Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Artea»Erromantizismotik gaur arte

Erromantizismoa

Goian: higikunde erromantikoko lau pertsonaia nagusietakoak. Goitik behera: J.J. Rousseau, erromantizismoaren aitzindaria; Kant, higikundea indartu zuena; Shelley, ingeles erromantizismoko olarkeri bikainenetakoa, eta Mdme. de Stäel, Alemaniari buruz idatzi zuen liburuaren bidez erromantizismoa Frantziara hedatu zuena.<br><br>Ezkerrean: “Argelgo emakumeak”, Eugene Delacroixena, eta “La balsa de Medusa*”, Théodore Géricaulten lana. Bi artista horiek izan ziren erromantizismoko margolaritzaren aitzindariak.<br><br>

XVIII. mende bukaerako Europa aztoratzen duten higikunde eta ideia berriek arlo guztietan eragingo dituzte aldaketak.

Askatasuna aldarrikatzen da zentzu guztietan, gizabanakoa jarriz gauza ororen ardatzean.

Frantses Iraultza izan zen berrikuntza giro honek ekarri zuen emaitzarik bortitzena, baina gizarte, politika, ideologia eta filosofia mailan ez ezik, izpiritu honek ere berdin astindu zuen arte mundua. Erromantizismoak kutsu iraultzailea zuten joerekin bat egin zuen, eta batez ere XIX.. endean Europa osoan sortzen joan ziren nazionalismoekin.

Erromantizismo izenez ezagutzen den higikunde zabal hau XVIII. mendearen bigarren erdian eta ia XIX. mende osoan zehar zabaldu zen; arte plastikoei dagokienez, garairik mamitsuena 1780 eta 1860 artekoa izan zen.

Artista erromantikoak norbere esperientzia eta sentimenak adierazteko bideak saiatzea du helburu.

Bat-batekotasuna, norberaren benetako barne egia adieraztea, horiexek izango dira hemendik aurrera artelan oro epaitzeko irizpideak, gune akademikoetatik at, horrek baino ez baitu agertuko egilearen izaera errepikaezina.

Literatura (nobela eta poesia batipat), musika eta arte plastikoetan pintura (eskultura eta arkitektura materialagoak baitira) izango dira beraz xede honetarako aukerarik egokienak eskainiko dituztenak. Higikunde honek estilo, molde eta kontraste handiko artebideak biltzen ditu, beti ere berrikuntza eta esperimentaziorako grina horrek lotzen dituenak.

Erromantizismoa eta neoklasizismoa higikunde garaikideak dira eta guztiz kontrajarriak. Klasizismoaren ordena greko-erromatarrera itzultzeko proposamena arbuiatuko du erromantizismoak, arau zurrun eta neurtu horietatik ihes egitera bultzatuz, aitzitik. Hala ere ez da hain erraza, XVIII. mendean zehar, bi higikunde horiek bereiztea, azken finean kasu askotan iturri bertsuetatik edaten baitute: W.

Blakeren lanak, Ossianen ustezko poemen irakurketa edo Goethek hondakin klasikoetara egindako bidaiak, esate baterako.

Oro har, erromantizismoko moduen oparotasuna ezaugarri gutxi batzuetara mugatzea erraza ez bada ere, artegintzari dagokionez batzuk izenda ditzakegu: norbanakoaren kultoa, errazionala ez dena gurtzea, misteriozkoa, sentibera, irudimenezkoa, esplikaezina denaren nagusitasuna; iraganari, espazioan eta denboran, jartzen zaion arreta iraunkorra, etab. Pintura erromantikoaFrantzian, Iraultzaren garaian eta ondorengo hamarraldietan pintura neoklasikoa (Jacques- Louis David eta Jean-Auguste Ingres, batez ere) eta erromantikoa elkarren ondoan landuko dira. Ezinbestekoa izango da beraz bien arteko harremana, Daviden ikasle batzuk (Louis Girodet, François Gérard) hasiko baitira gai erromantikoak lantzen beren pinturan, hala nola Ossianen kondairak, Macphersonek sortuak antzinako poeta germanikoen antzera. Baina Daviden dizipuluen artean iaioena, Antoine Jean Gros (1771-1835) izan zen, Napoleonen laguntzailea haren Italiako kanpainan, enperadorea hainbat aldiz margotu zuena, beti ere halako kutsu erromantikoz (Jaffako izurrituak-en, adibidez).

Géricault eta Delacroix dira Frantziako pintore erromantikonagusiak, Theodore Géricault (1791-1824), Grosen eraginez, Napoleonen borroken eszenak pintatuz hasi zen, baina benetan ospetsu bihurtu zuen koadroa Marmukaren baltsa deritzana da (1819). Géricault ospitale batean egon zen hiltzear zeudenen keinuak eta gorputzak behatzen, horrela errealismo handiz margotu ahal izateko Marmuka ontziko naufragoen sufrimendua. Hala ere, piramide moduan osatua egoteak –eta urrun-urrunean ontzi salbatzailearen arrastoa igartzeak– errealismo gordin hori apur bat arintzen du itxaropen izpi bat emanez.

Eugène Delacroix (1798-1863) da «le peintre par excelence», Baudelaireren ustetan. Bere lehen garaian Gros eta Géricaultek biziki eragingo diete, baina baita Rubens eta Veronesek ere.

Bere koadrorik biribilenetarikoa Sardanapaloren Heriotza (1827) da, Byronengandik ateratako istorioa agertzen duena: Asiriako erregeak bere zaldi eta emazte guztiak hiltzeko agindua ematen du bere etsaiak, mediarrak eta pertsiarrak, Niniven sar daitezen baino lehen. Eszena osoa bortxa barroko ikusgarriz margotua dago; kolorea nagusi da lerroa edo irudien islaren zehaztasunaren gainean. 1830ean Askatasuna herria gidatzen margotu zuen, frantses iraultzaren baloreak erromantikoki goratuz.

Ekialdeko gaiak ere landu zituen.

Britainia Handiari dagokionez, aspalditik zegoen Ingalaterran “antzinako” izadiarekiko zaletasuna, industria iraultzak paisajea aldatu ahala gero eta biziagoa egiten baitzen paisaje naturalaren nostaljia. Erromantizismo ingelesaren aurkikuntza handia paisajea baita, hain zuzen ere. Ordurarte pintoreek beren lantegietan margotzen zituzten aurretik ikusitako paisajeak, edo haien oroitzapenak, orain, aldiz,zuzenean margotzen hasiko dira, garaian garaiko argitasuna harrapatu nahian. Hori lortzeko gainera akuarelaren teknika modan jarriko dute.

Paisaje erromantikoa deitzen duguna Cozens aita-semeek (Alexander, 1717-1786 eta Jon Robert, 1752-1797) sortua da maila handi batean. Landa ingelesak erarik gorenean margotzen jakin zuena John Constable (1776-1837) da bestalde. Bere Stour ibaieko ontziak bi koloretan baino ez da oinarritzen: urdina eta berdea, Delacroix bera harrituta utzi zuena. Naturalista batek bezala, zehaztasun osoz saiatu zen izadia margotzen, bere hodei estudioetan ikus daiteken bezala.

Joseph Mallord Turner (1775- 1851) da paisajegile ingeles handiena.

Cozens-tarren kopiatzaile gisa hasi bazen ere, laster aurkitu zuen bere berezko bidea.

Kolore argien erabilerak, paisajearen mugak argitasunean nahasteak eta giro poetiko eta erromantikoa sortzen duen etengabeko lainoak bere estiloa oso berezia egiten dute. Goetheren «Koloreen teoria»-ri jarraikiz, Turnerrek ere kolore bakoitzak arima egoera jakin bat eragiten duela pentsatzen zuen, eta ideia horrekin esperimentuak egin zituen.

Bere artegintzaren gailurra 1840 aldera kokatzen da, Ontzia elur ekaitzean, Euria, lurrina eta abiadura edo Argia eta kolorea: uholdearen ondorengo goiza bezalako obrekin; azken horretan, ez da jada espazio neurgarririk ageri, dena astintzen duen zurrunbiloa besterik ez, tradizionalki pinturan eskatzen zen espazioaren kontzeptua irauliz.

Alemanian ere, klasizismoa eta erromantizismoa aldi berean garatuko dira, zaila delarik biak bereiztea. Artista hauek filosofia eta literaturarekin oso loturik daude, eta bere obrak sinbolo eta asmo ezkutuz beterik daude; kondaira alemanetan, nazioaren iraganean eta Erdi Aroan oinarrituko dira batik bat.

Otto Runge (1777-1810), ideia filosofikoak pintura eta marrazkiaren bidez adierazten saiatuko da, bere mistikotasuna giza edo landare itxurako alegorien bidezagertzen ahaleginduz. Caspar David Friedrichek berriz (1774- 1840) bere filosofia paisajearen bidez adieraztera joko du, eta aldi berean era naturalista eta sinbolikoan interpretatu beharko den paisajea da. Bidaiaria hodeien itsaso bati begira (1815)koadroan, urrutiko izadia behatzen ari den pertsonaiaren bizkarra erakusten digu, gizakiaren patua eta mugagabekotasuna aurrez-aurre daudela iradokiz.

Alemaniako pintore talde erromantikorik bitxiena Nazarezioa,tarrek osatzen dute (F. Overbeck eta P. Cornelius, besteak beste), ikasketa akademikoak alde batera utzi eta Erromara joatea erabaki zuen artista gazte multzoak. Han, Berpizkundeko artistak zuzenean aztertu eta jatorrizko ideal kristaua aurkitu nahiean, anaiarte bat osatu zuten.

Nazaretarren lanen artean Erromako Massimo jauregiko dekorazioa da aipagarria. Eskultura erromantikoa Eskulturari dagokionez, estilo neoklasikoa izan zen oraindik ere nagusi denbora luzean, akademiek bultzaturik, bai Italian, bai Britainia Handian eta bai Alemanian ere. Arkitekturan bezala estilo neogotikoak ere izango du eraginik, eta estilo eklektikoa da gehien landuko dena, eskultura ez baita bat-batekotasun eta adierazkortasun erromantikoaz baliatzeko biderik egokiena. Badira hala ere Frantzian Rude (1784-1855) eta Barye (1796-1875) bezalako eskultore aipagarriak, bizitasun eta mugimendu handiko eskulturak egin zituztenak. Arkitektura erromantikoa Arkitekturan ere eklektizismoa da nagusi, hau da, estilo desberdinen nahasketa eta konbinaderitzanteknika eta material berrien erabileraz. Estilo neoklasikoa, neogotikoa, exotikoa, etab. landuko dira. Ingalaterran batez ere neogotikoak indar handia izango du, XIX. mendearen lehen erdian estilo honetako ehundaka eliza eraikiko baitira.

 

Cortázarren hirigintza proiektua (1864-1874)

XVII. mendearen erdialdeaz gero, Donostiako agintariei erantzukizun handiak etorri zitzaizkien: alde batetik, Donostia Gipuzkoako hiriburu bilakatu zen 1854an, eta hori zela bide lurralde horretako erakunde ofizialen egoitza bihurtu zen; bestalde, 1850ean eta 1864an, Irun-Andoain errepidea eta Paris-Madril burdinbidea bukatu ziren, hurrenez hurren, eta Donostiatik igarotzen ziren biak.

Donostiako merkataritza, industria eta turismoa indarberritzeko oso baliabide onak ziren, baina era berean hiria bere eremu estuetatik askatzea eta zabaltzea eskatzen zuten; izan ere, harresiz inguraturik eta gaurko Parte Zaharra den eremura mugaturik baitzegoen Donostia, eta ez baitzen alde horretan industria, merkataritza edo turismoa indartzean beharko ziren etxebizitzak eta gainerako eraikuntzak sartzeko lekurik. Hiria nora-hara zabadu beharra zeukaten, beraz.

 

Cortázar Zabalunea

Arestian aipatu diren behar horiei erantzun beharrez, Donostiako agintariek alde berri bat eraikitzeko proiektuen lehia zabaldu zuten 1862an. Bi baldintza jarri zituzten proiektua egiteko: hiri batek behar zuen guztia kontuan izanik, muga jakin batzuen barruan sartzea eta Alde Berria zaharraren moldera egokitzea.

Etxeak eta kaleak nahi bezala antola zitzaketen, beti ere alde horri merkatari kutsua (industriagunerik gabe) emanez, garbitasuna eta higienea ahalik hobekien bideratuz eta zerbitzuak leku erosoetan jartzen saiatuz gero. Donostia zaharra eta berria egoki elkartzeko eragozpenik handienak harresiak eraisteko Madrildik baimenik ez emateak sor zitzakeen; baina baimena ere iritsi zen (1863ko maiatzean)proiektuak egin, aurkeztu, haietatik bat aukeratu eta lanean hasteko tramitazio guztiak bukatzerako (1864). Bestalde, honelako kasuetan buruhauste handiak ematen dituen beste auzia sailen jabegoarena izan ohi da, erabili nahi diren sailak erosi beharra, etab. Alde horretatik arazo gutxi etor zitekeen Donostiako kasuan, izan ere, erabilimaianahi ziren sailen %94 inguru jabetza publikokoa edo hartara bihur zitekeena baitzen. Guztira hamabi proiektu aurkeztu ziren; Udaletxeak Antonio Cortázarrena hautatu zuen aho batez, baina Martín Saracíbarren proiektuko (bigarren onena) parte bat ere kontuan har zezala eskatu zitzaion, Parte Zaharra eta Alde Berria elkarrekin lotzeko bien artean bulebar bat egitea proposatzen zuen partea, alegia. Cortázarren proiektuak, txikiagoan baina, Castro arkitektoak Madrilerako eta Cerdá arkitektoak Bartzelonarako egin zituztenen ezaugarri bertsuak zituen: erdian patioa zuten etxe multzo itxiak, lauki forman garbi antolatuak; Urumea ibaiaren eta hondartzaren arteko lotura ibilbide zabal batez egina, eta hiru plaza: Plaza Zaharra zeritzana, Gipuzkoako Plaza, eta Hondarribia kalea eta San Martin kalea elkartzen diren lekuan egin nahi zuena, biribila. Plan horren arabera moldatu zituen gainerako zehaztasunak.

Parte Zaharraren eta Berriaren arteko lotura gorago aipatu den bulebarraren bidez eta kale Nagusiari Hernani kalean jarraia emanez konpondu zuen. Plaza Zaharra zegoen berean utzi zuen, baina ingurua eraikuntza publikoentzat diseinatu zuen, hiritarren biltoki bihurrarazteko asmoz. Merkataritzako harremanak errazteko, Portua eta Norteko geltokia bide estuko burdinbide batez lotu zituen.

Kale gehienak zuzenak eta batzuk besteekin angelu zuzenean elkartzen zirela moldatu zituen, baina biztanleen arteko hierarkia (aberatsak, udatiarrak eta langileak) gogoan izanik banatu zituen horiek: erdialdeko kaleak, luzeenak (15-20 m) eta ibiltokien inguruan geratuko zirenak aberatsentzat; hondartza ingurukoak, udatiarrentzat, eta San Martin auzokoak, ofiziale eta langileentzat.

Azkeneko bi horiek laburragoak izango ziren (9-15 m).

Etxeek zer garaiera eta zenbat solairu izan izan behar zuten ere, arestian aipatu den hierarkia horren arabera erabaki zen. Higieneari garrantzi handia eman zion, hala ere, bai aberatsen aldeko etxeak bai beste aldeetakoak diseinatzerakoan, eta debekatu egin zuen, adibidez, teilatupean ganbaratxoak edo kaleko zorua baino beherago etxebizitzak eta sukaldeak egitea. Azpiegiturari dagokionez, errepideak plan berrira egokitzeari baino garrantzi handiagoa eman zion etxeetako ur zikinak ahalik hobekien bideratzeari eta zerbitzu publikoko eraikuntzak leku erosoetan kokatzeari.

Estolda nagusia Zurriolako murrutik (Parte Zaharraren mendebaletik) edo gero Zumardia izango zen aldetik Urumea ibaira moldatu zen, itsasgoran zorua urpean zuela eta itsabeheran urak estoldako zikinkeria eramateko eran. Zerbitzu publiko gisa, bi merkatu, lisiba leku publiko bat (Amaran), eliza bat eta institutu bat (erdialdean), antzoki bat eta auzitegi bat proposatzen zituen Cortázarrek bere proiektuan. Hiri burges ohiko bat diseinatu zuen, labur esateko, kale zabal zuzenekiko hiri garbi, eder bat alegia. Proiektua onartu (1864) eta Zurriolan itsasgorari eusteko harresi bat eraikitzeko baimena eskuratu zuenean, harresi hori egiten, Bretxa aldeko zuhaitzak botatzen eta kale Nagusia Hernani kalean barrena Alde Berrira luzatzen hasi zen lehenbizi.

Hamar urte iraun zuten lan horiek (1864-1874), zabalaren lehenengo aldian. Gero, Martín Saracíbarrek bere proiektuan proposatzen zuen bezala, Parte Zaharraren eta Alde Berriaren artean Bulebarra moldatzen etaBulebarretik gaurko Askatasunaren hiribidea bitarteko etxe multzoak egiten hasi ziren. Proiektu horrek oro har ondoko kale hauetan zituen mugak: gaur egungo Bulebarrean, iparraldetik; Askatasunaren hiribidean, hegoaldetik; Okendo kalean, ekialdetik, eta Hernani kalean, mendebaletik.

Donostiako udaletxeak edo agintariek ez zuten, guztiaz ere, Cortázarren proiektua zegoen berean utzi, aldaketak egiteko oinarritzat hura hartu arren.

Urumearen ezkerreko aldean ibaiari eusteko horma bat egitea zen aldaketa horietako bat; Prim kalea horma horri esker egin zen gero. Erdialdean eliza bat egiteko, San Martin auzoan etxe multzo batzuk eraistea izan zen bestea.

María Cristina zubirako egin zuen planoa ere ez zen Cortázarrek diseinatu bezala geratu, Goicoa arkitektoak bere erara moldatu baitzuen 1890an; Gaurko Bilbo enparantza, aldiz, Cortázarrek pentsatu bezala, biribila, utzi zuen Goicoak. Alde Berri horretan aurki daitezkeen estiloez mintzatzean, erakunde publikoen eragina azpimarratu behar da lehenik. Hiria ahalik ederren egitea zen hiritar guztien ametsa, eta ez zen udal arkitektoak aurrez aztertu gabe ezer egiten. Arkitektura estilo bat baino gehiago aurki daitezke Donostia Berri horretan: beranduko estilo neoklasikoa, 1864-1874 bitartean egindako aldean; estilo eklektikoa edo Art nouveau deritzana, beste zenbaitetan, baina apaingarri gutxirekin, nonahi ere.

 

Donostiako Diputazioaren Jauregia eta Gipuzkoako Plaza

D onostiako Gipuzkoako Plaza Cortázar Zabalunearen baitan eginiko lanetako bat izan zen, Zabalunearen lehen eraikuntza aldiko lan nagusia (hasieran Zabaluneko Plaza izena eman zioten).

Plazaren proiektua José Eleuterio Escoriazak egin zuen, plaza nagusiaren ideian oinarrituta.

Plaza arkupedun bat proiektatu zuen, etxebizitza pribatuz (plazaren hiru aldetan) eta eraikuntza monumental nagusi batez (Diputazioaren Jauregia, hain zuzen) osatua izango zena. Escoriazaren asmoa zen plazaren lau sarrerak arkuz ixtea, baina azkenean ez zen arkurik egin.

Plazaren eraikuntza lanak 1867. urtean hasi ziren, eta 1882an amaitu; estiloz neoklasiko isabelinoa da, eta II. Errepublika garaian Frantzian eraiki ziren “hôtels de ville” ugarien eragin nabarmena du. Plazako eraikuntza pribatuen arteko batasuna handia da, bai fatxadei dagokienez bai materialei dagokienez ere; nabarmen den eraikuntza bakarra Diputazioaren Jauregia da. Etxeek behe solairua, tarteko solairua, hiru goi solairu eta sabaipea dituzte. Fatxadak harlanduzkoak dira, behealdean eta ertzetan, eta gainerakoan eskuharri zarpiatua da nagusi. Aipagarria da plazako eraikuntzen multzoak eratzen duen proportzioen sistema, eta orobat ere goitik beherako zerrenden eta balkoien horizontaltasunaren arteko oreka.

Diputazioaren Jauregiaren lehen proiektua Goicoarena zen, 1878koa, eredu neoklasikoaren arabera egina eta ordena korintotarreko osagaiak zituena. Haren hasierako asmoa zen jaialdi areto handi bat eraikitzea erdian, eta haren alboetan Diputazioaren Jauregia eta estatuko gainerako zerbitzuen egoitzak. Proiektu hari 1879. urtean egin zitzaizkion zuzenketen ondoren hiru gorputz independentez osaturiko eraikuntza egitea erabaki zen: erdikoa izango zen Foru Aldundiaren egoitza, eta alboetakoak, berriz, Gobernu zibilarena bat, eta Finantza ministerioaren ordezkaritza bestea. Gobernuaren egoitza eraikitzeko ardura Francisco Urcolari eman zitzaion, eta ministerioaren ordezkaritzarena Ramón Múgicari; Foru Aldundiaren egoitza, berriz, aldi baterako kontratuen bidez eraiki zen. Jauregia 1885ean amaitu zen azkenik, gainerako eraikuntzen ondoren, baina urte horretan bertan erre egin zen eta fatxadak baizik ez ziren gelditu. Hala, jauregiaren barnealdea berregiteko enkargua Aladrén eta Morales de los Ríos arkitektoek hartu zuten (Donostiako Kasinoa ere horietxek egin zuten). Material bikainak eta dekorazio dotorea dira haiek egindako lanaren ezaugarri nagusiak,eta aipagarriak dira, besteak beste, Carrarako marmolez eta brontzez egindako zurubia, Echenagusíak diseinaturiko beiratea eta Elkano aretoko margoak, Salaberría eta Urangarenak. Kanpoaldeari dagokionez, arkupeetako espazioa eta goitik beherako proportzioen sekuentzia ditu ezaugarri nagusiak. Behe solairu arkupeduna du, plazako gainerako eraikuntzek bezala, nahiz haiek baino askoz ere monumentalagoa den, eta fatxada harlanduz egina da. Erdiko gorputzean erliebeak eta atikoa nabarmentzen dira; gorputz hau aurrerantz aterea da, eta zutabez hornitua; fatxadari sakontasuna ematen dio horrek.

1919an Gobernu zibilaren egoitza beste leku batera aldatu zenean jauregia handitu zuten, Cortázarren zuzendaritzapean.

Plazako eremu publikoa, lorategiena alegia, 1877an proiektatuzuen Pierre Ducasse udal lorazainak.

Landare mota ugariz osatua da, eta ingeles estiloan oinarritua. 1907. urtea arte baranda bat izan zen lorategiak babesteko, zortzi sarrera zituena. Lorategi barnean zenbait osagai bitxi daude, José María Usandizaga musikagilearen bustoa, ordu mahai bat eta aterpetxo meteorologiko bat, besteak beste.

 

Donostiako Kasinoa eta Alderdi-Ederreko Lorategiak

Kasinoa –gaur egun Donostiako Udaletxe dena– 1882an eraiki zen, Luis Aladrén eta Adolfo Morales de los Ríos arkitektoen planoen arabera. 1923an Kasinoa itxi, eta Kursaal eraikuntzara eraman zen. 1941ean Udaletxea jarri zen Kasinoaren lekuan, eta jarduera berrira egokitzeko zenbait aldaketa egin ziren Luis Arizmendi arkitektoaren zuzendaritzapean (1943-1945). Kasinoaren eraikuntzak garrantzi handia izan zuen hiriarentzat, izan ere, kasinoen zergak udaletxeen esku gelditu zirenean, Donostiako udaletxeak diru sarrera handiak izan zituen.

Donostiako Kasinoak oso ondo adierazten du eraikuntzaren eta hondartzaren arteko lotura uda hiri batean.

Eraikuntzak orokorrean frantses eragina du, Montekarloko Kasinoarena batez ere; bestalde, Espainiako Berpizkundearen ukitua ere badu, eta azkenik eklektizismoaren eragina ikus daiteke dekorazio osagaietan: hala, minarete arabiarrak daude, apaindura amerindiarrak, ojiba moldurak, mudejar arkupeak. Izan ere, Kasinoa da Donostiako eraikuntza eklektiko aipagarrienetako bat.

Eraikuntzaren hormak Mutrikuko kareharrizkoak eta Uliako hareharrizkoak dira; egitura burdinezkoa eta zurezkoa da. Hiru gorputzek osatzen dute: erdikoa da nagusia, eta galerien bidez elkartzen da alboetakoekin; beste biak baino handiagoa da, eta goreneko erlaitz gainean erloju bat du. Gorputz horren beh e a l d e a n hiru arku daude,eta horien gainean hiru balkoi, sarrera puntu erdiko arku banatatik dutela. Alboetako gorputzek seina arku apaldu dituzte, eta horien gainean terraza handiak daude.

Fatxadaren apaindurari dagokionez, kapitelek eta mentsulek eskulturak dituzte, eta azulejoak duade frisoetan, tinpanoetan eta arkiboltetan. Atzealdeko fatxada hareharrizkoa da, eta adreiluak eta azulejo harlauzak ditu han ere.

Atari nagusiko zorua marmolezkoa da, mosaikoak osatzen dituela, eta sabaia ganga biribil batek eratua da. Ataria eta eskaileranagusia puntu erdiko arkupe baten bidez elkartzen dira. Atariaren sarrerako ateak bi kariatide ditu, marmol eta brontzezkoak.

Atari horretan bada tximinia handi bat, apaindura aberatsezkoa.

Gorputzen arteko galerietako zoruak arbelezkoak edo Valentziako mosaikozkoak dira. Galerietako hormak marmol-igeltsuz estaliak daude, eta ertz moldurekin eta kasetoiekin apainduak.

Kasinoaren fatxada nagusiaren aurrean Alderdi-Ederreko lorategiak daude. 1880ko urtarrilean hasi ziren lorategiak osatzen: zuhaitzak, zuhaixkak, loreak eta tamarindoak, gero Donostiaren ezaugarri bilakatuko zirenak landatu zituzten. Pierre Ducasse frantses lorazaina izan zen arduraduna; Miramar jauregiko lorategiak eta Gipuzkoako Plazakoak ere hark antolatuak dira. 1813ko hondamenaren ondorengo berpiztearen urteurrena ospatzeko udaletxeak Alderdi-Ederren monumentu bat eraikitzeko lehiaketa bat antolatu zuen; “Zubieta” izeneko lanak irabazi zuen, baina, handiegia zela eta, handik hamaika urtera kendu egin zuten.

Haren hondakinak Donostiako Irun enparantzako monumentuan aurkitzen dira gaur egun.

 

Artzain Onaren katedrala eta plaza

Donostiako harresiak 1863.. rtean eraitsi ondoren, hiria hedatuz joan zen eta, aldi berean, harresietatik at zegoen San Martin auzoko biztanleak ugalduz ere joan ziren. Garai horretan donostiarren erlijio beharkizunei erantzuteko, hala ere, ez zeuden neurri handiko bi parrokia besterik, Santa Maria eta San Bizente, biak ere hiri barnean kokaturik.

Gainera, Donostian zeuden beste bi parrokia txikietatik bat, San Martingoa, bota egin zuten 1885. urtean. Hori dela eta, San Martin auzoko bizilagun gehienek Donostia barruko aipatu bi elizetara joan beharra izaten zuten eta, euren auzoan bertan eliza berria eraikitzea eskatzen zuten horrexegatik. 1879. urtean, San Martingo hilerri txikia tokiz aldatu ondoren, orube egokia geratu zela eta, auzoko biztanle askok eliza han egitea proposatu zuten. Udalak, berriz, parrokoeniritziak jaso ondoren, 1879. urtean erabaki zuen eraikina jasotzeko toki egokia Londres Hotelaren atzealdeko orubea zela.

Azkenik, iritzi kontrajarriak konpondu ondoren, eliza berria plaza eder baten erdian eraiki behar zela erabaki zuen udalak, eta, horretarako, gaur egungo Artzain Onaren plaza aukeratu zuten.

Eliza egiteko lau proiektu aurkeztu ziren, eta Manuel Echave arkitektoak azaldutakoari eman zioten eraikuntza lanak zuzentzeko enkargua. José Vicente Mendía izendatu zuten haren laguntzaile, eta hargin maisua Agustín de Zumalabe izan zen.

1889. urtean hasi ziren lan horiek.

Orubera ibaiko ura sartzen zela eta, oinarri sendoak ematearren, 8 metroko zuloa egin behar izan zuten, sakontasun horretatik abiatuta gogor finkaturik gera zedin eraikina. Elizaren gorputznagusia egiteko Igeldoko harrobietatik ekarritako harlandua erabili zuten. Gangak egiteko, aldiz, Burgosko probintziatik eskuratu zuten tuparri egokia.

Eta, azkenik, arbela Frantziako Angers herritik ekarri zen.

Gaurko katedrala 1897. urtean sagaratu zuten, artean dorrea egin gabe bazegoen ere. Dorre hori R. Cortázarrek bukatu zuen 1899. urtean. Azkenik Gurruchaga arkitektoak 1909an, lehenik, eta 1929. urtean, gero, elizaren atzeko aldean zenbait handitze lan egin zituen.

Eliza bera estilo neogotiko berezi batean dago egina; hiru nabe eta eliz gurutzea ditu, eta abside batez bukatzen da.

Kanpoko aldetik halako ukitu germaniarra du, ate nagusiko arkupeak eta erdian kokaturik duen dorreak, besteak beste, ematen diotena. Barnealdean Julio Gargallok jardun zuen kapitelak egiten, leihoak edertzen eta aldarea lantzen. José Llimonak Artzain Onaren eta Ebanjelarien irudiak egin zituen, eta pulpitua egiteko lana Nicolás Mendiveren esku geratu zen.

Beirateak Juan Bautista Lázaroren gidaritzapean egin ziren.

Eliza bikaina izanik ere, plazak eskaintzen duen edertasun orokorrean behar da aztertu, izan ere, inguruan dauden eraikinak parrokiarekin batera osotasunaren ideia emateko egin baitziren; José de Goicoa arkitektoak egina da, hain zuzen ere, eraikin horien oinarrizko diseinua.Lehenik plazaren iparraldean lau etxe sail egin zituzten, 1895.. rtean hasi eta hamar urte geroago bukatu zirenak. Eraikin horiek etxebizitza moduan erabiltzen dira; bi fatxada dituzte San Martin kalera, eta bakoitzak behe solairua, solairuartea eta, honen gainean, hiru solairu ditu.

Kanpoaldetik, bestalde, itxura berdina dute denek.

Plazaren hegoaldean bi eraikin eder daude: Posta Bulegoa eta Koldo Mitxelena Kulturunea.

Gaurko Koldo Mitxelena Kulturunearen eraikina 1900. urtean hasi ziren altxatzen. Institutu izateko egin zuten hasieran, gerora ingeniari eskola izan zen, eta gaur egun kulturune gisa erabiltzen da.

Ramón Cortázar eta Luis Elizalde izan ziren berorren arkitektoak.

Estiloaren aldetik esan daiteke eklektizismoaren barnean eite klasizista duela eta alderdi nabarmenak azpimarratzekotan adierazi behar da kalitate handiko materialak erabili zirela eta atzeko fatxada benetan dela ederra. Ederragoa, adituen ustez, Artzain Onaren eliza aldera duena baino.

Posta Bulegoa 1906. urtean jaso zuten D. Aguirrebengoa arkitektoaren gidaritzapean. Eraikin honek hiru zati nagusi ditu; erdikoa da, batez ere, azpimarragarria, ederrena delako. Estilo eklektikoz egina dago; fatxada harrizkoa du, eta teilatua arbelezkoa.

Egin berritan Arte eta Lanbide Eskola izan bazen ere, gerora Posta Bulegoa ezarri zuten bertan.

 

Donostiako Victoria Eugenia antzokia eta María Cristina Hotela

Victoria Eugenia antzokia 1910ean hasi zen eraikitzen eta handik bi urtera amaitu. Hiriaren eta turismoaren hazkundeari erantzuteko helburuarekin egin zen, Francisco Urcolaren planoen arabera, Cortázar Zabaluneak ibaiari irabazitako lurretan.

Antzokiaren fatxadak, hormak eta oinarriak hareharrizkoak dira: Donostia inguruko harria erabili zen, Igeldoko harrobitik aterea batez ere; harri mota hori izan zen, hain zuzen, garai hartako Donostiako arkitekturaren bereizgarrietako bat. Palkoak eta anfiteatroen hegalak eta habeak, berriz, hormigoi armatuzkoak dira, eta estalkiaren eta kupularen egiturak metalezkoak.

Fatxada nagusiak ibaira (eta itsasora) begiratzen du; Berpizkundeko estiloan egina da, eta platereskoaren eragin nabarmena du; antzokia, oro har, estilo neoplatereskokoa dela esan daiteke.

Fatxada nagusiak hiru ate ditu, eta ateen gainean leiho handiak daude; ate horietatik atari batera sartzen da, eta atari horretan marmolezko zurubi ikusgarribat dago. Fatxada nagusian, bestalde, pertsonaia ezagunen buruak agertzen dira zizelaturik (Peñafloridako kondea, Arriaga, Eslava, Gayarre, Gaztambide eta Santesteban), eta baita harrizko zenbait eskultura multzo ere (“Trajedia”, “Musika”, “Dantza”, “Komedia”).

Erregina Erregentearen kalera ematen duen fatxadan ere bada antzokirako sarrera bat, burdin eta beirazko estalki artistiko bat duena.

Fatxada honetan dago Errege palkora sartzeko atea ere. Gainerakobi fatxadetan ate txikiagoak eta zerbitzukoak daude.

Barnealdean areto asko daude: areto nagusia, egongelak, arropa gordetzekoak, artisten gelak etab. Areto nagusian ikusleentzako eserlekuak, plateak, palkoak eta eszenarioa daude; areto hori dantzaleku edo jangela gisa erabili behar denerako, beheko eserlekuen gelako zorua eszena oholtzaren mailara jasotzen duen mekanismo berezi batez hornitua da. Eszenarioa handia zen, eta eserlekuetatik erabatbereizita zegoen; suterik izanez gero “ur oihal” izeneko bat zegoen, sua eszenatik aretora zabal ez zedin. Artisten gelek atzealdera ematen dute; handiak dira, leihodunak guztiak, eta garai hartarako ongi hornituak: bazituzten konketa, ispilua, ura, lurrinezko berogailua, argia eta altzariak.

Atari gainean, lehen solairuan, “foyer” bat dago, eta garai hartako antzokietan ohi ez bezala ekitaldien arteko atsedenaldietan kanpora irteteko aukera ematen zuen horrek.

Dekorazioan elementu aipagarrienak areto nagusiko sabaiko pinturak eta atariko triptikoa dira, Ignacio Ugarte donostiarrarena lehena, eta Martiarenarena bigarrena, greziarren garaiko pinturan oinarritua.

Victoria Eugeniarekin batera, eta turismoaren gorakada zela eta, goi mailako hotel bat eraikitzea erabaki zen, garai hartan hirianzirenak ez baitziren aski izaten urte sasoi batzuetan Donostiara iristen zen jendearentzat. Hala eraiki zen María Cristina Hotela, Charles Mewersen proiektu baten arabera eta Urcolaren zuzendaritzapean, 1909tik aurrera.

Hotelak multzo monumental bat bera osatzen du Victoria Eugenia antzokiarekin, baina eklektizismo klasikoaren ezaugarriak ditu; oso eraikuntza trinkoa da, apaingarri urrikoa. Fatxadak hareharrizko harlanduz eginak dira, eta eskudelak eta balaustradakharri artifizialezkoak. Habeak eta aretoetako zoruak marmolezkoak dira gehienak; geletakoak, berriz, zurezkoak. Teilatua arbelez eta zinkez egina da, eta metalezkoa du egitura.

Hotela eraikitzeko 4.000 m 2 -ko orube bat hautatu zen; horietatik 2.000 hartuko hotelak zituen, eta gainerakoa lorategiek eta terrazek.

Jatorrizko proiektuaren arabera “L” formako oina zuen, baina 1949. urtean beste gorputz bat erantsi zitzaion, aurreko gorputzen estilo berean eraikia; hori dela eta, “U” formako oina du gaur egun. Eraikinaren inguru guztian plataforma bat egin zen, behe solairuko aretoen terraza modura erabiltzeko eta hotela lorategietatik bereizteko.

Soto batez, behe solairuaz eta beste lau solairuz osatua da hotela.

Sotoan aipagarria da sukaldea, kea tximini nagusira eramateko beira polikromozko kanpai batez hornitua. Behe solairuan sarrerako ataria, administrazioa, harrera gela eta hoteleko zuzendariaren bulegoa zeuden. Geletara ataritik igotzen zen, marmolezko zurubi burdinezko barandadun batetik. Atarian galeria bat dago, behe solairuko aretoetara igarotzeko (jangela, jatetxea, tabernabat, ospakizun handietarako areto handi bat…). Behe solairuko areto guztiek irteera zuten terrazara.

Goiko lau solairuek banaketa bera dute: berrogeita hamar logela, bainugela banarekin, eta lau egongela txiki, familientzako.

Aurreramendu guztiez horniturik zeuden gelak (berogailua, ur hotza eta beroa, argi indarra, tinbrea…), eta balkoia ere bazuten.

Oro har oso zainduak ziren areto guztietako dekorazioa eta altzariak, gehiegikeriarik gabe baina oso dotoreak.

 

Miramarko Errege Jauregia

Miramarko jauregia eraikitzeko arrazoia, Donostia Espainiako errege-erreginek opor hiri izateko hautatu izana da. Izan ere, Donostia hiri turistiko gisa indar hartzen hasi zenean oporraldiak hiri horretan igarotzen hasi zen errege familia, eta joera hori finkatu zuen María Cristina erregenteak 1885ean, Alfontso XII.a hil zenean. Erreginak errege familiarentzat jauregi bat eraikitzea eskatu zuen urte hartan: jauregi hura izango zen Miramar jauregia.

Miramar jauregia Antiguan dago, itsasertzeko mendixka baten gainean, antzina monasterio bat egon zen tokian. Oso eraikuntza jakingarria da, Kontxako badiaren inguruneetako aipagarrienetakoa, bai etxearen itxura bereziagatik (izan ere, hauxe da Donostian ingeles basetxeen edo cottage-en tankeraneginiko eraikin bakarra), eta bai itsasalderako maldan duen lorategi ederragatik ere. Oro har, oso multzo armoniko eta funtzionala osatzen du, eta aldi berean badu Kontxako badiaren naturaltasunarekin bat datorren erromantizismokutsua ere. Orotara 8.000 m 2 -ko eremua hartzen du, eta harrizko horma batez dago inguratua.

Jauregiaren proiektua ingeles batek egin zuen, Selden Wornumek.

Ordurako arkitekto ezaguna zen Ipar Euskal Herrian, zenbait jauregi eginak baitzituen Miarritzen eta Donibane Lohizunen, besteak beste. Hark egin zuen, era berean, Santanderko Magdalenako jauregia ere. Miramarko jauregiaren eraikuntza lanak 1889. urtean hasi ziren, José de Goicoa donostiarraren zuzendaritzapean,eta 1893an inauguratu zen. Parkea, berriz, Pierre Ducasse udal lorezainak diseinatua da.

Aurrez esan bezala, Ingalaterran XVII. mende inguruan egin ohi ziren cottage-en estiloan eraikia da Miramar jauregia, Ana erreginaren estilokoa gotikoko eraikuntzaren ezaugarriekin. Elementu aipagarriak ditu, besteak beste, dorrea, teilatu okerrak, tximiniak eta teilatupeen fatxada zurezko zutoinez hornitua, etab.

Materialei dagokienez, aldiz, euskal eraikuntzan ohikoak ziren materialak erabili ziren batez ere:adreiluz eta zenbait harri mota desberdinez egina da, eta harrizko parte gehienak hareharrizkoak eta kareharrizkoak ditu.

Teila lauak Ingalaterratik ekarri zituzten, eta iturgintza eta sarrailgintza lanak ere langile ingelesek eginak dira.

Eraikuntzaren deskribapen orokor bat emateko bi eraikinez eta biok lotzen dituen galeria batez (“Ofizioen etxea”) osatua dela esan daiteke, eta oro har, cottage egokitu bat dela. Eraikin nagusiak cottage baten tankerakoa du oina, baina zenbait osagai erantsi zitzaizkion oinarri hari; hiru atal bereizten dira: sarrera, gorputz nagusia eta gorputz erantsia. Gorputz nagusian jauregirako sarrera nagusia dagoeta dorre bat du alboan; dorre hori da multzo guztian nabarmentzen den osagaietako bat, eta nolabaiteko alkazar kutsua ematen dio jauregiari. Gorputza simetrikoa da, eta ez du patiorik; han egokitu ziren areto nobleenak.

Gorputz erantsiak gainerako atalek baino teilatu apalagoa du, eta dorre txiki batez burutua da.Barnealdea ingeles estiloan dekoratua da, Tudor etxearen eta Ana erreginaren garaiko apaindurekin; orokorrean dekorazio xumea da, artelan eta apaindura gutxikoa. Behe solairuan harrera gelak, liburutegia, billarrak, jangela eta terrazara ematen duen egongela handi bat daude. Lehenengo solairua errege-erreginen eta infanteen gelez eta gonbidatuentzako gelez osatua da. Eta bigarren solairuan, teilatupean, ganbarazainen gelak daude. Ofizioen etxean zeuden sukaldeak, zerbitzari eta funtzionario gorenen gelak.

Jauregia inguratzen duen parkea bestalde topografia bihurriari egokituriko bidexkek eta eta zuhaitz garaiek ezaugarritzen dute.

 

Donostiako hiri arkitektura

Donostiako harresiak 1863.. rtean eraitsi zirenetik 1910.. rtea arte hiriak bi zabaltze aldi izan zituen. Lehenengoa 1865.. rteko hiri ordenantzek agintzen zutenaren arabera egin zen, eta aldi horretan Bulebarretik Askatasunaren hiribidea artean dagoen esparruko etxeak eraiki ziren, batez ere. Bigarren eraikitze aldia 1889. urteko ordenantzetan oinarritu zen; aldi horretan Ekialdeko Zabalunea egin zen, Urumea ibaiaren bi aldeetako etxeak alegia, katedraletik Amara aldeko etxeak, eta Kontxako pasealekuko inguruko eraikinak. Bi aldi horietan egindako etxeei buruz esan daiteke bi motakoak zirela, erosle izan zitezkeenen arabera: batetik, bizitegi anitzeko eraikinak, batez ere bertakoburgesiarentzat eginak; eta bestetik, jauregitxo eta hotel txikiak burgesia udatiarrarentzat, bereziki.

Lehenengo zabalunean jasotakoak lauzpabost solairuko eraikinak ziren. Bigarrenean egindakoak, aldiz, aurrekoen antzekoak izanik ere, dotoreagoak ziren haiek baino, eta, gainera, esandako jauregitxoak ere zabalune horretan jaso ziren. Eraikin horiek guztiak indarrean zirauen estilo neoklasikoari jarraitzen badiote ere, une horretan hirigintza kontzeptuari eman zitzaion lehentasuna, etxe bakoitzak izan zezakeen nortasun propioa bigarren mailakotzat utziz. Hori dela eta, ñabardura batzuk gorabehera, elkarren antz handia dute etxe horiek guztiek. Orduan egindako eraikin horiek, bestalde, Frantziako arkitekturaren eragin nabarmenaazaltzen dute, baita frantsesen bitartez iritsitako ukitu ingelesa ere, neurri apalagoan bada ere.

Aipaturiko lehenengo epean hiriaren erdialdean jasotako etxeek zarpiatua eta margotua dute fatxada, zenbaitetan hala ere zeramikaz estalia. Luze-zabaleran 200 m 2 inguru izan ohi dute, dotoreenek; eta 75/80 m 2 apalenek.

Gizarte maila, bestalde,solairuen arabera islatzen da.

Garestiena eta ederrena lehen solairua da, nagusia deritzona, alegia; gora igo ahala merkeagotu egiten dira.

Bigarren epean egindako arkitekturak, hots, 1889tik 1910 arte jasotakoak, aurrekoaren antza izanik ere, eklektizismoa du ezaugarritzat, eragin frantses eta ingelesekoa, edergarrien aniztasuna areagotu egiten delako. Aipagarriak dira, garai honetan, Frantziako pasealekuan egindako jauregitxoak eta Kontxa inguruan jasotako hotel txikiak. Horietariko bi 1890. urtean egin ziren.

Batak hiru solairu ditu, teilatuak eragin frantsesa du (mansarda erakoa da) eta miradoreak ingeles estilokoak dira. Besteak bi solairu ditu eta tipula itxurako kupula, eta horretxek eransten dio, hain zuzen ere, eklektizismoak ekarritako osagai berria.

Bere mugak izan arren, arkitektura pribatuak, arkitektura publikoarekin batera, batasun handia eman zion hiriari, bi arrazoi direla medio: gorago aipatutako eraginak bi kasuetan berak izatea; eta, arkitektura mota batean zein bestean, material bakarra erabiltzea, Igeldoko harria alegia.

 

Arkitektura Bizkaian

XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera hainbat arkitektura molderen eragina nabarmentzen da Bizkaian. Izan ere, arkitekturaren alorrean ez zen estilo erromantiko beterik bereizi, aitzitik zenbait joera uztartu ziren. Joera nagusi horiek neogotikoa, Erdi Aroko moldeetan oinarritua, erregionalismoa eta eklektizismoa izan ziren; estilo modernista ere landu zen, aurrekoak baino gutxiago hala ere.

Jeneroei dagokienez, bereziki aipagarriak dira etxebizitzen eraikuntza eta eraikuntza ofizial edo zerbitzukoena, Bilboko zabalunean oso ugaria. Burdinezko ingeniaritzako lan jakingarriak ere badira, eta baita erlijio eraikin batzuk ere, arkitektura zibila baino askoz urriagoa bada ere erlijiosoa.

–Elizei– eta dagokienez, Erdi Aroko izpiritua berreskuratu nahian egin ziren eraikuntzak, historizistak alegia, izan ziren nagusi erromantizismo garaian Bizkaian.

Azpimarratzekoak dira berri-berritik egindako gutxi batzuk, Deustuko Unibertsitate Literarioko kapera neogotikoa, Francisco de Cubasek (Cubasko markesak) diseinatua, edo San Frantziskoko eliza, 1890. urtean Luis de Landechok proiektatua; aipatu behar dira halaber zenbait elizatan eginiko berrikuntza lanak eta eliza eraikiei erantsitako osagaiak, adibidez Lekeitiokoeliza gotikoko girola eta albo ataurrea (1882-1883), Pascual de Abaroaren eskutik eraikiak, eta Bilboko Santiago elizako ataurrea (1884-1891), Severino Achúcarro y Mocoroak proiektatua.

Dena dela, arkitektura erlijiosoko ereduez gainera badira zenbait gaztelu eta jauregi estilo honetan eginak: esaterako, Arteagako gaztelua, Eugenia de Montijo enperatrizak eraikiarazia, eta Couverechefek eta Auceletek egina, edo Butroeko gaztelua, Gatikan, hau ere Cubasek proiektatua eta Nicomedes de Eguilucek eta Adolfo de Areizaga eskultoreak 1879-1885 urte bitartean eraiki zutena.

Joera aipagarria izan zen XIX.. endearen amaieran eta XX.arenlehenengo hamarraldietan arkitektura eklektikoa deritzona ere, hainbat estiloren kutsua erakusten duena. Arkitektura eklektikoaren barruan etxebizitzak eta eraikin ofizialak dira nagusi Bizkaian; bereziki ugariak dira estilo honetako erakusgarri zibilak, Bilboko zabaluneko eraikuntza lanen lehen aldikoak batez ere, Bigarren KarlistaldianAlde Zaharrean gertaturiko hondamenak konpontzeko egin zirenak.

Aurrez aipatu bezala, garai eta estilo horretan hainbat eraikuntza publiko (hilerria, alondegia, erietxeak, iturri publikoak, etab.) egin ziren Bilboko zabalunean, aurrez erabiltzen zirenak zaharkiturik gelditu zirela eta. Estilo horretako eraikin ofizialei dagokienez, arkitektorik aipagarriena Joaquín Rucoba da. Harenak dira, besteak beste, Bilboko udaletxea (1883-1892), Toursko udaletxean oinarritua eta estilo neobarrokokoa, Bigarren Inperioko ezaugarriekin; edo Antzoki Berria (1885-1890), gero Arriaga izango zena, neobarrokoa hori ere. Bi eraikin horietan Octavio de Toledo izan zuen Rucobak lankide. Ospetsua da Diputazioaren Jauregia ere, Luis Aladrének diseinatua 1890-1900 bitarteko urteetan. Oso jauregi monumentalada, eta apaindura oparoak ditu, gehiegizkoak zenbaiten ustez; estiloz eklektikoa da, eta zenbait estiloren eragina du, baina Berpizkundeko arkitekturarena da bereziki nabarmentzekoa.

Arkitektura eklektikokoak dira, era berean, Vista Alegreko hilerria, Basurtoko Erietxe Zibila eta, bereziki, Burtsaren etxea (Enrique Epalzarenak hiruak); Indautxuko eskolak eta Komertzioko Eskola eta Institutua, Ricardo Bastidarenak, klasizistagoak; Grand Hotel (gaur Carlton Hotela), 1919. urtean Manuel María Smithek eraikia, etab.

Etxebizitzei dagokienez, garai horretako eraikin gehienetan Bigarren Inperioko estilo frantsesaren eragina nabarmentzen da.

Espainiako zabalune eklektikoetan, oro har, familia bakarra bizitzeko etxeak eta jauregiak eraiki baziren ere, Bilbokoan familia askorentzako etxeak egin ziren lehenengo eraikuntza aldian, estilo manierista eta barrokoan, edo beste molde batzuetako apaingarriak zituztenak, Erdi Arokoak edo arabiarrak adibidez.

Garai hartan Getxon edo Campo Volantínen egin ziren jauregiak eta etxe txikiak batez ere; horren eredu dira gaur egun gordetzen den Olabarri jauregia, edo Deustuko etxalde oparoak (Bidartekoa, Villa Luisa edo La Cavako etxeak). Zabalunean bertan Chávarri jauregia da kontuan hartzekoa (gaur egun Gobernu zibila); Paul Ankarrek diseinatu zuen (1889), eta ikusgarriak dira koloretako material anitzen erabilera eta osagai formal askotarikoak.

Familia askorentzako etxeetan, aldiz, asko dira aipagarriak Alde Zaharrean, Barrenkale, Somera edo Ronda kaleetako hainbat etxe esaterako.

XX. mendearen hasieran, zabalunearen bigarren eraikuntza aldian, ordea, joera aldaketa bat izan zen, eta Indautxu inguruan, familia bakarrarentzako etxe eta jauregiak egiten hasi ziren. Getxon garai hartan nagusi zen lorategi hiriaren urbanizazio ereduaren arabera osatua da, eta estiloen nahasketagatik oso bitxia; lan horretan bereziki aipagarria izan zen Leonardo Rucabado arkitektoa. Dena dela, Rucabadok Luis Allenderentzat eraikitako txaleta eta Ibaiganekoa, Gregorio Ibarrecherena, dira gaur egun arte gorde diren eredu bakarretakoak. Garai hartan irtenbide aurrerakoiagoak bilatu ziren, batetik, modernismoaren ildotik, baina Euskal Herriko molde tradizionaletatik abiatuta estilo propioak bilatzeko ahaleginak ere egin ziren bestetik. Eta horrela sortu zen, adibidez, erregionalismoa edo estilo neoeuskalduna delakoa; estilo hau nabarmen ikusten da Neguriko urbanizazioan. Manuel María Smith e Ibarra eta Emiliano Amann arkitektoen eraginez zabaldu zen, besteren artean, eta Rucabadok ere landu zuen, Atxuriko geltoki historizistan, eta zenbait etxe eta jauregitan.

Dena dela, familia askorentzako etxe batzuk ere egin ziren, XX. mendearen hasieran: etxe merkeak eta etxebizitza sail handiak (Solokoetxeko etxe saila da alor honetan aipatzekoa). Estilo modernistan, berriz, badira lan batzuk, aurreko estiloetan baino gutxiago dena den; oro har, zerbitzuetarako etxeetan eta apaindurazko osagaietan erabili zen kutsu modernistako arkitektura, eta gutxiago etxebizitzetan (Luis Aladrénen Montero etxea da modernista, adibidez). Alondegia, Ricardo Bastida arkitektoarena (1909), da eraikin modernista aipagarrietako bat, estilo mudejarreko zenbait osagai dituena.

Molde berekoak dira, besteak beste, Frantziako Kontsuletxea eta Campos Elíseosko Antzokia, Darroque frantsesak eginak.

Erromantizismo garaian Bizkaiko arkitekturan aipatzekoakdira, era berean, burdinazko arkitekturaren alorrean egin ziren ingeniaritza lan handiak, bereziki Bilbon ibaiadarraren gainean eraiki ziren zubiak. 1825ean Antonio de Goicoecheak Kadagua ibai gainean burdinezko zubi bat eraiki bazuen ere, ezagunagoa izan zen hiru urte geroago egindako zubi eskegia; burdinezko kate batzuetatik zintzilik zegoen,hasieran, baina 1851n burdin hariz osaturiko egitura bat ezarri zitzaion, hogeita hamar urtez iraun zuena. Beste zubi eskegi bat ere izan zen, Foruena hain zuzen, baina 1874ko setioan hondatu zuten. Arenalean Isabel II.aren zubi altxagarria eraiki zen, eta 1881ean San Frantziskoko zubi eskegiaren ordez ezartzeko beste zubi-igarobide baten diseinua egin zuen Pablo de Alzola ingeniariak, burdinazko arku handi baten tankerakoa zena.

Burdinazkoa zen, halaber, Udaletxeko edo Begoñako zubi biratzailea, 1891. urtean egina.

Baina obrarik ospetsuenak Alberto del Palacio Elissague ingeniariakegindakoak izan ziren.

Airetiko tranbiak egin zituen hark, Enkartazioetan esaterako, meak alde batetik bestera garraiatzeko, eta baita beste ingeniaritza lan handi batzuk ere, adibidez Portugaleteko zubi transbordadorea, 1893an amaitua. Oso garaia da, eta Portugalete eta Areeta artean masta garaiekiko itsasontzien garraioa ahalbidetzen zuen, ontzia burdin hariz eutsiriko plataforma batean ezarri eta garraiatzen zela. Obra haren patentea Fernando Anordin frantsesak erosi zuen 1894an, eta haren eredura egin zituen zenbait transbordadore Frantzian, Marseillan esaterako.

 

Arkitektura Araban

Arabako arkitektura erromantiko gehiena Gasteizen dago.

Arkitektura zibila da batez ere aipagarria: etxebizitzak, eraikuntza ofizialak, tren geltokiak, etab.

Garai honetan, arkitektura zibilaren barruan, bereziki aipagarria da burdinazko arkitektura; kioskoak eta merkatuak dira burdinazko eraikuntza nagusiak.

Gasteizen aipagarriak dira Fausto Iñíguez de Betolaza (1849- 1924) arkitektoaren lanak: sorospen etxeak (Babes Etxe Probintziala eta Pobreen Ahizpak), eskolak (Marianistak, Jesuitak, Jesusen Bihotza eta Ursulatarrak), Salestar lekaimeen monasterioa, Pradoko Kapera, etab. Orobat ere, interesgarria da Quintín Ruiz de Gauna jaunaren etxea, Erbinaren Etxea izenaz ezaguna, Postas kalean. Hiru ardatz bertikal ditu; alboetako bietan begiratokiak eta atariak daude, eta erdikoan leihoak. Solairu nagusiko apaindura modernista da; gainerakoetan apaingarri historizistak nahasten dira, barrokoak batez ere.

Arkitektura modernistaren beste hainbat adibide dago Gasteizen.

Horien artean aipagarria da Araba Jeneralaren kaleko 2. etxea.1904an hasi ziren eraikuntza lanak, eta proiektua Julio Saracíbar arkitektoarena izan zen. Fatxadak hiru ardatz ditu irtenak, eta bi sartuak. Alboetako bi ardatz irtenetan miradoreak daude, eta sartuetan, berriz, leihoak. Apaingarri ugari ditu fatxada guztian; erdialdeko ardatzean biltzen dira apaindura osagai nagusiak. Adreiluz eraikia da, eta etxearen erdian pilare laukituz inguratutako arku bat dago. Osagai modernistak, historizistak, mudejar estilokoak eta barrokoak ere baditu.

Bonillaren etxe-lantegia da arkitektura modernistaren beste adibide bat. Etxearen lehen proiektua 1915ekoa da, eta L. Casaus arkitektoak egin zuen. Handik urtebetera beste proiektu bat egin zuen Francisco Albiñanak. Etxe honetako apaingarriak modernistak dira, eta leihoak eta miradoreak dira apaingarri gehien duten atalak. Modernismoari dagozkionekin amaitzeko, aipagarria da Fonda Pallares, antzinako posta etxea. 1908an zenbait berrikuntza egin zitzaizkion, eta ziur asko garai horretakoak dira gaur egun arte gorde diren atariko eta eskailera hasierako apaindurak.

XX. mende hasieran, modernismoaz gainera, XIX. mendean ezagunak ziren beste zenbait estilok ere iraun zuen oraindik, historizismoak eta eklektizismoak adibidez.

Paseo de la Senda eta Fray Francisco kaleetako etxe asko estilo historizistakoak dira; Julio Saracíbar arkitektoarenak dira horietako asko. Halakoak dira, adibidez, Paseo de la Senda kalearen amaieran dagoen etxe bat, barroko frantsesaren eragina duena,eta Casa de las Jaquecas izenekoa.

Fray Francisco kalean, bestalde, bi etxe egin zituen Julio Saracíbarrek: Villa Sofía eta Villa María. Arkitektura historizistaren beste adibide bat Augusti jauregia da, gaur egungo Arte Ederretako Museoa. Luque eta Apraiz arkitektoek egin zuten jauregiaren proiektua 1912an. Azkenik, estilo historizistaren arabera eraikia da Gasteizko Becerro de Bengoa kaleko antzinako Ikasketa Ertainen Institutua, gaur egungo Euskal Legebiltzarra. Pantaleón Iradier arkitektoak egin zuen ikastetxearen proiektua, eta Julio Herrero eta José Erbina arkitektoek egin zituzten berritze lanak.

Florida kalera duen sarreran atari handi bat du, Durangaldeko marmolekin apaindua. Berrikuntza lanetan barrualdea erabat aldatu bazen ere, kanpoaldea bere horretan utzi zen.

XIX. mendean oso garrantzitsua izan zen burdinazko arkitektura.

Arkitektura mota horren barruan aipagarria da, besteak beste, Gasteizko La Florida parkeko kioskoa.

Burdinazko eraikuntza horren proiektua Jacinto de Arregui arkitektoak egin zuen 1890ean.

Burdinazko beste lan garrantzitsua azoka izan zen, gaur egun desagertua dena. Javier Aguirre e Iturralde udal arkitektoarena izan zen proiektua.

XIX. mende bukaeran eta XX.. ende hasieran Araban gehien zabaldu zen estiloa erregionalista izan zen, helburu nagusia tradiziozko formak berreskuratzea zuena. Helburu horrekin eraiki ziren Gasteizen Posta Etxea, Ajuria Enea, eta Arte eta Lanbide Eskola. Estilo berekoa da Herrán kaleko 23. zenbakiko etxea, 1923an eraikia eta gaur egun desagertua dena. Lau solairukoa zen etxea, eta teilatuan dorretxo bat zuen. Hormak adreiluzkoak zituen, ertz eta kantoiak, berriz, harri landugabekoak, eta hegalaketa dorretxoaren goialdea zurezkoak.

XX. mende hasieran hainbat eraikuntza egin ziren estilo erregionalistaren arabera burdinbideen inguruan: geltokiak, biltegiak, etab. Horien artean aipagarria da Kurutze Kanpezuko geltokia.

Gorputz nagusi bat du bidaiarientzat, eta alboetan bi dorre; horietan etxebizitzak daude. Geltokiko alderdi nabarmenena ataria da, argitasun handikoa. Geltokian bertan automotor elektrikoen biltegia dago, eta Lizarrako eta Olarizuko biltegien antzekoa da: hirurak txalet itxurakoak dira, etaetxebizitzarako eskailera sigi-sagan dute. Antoñana eta Atauriko geltokiak Kurutze Kanpezukoaren estilo berekoak dira: kanpotik ikusita oso ondo bereizten dira hiru solairuak, eta teilatuen hegalak oso irtenak dituzte.

Bi geltoki horiek adreiluzkoak dira. Laminoriako brigada etxeak ere eraikuntza erregionalistaren ezaugarriak ditu.

Arkitektura erlijiosoari dagokionez, eraikuntza erromantiko garrantzitsuenak Betoñuko Karmeldarren komentuko kapera eta Gasteizko katedral berria dira.

Betoñuko Karmeldarren komentuko kaperaren proiektua Javier de Aguirre arkitektoak egin zuen 1904an, estilo neogotikoan oinarrituta.

Eraikuntzaren fatxada hiru gorputzetan banatuta dago, bata bestearen gainean jarrita daudela.Gorputzak bi baranda faltsuren bidez bananduta daude; lehena erronbo formako apaindurekin, eta bigarrena arkutxo zorrotz sail batekin. Ataurrea arku zorrotz bat da, inbutu formakoa; alboetan ez du apaindurarik, eta tinpanoa eskulturarik gabea da.

Bigarren gorputzean errosetoi bat dago, landare apaindurekin; hirugarren gorputza frontoi zuzen baten itxurakoa da. Gurutze latinoko oina du, gurutzadura gangekin.

Gasteizko katedral berria estilo neogotikokoa da. Lehen proiektuaren arkitektoak Javier de Luque eta Julián de Apraiz izan ziren.

Bi alditan eraiki zen katedrala; lehen aldia 1907-1914 urte bitartekoa izan zen, eta zimenduak eta hormak, kripta, girolaren zati bat eta eskultura ugari eraiki ziren.

Bigarren aldia 1946-1969 bitartekoa izan zen; aldi horretan harri artifiziala erabili zen, eraikuntza arindu eta merketzearren. Bost habearteko oina du, eta hiru habearteko gurutzadura. Burualdea erdi biribila da, eta abside formako zazpi kapera ditu. Hiru ataurre ditu, eta ataurre nagusiak arkuteria hirukoitza du. Girola bi habearte zentrokidez dago osatua.

Aipagarriak dira habearteak bereizten dituzten pilareak: oinarri bera dute, eta oinarriari itsatsita zutabe fineko sail bat.

 

Errazionalismoa

1930 ondoko hamarraldian aurreko garaietako apaingarrien oparotasunaren kontrako erreakzio bat gertatu zen euskal arkitekturan, joera modernoak, errazionalismoa bereziki, beretu zituzten arkitektoen bultzadaz. Eraikuntza berriek irudi garbia, soila, erakusten zuten; haien edertasuna bolumenen definizio soil eta gardenean zegoen, masen jokoan, materialen kontrastean.

Arkitekturari dagokionez, 1920 ondoko hamarraldian, hau da, Lehen Mundu gerraren ondorengo urteetan, Alemanian sortu zen pentsamolde eta ikerketa joera izendatzen du errazionalismoak.

Weimarren, Bauhauseko eskola (1919) sortu zen garaian, arkitektura proiektuaren eta produkzio industrialaren arteko harremanak azpimarratzen zituen W. Gropiusek, artea ez baitzen jadanik ulertzen balio historikoen metaketa gisa. Mende hasierako arkitekto eraginkorrenak, Gropius, Mies van der Rohe eta Le Corbusier, bat zetozen errazionalismoaren oinarrizko ideietan, alegia, industrializazioak, modu “errazionalez” erabiliz gero, injustizia sozialetik askatuko zituela herriak. Errazionalismoaren ideologia optimista hori –azken finean kapitalismoaren garatzeko beharra interpretatzen zuena–, laster identifikatu zen arkitektura modernoarekin.

Joera berri hori oso azkar zabaldu zen Europa osoan, erakusketa eta lehiaketa bitartez, besteak beste; eta laster bihurtu zen kapitalismoaren bilakaeraren arkitektura hizkuntza. Eta, kapitalismoa nazio gaineko egituretan zabaltzen hasi zen bezala, era berean errazionalismoak ere nazioarteko zabalkundea eta itxura hartu zituen. Espainian, García Mercadal arkitekto zaragozatarra, Frankfurteko (1929) eta Bruselako biltzarretan (1930) parte hartu zuena, izan zen mugimendu honen aitzindaria, MartínDomínguez donostiar arkitektoaren laguntzarekin; izan ere, Le Corbusierrekin ikasia zen Domínguez.

Europa osora zabaldu ondoren, baita Sobiet Batasunera ere, II. Mundu gerra baino lehentxeago Estatu Batuetara heldu zen errazionalismoa, faxismoak eta nazismoak Europatik erbestera joanarazitako arkitektoek eramanda. II. Mundu gerrarenondoren, ordea, eta proposamen eta hizkuntza berria zen heinean, ahitu egin zen errazionalismoa: estilo huts bihurtu zen, errepikatzen zen formula besterik ez, eta orduantxe lortu zuen mundu osora zabaltzea.

Egoera historiko berriak, eta nazioarteko arte modernoak, eragin handia izan zuten Euskal Herriko arkitekturan 1930. urte inguruan. Goian aipaturiko MartínDomínguezek hitzaldi sail bat antolatu zuen Bilbon 1928an; abangoardiei buruz mintzatu ziren han Sánchez Arcas, Luis Lacasa eta García Mercadal. Honela zioen azken horrek hango saio batean: “arkitektura ikusmolde orok, ezer mereziko badu, ikusmolde soziala ere berekin du… Munduko Neguri guztiak daude, egon, mehatxu bikoitz baten pean. Badirudi estetika berri batek eta ordena sozial batek mehatxatzen dituztela”. Abangoardiari buruzko interesa handia zela Euskal Herrian garbi adierazten du Bauhauseko sortzaileak, W.

Gropiusek, arkitekturaren irakaskuntzaz eta funtzioaz mintzatzeko 1930ean Bilboko Carltonen eman zuen hitzaldiak. Urte horretan bertan, Gipuzkoako Ateneoak arkitektura eta pintura modernoko erakusketa bat antolatu zuen Kasinoan; arkitekto errazionalista handiek hartu zuten parte hartan, hala nola GarcíaMercadal, Churruca, Aizpurua eta Labayenek. Azken bi horiek, donostiarrak biak, Vallejo bizkaitarrarekin batera, izan ziren Espainiako GATEPAC arkitektura modernoko elkartea sortu zuten euskal arkitektoak, talde katalan eta madrildarrekin batera. Era horretan areagotu zen abangoardia errazionalistak Euskal Herrian zuen garrantzia. Higikunde horren aitzindari nagusia donostiar bat izan zen, José Manuel Aizpurua; zoritxarrez ordea, oso lan gutxi egin ahal izan zuen, gerran hil baitzuten 32 urte besterik ez zituela. Beste arkitekto handi bat izan zuen lankide, Joaquín Labayen.

Bulego bat zuten biek, Donostiako Prim kalean, fatxada modu abangoardistaz apaindu zutena. Aizpuruaren errazionalismoa, Le Corbusierren pentsamoldeari jarraiki, Ibarrako eskoletan ageri da batez ere: pilotien gainean dago eraikia, aterpeduna izan dadin jolaslekua; aipagarriak dira orobat bere soiltasun errazionalistagatik, Donostian, Madril Kafetegia, Yacaré Cluba eta Sacha aretoa, zoritxarrez desagertuak hirurak. Nolanahi ere, Aizpuruaren lan garrantzitsuena eta ezagunena, hau ere Labayenekin lankidetzan egina, DonostiakoClub Náutico da (1929). Náuticoa da, izan ere, orduan “arkitektura moderno” zeritzanaren adibide argienetako bat, arkitektura hark erreferentzia nagusietako batzuk itsas eraikuntzan baitzituen.

Eraikin honen kokalekua, itsasbazterrean ainguratutako itsasontzi bat dirudiela, ezinhobea zen errazionalismoaren ezaugarriak gauzatzeko: lerro horizontalak, terraza mailakatuak, leiho jarraitua, hegalak, forma biribilduak, etab.

Donostian badira beste eraikin batzuk ere ezaugarri horien arabera eginak; interesgarrienetako bat Kontserbatorioaren egoitza da (1931), J. R. Aldayrena; ideia klasikozale baten baitan, osoargi ageri ditu honek ere lehen aipatutako ezaugarri errazionalistak.

Aipagarri dira orobat ere La Equitativako etxea (Fernando Arzadún, 1933), eta Gros eta Ondarreta aldeko beste zenbait eraikin.

Araban bada eraikuntza errazionalista bat garrantzi handikoa, Lezako Erietxe Antituberkulosoa, 1935ean Pablo Zabalo donostiar arkitektoak bukatua. Kutxa lauki-zuzen baten forma du, batere apaingarririk gabe, eta hegoalderantz dago osorik begira, eguzkia zuzenean sar dadin.

Beti ere Bauhausen eta Le Corbusierren helburuei jarraiki, guztiz funtzionala gertatzen da, terraza bakandu eta babestuen bitartez haize garbia eta eguzkia erosotasunez eskaintzen baitzien gaixoei.

Gasteizen bestalde, aipagarriak dira José Luis de Uralde arkitektoa, besteak beste Goyako gasolindegia eta San Antonio kaleko etxebizitza sail bat egin zituena, eta Enrique Guinea, kale horretan bertan hainbat eraikuntza diseinatu zituena. Nolanahi dela ere, errazionalismoak ez zuen oihartzun handirik izan Gasteizen, hiriburuaren hazkundea eten egin baitzen gerra zibilaren aurreko urteetan.

Bizkaian ere bada erietxe errazionalista bat, Gorlizkoa (Mario Camiña, 1910-1919). Baina Bizkaiko arkitekto errazionalista nagusiak Teodoro Anasagasti eta Secundino Zuazo dira. Anasagastik teorialari gisa lan handia egin zuen, ideia berriak zabalduz, eta hormigoiaren teknika bultzatu zuen batez ere; Euskal Herritik kanpo lan asko egin zuen zuen arren, bere jaioterrian, Bermeon, San Jose ikastetxea (1909), Itsasoko eskola (1917), eta beste eraikin batzuk egin zituen.

Zuazok berriz Bilbon egin zituen lan garrantzitsuenak, Bilboko posta etxea adibidez (1927). Bermeotarrak ziren halaber Pedro de Ispizua eta Fernando Arzadún, Donostiako La Equitativaren egilea; lehenak, besteak beste, Bilboko Luis Briñas eskolak eta Bermeoko batzokia (1933) egin zituen; bigarrenak, Bermeoko “Kikunbera”etxea du ezagunena. Bilboko errazionalismoan Luis Vallejo eta Juan de Madariaga ere aipagarriak dira; bien artean egin zuten Bilboko S.S.L.ren eraikuntza.

Madariagarenak dira bestalde Tomás Meabe eskolak (1933).

 

Gerra ondoko arkitektura

Espainiako gerra zibilaren ondoren estatua, errejimen frankista, bihurtu zen Espainiako estatuan zen eraikitzaile nagusia.

Gerran gertaturiko hondamenak konpontzeko garaia zen, eta errejimenak hartu zuen bere esku lan hori. Hala, errejimenaren eskakizunei eta zurruntasunari men egin behar izan zieten arkitektoek, gobernuak arau zorrotzak ezarri baitzituen horretarako; elizak ere, nazional-katolizismoaren bidetik, estatuaren jarrera itxiari eutsi zion, nahiz eta errazagoa zirudien eliztarrak erakartzeko estilo askatasuna onartzea.

Hori guztia dela eta, garai hartako eraikuntzek ezaugarri berdintsuak dituzte estatuko herri guztietan; estilo uniforme batez egin ziren gerra osteko berrikuntza lanak, frankismoaren hegemoniaren mendean. Estilo kolosalistaeta handinahia izan zen nagusi eta hoztasuna eta zurruntasuna nabarmendu ziren. Estetika “espainiarra eta madrildarra” erabilizen, garai hartako arkitekto ospetsuena zen Gutiérrez Sotok eskatzen zuen bezala, eta XVI. eta XVIII. mendeetako espainiar joerak berreskuratu ziren, Herrera eta Villanueva arkitektoenak bereziki. Material merkeez eginak ziren eraikuntzak, egoera ekonomikoak ez baitzuen besterako biderik ematen, baina kanpoaldetik oso ongi zainduak. Osagaiei dagokienez, azpimarratzekoa izan zen dorreen eta gailurren erabilera.

Gerra osteko uniformetasun eta estetika horren erakusgarri garbienetakoa Gernika da, gerrako txikizioaren ondoren egin ziren “konponketa” lanekin. Baina Euskal Herriko beste zenbait herritan ere badira adibideak, bai arkitektura ofizialari (espetxeak, eskolak, udaletxeak, ministerioak, etab.) nola sozialari edo zibilari (etxebizitzak) dagozkienak.

Eraikuntza ofizialetan aipagarria da Iruñeko Gerrako HilenMonumentua. Espainiaren alde hildakoen omenez eraikia da, Yárnoz, Eusa eta Alzugaray arkitektoek egina. Erromako panteoiaren irudira dago osatua, eta Espainiako bigarren kupula handiena du, barnealdetik Ramón Stolzen pinturez hornitua. Monumentuaren barnealdeak gurutze forma du, eta aldare nagusian Juan Adsuararen Kristo bat dago. Dena dela, monumentuko gunerik nabarmengarriena kripta da: hainbat epitafio ditu idatzirik, hildakoen goratzarrez, eta zenbait jeneral daude han lurperaturik.

Etxegintzan, bai hirietakoa eta bai nekazari girokoa landu ziren.

Material kaskarrak erabili ziren oro har, adreilua eta zementua gehienetan, eta ez ziren luzaz irauteko moduan eginak izaten; hala ere, itxura ikusgarri eta arrandiatsua eman ohi zitzaien, fatxadetan estilo historikoetatik (Berpizkundekotik edo barrokotik, batez ere) harturiko zenbait apaingarri ezarriz.

Agurain da nekazari giroko etxegintzaren eredu, Euskal Herrian.

Hirietan azpimarratzekoak dira Donostiako Araba parkeko 3. zenbakiko etxea, 1947.. rtean Luis Jesús Arizmendik proiektatua, Gutiérrez Sotok Madrilen egindako Aireko ministerioaren estilo bertsuan. Gasteizen Alde Zaharrean aurki daitezke gerra ondoko arkitekturaren erakusgarri nagusiak, besteak beste Paz eta Olaguíbel kaleen kantoiko etxeak.

Hala ere, frankismo garaiko arkitektura honi aurre egin zionik ere izan zen, estatuak ezartzen zituen arauak gainditzea zaila bazen ere. Nabarmentzekoa da horretan Bizkaiko Erietxe Antituberkulosoa, 1942-1943. urteetan José M. de Aguinagak diseinatu eta zuzendua.

 

Arantzazu

Oñatiko mendietan dago Aratzazuko santutegia. Harkaitzez eta amildegiz beteriko ingurune oso basatian dago eraikia, itsaso gainetik 700 metroko goratasuna duen tokian. Iparraldean Gipuzkoako gailurrik garaiena den Aizkorri dauka, eta santutegia bera Aloñako mendi hegian dago kokatua. Herri kondairak dioenez, Baltzategiko Errodrigo artzain gazteak, 1469.. rtean elorri zuri baten gainean zegoen Ama Birjinaren irudia aurkitu zuen toki horretan. Ama Birjinaren harrizko irudiak 36 cmko garaiera du; erreginaz jantzirik eta eserita dagoen dama bat irudikatzen du, eta ezkerreko belaunaren gainean Jesus Haurra du biluzik. Irudiaren aurkikuntzaren berri zabaldu ahala erromesak etortzen hasi ziren, etakapera bat eraiki zuten laster toki hartan. 1514. urteaz geroztik frantziskotarrek zaintzen dute Arantzazuko santutegia.

Hasierako kapera xume horretatik gaur arte aldatuz eta hedatuz joan da eraikina. Suteen ondorioz santutegia hiru aldiz eraiki behar izan da berritik. 1553.. rtean gertatu zehen lehenengo sutea, 1622. urtean bigarrena, eta azkena eta okerrena Lehen Karlistaldian izan zen, 1834koabuztuaren 18an, Rodil jeneral liberalaren aginduz. Birrinduta geratu zen Arantzazu hamaika urtez.

1845. urtean, hala ere, berriro eraikitzeko lanak hasi eta 1846. urteko azaroaren 19an Oñatin jasoa zegoen Ama Birjinaren irudia berriro santutegira eraman zuten.

Fraideek 1878. urtetik aurrera eraikin berri bat egiteari ekin zioten, eta ordutik aurrera santutegiaren ospea eta garrantzia areagotzeko etengabeko lana egin zuten. 1918. urtean, bestalde, Aita Santuak Arantzazuko Ama Birjina Gipuzkoako zaindari izenda zezan lortu zuten.

Uka ezina da Arantzazuk aro modernoan Euskal Herri osoko bizitza erlijioso eta kulturalean izan duen eragina. Gerra zibilaren ondoren, santutegia hobetu eta edertzeko asmoz, fraideek basilika berri baten beharra ikusten zuten eta horretarako arkitektura lehiaketa bat prestatu zuten.

Lehiaketa horren irabazle Javier Sáinz Oiza eta Luis Laorga arkitektoak izan ziren. Horiekin batera Jorge Oteiza eta Eduardo Chillida eskultoreak aukeratu zituzten, Javier de Eulate beiragilea, eta Carlos Pascual de Lara eta Nestor Basterretxea margolariak.

Eraikuntza lanak 1950. urteko irailaren 9an hasi ziren eta hiru urte geroago bukatu. Elizaren oina gurutze formakoa da, eta absidea erdizirkularra. Nabe zabalaren alboetan kaperak dauzka, eta kanpoaldean hiru dorre altxatzen dira. 1954. urtean Oteiza eskultorea apostoluak egiten hasi zen, eta Basterretxea pintoreak kriptako horma irudiak egiteari ekin zion. Esan beharra dago garai horretan Espainiako Elizan “nazional-katolizismoaren” giroa puri-purian zegoela eta, beraz, artistek beren sormenerako nahi zuten askatasuna lortzea zaila suertatzen zela. Artistek urtebete lanean zeramatenean agintariek lanak etetea agindu zuten, obra modernoegia zelako edo. Agindu horren ondorioz, Oteizaren apostoluak 15 urtez egon ziren bide bazterrean etzanda. Basterretxearen pintura lana karez estali zuten. 1962. urtean Lucio Muñoz pintore madrildarrak 600 m 2 -ko luze-zabalera duten absideko pinturak egin zituen. Azkenik, 1968. urtean Oteizak bere lanari buru emateko baimena lortu zuen.

Gaur egun Arantzazuri buruzko iritziren bat ematekotan, badirudi basilika, eraikinak eta ingurune guztia osotasun bat bezala aztertu beharko litzatekeela.

Horrela jokatuz gero zaila izango da, seguraski, aldeko abururik ez izatea. Edozeinetara ere, duda ezinezkoa da Euskal Herriko erlijio arkitekturan Arantzazuko santutegiak mugarri bat ezarri duela.

 

Arkitektura modernoa

Azken urteotan izan dira, eta badira, itzal handiko arkitektoak Euskal Herrian; garrantzitsuak izan dira orobat ere, arkitektura modernoaren sorleku eta bultzatzaile gisa, arkitektura eskolak.

Hiru arkitekto gailentzendira: Luis Peña Ganchegui, Francisco Javier Sáenz de Oiza eta Rafael Moneo. Eskolak berriz bi dira Euskal Herrian: Donostiakoa eta Iruñekoa. Bestalde, arkitektoek eta eskolek harreman estuak izan dituzte oro har.

Luis Peña Ganchegui Oñatin jaio zen 1926an, eta Madrilen egin zituen ikasketak. Gipuzkoara itzulita, Mutrikun hainbat proiektu eta lan egin ondoren –eta izena bazuela jadanik arkitekto eta kritikaren artean–, Donostian hasi zen lanean, eta Bilbon eta Gasteizen ere egin zituen proiektuak. 1980tik aurrera, Bartzelonan eta Madrilen ere jardun da. Arkitekto lanaz aparte, irakaskuntzan ere aritu da;hala, Bartzelonako unibertsitatean egon ondoren, 1977an Donostiako Arkitektura Eskola sortu zuen, eta eskola horretako irakasle emeritoa da egun. Eskolaren aitzindari, bultzatzaile eta fundatzailea izanik, haren ahaleginakgabe seguraski ez zen eskola sortuko; hori du beraz meritu handienetako bat.

Peña Gancheguiren lehen lana, J.M. Encíorekin batera egina, Zarauzko “Vista Alegre” dorrea da; garai bertsuan, 1963an, Donostiako Trinidade plaza egin zuen: Parte Zaharraren eta Urgull mendiaren topalekuaren berreskuratze eta txertatze ikusgarria lortu zuen. Aldi horretakoa da orobat ere Mutrikun egin zuen etxe saila, Peña Gancheguik euskal hirien egitura urbanoa nola ulertzen duen definitzen duena. Bigarren aldi batean, Peña Gancheguik kritikaren ezagutza lortzen du. Lan asko egin zuen aldi horretan: besteak beste, Zumaiako Maria eta Jose ikastetxea, Gasteizko Foruen plaza, Oñatiko Udaletxearen zaharberritzea,Bankoaren egoitza Gasteizen, Donostiako Mirakontxako etxeak, San Joan plaza Lleidan, Bartzelonako “Espainia Industrialaren Parkea”, obra guztiz pertsonala.

Aldi horretan egin zituen halaber ospe handiena eman dioten bi lanak: Donostiako Tenisaren plaza (1976) eta Oiartzungo Hileta monumentua (1977). Lehena da askoren ustez Peña Gancheguiren obra nagusia: eskala desberdineko hiru plazaren bidez Chillidaren Haize Orrazirako bidea egituratzen du; materialak, formak, izadiari ematen diote nagusitasuna; gairik gabeko arkitektura da, ikusezina, berez –ez zerbaiti buruz– mintzatzen dena.

Azken lanei dagokienez, Donostiako Amara auzoko Plaza Hotela da interesgarrena, Mario Sangallekin batera egina (1992).

Donostiako Arkitektura Eskola 1976-1977 ikasturtean inauguratu zen, Bartzelonako Goi mailako Arkitektura Eskola Teknikoaren mende zegoela. 1982an Euskal Herriko Unibertsitearen baitan geratu zen. Arkitekto talde txiki batek sortu zuen: Peña Ganchegui –eskolako lehen zuzendaria eta, esan den bezala,bultzatzaile nagusia–, Miguel Garai, José Ignacio Linazasoro, Alberto Ustarroz, Manuel Iñiguez, Iñaki Galarraga eta Javier Unzurrunzagak osaturiko aldeak. Lehen urteak, Villa Yeyetten, guztiz bereziak eta pribilejiozkoak izan ziren ikasleentzat, oso gutxi baitziren. 1992-1933 ikasturtean zabaldu zen eskolaren egoitza propioa, Ibaetako Unibertsitateko Campusean; Miguel Garaik egina da eraikuntza. Eskolak, jardun bereziko estilorik ez badu ere, bere inguruan garrantzi handiko arkitektoak biltzea lortu du, hala nola, Ganchegui eta Garaiz gainera, Manuel Iñiguez eta Alberto Ustarroz.

Nafarroan ere, arkitekto garrantzitsuenak Iruñeko Arkitektura Eskolako irakasleak dira.

Eskola pribatua da, 1964an Nafarroako Unibertsitatearen baitan sortua. Eskolaren egoitza Echaide, Sobrini eta Lahuertak egina da. Arkitekto aipagarriak izan dira eskola honetako irakasle, hala nola Inza, Iñiguez, Moya, Cabrero, Carvajal, Biurrun –SanJorje osasun zentroaren egilea (1990)– eta I. Viar, Iruñeko Planetario ederraren egilea (1992- 93).

Nafarra izanik, aipatu beharra dago Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitektoa, lan gehiena Madrilen eta Madrilgo Arkitektura Eskolaren inguruan egin zuen arren. Euskal Herrian egin zuen ordea bere lan nagusietako bat, Arantzazuko basilika eta monasterioa (1950-1969), artista ospetsuekin lankidetzan, besteren artean Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Nestor Basterretxea eta Lucio Muñozekin. Sáenz de Oizarenak dira halaber Bilboko Alondegiko kuboaren proiektua eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusa. Eragin handia du halaber Euskal Herriko arkitekturan, gure herrian lan askorik egin ez duen arren, Rafael Moneo tuterarrak. Arkitekto lanean aritzeaz gainera, gogotik aritu da irakaskuntzan ere; bost urtez izan da Harvardeko Graduate School of Design eskolako zuzendari, eta, horrez gainera, teoria ere asko landu du. Moneoren lehen lan handia Madrilgo Bankinter eraikina izan zen(1972-76), proiektu ausarta, inguruko modernitatea hausten duena.

Izan ere, Moneok bete-betean asmatzen du zer egin leku bakoitzean eta egoera bakoitzean, beste arkitekto askok ez bezala, antzeko eraikina errepikatzen baitute leku orotan. Horren adibide argia da Méridako Erromatar Museoko“erromatar” estiloko eraikina, erromatar antzokiaren hondakinetan aurkitutakoa birmoldatzen duena. Moneoren beste lan jakingarriak dira Madrilgo Atochako tren geltokia, arazo askoren ondoren 1984-1992 urteetan egina, eta Thyssen-Bornemisza bildumaren egoitza.Proiektu askotan dihardu egun; horietako bat, interes handikoa, Donostiako Kursaal orubekoa da, Rocas varadas izenekoa. Proiektu guztiz berezia da, hiriari baino areago itsasoari, eta ingurune naturalari, begiratzen diona.

Hori dela-eta, horrela zioen Moneok prentsari: “… liburuetan aipatzen diren ezaugarri guztiak biltzen dira hemen: badiak, golkoak, ibaia, itsasoa, mendiak, hondartza, eta hori dena gizonaren eta paisajearen arteko elkarrizketak sorturiko hiri baten presentziak landua. (…) Horri eusteko ez zen beste eraikuntza urbano bat egin behar. (…) Hortik, bi beirazko forma –zeharrargiak, beira trinkoa bezala–, Ulia eta Urgullerantz zuzentzen eta haiekin mintzatzen direnak…” Azkenik, eta Bilboko hiria aldatuko duten neurrian, aipatu behar dira metro egin berria, N.

Foster ingelesarena, eta F. Ghery amerikarraren Guggenheim museoaren proiektu handi eta eztabaidatua.