Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Laurence Sterne (1713-1768)

 

Arrakasta handiko elizgizona

Laurence Sterne Clonmel-en jaio zen, Irlanda hegoaldeko hiri txiki batean, han hartua baitzuen egoitza bere aitaren errejimentuak . Haren familia Yorkshirekoa zen jatorriz, eta konderri hartan hartuko zuen bizilekua Sternek handik hogeita bost urtera.

Espainiako Erregetzarako gerraren garaiak ziren haiek, eta Laurenceren aita gotorlekuz gotorleku ibili zen, bere familia osoa aldean zeramala, harik eta Jamaikara bidali zuten arte ; han, antzar baten kontuak zirela eta, bere kide batek hil zuen duelo batean.

Haren semeak aitaren irudi heroikoa eta hunkigarria egin zuen bere liburu nagusian.

Laurence Sterne soldadu artean hazi zen beraz; gero eskolan hasi zen, eta han grekoa eta latina ikasi zituen. Lehengusu baten bitartez, Cambridgeko jesus College-n hasi zen ikasten 1733an, eta diru laguntza bati esker han egin ahal izan zituen unibertsitate ikasketak. Ikasle gisa ez zuen distira berezirik izan, haina han ezagutu zuen gerora Yorskhiren adiskide min izango zuen norbait, John Hall Stevenson, eta han irakurri zituen gogo biziz John Locke, Rabelais eta Montaigne, Sterneren obran eragin handia izango zuten autoreak denak.

Urtebete St Yves-eko parrokia txikian apaiz egin ondoren, 1738ko abuztuan Sutton on the Forest-era bidali zuten, Yorketik hurbil, eta hogei urtez egon zen han kargu hartan . Hartara, landako bizitza patxadazkoa eta mundutar bizimodua tartekatu zituen, zeren eta Sterne oso erakartzen baitzuten bai hiriburu dirdaitsu hartako gizarte jaiak eta bai elizaren baitan, katedralaren inguruan, sortzen ziren azpijokoak eta ika-mikak.

Han ezagutu zuen Elizabeth Lumley, bere emazte bihurtuko zuena, eta, geroxeago, miss Fourmantelle, «dear Kitty», bolada batean maitale izango zuena. Orduan idatzizuen bere lehen idazlana ere : The History of a Good Warm Watchcoat (1739, Beroki on eta bero baten historia), elizgizonek karguak eta ondasunak bereganatzeko izaten zuten irrika bizia gogor astintzen zuen alegoria satirikoa. Horrez gainera, sermoiak ere idatzi zituen, eta, harrezkero, osasun gutxiko gizon hura -bularreko eritasun bat zuen gaztetatik- idazteari eman zitzaion betebetean . Hala sortu zuen Life and Opinion of Tristram Shandy, Gentleman (1760-1767, Tristram Shandy zaldunaren bizitza eta iritzia).

Obra nagusi horretako lehenengo bi liburukiak -bederatzi liburuki izango zituen guztira- Yorken eman zituen argitara, eta Londresen gero, eta berehala arrakasta handia izan zuten. Suttoneko bikario ezezagun hura ospetsu egin zen egun gutxi batzuetan, Londresen hartu zuen bolada baterako bizilekua, eta harrera ezin hobea egin zioten han goi mailako gizartean : bazkari, afari, jai, kontzertu, emanaldi eta ospakizun ugari egin ziren haren ohorez. Sternek ederki gozatu zuen arrakasta eta harrera on hura.

176leko urtarrilean obra haren 111. eta IV.. iburukiak argitaratu zituen, eta urte hartako abenduan, V.a eta VI.a. Baina sukarrezko bizimodu hark osasuna higatu zion azkenik, eta odol jario handi baten ondoren, medikuek Frantzian atseden hartzea aholkatu zioten.

Parisa abiatu zen, ondoezik, 1762ko urtarrilean. Han ere Londresen izan zuen arrakasta berbera izan zuen literatur giroetan, eta Dideroten adiskide egin zen, besteak beste. Urte hartako uztailean haren emaztea eta haren alaba Lydia harekin bildu ziren Parisen. Negualde hartan Midi eskualdera joan ziren denak ; osasunbidean jartzen ahalegindu zen, haina alferrik ; bitartean, Tristran Shandy-ren VII. eta VIII. liburukiak idatzi zituen astiro-astiro. 1765eko urtarrilean argitaratuko zizkioten bi liburuki horiek, Sterne Londresera itzuli zelarik. Berriz ere Yorkshiren eman zioten parrokia bat bere ardurapean, Coxwold-en hain zuzen, baina ez zen luzaroan egon han. Frantzian eta Italian barrena ibili zen, eta han ikusiak, entzunak eta gertatuak oinarri harturik idatzi zuen bere bigarren liburu handia : A Sentimental Journey Through France and Italy by Mr Yorick (1768, Bidaia sentimentala Frantzian eta Italian zehar). Liburu hori Tristram Shandy-ren oso bestelakoa da ; askoz errazago irakurtzen da, ez baitu besteak bezain idazkera bihurria.

1766ko ekainean Coxwoldera itzuli zen.

1767ko urtarrilean agertu ziren Tristram Shandy-ren bederatzigarren eta azken liburukia . Garai hartan emakume gazte eta eder bat ezagutu zuen Londresen, senarra Indietan zeukana, Eliza Draper. Itsu-itsu maitemindu zen emakume harez, eta Bidaia sentimentala idazten ari zen bitartean, egunkari bat isilmandatuz eta maitasun grinaz betea idatzi zion Elizari, artean Indietara joana baitzen : Journal to Eliza (Egunkaria Elizarentzat). Bidaia sentimentala 1768ko otsailean argitaratu zen ; Sterne ahitua zegoen, abaildua, hilzorian. 1768an hil zen Londresen, eta honela agurtu omen zuen heriotza : Now, it is comeu (Heldu da azkenean!).

 

Tristram Shandy

Tristram Shandy argitaratu zenerako, Defoek, Richardsonek eta Fieldingek tankera, gaiak, egitura eta pertsonaiak ezarriak zizkioten ingeles nobelari. Finkatua zegoen dagoeneko bai kontakizuna nondik nora eraman, bai intriga nola korapilatu, bai pertsonaien arteko harremanak nola antolatu, bai nolako errealitatezko ukitua eman fikzioari, bai, azkenik, nobelaren unibertso ondo antolatuaren baitan, gizakien jokabidea arautuko duten printzipio sendo batzuk nola ezarri.

Baina Tristram Shandy argitaratzeak nahaspila ekarri zuen bere bidea egina zuen mundu ondo antolatu horretara. Zeren eta liburu horrek ez du kontakizun bakarra, kontakizun multzo bat baizik, amaierarik sumatzen ez zaiona gainera ; ez dago liburu horretako pertsonaien artean ez maitasun grinazko ez interes hutsezko liskarrik, eta pertsonaia horiek gauza guztietaz hitz egiten dute eta ez dute, aldi berean, ezertaz hitz egiten, elkarri, ustez, sekula ulertzen ez diotela ; kontalaria (Tristram Shandy bera) bere bizitza ari da, itxura denez, kontatzen, baina jaio aurreko bere izateaz mintzo da hasiera-hasieratik eta bostgarren liburukira arte ez da jaiotzen.

Protagonistak bere «iritzien» berri emango duela hitz ematen du, baina bere senideen iritzia ere ematen du oparo eta luze, bere aitarena bereziki, eta iritzi horiek erakarriko dute irakurlearen arreta protagonistarenak berarenak bainoago. Gainera, kontalari horrek berrogei urte pasa ditu, eta, kontatzeko modu horrekin, nekez izango luke bere fikziozko bizialdian bere historia kontatzeko astia. Zein da ordea kontalari horrek kontatu nahi duen historia? Bere historiaz gainera eta hori baino lehenago, bere aita Walterrena, eta bere osaba Tobyrena . Egintzen kronologiak eta gertaeren nondik norakoak ez dute aldez aurreko logikarik, haina lehen begiratuan desordena erabatekoa eta paradoxa gaiztoz betea dirudien testu horri antzematen zaio azkenik barne antolamendu bat.

Bazter solas itxuraz hutsalek hausten dute kontakizuna, batzuk astunak eta trabagarriak, bai eta kontalariaren tartean sartze etengabeek ere. Halako batean irakurlea plajioen jolas ironikoaz jabetzen da.

Hizketa nahaspilatua du nobela honek maiz, eta koma goratuen gehiegiaz, sintaxi hausturez, estilozko bitxikeriez eta hitz jokoez etenkatua orobat. Horiek guztiak egotzi izan zaizkio mendez mende Sterneren lan handiari, baina, bestalde, Shandy familiaren eta haien inguruko pertsonaia guztien gorabeherek mirespen handia sortu izan dute bazterretan. Ez baitira nolanahikoak Walter Shandy gizon bitxia, familiako filosofoa ; osaba Toby eskuzabala, haren anaia, militar zauritu bihotz onekoa ; Trim kaboa, ofizialen laguntzaile guztiz ere leiala. Ez du askorik axola pertsonaia horiek zer egitenduten, zer esaten duten, gizatalde ezin ahaztuzkoa baita, halakoxe indar handiaz hunkitzen baitute irakurlea.

Kritika modernoak, berriz, nobela horren aberastasun ezin handiagoa begiz jo du, gaur egungo nobelaren aitzindaritzat aitortzeraino, absurduaren poetikak ideien elkarketa kontrolik gabeari ematen baitio bide, edo, are gehiago, ezustekoen dialektikari . Zatikakoa denaz eta irudimenezkoa denaz gogoeta egiten du egileak, eta gogoaren baitan gertatzen den hura literaturazko jolasa bihurtzen du. Ironia harturik beti lagun, Sternek kidetasun estua ezartzen du kontalariaren, fikziozko pertsonaien eta irakurlearen artean.

Kontalariak ez dio sosegurik ematen irakurleari, zein ere baitira asmatu dituen trikimailuak, edo, ezkutaketan jolasteko, liburuan barrena han-hemen barreiatzen dituen alfer urratsak, horien guztien atzean gizon aldi berean gogaikarri, zirikalari, sentikor eta bitxi baten nortasuna ageri da, bere miserien bizkar barrez ari dena, denboraren segadei erronka jotzen diena, bere zorigaitzei ausart aurre egiten dakiena, jatuna baina aldi berean neurritsua, eta sentimenduetan zitala izateko joera gehiegizkoa duena.

Tristram Shandy liburu berdinik gabea da beraz, parodian, satiran eta umorean gailena, XVIII. mendeko irakurleak liluratu zituena, eta Victoria erreginaren garaiko moralistak amorrarazi zituena.