Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Leon N. Tolstoi (1828-1910)

 

Haurtzaroa eta gaztaroa

Tolstoiren familia Errusiako antzinako aitoren semeen leinukoa zen, hala amaren -Volkonskitarrak- nola aitaren aldetik. Garai hartako Errusiako lurjabeen ohiturari jarraituz, Tolstoiren gurasoak familiaren jabetza batean bizi ziren, Yasnaya Polianan, Tulako probintzian, Moskutik 200 bat kilometrotara, hiriko bizimodutik urrun.

Haurrak hezitzeko irakasle partikularrak izaten zituzten gizarte maila horretan, harik eta goi mailako ikasketak hasteko edo -mutilen kasuan- militar karrerari ekiteko, edota -neska bazen- senargaia bilatzeko unea heltzen zen arte.

Baina Tolstoiren haurtzaro lasai eta atseginak ezer gutxi iraun zuen : 1830ean hil zitzaion ama, lau mutiko eta neskatoa utzirik -azken aurrekoa zen Leon, eta bi urte besterik ez zituen orduan- ; 1836an aita hil zitzaion eta 1838an amandrea ; gero, zaintzen zituen andrea... Azkenean, Kazanen bizi zen izeba Pelageya Ilinitxna Yuxkovaren -aitaren arreba- etxera joan ziren bizitzera bost neba-arrebak.

Kazanen, Volgako tartariarren antzinako hiriburuan, unibertsitate ospetsua zegoen.1844an sartu zen han Tolstoi, baina ezer gutxi ikasten zuen eta berehalaxe utzi zuen bertan behera, bere kontura ikasita gehiago aurreratzen zuela konturatu baitzen.

Seniparteak banatu zituztenean, Yasnaya Poliana egokitu zitzaion Leoni eta haraxe itzuli zen. Hiruzpalau urte eman zituen han, ordena handirik gabe, jarduera moduren baten bila eta eguneroko existentziaren zentzua aurkitu nahian. Orduan hasi zen egunkari bat idazten (1847an, 18 urte zituela) eta handik aurrera ez zion inoiz idazteari utzi.

Egunkari horixe izan zen Tolstoiren lehen literatura eskola : autoazterketa sakona, gogo aldarteen mudantza eta ñabardura txikienak xehe-xehe deskribatzea, moral perfekziora heltzeko bere buruari jartzen zizkion portaera arau zorrotzak..., horiek guztiak daude Tolstoiren pertsonaien azterketa psikologikoaren eta haren lanetan antzematen den kezka moralaren jatorrian.

Eduki autobiografiko horretan oinarriturik, Dmitri Merezhkovski literatura kritikariak esan zuen idazlearen arima islatzen dela, argi eta garbi, Tolstoiren obra guztian.

 

Gudarostea

1851n Kaukasora jo zuen anaia Nikolairekin, errusiar gudarostea borrokan ari baitzen eskualde hartan, artean inbasioari aurre egiten zioten menditar tribuen aurka.

Soldadu soil gisa hasi bazen ere -ez zen batere ohikoa jatorriz handikia izanda-, berehala irabazi zuen ausartaren fama, eta ofizial egin zuten. Krimeako gerrakoan (1854-1855) Danubioko frontera destinatu zuten lehendabizi. Behin han zela, Sebastopoleko egoera beldurgarriaren berriakheldu zitzaizkion -hantxe izan baitziren gudurik bortitzenak-, eta hara bidal zezaten eskatu zuen. Gertaera horrek erakusten du Tolstoi nolakoa zen: bere eginkizun guztietan buru-belarri sartzen zen, gogo beroz, erabateko arduraz. Bizitzak uneoro planteatzen zituen arazoen muinean egon behar izaten zuen beti, giza existentziaren funtsezko galderei erantzuten saiatzeko, eta gero, literaturaren bitartez, gizadi guztiari adierazteko.

 

Lehen idazlanak

1856an utzi zuen gudarostea. Gizaki eta idazle heldu bilakatu zen gerra urte haietan . Soldadu kosakoekin bizi izandako eguneroko bizitzak irakatsi zion goi klasekoen bizitza artifiziala eta perbertitua ez ezik, hipokrisian eta bidegabekerian oinarritua zela, eta aldiz, bere lanetik eta izadiarekin zuzeneko harremanetan bizi zen jendea zela benetako balioak gordetzen zituena. Sinesmen sendo horretan oinarrituko zen Tolstoiren bilakaera ideologiko guztia.

Ordurako argitaratuak zituen bere trilogia autobiografikoaren lehen bi aleak : Detstvo (Haurtzaroa), Otrocestvo (Nerabe aroa) eta Junost' (Gaztaroa) ; eta baita Nabeg (Sarraldia), Dva gulara (Bi husar), Ekaitza eta Sevastopolskiye rasskaz_y (Sebastopolekokontakizunak) izeneko narrazioak ere. Estreinako lanetatik hasita antzematen dira Tolstoiren artearen ezaugarriak errealitatearen deskribapen zehatza, psikologiaren unibertsoa alde bat utzi gabe ; gogo-egoeraren ñabardura txikienez eta aldaketen bilakaera xehekatu guztiez ohartzea ; gauzei buruzko ikuspegia pertzepzio fisikoen eta gorputzeko sentsazioen bitartez adieraztea, irakurleari "bertantxe dagoen" irudipena ematen zaiola ; buru argitasun praktikoz egoerak urrunetik eta objektibotasunez aztertzea, gizarteko gertakarien ohiko ikuspegi erosoa hautsirik, esate baterako, gerrari edo goi klasekoen bizimoduari buruz ari zenean ; eta moraltasunaren zentzu estua.Azken alderdi horrek didaktismora eta moralizaziora bultzatzen zuen etengabe, nahiz eta Turgenievek, Ljucern (Luzerna)-renargitalpena gai hartuta (1857), tentazio horren arriskuaz ohartarazi zuen. Baina ez zen munduan Tolstoiri bide hori eragotziko zion argudiorik, bizitzeko sena bezain berea baitzuen moralizaziorako joera. Tolstoiren bilakaera, hasiera-hasieratik, bizitzan zehar izan zituen krisialdiek markatzen dute, krisialdi fisikoak, askotan. Eta behin baino gehiagotan, nekazarietara hurbilduz eta lan fisikoak eginez irten ahal izan zen krisialdi horietatik.

Krisi horietan lehena, 1950eko hamarraldiaren azken urteetakoa izan zen. Gudarostea utzi, literaturan arrakasta izan eta Moskuko eta San Petersburgoko intelektualen zirkuluetan ibili ondoren, Yasnaya Polianan babestu zen berriro. Nekazarien bizimodua eraberritzen ahalegindu zen han, baina nekazariek ez zioten utzi. Valeria Arsenievarekin amodiozko harreman bat hasi zuen, haina, konpromisoarekin ikaraturik, beharbada, atzerrira ihes egin zuen. Europak liluratu egin zuen hasieran, han arnasten zen askatasunagatik, baina gero dezepzioak janzion barrena eta errefusatu egin zuen azkenean . Yasnaya Polianara itzuli zen urte haietako esperientziaz jantzirik, eta irakaskuntzari eman zitzaion : bere morroien haurrentzat eskola bat antolatu zuen, eta Rousseauren ideietan ez ezik, bere ikuspegian eta bizitzako esperientzian oinarritutako irakaskuntza landu zuen.

Oso harreman estua izan zuen aldi hartan haur nekazariekin ; neska baserritar batez maitemindu zen eta harekin ezkontzeko zorian egon zen. Orduan idatzi zituen landako bizitzari buruzko zenbait kontakizun : Tikhon eta Malania (1860-1862), Polikuska (1861-1863, Polikuxka), eta Kazaki (1852-1863, Kosakoak), guztiak gai beraren inguruan : ezjakintzat edukitzen diren gizakien balioei buruzko gogoetak.

Bigarren bidaldi bat ere egin zuen atzerrira, Europako eskoletan erabiltzen ziren pedagogia metodoak eta emaitzak aztertzera joanda. Irakaskuntzaren arloan Errusiak bere bidea aurkitu behar zuela etsirik itzuli zen, eta aldizkari bat sortu zuen, pedagogiari buruz zituen ideiak azaltzeko.

Urtebete iraun zuen aldizkari hartan - ez zuen arrakasta handirik izan, batzuentzat iraultzaileegia zelako, eta besteentzat atzerakoiegia- bere betiko gaiei buruzko gogoetak argitaratu zituen : gizarte ikasiari buruzko kritikak ; nekazarien bizi balioen gorespenak ; europar estiloko aurrerakuntzen kalteak; giza arrazoiaren ezintasuna izadiaren legeen kontra...

 

Eleberri handiak: Gera eta bakea, Anna Karenena

Azkeneko kontzeptu hori, 1863tik 1869ra idatzitako Vojna i rnir(Gerra eta bakea) izeneko eleberri handian adierazten da bere distira guztian. 1862an, beste krisialdi gogor bat izan zuen Tolstoik, eta, norabait jotzearren, bidaldi bat egin zuen Baixkiriako estepetara, eskolako bi ikasle eta morroi bat harturik. Bidaia hari esker eta Sofia Andreievnaren maitasuna zela-eta gainditu zuen krisialdia, eta 1863ko irailean ezkondu zen Sofiarekin. Oso aldi oparoa bizi izan zuen orduan, eta familiako bizitzan, bere ondasunen zuzendaritzan eta idazten aritu zen urte haietan. Aldi horren ispilua da Gerra eta bakea. Kritikariek munduko eleberri onenen artean kokatzen duten honetan, mundu harmoniko, "biribil" bat islatzen du Tolstoik (biribiltasunaren irudia erabiltzen du errusiar izaera nazionalaren harmonia adierazteko), baina, betiere, izadiko indarrak beti gainetik direla. Tolstoiren leitmotiv guztiak azaltzen dira Gerra eta bakea eleberrian : Jainkoaren eta bizitzaren zentzuaren bilaketa, gizarte ikasiaren kritika, herriko gizakien eta lan fisikoaren idealizazioa, errusiar eta europar izaeren arteko aurkakotasunak...

1870 inguruan estutasunaren mende erori zen berriro Tolstoi, eta, oraingoan ere, irakaskuntzan eta haurrentzat idatziz berreskuratu zituen indarrak : Azbuka (1870-1872, Liburuxka), Liburuxka berria (1873-1874), lau Irakurketa liburu. Orduan hasi zen idazten Anna Karenina (1873-1877).

Eleberri horretan islatzen da Tolstoik hamarraldi hartan bizi izan zuen egonezina eta barne segurtasun falta. Oinarrizko moral arazoek garrantzizko papera hartu zuten eta baita garai hartako arazo polemikoei buruzko gogoetek ere (gizonen eta emakumeen arteko harremanak, handikien papera gizartean... ).

 

Azken urteak

1882an Ispoved (Aitorpena) argitaratu zuen. Liburu horretan kontatzen du Tolstoik zer nolako bilakaera espirituala izan zuen erlijio arrazional batera heltzeko, ez baitzuen beste biderik aurkitu, bere buruaz beste egitera bultzatzen zuen heriotzaren izularritik salbatzeko.

Mende berriaren hastapenetan, Tolstoik idazkera errazagoa erabili nahi izan zuen, jende gehiagorengana, ikasi gabeko jendearengana iritsi ahal izateko. Horregatik idatzi zituen kontakizun "herrikoiak", alegiak edo parabolak erabiliz -Tak c,1o ze nam delat? (1885, Zenbat lur behar du gizon batek?), Khozjain i rabotnik (1894-1895, Nagusia eta morroia), etab.-, eta oso baliotsua gertatu zitzaion horretarako haurrentzat idatzi izan zuen garaiko esperientzia.

Ordutik aurrera Tolstoik uko egin zion bere obrari, eta, batez ere, artikuluak eta aldarrikapenak idatzi zituen. Bidegabekeriak eta gizarte erakundeen hipokrisia kritikatzen zituen, eta pisu handiko pertsonaia publiko bilakatu zen. Elizak eskumikatu egin zuen, eta estatuko agintariek, berriz, hura zaintzeko agindu zioten poliziei, eta noiznahi zentsuratzen edo galarazten zioten argitaratzea.

Azkenean, barneko kontraesanek bultzatuta, etxetik alde egin zuen 1910eko azaroaren l0ean, eta handik egun gutxitara hil zen tren geltoki batean.

Azken urteetakoak dira : Smert' Ivana Il'iL'a (1886, Ivan Illitx-en heriotza), Krejcerova sonata (1889, Kreutzer-i sonata). Khadzi-Murat (1896-1904, Hadzhi Murat), Zivoj trup (1900, Hildako bizia), eta Voskresenie (1889-1890, Pizkundea) eleberria.