Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Samuel T. Coleridge (1772-1834) George G. Byron (1788-1824)

Samuel Taylor Coleridge

Erromantizismoa Ingalaterran nola agertu zen ulertzeko, komeni da egoera historikoa pixka bat gogoratzea. XVIII.. endearen bukaeran Ingalaterra zen herrialderik aurreratuena ekonomian eta gizartean, egina zuen iraultza burgesa, eta inperio sendo bat ari zen osatzen ; hasiak ziren nekazaritza molde zaharrak aldatzen, eta sumatzen ziren industria iraultzaren zantzuak ere, lurrin makina erabiltzen hasia baitzen. Ideietan, oro har, eta Frantzian ez bezala, Ingalaterran ez zen hain gogorra Arrazoiaren eta Izadiaren arteko aldea, erromantizismoak hartatik egin zuen bidean.

Garai hartan, nolanahi ere, Ingalaterran ere sentimentaltasuna zen nagusi, baina alemaniar erromantikoen patetismo arriskutsuak eta frantses eskolaren erradikaltasunik gabe.

XIX. mendean agertu ziren poeta erromantiko bete-beteak. Bost dira ingeles poeta erromantiko handiak : lehenbizi, maisuak, Wordsworth eta Coleridge, 1770 inguruan jaioak, zaharrak hilko zirenak; ondoren, Byron (1788) eta Shelley (1792), "satanikoak", biak ere oso gazte eta modu "erromantikoan" hil zirenak (Byron Greziaren askatasunaren alcleko borrokan, Shelley Mediterraneoan itota), eta azkenik, gazteen hil zena, Keats (1795-1831), hura ere erromantikoen modura, tuberkulosiak jota, "poesiaren poeta".

Ingeles poesiaren historian, bost poeta horiek osatzen dute seguraski aldirik pribilejiatuena. Agian "erromantiko" adjektiboa ez dute aski, hori baino konplexuagoak ere bai baitira. Oso obra ugaria da, baita ugariegia ere ; baina gaur egungo begiez hautapen bat eginez gero, lirika unibertsalaren gailurrik ederrenak topatuko ditugu obra zabal horretan.

 

Samuel Taylor Coleridge

Devonshiren jaio zen 1772an eta Londresen hil zen 1834an. Cambridgen egin zituen ikasketak, Jesus College-n, baina ez zuen graduazioa lortu. Gaztetan, erlijioan, unitarista izan zen (hirutasun santua ukatzen duen eta Jainkoa izaki bakarra dela dioen dotrina protestantea, eta, beraz, Kristoren jainkotasuna ukatzen duena, Ingalaterran garai hartan aski indartsua), materialista filosofian, eta erradikala politikan (geroago, anglikanoa eta kontserbadorea izatera iritsiko zen). 1790. urte inguruan, eritasun larri baten ondoren, opioa erretzen hasi zen ; uzteko ahaleginak egin arren, bizitza osoan jarraituko zuen opioa hartzen, eta arazo larriak ekarri zizkion atxikitasun horrek. Bizimodu nahasia egin zuen beti, zorrez beterik, ezin diru iturri segururik aurkitu ; bere adiskide min baten arreba zen Sara Southey-rekin ezkondu zen (1795), baina, beste emakume batez maitemindu zelarik, ezkontza ez zen onik atera. 1830 urte inguruan, gero eta kritika hobeak jasotzen hasi zen ; aldi berean, bere garaiko kritikari hoberentzat jotzen zuten Coleridge bera. Bakean hil zen, 1834an, eta liburu eta eskuizkribuez beste ondasunik ez zuen utzi.

Coleridgeren poesia lan nagusiak dira Poems on Various Subjets ( 1796, Gai desberdineko poesiak), William Worsworthekin batera argitaratu zuen Lyrical Balladsen datozen poemak -erromantizismoaren liburu sortzailetzat hartzen da obra hori-, bereziki The Rime of the Ancient Mariner (1798, Marinel zaharraren balada), eta The Nightingale (1798, Urretxindorra), eta geroagoko bi liburu, Chrrstabel (1816) eta Svhilline Leaves (1917, Orri sibilinoak).

Prosazko lanen artean, garrantzitsuenak dira The Statesman's Manual (1816, Estatugizonaren gidaliburua), Biographia Literaria (1817, Biografia literarioak) eta Aids to Reflection (1825, Hausnarketarako laguntzak) . Egilea hil ondoren liburu batean bildu ziren Shakespeare, Milton eta beste poeta ingeles batzuei buruz egin zituen hitzaldiak.

Coleridge oso teoriazalea zen, eta horrek, bere adiskide eta lankide Wordsworthen kasuan ez bezala, izan zuen eraginik bere lanean ; izan ere, poesia berarentzat babesleku izan bide zen une batzuetan, hala gizarte utopiko bat, ' Pantisokrazia", sortzeko saioak porrot egin zuenean, eta era berean han egin zuen ezkontzak huts egin zuenean. Geroago Wordsworth-engandik aldendu zen Alemanian filosofia ikasteko.

Coleridgeren lanek era guztietako iritziak sorrarazi dituzte, heste ingeles poetenek baino gehiago ; kritikari guztiak bat datoz ordea ez zituela bere poeta ahalmen izugarriak erabat baliatu. Poeta gisa duen garrantzia ez da inoiz zalantzan jarri, baina izen handia du halaber literatura kritikari gisa, bereziki Biografia literarioak-en oinarriturik.

Biografia literarioak ez dira oroitzapen pertsonalak, poesiari buruzko oharren koaderno bat baizik ; adimen poetikoa aztertu zuen han. Coleridgeren ikuspuntutik, literaturaren osagai garrantzitsuena herak irudimen gisa deskribatu zuen emozioaren eta pentsamenduaren batasuna da. Bereziki azpimarratu zuen poesiak duen ahalmena unibertsaltasuna eta partikulartasuna lotzeko, gauzen alderdi objektiboa eta subjektiboa, orokorra eta indibiduala. Kritikaren funtzioa, Coleridgeren aburuz, formak eta arauak huts-hutsik deskribatzea baino, osagai horiek bereiztea da, eta oharmen kontzienteraino jasotzea. Coleridge saiatu zen, eta sarritan lortu zuen, unibertsaltasunaren eta ereduzkoaren zentzua gauza partikular eta sentigarriekin lotzen, bai bere poesian, bai kritika lanetan. Berak baietsi zuen aurrenekoz poesia ezin itzulizkoa dela, eta aurrenekoz aztertu eta goraipatu zuen Shakespeareren lirismoa.

 

George G. Byron Lord Byron

Coleridgeren oso bestelakoa da Byron "satanikoa", askatasunaren heroia, erromantikoetan famatuena ; fama gehiago izan du seguraski, atzerrian batez ere, "irudi" bezala obragatik beragatik baino, besteak heste oso zaila baita behar bezala itzultzen, bereziki lan ezagunenak, Don Juan adibidez.

Pushkin errusiarrarengandik hasita Espronceda espainiarra arte, poeta asko saiatuko zen hura imitatzen, batzuek itxura, baita herrentasuna ere. "Byronismoa", poeta ingeles honen gurtza, europar erromantizismoaren osagaietako bat izan zen. Lord Byron aristokrata istiluzaleak izugarrizko eskandalua sortu zuen Lorden Ganberan babesgabeen alde egin zituen proposamenengatik eta bizimodu sexualagatik -bisexualagatik, zehatzago mintzatuz-, eta Ingalaterratik alde egin behar izan zuen ingurukoen gaitzespenari itzuri egitearren : Venezian amodio errazeko aldi bat eman ondoren, Greziako askapen gerran hil zen.

Londresen jaio zen 1788an. Aristokrata bitxikeriazale baten semea zen, eta haurtzarotristea izan zuen, familiak Eskozian zuen etxe batean, besteak beste, jaiotzezko eritasun bat zuelarik, errena zelako.

Harrowko eskola pribatuan eta Cambridgeko Trinity College-n ikasi zuen. 1806. urtean (hemezortzi urterekin) argitaratu zuen lehen liburua, Fugitive Pieces (Lan iheskorrak), berehala galarazi zutena. Poeta satiriko gisa famatua egin zen, nahiz eta izenpetu gabe argitaratu, English Bards and Scottish Reviewers liburuarekin (1809, Ingeles bardoak eta eskoziar kritikariak), bere aurreko poesia liburuak, Hours of Idleness (1807, Alfertasunezko orduak), izan zituen kritikei egindako erantzun gutxiespenezkoa . Une hartan izenik handiena zuten poeta erromantikoei eraso egiten zien erantzun horretan : Southey, Coleridge eta Wordsworth .

1809an, Ingalaterrako goi mailaren bizimodua ezin eramanik -eta haiek ez baitzuten onartzen-, aclin nagusitasuna iritsi orduko, bidaldi luze batean abiatu zen Portugal, Espainia, Malta, Albania, Grezia eta Asia Txikira ; Grezian Leandroren egitandia berdindu nahi izan zuen, eta Helesponto igeri gurutzatu zuen. Itzultzean, 1812an, Childe Harold's Pilgrimage (Childe Harold-en erromesaldia) argitaratu zuen, famatua egin zuen poema, eta arrakasta izugarria eman ziona. Harekin lortu zuen "bere garaiaren seme" bat aurkeztea, Harold Byron, dandy misteriotsua, zorigaiztoko gizona, bai bere buruarentzat, bai gainerakoentzat. Denbora gutxian lan asko argitaratu zuen, haien artean ekialdeko ipuin erromantikoak bertsotan idatziak : The Giaour (1813, Kristau fedegabea), The Corsar (1814, Kortsarioa), Lara (1814). Kortsarioa-ren hamar mila ale saldu ziren argitaratu zen egunean bertan.

1815ean, dirua eskuratzeko, heste ezertarako gabe, Annabella Milbanke-rekin ezkondu zen, baina emazteak berehala utzi zuen. Haren ondorengo eskandalua zelaeta (bere arrebaorde Augusta Leigh-ekin intzestuko harremanak aipatzen ziren), goi mailako gizarteak baztertu egin zuen, eta atzerrira joan behar izan zuen. Garai hartantxe idatzitako Parisina (1816) poeman aipatzen da halako maitasunik; dirudienez, bazen zer ezkutatua, Byronen Memoriak egilea hil eta berehala suntsiarazi baitzituen Augustak. Itsasoratu zen bada poeta, eta ez zen sekula sorterrira itzuli. Suitzan (Chillongo gazteluan) -Shelley-tarrekin egon zen han, eta hantxe idatzi zuen Mary Shelleyk Frankestein-, Venezian eta Ravenan bizi izan zen. Harold Gaztearen hirugarren eta laugarren liburukiak 1816an eta 1818an agertu ziren. Urte horiek, eta hurrengoak, izan ziren poetaren bizitzako emankorrenak : Manfred drama argitaratu zuen (1817), Beppo (1818), drama irrigarri baten lehen saioa, Mazzeppa ipuin erromantikoa (1819) eta Don Juan epopeia(1819-1824), osatugabea, eta orobat amaitu gabe atera ziren Cain (1821) eta Werner (1823) bertsozko dramak. Satiraren ildotik berriz ere, A Vision of Judgement (1822, Epaiketaren ikuspegi bat), argitaratu zuen Southey poeta erromantikoari egindako eraso bortitza. Bi urte geroago, Greziara joan zen turkiarren kontrako iraultza antolatzera, haina hotzak eta sukarrak jota hil zen Missolonghin.

Poeta gisa, eta orobat gizon gisa, kontraesan dramatikoak gertatzen dira Byronen, zenbaitetan lirikotasun guztiz delikatu batean adierazten direnak, eta hesteetan herriz zinikotasun harrokeriazaleenean.

Estiloan ere antzematen da Byronen izakeraren anbiguotasun zaila : gartsua, larria eta oparoa da, indar izugarria edota dotoretasun handia duen erritmo batek markatua .

Prosazko lanak idatzi bazituen ere (kritika lanak, gutunak, memoriak), bizirik zela bertsozkoak baino ez zituen argitaratu.

Bertsozko lan hori bi alditan sailka daiteke, muga 1816an ipinita : lehen aldi erromantiko bat, sentimentalismoa eta erromantizismoaren topikoak nagusi direna ; bigarren aldian, poema irrigarriak idatzi zituenbatez ere, italiarren estilora. Childe Harolden erromesaldia da lehen aldiko lanik adierazgarriena : poema heze bat da (4.455 bertso), lau kantutan banatua. Bertan egileak Mediterraneo eta Ekialdeko lehen bidaia kontatzen du ; deskribapen pintoreskoak eta hausnarketa malenkoniatsu lausoak ageri dira aldizka. Poema mota honen sortzailea izan zen Byron : hizkera indartsua erabiltzen du, zahar kutsukoa ; prosodia trebea eta musikala da, eta halako arrakasta izan zuen Europan, non denek imitatu beharreko arketipoa bihurtu baitzen.

Bigarren aldiko poesiaren gailurra Don Juan-ekin iritsi zuen : poema heroikokomiko eta satirikoa da, epopeia luzeluzea(16.000 bertso baino gehiago), ottava rima-n idatzia -poetak birtuosismo harrigarriz baliatu zuen estrofa jasoa-, satira, epika eta eleberri historikoa nahasten dituena . Don Juan Harolden antitesia da : heroi erromantikoaren malenkonia ondo pentsatuaren lekuan ironia zorrotza ageri da. Lord Byronek ikusmolde eszeptikoa, jostaria eta ironikoa erakusten du, itxuraz betetako mundu bat, non Don Juan, seduzitzailea izan ordez, seduzitua baita. Hori dela-eta, XX. mendeko kritikarientzat, Don Juan-ek, eta azkeneko lan guztiek oro har, ez dute erromantikorik ezer. Ikusmolde hori areagotu egiten da gogoan hartzen bada Byronek gutxietsi egiten zituela bere garaiko poeta erromantikoak, eta klasikoak miresten. Hain zuzen ere, Don Juan da, ironiaren maisulana, egilea famatu zuten poema erromantikoak ez hezala, gaur egun bizirik dirauen Byronen lan nagusia.