Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Günter Grass (1927)

 

Idazle, margolari, eskultore

Giinter Grass 1927ko azaroaren 10ean jaio zen Dantzingen. Unibertsaltasunaren sen handiari sorterriarekiko atxikimendua lotu izan dio beti, bere jatorriak hartaraturik, alemana, poloniarra eta katxuba baita izatez. Literatura talde itxietatik eta unibertsitateko ikasbideetatik kanpo egin zuen bere prestakuntza. 1944an soldadu joan zen gerrara ; 1945ean Estatu Batuetako soldaduek zauritu eta preso hartu zuten. 1946an askatu zuten, eta landetxe batean lan egin zuen bolada batean, gero potasio meatze batean, eta orduantxe hasi zen pixkanakapixkanaka eskultura lanetan hilen oroitarriak egiten zituen enpresa batean zegoela.

Horrez gainera, Diisseldorfeko arte ederren eskolan ari izan zen ikasten, eta gero Berlingoan . Grass idazle gisa izanagatik ospetsu, haren lan grafikoa ere oso kontuan hartzekoa da. 1956tik 1960ra Parisen bizi izan zen, gero Berlinen hartu zuen bizilekua, eta literatura idazten jarduteaz gainera, gogotik ari izan zen politikan Alemaniako alderdi sozialistan.

1959an Die Blechtrommel (Latorrizko danborra) bere nobelarik ospetsuena argitaratu zuenean harrera ezin hobea egin zion nazioarteko kritikak. Hura zen hogeita hamabi urteko gazte haren lehenengo nobela, ordu arte giro eta talde txiki batzuek baizik ez zuten artista hura balioesten, marrazkilari eta olerkari gisa gainera, haien artean 47 Taldeak, goraipamen handiak egin baitzizkion Grassi 1958an. Nahiz irakurle eta kritikari batzuk harrituta utzi zituen nobela haren ugaritasun neurriz gainekoak, haren tabu moral eta estilistiko guztien ukazioak, inor ez zen ausartu Grassen asmamenaren orijinaltasun harrigarria eta haren idazkeraren aberastasuna ukatzen. Haren ospea berehala zabaldu zen Alemaniatik kanpo.1954an Anna Schwarz dantzariaren ezkondu zen, eta lau seme-alaba izan zituen harekin. 1978an dibortziatu egin zen, eta Ute Grunert organo jolearekin ezkondu zen 1979an. 1983tik 1986ra Berlingo Arte Akademiako lehendakari izan zen. 1986- 1987an sei hilabeteko egonaldia egin zuen Kalkutan. l999an literatura Nobel saria eman zioten.

 

Historiaren higuina

Nazien garaian erbesteratu behar izan zuten idazleen artean bada bat, Thomas Mann, bere Doktor Faustus nobelan, 1947an, Hitlerren txikizioarekin kontuak garbitu zituena. Baina oso bestelako egoeran bizi behar izan zuten Alemanian bertan gelditu eta nazismoaren errua eta zigorra bere gain hartu behar izan zuten idazle gehienek. Gerra ondoan Alemaniak luzaroan eutsi behar izan zion errudun eta galtzaile izatearen zama astunari, eta literatura alemanak ez zuen jakin, oro har, egoera hura adierazten, ez aipamen errealistaren bidez, ez fantasiazko ihesbideak eta formazko birtuosismoak baliatuz.

Beraz, Grassek Latorrizko danborra argitaratu zuenean aurreneko aldiz aipatu eta gaitzetsi zuen idazle aleman batek bere obran «eguneroko faxismoa; eta faxismo hori kaleko gizonak bizi izan zuen moduan zegoen kontatua, aldi berean biktima eta errudun, era berean urrundua bai kriminal handiengandik eta bai nazismoari aurre egin zieten gutxi horiengandik. Bere herriaren kontzientzia berarengan gorpuzten zuen gizon txit zuzen eta txit prestuaren eredu ederrari men egin gabe -horixe bera egin izana egotzi izan dio batek baino gehiagok Heinrich Boll idazle aleman handiari-, Grassek modurik zakar eta gogorrenean, parodia barregarri bat eginez, kendu zion mozorroa eguneroko nazismo horri. Berenobeletan irudikatu zituen Dantzingeko burges txiki uniforme naziz jantzi horiek inongo ardurarik gabe eta oharkabean dira hiltzaile eta antisemita, filatelista edo arrantzale izan zitezkeen modu berean.

Gaiztakeriaren hutsalak asaldatzen du batez ere Grass, eta horren kontra idazketak ematen dizkion baliabide guztiak jartzen ditu abian, baita gustu txarrekotzat har daitezkeenak ere. Hala, Katz und Maus (1961, Katua eta sagua) nobelan zintzur hezurra ikaragarri handia izateak sortzen dion gutxiagotasun konplexua menderatzeko, heroi gerrazale bihurtzen den ergel handi baten erretratu ankerra egin zuen, asmamen handiz eta gertaera bitxiz betea.

Juduen aurkako pertsekuzioak Grassek ez zituen modu bakarrean aipatu bere obran ; batetik, Aus dem Tagebucheiner einer Schnecke (1972, Barakuilu baten egunorokoa) nobelan juduen zapalketaren halako historia didaktiko bat egin zuen, bere seme-alabentzat berariaz idatzia, esetsaldi haren alderdirik izugarrienak pasadizo patetikoen edo isekazkoen bidez agerian jarririk. Ez zuen irakurlea atzera begirako kontzientzia onera makurrarazi nahi, ernai eduki nahi zuen, aitzitik, orainaldian eta etorkizunean halakorik berriz gerta ez dadin.

Undejahre (1963, Zakur urteak) nobelan, eta Walter Matern protagonistaren bidez, idealista alemana gorpuztu nahi izan zuen Grassek, oso epe laburrean eta inongo oportunismo kutsurik gabe, bere dotrina askatzailea komunismoan, nazionalsozialismoan, katolizismoan eta, azkenik, antifaxismoan ikusten duena. Eta, azkenerako, metodo faxistekin ekintza antifaxista bat egitera ere iritsiko dena.

 

Kontakizunaren zaletasuna

Arestian aipatu dira Grass kezkatuta daukaten eta bere literaturan landu izan dituen gaietako batzuk, baina guztiz aipagarria da tesi horiek bideratzeko Grassek etengabe frogatu duen irudimenezko etorria, izugarrikeria eta parodia elkartuz, hitzezko trukulentzia harrigarri batez emana, eta lanerako grina nekaezin batez sustatua, alfer ekina baita Grass, nagialdia jardunean eman beharra daukana : Beti zerbaitetan aritu beharra daukat : hitzak lantzen, belarrak mozten (...) ~ezer ez egiten, baina erne> ,.

Idazten hasterakoan Grass hizkuntzari oldartzen zaio bere pertsonaiak emakumeei edo jatekoari oldartzen zaizkion bezalaxe -ez baita ahantzi behar Grass sukaldari bikaina eta mokofina dela, berak aitortua duenez-. Baina ez ditu literatura generoguztiak modu berean landu. Haren olerki asko, adibidez, elkarrizketan oinarrituak dira, eta antzerkiaren baliabideak dakartzate gogora (Uzta) ; eta antzerki lan baterako diruditen ideia batzuk askoz hobeto moldatu izan ditu nobelaren baitan (Atal bateko anestesia-ren bigarren partea, adibidez).

Hasieran absurdoaren antzerkiak eragin handia izan zuen Grassengan, baina berehala abiatu zen salaketa politikoaren bidetik ; Plebeioak matxinatzeko saioan ari dira berriz antzerki lanean, 1953ko ekainaren 17an Berlingo ekialdean izan zen matxinada odoltsuaren ondoren Bertold Brechtek izan zuen jarrera kritikatu zuen Grassek ; hala eta guztiz ere, antzerkirako sen handirik ez izatea egotzi izan zaio Grassi.

Intrigen asmatzaile baino gehiago, gertaldien eta egoeren asmatzaile da Grass, eta askoz erosoago mugitzen da nobelari dagokion denboran. Irudien indar eldarniozkoa da Grassen indarraren arrazoietako bat ; hala, adibidez, aingirak borborrean zaldi hil baten buruaren barruan (Latorrizko danborra), edo errusiarrek Berlin mendean hartu zutenekoa, Hitlerren zakurra, Printz, harrapatzeko ehizaldi handi-handi baten gisa kontatua. Grassen iritzian, fantasiak baizik ez dezake eman errealitatearen zoramenaren berri : «Satira, elezaharra, parabola, mamuen historiak, errazkeriaz gaur egun »surrealismo» esaten zaion hori guztia errealitate horren zerbitzuan dago eta haren parte da.» Elementu guztiek bizia duten mundu horretan, objektuak ezinbesteko elementuak dira, animaliek hitz egiten dute -Perle eta Strich saguek Uzta-n- eta haiek izaten dira maiz protagonistak -Barakuilu baten egunorokoa eta Zakur urteak- ; ume batek gehiago ez haztea erabakitzen du, eta danborra joz, nazien mitin bat charleston dantzaldi bihurtzen du -Latorrizko danborra- . Eta dena neurriz gainekoa duen mundu horretan, egileak birtuosismo harrigarriz konbinatzen ditu halako hitzezko jarioezin agortuzkoan elipsea, hitz jokoa, herri poesia, haur kantak, metereologiazko albisteak, nazien esloganak, hizkera komunista, filosofoen erretorika, Bibliako estiloa, nazien erretorika, eskualdeetako hizkera bereziak, umeen hizkera, puta etxeetako giroko hizkuntza lizuna, Schillerren moduko hitz formulak...

Hori guztia baliaturik, Grassek entzungor egiten die kronologia zehatzegi errespetatzea eta abangoardiako esperimentuei muzin egitea egozten dioten horiei. Baina halakoekin berehala garbitu zituen kontuak Grassek Oscar Latorrizko danborra-ko protagonistaren hitzetan : «Badago historia bat erditik kontatzen hastea, eta badago, gero, urrats ausart batez, hasiera eta bukaera nahastea . Badago genero modernoaz baliatzea, garaiak eta distantziak ezabatzea, eta espazioaren eta denboraren arazoari azkenik konponbidea aurkitu diozula aldarrikatzea gero. Badago baita ere gaur egun nobelarik ezin idatz daitekeela esatea, eta gero, norberaren ezkutuan, hori esatea zilegi bazait, nobela lodikote bat idaztea, munduan den azken nobelagilearen plantak egin ahal izateko. Esan didate baita ere oso gauza txukun eta moduzkoa dela baieztapen hau aintzat hartzea : nobelako heroiarenak egin du, indibidualismoarenak egin duelako. (...) Azken finean, hori ez da ezinezkoa. Baina guri dagokigunez, neuri Oscarri eta Bruno nire gaixozainari, argi eta garbi esango dut kontua zertan den: gu biok heroiak gara.»

 

Ideologien kontra, gizartearen alde

Teoriekiko mesfidantza horretan, indibidualismoaren ikuspegi berezi horretan du oinarria Grassen jarrera politikoak. Haren nobeletako pertsonaia asko burges txiki barregarriak dira ; ideologiak txorimalo gisadeskribatzen ditu libururen batean ; Heidegger-en parodia isekazko bat egin zuen beste pasarte batean, eta, oro har, etengabe larrutu izan du intelektual jendea : »Ezagueraz zenbat eta argiagoak izan, orduan eta gehiago ospatzen dituzte, ergelkeriaz, haien orgien txikizioak.» Horrelako printzipioekin Grassek bazuen halako indibidualismo isekari batean gerizatzea, baina nahiago izan du egunez egun bonoka egitea alderdi sozialdemokrataren baitan, aukera hori hobetsi baitzuen beste aukera haren iritzian txarragoen artean, nahiz gogotik kritikatu izan duen behin baino gehiagotan alderdi hori : «Sozialdemokrata naiz, niretzat sozialismoak demokraziarik gabe ez duelako ezertarako balio, eta gizartearen alde ez dagoen demokrazia ez delako demokrazia.» Luzaroan izan zen baita ere Willy Brandt politikoaren adiskide mina.

Era berean, Grassek gogor gaitzetsi zuen Alemaniaren batasuna egiteko erabili zen bidea, esanez mendebaldeko Alemaniak zeharo irentsi zuela ekialdeko Alemania, eta hango herritarrak bigarren mailako aleman bihurtu zituela. Horrek Grassi sortu dion kezkaren ispilu da bere azken bi nobeletan, Zelai zabala eta Nire gizaldia, auzi horrek duen garrantzia, lehena batasun horren fikziozko kronika moduko bat baita, eta bigarrena Alemaniaren historiako mende osoaren kontakizuna, alderdi, pertsona eta garai desberdinetatik ikusia.

Bi liburu horiek polemika handia sortu zuten Alemanian, kritikariek gogor gaitzetsi zituzten, baina Europako beste herrialde askotan, aitzitik, harrera ezin hobea izan zuten, halako moduan non esan baitaiteke Grassek askoz itzal handiagoa duela Alemaniatik kanpo, Alemania barnean baino, eta hori aski garbi geratu zen l999an Nobel saria eman ziotenean, Alemaniako komunikabideetan ez baitzuen inondik ere izan handik kanpo izan zuen oihartzun handiaren izpirik.