Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Erromatarren kolonizazio aroa

“Teseo eta Minotauro” II. mendeko mosaiko erromatarraren zatia. Nafarroako Museoa.<br><br>

 

EGILEA:

Koldo Larrañaga Elorza Azkoitia, 1937. Elizaren Historian lizentziatua Erromako Unibertsitate Gregorianoan 1965ean, eta Filosofia eta Letretan Unibertsitate Complutensean 1971n. EHUko doktorea 1987an. Deustuko Unibertsitateko eta Bergarako UNEDeko irakaslea. Egun, EHUko Ikasketa Klasikoetako Departamentuko irakaslea.

Nevada-Renoko unibertsitateko Visiting Fellow 1986an. Euskal Herriko Historiari buruzko ikerlanak, batez ere antzinateko eta beranduko antzinatearen ingurukoak.

Liburuak: Euskal Herria Antzinatean, Euskal Herria Antzinate Berantiarrean eta Lehen Ertaroan. Materiale eta agiriak.

 

Pirinio inguruko mendebaleko aldea

Lan honetan, Erdi Aroan eta garai modernoetan Euskal Herria deitzen hasi zen lurraldeko giza taldeek erromatar kolonizazioaz izan zuten esperientziara hurbiltzen saiatuko gara –ahalik eta gertuen, gisa honetako saio batek dituen mugak kontuan hartuta beti ere–. Nolanahi ere, Pirinio inguruko mendebaleko aldea delakoa, bere luze-zabalean, hartzen da kontuan, oraingo administrazio banaketak agertzen dituen muga erosoei lotu gabe. Eta hori, antzinako prozesuak behar bezala ulertzeko geroagoko denboretako baldintzei dagozkion banaketan oinarrituriko barrutiek, neurri handi batean, hemen kontuan hartuak izateko garrantzi eta esangura aski ez dutelakoan gaudelako. Izan ere, inorentzat sekretu ez dena, mendetan zehar Euskal Herri historikoa, batasun etniko-kultural gutxi asko homogeneoaren ezaugarrien jabe izanda ere, ez da bera ageri den lurralde osoa hartuko zukeen egitura politiko eraginkorrik garatzeko gauza izan. Horregatik, lurralde hori kultura nortasun desberdinei loturiko hainbat erakunde politiko edo aginpideren artean zatiturik agertu da, eta horrek zaildu egiten du batasun horretan eragina duten prozesu historikoen lekuko –eta aldi berean eragile, nola edo hala– izan zen geografia barrutia zehaztea. Hala bada, zailtasuna areago zailtzen da Euskal Herria ukitzen duten antzinatasun handieneko prozesuak aztertu behar direlarik, ezen herrialde hori –gaur gure esku dagoen dokumentazioaren arabera bederen– nekez esan daiteke eraturik zegoela garai haietan, beraren agerraldi historiko betean ez bezala, eta antza denez izangai gisako bat besterik ez zen, muga askoz lausoagoetako mundu baten barne. Pirinio inguruko mendebaleko alde euskaroideak moldaturiko mundu horrek oraindik ez zuen jasan indoeuroparren inbasioak geroago erakutsiko zuen eraginkortasun zorrotza –Augusto, Euriko, Rekaredo edo Karlomagnoren denboretan gertatuko zena–, eta mundu euskaroide horren sorterri etniko-kultural antzinakoa eta gertalekua osoago eta batuago zegoela pentsa daiteke.

Arrazoi horiek direla eta, gure azterketa eremua, oro har –eta ez modu guztiz zehatzean, agian–, Pirinio inguruko mendebaleko aldea deitzen dugun horretara zabaltzen da. Hemen halakotzat hartzen ditugu seguruenera euskaldunen eitekoak (euskaroide) ziren talde etnikoen kokalekuak, bai eta, etnia edo kultura zehaztea zailago izan arren, geroago Euskal Herria izango zen lurraldearen zati handi edo txikiak hartzen zituzten beste talde batzuei zegozkienak ere. Horrenbestez, hemen kontuan hartzen ditugu, bai Zesarren Akitania etnografikoa eta bai Pirinioetako ardatzetik Hegoaldera gutxi gorabehera Ebroko ibarraren mugaraino eta Ekialdetik Mendebalera Iacetani eta Vascones direlakoetatik hasi eta Autrigones-etaraino, batzuk besteen ondoan, finkaturik zeuden talde etnikoen lurraldeak.

Funtsean, geroago Euskal Herria izena hartu zuen eta garai hartan oso izen nahasiez ezagutzen zen lurraldean Erromak burutu kolonizazio obrak biltzen du gure arreta. Nolanahi ere, ez dugu ahaztu behar Erdi Aroko eta garai modernoetako Euskal Herria, neurri handi batean, desberdintze eta zatikatze prozesuen ondorio dela, guzti horiek Erromako aldi kolonialean abiatu (edo areagotu) zirelarik: hau da, gaurko periferia hori ez zen alde batera uztekoa, zeren eta dudarik gabe, bere ezaugarri bereziak direla eta, izena hartu aurreko Euskal Herri hartan Erromaren kolonizazioak eragindako kultura deuseztatze eta eraikitze lanaren ondorio ukigarria baita.

 

Vasconia nunquam conculcata

Behiala euskaldunak harro agertzen ziren Augustoren denboretan Erromako botereari aurre egin zioten ipar Hispaniako oste menderakaitz haien ondorengoak izateaz. Urrunago iristen ziren beren harrotasunean, ziotelarik Espainia osoan lurralde txiki hau besterik –erromatarren Cantabria superior– ez zela erromatar nagusigotik at geratu. Armarriren batzuk arrandiaz apaintzen dituzten esamolde zenbaiten bidez –hala nola Vardulia nunquam superata hura– islatzen zen ideiaren oinarrian aztarna eta uste multzoa zegoen; baina batez ere euskararen iraupen miragarrizkoa argudiatzen zuten beren alde –bestelako hipotesien arabera ezinezkotzat jotzen baitzuten–; halaber, garai horietako arkeologia eta hizkuntzalaritza ikerlanen egoera zela eta, euskaldunen herrialdean erromatar mundu klasikoaren aztarna gutxi azaldu izana ideia haren aldeko beste argudio bat zen.

Nolanahi den ere, postulatu hura hainbat dogmaren bilbatze konplexu baten korolario gisakoa zen; horien arabera, Euskal Herria Espainiako lehen nobleziaren jatorria eta sehaska zen, Tubal biblikoaren herentziaren gordailua, hain ondare pribilejioz betea denboraren iragankortasunetik babestu zuena, bestelako jende eta herriekin harremanik eta nahasterik izan gabe.

Ez dakit zer pentsatuko zuten gaur gure arbaso tematsu haiek gai honi buruz, garai batetik hona arkeologia eta hizkuntzalaritza alorreko ikerlanek erromatarrak bertan izan ziren egonaldiaz hainbat eta hainbat datu nabari eta ageriko pilatu dutelarik. Egia esan, egun ez da hain larria kaparetasunezko talde estatutua edo nortasun propioaren ezaugarriak babesteko premia (alderdi biak erabakigarriak ziren beste garai bateko euskalduna Tubalen eta euskal-iberiarraren dogmaren inguruan mamituriko errepertorio mitiko-sinboliko zaharra mantentzera bultzatu zuen bizitzaren aurreko jarreran). Nolanahi ere den, egun burura ezinezkoa da –funsgabea delako– erromatarrak bertan izanak ote zirelako arazoa garbitzerakoan behialako euskaldunak erakutsitako arintasuna, nahiz eta, urteen buruan, aitortu behar dugun arrazoirik ez zitzaiela falta auziaren alderdi bereziak nabarmentzen zituztenean.

 

Erromatarrak bertan: ageriko zehaztasunak

Erromatarrak bertan izan zirelakoa bermatzen duten testigantza nahiko eta gehiegi daude. Idatzizko iturburuek hainbat alderdiri buruzko erreferentzia gutxi asko zehatzak bildu dituzte: konkistaren eta ondoko lurralde antolaketaren gorabeherak, lurralde hori zeharkatzen zuten bideak, bertan kokaturiko herriak eta etniak, zegozkien hiriak edo herriguneak eta haien estatutu juridikoak, haien ekonomia baliabideak eta gizartea antolatzeko erak, lurraldea Erromako politika eta administrazio sisteman giltzatu eta egokitzeko erak eta ezarritako ordena defenditzerakoan bertako jendeari egokitzen zitzaizkion eginbeharrak.

Arkeologiak, bere aldetik, beste hainbat lekukotasun azalera arazi ditu: azpiegitura obra handiak (eraikuntza hidraulikoak, zubiak, bide sareak); hiriko eraikuntzak edo hiri ingurukoak, beren ezaugarri zehatzekin; finkalekuak gotortzeko lan nabarmenak; mea ustiakuntza ohargarriak; nekazaritza eraikuntzen sare zabala, villæ urbanæ direlako aski zituena eta Behe Inperioko eraikuntza ospetsuenei zegokien tresneria konplexu eta sofistikatuaz horniturik zeudenak, e.a.

Hizkuntzalaritzak, azkenik, latinezko sustratua azpimarratzen du, alde batetik, lurralde honetako eskualde handietako toponimia historikoan (eskuarki erromatar kolonizazio garaietako lurraren okupazio eta ustiakuntzari dagozkien gertaera gisa interpretatuak), eta bestetik, latinak euskararen baitan duen eragin sakona, eta zehazkiago ondare lexikalaren eraketan (garrantzi handieneko autoreek eragin hori neurri handi batean erromatar kolonizazioaren garaiarekin erlazionatzen dute eta ez ondoko, frankobisigodoen garaiko edo Erdi Aroko, prozesu latineratzailearekin).

 

Ageriko zehaztasunen banaketa

Alabaina, lurralde hau oso-osorik begiratzen bada, erromatarren presentziaren sendotasuna baieztatu ondoren, esan beharra dago agerikotasuna ez dela inola ere proportzio berekoa eskualde guztietan, maila horretako desberdintasunek grosso modo Geomorfologiak ezartzen dituenekin bat egiten dutelarik, edota geroago bertan kokaturiko komunitateen patu kultural desberdinetan agertzen direlarik. Ezberdintasun horiek are nabarmenago ageri dira lehen aipaturiko zehaztasunen banaketan, modu esanguratsuan bat baitatoz, honako hauetan egiaztaturikoaren arabera: a) erromatarrekin zerikusia duten arkeologia aztarnategiak eta arkeologia hondar bakartuak agertzen dituzten barreiadura mapak; b) kolonizazio arora arte atzeratzea zentzuzkoa den toponomastikaren banaketa eta, oro har, onomastika pertsonalaren erromatartze maila edo leinu egituren eraginkortasuna zehazten saiatzen diren hizkuntzalaritzako ikerlanak; c) literatura testuak edo haietatik lurraldeko eskualdeen akulturazio mailari buruz atera daitekeen informazio berezia.

Agerikotasun molde hirukoitz horren azterketa konparatutik, orain dela hainbat urtetik hona gaia ukitu duten zenbait autorek azpimarratu dutena ondorioztatzen da, hots: ezin dela lurraldearen erromatartzerik izan dela esan modu orokorrean eta bereizkuntzarik egin gabe, ez bada itxura engainagarrizko juzku sinpleegietan erori nahi eta bertako geroko historian erabakigarri diren giltzarrietako bat ulertu gabe gelditu. Laburbilduz, honako koadro hau marraz daiteke: a) Hegoaldeko muturreko zerrendak akulturazio indize handienak beretu zituen: Ebroko eta haren ibaiadarretako ibar irekienak. Iruñetik Hegoaldera, baskoien lurraldeko alderik pribilejiatuenak: Erribera –Errioxakoa, Alfaro eta Calahorrako ingurunea barne–; Zangotzatik Uncastillo eta Sadabaraino hartzen duen hegoekialdeko erdialdea eta mendebaleko erdialdea, Urantzia eta Biana ingurua.

Gero, alde pribilejiatu hau Ebro inguruko beroien lurraldean zehar hedatzen da (Varea, Logroño, Tricio…) eta, Pancorbotik hara eta, agian ez horren molde sakonean, autrigoien lurraldean zehar Briviesca inguruan (Hispania Citerior-eko bi bide garrantzitsuen bidegurutzea). Araban (Errioxako aldea eta, Conchas de Harotik gora, Ebroko ertza alde batera utzirik), akulturazio indize gorenak Asturica-Burdigala delakoan, Mirandatik gorako zabaldian aurkitzen dira. Eskualde horiek guztiek zenbait ezaugarri biltzen dituzte: 1) Erromatar hirigintzaren garapen handia; garapen hori, oro har, burujabetasun garaietako herriguneetan gauzatzen da, halakoak zabalduz edo/eta aldatuz, eta gehienbat hegoaldeko muturreko zerrendan agertzen da, Ebroko lerroaren luzeran eta Arba eta Aragon ibaiadarretako behe-ibilguan (Cascantum, Graccurris, Calagurris, Cara, Los Bañales, e.a.); denbora iraganik, haietako hainbatek udal estatutua lortuko zuten. 2) Ezbairik gabe latino-erromatarra den kulturarekin loturiko nekazaritza ustiakuntzaren aztarnak pilatzea –bide ardatz handien inguruan kokatuak batez ere–. 3) Ezbairik gabe latino-erromatarra den ingurunean sartzen diren jokamolde eta kultura ereduak (jendea elkarren artean lehiatzen da, cursus honorum dela eta; antroponimia dokumentatuaren latineratze maila garaia; panteoi greko-erromatarrari dagozkion jainkoen hedatze handia; epigrafiarako edo letra eta arte klasikoetarako zaletasuna, e.a.). 4) Hierarkiaren arabera eraturiko kristau eliza hegoaldeko mugan, Ebroko ertzean aski goiz azaldu izana. Egiaztapen horiek gogoan harturik, adierazpen batzuk garbi ulertzen dira, hala nola J. Caro Barojak idatzitako hauek: “Hegoaldeko muturreko euskaldun artean erromatartzea penintsulako alderik erromatartuenean bezain sakona izan zen”.. ) Gauza bera esan daiteke Novempopulaniako ordokiko alderdi zabalei buruz, hots, Garona eta Aturri ibaien eta horien ibaiadar nagusien –Save, Gers, Baïse, Midouze, e.a.– luzeran ibar eta terraza zabaletan irekitzen den eskualdeaz. Horeragin akulturatzailea Narbona-Burdigala ardatzak bideratua azaltzen da, bereziki Tolosa abiagune duten beste bideetan: Lugdunum Convenarum–Beneharnum–Aquis Tarbellicis; Lactora–Aginnum; Elimberris–Elusa-civitas Vasates. Alabaina, aurrekoekin gurutzatu eta Hegoalde-Iparralde norabidekoak ziren beste zenbait ardatz ere ez dira ahaztekoak: Lugdunum Convenarum– Lactora–Aginnum, edo Caesaraugusta–Beneharnum eta Asturica–Burdigala Pirinioez bestaldean. Dena den, erromatartze orokorreko giro horretan, zenbait eskualdek gainerakoek baino aztarna indize handiagoak agertzen dituzte.

Gehien bereizten direnetako bat St.-Bertrand-de-Commings ingurukoa da –Pompeioren garaian sorturiko Lugdunum Convenarum, lehen-lehenengo garaietatik erromatarrek Akitaniako istmoa kontrolatzeko ezarri zuten sistemaren giltzarri izan zena–. Beste bat Gers ibaiaren erdi eta behe ibilguan zehar hedatzen da –Lugdunum Convenarum–Aginnum izeneko bidea, konkistaren garai gogorretan, aspaldi sorturiko pompeiar hiri haren eta Lactocrates eta Nitiobriges herri aliatuen arteko komunikabide ardatz guztiz garrantzitsua izan zena–. Eskualde pribilejiatuenak diren horiez gainera, Novempolulaniako ordokiko beste zenbait gunek ere erromatar kulturaren eragin nabarmena izan zuten –Aquis, Elusa, Beneharnum–, baina, itxura guztien arabera, horiek kolonizazioaren presio orokor gutxiagoko eskualdetan zeuden, eta haietan, bestalde, kultura eredu protohistoriko zaharrak indar handiagoz mantentzen ziren oraino. Nolanahi ere den, Novempopulaniako ordokiak zenbait ezaugarri berezi ageri zituen kolonizazio aldian: 1) Erromatar hirigintzaren garatze nabarmena, Pirinioez bestaldean bezala, oppida protohistorikoen inguruan eta udalak moldatzeko prozesuarekin batera gertatuzena. 2) Nekazaritza ustialekuen sare trinkoa, garbiro erromatar kolonizazioaren testuinguruan sartzen dena. 3) Jokabide eta kultura eredu batzuen eraginkortasuna –maila jakin batzuetan–, Pirinioez bestaldean ikusten genuen bezala: tokiko buruzagitza eliteko kideak cursus honorum delakoan lehiatzen ziren; dokumentaturiko antroponimiaren erromatartze maila garaia –nahiz eta euskararen antzeko jatorrikoa ere oso dokumentatua izan, bestaldean ez bezala–; epigrafiaren hedapen handia eta letra eta arte klasikoetarako zaletasuna; jainko klasikoen agerpena –nahiz eta bertakoen aurrean nagusitasuna ez izan–.

4) Hierarkiaren arabera antolaturiko Eliza oso goiz agertu izana… c) Erromaren ezarpenaren ageriko gertaerak kartografiara eramanez, garbiro ikus daiteke nola eskualde gutxi asko pribilejiatuen ondoan, beste zenbaitetan, bai Pirinioen Iparraldean bai Hegoaldean, erromatar jatorriko aztarnak askoz urriago diren, bai eta elementu hori saihestu edo arbuiatu bide duten eskualdeak ere. Erromaren presentzia, iberiar aldeari dagokionez, Ebroko lerroan eta Asturica-Burdigala bidearen inguruan mamitua izanik (lehenengoan bigarrenean baino areago), bi ardatz nagusi horietara doazen ibai ardatz nabarmenen behe eta erdi ibilguen inguruan agertzen da, indar handiagoz edo txikiagoz, eta gero bakanagoa da goi haranetan edo garrantzi gutxiagoko ibaiadarren luzeran, eta azkenik, guztiz urria da ura Kantaurira isurtzen duten ibarretan eta Mediterraneorako isuraldeko ibai buruetan –estrategiaren ikuspegitik interesgarriak ziren gune bakartu zenbaiten salbuespenarekin beti ere–. Novempopulaniako aldeari dagokionez, egoera berdintsua da, hots, goian aipatu erromatartze ardatz garrantzitsuen ondoan, badira aski presio gutxi jasaten duten eskualdeak, bai eta erromatarren presentzia guztiz bakana edo hutsa agertzen dutenak –hala nola Landesko eskualdea edo Garona eta Aturriren ibaiadarretako goi eta are erdi ibilguetako ibarrak ere–. Kolonizazio presio urriko eskualdeak zehaztu eta haien ezaugarriak aztertzerakoan, beti ere geomorfologiaren eta paisajearen aldetik halakoak ezaugarri jakin batzuren jabe direla egiaztatzen dugu: haran gutxi asko itxi eta sakonek zeharkaturiko lurrak dira, nekazari latinoarentzat hain egokiak ez direnak, eta horregatik, ondoriozta daitekeenez, basoakedo, kasurik onenean, larreak bereturiko alderdiak; azken finean, landu gabeko lurrak eta hein batean menditsuak, autore klasikoek, Vascones deiturarekin elkarturik, saltus izenez izendatzen zituztenak. Saltus hori, bestalde, Pirinioek, beren gailur elurtuekin, aterbe elurtuekin (gogoratu Ausonioren ninguida hospitia) eta herri garaiekin, itsasotik itsasorainoko hesi iragan ezina moldatzen duten baso masa eskergaren –saltus eskerga haren– zati eta luzakin gisa erabiltzen da idazleen testuetan. Saltus hori, beraz, ez da landa lurren ondoko baso txikia, egurra, eraikinetarako zura, ehiza, alhapideak, e.a.. maten dituena, nekazaritza paisaje klasikoan ager delakoaren ezinbesteko osagaia; baizik eta funtsean alde menditsua dena, eremu handia hartzen duena eta bereziki azienda hazten bide duten jende talde desberdinen bizilekua.

Biztanle horien kopurua handia ezin bada izan ere, gutxi edo gehiago erromatarturik zegoen nekazaritza eskualdeko jabe aberatsak mundu arriskutsua, lapur zuloa eta, nolanahi ere den, gizakiari ez dagozkion ohitura basatiak dituen jende baten kokalekua ikusten zuen saltus horretan. Dena den, eremu zabal horretan agertzen diren erromatarren finkaleku sendoen aztarnak ezin daitezke gutxiago izan. Beste eskualdeetarako erabilitako irizpideei heldurik, hona ondorioak: 1) Erromatarren kolonizazio denborari dagokion hirigintzaren balantzea urria da. 2) Urria da, halaber, gehiago ez esateagatik, erromatar kolonizazioaren gain segurtasunez eman ditzakegun nekazaritza ustialekuen kopurua. 3) Aurrez esandakoetatik ondoriozta daitekeenez, alferrik bilatuko genuke eskualde horretan, erromatar jokaera eta kultura klasikoaren ereduen eraginkorasunari dagokionez, beste eskualdeetan agertzen ziren indizeekin aldera daitekeen ezer (aurkituriko epigrafien bakantasunak, alde batetik, tokiko zenbait buruzagiren oroitzapena gordetzeko balio du –administrazio zentralaren eta gutxi erromatarturiko jendearen arteko bitartekariak, dudarik gabe–, eta bestetik, halakoetan oinarrituz izenen erromatartzeaz edo ekarritako kulturen garrantzi konparatuari buruz egin daitezkeen azterketen irispidea egokiro neurtzeko premia agertzen du). 4) Erromatartzearen eskasien ilunbea areagotu egiten da, dakigularik kristau elizak zein berandu azaldu zen saltus izenez ezagutzen den aldean –batez ere hierarkiaren arabera antolaturiko eliza–, bai eta egiteko hartan izan zituen duda-mudak.

 

Erromatarren jarduera irizpideak

Erromatarren jardueraren ageriko frogen barreiadura erakusten duten mapez esandakoa kontuan hartuz gero, Erromak lurralde honetan egin asmo zuena antzeman daiteke. Gauzak hein batean eskematizatuz agian, esan daiteke erromatarrak bertaratu izana, kolonizazio ereduaren beraren mugek ezarritako baldintzetan beti ere, lurraldeak ekonomia ustiakuntzaren aldetik eskaintzen zituen ahalbideek bultzaturik gertatu zela, nahiz eta geopolitika eta estrategia ikuspegiko beste zenbait arrazoik ere eraginik izan zuten.

Ekonomia alorreko arrazoien artean, lurzoruaren nekazaritza ustiaketarako ahalbideak lehen buruan ezartzekoak dira, batez ere lurralde honetako zenbait eskualderi dagokienez; alabaina, saltus horrek basoa ustiatzeko eskaintzen duen aukera ere ez da ahaztekoa (Pirinioak zeharkatzen dituen Caesaraugusta-Beneharnum bidean Forum Ligneum bat agertzen da), ez eta lurpeko aberastasunen ustiakuntza ere (meatoki eta terma leku askoren aztarna ugari dago); azkenik, noizbait, kolonizatzaileek lan indar ugari eta merkea lortzeko erreserba gisa ikusi zuten lurraldea, bai gudarostean eta bai bestelako enpresa publiko edo pribatuetan erabil zitekeena. Geopolitika eta estrategia ikuspegiko arrazoien artean, ez da ahaztu behar lurralde hori oikoumene-ko eskualde guztiz garrantzitsu batzuen arteko igarobidea zela, eskualde horiek elkarrekin lotu eta harremanetan jartzen zirelarik gutxi asko ezinbestekoa gertatzen zen igarobide horri esker. Goian aipatu diren ekonomia ikuspegiko arrazoiekin bat eginik azaltzen zen komunikazio premia horri erantzutearren, Erromak lan handiak egin zituen: 1) Komunikabide sare handi zabala (lehorreko bideak, ibaietakoak, itsasokoak), bide nagusietan bederen, eraginkortasuna eta segurtasuna bermatzearren antolamendu guztiz konplexua eskatzen zuena (mansiones edo mutationes lehorrekoetan; portu eraikuntzak ibai eta itsasokoetan, e.a.). 2) Segurtasun mekanismo konplexua, bide sarea bera horren funtsezko osagaia zelarik, eta Erromako pax edo gizarte ordenaren azken bermea izanik, zenbaitetan egokitu beharra zuena, lurraldeak bizi zituen gorabehera soziopolitikoen arabera (trinkoa eta ahaltsua hasieran, Erromak lurraldearen kontrol osoa beretu bitartean, gero eta murrizketa handiagoak izan zituen I. mendean pax lortzearekin batera, eta berriro antolatu eta sendotu egin zuten Behe Inperioko krisialdietan).

Horrenbestez, goian ikusi ditugun eskualdeen arabera banaturik aurkitu diren aztarnen dentsitate eta esanahi erlatiboari dagozkien desberdintasun gaitzen zergatia eta erromatar kolonizazio obraren bultzagarri bide ziren irizpideak, gure ustetan, egin dugun interpretazio saio honek ulertzen lagundu du hein batean.

Izan ere, gure ustetan, desberdintasun horiek ez dira ongi edo gaizki antolaturiko edo zuzenduriko arkeologia ikerketa baten halabeharrezko fruituak edo ondorioak, Erromak lurralde honetan erabili zuen kolonizazio ereduaren irudi aski fidela baizik. Erromako kolonizatzaileak –adierazitako arrazoiengatik– eskualde batzuk hobesten ditu, eta erdeinatzen –edo kasik– beste batzuk. Horrek bada, erromatar kolonizatzaileek bertan bostehun urtetik gora iraganik, lurralde honetako zenbait eskualde benetako erreserben modura egituratzea bideratu zuen, erreserba horietan antzinako bizimoldeek iraun bide zutelarik kolonizazio mendeetan zehar, nahiz eta ez, seguruenik, tradiziozko kultura egitateen multzoan aldaketarik jasan gabe, elementu erromatarrarekin edo erromatartuarekin ehundaka urtetako harremanen ondorioz aberastuko zirelarik. Erreserba horietan, Pirinioen inguruneko hizkuntza zahar batek, euskarak, nola edo hala bizirik jarraitu zuen; halaber, pentsa daitekeenez, ohiturazko zuzenbidea mantendu zen; eta, agian murrizturik jadanik, larre aldaketaz baliatzen zen antzinako abeltzaintza errejimena ere mantendu zen, e.a. Gertaera interesgarria da, dudarik gabe.

Ezer baino lehen, lurraldearen erromatartzearen gaia batera eta ñabardurarik gabe hartzeak dakartzan arriskuen berri ematen du.

Alabaina, pentsatu beharra dago iraupen horietan aurki daitekeela lurraldearen ondoko historia ulertzen lagunduko duen funtsezko gakoetariko bat. Izan ere –beste zenbait arrazoiren artean, Erromaren akulturazio jardunaren alde batetiko huts egitea dela bide–, baskoi eta baskoi antzeko ingurunea arian-arian moldatuz joan zen, Pirinioez Iparraldean eta Hegoaldean gauzaturiko eraketa politiko-sozialen aurrean gatazkatsua eta beretzeko zaila zen errealitate gisa. Erromaren egintza akulturatzailearen gabeziak, ordea, mundu autoktonoaren kanpoarekiko erlazioak baldintzatzeaz gainera, desberdintze prozesuen hasieran ere azaltzen dira, azkenean baskoi biztanleriaren jatorriko ingurunean eragina izango dutelarik.

 

Kronologia

-220/-203 i.: Euskaldun eiteko munduaren eta erromatarren arteko lehen harremanak, agian Anibalek Italian burutu zituen guda ekintzak zirela bide.

-202/-170: Erromak Ebro aldea konkistatu zuen. Caton Zaharrak iacetani herria menderatzen du (-194). Manlius Acidinus-ek zeltiberiarrak garaitzen ditu Calagurris (Calahorra) ondoan (-188/187). Sempronius Gracchus-ek menderatzen ditu azkenean eta, garaipen ezaupidetzat, Graccurris (Alfaro) sortzen du (-178).

-151 i.: Cl. Marcellus-en egintza baketzailea Zeltiberian. Lucullus haren ondorengoak “Vaccaei eta kantauriarrak eta Hispaniako beste jende ezezagunak” garaitzen ditu.

-118 i.: Arverni herriaren nagusitasuna hautsirik, Domitius Ahenobarbus-ek Couserans eta Comminges aldeko Volcae Tectosages herria menderatzen du. Lectorates direlakoak Erromarekin elkartzen dira.

-81/-72: Eskualde hau Sertorius-en gerran nahasten da. Pompaelo (Iruñea) sortzea (-75/74 i.). Akitaniarrek Preconinus eta L. Manlius-en senatu tropei erasotzen diete, eskualde hau zeharkatzen ari zirelarik. Calagurris errenditzen da (-72). Lugdunum Convenarum sortzea (St.-Bertrand-de-Comminges (-72 i.).

-56/55: Crassus-ek Akitaniaren konkista burutzen du.

-49 i.: Eskualdea Zesarren eta Pompeioren arteko borrokan nahasten da.

-39/38: Agrippa Akitania aldean sartzen da.

-38/-15 i.: Kantabriako gerrak.

-30 i.: Messalla Corvino-k berriro esku hartu behar du Akitania aldean. Herri parea sortzen dute Pirinioetako mendate biren oinetan: Imus Pyrenaeus (Donibane Garazi) Ibañeta aldean eta Beneharnum (Lescar) Somport aldean. Kantabriako gerrekin erlazionaturik agian.

-27: Augustok administrazioa berritik antolatzen du: antzinako Akitania etnografikoa Loiratik Pirinioetaraino hartzen duen Akitania berri handiaren barne gertatzen da; Iberiako alderdia, Tarraconensis probintziaren barne.

-14: Augusto hiltzean, Calagurris zuzenbide erromatarraren mende dago; Lugdunum Convenarum eta Augusta Auscorum (Auch), Akitania aldean, eta Cascantum (Cascante) eta Graccurris, penintsulan, zuzenbide latinoaren mende.

I. m./180 i.: Jarduera handieneko aldia mea ustialekuei dagokienez: Arditurri, Banka, Lantz, e.a. Zeramikagintzaren aldi gorena Errioxan eta Nafarroan.

35/100 i.: Quintiliano, erretoriko ospetsua, Calagurris-en jaioa.

69/74: Colonia Flaviobriga (Castro Urdiales) sortzea.

74: Vespasianok zuzenbide latinoa ematen die hispaniarrei.

74/119: Pompaelo-k zuzenbide latinoa beretzen du.

100/130: Lugdunum Convenarum-ek colonia titulua beretzen du.212: Caracalla-k erromatar hiritartasuna ematen die inperioko mendeko pertsona libre guztiei.II/III. m. i.: Novempolulania izeneko probintzia sortzen da antzinako Akitania etnografikoan oinarrituz.

222/234 i.: Elusa-k (Eauze) colonia titulua lortzen du.

275 i.: Alamaniarren inbasioa? 280/IV. m. i.: Hiri eta gune estrategikoak harresiz hornitzen dira.

Antzinateko hiriaren krisiaren aztarnak.III/IV. m. i.: Nekazaritzaren aldi bikaina; nekazaritzaz eta autarkian bizitzeko joera.

303/305 (?): Zeledonio eta Emeterioren martiri heriotza Calagurris-en.

309/390: Ausonio, Burdigala-n sorturiko olerkaria, landestar jatorrikoa.

314: Arlesko sinodoa, Elusa-ko (Eauze) elizak parte du bertan.IV/V. m.:Kristau elizaren gero eta ezarpen handiagoa Ebro aldean eta Novempopulaniako ordokian.IV. m. amai.: Eskualdeko antolaketa estrategikoa sendoturik: gudari taldeak Lapurdum-en (Baiona) eta Ueleia-n (Iruña, Araba).

348/405 i.: Prudencio, Calagurris-eko olerkaria.

407/409: Suevoak, Alanoak eta Vandaloak, denbora batez Novempopulanian zehar ibili ondoren, Hispanian sartzen dira (409ko urria).

411: Barbaroak Inperioaren federatu gisa finkatzen dira Hispaniako zenbait probintziatan. Tarraconensis probintziak inperioaren administrazioaren mende jarraitzen du.

415: Bazas-en (Novempopulania) esklaboak eta gizon gazte libreak nobleziako oligarkiaren aurka altxatzen dira, oppidum hura godo eta alanoak setiatzen ari zirelarik.

418: Godoak Akitania II.ean eta Novempopulaniako mugetako civitates-etan finkatzen dira federatu inperial gisa.

436 i.: Godoen nagusitasuna Novempopulania osora hedatzen da.

441/443: Bagauden ekintzak Ebroko erdi eta goi ibarretan.

449: Rechiarius errege sueboak lapurretak egiten ditu Euskal Herrian Tolosarako bidean eta itzultzerakoan, bagaudekin bat eginik, ebasketari ekiten dio Zaragoza aldean eta Lerida haiekin batera hartzen du.

454: Fredericus federatu inperialak Tarraconensis-eko bagauden aurka jotzen du.

455/465 i.: Silvano Calahorrako apezpikuaren auzia.

472: Eurico errege godoak Tarraconensis bere mende hartzen du, Iruñetik eta Zaragozatik sartuz.

476: Mendebaleko Inperioaren amaiera.

506: Agde-ko sinodoa, Novempopulaniako hamabi elizen partaidetzarekin.

507: Vouillé-ko gudua eta Tolosako erresumaren amaiera.