Atlas Historikoa»Atlas Historikoa
Iparraldea, Errejimen Zaharretik XX. mendera
EGILEA:
Manex Goihenetxe
Historiako doktore, Baionako Gai
anitzetako fakultateko irakasle (Paueko eta
Aturri aldeko Herrialdeko unibertsitatea).
Les Basques et leur histoire: Mythes et
réalités (Baiona, Elkar, 1993) liburuaren
idazle.
XV. eta XVI. mendeak
Ehun Urteko Gerra bukatzean, Frantziako erregearen mendeko bihurtu ziren Zuberoa eta Lapurdi. Dunoisen eta Gaston Foixko kondearen gudarosteek, Mauleko (1449) eta Senpereko (1450) gazteluak hartu ondoren, Baiona setiatu zuten; honek ere amore eman behar izan zuen 1451n. Gudate horri Makeako hitzarmena, lapurtarrak Frantziako erregearen mendeko egin zituena, jarraitu zitzaion, urte berean. Paganduriako jauretxean sinatu zen hitzarmen hori, Makean (Lapurdi).Nafarroa Beherea, berriz, Nafarroako Erresumaren barnean geratu zen XV.. endearen erdialdera arte. Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenean (1512), Nafarroako errege-erreginek, Katalinak eta Joan Albretekoak, Pirinioz bestaldera aldegin zuten; Biarno eta Nafarroa Beherea hartu zituzten babesleku. Gero Enrike II.ak beste Nafarroako Erresuma bat sortu zuen, ordura arte Mendiz Haraindiko merindadea zeritzan herrialdean; Enrike II.a Albretekoa, Joana Albretekoa eta Nafarroako Enrike III.a izan ziren erresuma horretako errege-erreginak. Azkeneko hori Frantziako errege egin zuten gero, 1589an; handik aurrera, “Frantziako eta Nafarroako errege” deitu zioten.
Errejimen Zaharraren garaiko erakundeak (XVI- XVII. mendeak)
• Lapurdiko Biltzarra
Lapurdiko Biltzarra parrokietako ordezkariek osatzen zuten. Ordezkari horiek
Uztaritzeko Epaitegiko baile etxean biltzen ziren eta, Lapurdin ohitura zen
bezala, “herrialde bereko auzi orokorrak eta arruntak” eztabaidatzen eta erabakitzen
zituzten biltzarretan. Biltzar horri zegozkion egitekoak zergak biltzea, bide
eta herrilanen jestioa egitea, eraikuntzak zaintzea eta herri edo udal sailak administratzea
ziren.
Justiziari zegokionez, Uztaritzeko Epaitegiak lehen instantziako auzietarako
bakarrik zuen eskua; alde batek edo besteak gorago jotzen zuenean, auzia Bordeleko
Parlamentuan erabaki ohi zen. Baina, pixkana-pixkana, eta intendenteek
hala eskaturik, Bordelekoaren mendeko intendentzia bat sortu zen Baionan, XVIII.. endean.• Nafarroako Estatuak
Nafarroa Beherea erreinu bilakatu zenez geroztik hiru estamentuetako ordezkariak
urtero Estatu Orokorrak egiten hasi ziren. Elizaren, nobleziaren eta
“beheko estatu” zeritzanaren ordezkariak biltzen ziren horietan. Donibane Garazin,
Donapaleun edo Bastidan, txandaka, egiten zituzten bilkurak. 1748 arte Estatu
horiek eskubide osoa izan zuten legeak egiteko.
Epaiketa kontuei dagokionez, zegoen Kantzileria desegin (1624), eta Biarnoko
Kontseilu subiranoarekin elkarturik, Pauen Nafarroako Parlamentua edo Justizia
Epaitegia eratu zuten biek. Baina, hori egiteak haserre handia eragin zuen nafarrengan,
eta herria baretu beharrez seneskalia bat jarri zuten Donapaleun; baina
horri ere ez zioten nafarrek esker handirik eman. Hala ere, Donibane Garaziko
gazteluzainak eskualde beraren gain, Baigorri, Irisarri, Iholdi, Armendaritz eta
Orzaizeren gain, justizia alorrean zituen ahalmenei eutsi egin zien, auzi kriminaletakoei
batez ere. Foru modernoaren arabera, “herrialde eta hirbilduetako biztanleek
bazuten administrazio alorrak zuzentzeko (…), entzutegi orokorrak eta
biltzar arruntak egiteko eskubidea; bilkura horien egitekoa behar zen polizia jartzea
eta egiten zuen lana aztertzea, eta, basoak, belardiak eta herri saileko larreak
zaintzea izaten zen”.• Zuberoa
Justizia eta administrazio sailean, Errejimen Zaharra garai nahasia izan zen
Zuberoan. Lapurdin bezala hemen ere, parrokien biltzarrak egindako planaren
arabera administratzen zen lurraldearen parte handi bat. Parrokia horietako ordezkariek
Iribarnen egiten zituzten bilkurak, Silviet edo Zinbideta zeritzatenak.
1730ean zinbideta horiek galdu egin zituzten administrazio eta zerga bilketa
alorretan lehen zituzten ahalmenak; hartan ere zenbait parrokia potestat edo lurjabe handiren baten mende geratu zen; baina, feudal garaiko eskubide askorik edo
batere ez zuten izan horiek handik aurrera.
Zuberoako Estatu Orokorrak edo Ordena Gorteak ez zuen Nafarroako Estatuek
beste indarrik eta eraginik. Justizia kontuan adibidez, baile epaitegiak ez
zuen hirigunetik kanpora eskumenik. Lurraldearen gainerako partea Lextarreko
Gortearen jurisdikziopean zegoen, zenbait jaurerri berezi izan ezik.• Frantziako Iraultzak administrazio alorrean eragin zituen aldaketakErrejimen Zaharraren garaian Ipar Euskal Herriko administrazio eta justizia
banaketa erakusteko egindako mapetan gauza bat ikusten da, oso era konplexuan
eta zati txikitan, ia Erdi Aroan geratu bezala, banatua zegoela hori. Euskal Herriko
eliteko jendea XVIII. medea bitartean konturatu zen –1789ko Estatu Orokorrak
prestazen hasi zenean bereziki– administrazio eta instituzio batasunik ez
zegoela; eta hain ere hala, ze Nafarroako “beheko estatuak” 1789ko martxoaren
28an pentsatu zuen “Euskal Herrien batasuna egiteko plan bat Gobernuari aurkeztea”.
Iparraldeko eta Hegoaldeko historia konparatzean, bestalde, gauza bat ageri
da, Hegoaldea Espainiako estatuan baino askoz lehenago hasi zela Iparraldea
Frantziako estatuaren barnean integratzen, jadanik Errejimen Zaharraren garaian
horretarako bidean baitzegoen azkenekoa. Frantziak Iparraldeari ezarri zion integrazioa
eragileagoa eta homogeneoagoa izan zen, aldi berean. Konstatazio hori
oso kontuan izan behar da Pirinioz iparralderako Euskal Herriaren historia interpretatzerakoan.
Faktore askok eragin zuten integrazio hori, baina erabakigarrienak
ondoko hauek izan ziren: batetik, Frantziako erregeek jakin zuten Iparraldeko
noblezia beren babesera erakartzen; militar karrera egiteko aukera, ohoreak,karguak, pentsioak, pribilejioak eta estatus soziala hobetzeko aukera eskaintzeaz
baliatu ziren horretarako; Enrike III.a, gero Frantziako Enrike IV.a bihurtu zena
saiatu zen horretan gehiena. Eta Kontraerreforma katolikoak areago eragin zuen
joera hori. Bertrand d’Etxauz, Baionako apezpikuak eta Arnaud Maytie, Oloroeko
apezpikuak ardura berezia jarri zuten lan horretan. Baina, Iparraldeko jauntxoak
Frantziako aristokrazian sarrarazteko eskaintzarik erabakigarriena horiei
ohoreak eta administrazio barnean karguak ematea izan zen. Estatua eratzen ari
zenez, aberasteko, gizartean estatus hobeagoa izateko eta segurtasuna izateko
edota, mesede bereziren baten truke erregeak noblezia tituluren bat edo administrazioan
karguren bat emateko bidea ere, eskaintzen baitzuen egoerak.
1789ko Iraultza iristerako, bada, Gobernu zentralak lurralde horiekin zituen
harremanak, hala sozialak nola politikoak, probintziekin izaten direnen mailakoak
ziren, eta Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko erakunde tradizionalek
ez zuten Estatu zentrala edo harekiko leialtasuna zalantzan jartzeko adinako nortasunik.
Luis XVI.aren Estatu Orokorretarako deia jasotzean, euskaldunak, eta horiek
bezala nafarrak ere, eskakizun edo kexu kaierrak idazten hasi ziren. Frantziako
beste lurraldeetako eskakizunez, edo antzekoez gainera, Euskal Herriko erakundeak
eta jatorrizko sistema politikoa gordetzearen aldekoak ere agertzen ziren
euskaldunenetan; eta ez hori bakarrik, “Zuberoako biztanleak libreak eta horri
zegokion mailakoak zirela” adierazi zuen lurralde horretako “beheko estatuak”.
Euskal Herriko ordezkariek orduan hartu zituzten deliberamenduen aktetan agertzen
denez, administrazioa beste era batera antolatzea ezezik, hiru herrialdeak
departamendu batean biltzea ere nahi zuten Iparraldeko ordezkariek, batez ere
Lapurdiko eta Nafarroa Beherekoek. 1790ean ez zen horrelakorik lortu. Eta oso
gogo txarrez hartu zuten, gainera, biarnotarrekin departamendu berean bizi beharra,
zuberotarrek izan ezik; sortu ziren udalerri berriek ez zituzten, guztiaz ere,
Nazio Biltzarraren dekretuak zalantzan jarri.1789ko abuztuaren 4an Nazio Biltzar konstituziogileak hartu zituen erabakiek
eta handik hara eman ziren dekretuek deseginda utzi zituzten Errejimen Zaharreko
erakundeak. Urte bereko abenduaren 4ko, 14ko eta 22ko legeek, berriz,
hauteskundeetarako sistema berria finkatu eta administrazioa sail berrietan banatua
utzi zuten.
Hiritar batek behe mailako hautesle izateko 25 urte eginak izan behar zituen,
eta, bestalde, hiru eguneko irabazia ordaindu behar zuen zergatan.
Hiru barruti edo sailetan banatua geratu zen administrazioa: udalerritan, distritu
edo eskualdetan, eta departamendutan. Pirinio Behereetako departamendua
(gaur Pirinio Atlantikoak deritzana) 1790ean sortu zen. Departamendu hori
euskaldunek eta biarnotarrek osatzen zuten. Euskal Herriko ordezkariek oso gogo
txarrez onartu zuten horrela izan beharra, eta hala adierazi ere zuten Lapurdiko
Biltzarreko diputatu ziren Garat anaiek. Lehengo erakundeak desegin eta administrazio
antolaketa berria egitean, Euskal Herria 3 distritutan (Uztaritze, Donapaleu
eta Maule), 23 kantonamendutan eta 203 udalerritan banatua geratu zen
(lehenengo proiektuan). 203 udalerri horietatik 162 Nafarroa Beherekoak edo
Zuberoakoak ziren. Garat anaiak zirela medio, Uztaritze bilakatu zen bere eskualdeko
hiriburu, eta ez Baiona. Eskualde horretako Biltzar Zuzentzailea bildu,
ordea, Baionan bildu izan zen, hasieran ez bada berehala.
XIX. mendean, zenbait udalerri txiki elkartu zen, hala nola, Lapurdin Azkaine
eta Serres, Zuberoan Sohüta eta Arambeaux, eta Nafarroa Beherean Donazaharre eta Madalena; XVIII. mendeaz gero biztanle gazteez osatua zegoen mendialdeko
beste zenbait, berriz, autonomia handiagoa hartu eta udalerri gisa funtzionatzen
hasi zen: Urepel eta Esterenzubi, adibidez. Azkeneko hori Aintzilako eta
Eiheralarreko lurrez eratu zen. Bidarraik ez zuen 1791 arte udalerri bihurtzerik
izan, eta orduan ere “behin behingo” onarpena baino ez zuen jaso. Kantonamenduak
ere, batzuk elkartu egin ziren, Donapaleukoa eta Garruzekoa esate baterako;
horiek Amikuzeko kantonamendua osatu zuten gero. Beste zenbait, berriz,
bi kantonamendutan banatu zen. Baiona, adibidez, Ipar-ekialdeko eta
Ekialdeko kantonamenduetan banatua geratu zen.Pixkana-pixkana Iraultza begitan hartzen hasi zen herria, apaizei konstituzio
zibila ezarri zielako, batetik, eta Konbentzioko Gerra zela-eta Frantziaren eta Espainiaren
arteko mugan sortu zen egoeragatik, bestetik. Frantziako agintariek
lurralde horietara bidalitako ordezkarien jokaera autoritarioarengatik, Zuzentasun
Publikoa Zaintzeko Komitearen neurri zorrotzengatik eta bertako agintarien
arteko kontu garbiketengatik egoera gaitotuz joan zen, eta 1794ko udaberriko
trajedia etorri zen, zeinetan Lapurdiko zenbait herriko biztanleak hartu eta Aturri
eta Garona ibaiaren arteko eskualdera eraman zituzten.
Nola gerra bat bukatzean bestea hasten zen, eta nola soldaduak, gorako edo
beherako, etengabe muga inguruetan ziren, Iraultza eta Inperio garaiak bukatzean,
Euskal Herria lurjota zegoen, merkataritza harreman tradizionaletan ere,
nahiz lehorretikoetan nahiz itsasozkoetan.
Politikari dagokionez, garrantzi handia izan zuten hauteskundeetarako egin
zituzten legeek, ezarri zuten zergaren araberako hauteskunde sistemak alegia.
Hain zuzen ere, 1794ko udaberriko eta 1831ko apirilaren 19ko legeen arabera,
ondasun higiezinen jabe zirenak, hots, industria gizonak eta merkatariak, lanbide
liberaletakoak, funtzionarioak eta saltzaileak bakarrik sar zitezkeen zentsuan.
1847an, biztanleen %3k bakarrik eman zezakeen botoa; gizartean estatus sozioekonomiko
berezia zuen talde bat sortu zen, beraz.
Kontsultatu ditugun dokumentuetan ikusi ahal izan dugunez (Frantziako Estatistika
bilduma, nekazarien artean egidako inkestak eta zerga ordainketen agiriak)
ondasun higiezinak, lur sailak batez ere, oso puska txikitan banatuak zeuden;
mikrofundioak ziren nagusi, eta hori, Euskal Herrian bezala Pirinioetako
beste eskualdeetan ere (J. F. Soulet, Les Pyrénées aux XIXe siècle). Gainerantzean
ere ondasun gutxiko jendez osatua zegoen Euskal Herria.
Hautesleen zerrendak aztertzerakoan ikus daitekenez, gutxi izateaz aparte,
ondasun handirik gabeak ziren aberatsenak ere. Oso industri gizon gutxi agertzen
da zerrenda horietan. Bazen kapitalik, noski, baina XIX. mendearen erdialdetik
aurrera inbertitutakoak dira horiek, eta hirugarren sektorean eta ondasun
higiezinetan inbertituak gehienak: Landetako basoetan, Bokaleko eta Tarnosko
herri basoetan, eta Inperioak Miarritzen zituen estatu sailetan.Euskal Herriak, bada, zegoenarekin, bere jabetza txikiko eta aberastasun koskorreko
jendearekin aurre egin behar izan zion XIX. mendearen lehen erdiko
egoera ekonomiko eskasari. Iraultza garaiko eta Inperio garaiko gerrateetatik irten
orduko, nekazaritzako eta industriako krisia hasi zen, 1816-1817 bitartean,
uzta urte eskasak eta laboregaien eta gainerako salgai askoren garestitzea zela
eta. Zera beretsua gertatu zen 1827-1832 bitartean ere; uzta urriko eta kalte handiko
urteak izan ziren nekazarientzat. Bigarren krisi horrekin batean gosetea hasi
zen, eta eskulangintzak eta industriak behera egin zuten, aldi berean. Urritasunak
eta goseak sorrarazia da garai horretan Lapurdin hain ezagun egin zen Betiri Santz
abestia (Eskale behartsua); letra Francisque-Michelek bere Le Pays Basque liburuan
jaso zuen.
Krisirik gabeko aldia ez zen berriz ere luzea izan, zeren 1842an laboregaien
urrialdia hasi eta 1846. urtea arte iraun baitzuen. Gero, artean laboregaien urrialdia
bukatu gabe zegoela “patataren gaitza” gehitu zitzaion horri, eta 1854 bitartean
ikaragarrizko kalteak eragin zituen. Hazparnen, esate baterako, zapatagintzan
ari ziren 900 langiletik 870 lanik gabe zegoen, 1848an, urte bereko inkesta
baten arabera. 1853an, berriz, oidium eritasunak hondatu zituen mahastiak, eta
horri guztiari errematea emateko, 1854an kolera zabaldu zen.
Krisi horiek gizarteko egiturak piltzar eginik eta nekazariak behartsu eta zorren
pean utzi zituzten; jendea, beraz, hiri handietara eta Ameriketara emigratzen
hasi zen.
Errejimen Zaharreko egiturak, sozialak nahiz politikoak, desegin ondoren,
ganorako legegintzarik eta instituzio eraketarik ez zen izan beste mende erdian,
banaezineko ondasunak kudeatze eta baso sailak zaintze alorretan batez ere. Iraultza
bukatzean oso hondatuak zeuden baso sailak, hala jabe pribatuen esku gelditu
zirenak nola herri sail bihurtu zirenak. Napoleon I.aren garaian, zeuden zenbait
lege bildu eta Baso Araudi bat egin zen. Baina, basoak administratzeko era
berri horrek, gezurra dirudien arren, oso harrera txarra izan zuen jendearen artean;
hala eta guztiz ere, 1830eko eta 1848ko Iraultzak administrazioko ajenteen
eta lur sail nahiz basojabe handien kontrako giroan sortu ziren gero. 1849ko hauteskundeetan
A. Xahok eta M. Renaud-ek Nafarroa Beherean eta Zuberoan izan
zuten arrakasta handia egoera horrek eragin zuen neurri batean.Bigarren Inperioak, aldiz, harrera ona izan zuen Euskal Herrian. Bonapartismoak
Iparraldeko nekazarien artean nolako abegia izan zuen jakiteko aski da
garai hartako Le Courrier de Bayonne eta Le Messager de Bayonne aldizkariak
pixka bat arakatzea. Eugenia de Montijo, Napoleon III.aren emaztea, jatorriz bizkaitarra
zen, izan, eta udaldiak Miarritzen igarotzen zituzten, bestalde. Hiri horretan
biltzen ziren Europako Estatu buruak, printze-printzesak, eta beste hainbat
aristokrata ere.
XIX. mende erditik XX. mendera bitartean aldaketa erabakigarriak izan ziren
Euskal Herrian: 1854an, Pereire anaien Compagnie du Midi-k Baionako burdinbidea
egin zuen; handik hamar urtera Hendaiaraino luzatu zuten hori. Burdinbideak
turismoa indartzea ekarri zuen eta honek etxegintzako (bainuetxe, kasino,
hotel) hirigintza planak egiten hastea. Hori zela-eta, Miarritze 2.048 biztanle izatetik
18.260 izatera iritsi zen hirurogei urteren buruan (1851-1911). Nekazaritza
giroko eskualdeak eta, batez ere, gaur barnealdea deritzaguna, berriz, hustutzen
hasi ziren. Biztanle kopuruaren handitze horrek 1851ko urtean jo zuen goia. Kostaldea
urbanizatu izan arren, biztanleen %6,7 galdu zuen Euskal Herriak hurrengo
hogeita bost urteren buruan; eskualde batzuetan %30 gutxitu zen biztanlekopurua, Arberoako eta Oztibarreko haranetan esate baterako. Jendea Euskal
Herritik kanpora joateak ekarri zuen hori.
Baina, nahikoa garrantzi handiko hiru industriagune moderno ere sortu ziren
aldi beretsuan. Hazparnen lehengo larru lanketa zaharrari zapatagintzak eta oinetakogintzak
hartu zioten aurrea. 1852-1898 bitartean makineria berria, argi indarrak
eragiten zuena, sartu zen lantegietan. Berrikuntza horiek zirela-eta, 1904an
3.000 langile izatera iritsi zen Hazparne. Sandaliagintzak eragin beretsua izan zuen
Maule eta inguruko eskualdean: 1896an 537 langile zituena, 1911n 1.585 izatera
iritsi zen. Bokale da garai horretan sortu zen hirugarren industriagunea. Burdina
nahikoa eskura zuela medio (Bizkaian, Lesakan eta Beran), eta Galestik harrikatza
ekartzeko eragozpen handirik ez zuenez, 1883an labe garaiak egin ziren.
1926an 1.700 langile zituen. Bokaleko industriak burdina eta harrikatza ekarri
beharrak, egiten zen altzairua kanporatu beharrak (burdinbideak egiteko), eta
Landesko basoetatik meatzeetarako taketak esportatzeak, beraz, Baionako portuan
sartu-irtena handitzea eta baliabide berriak sorraraztea eragin zuten.
1871. urteko gertakizunek, Errepublika ezartzeak eta hori sendotzen joateak
eztabaida eta borroka ideologiko asko eragin zituen Frantziako beste lurraldeetan
bezala Euskal Herrian ere. Euskal Herriko kleroak, gehiena erregezalea izaki
ez zion Errepublikari atxikimenik aitortu nahi izan, Jauffret Baionako apezpikuaren
manuz kontrara. 1889ko hauteskundeetan ere apaiz askok hautagai erregezaleen
alde irten zuen. Lurdesa erromesaldi bat antolatu eta guzti egin zuten hauteskunde
aurreko egunetan. Borroka bortitza izan zen xurien eta gorrien artean,
eta batzuek nola besteek ez zituzten esatekoak paperetara gabe utzi nahi, gainera.
Handik hara, indar handia hartu zuten literaturak eta prentsak: Errepublikaren
aldekoak Le reveil basque aldizkaria ateratzen hasi ziren 1886an, eta bestaldekoek,
Etcheberry bonapartista buru zutela, Euskalduna argitaratzen hasi ziren
1887an.
Dena den, gidari politiko gehienak lurjabe handien, merkatarien nahiz industria
gizonen ordekoak ziren, hala eskuin aldekoak (Daguenet, Laborde-Noguez,
Etcheberry) nola ezkerrekoak (M. Renaud, Berdoly, Harriague-Saint Michel). Nazio
mailako eztabaidak Euskal Herrira zabaltzeak euskaldunek bizitza publikoan eta
politikoan partze hartzea eta gainerakoen kezka beretsuak izatea, hots, integratzen
joatea eragin zuen. Frantzia mailako eztabaidak udaletako, etxeetako eta
familietako eztabaida bilakatu ziren. Funtzionario, enplegatu, kaminero, basozain,
zergabiltzaile, aduanazain eta administrazioak herrietan zituen ordezkari gehienak
errepublikaren aldekoak ziren; nekazaritzarekin eta elizarekin zerikusia
zutenak, berriz, eskuindarrak. Errepublikazale, erregezale edo bonapartista izan,
gauza batek bateratzen zituen denak, eztabaidako elementu asko Estatuari
buruzkoak zirelarik, euskaldunenak ere, Estatu mailako politikan esku hartzera
eta instituzioetan integratzera eraman zituela, alegia.
Iparraldea XX. mendean
• Politika eta gizartea
1914-1918ko gerrateak egoera negargarrian utzi zuen Euskal Herriko iparraldea
ere, hartan hil zirenez aparte, gizon, emakume eta haur asko geratu baitzen
ezindu, alargun, edo umezurtz herrietan. 1918ko azaroaren 11ko armistizioari eta
1919ko bake itunari gudalari ohien aldeko mugimendua jarraitu zitzaion. Herri
guztietan “Hilen Oroigarriak” egiten hasi ziren, odol isuri horren oroimena gorde
zedin, orduan mende batzuk hasitako integrazioa indartu baino egin ez zuen. Garaitsu
berean eta izandako gerratearen ohoretan idatzitakoak dira Jean Barbier, Donibane
Garaziko seme eta Senpereko parrokoaren Gerla Haundiko Bertsuak. Giroa
horrela zegoela 1919ko hauteskundeak egin ziren: Eukal Herrian, frantziar
eskuin nazionalistak, “Chambre bleu horizon” izeneko alderdiak irabazi zituen,
Jean Ibarnegaray diputatua, gudalari ohia, Donibane Garaziko abokatu zena eta
1924an Euskal Pilotaren Frantziako Federazioa elkartea sortuko zuena buru eta
Gudalari Ohiak elkartea alde zituela. Urte horretatik aurrera, bera izan zen Ipar
Euskal Herrian politika nahiz sozial mailan nagusi, harik eta Bigarren Mundu Gerra
bukatu eta Pétainen ministro izateagatik alde batera geratu zen arte.
Euskalduna astekaria debekatu egin zuten Bigarren Mundu Gerra bukatzean,
alemanekin kolaboratu izanagatik, eta horren lekuan oraindik bizirik den Herria
aldizkaria, Lafittek sortua, hasi zen argitaratzen. Alderdi politikoen artean, MRP sortu
berria (Mouvement Républicain Populaire, kristau demokraten ildokoa), Eclair-Pyrénées
aldizkaria alde zuena hasi zen indartzen. Baina, Ibarnegarayren jarraitzaileak
berriz ere laster itzuli ziren politikaren lehen lerroetara. Miarritzeko abokatu eta
frankismoaren goi mailako gizonen oso lagun izan zen Guy Petit buru zuela, eta
Jean Ibarnegarayren (aldi batez eskubide zibikorik gabe egonak) eta Tixier-Vignancour-en
itzala aprobetxatuz egin zuten oraingoan. Iparraldeko euskaldunak,
bada, oro har frantziarren bide beretsuetatik ibili izan ziren: “petenista” Pétainen
garaian, kristau demokrata MRP-ren garaian, “gaullista” De Gaulle iritsi zenean,
1958an, e.a. Horregatik ez zuen abertzaletasunak herrian sustrai sendorik egin, mende
honen hasieran Pierre Broussain eta Aintzina aldizkariko kide taldetxoa alde
batera utzita, 1960an Enbata mugimendua sortu zen arte.• Ekonomia
Bigarren Mundu Gerra bukatzean, arrantza beita biziz egiteko era zabaltzeak
indarberritu egin zituen Donibane Lohizuneko arrantza eta portua. Arrain fabrikak
ahalegin betean aritu ziren 1948-1954 bitartean. Tropiko aldeko atun arrantzak
ere gora egin zuen; honek 1958-1965 bitarteko urteetan izan zuen aldirik gorena.
Behi hazkuntzako nekazariak esnetara aldatu ziren, eta 1951-1966 bitartean
irabazi handiak egin zituzten. Belardiak ere, nola sorondoetatik sortuak hala baso
garbiketazkoak, hedatuz joan ziren horrekin batean. 1970 arte Lur-Berri kooperatiba
izan zen nekazaritzako iraultzaren eredu. Ereduak eredu, alorrak eremu
geratzeko joerak aurrera egin zuen, guztiarekin. Baina, nekazaritzako giroa eta
ingurunea aldatuz zihoazen; mendi aldeetako baserriak, zeuden bakartasunetik
eta mantenuko ekonomiatik irten eta erosotasunaren gozoa dastatzen hasi ziren.
Telebista eta kristau ikasbidea (katolikotasunak zuen garrantziaren gainean ereina)
zabaltzeak (frantsesez biak), are bultzada handiagoa eman zion jada denbora
asko eskola eta heziketa zirela medio sartzen hasia zen kulturari.
1960-1970eko urte bitarteak, berriz, MIACA (Akitaniako Kostaldea Zuzpertzeko
Ministroarteko Ahalegina) ekimenaren seinalea darama, eskualde horretan baliabideak,
urbanismoa eta ekipamendua sustatzeko sortu zen erakundearena, alegia.
XX. mendearen azkeneko urteotan Iparraldeko ekonomia turismora
itzularaztea ekarri du eginbide horrek.