erkidego osoan, bere lehendabiziko iraultza demografikoaz gero ehun urte igaro diren honetan, agerian uzten baitu zaharkiturik eta agorturik dagoen industria oinarri baten gainean eraiki zen gizarte eta ekonomia eredu baten higatzea. Gizartearen impasse une hori berriro gauza finko bilakatu diren migrazio isurietan islatzen da, bere biztanleriari eutsi edo bertan finkatzeko gai ez den eremu honetan.

 

Sistema demografiko tradizionalaren etena

Oinarri materialek eta euskal gizartearen antolamenduak, egokiera aldaketak edo egiturazkoak pairatzen zituzten artean, biztanleria kopuruaren eta eskura zituen baliabideen arteko doitze ezberdinak izan zituen gizarteak, sistema demografikoak aldaketak izan dituelarik bere osotasun zein ataletan.

XIX. mendean zehar, euskal biztanleria tradizionalak lortutako orekaren hausturaren lehendabiziko aldia gertatzen da. Gogoan izan, Euskal Herria bat dator bere demografia estrategietan modernitate osoan zehar (XVI-XVIII. mendeetan), aurrikuspenezko demografia jokaerak hartzen dituzten Europa Mendebaleko herriekin, industriaz aurretiko garaietan biztanleriak bere esku zituen estrategia demografikoetan parte hartuz: emakumezkoak adinez aurreratuta ezkontzea ?oso gauza ez-ohia zena?, eta emigrazioa biztanleriaren zabalkunderako tresna gisa erabiltzea. Bada horrela, XIX. mendean zehar, oraindik nekazari itxurako eta oro har nekazaritzaren meneko gizartean, baldintza ekonomiko eta sozial berriak sortu ziren eta, geldiro bazen ere, biztanleria dinamika berrietarantz aldatzea ekarri zuen horrek.? Hilkortasunaren beherakadaren jatorriaMende honetan sistema demografikoan gertatzen diren aldaketek argi uzten dute hilkortasunaren beherakako joera garbia, behinik behin 1877a arte, probintziek dituzten jarreren desberdintzea gertatzen den arte. XVIII. mende erdialdetik 1870a arte dauden ehun urte luzeetan zehar, hilkortasunaren trantsizioaren lehenengo aldia gertatzen dela baiets daiteke. Errejimen demografiko zaharraren parametroen baitan oraindik, hilkortasunaren mendeetako gutxitzerako eta, horrenbestez, beste aldi demografiko bat eratzeko behar ziren baldintzak prestatu ziren.

Heriotzaren aurkako borroka, Europako gainerako herrien antzera, gorabehera eta etenaldiez josita dago. Heriotzera eramaten gaituen gizakiaren ibilbide luzean, gerrateak, bizi irauteko krisialdiak eta epidemiak izan ziren iraganeko biztanleriek gainditu beharreko oztopo handiak. Euskal gizartean izandako trantsizioaren jatorria XVIII. mendean kokatzen da, krisialdietako hilkortasunaren ondorio ziren gailur edo bat-bateko hazkundeak erabat eraitsi edo, behinik behin, baretu zirenean. Euskal Herri hezeak, Europako Atlantiko aldeko esperientzia berbera bizi izan zuen, aldi berean, antzinako krisialdi demografikoen geroz eta kontrol handiagoari zegokionez.Horrela, ohiko haur hilkortasunak beherakada bare baina etenik gabea izan zuen XVIII. mende erdialdetik XIX. mendearen azken herena arte. Joera hori Espainiako beste lurralde batzuetan baino goizago gertatu izanaren eragileen artean ditugu, batetik, XVIII. mende amaieratik higiene eta osasun baldintzen aldaketekin lotura duten eragileak, orduan herrian nagusi zen Ilustrazioko pentsamoldearekin bat zetozenak. Euskal gizartea aitzindari izan zen baztangaren aurkako aztura prebentiboen garapenean. Baztangaren txertoa hain goiz ekarri izana Euskal Herriko Adiskideen Elkarteari zor zaio. Trantsizio aldi horretan medikuak eta osasun autoritateak izan ziren, aitzindari lana eginez, biztanleriarengan oraindik aitzinako hilkortasun ereduan nagusi ziren infekzio bidez hedatutako gaixotasunen prebentziora zuzendutako jokamolde eta ohiturak zabaltzen aritu zirenak.

Egiazki, honelako ekimenen arrakasta agerian jartzen du zeharkako eragileak izan zirela biztanleriaren hilkortasunaren gutxitzean, aginpide politikoaren eta administratiboaren antolaketaren hobetzeak ekarritakoak. Batetik, boterea udal erakundeetatik probintziako erakundeetara eraman izanak biztanleria osoarentzako osasun politika koordinatu eta orokorrak ezarri ahal izatea ekarri zuen.

Bestalde, XIX. mendean, Estatuaren erreformei esker, elikagaien hornikuntzan hobetze etengabea gertatu zen bizirauteko edozein krisialdi ia erabat eraitsiz; izan ere, XIX. mendeko krisialdietako hilkortasuna kanpotiko eragileek piztua izan zen, bi gerrate karlistak eta, mende erdialdean, kolera epidemia bat gertatu baitziren.

Euskal lurraldeak aitzindari izan ziren bide eta garraioetarako azpiegitura politikan.

Azkenik, gogoan hartzekoak dira XIX. mendeko lehen erdian euskal nekazaritzaren egituretan izandako aldaketak; hortik abiatuta zinez baiets eta berma daiteke hilkortasuna atzeratzearen prozesu honen arrazoi gisa elikaduraren hobetzea proposatzen dutenen tesia. Izan ere, euskal probintziek parte hartu zuten nekazaritzaren prozesu bikoitz horretan, batetik desamortizazioaren ondorio izan zen luberrien gorakada bitarteko, eta bestetik nekazaritza jarduera areagotzeari esker, nagusia patata ?agirietan bilduta dagoenez XIX. mende hasieran ekarria? landatzearekin. Horrek guztiak lur gehiagoren kolonizaziorantz eta nekazaritzako ustiapen handiago baterantz bideratzen du gizartea, hilkortasun mailan hobekuntza gertagarri bihurtzen dela, edo, behinik behin, XIX. mendeko krisialdietako hilkortasunaren baretze arin bat gertatzen delarik.? Lehendabiziko industrializazioaren eragin atzerakorra Bizkaian XIX. mendeko azken herenak haustura ekartzen du euskal demografiaren joeran. Euskal Herrian oro har nahikoa bilakaera homogeneoa zuen prozesu demografikoa eten egin zen. Bizkaian 1877 eta 1900 artean izandako hazkunde demografiko itzela, lehendabiziko industrializazioari lotutakoa, etorkin korronte oso handiek eragindako jokaera atzerakorren ondorio izan zen. Gipuzkoan hilkortasunaren jaitsiera geldo eta etengabeari eusten zaion artean, 1876tik aurrera hilkortasunaren norantza zeharo aldatzen da Bizkaian, nahikoa gorakada handia izan zuelarik joan zen mendearen azken herenean. Probintzia horrek hogeita hamar urte horietan izandako jokaerak arreta berezia merezi du geroko gizartean izan zituen eraginengatik.

Industrializazioaren lehen garaietan izandako garapen ekonomikoak, XIX.. endeko bigarren herenean izandako joera demografikoen baretze txikia hautsi egiten du. Industriaurreko hilkortasunak mende horretako lehen erdian izandako jaitsiera keinu bat edo izunezko, XX. mende hasiera arte etengabean hasi zen trantsizioaren aurretiko arrastoa baino ez zen izan.

Probintzia horretako hilkortasun tasa gordinek erakusten duten bezala, prozesu industriatzaileak eragin txarrak izan zituen Bizkaiko biztanleriaren bizi baldintzengan.

1877 eta 1900 artean, hilkortasunak ehuneko 16,1eko hazkundea izan zuen probintzia horretan, jaiotzak garai haietan izandakoa baino handiagoa (milako 12). 1885-1895 arteko hamarraldia eredugarria da, hilkortasun tasa gordina milako 30ekoa izatera iritsiz. Hazkunde naturalak, urteroko erritmoarekin bat, itxaron zitekeena hazi beharrean, gelditu eta beherantz ere egiten du.

Etorkin mugimendu handien eragina izan zen jaiotza-hilkortasuna bikotearen aurrez zuen oreka apurtu zuena. Bizkaiko industria ekonomiaren hazkundeak eskulanaren eskari itzela ekarri zuen, meatzaritza bezalako ustiapen unitate hedakorrengatik, edota lehendabiziko lantegien handitasunagatik. Ziurrenera, etorkin olde moduan iritsi zen eskulan ugariaren txanda erraz eta bizkorrak eutsi egin zien, baita haziarazi ere, jadanik oso handiak ziren hilkortasun tasei. Hirigintzan jarraitutako eredua, oso metakorra eta aurreko mendeetako hiri tradizio urriaren baitakoa, eragile apurtzailea izan zen haren ondorioz eman zen gizarte antolamenduan.

Hiltzeko zoriaren gorakadaren pean antzematen den bizi baldintzen okerrera egitea eta epe ertainean ugalkortasunaren kontrol modernoaren atzerapena, zeina bizirauteko aukerak handitzeko moduan egon zen artean ez zen kontrolatu, dira Bizkaian izandako prozesu demografikoaren ondorio esanguratsuenak. Indartuz zihoan gizarte industrialak, 1870eko hamarraldian pixkanaka ematen hasi zen demografia trantsizioaren kronologiarekiko berrogeita hamar urtetako atzerapena ekarri zuten jokaerak erakutsi zituen.? Garapen ekonomikoa eta ugalketaren hazkundea Industrializazioarekin, ezkontzak atzeratzen eta trabatzen zituzten oztopoak erabat desagertzen dira XIX. mende erdialdeko gune industrial berrietatik, baita meatze guneetatik ere, aldi berean nekazari guneetan eragiten zuen presio handia baretuz. Nekazari guneetan, joera liberaleko esparru juridiko berriaren eta nekazaritzako zereginetarako lur berrien aukera ematen zuten desamortizazioen eragin bateratuak, handitu egin zuen nekazaritzako gune eta familia gehiago sortu eta bertaratzeko aukera. Bestalde, emakumezkoen ezkontza joerak, gizartearen behin betiko ugaltze prozesuan hain erabakior direnak, ez ziren garraioaren hobekuntzatik eta biztanleriaren geroz eta mugikortasun handiagotik at geratu.

Zentzu honetan, hirien dinamismoak, bereziki probintzietako hiriburuenak, ezinbesteko garrantzia izan zuen ezkontzengan. Nekazari gunetik zetorren soberakina jasotzeko ahalmena, irteera bilakatu zen, garai tradizionaletan beren sorterrian ezkongabe geratzea beste aukerarik ez zutenentzat. Ezkontza merkatuen hedatzeak ezkontzengan izandako eraginak, ezkontzeko aukera handiagoaematen zuten ordu arte murrizketa sistematikoa ohikoa zen tokietako emakumeentzako.

Horrelaxe, gizarte industrialaren indartzeak erabat aldatu zituen lan merkatuko igurikapenak, familia berriak osatzerakoan. Oinetxetargoaren praktika edo aurrezte eta ikasketa bolara luzeak ez ziren jada beharrezkoak ezkondu ahal izateko, eta ugaltze erreakzioa ondotik etorri zen. Alokairu ekonomiaren garapenak behin betiko askatu zuen ezkontza ezkontadina atzeratzen zuten eragile guztietatik.

XIX. mendeko azken herenean biztanleriak izandako hazkunde iraultzailean ezkontzek izandako eragina oso garrantzitsua izan zen, XIX. mendeko bigarren herenean hasitako hazkunde demografikoa azaltzeko eragile nagusitzat aipatu behar delarik.

Bestalde, industrializazioak familien ugalkortasun jokaeran ostera izango zenaren aurkakoa erakutsi zuen hasieran. Horrela, hasieran, legebidezko ugalkortasunak ezkontzen bide beretik egin zuen, leunki gora eginez. Merkatu ekonomiaren erabateko garapenak, hots, ekoizpen sektore berrien lan eskari handiagoak eta hirien horniketari begira balizko nekazaritzako espezializazioak, baita garraio baliabideen hobekuntzak, biztanleriaren itxaropenak nabarmen handitu eta familia barnean ugaltzeko aurretik ziren oztopoak, gaindiarazi egin zituen. Familiaren errazionalitatea bitarteko, industrializazioaren lehendabiziko aldi honetan seme-alaba kopurua handitu egiten da.

Prozesu honen ondorioz jaiotza tasak hainbeste egin zuen gora, ezen Euskal Herria, industriaurre garaian bere biztanleriaren kontrolean oso zuhurra izatetik, XIX. mendeko azken laurdenean ugalkortasun oso handia zuten Europa mendebaleko zonaldeen parte izatera pasa zen. Beraz, izaera erabat malthusiarreko erreakzio demografikoa gertatu zen, ugalkortasun modernorako prestaketa aldiaren ezaugarri, mende bat lehenago arte zertxobait lotuta edo trabatuta zegoen ahalmen ugaltzailea askatuz.

 

Transizio demografikoaren lehenengo aldia

Hilkortasun eta ugalkortasun handia zuen aurreko demografia errejimenetik, bizi tasa txikiko errejimen modernorako bidea da ?demografiaren trantsizioa? bere zentzu zehatzean. Aldi horren ezaugarria da aurreko oreka demografikoaren galera, industrializazio ondorengo hazkunde barea sistema demografikora iritsi artean ez duelarik oreka berreskuratuko.

Prozesu horretako giltza mendeetako haur hilkortasunaren gutxitzearen eta ugalkortasunaren arteko dependentzian dago. Eskema klasikoaren arabera, ugalkortasunaren kontrola haurren bizirauteko aukeren handitzeari emandako ezinbestelako erantzuna da. Familia barnean aurrera ateratzen diren haurren kopurua handitzeak ugalkortasunaren kontrola dakar. Haur hilkortasunaren beherakada da, beraz, ugaltze jokaerekin hertsiki lotuta dagoen eragileetako bat, berehalako eragina duelarik jokaera horretan eta trantsizio demografikoaren lehen aldietan batik bat. Ugalkortasun ohituren trantsizioaren motorra dugu.? Bizi tasen mendeetako beherakadaren kronologia Euskal gizartea bere osotasunean oso berandu gehitu zen prozesu horretara.

Beharrezkoa litzateke, berriro ere, lurralde historiko bakoitzeko joera ezberdinak banaka ematea, ezen Bizkaian eta Araban ez da XX. mendea arte gertatzen prozesu hori, Gipuzkoan aldiz XVIII. mende amaieran hasi zen eta ez zen eten, Bizkaian ordea bai. Bizi tasen mendeetako beherakadaren kronologiak euskal lurraldeetan trantsizio demografikoaren eskema klasikoa betetzen du: tasetan eman zen iraultza hilkortasunarenakin hasi zen, eta hori izan zen beherakada bortitz eta behin betikoa izan zuena. Jaiotza tasa indar gutxiagorekin hasten da beherantza.Dena den, mende aldaketak inflexioa dakar demografiaren dinamikan, hilkortasuna beherantza etengabe eta berehala hasten delarik. Hilkortasunaren mendeetako beherakada ia bat-batean hasten da, industria aurreko garaietarako ere handitzat joko zen milako 30eko portzentaiatik milako 20ra jaitsi baitzen (1910). Hurrengo beherakada garrantzitsua 20ko hamarraldian izan zen, 1920an hilkortasun tasa gordina milako 18-22tik (lurraldearen arabera) 14-16ra jaisten delarik 1930ean, tasa horren ehuneko 30 inguruko beherakada beraz. Euskal esparruan trantsizio aldiko beherakada erritmoa 1895-1930 artean izugarria da, batik bat Europako herri aurreratu eta aurrerakoiek dutenarekin alderatzen badugu. Hilkortasuna ehuneko 50 jaisten da hogeita hamabost urtetan, 1900 eta 1935 artean.

Hilkortasunaren trantsizioa eten egiten da 70eko hamarraldian, tasa hori industrialdi osteko gizarteei dagokien milako 7an finkatzen eta gelditzen delarik.

Hilkortasunaren tasaren beherakada bost urtero ehuneko 10az gaindikoa izan zen, krisialdiko urtetan (1920ko gripe epidemian, 1936-39 arteko gerrate zibila) eta 1956-60ko bosturteko bitartean ezik, azken aldi horrek bigarren etorkinaldiarekin bat egiten duelarik. Urte horietan izandako etorkinen bigarren oldea, jaiotza tasen gorakadan islatzen da, hilkortasunaren beherakada eten eta gorakada txikia ere antzematen delarik tasa gordinetan.

Hilkortasunak mendearen lehendabiziko hamarraldian egiten badu behera, jaiotza tasak ez du maila beretsua izango XX. mendearen bigarren laurdena arte. Nahiz eta Gipuzkoan jaiotza tasaren beherakada 1880an kokatu, lurralde horretako trantsizio demografikoa modu bare eta leunean hasi izan balitz bezala, Bizkaiak eta Arabak, ugalkortasun maila handiak dituzte mende honen hasiera arte.

Jaiotza tasak hilkortasunaren aldi berean egiten du beherantz, nahiz eta neurri berdinarekin ez izan; 1896-1920 arteko beherakada geldoaren ostean behin betiko beherakada 1925 eta 1935 artean izango da, tasa milako 30,12tik 22,28ra jaisten delarik. Jaiotza tasak hilkortasunarekiko duen atzerapena jakina da; bost urteko atzerapenarekin etortzen da beti, eta gainera aldi horietan jaiotza tasaren beherakadak duen neurria hilkortasunak duena baino askoz ere geldoagoa da.

1930 eta 1935 artean da bakarrik jaiotza tasaren jaitsiera hilkortasunarena baino bizkorragoa.? Transizio epidemiologikoa: hirigintza eta bizi baldintzen hobekuntza Biztanleen gaixotasunei aurre egiteko medikuntzaren eta zientziaren aurreramendua eskasa den bolada horretan, hilkortasunak agerian jartzen du osasungintzako aurrerapenei, kultura elementuei eta elikadura ohiturei dagokienez, baita gaixotasunei aurre egiteko gaitasun handiagoa ematen duten elikadura mailei dagokienez, zein antolakuntza sozial eta politiko dagoen. Ez dago zalantzarik hilkortasunak, biztanleria jakin batek gaixotasunen erasoari aurre egiteko duen osasun maila erakusten duela, baita pertsonek bizirik iraun ahal izateko dituzten oinarrizko behar biologikoei eragiten dien bizi baldintzako beste elementu asko ere.

Historikoki, trantsizio epidemiologikoa posible izan da, aldi berean edo bata bestearen ostetik biztanleriarengan ondorioak izan dituzten hainbat eragileren ondorioz. Kontutan izanik ohiko hilkortasun ereduaren arabera lau pertsonatik hiru gaixotasun kutsakorrengatik hiltzen zela eta beste laurdena gaixotasun ez kutsakor eta endekakorren ondorioz, biztanleriak gaixotasun kutsakorren iturriekin zuen harremana gutxitzera zuzendu ziren osasun publikoko ahaleginak, eta horiek izan ziren heriotzaren kontrol sozialean emaitza positiboak izan zituzten lehendabiziko ahaleginak. Agintariek hirietako osasun sarean izandako eskuhartzeak, 1885eko koleraren ostean, egoera txarrean ziren ur eta elikagaien bidez hedatzen ziren gaixotasunen beherakada eragin zuen. Ekimen horiek izan ziren estolderiaren eta ur edangarriaren zerbitzu urriaren ondorio ziren kolera, sukar tifoideoak, beherakoak eta disenteriak eta beste zenbait patologien kutsaketa arriskua lasterren gutxiarazi zutenak.

Baina gainera kontutan izan behar da elikagaien bidez zabaldutako infekzioen kontrola gizabanakoen erabaki eremuan sartzen dela. Umeekiko ardura etahaien elikadurak ere kulturazko faktoreen ondorio diren neurrian haiek aldatzeko eta hobetzeko edozein neurrik biztanle bakoitzaren eguneroko arreta eskatzen du. Horrela, euskal gizartean XX. mende hasieran, biztanleriaren eta komunitatearen bizitza erabaki eta antolatzen zutenen artean mediku higienista eta osasun arduradunek jokatutako papera erabakiorra izan zen ohitura berriak zabaltzeko eta osasun eta higiene teknikak orokortu eta hedatzeko. Laburbilduz, hezkuntzaren aurrerapena 1935 arte osasun trantsizioaren zati bat gizartearen ikuspegitik ulertzeko gakoa izan zen.

Euskal hirietan hilkortasuna murrizteko borroka handi bat airearen bidez kutsatzen ziren gaixotasunak erauzteko egin zen; arnas aparatuaren gaixotasunak ezabatzeko ahalegina batez ere, biztanleriaren bizi baldintzekin lotuta baitaude gaixotasun horiek. Alde batetik, hiri handietan biztanle pilatze itzelak atzerapen nabarmena eragin zuen infekzio horiek gainditzerakoan. Biztanleriaren bizilekuen eta etxebizitzaren arazoa, konpontzeke zegoen oztopoa izan zen euskal hirietan urte luzez. Lehenengo ekimenak ez ziren burutu 1920 ondoko hamarraldia arte eta, gainera, ez ziren aski izan, ez eta gutxiagorik ere, industri hiri batzuetan zegoen arazo larria konpontzeko.

Bestetik, hilkortasunaren murriztea, arnas aparatuaren gaixotasun kutsakorren ondorioz, oso estu dago lotuta giza gorputzaren defentsak hobetzearekin.

Bizi mailak, eta bereziki soldata errealak, biztanleriaren zati batentzat hobetu ziren heinean, arnas bidezko infekzioekiko erresistentzia handitu egin zen, eta arrazoi garrantzitsuenetakoa izan zen, ez bakarra ordea, hilkortasunaren mendeetako beherakadaren lehen aldietan.

Gaixotasun horiekiko zeregin prebentiboa eta profilaktikoa ebazten erabakior lagundu zuen ospitale eta sorospen egitura ez zen garatu 1937-1957 aldira arte. Nahiz eta administrazio politikan izandako hobekuntza, batez ere osasun instituzioen alorrean, berandu iritsi zen, argi eta garbi dago herrialde urbanizatuenak horri etekin ona atera ziotela. Epe labur eta ertainera, euskal hirietako hilkortasunarentzat ondorio atzerakorrak erakarri zituen industria prozesu berak sortu zuen gerora eraldaketa eta hobekuntza ahalmen handiagoa bere biztanleriaren biziraupen aukeretan nekazari eremuetan ez bezala. Horrela Bizkaiko industria iraultzaren ingurune baldintza bereziek lurralde horretan trantsizio demografikoa kasik hogeita hamar urtetan atzeratu bazuten, garapen ekonomikoaren faktoreak herrialde industrializatu horien alde jokatu zuen, jokaera demografikoen modernizazio erritmoa bizkortuz.

Azkenik, 1945etik aurrera medikuntzaren eta zientziaren garapenak eta aurreramenduak prozesu hori guztia bizkortu zuen. Antibiotikoak eta sulfamidak zabaldu zirenean garatzen den aldi horretan, gaixotasunen aurrikuspenean ez baino sendakuntzan eta terapian ahalegintzen da medikuntza. Lehen Mundu Gerratik aurrera, medikuntza alorreko aurkikuntza zientifikoen esportazioaren eta zabalpenaren bizkortzea, haien hartzaile diren giza sailen garapen ekonomiko eta soziala baino aurrerago doa askotan. Testuinguru horretan, hilkortasun beherakadaren bigarren aldi honetan, kronologiaren zergatiaren azalpentzat garapen ekonomikoaren irizpideaz gainera, irizpide geografikora eta teknika zenbaiten hedapenera jo behar dela adierazi behar da. Logikoa denez, Euskal Herriko lurraldeak dinamika horren barnean sartuta daude.? Jaiotzen kontrol kontzientearen jatorriak Ezkon-ugalkortasunaren beherakadaren kronologia egin nahi dugunean, herri batean horretarako hiru baldintzak (prestakuntza, borondate ona eta aukera) zein une historikoan datozen bat nahi dugu baloratu. Lehenik, biztanleriaren prestakuntza egokia, ugalkortasunaren kontrolerako motibazio indibiduala dakarten abantaila ekonomiko edo bizi mailatan bilakatzen da. Bizi maila jakin batzuk lortzea ezinbestekoa da, igurikapen sozioekonomiko berriak sortu eta balioen aldaketa bultzatzen duen familia muga eragitera zuzenduta dagoena. Hiriarenezaugarrietako bat da, hain zuzen, balioen eskalan eta biztanleriaren igurikapenetan aldaketa hori gertagarri egiten duen bizi maila lortzea eskuragarri egiten duela.

Ugalkortasunaren atzerapena euskal gizartean, hein batean hirietan kokatutako industria biztanleriaren bizi maila kaskarrak duen garrantzitik dator. Soldatek industria eta hiri kolektiboetan duten mailari begiratuz gero, egiazki esan daiteke 20ko hamarraldia arte horiek ez zutela igoera esanguratsurik izan. Zentzu honetan, bizi baldintzek okerrera egiteak, hirigintza prozesu ia traumatikoarekin batera, bideragaitza egin zuen, seme-alaben kopuruari zegokionean familiaren errazionaltasun ekonomikorako jokaera modernoagoko ereduetarantz edozein eraldakuntza burutzea.

Bigarrengoz, borondate ona jaiotzen kontrolaren onarpen morala edo zilegiztapena bilakatzen da. Zentzu horretan esan daiteke euskal gizartea oso zatituta zegoela eta oso irizpide batasun gutxi zegoela gai horri buruz bere kultura eta ideologia kodean. Horrela, adibidez, interpreta daiteke joera tradizionalistako ideologiek (nazionalismoa eta karlismoa), ?Jaungoikoa eta Legezarra? tradizio historikoan eta oinarrizko printzipioetan errotuak, izaera defentsiboa izan zutela herri kulturaren aurrean eta kultura hesi antzera jardun izan zutela beharbada urte askotan, ezkon-ugalkortasun kontrolaren prozesuan.

Arrazoi horiengatik, euskal kasuan jaiotzen kontrol kontzientea atzerapen handi xamarrez gertatu zen, bai bere urbanizazio prozesuari zegokionarekin alderatuz, nola Europako gainontzeko herriekin alderatuz. Jaiotzen kontrol ohartua, urbanizazio prozesuan duen kultura dimentsioan ulertuta, sintoma argitzat jotzen badugu, hau da, hirietan bizi den jendearen jokaeran, pentsaeran eta jardueran aldaketak sortzen dituen prozesutzat hartzen badugu, orduan zinez baietsi egin daiteke hiri balioak XX. mendeko bigarren hamarraldia arte ez zirela ezarri euskal esparruan.

Azkenik, ezkon-ugalkortasunaren kontrolak, 1930 eta 1940 artean areagotuak, bestelako arrazoi batzuk ditu, Espainiako eskualde garatuenetan jada oso zabalduta dauden jokaeren hedatzearekin zerikusia dutenak.

 

1960ko hamarraldiko ?baby boom?a eta ?bigarren trantsizio demografikoa?

1950 eta 1975 artean industriguneak, beste behingoz, migrazio mugimendu sendo batentzat erakarpen ekonomikoaren gune bilakatu izanak azaltzen du jaiotza tasak urteotan izandako gorakada sendoa, 1930eko hamarraldian areagotua zen mendeetako joera azpikozgoratzeraino iritsi zena.

Urte horietan, inmigrazio emaitzaren pisu demografikoa bi hamarraldietan izandako hazkunde interzentsalaren erdia izan zen. Belaunaldi gazteek garrantzia handiagoa izan zuten biztanlerian, eta ezkontza eta jaiotza eredu dinamikoagoa ekarri zuten, eta ezkontza adina eta lehen seme-alabak izatekoa aurreratu egin zuten.

Horrela, XX. mendeko lehen hamarralditik garai hori bitartean izandako ugalkortasun txikirako joera gelditu egiten da, eta biztanleriaren hazkunde sendoko ziklo demografiko berri bati uzten dio lekua. Esan daiteke lurralde historikoek beste boom demografiko bat bizi dutela abagune ekonomiko hedakor baten ondorioz eta, agian, jaiotzak ugaltzearen aldeko ideologia ofizialak eraginda.

Europa mendebaleko beste eremu batzuetan bezala, hamarraldi bateko atzerapenez izan arren, baby boom deituriko fenomenoa gertatu zen.

Hala ere, 1975etik aurrera joera demografiko berriak nabari dira, 1980 ondoko hamarraldian areagotu eta gaur egun arte irauten dutenak. Batzuek ?demografiaren krisialdia? deitu dute garai hau; beste batzuentzat, ?bigarren trantsizio demografikoa? da. Batera zein bestera, iraganeko joera arras eteten duen aldi bat da hau, ikuspegi berriak hartzen baitira eta joera demografiko berriak finkatzen, zenbaitetan hala ere 1960ko hamarraldian izandako joeraren aurkakoak: esatebaterako migrazio emaitzak negatiboak dira, oso-oso negatiboak ez badira ere, eta horrek biztanleria osoaren kopurua txikitzen laguntzen du. Tradizio inmigratzailea hautsi egiten da 1977tik aurrera eta Arabak baizik ez du migrazio emaitza positiboa, baina Euskal Autonomia Erkidegoan duen garrantzia kontuan hartuz, ez du gipuzkoarren eta bizkaitarren migrazioa orekatzen.

Bestetik, 1970etik aurrera nabari den ugalkortasuna murrizteko joera garbi ikusten da, eta nahiz eta joera hori 1980ko hamarraldian areagotu egiten den, 1990eko hamarraldian mantendu egiten da. Ez da azaltzen, oraingoz, aldaketaren arrastorik, baina bai egonkortasun handiagoarena eta baita epe laburrean hobetze arin baterako joera ere. Ugalkortasunari dagokionez Europa mendebaleko herri gehienetan baino murrizketarako joera bortitzagoa eta nabarmenagoa da, hamarraldi batean euskal emakumeek izandako seme-alaba kopurua 2,7tik 1,2ra murriztu baita; hau da, belaunaldien ordezkatze mailaren azpitik, gaur egungo hilkortasun baldintzen arabera 2,1 seme-alabakoa baita belaunaldien ordezkatze maila hori.

Joera demografiko berri horrek berdin eragin dio edozein adineko emakumeen ugalkortasunari. Gaztetan seme-alabak izateko hasierako joera hura aldatu egin da 1980ko hamarraldian: hogeita hamar eta berrogei urte tarteko adin taldea da ugalkortasun handiena duena. Baina, amatasunaren atzeratze hori halaber goranzko eragin zuzentzailea duen faktorea da erabilitako ugalkortasun adierazleetan.

Hau da, emakumeek beren amatasunerako duten adin banaketan izandako aldaketa horiek esan nahi dute emakume askok beren ugalmena geroagoko urteetan burutuko dutela, ziurrenik, nahiz eta seme-alaben kopurua, edozein kasutan ere, askoz txikiagoa izango den 1975 baino lehen ohikoa zena baino.

Ugalkortasunaren beherakada hori ez da soilik ezkonduek seme-alaba gutxiago izatearen ondorioa (ezkontzaz kanpo izandako jaiotza kopuruaren garrantzia ez da handia, ez baita 1986-87an ehuneko 6ra iristen; hala ere, bai bere pisu erlatiboa bai bere kopurua nabarmen handitu dira azken urteetan), ezkontza kopuruen beherako joerarekin ere lotura estua du, 1981 eta 1991 artean ehuneko 20 inguru murriztu baita kopuru hori. Aldagai hori aldaketa ekonomikoekiko hain baitakoa izanik, 1970eko hamarraldian sortutako krisia erabat islatzen da erakusle demografiko horretan.

Senar-emazteen batez besteko adinaren igoera jarraiak adierazten du ezkontza gerorako uzten dela, askotan azkenean burutzen ez delarik, eta ez dirudi legeztatu gabeko adostasunezko elkartzeek ordezkatzen duenik, nahiz eta sarriago gertatu horrelakoak ere azken hamarraldian. Horrek guztiak seme-alabak familiaren etxebizitzan luzez egotea dakar, 60 eta 70ko hamarraldietako emantzipazio azkarrean gertatu ez bezala.

Europako beste herrialdeekin alderatuz, Euskal Herriko ezkontza kopuru txikiak, eta orobat egitatezko elkartze kopuru urriak, ez du islatzen gazteen langabeziak eta laneko ezegonkortasunak euskal gizartean duten eragina. Faktore horiek halaber dibortzio proportzio txikiagoa eragin dute, iturri judizialetatik datozen azken datuek banaketen hazkundea islatzen duten arren; horren guztiaren ondorioz guraso bakarreko familiak edo eraketa konplexuko gune berriak ugaldu dira.

Fenomeno demografiko horiek mendebaleko herri guztietan gertatzen dira komunikabideen internazionalizazioaren ondorioz, eta faktore ekonomiko eta kultural amankomunak daudelako batez ere, nahiz eta ez gertatu ez era homogeneoan ez aldi berean ere herrialde guztietan. Alabaina, ezberdintasun garbiak nabari dira Ipar Europaren eta Hego Europaren artean. Azken honetan, elkarbizitzaren, dibortzio proportzioaren eta ezkontzaz kanpoko seme-alaben proportzioa txikiagoa bada ere, ezkontza kopuruen beherakada eta ugalkortasunaren urrizea handiagoa eta azkarragoa izan da beren ekonomiek krisiari aurre egiteko zuten ahultasunaren ondorioz.Aldaketa horien ondorioak, gehiago ala gutxiago, erraz antzematen dira mendebaleko herrialde guztietan: lehen-lehenik horietako askotan hazkunde demografiko oso txikia eta ia negatiboa izatea; gero, biztanleriaren egituran aldaketa nabarmenak izatea, ugalkortasunaren beherakadaren eta hilkortasunaren mendetako beherakadaren ondorioz; eta azkenik, oso aldaketa handiak izatea familian, ohiko eredu ugalkorra hautsirik.

Gizartearen eta ugalkortasunaren joera berri horiek interpretagaitzagoak eta konplexutasun handiagokoak dira trantsizio demografikoaren lehendabiziko aldian gertatutakoak baino. Trantsizioko lehen aldian ekonomiaren aldakuntzek eta demografiarenek elkarrekin oso lotura estuak zituzten bezala, bigarren aldi honetan egoeraren arrazoiak azaltzeko erroak ez dira ekonomiari dagozkionak bakarrik. Kontuan hartzekoak baitira beste hainbat gertaera ere: sexualitatearen onarpen sozialari dagokionez joera historikoak izan duen aldaketa, gizabanakoak autonomia moral handiagoa izatea, antisorgailu metodo batzuk agertu izana, pertsona helduek osatutako bikoteak duen garrantzia handiagoa, pertsona bakoitzak bikotea eratzean dituen asmo pertsonalei aitortzen zaien garrantzi handiagoa, emakumeen autonomia ekonomiko handiagoa, eta horrekin guztiarekin batera, gizon-emakumeen arteko harreman eta truke eredu simetrikoagoa garatu izana, XIX eta XX. mendeetan organizazio soziala iraunarazi duen sexuen arteko eredu ez-simetrikoari kontrajarrita, bizi kalitatearen oinarri eta mugatzaile gisa.

Horregatik, eta egiturazko faktoreek aldaketa demografikoen euskarri gisa duten eragina ahantzi gabe, bereziki azpimarratzekoa da familiari eta ugalkortasunari buruzko irizpideek XX. mendearen amaiera honetan izan duten iraultzan kulturazko faktoreek izan duten eragina.

Demografo askorentzat, gizabanakoen autonomia eta emakumeen emantzipazioa, XX. mendeko azken hamarraldietako ?iraultza isiltzat? definitua, nahitaez kontuan hartzeko faktorea da ezkontza proportzioak, ugalkortasunak eta batez ere familia antolaketa berriak ekarri dituzten aldaketak ulertzeko, nahiz eta kontuan hartu behar den, orobat, balore horiek oso lotura estua dutela emakumeen hezkuntza mailarekin eta lanarekin, horiek sortzen eta mugatzen baitituzte benetako aukerak.

Hala ere, Iparraldeko herrietako, Frantziako eta Erresuma Batuko joerek erakusten dutenez, lan merkatuan eta politikan emakume gehiago izatea ez da ugalkortasun handiago batekin, belaunaldien ordezkatze mailara ia iristen den batekin, adostu ezin daitekeen gauza. Hau da, amatasuna emakume askoren asmoen artean egon daiteke, baina lan baldintzek, hots, lanbidea eta ugalketa adostu ahal izateko aukeran eragina duten baldintzek, eta orobat ardurak ezkontideen artean banatzeko haien artean den prestutasun mailak ere, lagundu edo oztopatu dezakete asmo hori.

Ez da horrela gertatzen Europako hegoaldean, non emakumeek lan munduan izan ditzaketen esperantzak ez baitatoz, iparraldeko herrietan bezala behintzat, edo haietan bezain sendo eta haietako esperientzia luzearekin, aukera berdintasunezko politika sozialekin bateraturik. Ikuspegi hori larriagotu egiten da, bereziki euskal gizartean ugalkortasunaren beherako joera gero eta gehiago areagotzen duen krisialdi ekonomikoaren kinkagatik.

Emaitzari dagokionez, jaiotzen beherakadako eta hilkortasunaren areagotze arineko bi hamarraldi igaro ondoren, euskal biztanleriaren berezko hazkundea zero mugara ari da gerturatzen. Nahiz eta hilkortasun tasa gordinek goranzko joera adierazi biztanleriaren zahartze handiagoaren eraginez, bizi itxaropena hobetu egin da azken mendean, 1986an gizonezkoek batez beste 72,9 urteko bizia iritsi baitute eta emakumezkoek 80,6 urtekoa.

Guztiaren ondorioz ateratzen da euskal biztanleriak, Europako beste eskualde batzuek baino neurri handiagoan, XX. mende azkeneko iraultza demografikotik eratorritako erronka ekonomiko, sozial eta politikoak dituela aurrean.