Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

F. Scott Fitzgerald (1896-1940) Ernest M. Hemingway (1899-1961)

Francis Scott Fitzgerald

 

Francis Scott Fitzgerald

Estatu Batuetako literaturako "belaunaldi galdua" deitu zenaren idazle aipagarrienetako bat izango zena, Saint Paulen jaio zen (Minnesota), 1896ko irailaren 24an. Familiaren mikrokosmosaren barruan haren segurtasun ezaren eta arrakasta nahi goiztarraren aztarnak aurki daitezke ; aita Hegoaldeko zalduna zuen, fortuna urrikoa, eta ama, berriz, irlandarra jatorriz, eta katolikoa, salerosle aberats baten alaba. Amaren aldeko aitonari esker, F. Scott Fitzgeraldek New Jerseyko Newman School-en ikasi zuen, eta Princenton-eko Unibertsitatean gero. Han, Edmund Wilson ezagutu zuen eta urte askotako adiskidetasuna hasi zuen harekin.

1918an, ikasketak amaitu gabe utzi ondoren Lehen Mundu Gerrara soldadu joateko, Zelda Sayre ezagutu zuen, bere eleberrietako neskatxa guztien eredu izango zena, eta harekin ezkondu zen bere lehen eleberri arrakastatsuekin ospea eta dirua lortu ondoren. Orduan hasi zen Zeldaren eta Fitzgeralden arteko ospe handiko bizitza, Europa eta Amerika artean, Hemingway, Gertrude Stein eta Dos Passos bezalako idazle erbesteratuak bizi ziren Paristik jazzaren aroko New Yorkera : ametsezko jai amaigabe bat izan zen, haien alaba Scottie jaio arte (1921) eta hondamendiaren lehenengo zantzuak sumatzen hasi ziren arte luzatu zena : Fitzgeralden zailtasun ekonomikoak eta emozionalak, eta Zeldaren buruko gaitzaren lehen sintomak. Zelda erietxea batean sartu zuten eta 1948an hil zen, erietxeak su hartuta. Fitzgerald, zahartuta, alkoholak menderatuta, izandakoarenmamu bihurturik, azken urteetan bere gaztetako sormena berreskuratzen ahalegindu zen, Hollywooden, filmetako gidoilari gisa lan egiten.

Francis Scott Fitzgerald-ek Lehen Mundu Gerraz geroko gizartea, eta gizonaren eta patuaren arteko gatazka islatu zuen batez ere bere obran. Haren literatur karrera 1920an hasi zen, izugarrizko arrakasta izan zuen eleberri batekin : This Side of Paradise (1920, Paradisuaz honantza). Obra hura, erdi biografia, erdi dokumentua eta erdi alegia, "jainko guztiak hilda, gerrak borrokatuta, eta gizonarenganako fedea suntsituta" aurkitu zituen belaunaldi batek bere burua ezagutu zuen ispilua izan zen. Esan bezala, obra horrek izugarrizko arrakasta izan zuen eta garai hartako aldizkari ospetsuenetan -Scribner's, The Saturday Evening- artikuluak idazteko aukera eman zion.

Bigarren eleberria, The Beautiful and Damned (Ederra eta madarikatua), bikote baten ametsei eta etsipenei buruzko azterketa, 1922an argitaratu zuen. Gero, Frantziara joan zen bizitzera Zeldarekin, eta handik gutxira bukatu zuen bere hirugarren eleberria, denetan ospetsuena eta arrakastatsuena : The Great Gatsby (1925, Gatsby handia, X. Olarrak euskaratua). Inondik ere Estatu Batuetako eleberrigintzaren maisulanetako bat den obra horretan Fitzgeraldek aberatsen emozioak eta ahuleziak aztertu zituen. Eleberriaren indarra zeharbidezko kontakizun baten argitasun formalean datza : Fitzgeraldek, Jamesen eta Conraden urratsei jarraituz, "lekuko" baten esku utzi zuen amerikar mitoaren ibilbide magikoa eta dramatikoa gogorazteko zeregina .1934an Tender is the night (Gaua samurra da) kaleratu zen, guztiz kontakizun hunkigarria eta zirraragarria, berak bere lan hoberentzat jo zuena, aurrekoak adina arrakasta izan ez bazuen ere. Eleberri horretan Fitzgeralden gai nagusiek -zoriontasuna eta dirua, lilurapena eta dirua parrastaka gastatzea- adierazpide berria aurkitu zuten hizkuntza modu arranditsu eta espektral batean, egitura "zabal" oinazetu batean.

Handik gutxira, alkoholaren kontsumoagatik osasuna hondatzeko bidean, Hollywoodera joan zen, arestian esan bezala, eta filmetarako gidoiak idazten aritu zen.

Eleberriez gainera, baina, Fitzgeraldek zenbait kontakizun labur idatzi zituen -Tales of the jazz age (1922, jazz aroko ipuinak), Taps at reveille (1935, Diana jotzea)-, eta izan zuen krisiaren berri ematen duen saiakera bilduma bat -Crack up (1945)-.

1939an hasi zuen bere azken eleberria izango zena, The Last Tycoon (Azken magnatea), hil ondoren argitaratua. Obra hori, Gatsby handia bezala, film bat egiteko erabili zen ; hondamenerantz doan gizon bikain baten azterketak testamentu oihartzuna hartzen du. 1940ko abenduaren 21ean hil zen, Hollywooden.

Francis Scott Fitzgerald 1920 ondoko "urte zoriontsuekin" lotuta dago ezinbestean, eta sarritan ezagunagoa izan da garai hartako pertsonaia idazlea bera baino. Egia esan, berak idatziak dira Estatu Batuetako eleberrigintzaren orrialde bizi eta perfektoenetako batzuk. Beste inork ez bezala lehenago, Estatu Batuetako esperientzia termino poetikoetan, xehetasunetan aberats, adierazteko gaitasuna izan zuen, haren dimentsio erromantiko duna bete-betean harrapatuz .

 

Ernest Hemingway

Ernest Hemingway Oak Parken jaio zen, Illinoisen, 1899ko uztailaren 2lean, erdiko klaseko familia batean. Bere inguruko gazteek egin ohi zutenaren kontra, unibertsitatera ez joatea erabaki zuen, eta kazetari lanean hasi zen. Lehen Mundu Gerran anbulantzia gidari gisa parte hartu zuen, Italiako frontean. Gerrak eragin handia izan zuen haren bizitzan eta lanbidean : zauritu egin zuten, eta aurrerantzean, heriotzaren gordintasuna topatzeak eraginda beharbada, biolentziaren eta arriskuaren aurrez aurre egotea bilatu zuen modu ia obsesiboan, heriotzari aurre egiteko. Osatu zenean ezkondu eta Europara joan zen zenbait egunkaritako berriemaile gisa. Parisen, han hartu baitzuen etxea, literatura munduko jendea ezagutu zuen, bere aberrikide erbesteratuak besteak beste : sintaxiaren artean maisu izan zituen Gertrude Stein eta Ezra Pound, Francis Scott Fitzgerald, eta Steinek "belaunaldi galdua" definitu zuen garaiko gainerakoak.

1925ean gerrako heroi gazte baten nortasuna moldatzen duten ipuin bilduma argitaratu zuen, In Our Time (Gure garaian), eta hurrengo urtean, zezenketaren mitoak erakarrita, Estatu Batuetako bikote baten Paristik Iruñerako bidaia kontatzen duen The Sun Also Rises (1926, Eguzkia irten ere egiten da) eleberriarekin irakurleen behin-betiko onespena jaso zuen. Eleberri horretan finkatu zen "belaunaldi galdua" esaldia, handik aurrera Estatu Batuetako 1920 ondoko intelektualak izendatzeko erabili zena. Eleberri horrek bazituen, dagoeneko, Hemingwayren kontakizunen biezaugarri nagusiak : bere estilo berezia -arina, zehatza eta aldi berean lirikoa-, batetik, eta bizitzari buruz zuen ikuspegia, bestetik ; izan ere, Hemingwayk etengabeko arriskutzat hartzen baitzuen bizitza, bakoitzak buru belarri murgildu behar zuen abenturatzat, heriotzari aurre egiteko adinako adorea eta bihotza izatera iristeko.

Men without women ( 1927, Gizonak emakumerikgabe) ipuinei eta gerrako oroitzapenetan oinarrituta moldatu zuen A Farewell to Arms eleberriari (1929, Agur armei) ere oso harrera beroa egin zioten kritikariek eta irakurleek. Haren zezenzaletasun handia Deth in the Afternoon (1932, Heriotza arratsaldean) liburuan irudikatu zuen, zezenketa arriskuaren artea gisa erakutsiz, eta mundu horretan indarrean dauden balio trajikoei buruzko azterketa zorrotz bat eginez. Haren heste zaletasunetako batzuk ehiza, arrantza eta bidaiak izan ziren, eta Afrikan egin zituen ehizaldietan oinarrituta idatzi zuen Green Hills of Afrika (1935, Afrikako muino herdeak) eta bere eleberri labur ederrenetako bat, The Snows of Kilimanjaro ( 1936, Kilimanjaroko elurrak). Afrikako ehiza istorio horietan Hemingwayk heste pertsonaia bat bezala agertu zuen bere burua kontakizunean, adorea eta trebetasuna eskatzen duten jokabide zailei aurre egiteko gauza den idazlearen heroi ospea handituz, eta bizitzea eta idaztea elkarren artean behin eta berriz gurutzatuz. 1938an ere haren ehizaldi eta zezenketetatik edo pairatu edo ikusi zuen sofrimendutik sortutako kontakizun bilduma bat argitaratu zuen, The fi'rst fortynine stories (1938, Lehen berrogeita bederatzi istorioak) ; kontakizun horietan erabiltzen duen hizkuntza moldea XX. mendeko prosaren eredu hoberenetako bat da.

Espainiako gerra zibilean (1936-1939) berriemaile berezi gisa ibili ondoren, gerrako lekukotasun erdiragarri bat utzi zuen : For Whom the Bell Tolls (1940, Norengatik ari dira joka kanpaiak). Bigarren Mundu Gerran kontraespioitza lanak egin zituen Kuban, Europara itzuli zen gero gerrako berriemaile gisa, eta gerra bukatu ondoren, Kuban geratu zen bizitzen. Garai hartakoak ditu bere bi eleberri bikainenetakoak : Across the River and Into the Tress (1950, Ibaiaz bestaldean eta zuhaitzen artean) eta The Old Man and the Sea (1952, Agurea eta itsasoa, A. Goenagak eta J.M. Iturraldek euskaratua). Agurea eta itsasoa-n Hemingwayk gizakiaren duintasuna goratu zuen, harrapakina menderatzeko borroka gogor luzea egiten duen arrantzale zahar batean gorpuztua. Eleberria edertasun handiko estiloan idatzita dago, argiaren eta uraren distirak eta arrantzaren sentipen fisikoak deskribatuz, eta Hemingwayren ikurritzaren adierazpide perfektoa da : "Gizona suntsi dezakete baina menderatu ez". Nolanahi ere, Agurea eta itsasoa porrotaren eta agurraren alegia bat zen, gardena baina gaztetako obraren indar ezkuturik gabea.

Handik bi urtera Literaturako Nobel saria eman zioten.

1960an idazleak Kubatik alde egin eta Ketchum-en (Idaho) jarri zen bizitzen, bere laugarren emaztearekin. Ordurako burutik nahasten hasia zen eta bi aldiz erietxean sartu behar izan zuten depresioak jota.

Kontinentez kontinente, etxez etxe, ibiltzeaz nekatuta eta gaixorik, bere gorputzaren sasoiaren beheraldia ezin eramanik, aitak bezala suizidioan bilatu zuen hainbestetan gorteatu eta saihestu zuen heriotza. Azkenik, bada, depresio horietako batean, bere buruaz beste egin zuen, 196leko uztailaren 2an. Hil ondoren haren emazteak beste bi libururu argitaratu zituen : A Moveable Feast (1964, Festa mugigarria), Parisko bizimodu bohemioaren deskripzio bizia, eta Islands in the Stream (1970), Kubako bizitzan oinarritua.