Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Anton P. Txekhov (1860-1904)

 

Haurtzaroa eta gaztaroa

1860an jaio zen Anton Pavlovitx Txekhov, Taganrog-en, Errusiaren hegoaldean, Azov itsasoko portu batean. Sei senidetatik hirugarrena zen. Aita aldeko aitona jopua zen jatorriz, baina diru mordoska bat aurreratzea lortu zuen eta askatasuna erosteko gauza izan zen. Antonen aitak -dendaria, erlijiozale porrokatua, zurruna eta intolerantea- gogortasun bereziz hezi zituen bere umeak. Antonen amak, berriz, errusiar eleberri gordin bateko gaia izan zitekeen esperientzia bizi izan zuen gaztetan : oihal saltzaile ibildaun baten alaba zen eta Errusia osoa korritu zuen aitaren gorpuaren bila, koleraz hil baitzen hau, egin ohi zituen bidaldietako batean. Hala heldu zen Taganrog-era eta hiri horretan ezkondu zen Txekhoven aitarekin.

Etxeko dendan ikasi zuen, beraz, Txekhov gazteak, te-kaxa, vodka, petrolio, erlijio-gauzaki eta gainerako salerosgaien artean, inguruan zuen gizarte errealitateari buruzko lehen ikasgaia. Beti izan zuen gogoan jaioterriaren oroitzapen atsegina. "Gustukoa nuen ene jaioterria. Hain iruditzen zitzaidan ederra eta abegitsua [...1 Maite nituen hango berdetasuna, hango goiz eguzkitsuak, hango kanpaien hotsa", idatzi zuen bere esperientzia asko islatu zituen Bizitza baten istorioa (1896) eleberrian, aitarekiko konponezinak, besteren artean.

Baina garaitsu horretan forjatu zuen probintzietako jendearen eta gizartearen aurkako iritzia ere. Hona zer dioen Txekhoven Osaba Vania antzerki laneko pertsonaia batek : "Maite dut bizitza, oro har, baina ene indar guztiz gorrotatzen eta mesprezatzen dut errusiar probintzietako bizitza, bizitza kaxkar, doilor hori".

Oroitzapen goibela zuen haurtzaroaz.

Haren eskutitzetan lekukotza ugari ageridira aitaren irudiaz eta haurtzaroko esperientziez : "Gogoan dut artean bost urte ez nituela hasi zela ni hezten, edo, hobeto esanda, ni jotzen. Goizean, esnatzen nintzenean, beste ezer baino lehen pentsatzen nuen : joko ote nau gaur?". Bizikizun horietan oinarriturik eraiki zen Txekhoven agnostizismoa, 1892ko beste gutun batean idatzi zuenari kasu egiten badiogu : "Beldurra diot erlijioari. Eliza baten aurretik pasatzen naizenean, haurtzaroa etortzen zait gogora, eta izuak hartzen nau." 1876an, aitaren merkataritzarako ezgaitasuna zela-eta, negozioak porrot egin zuen, eta familia Moskura joan zen bizitzera. Anton Taganrog-en geratu zen bigarren mailako ikasketak bukatu arte. Osabaren etxean bizi izan zen, klaseak eman zituen eta beste lan batzuetan ere aritu zen, ikasketak ordaindu ahal izateko. Ikasketak amaitu zituenean, etxekoekin biltzera joan zen, eta familiari loturik segitu zuen bizitza osoan, hartaraino, ezen, Anton bera izan baitzen familia mantendu zuena. 1880an medikuntza karrera hasi zuen Moskun, eta 1884an amaitu zuen. Urte hartan izan zuen lehenengo hemoptisi atakea (odola bota zuen ahotik), eta orduan hasi zuen heriotzarekin amaituko zen tuberkulosiaren aurkako borroka luzea. Ikasketa aro horretan, politika asaldura handiak izan ziren Errusian, 1881ean Alexandro II.a tsarra hil zutelarik, gobernuak ezarritako zapalkuntza basa zela-eta.

 

Medikuntza ikasle eta ipuin idazle

Anton Txekhovek benetako bokazioa zuen medikuntzarako, baina hori ez zen inoiz oztopo izan haren beste zaletasun handirako, literaturarako, alegia. Hona zer idatzi zion, 1888an, Suvorin-i, Txekhovenargitaldari eta lagun minari : "Medikuntza emazte dut, eta literatura ohaide. Batarekin aspertzen naizenean, bestearekin ematen dut gaua. Horrela ez da monotonoa gertatzen, eta bestalde, ez batak eta ez besteak galtzen du ezer askorik, nire desleialtasunaren kariaz". Idazleak berak aitortu zuen, medikuntzako ikasketei eta praktikari esker, gizakia askoz hobeto ezagutzeko aukera izan zuela.

Medikuntzako ikasle zela ipuin edo kontakizun labur asko argitaratu zituen hainbat egunkari eta aldizkaritan, umore edo satira kutsukoak gehientsuak. Idazlan horiek mantenua ateratzeko bide bat ziren, beste gabe ; ez zuten inolako asmo artistikorik . Hala ere, urte haietan bildu zuen esperientzia funtsezkoa izan zen haren estilo berezia biribiltzeko. Espazioaren laburrak kontzentraziora bultzatu zuen, eta horixe da, hain zuzen ere, haren estiloaren ezaugarrietako bat. Esaldi batean laburbildu zuen Txekhovek ikasketaldi horren emaitza : "Idazteko artearen gakoa, ongi idaztean baino areago, gaizki idatzita dagoena ezabatzean datza". Bestalde, kazetaritza praktika horrek eguneroko munduari aurre egitera behartu zuen, eta errealitate horretatik atera zitekeen zuku literarioaz baliatzera.

Kontakizun labur, arin eta umoretsu hauek ospe handia eman zioten idazleari, ipuin modu guztiz berezia lortu baitzuen, lortu ere, Txekhovek : freskotasuna eta umorea nagusi izan ohi baziren ere, gehienetan, eguneroko trajedia ezdeus barregarriak ezkutatu ohi ziren azpian.

 

Heldutasuna eta heriotza

Ikasketak amaitu eta laster, medikuntzan lanean hasi eta gero, Txekhov literatura egiteko modua aldatzen ahalegindu zen.

1885ean Ehizaldi tragiko bat argitaratu zuen : intrigako eleberri bateko egoerak eta planteamenduak zituen kontakizun luze bat.

Urte hartan bertan, ez zuen lortu Errege bidean izeneko antzerki lana estreinatzea, zentsurak debekatu baitzuen. Baina hurrengo urtea izan zen, 1886a, Txekhoven literaturaren bilakaerako data giltzarria. Kritikari guztiak ados baitaude, egon ere, Grigorovitx-ek, eleberri idazle ospetsuak, Txekhovi idatzi zion gutunak egundoko eragina izan zuela azken honen idazkeraren aldaketan.

Eskutitz hartan, Grigorovitx-ek, Txekhoven dohain artistikoak zirela-eta txunditurik, aspirazio handiagoko literatura lanak idazten saiatzeko eskatzen zion. Eskutitz horrek, izatez, une horretan Anton Txekhovek berak mahai gainean zuen arazo bat biziagotu baizik ez zuen egin, ordu arte idatzitako obra guztia zalantzan jarria baitzuen, hain zuzen ere. 1886an argitaratu zuen Ehiztaria izeneko kontakizun laburra, kontzientzia estetiko berri baten adierazgarri. Ez da kasualitatea Ehiztaria Turgeniev-en Hitzordua kontakizunari emandako erantzuna izatea, hain zuzen ere, Turgeniev-en literatura hizkerari aurka eginez idatzi baitzuen Txekhovek aipatutako ipuina. Grigorovitx-ek biziki goraipatu zuen Ehiztaria, eta ipuin horrekin txundituta geratu zen Suvorin kazetaria ere. Hori zela-eta hasi zen Txekhov Suvorinek zuzentzen zuen "Garai Berriak" gobernuaren aldeko egunkari kontserbadorerako kolaborazioak egiten, eta, denborarekin, zuzendariaren lagun min egin zen. Suvorinek askotan bultzatu zuen Txekhov posizio kontserbadoreetara etor zedin, baina honek, inoren aldeko postura hartu ordez, Errusiako politika eta gizarte arazoak urrunetik behatzen jarraitu zuen. Bakartze bilatu hori kasu jakin batzuetan baizik ez zuen hautsi. Hiru adibide aipatuko ditugu konprometitze aldi horien adibidetzat : Sakhalin uharteko espetxeratu koloniei buruzko liburua -hiru urte lehenago egindako bidaldi bateko esperientziak biltzen zituen-, lehenbizikoz, "Errusiar Pentsamendua" egunkari liberalean argitaratzen hasia, 1893an ; "Dreyfus aferari buruz hartu zuen postura, hori zela-eta eten baitzituen Suvorinekin eta haren egunkariarekin zituen harremanak ; eta, 1902an, Errusiar Akademian zegokion postuari uko egitea, Gorki bota zutelako protestan.

1890eko hamarraldian, ordurako Txekhoven ospea finkaturik zela eta haren obraren garrantzia guztiek aitortzen zutela, asko jaitsi zen -kopuruz, baina ez kalitatez- errusiar idazlearen ipuin produkzioa. Arrazoi bat baino gehiagorengatik gertatu zen hori : testu luzeagoak idaztea nahiago izan zuelako ; antzerkia idazteko interes handiagoa piztu zitzaiolako ; eta, gaixotasuna zela-eta, erietxe edo sendategietan egonaldi luzeak egin zituelako, lehenik, Melikhovon -1892an erosi zuen etxean-, eta gero, Yaltan.

1899an kontratu bat izenpetu zuen bere Idazlan guztiak argitaratzeko. Argitalpen horretan 265 kontakizun bildu zituen, baina 188letik 1887ra bitartean argitaratutako ipuin asko falta ziren. Garaitsu hartan beste aldaketa handi bat gertatu zen Txekhoven bizitzan : urte askoz emakume ezkondu batenganako amodio ezinezkoaren mende egon ondoren, 1898an, Olga Knipper ezagutu zuen, Txekhoven beraren antzerki lan batzuetan aritu zen antzezle bat, eta harekintxe ezkondu zen, 190lean. Baina ez zuen asko iraun Txekhoven ezkon bizitzak, handik hiru urtera, 1904ko uztailaren 2an, hil baitzen Alemaniako Badenweiler izeneko bainuetxean.

 

Ipuingintza

Irakurle eta kritikari askoren iritzian, Txekhoven literatura guztitik maila hoberena ematen dutenak haren ipuin eta kontakizunak dira, nahiz eta, gaur egungo antzerkiaren historian, ohorezko tokia gorde izan zaion, antzerkigintza modernoaren aitzindari eta eredu gisa.

Txekhov, zalantzarik gabe, XIX. mendeko maisu bazterrezinetako bat da, azken mende honetako ipuingintzaren bilakaera ulertu nahi baldin bada. Ezin liteke esan - errealismoa estu ulerturik, behinik-behin- Txekhoven estiloa errealista denik, haren lanak ez baitira obra amaituak, itxiak eta biribilak ; Txekhovek munduari buruz zuen ikuspegia zatikakoa zen, eta agian horregatik asmatu zituen bere kontakizunak -zorionez, segur aski-, modu kondentsatuan haina irekian. Hala ere, Errusiako garai hartako beste ezein idazleren obrak baino hobeto erantzuten diote haren lanek errealismoaren oinarrizko postulatu bati, objektibotasunari, alegia, eta oinarrizko beste bi elementu izan zituen lema eta goiburu bere obra guztian : zehaztasuna eta laburtasuna.

Oro har, gaztetako produkzio handiko aldian ere ipuin bikainak badituen arren, 1890eko hamarraldian idatzi zituen ipuin hoberenak. Aipa ditzagun ezagunenak : Estepa (1888), Istorio triste bat (1889), Seigarren pabilioia (1892), Baserritarrak (1897), Txakurtxoa zuen dama (1899), eta azkena idatzi zuen kontakizuna : Emaztegaia (1903).

 

Antzezlanak

Zabalduen dagoen iritziaren arabera, Txekhoven antzerkigintzak sustraitik aldatu zuen Errusiako ordu arteko antzerkia eta haren lana oinarrizko zutabea izan zen genero horrek XX. mendean izan zuen eraberrikuntzan .

Txekhoven dramen ezaugarrietako bat sinbolismo poetikoa da, haren kontakizunetan ere antzematen den giro liriko moduko bat. Idazlearen intentzioa eta asmoa, ordea, errealista zen funtsean : eguneroko existentziaren bakantasunetik abiaturik, gizakiaren bizitza osoa hartu nahi zuen haren antzerkiak, lirismoaz baliaturik. Haren antzezlanetako gai errepikatuena bizitzako frustrazioei buruzkoa zen, gizakiaren aspirazio eta asmo onek askotan izan ohi duten porrota, alegia. Hona, ondoren, Txekhoven antzezlan nagusien zerrenda bat : Medved (1888 ; Hartza), Predlozheniye (1889 ; Proposamena), Svadba (1889 ; Ezteia), Yubiley (1891 ; Urteurrena), Ivanov (1889), Txayka (1896 ; Kaioa), Dyadya Vanya (1897 ; Osaba Vanya), Tri sestry (1901 ; Hiru ahizpa), eta Vishnyovy sad (1904, Gereziondoen baratzea).