Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Maxim Gorki (1869-1936)

 

Bizitzan eskolatua

Alexis Maximovitx Petxkov Nijni-Novgoroden jaio zen 1868an, eta, haren omenez, hiri horri Gorki deitu zitzaion 1932tik 1990era. Ume zela hil zitzaizkion gurasoak.

Jatorriz burgesia txikikoa zen arren, umetako urte garratz haiek harrarazi zioten Alexis Maximovitx-i gorki (garratza) ezizena.

Gertutik ezagutzen zuen Errusiako proletarioen bizimodua, aitonak hilabete batzuetarako baizik ez baitzuen bidali eskolara, eta zortzi urterekin hasi behar izan baitzuen bizimodua ateratzen. 1875etik 1893ra Gorkik hainbat lanbidetan jardun behar izan zuen : zapatagile baten mutil, ikonoen pintore baten mandatari, sukaldari-mutil lurrun ontzi batean ; hango sukaldariak piztu zion irakurtzeko gogoa, eta geroztik irakurketa izan zuen Gorkik bizitza osoan bere grinarik handiena . Nagusiek maiz jipoitu izan zuten, eta gose handiak igaro behar izan zituen ; hala, gutxi dira errusiar behartsuen miseria hark bezain ondo ezagutu zuten idazleak. Egonaldi luze bat egin zuen Kazanen, eta okin, zamaketari eta gauzain lan eginez atera zuen bizimodua ; garai hartantxe ezagutu zituen bai ideia iraultzaileak eta bai higikunde populista, baina berehala gaitzetsi zituen higikunde horren joera idealistak.

Aldi hartan, inguruan zeukan miseriak abaildua, bere burua hiltzen saiatu zen.

Hogeita bat urterekin Kazanetik alde egin zuen, eta harrezkero alderrai bizi izan zen, han-hemen lantxoak eginez, Errusiako hegoalde osoa zeharkatu zuela.

Tiflisen hartu zuen gero aldi baterako bizilekua, eta han kontakizunak idazten hasi zen hango egunkarietarako. Makar Txudra (1892) izan zen haren lehen kontakizuna, eta haren ondoren elezaharrak eta alegoria erromantikoak idatzi zituen, literaturaren aldetik gaur egun interes handirik ez dutenak, ezpada dokumentu gisa. Portuetako lapur baten historia kontatzen duen Txelkache (1895) kontakizun aldi berean erromantikoeta errealistak sekulako arrakasta izan zuen. Alderrai bizi izan zen garaiko bizipenak kontatzen zituen Gorkik, gaizkile jendearen giroa eta bizimodua oso ondo ezagutzen zuen eta zehatz deskribatu zuen lan honetan ez ezik, baita geroztikakoetan ere, zeren eta Gorkik oso begiko baitzuen alderrai jendea eta baita hiltzaileak ere, haien indarra eta haien borondatea miresten baitzituen, eta haiekin identifikatu ere egiten baitzen, eta hartara joera guztiz berri bat abiarazi zuen errusiar literaturan.

Garai eta joera horretakoak dira Malva (1897), Byvsie lyudi (1897, Behinolako jendea,) eta Dvadcat' Sest' i odna (1899, Hogeita sei gizon eta neska bat). Idazlan horiekin Gorkik berehala arrakasta handia izan zuen, Txekhov beraren itzala lausotzeraino, eta Tolstoirekin ere konparatu zuten.

 

Militante baten obra

XX. mendearen hasieran, Gorkik nobela eta antzerki lan sail bat idatzi zuen, marxismoarekin bat eginez. Harrezkero, errusiar kapitalismoa izan zuen Gorkik bere idazlanetako gai kutunetako bat. Foma Gordeiev (1899), Troie (1900, Hirurak), Gorod Okurov (1909, Okurov hiria), eta Zizn' Matveja Kozemjakina (1910, Matvey Kozemjakin-en bizitza) nobelei ordea kritikari batzuek akats handiak ikusi izan dizkiote ; horien ustean, Gorki bikain moldatzen omen zen ipuinaren neurrian, baina kontakizun luzeetan arnasa estutzen omen zitzaion, korapilatu egiten omen zen, digresio asko sartzen omen zituen testuan, eta era horretara kontakizunaren ekintza astuntzen zuen eta estiloaren bizitasuna moteltzen. Ez bide zegoen batasunik olerkariaren, dotrinatzailearen eta propagandagilearen artean.

Mat' (1907, Ama), Gorkiren nobela ezagunetako batek nabarmena du desoreka hori ; semea iraultzailea izateagatik deserriratu dutelako, iraultzaren alde dena ematen duenama baten historia hori urrun dago betegina izatetik, hanpaduraz idatzia baitago eta pertsonaiak oso konbentzionalak eta idealizatuak baitira.

Aldi berean, Gorkik antzerki lan asko idatzi zuen. Lehenengo biak 1902koak dira eta Moskuko Arte Antzerkian antzeztu ziren : Mescane (Burges txikiak), burgesiaren kritika, eta Na dne (Gaizkile jendea), bere lehen ipuinetako giroaz berriz baliatzen zena. Beste antzerki lanetan ere gizarte gaiak landu zituen, eta, batez ere, herriaren eta intelektualen artean zegoen alde handia, bai 1905eko iraultzaren garaikoetan -Dacniki (1905, Udatiarrak), Deti solnca (1905, Eguzkiaren umeak), Vragi (1906, Etsaiak)-, eta bai 1917ko i- raultzaz geroztikakoetan -EgorBulycov i drugie (1931-1932, Egor Bulitxov eta besteak)-.

1899tik 1906ra Gorki San Petersburgon bizi izan zen, eta Errusiako alderdi sozialdemokratako kide egin zen. Dirutza irabazten zuen orduan, eta diru gehiena alderdiari ematen zion, hainbesteraino non Gorki izan zen garai batean alderdiaren diru iturri nagusia. 1901ean Zizn' (Bizitza) aldizkari marxista debekatu zuten Gorkiren olerki iraultzaile bat argitaratzeagatik -Pesnya o burevestnike (Ekaitzetako txoriaren kantua)eta Gorki bera ere atxilotu egin zuten.

Berehala askatu zuten ordea, eta Krimeara joan zen tuberkulosiak jota, hango giroa egokia baitzen gaisotasun hori sendatzeko.

1902an Zientzien Akademiarako hautagai izendatu zuten, baina arrazoi politikoengatik ez zuten onartu, eta hori zela eta Txekhovek eta Korolenkok dimisioa eman zuten . Garai hartantxe, Gorkik Znanie (Jakin) argitaletxea sortu zuen, eta haren gerizan gorpuztu zen ~~Znanie nobela» esan izan zaion literaturazko higikundea. Ideia iraultzaileak zituzten idazle gazteen lanak argitaratzeko asmoz sortua zen argitaletxe hura, zentsurak hartarako bide ematen zuenean ; idazle haien obrei alderdi batera zeharo makurtuak edo tendentziosoak iritzi zieten kritikari batzuek, baina «tendentzioso» hitz hura, pixkanaka-pixkanaka laudorio bihurtu zen irakurle eta kritikari askorentzat.

Gorkik gogotik hartu zuen parte 1905eko Iraultzan. Hurrengo urtean espetxean sartu zuten, baina berehala askatu zuten, aldez bederen atzerrian izan ziren protestengatik.

Estatu Batuetara deserriratu zen bere maitalearekin, baina bidaia horrek halako baztertze bat ekarri zion, zeren eta tsarraren poliziak emaztearekin ez baina maitalearekin zihoala salatu baitzuen eta, hortaz, isilpera kondenatu zuten Gorki, eta, horren ondorioz, Gorkik begitan hartu zituen Estatu Batuak, eta bai higuin hura New Yorki buruzko kontakizun batzuetan adierazi ere : Gorok Zholtogo D yavola (1906, Deabru horiaren hiria).

 

Deserria eta sorkuntza

Gorkik 1906an alde egin zuen Errusiatik eta zazpi urte egin zituen erbestean, gehienbat Capri-n zuen etxean. Aldi hartan, errusiar irakurleek haren liburuak gogotik irakurtzen bazituzten ere, Gorkik ez zuen harrera onik intelektual jendearen artean.

Funtsean Gorki boltxebikeekin ados bazegoen ere, haiek, berriz, ez ziren gehiegi fidatzen Gorkiz, batez ere bogostroilestvo (Jainkoaren sortzaileak) zeritzan joera filosofiko-erlijiosoari atxiki zitzaionez geroztik, Ispoved' (1908, Aitormena) liburuan adierazi baitzituen marxista ortodoxoek heresiatzat gaitzesitako sineste horiek.

Politikaren ikuspegitik, Gorkiren independentziak traba egiten zien bere adiskide marxistei, baina haren eraginak eta itzalak hain abantaila handia zekarkien, non haren bestelako akatsak aintzat ez hartzea erabakia baitzuten. I. Mundu Gerra bitartean, Gorkik bat egin zuen Errusiak gerran parte ez hartzeko boltxebikeen iritziarekin, eta, Urriko Iraultzaren ondoren, bere indar guztiekin egin zuen boltxebikeen alde.

1917tik 1921era gogotik ahalegindu zen gerrako komunismoaren garaian idazleek herri osoak bezalaxe nozitu behar izan zuten miseria handia goxatzen.

1913tik 1923ra idatzi zuen trilogia autobiografikoa da Gorkiren maisu lana : - Enfance Detstvo (1913-1914, Haurtzaroa), - V ljudjakh (1915-1916, Jendartean) eta -Moi Universitety (Nire unibertsitateak), azken izenburu hori ironia hutsa zen, bizitza izan baitzen Gorkiren unibertsitate bakarra, eta ezin izan baitzuen Kazango unibertsitatean ikasketarik egin. Obra luze hartanbere haurtzaroaz eta bere gaztaroaz mintzatu zen, eta, benetako autobiografia ez izanagatik, idazle gisa han jo zuen goia, alde batera utzia baitzuen ordurako bere lehen urtetako «filosofiarako» joera ; zehatz eta zorrotz erreparatzen zien xehetasun guztiei, bikain egin zituen bere inguruko guztien erretratuak eta deskribapenak, batez ere bere familiarena eta bere ugazabenak, eta bigarren mailako pertsonaia indar handikoak tartekatu zituen narrazio osoan zehar.

Italiara erbesteratu zen, eta han bukatu zuen Nire unibertsitateak, Sorrenton, han bizi izan baitzen, S.E.S.B.era joan gabe, nahiz bidaia asko egin zituen Alemaniara eta beste herrialde batzuetara. Bere osasun txarra zen, itxuraz, Gorkiren erbeste haren arrazoia, baina uste izatekoa da iraultzaren ondoko urteetako Sobiet Batasunaren egoerak sortu zion etsipenak bazuela zerikusirik urruntze hartan.

 

Idazleen Batasuneko lehendakaria

1928an Gorki S.E.S.B.era itzuli zen, horretarako egin zitzaizkion eskariei men eginik, eta han harrera ezin hobea izan zuen.

Hura itzuli zenean hartu zuen Stalinek aginpidea . Gorki Stalinen jarraitzaile sutsua izan zen, idazleen artean sekulako ospea zuen, eta, hala, 1932an Sobietar Idazleen Batasuna sortu zenean, Gorki hautatu zuten lehendakari . Aldi berean, «errealismo sozialistaren» teoriaren eratzaileetako bat izan zen.

Izendapenak izendapen, Gorkik idazten jarraitu zuen. Eta estalinismoaren literaturazko dotrina ofizialaren aldekoa bazen ere, garai hartan idatzi zituen nobela guztiak iraultza baino lehen zeuden girotuak. Garai hartakoak ditu Delo Artamonovykh (1925, Artamonov auzia), bere eleberririk onenetako bat ; Zizn'Klima Samgina (1927-1936,Klim Samginen bizitza) tetralogia, azken berrogei urtetan Errusian gertatu den guztiaren kontakizuna», egilearen beraren hitzetan ; bere autobiografiaren azken liburukia, errusiar idazle handiak -Tolstoi, Txekhov, Andreiev- aipatzen dituena ; eta Zametki iz dnevnika (1924, Egunkariko oharrak) ; garai hartan idatzi zuen estalinismoaren ohorezko liburuska bat ere, Belomorkanal (1934, Itsas Zuriko ubidea), indarrez lanera behartutako presoek eraiki zuten ubide baten laudorioak egiten zituena.

Gorki 1936an hil zen. Haren heriotza misterioz inguratua dago, bat-batean hil baitzen, medikuen zainpean zegoela. Geroztik gobernuak eskuindarren eta trotskistei egotzi zien Gorkiren heriotza, eta polizia buru ohiak hura hiltzeko agindua eman izana aitortu zuen. Mendebaldeko aditu batzuen ustez, berriz, Gorkik Stalinen gehiegikeriak salatu omen zituen azkenik, eta Stalinen aginduz hil omen zuten, baina ezin izan zuten ezer frogatu.

Hil ondoren Gorki neurriz gain goraipatu zuten Sobiet Batasunean eta sobietar letren jainko egin zuten. Atzerrian ere ospe handia zuen. Baina urteak joan ahala koska eta akats handiak aurkitu izan zaizkio : politikari zor omen ziola bere arrakasta handi hura ; gero eta estilo hobean idatzi bazuen ere, hasierako estilo akats nagusiak gorde omen zituela : efektua nagusitzea, adjektibo hunkigarriak pilatzea, eta gehiegikeriarako joera, digresio gehiegi egitera makurtu izana, umorerik ez izatea. Hala eta guztiz ere trebetasun handiz antzematen zituen gauzen xehetasunak, pertsonaia bizibiziak asmatu zituen, eta beste inork baino hobeto deskribatu eta adierazi zuen berak hain ondo ezagutzen zuen gaizkileen giroa.

Hura da iraultza aurretiko garaia eta iraultza ondokoa landu zituen errusiar idazle bakarra. Eta Txekhoven eta Tolstoiren mailara iristen ez bada ere, bere garaiko idazlerik handienetako bat izan zen.