Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak
William Faulkner (1897-1962)
William Faulkner 1897. urtean jaio zen
New Albany-n (Mississippi), Estatu Batuetako
«Hegoalde Barnean, Handik gutxira,
familia Ripleyra joan zen bizitzera, eta Oxfordera
gero. Han igaro zituen William
Faulknerrek bere bizitzako urterik gehienak.
Faulkner jaio zenean osotara itxi gabe
zeuden oraindik Estatu Batuetako gerra zibileko
zauriak. Familia harro zegoen hegoaldetarra
izateaz, eta gizon handitzat zeukaten
idazlearen birraitona, William Falkner
koronela (horrela, <.w,-rik gabe, hala baitzen
familiaren jatorrizko deitura, harik eta idazleak
~~u» hori gehitu zion arte), Estatu Batuetako
gerra zibilean Mississippiko infanteriako
Bigarren errejimentua antolatu, finantzatu
eta gidatu zuena. Falkner koronelak,
gero, Ripley eta Tennessee arteko burdinbidea
egin zuen, liburuak idatzi zituen, Europan
zehar bidaiatu zuen eta dueloan hil zen.
William Faulkner irudimen handiko haurra
izan zen eta etxean esklaboei buruzko
kontakizunak entzunez eta eskuratu zituen
liburuak irakurriz (Dickens eta ingeles klasiko
asko) hornitu zuen bere irudimen berez
ere handi hura. Ez zuen ikasten jarraitu
nahi izan eta bertan behera utzi zuen goi
mailako eskola bigarren urtean. Orduan
lanean hasi zen aitonaren banketxean, bere
auzoko neska gazte batekin, Estelle Oldhamekin,
ezkontzeko asmoz. Bien bitartean,
beste auzokide batek, Philipe Stonek, bere
gain hartu zuen Faulknerren irakurketen
ardura, eta Oxforden bestela lortu ezin zitezkeen
liburuak eskuratu zizkion : Charles
Baudelaire, Paul Verlaine, Stephane Mallarme,
eta Oscar Wilde, James joyce, T.S. Eliot.
Estelle beste gizon batekin ezkondu zen
eta Sortaldera joan zen bizitzera. Faulkner,
orduan, Kanadako Aire Armadan sartu zen.
Torontora bidali zuten pilotu kadete gisa
(1918), baina berak oinarrizko entrenamendua
baino lehen bukatu zen gerra. Oxfordera
itzuli zen atzera, eta unibertsitate ikasketak
egiten hasi zen, baina oraingoan ere
ez zuen ezer amaitu. Hurrengo urteetan,idazten ikasi bitartean, "papera, tabakoa,
jatekoa eta whisky pixka bat" eskuratu ahal
izateko adina lan egin zuen, liburudenda
batean New Yorken, eta posta bulego batean
Oxfordetik hurbil. 1924an argitaratu
zuen bere lehenengo liburua, The Marble
Faun (1924, Marmolezko faunoa), artzain
giroko poema ziklo bat.
1925. urtearen lehen erdia New Orleansen
bizi izan zen, harremanetan jarri zen
hango literatur elkartearekin eta bere lehenengo
eleberria idatzi zuen, Soldiers Pay
(Soldaduen saria), Georgiara itzultzen den
hegazkin pilotu zauritu bati buruzkoa. Uda
eta udazkena Europan igaro zituen, Italian
eta Parisen. Oxfordera itzuli zenean, lantxoak
egiten jarraitu zuen bizimodua ateratzeko
(etxe margolari, zurgin, golf jokalari,
marinel, kontrabandista), eta idazten, jo eta
su. Handik gutxira argitaratu zuen bere bigarren
eleberria, Mosquitoes (1927, Eltxoak),
New Orleansen ezagutu zuen literatura zirkuluaren
satira garratza. Eleberriez eta
poemez gainera, ipuinak ere idatzi zituen,
baina argitaletxeek atzera bota zizkioten
denak. Hirugarren eleberria ere, Flags in the
Dust (1927, Banderak hauts artean), atzera
bota zioten, baina beste izenburu bat jarri
(Sartoris) eta eskuizkribuan aldaketa batzuk
egin ondoren, argitaratua izan zen, azkenik,
handik bi urtera. Eleberri hori izan zen
bere ofizio ikasketako lanetatik azkena, eta
horrekin ekin zien «Yoknapatawphako konderrian»
-berak asmatutako lurraldea, bere
inidizko geografia eta historiarekin- kokatutako
kontakizun zikloari.
1929ko ekainean ezkondu egin zen,
Estelle Oldhamekin, aurreko ezkontzak
porrot egin ondoren Oxfordera itzuli baitzen
atzera. Urrian The Sound and the Fury
(Hotsa eta ardaila) argitaratu zuen, haren
lehen maisulana, ikusgarria teknikaren eta
psikologiaren erabileragatik. Eleberrian aristokraziako
familia baten -eta bidenabar,
gizarte maila horren- gainbehera kontatu
zuen. Udaberriaz geroztik prest zuen besteeleberri bat, Sanctuary (Santutegia), "bururatu
zaidan kontakizunik izugarriena", baina
argitaratzaileak ez zion argitaratu nahi
izan, espetxeratuko zuten beldurrez. Urte
gorabeheratsu hartako udazkenaren bukaeran
As ILay Dying (Hiltzorian nagoen bitartean)
idatzi zuen, eta, aspaldiko partez, ipuinak
argitara ziezaizkioten lortu zuen : A Rose
forEmily (Arrosa bat Emilyrentzat) argitaratu
zioten aurrena, aldizkari batean, 1930eko
apirilean.
Hurrengo urteak Faulknerren karrerako
urterik oparoenak eta inportanteenak izan
ziren. 1930-1940 bitartean asko idatzi eta
argitaratu zuen : bi ipuin bilduma, bere bigarren
eta azken poema liburua A Green
Bough (1933, Adar berdea), eta bederatzi
eleberri, beste lan batzuez gainera. Hauek
dira bederatzi eleberriak : As I Lay Dying
(1930, Hiltzorian nagoen bitartean) ; Sanctuary
(1931, Santutegia) ; Light in August
(1932, Argia Abuztuan) ; Pylon (1935) ; Absalom,
Absalom! (1936, Absalon, Absalon!) ;
The Unvanquished (1938, Garaitu gabeak) ;
The Wild Palms (1939, Basa palmondoak) ;
7he Hamlet (1940, Herrixka), Snopes familiari
buruzko trilogiaren aurrena ; eta Go
Down, Moses (1942, jaitsi zaitez, Moises).
Pylon (1935) izan ezik, eleberri guztiak Yoknapatawpha
ziklokoak dira.
Nolanahi ere, 1940 ondoko urteetan jendeak
ahaztu egin zuen haren lana, eta Hollywooden
filmetarako historiak idazten hasi
behar izan zuen bizimodua ateratzeko.
1946an, baina, The Portable Faulkner argitaratu
zuen M. Cowleyk -Yoknapatawphako
konderriaren azalpena, bere liburuetako
pasarteez hornitua- eta izugarrizko arrakasta
izan zuen. Haren lana miresten zuten idazleek
hari buruzko saiakerak idatzi zituzten,
jendea haren lanaren balioaz ohartzen hasi
zen, eta argitaletxeak atzera inprimatu zituen
liburu guztiak. 1948an beste eleberri bat
argitaratu zuen, Intruder in the Dust (Intrusoa
hauts artean), mutil beltz bat lintxatzetik
salbatzen duen mutil zuri bati buruzkoa, eta Collected Stories (Ipuin guztiak)
1950ean. Azkeneko liburu horrekin literaturako
sari nazionala irabazi zuen eta urte
horren amaieran bertan Nobel Saria eman
zioten.
Hurrengo urteetan Kanpo Arazoetako
Ministerioarentzat lan egin zuen eta herrialde
asko bisitatu zituen : Peru eta Brasil
(1954) ; Japonia, Filipinak eta Europako
mendebaldea (1955) ; Grezia (1957); Venezuela
(1961). Bien bitartean idazten jarraitu
zuen. 1951n Santutegia-ren jarraipena argitaratu
zuen, Requiem for a Nun (Moja
baten requiema), eta 1954an A Fable (Alegia
bat), idatzi zuen eleberririk luzeena ;
Kristo du protagonista, Lehen Mundu gerran
kaporal frantses baten baitan herri gizon
egina. Gero, The Town (1957, Hiria)
eta The Manion ( 1959, Etxandia) idatzi
zituen, Snopes familiaren trilogiako azken
biak. Haren azkeneko lana, The Reivers (Lapurrak),
bere haurtzaroari buruzko komedia
bat, hura hil baino hilabete lehenago
argitaratu zen, 1962an.
Faulknerren obra
Gaur egungo kritikarentzat guztiz idazle
modernoa bada ere, William Faulknerrek
oso lotura handia izan zuen beti tradizioarekin,
eta askotan jo zuen Bibliara edo Shakespeareren
lanetara erreferentzia puntuen
bila. Beraz, aurrekoak oso kontuan hartuz
idatzi zuen. Bestetik, askotan aitortu zuenez,
haurtzaroan eta nerabezaroan familiartean
entzundako narrazioak izan ziren haren
etorriaren iturri nagusiak.
Haren lehenengo bi eleberriak -Eltxoak
eta Marmolezko faunoa- estilo ariketa merezimendudunak
dira, Faulknerrek bere baitako
idazlea topatzeko eginiko ahaleginak,
baina ez dira guztiz faulknerrianoak. Faulknerren
estiloa Sartoris (1929) idaztean sortu
zen. Eleberri hau ere ez da biribila ; aitzitik,
aurrekoak baino koska gehiago ditu
beharbada, baina han dago bilduta Faulknerrek
gerora idatziko zuen guztiaren ernamuina,
bere familiaren eta ingurukoen
historia, haurtzaroan entzun zuenaren arabera
kontatua. Urte hartan bertan Hotsa eta
ardaila idatzi zuen, XX. mendeko eleberri
bitxi, zail eta hunkigarrienetako bat.
Banderak hauts artean atzera bota izanak
inoren esanetara idatzi beharraren mendekotasunetik
atera zuen idazlea : "Orain
bai, idazten has naiteke" esan zuen, irakurlea
kontuan hartu gabe eta askatasunez
idazten has zitekeela adierazi nahiz. Eleberri
hura Sartoris titulupean argitaratu zen
azkenean, eta heriotza hera eta heriotzak
sortzen duen beldur zorrotza aztertu zituen
bertan, gertaera bat beraren lau ikusmiren
kontakizun bana eginez. Gai hori bera aztertu zuen bere hurrengo eleberrian (1930,
Hilzorian nagoen bitartean), baina oraingoan
ikusmira gehiagotatik aztertuta, eta,
aurrekoan ez bezala, gertakizuna familia behartsu
batean kokatuta.
Faulknerren eleberrietan gizakiaren patuaren
madarikazioari beste bat gehitzen zitzaion,
gizon batzuk beste batzuentzat ziren
zigorrarena. Hala, heriotza onartu ezinak banakoari
dakarkion gaitzari gaitz soziala gehitu
behar zitzaion : esplotazioa, bestelakoaren
gorrota (arrazismoa, «Hegoalde Barnean»),
diruzalekeria, handiustea eta Gaizkiaren gainerako
aldaerak. Gaizkiak indarkeria dakar
eta indarkeria izan zen Faulknerren lehen
eleberri arrakastatsuaren gai nagusia : Santutegia,
neska baten bahiketaren historia.
Baina eleberri horretan trajediaz gainera
garrantzi handiko beste osagai bat zegoen :
komedia, hain zuzen. Izan ere, Santutegia-z
geroko eleberrietan askotan erabili zituen
batera trajediako eta komediako elementuak
. Hala egin zuen, adibidez, Garaitu gabeak,
Estatu Batuetako gerra zibileko istorio
bilduma bat, eta Herrixka obretan.
Faulknerrentzat Mississippiko garai bateko
nekazari mundu zahar hark, hierarkiatan
gogorki mailakatua, esklabotasunak zamatua,
eta ahaidekeriak joa egon arren,
bazituen zenbait bertute ere, gizonaren patutrajikoaren lagungarri. Iparralde industrialaren
garaipenetik sortu ziren buruzagi berrien
lapurreria, jendetasunik eza eta izaera
doilorrak ez zuten berez larria zen gauzen
egoera larriagotu baizik egin, eta lehengo
mundu desitxuratuarenak baino askoz
ere kaos handiagoa eragin. Horra Faulknerrek
Snopes familiari buruzko hiru eleberrietan
landu zuen gaia. Baina behinolako
gertaerak ez ezik bere garaikoak ere
landu zituen : Pylon eta Basa palmondoak
eleberrietan, adibidez, maitasun obsesiboaz
eta horrek dakarren kalteaz idatzi zuen.
Faulknerren eleberririk konplexuena,
dudarik gabe, Ahsalon, Absalon! da. Henry
Sutpen-en trajedia kontatzen da bertan,
Quentin eta Shreve gazteek kontatua.
Hauen ikuspegia, baina, beste bi lekukoen
kontakizunen arabera dago moldatua, eta
Sutpenen ondorengo baten ikusmoldearen
galbahetik igaroarazia. Pertsonaiak eta horien
historia eraikitzeko erabiltzen dituen
material narratiboak zatika agertze hori ez
da, noski, erabaki arbitrarioa, egia era horretara
eta horrela bakarrik lor daitekeelako
uste sendoa baizik. Faulknerren munduan
barrena egitea ez da gauza erraza, baina
lortzen duenak nekez aurkituko du beste
mundu bat biziagoa eta osoagoa «Yoknapatawpaha
konderriko» hori baino.